Hitzaurrea
Jule Goikoetxea
Lorea Agirre Dorronsorok eta Idurre Eskisabel Larraņagak 7. ale honetan euskaraz hitz egitea hizkuntz komunitateaz hitz egitea dela azalduko dute. Euskaraz aritzea, euskal komunitatea osatzen duten subjektu ezberdinez aritzea baita. Kasualitatea al da euskararen feminizazioa? Zer lotura dago euskararen prestigiorik ezaren eta emakumea izatearen prestigiorik ezaren artean? Euskara, eta euskararen biziraupena eta erabilera, prozesu sozio-politikoa da: Nork egiten du euskaraz? Non egiten dute subjektu ezberdinek euskaraz? Zein gai jorratzen dira euskaraz? Nork zaintzen du euskara? Zein baldintzatan? Nola ulertu euskararen posizio subordinatua, feminismoek dakarten subordinazioaren inguruko hausnarketarik gabe? Nola lurraldetu eta egituratu forma ugaritako menderakuntzen intersekzioa?
Euskararen erabileraren bilakaera ulertzeko, eta gaur egun duen posizio sozial, politiko eta ekonomikoa aztertzeko, azken hamarkadetan eman diren prozesu politiko asko hartu behar dira kontuan, autoreen iritziz; ez bakarrik Euskal Herrian egon diren eraldaketak, ezpada munduan eta zehazki Mendebaldean gertatu direnak. Ez dago euskal komunitaterik euskararik gabe, baina ezin da euskal komunitaterik eduki komunitaterik gabe; eta komunitateak prozesu sozial, politiko eta ekonomikoen ondorio dira. Zer gertatzen da euskararekin komunitatea patriarkala, kapitalista eta arrazista denean? Nola arakatu eta aztertu dimentsio anitzeko erlazio horiek? “Euskaldun eredugarria maskulinitate normatiboa betetzen duten gizonena da. Bestela esanda: Zer dago mutil euskaldun peto, jator, herriko seme, natural, autentiko horren atzean? Zer botere-harreman eta menderakuntza-sistema antolatzen du? Zer esklusio eta bazterketa sistema eraikitzen ditu? Zer dakarkio on euskarari? […] Esate batera, gizonak gizonari hika egitea eta emakumeari zuka egitea, izan al liteke gizonek elkarren artean ‘anaiak’ kontsideratzen direlako zantzu adierazgarri bat? Zer konplizitate ari da erakusten gizon bat beste gizon batekiko hari ‘hi’ esaten dioenean? […] Gizontasunean elkar ezagutzen direla? Berdinak direla? Berdinen taldekoak direla?”, galdetzen dute autoreek. Hurrengo orrialdeetan dituzue erantzunak. Erantzun partzialak, jakina, partzialitatean baitute erantzun guztiek eraldaketaren hazia.
Eskisabelek eta Agirrek liburu honetan eskaintzen digutena fokatze berri bat da, itzalean zeuden eremu horiek ikusgarri jartzeko saioa. Gonbita egiten digute. Alde batetik, euskalgintzaren kontzeptu eta praktika tradizionalen inguruko eztabaida irekia bultzatzeko eta horien eraginkortasunaz mintzatzeko; eta beste aldetik, tresna analitiko eta esperientzia estetiko eta etiko-politiko berriei bidea zabaltzeko. Feminismoaren korronteak eta praktikak euskalgintzan txertatzearen aldeko apustua dakar liburuak, subordinatzea eta menderatzea euskaraz ere egin daiteke eta.