Kontrako eztarritik
Kontrako eztarritik
2019, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-24-2
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2020, kronika
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

21.
FEMINISTA IDENTITATEA:
INDARRA ETA KUESTIONAMENDUA

 

      Azken urteetan feminismoarekin identifikatu dira emakume bertsolari asko. Ideologia eta praktika feministek aukera eta indarra eman dizkietela nabarmentzen da haien esanetan, haien burua eta ingurua ulertzeko, bakardadetik irteteko eta elkartzeko, alternatibak pentsatzeko, esperimentatzeko, aliantzak sortzeko... Indarrarekin batera dator jasaten duten kuestionamendua ere.

      “Izan ere, zein espaziotan gauden, feminista garela onartzea suizidioa izan daiteke. Real Madrid eta Athleticen arteko futbol partidara joan eta Ultrasurren harmailetan esertzea bezalakoa ikurrin bat aurpegian pintatua duzula. Zisjordaniako checkpoint batean militar bat urezko pistola batekin xaxatzea bezalakoa. Zuhurtzia kontua”, idatzi zuen Eider Rodriguezek “Ni ez naiz feminista” artikuluan. Tiroa kontzertuaren erdian saiakeran, Stendhalen hitzak dakartza titulura Belen Gopeguik (2011): “Pistola tiroek kontzertuaren erdian duten efektu bera du politikaz aritzeak nobela literario batean”. Bertso saio batean feminismoaz aritzea tiro bat da kontzertuaren erdian. Identitate desafiatzailetzat jotzen da oraindik, hain zuzen ere, boterekeria naturalizatua jartzen duelako jo-puntuan.

Ez dira emakume bertsolari guztiak eroso sentitu diskurtso eta praktika feministekiko (ez dutelako identifikaziorik sentitu, kanpo sentitu direlako, epaituak sentitu direlako, praktika batzuekiko kritiko azaldu direlako...). Feminista izatea justifikatu behar duen bezala, ez-feminista izatea, feminismoarekin kritikoa izatea, edo bestelako feminismo baten aldarria ere justifikatu egin behar du emakume bertsolariak. Gaia hari dagokiola gogoraraziko dio egunerokoak, nahi ala ez, eta deserosotasuna kudeatu beharra bera izan liteke mugimendu marjina mugatzen duen mekanismo bat.

 

 

      Onintza Enbeita:

      «Plazan kolpe gogorrak hartu arren urte asko behar izan ditut gauzei beren izenez deitzen hasteko. Hogei edo hogeita bi urterekin genero ezberdintasuna zela-eta buruari bueltaka hasi nintzenean, ez nintzen jendaurrean feminista agertzen. Batetik, arazoak ekartzen zizkidalako bertsokideekin, antolatzaileekin, publikoarekin... Min hartzen nuen, irakurtzen nituen zapalkuntzak... baina ez nituen zuzenean izendatzen. Ez nuen pentsatzen nuena azaleratzen. Edo Madrilera joan aurretik Berria-n idazten nuenean, ondo jakin arren zeri buruz idazten ari nintzen, ez nuen patriarkatua, hegemonia, feminismoa, binarismoa... bezalako hitzik erabiltzen. Azken urteotan gero eta argiago azaldu ditut nire identitatea eta iritziak».

