Laura Mintegi Lakarra[5]
Lizarran jaio zen 1955. urtean, baina haurra zenean Bizkaira joan zen bizitzera, Bilbora lehenengo eta Algortara ondoren. Ilea urdinduta, hatz ukaldi leunez etengabe atontzen du kopetarantz erortzen zaion adatsa. Urrezko lepoko eta belarritakoak, ponperiarik gabeak. Janzkera ere halakoa: klasikoa eta neurritsua. Ahots eztia dauka eta manera suabeak, eraman egiten zaitu, baita gai gogorrez hitz egin edo iritzi sendoak eman behar dituenean ere. Irribarre egiten du maiz, hitza hartu aurretik. Historian lizentziaduna eta Psikologian doktore, EHUko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika saileko burua, EH Bilduko lehendakarigai, EHU errektoregai eta Euskal Pen Klubeko presidente izandakoa da. Bi seme-alabaren ama, hogeita hamar urteko harremanaren ostean 2005ean banandu zen Antton Azkargortarengandik, irakasleria propioaren aldeko borrokan pankarta baten atzean hogeita bost urtetik gora daramatzan EHUko irakaslea.
Sei senideko klase ertain-altuko familia batean sortua, “ikastetxeko lagun guztiak Opusekoak, moja kolegioa, neguan eskiatzera... Bilboko burgesiaren bizimodua” eramandakoa. Aita, jatorriz zornotzarra, frankismoan familiak ondasun guztiak eta berak hizkuntza galdutakoa, “Lope Agirre bat, enpresaria, hiru-lau aldiz goian egon eta hiru-lau aldiz porrot egindakoa”, ateoa, indar mental handikoa, “ausentea eta matxista”. Ama, Lizarrakoa, “XIX. mendeko klan intelektual batekoa”, oso katolikoa, “ama ia 84 urte bete arte izan da Biblia irakaslea”. Gogorra izan zen bien arteko talka, ezkondu eta 27 urtera dibortziatu ziren arte. “Amari mamá esaten diogu, aitari aita”, bi mundu, ongi bereizitakoak.
Oso gazterik hasi zen poesia idazten, 10-12 urterekin, baina mugarria 15 urterekin gertatutako zerbaitean kokatzen du: lagun bati sekretu bat esan, honek gela osoari kontatu eta hamar minutura jende guztiak jakin. Papera pertsonak baino fidagarriagoa eta leialagoa zelakoan sortu zitzaion beraz idazketarekiko konplizitatea. Geroztik, babes eta ihesbide bezala erabiltzen du.
* * *
Hasperen egiten du maiz. Hasperen txikiak dira, ez dute ez nekerik ez arindurarik adierazten, beste noizbaitera edo nonbaitera joateko erabiliko balitu bezala. Hamazazpi urterekin euskara ikasten hasi zen, eta egoki ikasi bitarteko garaia “lehorte” gisa deskribatzen du, bere buruari erdaraz idaztea debekatu baitzion:
Orduan, euskara ikastea eta euskaraz idaztea hautu politiko bat zen; gure inguruko guztiak ari zirenean —edo ari ginenean— planteatzen nola egin borroka herriaren alde, ba batzuek bide bat hartu zuten eta beste batzuk kulturalistak izan ginen —horrela deitzen gintuzten, eta pequeñoburguesak, modu despreziatibo batean—, eta nik bide hori hartu nuen. Ondoko ikasgelan zegoen Joseba Sarrionandiak beste bat hartu zuen.
Idaztearen aldeko hautua “bizio pribatu” gisa izan da hartua bere inguruan. Inork ez zuen serio hartu, ez idazten jarraitzera adoretu:
Garrantzirik ez zaio eman inoiz. Inor ez da harro sentitu horregatik, edo inork ez du esan “animo” edo “ze ondo”. Ez gurasoek, ez neba-arrebek eta ez bikotekideak. Horren gainean, esanguratsua den anekdota bat badago: bi aldiz izan naiz EHUko errektoregai. Behin kazetari batek galdetu zion bikotekideari ea zer sentitzen zen errektore izan daitekeen emakume batekin bizitzen, eta erantzuna izan zen: “Alkandorak lisatzen dizkidana da”. Anekdota horrek islatzen du emakume idazle askok bizi izan duten egoera etxeko eremuan. Ordu libreetan idatzi behar nuen, noski, loari orduak kenduta. Eta etxeko inork ez du inoiz nire liburu bat irakurri.
