Kontrako eztarritik
Kontrako eztarritik
2019, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-24-2
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2020, kronika
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

16.
UMORE AZPIRATUA

 

      Virginia Imazek “Género y humor. La triple transgresión” artikuluan azaldu zuen nola emakumeei bereziki debekatu izan dizkiguten sexua eta umorea plazer —eta, beraz, askatasun— iturri gisa. Bertsolaritzaren ikerketa soziologikoa 2005-2018ren arabera: “Aldea dago bertsolari batengan gehien estimatzen diren ezaugarriei buruz galdetzerakoan. Askotariko iritziak daude, baina, oro har, umorea, hunkiarazteko gaitasuna eta irudimena dira ezaugarri estimatuenak bertsolari batengan. Hunkiarazteko gaitasuna estimatzen dutenen kopurua handiagoa da emakumezkoen artean, baita irudimena estimatzen dutenena ere. Aldiz, umorea estimatzen dutenen kopurua handiagoa da gizonezkoen artean. Ondoriozta genezake emakumezkoen artean umorea gutxiago estimatzearen arrazoia ez dela umorea oro har gutxiago estimatzeagatik, baizik eta bertsolaritzan gutxienez tarteka nagusitzen den umorea hainbeste ez estimatzeagatik”. Gai honetan interes bizikoa da Ane Labakaren Bertsolaritzan garaturiko umorea(k) aztergai, genero ikuspegitik gradu amaierako lana.

 

      Ane Labaka:

      «Bertso eskolan bi neska ginen, beste denak mutilak, eta hasiera-hasieratik argi zegoen haiek zertan ziren onak eta gu zertan moldatzen ginen ondo. Genero bereizketa bat zegoen erregistroetan. Nik umorearen esparrua guztiz anulatuta eduki nuen urte batzuetan. Sinistu egin nuen ona nintzela poetikoki kantatzen eta hausnarketa sakonak egiten, baina ez neukala umorerik. Gainera, eskolarteko txapelketan halako gai sakonak jartzen zizkiguten: “Zure ikaskide bat haurdun gelditu da eta ez dakizu nola lagundu”. Guk gaiei dramatismoz erantzuten ikasi genuen, erraz egiten genuen eta gainera funtzionatu egiten zigun, puntuak ematen zizkiguten. Jendeak huraxe espero zuen gugandik eta horixe baloratzen zitzaigun. Baina inork ez zigun esaten umoretik ere bagenezakeenik, eta pixkanaka gure umore sena eta erregistroak mutilatzen joan ginen. Berandu konturatu nintzen horretaz: beste esparru batzuetan erabiltzen nuen umorea, baina bertsotan ez. Bertsotarako, asko irakurtzen nuen, pentsatu, arrazoitu... Oso helduak ginen. Gure heldutasuna baloratzen zen denaren gainetik. Kuriosoa da adin batera arte nola heltzen zaituen sistemak eta, hain justu, benetan heltzen zarenean, adineko mutilak bezala tratatu beharrean, nola infantilizatzen zaituen».

 

      Eli Pagola:

      «Bertsokide mutil batekin batera asko kantatu izan dut. Saioetan grazioso papera beti berak zeukan eta gure saio dinamikan beti zen nik bidea ireki eta berak errematatu, kolpea jo. Edo berdinetik berdinera hasten ginenean ere, ingurukoei edo elkarri harpa jotzen, berak beti grazia handiagoa egiten zuen, berak esandakoari barre gehiago egiten zioten, nahiz ez ziren beti bere bertsoak hobeak... Beti bera zen graziosoa. Eta ni, akonpañante».

 

      Oihana Bartra:

      «Emakume bertsolari bezala frustrazio gehien eragin didana, bai diskurtso aldetik bai praktikan, da sentitzea nik esaten dudanak ez daukala graziarik».