      «Bi gizonezko bertsolari eta hirurok ginen. Bertso batzuk, hamaiketakoa, bazkaria eta, bazkalostean, bertso saioa. Kontua da hamaiketako horretan berbetan ari garela, normal, eta Jakoba Errekondori[10] buruz hasten dela norbait. Gaia ateratzen da eta norbaitek komentatzen du Errekondok irratitik erantzun txarren bat eman duela, eta nik diot: “Bueno, nik badakit Jakoba nolakoa den, lehorra eta zakarra izan liteke, baina niri gustatzen zait, asko daki, niri ondo esaten dit eta gustatzen zait”. Eta orduan botatzen du gizonezko bertsolari horietako batek lehenengo sastada: “Horrek andre bati esan zion bera ere ez dela egongo gaztetan bezala eta arbolari eskatzen diola gaztetan bezala egoteko beti, eta hori ikuspegi feministatik ez da erantzun ona”. Eta esan nion: “Ikuspegi feministatik eta edozein ikuspegitatik hori edukazio txarreko erantzun bat da, dudarik gabe”. Kontua da bertsolari gizonezko horrek kristoren mozkorra harrapatu zuela, eta, puntutan ari ginela, beste bertsolari gizonezkoak esan zuela (lige kontuan genbiltzan, mahai-jiran nor aukeratuko) ezin zuela inor aukeratu haren andrea entzuleen artean zegoelako. Eta orduan nik esan nion: “Nahikoa dauka berak zu aukeratuta”. Eta orduan besteak bota zuen hurrengo bertsoa: “Ez al da feminista hark hau hautatzea?”. Zakutik eman zidan, ez da pasatzen zaidan aurreneko aldia. Ernegua ematen dit. Eurek badakite gure ideologia feminista, gure pentsatzeko modua, ez digute zuzenean galdetzen zer pentsatzen dugun, baina badaukate usain bat guk pentsatzen dugunari buruz eta aukera itxaroten daude gure kontraesanak topatzeko. Baina ez dute ulertu nahi guk bizi izan duguna eta bizi duguna, bost axola mina eta zapalkuntza; bakarrik da esateko: “Ja-ja; zuk diozu oso feminista zarela baina gero begiratu zertzuk esaten dituzun”. Iruditzen zait gure bertsokide batzuek, ez denek, gure ideologia hori gutxiesten dutela eta gutxiesten dutela botere bat ematen digulako. Hau da, gure diskurtsoa kuestionatuz hark eman diezagukeen boterea dela kendu nahi digutena. Ez dut uste kasu guztietan hala denik, baina uste dut haietako askok badakitela gu orain izena jartzen hasi garen egoera horretan eurek zerikusi handia dutela eta gure boterea neutralizatzea dela modu bakarra eurek ezer ez aldatu behar izateko. Eta gehituko nuke botere hori neutralizatzeko erabiltzen duten estrategia horretan, gutxiespen edo kuestionamendu horretan azpikoz esaten digutela: “Bai, bai; feminismo asko, baina hemen bertsotan egin behar da eta bertsolari ona izan behar da —eta ez zarete behar bezain onak, edo ez ezer aldarrikatzera etortzeko bezain onak—. Ez hona zuen mitinak botatzen etorri”. Batzuengan irribarre txikiko mespretxu bat ikusten dut, kalitatearen aitzakian ez ote zaien ezikusiarena egin nahi botere desberdintasunei».

      «2016ko Bizkaiko finaleko gaietako bat izan zen “Zuen seme-alabak genero roletatik kanpo hezten saiatzen zarete”, eta baziren bi bertsolari, gizonak, genero rolak zer ziren jakin ez zutenak. Gero polemika egon zen, ea gai hori jartzea justua ote zen, denok ez daukagula zertan jakin genero rolak zer diren. A, ez? Eta futbolaz bai? Eta ehizaz? Eta kooperatibismoaz? Edozein egunetan kantatu behar dugu haiekin edozein plazatan, adibidez, emakumeen kirolari buruz. Zer egingo dugu? Pertsona batzuek ez badute desberdinkeriari loturiko ezer landu, zuk ezin duzu zuretik eman gai horretan. Hizkuntza bat mugatzen dizute».

 

      Oihana Iguaran:

      «Neure burua feministatzat izan dut plazan hasi naizenetik baina ez nuen nahi feminismoa desprestigiatzeko martxan dauden mekanismoak nire kontra erabil zitzaten. Orduan, “feminista zara?” galdetzen zidatenean, “zer ulertzen duzu feminismotzat?” galdetzen nuen beti. Tontakeriatan kateatuta sentitu nuen neure burua. Feminismoan janzteko beharra sentitu nuen, publikazio feministetara harpidetu nintzen. Eta hor egon zen klak bat nire baitan, adibidez, esaten bainion neure buruari: Diozu feminista batzuek egiten edo esaten dutenarekin % 100 ados ez zaudenez ez dakizula feministatzat hartzea nahi duzun. Sekula galdetu al diozu zeure buruari abertzalea ote zaren abertzale batzuek esaten dutena gustatzen ez zaizulako? Zergatik justifikatu behar dut neure burua feminista identitatean?».

