Uxue Alberdi Estibaritz[8]
Oliba koloreko azala, ile iluna, begi urdinak etengabeko mugimenduan, dena ikusi nahi balute bezala. Argala eta gihartsua, mahukarik gabeko elastikoa eta minigona jantzita dator. Ahotsa barrunbe sakon batetik irteten zaio eta, ahora bitarteko bide luzean hitzik egokienak hautatuko balitu bezala, esan nahi duen hori esan egiten du.
Bi seme-alabaren ama, Getarian bizi da bere bikotekidea den Eņaut Elorrieta musikariarekin. Ama elgoibartarra eta aita getariarra, Elgoibarren jaio zen Uxue Alberdi 1984. urtean, bi senidetan zaharrena da. Amak eta izebak denda txiki bat daukate, jantziak konpontzeko tailerra izateaz gain, liburu-denda ere badena; aita irakaslea, euskaltzain urgazlea eta liburugintzan aritutakoa da.
* * *
Etxean euskaltzaleak izateaz gain, kulturazaleak ere baziren, baina “elitismorik gabe”. Oso aitari begira hazitakoa, hark bultzatu zuen 8-9 urterekin bertso-eskolan izen ematera eta literatur lehiaketetan parte hartzera: “Aitak jartzen zizkidan periodikoetako literatur lehiaketa guztiak errekortatuta eskritorioan. Eta nik oso gaztetatik banekien, aurkezten baldin banintzen aita oso pozik jarriko zela, eta aitarekiko zor bat ere bazen, baina aldi berean asko gustatzen zitzaidana”. Aita zorrotza zen neurrian zen ama alaia. Azken hau, kirolari eta mendizale porrokatua, bakarrik bidaiatzera edota mendira emakumeekin bakarrik joaten ohitua; feminismoa txiki-txikitatik egon da presente Uxue Alberdiren bizitzan, nahiz eta helduaroan ulertu zuen hitz hori gorputz osoarekin:
Niretzat feminista hitzak ez du inoiz konnotazio txarrik izan, baina aldi berean lotzen nuen askatasun horrekin, aukera berdinak izan behar ditugu... Baina gu hezi gintuzten berdintasunean bageunde bezala, eta ez nuen gorputzean kokatzen... Gradualki joan da, baina batez ere kokatu nuen plazara irten nintzen garaian..., orduan konturatu nintzen biolentziaz, zenbateraino eragiten zidan.
Institutura joan bitarteko urteak Elgoibarko ikastolan eman zituen. Giro itxi eta garbizalea du gogoan, EAJk indar handia zuen eta irakasleek leziatu egiten zituzten ikasleak, beldurraren bidez, alkoholaren, tabakoaren eta bestelako drogen kontra. Aita irakasle izana zen ikastolan, baina handik institutura joan zen. Ikastola publifikatzearen alde zeuden aita eta ama, eta kontra zeudenek irabazi zutenean garai konbultsoa izan zen familia osoarentzat, ikastetxetik haragoko eragina izan zuena, hainbeste ezen eta zenbaitek amaren dendan erosteari utzi baitzioten.
Institutuan kolpetik aldatu zen giroa:
Han sortu zen Ezker Abertzaleko taldetxo bat... ni erakartzen ninduen, eta hurbil sentitzen nintzen, baina era berean nire gurasoek Aralarri ematen zioten botoa. Eta zen oso isilpean eramaten nuen zerbait... Txikitatik sentitu naiz oso euskaltzalea, herri honi oso lotua. Baina era berean konturatzen nintzen, ETAren ekintzekin-eta ezerosotasun bat sentitzen nuela, baina aldi berean deseroso nengoela beste hainbat konturekin..., eta ezerosotasuna zen baita ere ezin nuelako hitz egin horretaz. Gogoratzen dut garai zail bat bezala..., justu nerabezaroan; eta justu hor, institutuan ni egin nintzen maketo ezkertiarren oso laguna.