“Erbesteratze” sentipen hau kudeatzen psikoanalisiak lagundu zion:
Joan Riviere-k hitz egiten du feminitateaz maskara moduan. Berak dio emakume indartsuak, proiekzio soziala daukan emakumeak, eremu publikoan aritu ostean (hitzaldia eman ondoren, esaterako) inkontzienteki bilatzen duela gizonezkoen onarpena; emakume horrek behar du gizonezkoak berrestea ondo egin duela. Eta, gainera, bere burua gutxietsi egiten du, garrantzia kentzen dio egindako lanari, lan bikaina izanagatik ere. Lortutako arrakasta egotziko dio lanean emandako ordu mordoari edo zori onari, baina ez bere gaitasunari, sakon-sakonean, uste baitu bere ahalmena agerian utziz gero galdu egingo duela gizonaren afektua. Jendaurrean arrakastatsua izan den emakumeak disimulatu egiten du bere gaitasuna, gizonezkoak manten dezan nagusitasuna eta feminitatea ez galtzeko berak. Halaxe azaltzen du Joan Rivierek. Egia da Riviere 1883an jaio zela eta gaur egun gauzak aldatu egin direla emakumeentzat, baina ikuspegi psikoanalitikotik begiratuta, nik uste dut eremu publikoan gabiltzan emakume guztiok noizbait sentitu dugula halako zerbait... Nola edo hala, gizonari esaten zaio, “ni naiz ondo egin dudana baina zu zara hori berresten duena”. Eta hori guztia gizonarekiko lehiakide ez bihurtzeko, onartua izateko.
Teoria honen bidez ulertu zuen zergatik sentitu zen aldi berean ongi eta gaizki alkandoren aferarekin:
Alde batetik ikusi nuen esaldi horretan matxismo ikaragarria zegoela, baina, bestetik, gizonezkoa emakumearen gainetik jartzean, emakumeak senti dezake bere feminitatea indartzen dela. Riviere psikoanalistak zioen emakume indartsuak gizon-gizona nahi duela bere alboan, ez bere feminitatea “debaluatzen” duen gizon “galtzaundia”. Gorila baten erantzuna izan daiteke, baina, nola edo hala, feminitatea “babestuta” gelditzen da.
Uste du emakume publikoen kasuan, ama edo emaztea izateko gaitasuna kuestionatzen zaiela, ez ote diren benetan eremu hori deskuidatzen ari:
Gure generazioa lehenetarikoa izan da lan profesionalera masan sartu dena. Baina 30-35 urte genituenean presioa jasan genuen ama izan gintezen. Ez zen nahikoa profesional ona izatea. Ama ere izan behar genuen.
Garai batean sarri deitzen ziguten hitzaldiak emateko emakumea eta literaturaz. Hitzaldiak baino kanpainak ematen zuten, herriz herri aritzen baikinen. Lau emakume izaten ginen, eta artean gutariko bat ere ez zen ama: Arantxa Urretabizkaia, Itxaro Borda, Tere Irastortza eta laurok. Ez dut esango lauron kasua berdina zenik, baina nire kasuan, sentitzen nintzen idazle beltza bezala, zeini beti eskatzen zaion literatura eta belztasunari buruz hitz egin dezan, behin eta berriz, bere gaia denean XVIII. mendeko literatura barrokoa, esaterako. Emakume izate hutsagatik horretan adituak izan behar genuen, eta bakarrik horretan, beste ezertan ez. Injustua da. Inork ez zidan deitzen literaturaz eta psikoanalisiaz hitz egiteko. Eta hori da nik gehien landu dudan gaia.