      «Txapelketan sentitu dudan presioarekin amorrazioa eman didate lagun ustean gerturatu diren horiek, ustez babesa eskaintzera eta esatera: “Feminismoak nolako kaltea egin dizun txapelketa honetan”. Bizi izan dudan presioa kanporatzen eta kontatzen hasi naizenean, inguruko gizonek ez dute aintzat hartu lehen saiotik ez nuela merezi sentitzeak eragin zuzena izan duela ondorengo errendimenduan, eta sentsazio hori sexu-genero sistemarekin zuzenean dagoela lotuta. Aldiz, batzuek esan didate: “Finaleko bigarren emakumearen kontu horrek kalte egin dizu; lagundu nahi izan dizutenek zugan jarri duten presioa injustua izan da”. Zeharka eta zuzenean esan didate nik sentitzen nuen presioa feministen errua zela. Merezi baino puntu gehiago eman zizkidatela ez dute zalantzan jarri, hori ontzat eman dute. Aldiz, ni finalista izan nintekeela uste izan duten horien errua da nire porrota. Behin haserreraino iritsi nintzen. Gizon bertsolari kontsakratu batekin bi saio neuzkan asteburu berean; haren autoan joan ginen bietara eta lehen egunean zeharkako komentario bat egin zidan. Bigarren egunean, joanekoan aguantatu nion baina itzuleran erantzun egin nion. Galdetu zidan ea nola sentitzen nintzen txapelketaz geroztik eta esan nion blokeatuta nengoela, bertsotan gusturen eta mailaz ere ondoen sentitzen nintzen momentuan itota sentitzen nintzela. Bertsolari horrek zuzenean planteatu zidan guri lagundu nahian ari ziren feministek kalte egin zigutela, harriz betetako motxila bat jarri zigutela gainean asmo onenarekin. Eta nik sentitzen nuen esaten zidala: “Haien fede ona azpimarratuko dizut baina jakin dezazula pozoitsua izan dela”. Ordurako, entzuna nuen feminismoaz gaizki esaka. Eta horrek amorrazio handia eman zidan sentitu nuelako nire lagunen aurka ari zela hizketan, eta ni hor egoteko motibo izan direnen aurka. Amorragarria egin zitzaidan nola deskartatu zuen lehenengo faktorea (merezimendu faltaren epaia) eta nola azpimarratu zuen bigarrena (feministek jarritako karga), nik hala sentitu ez arren. Sinetsarazi nahi zidan ni hor egotearen alde borroka egin zuen mugimendu berak bota ninduela handik. Bueltako bidaian, berriz ere tematu zenean feminismoaren arazoa izan zela nirea, erantzun egin nion eta esan nion ez nengoela ados, beste presio asko sentitu nituela. Hor talka egon zen, haserrea egon zen, ez genuen hitz txarretan amaitu baina gehiago ez dugu gaiaz hitz egin. Gizon bertsolari bat baino gehiagok iradoki dit feminismoak kalte egin zidala».

      «Gizonek pudorea daukate euren artean erabiltzen duten kodea gurekin erabiltzeko, badakite ez dela politikoki zuzena».

 

      Maialen Akizu:

      «Gure inguruan uste zabaldua izan da plaza gehiago ditugula emakume izateagatik. Nik ere denbora luzean sinistu dut merezi gabeko suertea eduki dudala, oraindik ere bai aldika. Plaza aldetik eman dizkidatela nire adineko mutilei eman ez dizkieten aukerak. Gizonek hori garbi adierazi izan didate. Orain diskurtso feministari beste zilegitasun bat ematen diot. Nire inguruko mutilek —eta baita nik ere— asko kritikatu dute beti diskurtso feministaz ari diren bertsolarien jarduna, beti euren terrenora jotzen duten neska bertsolarien emana. Baina norbera hasten denean genero desberdinkeriaz jabetzen, denean ikusten da, begirada aldatzen zaizu, eta entzuten dituzu zuri esaten lehen besteez esaten zituztenak: “Zure terrenora eraman duzu”».

      «Emakume bertsolari feministekin erresistentzia izan dut, Ahalduntze Bertso Eskolan hasi nintzenean, adibidez. Ez da kasualitatea saioekiko ere erreparoa neukan, ez nuen horkoa izan nahi. Orain, berriz, desiratzen nago. Baina badakit oraindik kosta egiten zaidala giro horretara irekita joatea, itxi egiten naiz. Batetik, ukatu egingo nautela pentsatzen dut naizen emakume motagatik, nik ere epaitzen dut neure burua, sistemak asimilatutakotzat joko nautela iruditzen zait. Bestetik, inbidiak ere ez zidan gerturatzen uzten. Ni hain galduta nengoen momentuan hain ziur ikusten zintuztedan zuek... ez nuen nire lekua aurkitzen. Eta, agian, nire buruarengan ikusi nahi ez ditudan gauzak ikusteko izua ere bazen, ispilu feministan aurrez aurre begiratzeko beldurra».

