Kontrako eztarritik
Kontrako eztarritik
2019, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-24-2
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2024, narrazioa
2020, kronika
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

2.
GIZONEN “KIDETZAT”,
EZ-EMAKUMETZAT
HARTUAK IZATEA

 

      Svetlana Aleksievitxen Gerrak ez du emakume aurpegirik liburuan ia ukitu egin daitezke emakume identitatearen eraikuntzak eta deseraikuntzak; lego piezekin eginak dirudite. Gerran aritu ziren emakume errusiarrei feminitatea erantzi zieten (ez zegoen haien neurriko bota eta jantzi militarrik, ez konpresarik, ez azpiko arroparik; gizonen arropetan sartu behar izan zuten literalki eta sinbolikoki), kidetzat hartu zituzten, ardura postuetan jarri, deserotizatu eta “arrebatxo” deitu zieten gerrak iraun zuen bitartean. Soldaduak behar ziren eta emakumea nahitaez igo behar izan zuten gudari kategoriara. Gerraostean, ordea, frontetik itzulitako gizonek gerrak zikindu gabeko emakumeak hartu zituzten emaztetzat; gudaren izugarrikeria ikusitako andreak ez zuen maitasunerako eta ume egiteko balio. Gerrak deuseztatu egiten zuen emakumea. Paradoxikoki, gerrarako balio zuenak ez zuen gerraosterako balio: emakume identitatearen bi eraikuntza ziren, elkar ukatzen zutenak.

      Angela Davis zuri bilakatu zen une batez 17 urte zituela, zapata denda batean. Fania ahizparekin berriketan ari zen erakusleihoaren aldamenean, frantses perfektuan, eta, atzerritarrak zirelakoan, barrura sartzera gonbidatu zituen beltzik onartzen ez zen denda hartako arduradunak. Dendariak paristarrak ote ziren galdetu zienean, “hemengoak” erantzun zion Angelak, eta beltz bihurtu zen berriz.

      Hainbat emakume bertsolari salbuespen sentitu izan dira. Zurituriko beltza nola, gizondutako emakumea hala. Amaia Alvarez Uriaren doktore tesian edo Iñaki Azkuneren Katalin Erauso lanean 1976an moja alferezaz nola, “beste emakumeak bezalakoak ez direla” esan izan da haiei buruz, baita “gizon indarra eta arima” dutela ere. Festara edo gerrara gonbidatuak, gizonen artekotzat hartuak, gizonen mailara igoak, emakumeen saldo subordinatutik erreskatatuak, horrek dakarren autogorroto inkontzientea garatzeko arriskuarekin.

 

      Eli Pagola:

      «Parrandan nenbilen larunbat gau batean beste bertsolari bat ikusi nuen, pixka bat edanda zihoan. Lepotik heldu eta hasi zitzaidan bertsoa gora, bertsoa behera... bertsolaritzari buruzko analisi oso orokor bat egiten. Gizonezkoa zen. Emakume bertsolariak kritikatzen hasi zen eta esan zidan: “Zu bestelakoa zara: zu zara Iker Zubeldia femenino bat”. Momentuan mutu gelditu nintzen. Ez nekien horrekin zer esan nahi zuen. Uste dut beretzat laudorio bat zela: gustuko bertsolaria zuela Zubeldia, ni ere ateraldi onak dauzkan pertsonatzat hartzen ninduela, harpa jotzeko gai... Ondorioztatu nuen emakume bertsolariei buruz zuen iritzia zela beti gai berdinen inguruan zebiltzala, modu biktimistan, plasta samarrak zirela..., eta ni salbuetsi egiten ninduela».

 

      Onintza Enbeita:

      «Zuzenean entzun izan dut “zu ez zara neska bertsolaria, zu gutako bat gehiago zara”. Hori hitzez hitz entzun izan dut, eta horrek argitu izan dit nigan ez dutela ikusi desiradun emakume bat, eta gutxiago emakume desiragarri bat. Beste emakume batzuk izan dira seduzitzekoak edo seduktoreak, eta ni, haien ustez, laguna izan naiz. Laguna, gutarra, desiragarrien bandoan ez nuelako ondo ematen».

