Kontrako eztarritik
Kontrako eztarritik
2019, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-24-2
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2024, narrazioa
2020, kronika
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

14.
ERANSKINTZAT, OSAGARRITZAT,
EZ-OSOTZAT HARTUAK IZATEA

 

      Griselda Pollock-ek 70eko hamarkadatik hona feminismoak kanona negoziatzeko erabili izan dituen estrategiak aletzen ditu Differencing the Canon saiakeran. “[Feminismoak] kanonaren oinarrian dauden ezberdinkeriaren egiturak identifikatzen ditu, eta diferentzia horri eusteko kanonak erabiltzen dituen mekanismoak aztertzen. Hala nola, emakumea irakurtzea halako zerbait balitz bezala: Bestea, sexua, gabetasuna, metafora, zeinua...”.

      Mary Beard-ek “The Public Voice of Women” artikuluan baieztatzen du mundu klasikoan, eremu publikoan mintzatzen diren emakumeen artetik, hiru arketipori baino ez zaiela jendaurrean hitz egitea zilegiztatzen. Mintzo publikoaren gaitzespenetik salbuetsita daude hiltzera doan martiria edo biktima; etxea, seme-alabak edo senarraren defentsan altxatzen den emakumea eta beste emakume batzuen defentsan mintzo dena. “Emakumeek, muturreko egoeretan, haien interes partikularrak defenda ditzakete, baina ezingo dute hitz egin gizonen edo komunitate osoaren izenean”, idatzi zuen Beardek.

 

      Miren Amuriza:

      «Irakurri izan naute, alde batetik, aita generiko baten alaba generiko moduan eta, bestetik, gure aitaren alaba moduan. Gaur egun, 28 urterekin ere, bertsokideek sarri botatzen dizkidate “zer esango luke zure aitak horrela edo bestela entzungo, ikusiko... bazintu?” eta antzekoak».

 

      Onintza Enbeita:

      «Emakumeoi gutxitan deituko digute bertsolaritzari buruz hitz egiteko: gure gaia emakumeak eta bertsolaritza izango da. Bertsolaritza unibertsala gizonek teorizatuko dute, guk gure txokoari buruz hitz egiteko autoritatea daukagu, ez gehiago».

 

      Jone Uria:

      «Orain hasi da pixka bat aldatzen —seguruenera, geuk exijituta—, baina orain arte beti emakumeoi jartzen zizkiguten emakumeei buruzko gaiak. Entzun ere desberdin entzuten da gai hauei buruz emakumeok esaten duguna eta gizonek esaten dutena».

 

      Nerea Ibarzabal:

      «Duela aste pare bat, saio batean kantatu nituen hiru ofizioetan izan nintzen gizon bertsolariaren neska-laguna».