Urte luzez ez du bere burua feministatzat hartu, edo behintzat kosta egiten zitzaion hitz horren atzean, bestelako azalpenik gabe, ipintzea:
Emakumeen alde borroka egitea feminista izatea baldin bada, orduan feminista naiz; baina nik ezagutu nuen feminismoa kexatia eta negartia zen, eta ez zuen proposamen eraginkorrik egiten. Hitz egin asko eta ekin gutxi.
90eko hamarkadan Parisen bizi zen intelektual talde batekin harreman handia zuteneko garaia dakar gogora, batez ere Natacha Michel idazle frantsesak eragindako zirrara:
Hirukote interesgarria osatzen zuten Alain Badiou filosofoak, Sylvain Lazarus ekonomialariak eta Natacha Michel nobelagileak, eta harreman handia genuen beraiekin. Gu ere hiru aritzen ginen orduan, bi gizonezko eta emakume bat: bikotekidea, tesi zuzendaria eta hirurok. Natacha Michelen ideiek eragin handia izan zuten nigan. Harreman oso txarra zeukan Frantziako feministekin. Liburu-denda feministetan baztertuta zeuden bere liburuak, ez zeuden salgai. Berak esaten zuen emakume sentitzen zela bakar-bakarrik larrutan egitean, arropa erostean eta erditzean. Puntu. Beste une guztietan pertsona zela. Garai hartan horrek dezente eragin zidan, eta pentsatu nuen agian esajeratua zela, baina ez ziola bere buruari mugarik ipintzen.
Pertsona oso maskulinotzat du bere burua, eta alde horretatik aitarekin identifikatzen da erabat. Berarentzat maskulinoa izatea segurua eta indartsua izatea da, zalantza gutxi egitea eta erabakiak hartu behar izatea. Botereari interesgarri iriztea ere segida berean kokatzen du. Eraso fisikoak eta sexualak pairatutakoa da, “denok bezala”, baina akaso arrasto handiagoa utzi diote eraso afektiboek eta intelektualek:
Askotan esaten nion neure buruari: zertara dator eraso hau, agresibitate hau? Arrazoi nahikoa ote da ni iraintzea emakume jaiotze hutsagatik? Orduan nire erreakzioa izaten zen, ez nuela ametituko iraindua edo baztertua izatea berez nik erabaki ez dudan zerbaitengatik. Inork ez du erabakitzen emakume edo gizon jaiotzea, eta injustua da berezkoa den izate hutsagatik tratu ezberdina jasotzea. Nire ahalegina zen, agerian jartzea emakumea izan arren beste edonor bezain ona edo txarra izan nintekeela. Eta agian jarrera horrek ez dit utzi emakumea izateaz harro egoten, baina, bestalde, jasan ditudan erasoen aurrean ez naiz kikildu, eta hori asko baloratzen dut.
Emakume izateagatik ez du limiterik inoiz aintzat hartu, eta emakumeen alde egin zezakeen borrokarik indartsuena hori zela sinetsita dago, biktimismorik gabe, egin, ahalik eta normalen:
Egiteko modu horrek, jakina, problemak ekarri zizkidan. Garai hartan feminismoaren gainean bi teoria zeuden, oso muturrekoak, hirugarren bat atera zen arte: berdintasunarena eta diferentziarena ziren. Garai hartan mugimendu indartsuena eta zabalena diferentziarena zen, hau da, femeninoa ederra da, eta femeninoari lotutako baloreak eta portaerak (zalantzatia izatea, enpatikoa, babeslea, ulerkorra), gizarteak balore negatibotzat hartzen zituenak, goretsi eta defendatzen ziren, beste lelo batzuk defenditzen ziren bezala gizarteari kontra egitearren (“zimurra ederra da”, “black is beautiful”...). Gizartearen balore patriarkalei aurre egitearen filosofia ondo ikusten nuen, baina ahuleziaren eta intseguritatearen gorazarreak urduri jartzen ninduen. Celia Amorosek eta berdintasunaren feminismoak bestelakoa esaten zuten: “Garailea goraipatzeko bi modu daude. Hau da, zuk garailea goraipatu ahal duzu esanez bera dela hoberena, edo esanez hoberena bere negatiboa dela”. Eta finean mezu bera indartzen ari zara. Esaten duzunean “emakumeak ez gara indartsuak, seguruak, prepotenteak... gu ahulak, enpatikoak gara...”, benetan uste duzu emakumeen izaera horrelakoa dela, edo barneratu duzu zutaz esandakoa eta buelta eman diozu balorazioari, positiboaren negatiboa zureganatuz eta horren gorazarre egiten?