Haur garaitik datorkio hitzarekiko lilura. Gurasoekin haserretuz gero, adibidez, idatziz ematen zien haserrera eraman zuten argudioen berri. Hitzetik hortzera-n entzundako doinu bat erabilita, 13-14 urterekin bertso sorta bat idatzi zion maiteminduta zeukan mutil bati. Urte pare bat geroago, idazten zituen testuak irakurtzeko eskatzen hasi zitzaizkion lagunak, batzuk hunkitu eta negarrez hasten ziren. Besteengan erreakzioak sortzeko ahalmenak oso ongi sentiarazten zuen, besteen emozioak jasotzean bereak ere pizten baitziren. Baina hura ez zen idazteak zuen funtzio bakarra:
Sentitzen nuen hori zela egin nahi nuena. Modu terapeutikoan erabiltzeaz gain, modu sozialean ere erabiltzen nuen idazketa: behin, gogoratzen dut Ikasle Abertzaleak-en zegoen nire kuadrillako batekin moskeatu nintzela..., ez dakit zer greba deialdi egin zuten eta ez dakit zergatik zerbaitekin ez nengoen ados, eta gogoratzen dut arratsalde osoa eman nuela nire iritzia ordenatzen eta idazten... berari emateko. Gainera akordatzen naiz, berak IAren izenean hitz egiten zidala, eta ni kuadrillako lagunarekin ari nintzela hizketan...
17-18 urterekin Elgoibarko ipuin lehiaketan eta Bergarako maitasun gutun lehiaketan sari ugari jasotakoa da, eta horrela ezagutu zuten zenbait editorek eta idazlek. Kasurako, Uxue Alberdiren ibilbide literarioan mugarria izan zen gutuna bidali zion Harkaitz Canok:
Bilbon idazten jarraitu nuen. Hor beste mugarri bat jarriko nuke, akuilua izan zena: Harkaitz Canok gutun bat idatzi zidan esanez nire testuak irakurri zituela eta hainbat idazle lotzen zituen euskal literaturako intrahistoria bat kontatu zidan, eta esan, irakurlerik nahi banuen, harekin konta nezakeela. Nik ordurako Harkaitz Cano asko miresten nuen, eta bultzada handia izan zen ezer publikatu aurretik hura jasotzea.
Baina hastapeneko garai haietan, dena ez zen genealogia hartan bere burua ikustea bezain gozoa izan: argitaratzen hasi aurretik ere, jazarpena ezagutu zuen literatur mundutik zetorren eta bera baino askoz helduagoa zen gizon batengandik. Horrek nahaste handia sortu zion, ez baitzekien gizon hark berak idatzitako testuen gainean esandakoak benetan zeuden dohain literarioei lotuta edo interes sexualak eragindakoak ziren.
Bere liburua publikatu ondoren telebistan egin zioten lehenengo entrebistan, Hasier Etxeberriak gidatzen zuen Sautrela literatur saioan, berriz ere egin zuen topo “biolentziarekin”:
Garai hartan ez nuen imajinatzen entrebista bat ezer biolentoa izan zitekeenik. Nik liburu bat egin nuen, niretzat liburuak gauza politak ziren, eta espero nuen zerbait amablea. Eta momentuan gainera ez nintzen erasotua sentitu, baina bigarren galdera izan zen: “Aspalditik sumatzen zaizu idazle izateko gogoa duzula, elkarrizketak irakurrita ondorioztatzen da. Jakingo duzu ba mundu honetan arrosak gutxi eta arantzak asko direla”. Eta gero galdetu zidan: “Zer uste du honetaz zure aitak?”. Nik banekien nire aita eta bere [entrebistatzailearen] aita lagun minak zirela eta hortik ezagutzen ninduela, baina era berean kontziente nintzen publikoak ez zuela nire aita ezagutzen eta oso deskolokatuta gelditu nintzen…
“Gogor” gisa deskribatzen duen hasiera hartan iltzatuta gelditu zitzaizkion bi gertakari ekarri ditu hizpidera. Erasmus literatura deitu ziotenaren inguruko zarata eta Aritz Galarragak egindako elkarrizketa bat:
Erasmus literatura izendatu zenean eta hura kritikatzen zen bakoitzean emakumeekiko gutxiespena sumatzen nuen nik, ironiaz disimulatua. Zalduaren artikulua[9] emakume idazle gazte taldetxo bat plazaratu berritan argitaratu zen, arreta apur bat eskaini zigutenean. Gogoan dut Beņat Sarasolaren kritika bat[10] ere, Irati Jimenezen Nora ez dakizun hori nobelari egin ziona, non aitortzen zuen aurreiritziak zeuzkala haren lanarekiko: Erasmus ote zen, arina… Niri eragin egin zidan. Ez nuen nahi nire lana horrela kategoriza zezaten. Erasmus literaturaz hitz egiten zuten guztiak gizonak ziren eta seinalatuak, nire ustez, emakumeak. “Arrakasta eduki nahi baduzu idatzi lehenengo pertsonan, sartu hiri bat ez dena ez Madril ez Paris, ahal baduzu harreman homosexual bat sartu, aurkeztu Igartza Sarira, ematen ez badizute gelditu pertsonalki Xabier Mendigurenekin...”. Nori buruz ari zen testua? Nor eta zer seinalatu nahi zuen? Momentu hartatik niri erresistentzia bat sortzen zait gorputzean. Orgasmus[11] liburua atera zenean nik ez nuen parte hartu, orain ikusten dut desmarkatu egin nahi izan nuela Erasmus deitzen zioten horretatik. Eta sakonean desmarkatu nahi izan nuela emakume izaeratik, ohartu nintzelako traba egiten ziola idazle izaerari.
Adibidez, niretzako oraindik ere min ematen didan zerbait da Aritz Galarragak egindako entrebista “Deabruaren abokatua”n[12]: “Hara, hau ohorea, Erasmus belaunaldiko idazle bat”; beste bat zen “Elkarren azkenaldian denak zarete emazteak, gazteak eta ederrak”; edo “zer moduz daramazu euskal Brangelina izatea?”... Pitorreo hutsa zen. Momentu batean ere ez nuen sentitu ez bertsolari moduan ez idazle moduan tratatua nintzenik... Ezer interesgarria esateko neukanik... Berak nitaz zeukan irudiaren karikatura ikusten zen bere galderetan. Gainera, okerrena izan zen, erantzun pila bat izan zituela elkarrizketak, nire aurkakoak, harrokeria leporatzen zidaten. Ez zirudien inork ikusten zuenik galderen tonu sexista. Negar asko egin nuen. Frustrazio handia sentitu nuen. Irati Jimenezek idatzi zuen nire aldeko artikulu bat Gara-n[13], eta hura ere egurtu zuten. Asko eskertu nion ahotsa altxatu izana.
Nabaria da gorputzaren inguruan asko pentsatutakoa dela, jokabide hauek sortutako amorrua gorputzaren atal ezberdinetan kokatzen baititu: hortzetan, sorbaldetan, ukabiletan eta sabelean. Halaber, zehaztasun handiz konta dezake bere gorputzak izan duen bilakaera eta horrek beragan izan duen eragina:
Nerabezaroan eduki nuen garai bat sentitzen nuena nire gorputza ez zela aldatu. Eta banuen horrekin konplexu bat. Ikusten nuen besteena aldatu zela, baina nireak jarraitzen zuela lehengo berdina izaten. Nik uste dut nire titiei begira nengoela eta ikusten nuela ez zirela hazten. Gainera, muskulua oso erraz egiten dut, bizkar zabala daukat... zangosagarrak... eta ispiluaren aurrean jartzen nintzen eta giharrak aterata benetan ikus nezakeen mutil gorputz bat. Arraroa zen, aldi berean ez zitzaidan itsusia iruditzen, bazegoen zerbait erakargarria egiten zitzaidana, baina aldi berean kastrazio moduko bat ere sentitzen nuen. Gogoratzen naiz amari esaten niola: “Noiz haziko zaizkit titiak?”; eta berak esaten zidala: “Baina zertarako nahi dituzu?”; “Edukitzeko”. Kuadrillan-eta, horrekin dezente matxakatzen ninduten, eta, adibidez, hondartzara joaten ginenean eta ume txiki bat agertzen zenean bikiniaren goiko partea jantzita titirik gabekoa, nola esaten zuten: “Hara, Uxue bat”. Eta orduan oso txikitan, eta agian horrek nire izaeraz ere esaten du..., nahiz eta nik eduki beldurrak, konplexuak eta abar, esan nuen: “A bai?”, eta hasi nintzen goikoa ez erabiltzen. “Hau da dagoena” esanez bezala. Uste dut exhibizionismoa izan dela mekanismo bat nire beldurrei aurre egiteko.
