IXABEL ETXEBERRIA
URRUŅAKO ANTZERKI ESKOLA
Iparraldean oraindik, antzerkigintzako baseko lana bilatu dut bete-betean. Urruņako antzerki eskolako kasua ezagutu nahi izan dut, urte gutxi daramatzalako martxan. Zerk eraman ditu, egungo egoeran, euskarazko antzerki eskola bat sortzeko pausoa ematera? Ixabel Etxeberria bultzatzailearengana jo dut erantzunen bila.
Ixabel Etxeberriak (Urruņa, 1960) Ziburuko Seaskako kolegioan euskara irakasle jardun du. Txikitatik hurbil izan du antzerkia eta, gerora, zaletasunari eutsiz, Piarres Larzabal idazlearen antzerki-testuen inguruan egin zuen doktoretza-tesia. Orain dela hiru urtetik, Urruņako Antzerki Eskolako bultzatzaile nagusietako bat da.
2021eko urriaren 14a da eta bere jaioterrian elkartu gara, igande goiz hodeitsu batean. Inguru hartako gehienen moduan, Ixabelen etxea zuri-gorria da: baserri txiki baten modukoa, hirietako pisuei falta zaien xarma hori duena. Lehenengo agurrean ia iritsi ez naizela komentatu diot, Bidasoako mugan jendarmeriak gelditu eta identifikazioa eskatu didala: frantsesez erdi totelka, aurpegi inozoarekin, “Je ne comprends pas” errepikatuz erantzun diot covid pasaportearen eskaerari, eta Frantziako Poliziak, gogaituta, pasatzen utzi dit azkenean. Ixabelek, keinua okertuz, baldintza sanitarioak direla-eta aisialdian lagun batzuen ostatura bakarrik joan ohi direla erantzun dit, beste jatetxe, kafetegi edo antzokietan sarbidea oztopatuta dutelako.
Axut! konpainiako Fuchs anaiek Ipar Euskal Herrian antzerkigintza indartsuago dagoela esan didate.
Hemen antzerkigintzak bi maila edo alderdi ditu. Alde batetik, antzerki konpainia profesionalak daude, gehienak egoiliarrak edo ibiltariak direnak. Bestalde, herri antzerki-taldeak ditugu, iragan handikoak: garai batean antzerki talde bat zen herri guztietan, ez ziren profesionalak, herritar xumeak baizik, eta urtero obra bat prestatzen zuten. Mugimendu horren baitan kokatzen dut neure burua. Baina antzerkia hori guztia baino indartsuagoa da hiru herrialdeotan: hasteko, pastorala dugu, gero maskaradak, kabalkadak, eta azken urteetan berpiztu diren libertimenduak. Hori ere garrantzitsua da, pertsona batzuk herrietan ohitura horien inguruan ikertzen ari direlako eta herritarrak lan horretaz jabetzen direla ikusten dugulako. Urruņako Antzerki Eskolatik bultzatu nahi duguna, aldiz, antzerki xumeago bat da, aktore gutxirekin sortu eta tokiko antzokietan herritarrei eskainiko zaiena.
Zer da antzerkia zuretzat?
Antzerkia gauza asko da. Gure eskolaren kasuan, haurrak txikitatik euskaraz aritzeko tresna bat izan daiteke, besteak beste. Hiri handietan euskaraz mintzatzeko aukera gutxi dutela kontuan izanik, naturaltasunez geure ama hizkuntzan egin dezaten lortzen badugu jadanik urrats handi bat egin dugu. Gero plazarat ateratzen direlarik espazio publikoa euskaraz hartuko dute, eta horrek nolabait estatus altuago bat ematen dio euskarari, dagoeneko ez delako esparru pribatura mugatzen. Hori da, gutxi gorabehera, bertsogintzak egin eta lortu duena.
Antzerki eskola gisa gure helburua ahalik eta haur gehienengana iristea da, txikitatik hasten den prozesu bat dela uste baitugu: etorkizunean, helduak izanen direlarik, zaletasuna garatuko dute, eta beharbada batzuk profesional egingo dira. Zoritxarrez, zailtasunak dira Iparraldeko herri bakoitzean antzerki talde bat sortzeko, baina hori ez da beti hala izan: gure belaunaldiak, eta baita aitzinekoak ere, kultur elkarteetan lan asko egin du musu-truk herri-antzerkia garatu dadin, baina esperientzia horren transmisioa egiteko momentuan kudeaketa konplikatu egin da. Bestalde, gure zailtasunen arrazoietako bat instituzioen laguntza falta da. Esate baterako, Jaurlaritzak diruz lagundu ohi ditu kirol taldeak, eta antzerkilariok azkenputz gara, kirolari garrantzi gehiago ematen zaiolako. Hemen, pandemia garaian futbol partiduekin estadioak betetzen ziren, baina antzerkiaren kasuan, aldiz, antzokia ixten zen eta kito. Berriki, Urruņako Udalak gure antzerki eskolarentzat mila euro eman dizkigu, eta kirol ekintzetara, berriz, 40.000 euro destinatu ditu. Mila euro horiek irakasleari ordaintzeko baliatu ditugu, baina, noski, ez da nahikoa izan: gurasoen kuotei eta antolatu ditugun hainbat afariri esker ordaindu ahal izan diogu.
Nola sortu zen Urruņako Antzerki Eskola?