      «Feminismoa hitza ez nien lotzen nire bizipenei, esperientziei, sentimenduei..., baina unibertsitatera sartu ahala eta bai akademiatik elikatzen hasi ahala, bai zuen ahotsak eta beste batzuk entzun ahala ikusi nuen: Ostras, hemen nire bizitza ulertzeko erantzunak daude. Orain lehenengo planoan bizi dut feminismoa eta, uste dut gero eta barrurago sartzen zaidala. Baina bizi dut eskizofrenia moduko bat: ulertzen dut teoria baina, hala ere, nire kontraesanetan harrapatuta sentitzen naiz».

 

      Nerea Ibarzabal:

      «Neure burua zentsuratzen dut. Azkenaldian, txapelketarako entrenamenduetan bide esplizituki feministak hartzea saihestu dut jendearen komentarioa zein izango den badakidalako, eta gorroto dut horrek eragina izatea!».

      «Bertso eskolako gizon heldu batek zuzenean esan zidan kalte egin zidatela feministek txapelketan. Ez nire etsai gisa saldu zuk baino gehiago lagundu didaten pertsonak!, sentitu nuen. Beste kide batek ere gauza bera esan zidan. Biak bertsolariak. Tanteatu egin naute. Suposatzen dute nire iritziak zeintzuk diren baina agian ikusten dute zirrikituren bat, ez naute agian hain erradikal irakurtzen, eta zeharka esaten dizkidate halakoak. Bertsozale Elkarteko gogoeta estrategikoa dela-eta ere entzun diet: “Batzuek ondo prestatuko zituzten, bai, euren argumentuak”. Feministengatik, gugatik ari ziren, noski».

 

      Ane Labaka:

      «Feminista gisa identifikatzeak ate batzuk ireki eta beste batzuk itxi dizkidala badakit. Ireki dizkidanak baloratzen ditut. Feminista izateaz gain txapelketan demostratutakoa banintz, uste dut gehiago barkatuko lidaketela, baina sumatzen dut epaia dela: “Diskurtso feminista da daukazun bakarra. Horrekin nora zoaz?”».

      «Gizon batzuk lasterbidea hartuta ikusten ditut, pantaila hau dagoeneko pasatuta baleukate bezala. Haserretu egiten naiz genero-sistema gainditutzat eman nahi duten progreekin, jakin beharreko guztia badakitela uste dutenekin, feministongandik zer ikasirik ez dutela uste dutenekin. Eta uste dut asko direla».

      «Gertatu izan zait gizon bertsokide bati eta bioi genero sistemarekin lotutako gairen bat jartzea eta ohartzea hark umoretik ihes egiten duela. Nik zeresan handia sentitzea eta kideak alde egitea, diskurtsoan gain hartuko ez zidalakoan beste toki batetik jotzea eta nire diskurtsoa deslegitimatzea, bide batez. Nik gaia sakon jorratu nahi eta berak txistetik, etengabe. Uste dut sentitu zuela diskurtsotik joz gero galtzen aterako zela, eta horregatik hautatu zuela beste bidea».

 

      Maddalen Arzallus:

      «Feminismoa parekidetasunaren aldeko mugimendua bada, ni hala sentitzen naiz dudarik gabe. Gehiago esango dizut: hala sentitzen ez dena ez dut planteatu ere egiten. Badakit batzuk ez direla hala sentitzen baina berdin zaizkit, aparte uzten ditut. Baina egia da feminismoak dauzkan modu batzuekin eta ideia batzuekin ez natorrela bat. Horrek ez du esan nahi neure burua feministatzat ez daukadanik. Badaukat halako erdi borroka erdi zerako harreman bat feminismoarekin. Forma batzuekin ez nago ados baina horrek ez du esan nahi feminista ez naizenik. Baina gauza batzuekin hain desados sentitu naiz, pixka bat distantzia hartu dut. Lelo batzuekin ez nago ados; beldurra bandoz aldatzearenarekin, adibidez. Lelo horrek atzean mila esanahi izan ditzake, baina leloarekin berarekin ez nago ados, nik ez dut nahi inork niri beldurra izaterik. Edo irudi batzuk: buruberokiekin manifestazioak egitea. Niri horrek beldurra ematen dit! Eta nik ez diot inori beldurrik sentiarazi nahi eta ez dut nahi inork niri beldurrik sentiarazterik. Edo lehen esan dizudan bezala, nik neure burua ez dudanez ia-ia sartzen zera binario horretan, feminismoaren mugimendu batzuek ekartzen dituzten banaketak, banatu egiten baitute gizon/emakume, ni hor oso galduta sentitzen naiz, eta talde feministak... emakumez osatuta daudela ikusten dut askotan, eta hor ez naiz eroso sentitzen».