Erraz zedarritzen ditu, baita ere, bere ibilbide profesionalean gorputzari eta itxurari loturiko aldaketa garaiak:
Bertsotan hasi nintzenean, aurreko bertsolariek zituztenak baino feminitate marka askoz agerikoagoekin azaldu nintzen plazara. Beti izan naiz koketa. Gustatzen zait polit ikustea nire burua, eta gustatzen zait gustagarria eta desiragarria izatea. Gero horrek lanak ekartzen dizkit eta kateatzen naiz..., baina egia da hori badaukadala. Ni bertsotan hasi nintzenean 22 urterekin, askotan bihurtzen zen gaia “neska-gazte-politasuna” edo nire itxura. Hasieran jolas modu bat zen.
Literaturan ikusten dut, lehenengo liburuaren [Aulki bat elurretan] aurkezpenera nik uste joan nintzela ahalik eta apainen: joan nintzen gona batekin, eskotedun kamiseta batekin, elegantea baina polita, ilean trentza bat eginda, begiak margotuta...
Liburuz liburu bere itxurak izandako bilakaeraren berri ematen du:
Aulki-jokoa-k arrakasta izan zuen publikoaren aldetik, baina ez hainbeste nire idazlekide edo kritikaren aldetik. Orduan, bai sentitzen nuen eutsi behar bat publikoari, baina aldi berean demostratu nahi bat banekiela idazten. Euli-giro ilunagoa da, eta ez dut uste kasualitatea denik, bada-eta kontrastean eraikitako zerbait, gezurra izan gabe... Aulki-jokoa oso emozioetatik sortutako zerbait da, baina batean oso sentipen goxoei, nire aitona-amonen zahartzearen inguruan pizten zitzaizkidan emozio samurrei heldu nahi izan banie bezala, eta niretzat despedida moduko bat zen Aulki-jokoa, Euli-giro-n gehiago zen nik sentitutako inbidia, amorrua, jazarpena... Eta liburu honetarako egindako argazkietan oso serio nago. Argazki gutxi dauzkat serio, eta horiek dira batzuk; eta gainera, koadrozko alkandora batekin, ile motzarekin, giroa ere pixka bat lanbrotsua eta iluna da..., bueno, ba beste alderdi hori. Bazen pixka bat: bestea banaiz baina hau ere bai. Baina, nori ari nintzen? Nik banekien..., bazegoen halako behar bat nire beste alderdi bat aintzat har zezaten.
Jenisjoplin bere nobela berriaren aurkezpenean aldaketa bat gehiago gertatu zen:
Berriz ere ile laburrarekin, kasualitatea ere izan daiteke (nik askotan mozten dut), ezpainak margotu gabe, alkandora ilun batekin; eta lehenengo aldiz ez zidaten eskatu irribarre egiteko.
Uste du, publikoki ari denean, onarpena bilatzen duela inkontzienteki, eta horretarako atsegin eta seduktore jokatzen duela. Edonola ere, urteetan eta lanetan aurrera egin ahala, gero eta handiagoa da jendaurrean dagoenean sentitzen duen “autoritatea”. Bilakaera handia ikusten du bere baitan, baina baita ere besteek bera hautemateko moduan ere:
Iruditzen zait, irabazi dudala edo sentitzen dudala jende mota diferente gehiagoren nolabaiteko aitortza bat, ez igual erabatekoa, batzuei gustatuko zaie idazten dudana eta beste batzuei ez, baina demostratu banu bezala ez naizela tuntuna. Baina bai eduki dut demostratzeko behar bat. Uste dut badagoela demostratu nahi bat azkarra naizela, talentua daukadala... Abiatuko banintz bezala negazio batetik.
