Kontrako eztarritik
Kontrako eztarritik
2019, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-24-2
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2024, narrazioa
2020, kronika
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

10.
ERASO SEXISTAK:
IRAINAK, JAZARPENA, BORTXA

 

      “Nerabezarora sartu ginenean, 12-13-14 urte geneuzkala, bazen ikasgelan askotan errepikatzen zen jolas bat: mutiko batek eskua neskato baten bizkarraren erdi parera eraman, bularretakoaren elastikoari heldu eta tenk egiten zion, ondoren askatu eta gomak neskatoaren bizkarra kolpatu zezan”. “Bularretakoaren zartailukada” izeneko artikulua idatzi zuen Idurre Eskisabelek 2017an. “Egia esaten jarrita, bularretakoaren elastikoaren bizkarreko zartadak ez zuen min ikaragarririk ematen. Erantzuna, berriz, ez-sentituarena egitea izaten zen askotan, muturra okertu eta ahapeka protestaren bat jaurtitzea gehienetan, eta buelta eman eta aurre egitea oso aldi bakanetan. [...] Gorputz ginen: gorputz zaurgarri, erasogarri eta kontrolatu beharreko bat, aldi berean zelako gorputz desiragarri eta probokatzailea. Hortik ezintasuna. Hortik lotsa eta erruduntasuna. Funtsean, ordura arte milioika jolas partekatutako kideekiko harremana hankazgoratzen zuen. Norberaren gorputzean norberaren borondatearen kontrako interbentzioak jasateko eta, batik bat, zilegitzeko aukera esponentzialki biderkatzen”. Erasoak, irainak, jazarpen sexuala eta horrelako jolasak “diziplina ariketak” direla baieztatzen zuen Eskisabelek, kontrolaren eta indarkeriaren jabe edo meneko izaten ere ikasi egiten baita.

 

      Amaia Agirre:

      «Batzuetan, sentitu izan dut bertsokideek eta zaleek emakume sendo, ausart eta gogor bezala ikusi nautela. Ezerk eragingo ez balit bezala. Azala gogortuta, niri dialektika erasokor eta burlatiek morboa emango balidate bezala. “Amaiari bota lasai nahi duzuna! Ez du gaizki hartuko! Neska gogorra da! Berak ere latzak esaten badaki. Ez da kikilduko! Ez da atzean geratuko!”. Eta zenbat aldiz sentitu naizen txiki, ahul, babesgabe eta txistua ezin irentsi!».

      «Nire loditasunarekin askotan sartu dira bertsotan».

 

      Onintza Enbeita:

      «Jarrera paternalistak buelta ematen du gurekin (emakume desegoki modura irakurriekin): “Onintza moldatuko da. Nik kantatuko diot edozer, esango diot edozer eta ez da minduko, aterako da estutasunetik».

      «2006ko txapelketan —finalera lehenengoz sailkatu nintzenean— Bizkaiko Elkarteko kargudun batekin gertatu zitzaidan: ordurako sailkatuta nengoen eta hirugarren eta azken finalerdia entzutera joan ginen Durangora, bazkaltzetik atera eta gizon harekin eta hainbat antolatzailerekin topo egin genuen tabernan, Hitzetik hortzera zegoen jarrita, aurreko asteko gure finalerdia; eta harira etorri gabe esan zidan: “Ez dakit zertarako nekatzen dugun burua hainbeste ploter eta kontu, gero telebistako pantailan gehien ikusten dena Onintzaren titiak badira”».

      «Eta bertso afari bat amaitu eta etengabe entzuten duzu: “Zu ez zara galduko”».

      «Orain dela urte batzuk, hamar izango dira, Barakaldoko San Bizente auzoan bertso afaria izan genuen. Beste bertsolari biak gizonezkoak ziren. Bata, jo eta pasatuta heldu zen Barakaldora; bestea normal. Eta hasi ginen bertsotan. Pasatuta iritsi zenak nire itxura ederrari buruzko zerbait esan zidan eta nik hartu egin nion pasea. Eta segidan halako zerbait bota zidan: “Jarri mahaipean belauniko ta/ hasi zaitezke lanean”. Bertsolari horrek bazekien niri gustatu egiten zitzaidala, horretaz hitz eginda geunden. Niretzat oso biolentoa izan zen, baina han egon zen jendearentzat ez hainbeste; bazirudien, hasieran sedukzio jokoan sartu nintzenez, bera baimenduta zegoela niri halakorik esatera. Ordutik aurrera asko aldatu zen bertsolari horrekiko nire pertzepzioa».

