Kontrako eztarritik
Kontrako eztarritik
2019, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-24-2
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2024, narrazioa
2020, kronika
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

12.
KONPETENTZIA

 

      Celia Amorosek “Espacio de los iguales, espacio de las idénticas” artikuluan bereizi egiten zituen berdinak (gizonak: indibiduo bereiziak, singularrak) eta identikoak (femenino generikoaren pean homogeneizatutako eta ordezkagarri bilakaturiko emakumeak, elkarren artean lehiatzera behartuak). Emakume bertsolariek testigantza askotan azpimarratu dute gizarteak eta, areago, bertso sistemak berak (plazetan emakumeek betetzen duten lekua % 25ekoa delako eta elkarren ordezko izan ohi direlako, besteak beste) emakumeen arteko lehia eta inbidia sustatzen dituela. Plaza hartzeko ahaleginak, identikotasunetik berdintasunera igarotzeko saiakerek eta ahalduntzerantz egindako urrats bakoitzak gizonen lehiakortasuna piztu dutela ere adierazten dute.

 

      Amaia Agirre:

      «Hasieran, neska gazteak nire lekua lapurtzera bazentozte bezala sentitu nuen, eta ez nintzen behar bezala interpretatzeko eta kudeatzeko gai izan. Nik eraiki nuena amiltzen sentitu nuen. Nire estereotipoak balioa galdu izan balu bezala».

 

      Onintza Enbeita:

      «Neska gazte politek inbidia eman didate. Kanpotik ikusita ezer demostratu beharrik gabe egon dira hor. 2009ko Txapelketa Nagusian epaile batek bertsolari bati buruz esan zidan: “Neska polita da eta ondo kantatzen du”. Ez zuen esan: “Bertsotan ondo egiten du”. Neska polita da eta ondo kantatzen du. Momentu hartan, nire esfortzua hain gogorra iruditzen zitzaidan, inbidia ematen baitzidaten ondo kantatzen zuten neska polit guztiek. Izugarria gainera».

 

      Ane Labaka:

      «Gipuzkoako Txapelketan ez nuen asmatu eta ez nuen egindakoarekin gustura geratzerik izan. Oihana Iguaran finalera sartzekotan zen garaian bereziki gaizki sentitu nintzen. Inbidia nion finalean izan zezakeen lekuagatik eta finalean leku hori izateak neska gazte gipuzkoarraren lekua aurrerantzean antolatzaileek berarentzat gordetzea esan nahi zuelako. Harreman afektiboetan jeloskor sentitu izan naizenetan bezalaxe, errudun sentitu nintzen hori sentitzeagatik. Nola zitekeen bertso eskolan batera hasi eta bertso ibilbidean zehar beti ondoan izandako pertsona baten lorpenengatik poztu beharrean saio ez hain ona egin zezala desio izatea? Gizarteak eta, areago, bertso sistemak berak emakumeon arteko lehia eta inbidia sustatzen dituela sentitu nuen nire gorputzean. Feminismoak inbidia hori aitortu, izena jarri, landu eta elkarren aurka baino gehiago elkarren alde aritzeko bidean ere lagundu didala sentitzen dut orain».

      «Badira bertso munduan emakume batzuk diotenak feminismoaren diskurtso bakarrari —gureari— egin zaiola lekua, eta amorrua ematen dit. Gure arteko aliantzak landu egin ditugu: nik Oihana Iguaranekin esplizituki landu dut harekiko sentitutako konpetentzia, hautatu egin nuen etsaitu beharrean deserosotasuna kudeatu eta hurbiltzea; Ainhoa Agirreazaldegi eta zu [Uxue] hitzaldi feministak ematen eta dena astintzen hasi zinetenean sentitu nuen inbidia ere landu nuen eta urratsak egin ditugu hurbiltzeko, konpartitzeko, elkarrekin eraikitzeko. Amorrua ematen dit diskurtso bakarrarenak, lan egin baitugu elkar ezagutzeko, amankomunean daukaguna identifikatzeko eta aurrera begira elkarrekin egin dezakegun lana antolatzeko».