      «Behinolako txakolin dastaketan esan zidaten: “Guk hona ez dugu gaur arte emakumerik ekarri, ezingo dutelakoan hainbeste edan, baina zuk...”. Gizon bertsolari bat ordezkatzera joan nintzen. Nire bertsokideak beste edan nuen, ez gehiago ez gutxiago, baina niretzat asko zen. Sentsazioa zen emakumeek ezin dute hainbeste edan, baina honek bai. Eta berriro ere gizonen gremioan sartzen zaituzte, ez dagokizun zerbait egiten duzu eta sinpatikoa zara haientzat. Baina hori ez luke egin behar emakume batek desiragarri izan nahi badu».

 

      Amaia Agirre:

      «Orain dela bi urte, bertso afari batean geundela, etxeko lanen inguruan ari ginen kantuan. Nik abestu nuen sukaldea ez zitzaidala gustatzen. Eta esan zidaten: “Zu gutako bat zara; zu erdi gizona zara; azkenean zu beti izango zara etxeko gizona; etxekoandrea bestea izango da”. Ez da hori entzun dudan aldi bakarra».

      «“Hik dauzkan potroak” / “Hi ez haiz besteak bezalakoa” eta halakoak askotan entzun ditut”».

 

      Miren Artetxe:

      «Bertsokide gizonekiko anbibalentea naiz. Izorratzen dit, baina oraindik funtzionamendu heterosexuala daukat. Bertso mundua da gizonekin konpartitzen dudan espazio bakarrenetariko bat; etxean neskekin bizi naiz, nire lagunak neskak dira, nire egunerokotasunean feministaz inguratuta nago... Modu egituratuan inplikatuta nagoen espazio sozialetan, familia, lana eta bertsolaritza dira gizonekin elkarlanean konpartitzen ditudan bakarrenetarikoak. Bertsolaritzara itzuli naizen honetan, gizon artean nagoenean harritu egiten naiz batzuetan, grazia egiten didate, faltan botatzen nituen. Iparraldera joaten naizenean nostalgia sentitzen dudan modu berean, gaztetxotan gizon artean bizitako garai polit haien nostalgia ere badaukat eta horrek erakarri egiten nau. Garai hartako txiste kontatzeak, anekdotak, parrandak... Gizon giro hartan integratua sentitzen nintzeneko garaiak datozkit orain gogora. Orduan mutil bertsolari batekin nengoen bikote harremanean, lagun talde bat geneukan, lehenengo aldiz gazte bezala eta modu autonomoan bizi nuen bertsolaritza, nire nortasuna eraikitzeko gunea zen... Horren nostalgia sentitzen dut. Garai hartan salbuetsia sentitzen nintzen, eta horrek izugarri igotzen zidan autoestimua: ez-neska modura irakurria izateak, “zu, bai”. Baina, aldi berean, biolentzia sinbolikoa ere jasaten nuen, nahiz eta garrantzia kentzen nion: umorean baztertua izatea, nik txiste bat bota eta erreakziorik ez egotea eta alboko mutilak gauza bera esan eta denak barrez lehertzea, elkarrizketetan denei hika egitea eta niri zuka, haien gaiak denonak izatea eta nireak, aldiz, nireak soilik... Itzulera honetan, nostalgia hori bizi dut, alde batetik. Bestetik, ia sumaezina den etengabeko biolentzia ikusten dut».

      «Nik bertsolari izan nahi nuen, eta haiei begira nengoen; aitari begira, azken batean. Haien aprobazioa inporta zitzaidan, eta beti bilatu izan dut salbuespentasun horretatik nire burua eraikitzea. Sakonean, emakumea izatea zelako... nahi ez nuen zerbait. Mafaldaren ama izatea bazen emakume izatea, nik ez nuen nahi. Feminitateari atxikitako balioak ez nituen ikusten, nire amak egiten zuena ez nuen ikusten. Gerora baloratu dut. Neska izatea zen... ez izatea. Dokumentaletan bezala, esaten denean “neanderthalek...”, nik ulertzen dut neanderthal guztiek, baina segitzen du “euren emeak eramaten zituzten...”. Joder! Neanderthalez ari zinen! Neanderthal guztiez, ezta? Ba, han geunden gu, gu ere neanderthal izateko borrokan».