 

      Ainhoa Agirreazaldegi:

      «Nik 15, 16, 17... urte nituenean gizon bertsolari heldu batzuek despedidan ezpainetan ematen zidaten musu; bizpahiru izen datozkit burura. Gogoratzen dut oso deserosoa zela despedidako momentua, ze, ordura arte, elkartzen ginen, saio aurrekoa, saioa, saio ondorena..., hizketan egiten genuen honetaz eta hartaz, eta ni oso gustura egoten nintzen giro horretan gaztetxoa nintzenean, liluragarria zitzaidan zeukaten bizipen mordoa. Baina auto berean joaten baldin baginen, edo despedidarakoan, konturatu nintzen, nahiko azkar, ez zitzaidala gustatzen, halako lapurreta bat bizi nuela sentitzen nuen, prezioa baleuka bezala haiekin ibiltzeak. Lapurtutako musu hura ezpainetan. 17-18 urterekin hasi nintzen neu jarrera aldatzen eta markatzen eta agurtzen bertsolariak musurik eman gabe, distantzia jartzen gerta ez zedin nik nahi ez nuen hurbiltasun hura. Hau ez dut inoiz inorekin konpartitu».

      «Ni hainbat herritako bertso eskoletako irakaslea nintzen gaztetxoa nintzela; uste dut 16 urte neuzkala. Herri hartan haurren bertso eskolaren kargu nengoen eta gizon batek, bertsotan aritzen zenak eta bertso mundutik zetorrenak, eramaten zuen helduena. Ni baino hamar urte zaharragoa zen. Ikasturte amaiera zen eta bi irakasleok bokata bat jatera joan ginen eta trago pare bat hartu genituen. Berak eraman behar ninduen etxera autoz. Autoan sartu ginenean ohartu nintzen nire etxerakoa ez zen bide bat hartu zuela eta herritik urruntzen hasi zela mendi aldera. Larritu egin nintzen, asko, eta hasi nintzen esaten mesedez etxera bueltatzeko. Luze egin zitzaidan autoa gelditu arteko bidea; segi egiten zuen, isilik, eta ni larrituta, estututa, eta oihuka ere bai, etxera itzultzeko esanez. Halako batean autoa gelditu zuen; mendialdea zen, ilun zegoen, eta hasi zen konpultsiboki musuka, bere galtzak jaisten, nire gorputza ukitzen... Ni izututa eta blokeatuta nengoen, ez nekien zer egin, autotik irten ala ez... ez nekien non geunden. Oihu egiten nion gelditzeko eta itzultzeko. Aurrera jarraitu zuen, erabat bere onetik irtenda zegoela ematen zuen. Nik oihu eta oihu eta oihu eta negar egiten nuen. Halako batean gelditu egin zen, jantzi zituen galtzak eta hartu zuen berriro autoa. Ez nekien bidean autotik salto egin, larri, ez nekielako etxera bueltatuko ote ninduen. Eraman ninduen. Hurrengo egunetan bertso munduko eta bertso eskoletako arduradun gizonezko batekin jarri nintzen harremanetan eta gertatutakoa kontatu nion, eta hark beste bertsolari gizonezko bati kontatu zion, eta badakit beste bertsolari batzuek —gizonak— ere jakin zutela. Nik eskatu nion jende gehiagori kontatzeko eta neurriak hartzeko. Nik uste hitzik gabe gelditu zirela eta ez zuten erreakzio handirik erakutsi. Oso babesgabe sentitu nintzen paretik erreakziorik ez zetorrelako. Esaten nien mesedez hitz egiteko bortxatzailearen inguruko bertso eskoletako jendearekin, ezin zuela jarraitu irakasle izaten, eta nire sentsazioa zen harriduraz hartzen zutela, nire kontakizuna zalantzan jarriko balute bezala. Ez zidan inork esan ez “sinesten dizut” ez “zerbait egingo dugu” ez ezer. Insistitu nien zabaltzeko, jakin egin behar