 

      Eli Pagola:

      «Eragin dit Maialen Lujanbioren antza izateak. Herri berekoak gara, biok erremerre egiten dugu (nik txukunxeago egiten ote dudan-edo...), eta fisikotik ere Maialenen antza izateak eragin dit. Nik hasieratik neukan garbi ez nintzela Maialen, eta publikoak nigan ni baino ia 20 urte zaharragoa den bat ikusteak deseroso samar sentiarazi izan nau. Denek Maialen txikia, eta Maialen, eta berriz Maialen esaten zidaten. Plazak egiten hasi nintzenean izan nuen garai bat, hainbeste esaten zidaten, Maialenekin kantatzeari izua hartu niona. Iruditzen zitzaidan nire irakurketa bakarra konparaziotik izango zela: “Begira zer izatera irits zaitezkeen”, edo “hau da jarraitu behar duzun bidea” esango balidate bezala. Horrekin arazo bat neukan. Ni beste nonbait sentitzen nintzen, eta iruditzen zitzaidan jendea ez zela gai hori ikusteko, jendea ez zela gai Maialen txiki batetik kanpora ezer ikusteko. Beste ezaugarri batzuk izan ditzakedala, estilotik ere diferenteak izan gaitezkeela, nik beste dohain batzuk izan nitzakeela, beste bide batzuk jorratu nahi nituela... Eta, zauriaren gainean pikoa... Aurten ilea moztu eta, “jońo! Orain Miren Artetxe ematen duzu!” esaten didate».

 

      Oihana Iguaran:

      «Bertsokide emakumeekiko konplize sentitzen naiz. Zaletasuna eta ingurunea konpartitzeaz gain konpartitzen dugu helburu komun bat eta beste sentsazio asko. Kide sentitzen naiz. Badakit merkatu kuota bera okupatzen dugula eta objektiboki garela konpetentzia, baina helburu indibidualarekiko izan dezakedan kezka konpentsatu egiten dute helburu kolektiboek. Badakit aurtengo udan Miren Artetxek iaz baino gehiago kantatu duela eta horrek seguru aski eragingo zuela nire plaza kopuruan, baina hainbeste inporta zait haren ahotsa eta haren diskurtsoa plazan egotea, hain iruditzen zait beharrezkoa, konpentsatu egiten baitu. Berdin Nerea Ibarzabalekin».

      «Lankuko langile batek plazan gustura ote nenbilen galdetu zidan asko kantatzen hasi nintzenean, eta nik baietz. Solasaldi berean, “Alaiari asko jaitsi zaio” esan zidan, eta nik lotuta irakurri nituen bi gauzak: nire gorakada eta Alaiaren beherakada. “Zuk uste duzu ni sartu izanak eragin duela horretan?”, galdetu nion. “Nik ezin dizut esan horregatik den, baina aurten nabarmena izan da zure plaza kopurua hazi egin dela eta harena jaitsi”».

      «Uste dut gizonak oso kontziente direla ez direla gurekin lehiatzen. Haien liga dago, eta amorrazioa ematen die emakumeen plaza existitzen hasteak, beste liga bat sortzeak, emakumez bakarrik osatutako saioak oso gutxi diren arren. Askok uste dute neska garelako kantatzen dugula, diskriminazio positiboa existitzen dela; ez digute zuzenean esaten baina bai zeharka adierazten. Baina azken ikerketa soziologikoak gezurtatu egiten du. Horregatik galdetzen dut: “Neska izateagatik kantatzen dut, ala neska izanagatik?”. Batzuen aldetik sentitzen dut: Oihana azaldu duk, eta nola neska den plazara sartu duk zuzenean, eta nik beste hainbeste edo gehiago egin diat urtetan, eta kaka. Bertsokide batzuekin bizi izan dut hori. Gizonengan, nola gu ez garen haien konpetentzia zuzena, sortzen den ohiko posizioa da: Bera eroriko duk, ez hakio bultza. Gu gure artean borrokatzen garen bitartean, haiek pińa egiten dute, hor dago euren arteko Anaidia, eta esaten dute: “Lasai, denborak jarriko ditu dagokien lekuan”. Giro hori dago. Batzuek ez dute nirekin lehiatu beharrik sentitzen: nola eroriko naizen ikustera esertzen dira. Eta gero txalo joko dute».