Zaurgarritasuna ere ez zaio inoiz balore bat iruditu, bera beti identifikatu da sendotasunarekin, eta horren ernamuinaren bila haur denboran gertatutako hau kontatzen du:
Bi urte nituela jaio zen neba, eta orduan hasi nintzen nozitzen zein diferentea zen aitarentzat alaba bat edo seme bat edukitzea. Uste dut nabaritu nuela hiru urte egin baino lehenago, gezurra ematen duen arren. Venezuelan bizi ginen, eta erreka bat zeharkatzerakoan, cayuco ziztrin batean, iraultzeko puntuan egon ginen, eta familia osoa itotzeko zorian. Aitaren ardura bakarra semea salbatzea izan zen. Ez alaba, ez emaztea. Semea. Eta hori konstante bat izan da bizitza osoan. Neba horren ostean hiru alaba jaio zitzaizkion aitari. Alabekin ez zuen interes handirik adierazi seigarren umea jaio zen arte, semea berriz ere. Artean 11 urte nituen. Gazte ikasi nuen gizonezkoa izatea zela benetan inportantea. Emakumea izatea ez zen negozio ona, inguruan nituen emakume guztiak gutxietsita baitzeuden, anulatuta. Neskatoa nintzela, pentsatzen nuen inoiz ez nuela emakumea izan nahi. Nerabezaroan saiatzen nintzen bularra disimulatzen arropa zabala erosten, gehienetan gizonezkoen dendetan, eta feminitate zantzu guztiak ezabatzen nituen.
Emakume markak ezabatu zituen, kasik gorputza ezabatzeraino. Beretzat gorputza “burua eramateko euskarria” izan baita. Ez zaio inoiz bere gorputza gustatu, enbarazu egiten zion. Bere bertuteak ez ditu gorputzean kokatzen: duintasuna, tema eta koherentzia, kasurako.
Tumore batek lehendabizi eta amatasunak gero, sustraitik aldatu zuten ordea gorputzarekiko harremana:
Gure belaunaldiari esaten zitzaion, hogeita hamar urtetik aurrera nagusiegiak ginela ama izateko. Izatekotan, 30 urte bete baino lehenago izan behar genuen. Orduan amatasunari loturiko krisia izan nuen. Hogeita hamabi urte neuzkala, ordea, obulutegi bat eta tronpa bat kendu zizkidaten, eta pentsatu nuen agian jada ezin izango nuela ama izan. Erabakitzeko unea heldu zen, orain edo inoiz ez. Erabaki genuen guraso izatea, baina dezente kostatu zen. Harrezkero ezinezkoa zela uste genuenean, haurdun gelditu eta hogeita hamasei urte nituela izan nintzen ama, alaba batez erditu nintzenean. Bi urte geroago, hogeita hamazortzi urte nituela, jaio zen semea. Amatasunarekin lehenengoz sentitu nintzen gustura nire gorputzarekin. Aurkikuntza handia izan zen, eta behingoz gustua hartu nion emakumea izateari. Haurdunaldiak eder-ederrak izan ziren. Aje guztiekin, egia da: gorputza astun, hankak handituta, bihotzerrea..., ohiko sintoma guztiak izan nituen, baina lehenengoz sentitu nuen nire gorputza. Egunez egun sentitzen nituen umeak hazten nire barnean, garatzen. Eta pentsatu nuen, hara!, emakume izateak badu alde ona! Eta orain alaba ikusten dut, hain naturala. Gure seme-alabek bestelako heziketa jaso dute etxean, ez guk jaso genuen heziketa frankista, kastrantea, erlijiosoa... Alabarengandik izugarri ikasi dut, ikustean zer nolako naturaltasunez tratatzen duen bere gorputza, bere biluztasuna. Niri deserosoa izan zait beti gorputza. Eta alabarentzat hain naturala da! Eta gustatzen zaio emakumea izatea! Oso femeninoa da, eta hari begira sumatzen dut feminitatea modu naturalean bizi izateak gozamena izan behar duela —nik ezagutu ez dudana—.