zela, hainbat bertso eskolatan ari zela irakasle gaztetxoekin eta ez zuela jarraitu behar. Linboan gelditu zen. Baina nik bertso munduko lagunei kontatzen jarraitu nuen, eta hala jakin nuen beste herri bateko bertso eskola bateko neska gazte batekin gauza bera egin zuela. Hori jakiteak alde batetik lasaitasuna eman zidan, ohartu nintzelako ez zela nik probokatutako zerbait edo nik gestionatzen jakin ez nuena... Ze ordura arteko erreakzio guztietan galdera ikurrak nigana zuzentzen zirela sentitzen nuen. Nik zer egin ote nuen berak sentitzeko nirekin halakorik egin zezakeela. Jakin nuenean ez nintzela bakarra izan, orduan erabaki nuen salaketa jartzea. Saiatu nintzen beste neskak ere salaketa jar zezan baina ez zuen indarrik bildu ez zuelako publiko egiterik nahi. Eta ni bakar-bakarrik joan nintzen. Garai hartan nire herrian ez zegoen mugimendu feministarik eta ez nekien nora jo, ez zitzaidan bururatu emakume talde batengana jotzea, Bertsozale Elkarteari ezer eskatzerik ez zitzaidan burutik pasatu ere egin... eta Ertzaintzara jo nuen zuzenean eta bertan jarri nuen salaketa. Ertzainen tratua oso distantea izan zen, lapurreta bat kontatzen ari banintz bezala jaso zuten nire bertsioa. Handik bizpahiru hilabetera telefono dei bat jaso nuen herriko epaitegitik esanez kareo baterako deituta nengoela. Nik ez nekien hori zer zen. Esan zidaten bi bertsioak entzungo zituela epaile batek. Salaketa jarri nuenean oso bakarrik sentitu nintzen, noraezean, ez nuen ez babesik ez aitortzarik sentitu. Eta epaitegira joatea ere oso gogorra izan zen, burutik pasatu zitzaidan ez joatea ere, bakarrik neraman dena. Baina joan nintzen, bakarrik, eta bera abokatu batekin. Galdetu zidaten ea guardiako abokaturik nahi nuen, baina bidea zeinen gogorra izan zen ikusita ez nuen sentitzen inork ni defendituko ninduenik. Nik nahi nuena zen nire hitzak sinistu zitzatela eta behar ziren neurriak hartu zitzatela. Han egon ginen biok aurrez aurre. Kareoa galdera sorta bat erantzutea izan zen, deklarazio bat. Bukatu nuen eta irten nintzen eta bera ikusi nuen sartzen bere abokatuarekin. Ez dut uste ezertara iritsi zenik salaketa hura, biderik egin zuenik, baina pertsona honek ez zuen jarraitu nire inguruko bertso eskoletan hurrengo ikasturtean. Ez dakit norbaitek debekatu zion ala bera joan zen. Pixkanaka, uste dut, pixkanaka gutxitu egin zuela bertso munduarekiko harremana, baina ez erabat, jarraitu nuen ikusten bertso saio batzuetan, txapelketetako saioetan... Nire ariketa izaten zen ikusten nuenean lortzea nik ez begirada jaistea edo ni espaloiz ez aldatzea. Oso zaila egiten zitzaidan, baina zerbaitek esaten zidan nik ez nuela nire bidea eta nire begirada aldatu behar. Berak sentitu behar zuela paretik urruntzeko beharra. Ez zen halakorik gertatzen, lasai-lasai pasatzen zen nire aurretik. Gogorrena izan zen duela zortzi urteko Txapelketa Nagusiko saio batean ni oholtzan eta bera hirugarren lerroko aulki batean ikustea entzule, lasai-lasai. Lehenengo momentutik ikusi nuen, agurra abestu aurretik. Oso gogorra izan zen. Bortxaketaz gogoratzen naizen bakoitzean ohartzen naiz ez zela hartu beharreko neurririk hartu berarekin».