      «Niganako konpetentzia gehiago sumatu dut gizonen partetik emakume kideengandik baino, akaso, gizonei begira nagoelako. Gipuzkoako finalaren ondoren oholtzakide gizonezko batzuengandik sentitu dut lehiakortasun hori».

 

      Nerea Ibarzabal:

      «Orain ari naiz lehen aldiz bertsokide batenganako konpetentzia sentitzen eta kokatzen eta deseraikitzen saiatzen. Nirekiko konpetentzia... Umetan irakasle izan nuen emakume bertsolari helduago batengandik sumatu dut: umetan laguntzaile izatetik, plazak egiten hasi naizenean niri atzea ematera igaro dela sentitu dut».

      «Bertsokide emakumeekin, feminismoak elkartu gaituenokin ondo eta pozik sentitzen naiz eta horregatik ematen dit pena emakume bertsolari batzuek euren burua hortik kanpo ikusteak. Sentitzen dut: Ez ezazue galdu hau, ez egon izkina horretan haserre, ze zeure buruarekin flipatuko duzu eta zorte handia da gauzen kontzientzia hartzea eta kideak izatea lagun. Denok ez daukagu feminismoarekin 18 urterekin topo egiteko zortea. Ni salbatu egin nau; konbentzituta nago ez banintz zuekin elkartu ez nuela hemen jarraituko. Inguruagatik jarraitzen dut bertsotan, zuekin bizi nahi dudalako festa hau eta iraultza hau».

      «Sentitzen dut badela mutil gazteagoen taldetxo bat, antolatua, erronka jo nahi diguna. Ikusten ditut, landu dugun guztiaren kontra, berriro oso lehiakor, oso maskulino... Sumatzen dut badagoela feministen aurkako tentsio bat, erronka bat».

 

      Alaia Martin:

      «Azken urte parean nahi baino gehiagotan entzun dut nire lekua nabarmentzen ziren gainerako neska bertsolarien araberakoa izango zela, eta estutu eta nekatu egin izan nau horrek. Ez dut sekula pentsatu leku bat daukadanik edo leku itxi bat denik; nik sentitzen ez nuen lehia saihetsezintzat planteatu izan dit jendeak, eta kezkatu egin izan nau pentsatzeak bertsokideren batek pentsa zezakeela konpetentzia hori sentituko nuela haren aurrean. Asko deskolokatu izan nau baten batek argi ikusteak bertsolari batek eta biok merkatu zati bera asetzen dugula (eta eskrupulurik gabe esateak), nire ustez bertsokera erabat ezberdinak ditugunean, adibidez. Horrelakoetan konturatu izan naiz zenbateraino neska eta kito naizen askoren begiradan».

 

      Maddalen Arzallus:

      «Mundu honetan gerra asko daude, gatazka asko, bakoitzak dauzka bereak, eta nik ez diot generoarena ez denik nire gatazketako bat, baina ez da nire lehen gatazka. Euskararena bada nire lehen gatazka, Iparraldekotasuna ere bai, eta gaur egun Irunen eta Hendaian daukagun errefuxiatu olde penagarri eta lotsagarri hori ere bada nire lehen gatazka, baina hau ez dut hala sentitzen. Nik errespetatzen, onartzen eta baloratzen dut horri buruz egiten den dena, baina ez dut lehen gatazka gisa sentitzen. Eta egiten diren gauza guztiekin ez nago ados, eta ekiteko modu denekin ez nago ados, eta iruditzen zait ekiteko modu batek hartu duela indarra eta beste ekiteko modu batzuk isilduta gelditu direla, eta bada gure ardura ere. Guk ere hitz egin dezakegu... baina ez da beti erraza hitz egitea. Ahots batzuek indarra hartu dute. Gertatu dira gauza batzuk adierazgarriak: Hondarribiko Jaizkibel konpainiak Berdintasun Sarirako emakume bertsolariak saritu zituenean nik ez nuen abisurik jaso, eta bailarakoa naiz. Irratitik jakin nuen sariaren berri. Nik ez dut esaten sari hori nahi dudanik, baina ez nintzen enteratu ere egin. Hori mingarria egin zitzaidan. Eta igual esaten dut ez dela nire lehen borroka badaudelako gauza batzuk ez zaizkidanak gustatu».