Ama profesionaltzat du bere burua, gainerako guztia bigarren mailakotzat jotzen du; eta idazteko orduan ama izateak eragin handia izan duela dio, norberaren gela eduki bai, bazeukala, baina haurrek okupatuta zegoela beti.
Idazten duenean gauez idazten du, ahal dela etxean eta isilik. Baina garai luze batean baldintza horiek betetzea erraza ez zenez, edonon idatzitakoa da: parkean eta ikastolako patioan, esaterako. Edonola ere, presio horrek mesede egiten diola uste du, tentsioak eta presioak sortzen laguntzen diote eta, bere esanetan, bi horien eraginpean idatzi ditu lanik onenak. Bestetik, kontziente da, haurdunaldiak eta ondorengo amatasunak eragina izan dutela bere lanen sozializazioan eta harreran:
Hitzaldietara joaten nintzenean izugarrizko sabelaz, nabaritzen nuen ez zutela aintzat hartzen nire gaitasun intelektuala, haurdun egoteagatik.
Ez du gustuko amatasunaz edo bizitza pribatuaz galdetzen zaionean:
Hori txarto hartu dut beti, emakume gehienok bezalaxe. Gizonezkoei ez bazaie galdetzen, guri zergatik galdetu behar digute horren gainean, ezta? Gai horrekin oso sentibera naiz, moztu egin izan dut. Bereizi ditut nire alde pribatua eta publikoa.
Sinesgarritasun eta autoritatearekin batera, ama izatean plaza publikoan estatusa galdu zuela sentitzen du, edo, galdu ez bazuen, galtzearen arriskua gertu ikusi zuen:
Emakume gutxi dira idazle segitzen dutenak ama izan eta gero. Egundoko kristalezko sabaia dago hor. Ama izandakoan nabaritu nuen gizarteak soka bat ipintzen zidala orkatilan eta tiraka hasten zela. Ama ez zaren bitartean askeagoa zara, profesionala izaten uzten dizute; baina behin ama izanda, geldi, erantzukizunak dituzu, orain arteko askatasuna espejismoa izan da, “zer uste zenuen, bada?; hau da orain dagokizuna, horrelakoa da gizartea, zureak egin du, hemendik aurrerako zure mundua ama izatea da”.
Fisikoki ere nabaritzen zuen presioari aurre egiteko inoiz baino lan gehiago egiten hasi zen:
Gehiago produzitzen hasi nintzen. Hitzaldi gehiagotara joaten nintzen. Hiru lanaldi nituen gutxienez: jarduera profesionala, etxeko lanaldia eta lan literarioa. Estres handiko garaia izan zen, baina nik apurtu behar nuen ama izateagatik nozitzen nuen hesia, ezin nuen permititu amatasunak literaturagintzatik baztertzea.
Haurdunaldiaz aparte, gutxitan izan du harreman bizia gorputzarekin, Erdialdeko Amerikan egindako egonaldietan eta Afrikan emandako urtean izan ezik. Herrialde haietan, natura eta tropikoaren oparotasuna lagun, gorputza komunikagailu bihurtu zen, espresabide, konbentzionalismo europarretatik urrun. Baina Europara itzuli bezain pronto amildu zen gorputzaren hizkera, eta berbazko komunikazioa nagusitu zen berriz, arrazionala eta kontrolpekoa. Egun, harreman oso eskasa du bere gorputzarekin: “Ukatu egiten dut. Urteak dira ez diodala uzten ezta ortutsik ibiltzen ere. Ez dut sentitu nahi gorputzaren bidez ezer. Konturatzen naiz ez dela naturala. Badakit”.