 

      Miren Amuriza:

      «Izan dira modu errepikatuan iraindu nautela sentitu dudan pare bat bertsolari. Gogoan daukat behin, hiru ginela bertso afari batean (ni gazteena): haietako bat neurririk gabe hasi zen niri irainka (moja, lehorra, zozoa...), eta bigarrenak (hirurotan zaharrenak) zuzenean iraindu ez ninduen arren, ez zuela ezer egin gaia desbideratzeko edo besteari mozteko. Saioaren oroitzapen lausoa daukat, baina gogoan daukat oso luzea egin zitzaidala eta negar egin nuela etxerakoan. Behin baino sarriagotan gertatu izan zait nire ustez kideetakoren batek espektakulu tamalgarria eman eta jakitea hurrengo urtean berriro deitu diotela; haserrea eta tristura, biak sentiarazi izan dizkit antolatzaileak zenbait bertsolarirekin ze permisiboak diren ikusteak».

      «Nafarroako herri batean aurten gertatutakoa. Izan zen saio bat momentuan pozik etxeratu arren, gerora zer pentsatu asko eman didana. Gure belaunaldiko mutil bertsolari bat eta biok ginen kantuan eta oso saio ona egin genuen. Amaitu zenean, alde batetik, eskerrak ematera hurreratu ziren hango gazte batzuk (batez ere neskak): saio horretan ohikoak ez diren gaiak, tonua, umore kodea... erabili genituen, antza, eta asko eskertu zuten. Emakumeon sexualitateaz aritu ginen, adibidez, modu esplizituan —musikatuetan erabili ohi dugun erregistrotik hurbil (niretzako dagoeneko naturala dena)—. Horra arte pozik. Eta bat-batean, saio osteko euforia horretan, non datorkidan gizon bat: heldu egin zidan eta besoetan gora altxatu ninduen, musu bat emateko esanez. Ni jaisteko eta jaisteko esaten eta tipoak eutsi... Txarto pasatu nuen eta orduantxe konturatu nintzen, beharbada, batzuen begietara zentzurik onenean apurtzaile izan zitekeen diskurtso hark, beste batzuen begietara, antza denez, aditzera ematen zuela nirekin nahi zutena egin zezaketela».