      «Gizonekin emakumeekin baino hobeto moldatu izan naiz beti, ez dakit zergatik. Haiekin inbidia edo tentsio gutxiago sentitu dut emakumeekin baino».

 

      Maialen Akizu:

      «Bertso eskolan Amaia Iturriotz eta biok genbiltzan gehientsuen. Bazegoen ahizpatasun bat baina bazegoen konpetentzia ere, ea biotatik nor ateratzen den. Bertsokide emakumeekiko konpetentzia handiagoa izan dut. Borobil handian baino, gure artean aulki jokoan ari bagina bezala. Ez dut horrela bizi nahi, baina sistemak berak horrela funtzionatzen duela iruditzen zait. Emakumeekin inbidiatik harremandu naiz, ni baino hobeak iruditzen zitzaizkidan beti: politagoak, inteligenteagoak, makarragoak, jatorragoak, irekiagoak, alaiagoak, naturalagoak...».

 

      Jone Uria:

      «Emakume bertsolari batzuekiko tentsioa sentitzen dut eta horrek distantzia hartzea eragin dit».

      «Askotan deitu izan didate beste emakume baten ordez kantatzeko, eta argi dago plazak horrela funtzionatzen duela. Ordura arte bereziki ezaguna izan ez den neska batek txapelketa on bat egiten duenean ere zuzenean sartzen da zirkuitura, beste neska bat ordezkatuz. Badago emakumeak emakumeekin konparatzeko ohitura; 1. emakumea, 2. emakumea..., eta horrelako sailkapenak egitekoa... Badirudi gu gure artean lehiatzen garela, eta ez beste denekin».

 

      Oihana Bartra:

      «Emakumeok geure artean lehiatzeko hezi gaituztela uste dut, sistemak horretara jartzen gaituela. Niri Ahalduntze Bertso Eskolak, Zilekoak... asko lagundu didate lehiakortasuna desaktibatzen. Ohartu naiz ezagutza, laguntasuna, maitasuna, aliantza... landu dudan bertsokide emakumeekiko ez dudala lehiarik sentitzen. Inportantea da gure artean konfiantza sareak sortzea, indarraren iturria aldatzeko: konpetentzian gaudenean sistemaren eskuetan gaude, aliantzan gaudenean guk daukagu lema eskuetan».

 

 

12.1.
AUTOSUFIZIENTZIA ETA AHIZPATASUNA KONTRAJARTZEA

 

      Sistemak ezarritako konpetentziaren eta jardun indibidualistaren aurrean ahizpatasuna aldarrikatzen eta praktikatzen dute emakume bertsolari batzuek (topa ahizpatasunaren alde![6]). Logika horretatik sortu dira Ez da kasualitatea saioak, Ahalduntze Bertso Eskola, Txakur Gorria kolektiboa eta elkar hartzeko beste hainbat bide informal. Beste zenbaitek buruaskitasuna du helduleku (ez nator zortzikote zein / laukote bat osatzera[7]), indibiduoa jarriz oroz gain, izan ideologikoki egiten duen hautua delako, izan ahizpatasun sareetatik kanpo sentitu delako. Ez genioke autosufizientzia kontrajarri behar ahizpatasunari, feminismoak horixe baitu helburu: ahalik eta autosufizienteenak izan gaitezela indibidualki eta kolektiboki, betiere jakinda interdependenteak garela eta elkarrekiko konexioan bizi garela. Dikotomia tranpatia da —eta patriarkatuak sarri erabiltzen du— askapen indibiduala eta askapen kolektiboa kontrajartzea, bata ala bestea aukeratu behar dugula aditzera emanez, bata praktikatzen badugu besteari bizkar eman behar diogula pentsaraziz. Inor ez baita erabat autosufiziente, hala pentsatzeak bakartzera (aurrekoengandik eta kide garaikideengandik) eta isolamendura eraman dezake autorea.