Idazterakoan ez du gorputza idazketa prozesuan presente dagoenik sentitzen. Nerea eta biok nobela idazteari ekin zionean ez zuen haurrik, eta amaitutakoan bi seme-alabaren ama zen. Tarte horretan izandako aldaketa fisikoak, psikologikoak eta afektiboak gorabehera, bere ustea da idazle batek diziplina handiz idatzi behar duela, eta irakurleak ez duela nabaritu behar katarroa eduki duen, ama izan den edo bikotekidearekin eten duen. Aldiz, liburu guztiek aldatu dute bera, eta indartuta atera izan da “jarduera mingarri” gisa deskribatzen duen prozesutik:
Oso zintzoa naiz neure buruarekin, gupidagabea. Eta liburu batek ezin zaitu utzi osorik, zauririk gabe. Ezin duzu atera nobela batetik sartu zinen moduan. Beste pertsona bat zara nobela amaitutakoan. Nobela guztiekin gertatu zait hori.
“Ezinegona” aipatzen du idazketarako motor, eta egun, inoiz baino denbora gehiago duenean, trauma gisa definitzen du ezin idazteak sortzen diona:
Nire nobela guztiak sortu dira arrakala batetik, sortu dira ezinegonetik, eta orain ere badut ezinegona, baina azken urteotan ukatu nahi izan diot nire buruari honen jatorria. Horrek blokeatu nau. Beste zerbaiti buruz idazten saiatu naiz, alferrik. Saio hutsak izan dira, baliorik gabekoak. Sakoneko arazoari heldu artean, ez dut askatuko korapiloa eta ez dut idaztea lortuko alderik alde zeharkatzen nauen nobela. Arazoak hartuta nauka, eta horretaz idatzi arte ez dut askatuko korapiloa.
Eta ezin idazteak, gainera, frustrazioa sortzen dio, ezinegonari gehitzen zaion arazoa. Bestea, kilo batzuk gainetik ezin kentzeak eragiten dion ondoeza da. 2006tik hamabi urte joan dira deus argitaratu gabe, eta nobela berriak hainbat aldiz hasi baditu ere, saio guztiak hutsaltzat jo eta zakarrontzira bota ditu:
Dena den, arazoak erlatibizatu behar dira. Gaur egungo munduan ezin da problematzat jo nobela idazteko korapilatuta egotea eta nahi baino pisu handiagoa edukitzea. Hori baldin bada problema nagusia, problema gutxi duzun seinale. Hala ere, idazle batentzat, idatzi ezin izatea arazo bihur daiteke, bai. Idazteko beharra dut. Esan nahi dut, niretzat idaztea ez dela denbora-pasa, bizitzeko arnasa da, eta idatzi ezean hilda bainengoen sentitzen naiz.
Irudiari dagokionez, jendaurrean dagoenean neutraltasuna bilatzen du, eta orrazkera eta janzkera ere horretara plegatzen ditu. Asko zaintzen duen zerbait da: diskretu agertu, itxurak ez dezala estali “intelektua eta mezua”. Hainbeste da hori horrela, lehendakari izateko EH Bilduko hautagaia izan zen garaian ohartu zirela ez zegoela bere irudi ezegokirik sarean, bakar bat ere ez, nahiz eta kanpaina prestatu zuten komunikazio taldekoek bilatu eta bilatu. “Azken finean, konturatzen naiz asko landu dudala autoprotekzioa, ez dut flanko bakar bat utzi erasotua izateko”.
Aipatu erasoek eragina izango zuten segur aski. Literaturarekin zerikusia izan zuen bere lehenengo agerraldi publikoa dakar gogora, Donostia Hiria ipuin lehiaketa irabazi zuenekoa:
Saria jasotzera joan nintzenean, han zeuden kazetari eta idazle ezagunak. Inoiz ez zait ahaztuko. Oholtzara igo nintzen domina hartzera eta oholtzan gelditu nintzen, pentsatuta gero beste saridun guztiak igoko zirela eta bertan gelditu behar nuela ekitaldiaren amaiera arte. Baina, antza, ohitura zen saria hartu eta publiko artera itzultzea. Kazetari eta idazle haiek interpretatu zuten protagonismoagatik gelditu nintzela oholtza gainean! Trufatu egin ziren nitaz, harrokeriaz jokatu nuelakoan. Min handia egin zidan.