      «2018ko abuztuaren hasieran, barnealdeko herri txiki batean. Jaietako azken eguna zen eta bertsokidea (gizonezko heldua) eta biok bazkaritarako gindoazen. Kideak esan zidanez, bera eta beste gizonezko heldu bi joan izan ziren bertara urteetan, txandaka, eta lehenengo aldia zen profil horretakoa ez zen norbaitekin zihoana (herritarrek neska gazte bat eramateko eskatu ei zioten). Bazkaria plaza-frontoi estali gabe batean zen eta izugarrizko beroa egiten zuen. Bazkalostean, mutil gazte batzuek kamioneta bat ekarri zuten: atzeko partean plastiko beltza zeukan jarrita eta urez beteta zegoen. Euretariko batzuk bertara sartu ziren eta elkar bustitzen hasi. Pixkanaka, lagunei heltzen eta bertara botatzen hasi ziren: hasieran mutil gazteak, gero neskak eta gizon-emakume helduagoak ere bai; batzuk jolasean gustura ari zirela ematen zuen baina beste batzuk tiraka eroaten zituzten. Bertsokidea eta biok mahaian geunden herriko alkatearekin eta agintariekin (idazkaria ez beste guztiak gizonezkoak). Bazkaria amaitzen ari ginela, 25-30 urte inguruko mutil bat hurreratu zen (agerikoa zen mozkor zegoela) eta bankutik altxatu ninduen besoetan hartuta, uretara botatzeko. Ezustean harrapatu ninduen baina gogor esan nion ezetz eta utzi egin ninduen. Mahaira bueltatu nintzen eta bertan zeudenetako inork ez zuen ezer esan. Handik laster bertsotan hasi ginen. Lehenengo saioaren ondoren, atseden bat egin genuen. Jendea dantzan ari zen eta kamionetaren atzealdean jolasten jarraitzen zuten askok. Ni mahaian eseri nintzen, albo batean alkatea eta bestean herriko andre bat. Halako batean, lehengo mutila etorri zen berriro. Busti-busti eginda zegoen. Berriro hartu ninduen besoetan eta kamionetara eramaten saiatu zen. Berriro esan nion ezetz, gogorrago. Utzi egin ninduen eta “sosa bat” nintzela esan zidan. Alkateak bakean uzteko esan zion eta ondoko andreak esan zidan: “Mozkortuta dago baina, izan, mutil ona da”. Gero saioaren bigarren partea egin genuen eta amaitu genuenerako giroa oso desfasatua zen. Neska gazte batzuk etorri zitzaizkidan gustura egon zirela esanez eta emakume bertsolariei buruz galdetu zidaten. Tartean beste mutil bi ere etorri ziren, jatortzat katalogatu nituenak (ez zeuden hain desfasatuta eta euretako batekin elkarrizketa kordiala eduki nuen aurretik). Neskekin hizketan ari nintzela mutiletako batek besapeetatik heldu zidan, besteak zangoetatik eta kamionetarantz eramaten saiatu ziren. Nik ezetz eta ezetz (hor erabat deskolokatu nintzen, egia esan, haiengandik ez nuelako halakorik espero) eta lurrean utzi ninduten. Momentu hartan, bat ere pentsatu gabe, “eskerrik asko” bat atera zitzaidan baina berehala konturatu nintzen erreflexu haren nondikoaz eta segituan esan nien damutu egiten nintzela eskerrak emateaz, ez nuela nahi eta kito. Orduan euretako batek besteari esan zion: “Entzun al duzu zer esan duen? Damutu egiten dela! Hori da uretara joan nahi duelako”, eta berriz heldu zidaten. Orduan ja urduri jarri nintzen eta konturatu zirenean, utzi egin ninduten. Nire bertsokideak esan zidan beste urte batzuetan ere ikusia zuela hango desfasea, baina ordukoarekin harritu egin zela bera ere. Kamionetaren kontuarekin moskeatu zen baina bertara jendea gogoz kontra bota zutelako bainoago, bertsotan ari ginen bitartean zalaparta sortu zutelako».

 

      Alaia Martin:

      «Bi bertsolari librean aritu eta “hi (ni ez) ederki hago entzuteko eta hi (ni) ederki hago begira egoteko” pare bat aldiz entzun izan dut entzuleren baten ahotik».

 

      Ane Labaka:

      «Bertso Eguna zen Donostian. Jolasa izan zen eguneko gaia. Egunean bertan deitu zidaten bertsolari batek huts egin zuela eta ea Manteo kiroldegiko afalosteko saioan kantatuko nuen galdetuz. Gaua iritsi zenean urduri nengoen eta are gehiago urduritu nintzen nirekin kantatu behar zuen bertsolaria beste bertsolari ezagun batekin iristen ikusi nuenean. Bertso bazkari batetik zetozela kontatu zuten lau haizetara, mozkortuta eta laineztuta zeuden. Nirekin kantatu behar zuela jakin arren, ez zidan kasurik egin inongo momentutan. Oholtzara igotzerakoan elkartu ginen lehen aldiz. Ni baino 11 urte gehiago zituen eta patxaran baso bat zeukan eskuan. “Bertso mundu osoa” geneukan aurrean, edo orduan hala sentitzen nuen behintzat. Gai jartzaileak “Jolastu nahi?” galdera luzatu zigun, Ikusi-makusi jolasaren bidez aurrean ikusten genuenari buruz kantatzeko proposatuz. Jolasaren aipamen hark eta nik (beste behin ere) betetzen nuen neska gaztearen rolak nahi ez nuen bide batera eraman zuen bertsoaldia. Deseroso sentitu nintzen. Aipamen sexual inplizituz betetako oilar borroka bat izan zen hura eta giroak ere hori txalotzen zuelakoan nago. Borroka horretan, ordea, niri zegokidan galtzea eta hasterako banekien hori. Entzuleari, nonbait, grazia egiten zion neska gazte hark hartutako defentsarako jarrerak. Gorputza gogortu zitzaidan eta bereziki altu kantatu nuen. Bertsoen edukian ere esplizitatu nahi izan nuen sentitzen ari nintzena: “Hemen nik hautatzen det / jolasa noiz amaitzen den” kantatu nuen une batean. “Ze jolasteko gogo ematen didan / gaizto jartzen zarenean” etorri zitzaidan bueltan. Oraindik ere kosta egiten zait bertsoaldi honen grabazioa ikustea».