Bertso eta literatur ibilbidearen hastapenetan gertatukoek arrastoa utziagatik ere, berehala ohartu zen ez zegoela erotuta eta, batez ere, ez zegoela bakarrik. Horrek diskurtso bat eraikitzera eraman du, bere egoera politizatzera eta konplizeak bilatzera, berari gertaturikoa askori gertaturikoa dela jakitun:
Pentsatzen dut, Laura Mintegi eta Arantxa Urretabizkaia elkarrizketatzen dituzunean hau, adibidez, modu bakartiagoan pasatuko zutela... Danele Sarriugartek esaten zidan: “Zuk pasa behar izan dituzunak!”, eta bost urte zaharragoa bakarrik naiz. Zazpi urteko aldean gauza asko aldatu dira. Ez zegoen lobbytxo feministarik.
Behintzat gorputza zeharkatzen digun zerbait edukitzea mingarria da, baina egiazkoa da. Eta sorkuntza hortik elikatzen den aldetik, eta konpartitua bada eta gero eta jende gehiagok errekonozitzen badu… Gero horri nahi diozun forma eman diezaiokezu, langai bihurtu, baita ere.
Idazteko hautatzen dituen gaiei eta zergatiei buruz galdetuta, “inporta” zaionari buruz idazten duela esaten du:
Mugitzen nauenari buruz. Eragiten nauenari buruz. Hunkitzen, haserretzen, mintzen, eszitatzen, alteratzen nauenari buruz... Askotan oso mentala izan arren, motibatzen nau nire gorputzean erreakzio bat sortzen duenean.
Eta idazten ari denean tabakoa, kafea eta ordularia ditu bidelagun. Momentu horietan eszitaturik sentitzen da, grinatsu, anbiziotsu eta kontzentraturik, baina, aldi berean, lasai. Idazten ari den garaietan, baita idazten ari ez den momentuetan ere, “misio inportante” bat betetzen ari balitz bezala sentitzen dela aitortzen du barrez. Orduak eta orduak eskain diezazkioke esku artean duen horri, dokumentatzen eta idazten, neke amiņirik sentitu gabe. Horren ifrentzua da idazteak insomnioa dakarkiola:
Jenisjoplin idazten ari nintzenean nire buruari baimena ematen nion jaikitzeko goizeko bostak ezkero. Orduan ni ohera sartzen nintzen pentsatuz, desiratuz, noiz argituko zuen. Lauzpabost ordu lo eginez gero jaiki egiten nintzen, eta idatzi egiten nuen, zortziak arte. Umeak jaiki, goiza idazten pasa eta arratsalde osoa umeekin edo bertso saioa... Eta horrela urtebete. Idazte prozesu guztia ez dut berdin bizitzen. Normalean hasten naiz poliki, baina ikusten dudanean badagoela..., ahalik eta onena ateratzen saiatzen naiz. Hastapenetan nagoenean, ikusten dudanean bi urteren buruan edukiko dudala zerbait, poliki-poliki noa... eta hor oso plazenteroa izaten da, ez baitzaude hutsik, zerbaiten inguruan ari naiz, bila, gauzak azpimarratzen ditut, eta hori da jolas bat bezalakoa. Baina iristen da une bat esaten dudana, “bale, hau dena bildu dut” eta ja... Orduan dena da posible eta iruditzen zaizu kristorena egin dezakezula. Eta gero ja dago beste momentu bat... hasten zara egituratzen eta zure mugekin topo egiten.