      «Bertsokide emakumeekin sentitu izan dut besteek sentitu izan dutela ni baino gehiago zirela emakumetasunean. Nik sentitu izan dut emakumetasunean ni baino gehiago direla sentitu dutela horri buruz gehiago idatzi, hausnartu dutelako... emakume izatean gehiago balira bezala. Feminismoa gehiago landu izanagatik emakume izatean ni baino gehiago balira bezala. Iruditu zait emakumeago, emakume indartsuago sentitu direla. Bertsokide emakumeekiko tentsioak eragin izan dit bertsotarako aldartean, eta presioan ere bai. Neure buruari esan izan diot: “Orain hemen nik edozer kantatuko dut eta pentsatuko dute troglodita bat naizela”. Batzuetan nahiago izan dut kantura gizonekin joan emakumeekin baino».

 

      Miren Artetxe:

      «Urrutiratu egin nintzen bertsolaritzatik. Eta gero, berriz hurbiltzean, ohartzerako, lehendakaritza taldeko kide naiz. Tartean, egon da eboluzio bat; punky zahar bat izatetik pertsona interesgarri izatera igaro banintz bezala da, pentsamendua aitortu balitzait bezala. Sentitzen dudana da diskurtsiboki iritsi dela momentu bat feministok egin dugun lanagatik ezin dena ukatu genero perspektiba beharrezkoa dela, nahiz eta erresistentzia ugari egon alde askotatik. Hori artikulatzen ari da, diskurtso ezberdinekin. Erritmoak, helburuak... praktikara eraman behar diren garaian etereoago bihurtzen da dena».

      «Gizon askok feministen arteko aliantzak traiziotzat hartzen dituztela ohartu naiz. Gure gauzez hitz egiten badugu apartatzea leporatzen digute, aurresuposatzen baita guk hurbildu behar dugula haiengana, guk azaldu interesa euren solasarekiko; alderantziz inoiz ez. Zenbaiti gure arteko aliantzak eta maitasun adierazpenak deserosoak eta desegokiak zaizkie. Gure botere residualaren beldur dira, desakreditatuko ditugun beldur, eta horren izu direlako daude zelatan. Zelatan eta zigortzen. Zeharka baina zigortu egiten gaituzte: gure lagunak desakreditatuz, haien kalitatea edo jarrera kuestionatuz, zu salbuetsiz besteen taldetik, feminista onak eta txarrak sailkatuz, emakumeen aliantzak desegokitzat joz eta progreen arteko aliantzak proposatuz, debatea ideologikoki gaizki kokatzen dugula iradokiz, feministon enpatia falta salatuz, euren burua gizontasun ez-hegemoniko deserosoan kokatuz nahiz eta pribilegioak aprobetxatu, genero neutroa moduko astakeriak esanez...».