 

      Maddalen Arzallus:

      «Ez dakit zenbateraino sailkatzen dudan neure burua emakume kategorian; horrekin ez dut esan nahi emakume ez naizenik, baina ez dut inoiz modu horretan planteatu nire ingurua: nik beti ikusi ditut pertsonak, edo izenak. Nik badakit emakume izateak badakartzala ondorio batzuk, gizona izateak bezala, baina nik ez dut inoiz hala planteatu izan; orduan, neure burua ere ez dakit zenbateraino sailkatzen dudan binarioki. Ezin dut nire burua emakume gisa irakurri. Ez dut neure burua mutiltzat ere. Oso ni ikusten naiz. Ez dut sentitzen genero sistemak zeharkatzen nauenik. Ezertan ere ez. Emakume modura irakurria izateak ez dit eragin bertsotarako orduan. Uste dut gauza pertsonal bat dela, baina oso gutxi edo batere ez zait inporta izan kanpo irakurketa. Ez bertsotan ez ezertan. Ez zait batere inporta».

      «Esaldi bat, definitzen nauena: “Ez kezkatu nitaz ni kezkatzen naizena baino gehiago”».

      «Bertsotan egiten dudanean oso bakarrik sentitzen naiz, publikoa oso urruti sentitzen dut. Konturatzen naiz publikotik urruti kokatzen naizela, nire baitara bildua, eta horrek pena pixka bat ematen dit. Nahiko nuke publikoarentzat kantatu, eta bosgarren urrats batean badakit publikoarentzat kantatzen dudala, baina nik ez dut publikorik ikusten kantatzen ari naizenean, eta alde batetik oso bakarrik sentitzen naiz, babesteko era bat da. Oholtza gainean nagoenean publikoarekin konektatzen dudan momentu bakarra nire izena esaten duten unea da, eta lotsatu egiten naiz. Eta hortik aurrera ja ondo sentitzen naiz, baina hortik aurrera, agian tristea da esatea, baina publikoa niretzat ez da existitzen. Jasotzen ditut txaloak, barreak... baina oso gutxi konektatzen dut. Ez dut uste publikoa ohartzen denik. Autosufiziente sentitzen naiz. Talde txikietan, banakako edo binakako elkarrizketetan erosoago sentitzen naiz talde handietan baino, eta bertso munduan, bakarrik sentitzen naizen momentu horretan —nahiz eta aurrean 2.000 lagun egon—, oholtza gaineko momentu horretan sentitzen naiz ondoena. Zaurgarriago sentitzen naiz konektatuta nire baitara bilduta baino, baina ez da gaizki sentiarazten nauen gauza bat».

 

      Oihana Iguaran:

      «Ohiko plazetan nire intseguritateak estaltzera jotzen dut, kapaza naizela demostratzera joaten naiz, nire mezua da lasai, ondo nago hemen, ez dut ezer behar, utzidazue hemen jarraitzen. Ez da kasualitatea-n nire zaurgarritasun eta guzti eta interdependentziaren kontzientziatik kanta dezaket, eta horrek, kurioski, autosufizienteago sentiarazten nau».

 

 

[6] Miren Amurizaren amaierako agurreko azken puntua 2018ko Bizkaiko finalean.

[7] Jone Uriaren hasierako agurreko puntu bat 2018ko Bizkaiko finalean.