Amatasunak literatur jardunean eragindakoari buruz galdetuta, aipatzen duen lehenengo aldaketa autopertzepzioari loturikoa da: “Ama izan eta gero jadanik ez nintzen neskatila bat sentitzen”. Bestalde, idazle bat ama izaten denean erretiratu egingo den mamua dagoela uste du. Airean zebilen mamu horri desafioa bota zion ordea, eta ordura arte egon gabeko “toki” batetik ekin zion idazteari, indarrez beteta:
Inork ez du ezer espero, eta orduan lasai nago eta hemendik bota dezaket, hemendik erditu dezaket, orain inor ez dagoela telefonoaren zain..., inkluso... ni haurdun gelditu nintzen 26 urterekin inork espero baino lehen... Jendea joaten denean zirrikituak aprobetxatzeko zera bat daukat... Eta aldi berean baita ere, “zer uste duzue, ezingo dudala?”, ba hartu, erronka bat.
Dio, amatasunaren esperientziak eragin egin diola, ez soilik idazteko beharrezkoa den logistika lanari, baita ere idazteko manerari eta testuari berari:
Esperientzia oso potentea den aldetik, eta sekula baino ardura gehiago eta negoziatu beharra bai bikotean, bai ez dakit zer..., uste dut helduago bihurtu naizela, eta lehen ez neuzkan esperientzia pila bat kudeatu behar izan ditudala, amatasunaren bitartez hainbat bizipen izan ditudala bestela ez hain azkar edo ez hain modu intentsuan edukiko nituzkeenak. Eta hori esango nuke islatzen dela.
Idazteko behar duenaren inguruko ustea desidealizatzea ekarri dio, besteak beste:
Desidealizatzea, adibidez, ordutegi aldetik-eta zer behar dudan idazteko. Euli-giro idatzi nuen arratsaldeko lauretatik seietara, hori zelako zaintzaileak haurra paseatzera ateratzen zuen tartea, hori zen zegoena. Jenisjoplin idatzi dut goizeko bostetatik eguerdiko 12:30era. Pixka bat esatea: hau da daukadana, eta zer egin nahi dut?: Idatzi! Logurarekin, dena delakoarekin, eta bai. Eta aldi berean, halako giroz aldatzeko eta aterrizatzeko..., umeak ere izan dira halako refugio bat... Umeak eta Eņaut baldin badaude, gauzak gaizki doazenean..., beteago nago. Nik asko bete dut sorkuntzaren bitartez nire hutsune existentziala, eta orduan, orain, familiak edo umeek funtzio hori ere betetzen dute.
Bereizi egiten ditu haurdunaldiak eta amatasunak oro har bere bertso eta literatur jardunean izandako inpaktua:
Kontua da bertsotan hain potentea dela... Zortzi hilabeteko egonda kantatu dut nik... Eta ondoren amatasunari buruzko gai pila bat kristoren begizuloekin nengoenean eta bizirauten, eta bitartean eskatzen dizute diskurtso bat inori ez diotena eskatu aurretik... Eta egia da orain agian nagoela momentu batean..., erditu berritan agian banuen horri buruz hitz egiteko beharra... Eta Jenisjoplin-en prozesua gehiago bizi izan dut..., nire mundua... Etxeko, umeen eta familiaren mundua hor utzi eta orain banoa aparteko toki batera.
Berak landutako amen pertsonaiek ez dute antzekotasun handirik bere inguruko amekin, ezta bere ama errealitatearekin ere. Bere pertsonaia gehienak ama baino alaba direla dio, eta amatasunetik baino alabatasunetik idatzi duela konturatzen da:
Esango nuke amatasunarekin, erotikarekin eta sexualitatearekin egiten dugun bezala, errepresioa praktikatzen dugula idaztean. Gure bizitzako alor batzuk errepresentatzen ditugu benetan errealitatean bizi duguna baino bozgorailu handiagoarekin, eta beste batzuk aldiz estutzen ditugula... Nik ez dakit jendearen bizitzan erotismoak duen pisua zenbatekoa den, baina pentsatzen dut literaturan agertzen dena baino handiagoa dela.