      «Generoaren gaia haiek espero gabe ateratzen duzunean bost bertsokoa izan zitekeen ofizioa hirukoa bihur daiteke, eta hori ere epaia da. Bestea deseroso ikusten duzu eta sumatzen duzu sentitzen duela traizio moduko bat, joko zikina leporatzen dizula. Ez dator gaira pentsa lezake, baina zuretzat ebidentea da baietz. “Zuek bikote zahar bat zarete eta 40 urteren ondoren dibortziatzea erabaki duzue” gaiari genero perspektibatik esplizituki helduz gero tranpa egitea leporatuko dizute eta aguafiestasa izatea. Umorerako marjina niri zabaltzen eta berari ixten zaiola sentitzen badu, berak etengo du. Askotan gertatu zait. Behin gai hau jarri ziguten gizonezko bertsokide bati eta bioi: “Nesken koloreak beti izan dira morea, beltza eta arrosa”. Kidea gaiarekin haserretu zen, adierazi egin zuen ez zitzaiola gaia gustatu. Nik, konplazentziaz, esan nion: “Zu hasi, nahi duzun tonuan, nik segituko dizut”. Badakit deseroso daudela eta erraztu egin nahi diet bidea. Bigarren bertsorako feminismoa kuestionatu zuen. Haserre jarraitu zuen saio guztian eta amaitzean Jexux Mari Irazuri eskatu zion bertsoaldi hori bertsoa.eus-en ez zintzilikatzeko. Nik saio ona egin nuen. Ez zidan galdetu zer iruditzen zitzaidan saio hura ez jartzeko eskatzea. Badirudi feminismoa geure ardura dela eta gainera, gizonak babestu behar ditugula, haiek direlako, nolabait, biktimak. Beste gai bat tokatzen zaizunean eta zuk kontrolatzen ez duzunean inork ez zaitu babesten, zeurea da ardura osoa. Feminismoarekin, ordea, ez. Aztertu behar genuke nor babesten den, nola, noraino eta zergatik. Uste dut badagoela zer pentsatu».

      «Bertsokideen epaia isiltasunaren bidez iritsi zait. Generoari buruzko gaiak gizonei jartzen dizkietenean ni oso erne egoten naiz, Hitzetik hortzera baldin badago are gehiago, aurpegi txarrik ez jartzeko. Kontuz ibiltzen naiz desakreditaziorik ez adierazteko. Are gehiago, arreta handia adierazten saiatzen naiz, bai baitakit bestela polizia feministatzat katalogatuko nautela. Hor dago Damoklesen ezpata. Tentsioan egoten naiz gizonen bati generoaren inguruko gai bat jartzen dioten aldiro, eta sentitzen dut jarrera ez-zurruna hartu beharra, batetik, eta nire koherentziaren arabera jokatu beharra, bestetik. Kantatutakoa gustatu ez bazait, ez dut neure burua txalo jotzera behartzen, baina kantaturikoa minimoki egokia iruditu bazait asko adierazten dut nire aprobazioa. Atzean esertzen denean ederra esango diot, badakit-eta gizon horrek eman diezadakeela autoritatetxo bat gai honetan. Baina berak ez dit begiratuko, ez du adieraziko autoritatea eman diezadakeen ezer. Autoritatea naiz baina omisioz. Ez didate inoiz galdetuko: “Zer iruditu zaizu?”. Ez didate begiratuko aprobazio eske, baina badakit hori hor dagoela. Aldiz, generoari buruzko gai bat niri jartzen didatenean edo zeharka gaia ateratzen dudanean inork ez dit inoiz esango ondo edo ederra edo halakorik. Isiltasuna jasoko dut bueltan. Denok dakigu mahai gainean dagoen gaia dela eta negoziatu egin beharko dugula zeini eta nola emango diogun aprobazioa. Gizon askok esaten dute epaituak sentitzen direla eta ni etengabe saiatzen naiz nire epai negatiboa ez adierazten eta epai positiboa azpimarratzen. Azken batean, denok epaitzen baitugu elkar, baina haiek ez dute guganako halako ariketarik egiteko beharrik sentitzen».

 

      Jone Uria:

      «Gu nerabeak ginenean feminismoak ez zeukan orain daukan zentralitaterik, beste gatazka batzuk zeuden lehen lerroan. 2006an UEUko ikastaro batean Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga entzun genituen generoaz eta bertsolaritzaz hitz egiten, eta gogoratzen dut gogorra egin zitzaidala Maialen bere bizipenak kontatzen entzutea. Erreakzioa izan zen pentsatzea: Ba nik ez dut hori bizi izan. Eta gure inguruan nahiko erreakzio zabaldua izan zen. Talka moduko bat gertatu zen gu baino zaharxeagoak zineten emakume bertsolariekin; bazegoen diferentzia bat bizipenetan. Guk zaharragoengandik jasotzen genuena zen: Seguru ez duzuela halakorik bizi izan? Konturatuko zarete... Niri horrek apur bat ixtea eragin zidan, esatea: Ados, agian konturatuko naiz, baina utzidazu niri konturatzen. Eta uste dut lehen bizipen horrek eragin didala aurrerantzean ere. Nik nirea kontatu nahi izan dut eta sentitu izan dut nire bizipenek ez zeukatela zilegitasunik. Ez bazen oso gaizki pasatu izan zenuela, ez zuela balio. Gerora ohartu naiz bizipenak bakoitzak bereak dauzkala eta ezin dela norberaren bizipenetik diskurtsorik egin. Uste dut, zorionez, bakoitzak modu diferentean bizi izan dugula eta bizipen guztiek eduki beharko luketela lekua. Nik ez dut uste emakume izateak beste gauza batzuek baino gehiago sufriarazi didanik».