      «Zarauzko Putzuzulo gaztetxea, Kopla Txapelketa. 21 urte nituen orduan. Lehen agurreko kopla kantatu eta atzean eseri nintzenean nire ondoan eseri zen gizonezko bertsolariak (ni baino 35 urte zaharragoa) honelako zerbait bota zidan lasaitasun osoz: “Zu ere ederragoa zaude atzetik begiratzeko”».

      «Aurten Zaldibiara bertso bazkaritara joan eta bi gizon entzun nituen elkarri esaka: “Hori duk bertsolaria”, eta besteak: “Joder, ba ez zakiat entzutera inor joango den, baina begiratzera bai behintzat”».

 

      Oihana Bartra:

      «Orain ez asko, adin bateko bertsolari gizonezko bat, bertsoaldi batean, harira etorri gabe, nire titiak gora eta behera aipatzen hasi zen. Gogoratzen naiz guztiz desenkajatuta gelditu nintzela, nondik atera jakin gabe, oso deseroso; beste garai batean, nik ere bere maila berean jarrita erantzungo niola uste dut, beste astakeriaren batekin, baina ez neukan gogorik; atzean jesarri nintzenean saioan zegoen beste bertsolari emakumeak esan zidan: “Nahikoa egin duzu, nahikoa egin duzu”».

      «Orain gutxi, bertso poteo batean komentario oso desatseginak egin zizkidan bertsokideak. Nik trago txarra pasatu nuen eta saioa amaitu zenean antolatzailea lotsa-lotsa eginda etorri zitzaidan esanez: “Zer gertatu da hemen? Zer astakeria izan da? Hau onartezina da”. Baina gogoratzen naiz nola ni neure buruarekin haserretu nintzen ez nintzelako gai izan beste bertsolariari esateko nola sentitu nintzen. Eta ordutik distantzia bat sentitzen dut bertsolari horrekin, arbuio moduko bat».

 

      Nerea Ibarzabal:

      «Gizon bertsolari batek deitu zidan berarekin gune erdaldun bateko institutu bateko ospakizun afarian librean kantatzeko. Hasi ginen kopletan, eta emakumezko irakasle denei zerbait kantatu eta gero, sexu kontuak behin eta berriz aipatu eta gero, neska gaztetxo batengana joan zen eta kantatu zion: “Zure aitak utzi al dizu eskote horrekin irteten?”. Uste dut hamar segundo pasatu nituela nola erreakzionatu pentsatzen. Feminista moduan bertsotan egiteari utzi eta planto egitea zegokidala sentitu nuen, mikroa utzi eta esertzea. Amorratu egin nintzen, irainagatik eta seguru asko hura zelako afari hartan bildu zirenek urtean entzungo zuten bertso saio bakarra, eta pentsa zezaketelako bertsolaritza hori dela, horrela aritu behar dela bertsolari izateko. Bertsotan erantzun nion, neskari esanez ez egiteko kasurik halako komentarioei, eta hortik aurrera haserre sumatu nuen bertsokidea, fisikoki urrundu zen, aretoaren beste puntara joan zen inalanbrikoarekin, utzi egin ninduen».

 

      Maialen Akizu:

      «Nik ustez bilatu gabeko gertutasuna eman izan didate gizonek (bertsokideek, antolatzaileek, publikoko gizonek...), kudeatzen jakin ez dudana. Zergatik hau niri?, pentsatzen nuen. Ni ez nengoen ligatzeko kodean. Gerora konturatu naiz nik ere baditudala mekanismo batzuk, ikasiak, gizonen gustukoa izateko: gozoa naiz, jatorra...».