Gizonek idatzitako literaturan eta emakumezkoek idatzitakoan gauza ezberdinak baloratzen direla iruditzen zaio:
Adibidez, gizonezkoengan goxotasuna baloratzen da, purpura ez bazara eta abusatzen ez baduzu; eta emakumezkoengan gogortasuna, seriotasuna, zehaztasuna, gordintasuna, taxuzko gauzak esatea, gauza sozialetan arakatzea, txikikeriatan ez ibiltzea, politika hizki larriz, atrebitzea...
Kontraesanak sortzen dizkion kontua da. Izan ere, Aulki-jokoa eleberriak sentipen gazi-gozoak sortzen dizkio. Merkatuan harrera oso ona izandako liburu honetan (12.000 aletik gora saldu dira) hiru emakume dira narratzaileak, eta elipsi eta sinbolismo handien bidez, beraiek dira Gerra Zibileko istorio puska baten berri ematen dutenak. Liburu “goxo eta femeninotzat” dauka:
Konturatzen naiz, irakurleren batek goraipatzen didanean nik sentitzen dudala ez dela irakurle ona, nik neuk gutxietsi egiten dut nire liburua. Uste dut, garai hartan, ez nekiela gauza batzuk beste modu batera egiten eta hala egin nituen; arma horien bitartez nire hutsuneak ezkutatzen saiatu nintzen, denok egiten dugun bezala, baina badagoela baita ere, femeninoarekiko gutxiespen hori, niri ere, nolabait ere, sartzen zaidana.
Bere burua euskal literaturaren barruan kokatzeko eskatzen zaionean, zalantza egiten du. Uste du, jende batek izan dezakeela sentsazioa merezi baino arreta gehiago daukala, eta horrek azkura eragiten duela; baina era berean argi dauka, egon badauden arren merezi baino arreta gutxiago duten idazleak, ez dela bere, edo “emakumezko idazle”en erruz. Izan ere, errezeloa du behar baino zabalduago dagoen iritzia dela: emakumezko idazleek merezi baino espazio gehiago hartzen dute, emakume izate hutsagatik.
Bestetik, Jenisjoplin nobela idatzi ondoren konturatu da “gehiago kotizatzen duela merkatuan”:
Iruditzen zait ez garela asko emakume nobelagileak, gai sozialak eta politikoak ere ukitzen dituelako... Nobela luze samar bat, konparatuta Aulki-jokoa-rekin... Eta tamaina... Tamainak inporta du. Ez da tamaina bakarrik, egin ditut lehen egiten ez nituen gauza batzuk, adibidez, asko dialogatu dut..., eta gure literaturan ez da hainbeste egiten.
Lehenengo aldiz 2017an egon zen Durangoko Azokan Susa argitaletxeko standean bere liburua saltzen. Prozesu luze baten ondorioz hartutako erabaki kontzientea izan zen: “Erabaki nuelako nire nobela eta nire istorioa defendituko nituela amaiera arte. Ez nintzela kikilduko”. Eta on egin dio “ereindako uzta jasotzeko ausardia eduki izanak”. Ahalduntzearen parte izan da, pertsonala eta kolektiboa:
Ni Aulki-jokoa-n oso bakarrik sentitzen nintzen, eta orain ez naiz sentitzen. Sentitzen ditut idazle konplizeak, bertsolari konplizeak eta ez idazle ez bertsolari ez diren feminista konplizeak euskalgintzan eta inguruetan.
[8] Bibliografia laburra:
Aulki bat elurretan (2007)
Aulki-jokoa (2009)
Euli-giro (2013)
Jenisjoplin (2017)
[9] Zaldua, Iban: “Hamasei aholku Erasmus literatura idazteko”, https://eibar.org/blogak/volga/hamasei-aholku-erasmus-literatura-idazteko, 2009-03-05.
[10] Sarasola, Beņat: “Liburuak geratzen zaizkigu”, Berria, 2009-04-19.
[11] Orgasmus, Askoren Artean, Txalaparta, 2010.
[12] Argia aldizkarian argitaratzen zen atal baten izena da. Galarraga, Aritz: https://www.argia.eus/astekaria/docs/2297/pdf/4.pdf, 2011-11-06.
[13] Jimenez, Irati: “Dena emakumea euskal literaturan”. Gara, 2011-11-19.