      «Bizkaiko finalaren aurretik Bizkaiko Hitza-rako egin zizkiguten elkarrizketetan lau neskoi mutilei baino galdera bat gehiago egin ziguten: “Zer suposatuko luke zuk txapela janzteak?”. Zergatik tratu desberdin hau?, pentsatzen nuen nik. Amaierako agurrean[11] numerologia horri erantzun nion, iruditzen zaidalako, batez ere sorkuntzan, norbanako bezala desagerrarazi egiten gaituela. Ni ez naiz ordezkagarria. Nire ordez Oihana Bartra sartu izan balitz finalean, parekidea izaten segituko zuen, baina ez zen final berdina izango. Uste dut gaur egun asko hitz egiten dela datuen gainean argumentu ukaezinak balira bezala, baina norberak erabakitzen du zein datu bildu, nola interpretatu eta non adierazi. Baina datuak ez dira erabat objektiboak, eta nik ez dut numero bat izan nahi. Txapelketa Nagusiko bigarren emakumearekin nabarmena izan zen: nik ez dut bigarren emakumea[12] izan nahi, nik finalistetako bat izan nahi dut. Uste dut tranpa horretan erortzen garela, numero bihurtzen gara, etiketa baten azpian dagoen zerbait, eta ez gure sorkuntzagatik baloratua den norbait. Nik Bizkaiko txapela jantziz gero poza sentituko nuke, hasteko, nigatik, eta bigarren lekuan, badakidalako historikoa dela, baina, aurrena, nigatik. Eta horren beste aldea: lortu ezean nik ez dut historia egin ez izanaren ardurarik nahi nire gain. Helburuak izan beharko luke generorik markatu behar ez izatea. Gizon eta emakume kategoriak markatzea sarritan kalterako izan daitekeela iruditzen zait; ez dezagun ahaztu hor atzean pertsonak daudela. Bigarren emakumearen kontuarekin sentitu nuen: bigarren emakumea nahi da, baina ez dakit ni, zentzu horretan, emakume kontsideratzen nauten. Honi buruz ari direnean, ni ere sartzen al naute emakumeen zakuan? Ez dakit bereizketa horiek zenbateraino on egiten dioten mugimenduari, egoerari eta bertsogintzari berari. Unai Agirrek finalean sartzeko zer meritu egin dituen esan beharrean, mugatzen gara esatera ez dela bigarren emakumea sartu. Arriskutsua iruditzen zait».

      «Askotan sentitu izan naiz bertsolari feministen taldetik kanpo, bai helburuetan ados egon arren zalantzak izan ditudalako zenbait praktika edo diskurtso feministaren inguruan, bai nire iritzia eman dudanean isiltasuna jaso dudalako bueltan, bai hainbat proiektutan ez naizelako kontuan hartua sentitu... Gogorra da. Niri ez didate inoiz deitu bertsolaritzaz eta generoaz hitzaldi bat emateko. Zergatik batzuei bai eta besteei ez? Justifikatu beharra sentitu dut nik ere gai hau landu dudala, interesatzen zaidala. Duela bi urteko finalean “Gizona zara. Goizaldean etxera bidean, neska bat doa zure aurretik oinez. Neskak, zure pauso hotsak entzuteagaz batera, ibilkera azkartu dabela somatu dozu” gaia jarri zidaten. Entzun behar izan nuen: “Joneri gaia tokatu zaionean pentsatu dut ze putada, Jonek gai hau ez dauka beste hirurek bezain landuta”. Zergatik aurresuposatzen da nik ez dudala gaia menderatzen? Badirudi gai hau batzuena bakarrik dela, eta kalterako dela iruditzen zait. Feminista moduan kuestionatua sentitu naiz».