Trauma gisa definitzen du Donostian gertatutako hura. Ordutik beti dabilkio itzulinguruka erridikuluaren mamua, eta badaezpada, hura gogoan, beti apal-apal jokatzen ahalegintzen dela dio.
Idazteak on egiten dio. Baina ondorengo prozesuak ez gehiegi. Liburua editoreari pasatu aurretik bi-hiru pertsonari pasatu ohi die testua: batak ikuspuntu gramatikala ematen dio, besteak ideologikoa, azkenak literarioa. Eta gero garai nekoso bat hasiko da. Testua editoreari pasa bezain pronto segurtasun falta sentituko du. Garai desagradabletzat dauka: “Koma bat jarri, bestea kendu, hau aldatu... Ez da sorkuntza lana baina, editorea ona denean, liburua hobetzeko balio du”, eta hori eskertzen du. Magia, ordea, liburuaren sortze prozesuan dago, “fase histeriko horretan, ezerezetik zerbait egiten duzunean, zerotik pertsonaia bat sortzen duzunean paperarekin eta boligrafo batekin, jainkoa sentitzea da”. Ordutik aurrerakoa, ordea, tramitetzat dauka. Jendaurreko aurkezpenak promoziorako baliagarriak direlako egiten ditu, baina ordurako urrunduta dago testutik, “alienaturik”. Problema handienak argazkilarien aurrean jartzean izaten ditu, oso ezdeus sentitzen baita:
Gorputzarekin ez naiz eroso sentitzen. Zorionez fotogenikoa naiz eta argazki politak egin dizkidate karreran zehar. Orduan, ondo. Baina ez ditut gustuko ezustean hartutako argazkiak, gero edozeinek Twitterren edo edonon jar ditzakeenak.
Kritikarien aurrean ere bulnerable sentitu ohi da. Behin egin zioten kritika “misoginoa” dakar gogora:
Joan Mari Torrealdaik idatzi zuen Euskal kultura gaur liburuan ere jasotzen da: nola Arantxa Urretabizkaiari Pako Aristik eta niri Joxerra Garziak egin zizkiguten kritika batzuk ez literarioak, baizik eta... gizonezkoak bagina ad hominem esango genieke, baina gure kasuan ad mulierem izan zen, hau da, gupidagabeak, tonuz kanpo, eta literaturan bilatzen genuen espazioa ukatzera zetozenak.
Ez da sekula zirkulu literario bateko parte izan. Ttu-ttuá aldizkaria ateratzen zuten Joanes Urkixok eta berak, baina “ez zen Susa, ez zen Kandela edo Pott Banda”. Alde horretatik bakarrik ibili dela dio, nahiz eta jakitun izan “sisteman egoteko parrokia edo zalditeria —Xabier Mendigurenek esaten zuen moduan— batekoa izatea komeni dela, hotz handia egiten baitu taldeetatik kanpo”.
Ilusioaren ordaina izenburua duen bere lehen liburua argitara eman zuenetik, 1983tik, euskal literaturak izandako bilakaera begi onez ikusten du: “Nik zuen, emakume idazle gazteen, gauzak irakurtzen ditut oso gustura, iruditzen zait gainera lehenengoz askeago idazten dela. Gure belaunaldia erreaktiboagoa izan da, zerbait demostratu behar genuen”, nahiz eta orain idazteko libre sentitzen den; ez dio inori ezer zor, “eta hori asko da”.
[5] Bibliografia laburra:
Ilusioaren ordaina (1983)
Bai... baina ez (1986)
Legez kanpo (1991)
Nerea eta biok (1994)
Sisifo maite minez (2001)
Ecce homo (2006)
Korrespondentziak, Birgit Vanderbeke eta Laura Mintegi (2006)