      «Plazako emakume bertsolarien kolektiboan nire lekua topatu ez nuenez, beste bide batetik egin dut feminismoaren lanketa, batez ere kuadrillan, etxean eta bertso eskolan. Buelta asko eman dizkiot gaiari eta hizketara ateratzen nuen ahalik eta leku gehienetan, bai bertso munduan eta bai handik kanpo, eta sorpresa politak eta ez hain politak hartu ditut. Nik sentitutakoa jende gehiagok ere antzeko moduan bizi izan duela ohartu naiz».

 

      Miren Amuriza:

      «Beste zapalkuntza batzuen kontzientzia aspalditik barneratuta baneukan ere (ezker abertzalean militatzen nuen gaztetatik), unibertsitatea amaitu eta gerora arte ez nuen kontzientzia feministarik neureganatu. Gogoratzen naiz, zuek teorizatzen hasi zinetenean, galdetu egin nizula zertaz ari zineten, ez baitzintuztedan ulertzen. Nik ordura artean identifikatzen nuena, letra larriz idatzi izan den Gatazkaren bueltako problematika zen eta hartantxe ardazten ziren nire eguneroko jarduna, kezkak, beldurrak... 15 urterekin bertsotan hasi nintzenetik 25 bat urtera arte, huraxe izan zen nire kokapen politikoa eta haretxekin osatu nuen nire diskurtsoa: ezker abertzaleko neska (alaba) gaztearena. Ordea, soineko hura txiki geratzen hasi zitzaidanean, geruza bakoitza deseraiki eta atzera eraikitzeari ekin nion eta orduantxe ohartu nintzen nire sexuak denak zeharkatzen dituela».

      «Zenbat eta kontzientzia feminista handiagoa hartu, orduan eta arrakala gehiago zabaltzen zitzaizkidan neure jarduteko moduetan (familian, lagun artean, harreman afektibo-sexualetan, militantzian...) eta, alderantziz, neure egunerokoan zenbat eta krakateko gehiago gertatu, orduan eta hurrago sentitzen nintzen feminismotik. Horrek bertsotarako ere eragin zidan, noski: iritsi zen momentu bat (neure burua feminista moduan aitortu nuenean), jartzen zidaten gaia jartzen zidatela, diskurtso feminista esplizitua egiten ahalegintzen nintzena. Lehenago ere gertatua zitzaidan, 18-20 urterekin gatazka politiko-armatuari lotutako gaiez kantatzen bainuen ahal nuen bakoitzean».

      «Jendaurrera bakarrik irteten zarenean, kolektibo baten parte zarela adierazteak halako kobertura bat sentiarazten dizu, niri behintzat bai. Askotan kexatu izan gara esfera publikoan gabiltzan emakumeok gainontzeko guztien bozeramaile moduan hartu izan gaituztenean baina, era berean, nik neuk askotan egin dut tranpa, eta, saioaren arabera, halako edo bestelako kolektiboren ordezkari izateko lizentzia eman izan diot neure buruari. Neska heteroekin kantatzean adibidez, askotan neureganatu izan dut ez-heteroaren papera eta rol horretan natural eta gustura jarduten banaiz ere, halako usurpazio bat egiten ari nintekeela konturatu nintzen beste hiru bollerarekin kantatu nuen batean. Eta esan nion neure buruari: “Ezin duzu bollera bandera zuretzakotzat hartu, zuk, zure pribilegio heteroei uko egin ez diezun horrek».

 

 

[10] Jakoba Errekondo, agronomoa eta paisajista, ezaguna hainbat hedabidetan baratzegintzari eta lorezaintzari buruzko aholkulari izateagatik.

[11] Mila zorion, Onintza / txapeldun ero izaki / ai, baina maiz txapelketak / egiten gaitu bi zati / ez dezagula ahaztu / denok garela gizaki / hartzen ditugunak une / baten mila erabaki / ze diskurtso eraiki ta / nori hegoak ebaki / ze umore, ze ironia / ze iritzi, ze zergati / ez ditzagula bihurtu / nahiz ta gustatu zenbaiti / zenbakiak objektibo / ta subjektuak zenbaki.

[12] 2017ko Txapelketa Nagusian mugimendu nabarmena izan zen finalean Lujanbioz gain, lehen aldiz, gutxienez beste emakume bat ere sartzearen alde eta kristalezko sabaiaren kontra aldarri egin zuena.