2020. urteko urtarrilean, lagun batzuek euskararen alde egiteko beste zerbaiten beharra sentitu genuen, eta antzerkia horretarako aproposa iruditu zitzaigun. Zorte handia izan dugu antzerki irakaslea atzeman dugulako, hori baita zailena, eta bitartean, gu musu-truk ari gara. Hasiera biziki konplikatua izan zen: udalari lokal bat eskatu genion eta herritik oso urrun dagoen bat eman ziguten, antzerkia egiteko batere egokia ez dena. Horregatik, geure kabuz lokal pribatu bat lortu genuen. Aurten, aldiz, beste bat eskaini digute, eta zer egingo dugun ikusteko gaude.
Zuretzat zergatik da garrantzitsua antzerkia?
Antzerkiak iritzi kritikoa bultzatzen du. Bada testua, baina bada maila guztietako adierazpena ere: gorputz-adierazpena, ahozkotasuna... Zenbat hitz egiten dugun, eta hala ere euskaldunok ez dugu elkar ulertzen, baina antzerkiak loturak egiten ahal ditu. Jendea gose da antzerkiz, eta telebistaz ase da! Izan ahal dituzu berrogeita hamar kate, eta nazkanteak dira, geroz eta gehiago. Antzerki emanaldia beharbada oraindik aztertzen eta ebaluatzen ez dakigun zerbait da, baina maila askotan ukitzen gaitu. Gainera, antzerkiak aukera ematen digu geure munduaz hitz egiteko, euskaldunon munduaz. Benetan kolonizatuak, zapalduak gara, eta ez gara ohartzen. Eusko Jaurlaritza edo instituzio batzuk izateak ez du esan nahi aske garenik. Herri txikia gara, tresna gutxi dugu, eta antzerkia da horietako bat.
Orduan, zure kasuan antzerkigintza eta euskalgintza oso lotuta egon dira.
Bai, guztiz. Gauza askorako tresna baliagarria da antzerkia: kritikarako, garapen pertsonalerako... Finean, kultura da, eta tartean kanpoko egileak ere ezagutarazten dizkizu: Bigarren Mundu Gerla baino lehenago Shakespeareren testuak euskarara itzulita genituen dagoeneko. Hegoaldean bistan da gerlak idazle asko ito zituela, galtzaileen bandoan zeudelako, baina hemen garaileen aldean geunden. Ipar Euskal Herrian Frantziaren eragina sumatzen zen, dena ekartzen baitzuten, Gizarte Segurantza eta abar. Horregatik, euskaldunek hizkuntza babesteari ekin zioten: ikastolarik ez zen sortu, Hegoaldeko errefuxiatuen artean Saran sortu zutena salbuetsita, baina antzerkia bai, gerla baino lehenagotik antzerkia lantzen baitzen. Patri Urkizu euskal idazle eta filologoak frogatu izan du Saran beti antzerkia egiten zela. Gerlak hura gelditzea ekarri zuen, baina gerlatik landa hogei bat urtez emanaldi aunitz izan zen, formakuntza eskola itzela sortu zuten. Gero, belaunaldi berriak hori bere gain hartu zuen, eta gorabeherekin bada ere, denboran bere bidea egiten segitu du.
Nola ezagutu zenuen antzerkia zuk?
Txikitan gurasoek herriko antzokira eramaten ninduten, antzokiak betetzen ziren! Gerlaren ondoren herri askotan apaizek antzokiak sortu zituzten. Herritarrek eraiki zituzten, musu-truk. Tamalez, Donibane Lohizunen duela gutxi herriak eraikitako antzokia saldu dute apaizek… Sekulako prezioan, gainera!
Izan ere, berez, antzokia apaizen ondarea da.
Bai. Hemen elizaren eragina handia zen. Apaizek antzerkia babesten zuten, eta apaizen artean ere dramaturgoak ziren, Lartzabal bera bezala. Hortaz, apaizek antzerkia onartzen bazuten, herritarrek ere bai.
Alfonso Sastrek erran zidan bere antzerki emanaldiak debekatzen zituztenean apaizek beren lokaletan egiten uzten ziotela. Herrietako antzerki taldeak dramaturgo zein apaiza zen Lartzabalengana joan eta taldean zenbat antzerkilari ziren esan ondoren, obra bat idaztea enkargatzen zioten.
Kontatu duzunagatik, Hego Euskal Herriarekin alderatuta Iparrean antzerkigintza betidanik herri mugimenduari lotuta egon dela esan genezake.
Bai, Bigarren Mundu Gerlatik goiti. Baina Zuberoa bereizi behar dugu: Zuberoak bere antzerkia du, eta Lartzabalen obrak, adibidez, ez ziren bertan egiten, Lapurdin eta Nafarroa Beherean baizik.
Batzuek barneratuta izango duzue herri-antzerkigintza sustatzeko kobratu gabe lan egin behar dela, baina, lehen aipatu duzun moduan, gaur egun ez du edonork musu-truk lan egiten. Hor gatazka bat dagoela dirudi.
Haurrak eta helduak formatzeko onena profesional bati deitzea da. Guk gure eskolan irakasle bat dugu, eta antzerkilari profesionala denez ordaindu egiten diogu. Hori bere ofizioa izanda normala da, baina inguruan azpiegitura bat behar da, eta azpiegitura hori musu-truk egin behar da. Beraz, hori horrela egin ahal izateko, udalaren lokal bat behar duzu eta hori dena kudeatuko duen jendea. Hala ere, antzerki eskoletan profesionalak beharrezkoak dira haurrei erakusteko. Hor bada anbibalentzia bat, ezin dugu lehen bezala egin. Lartzabalek taularatzea egiten zuen, esperientzia zuen, eta bazuen hilabete-saria apaiza izanagatik. Baina gaur egun taularatzea egiten duenak zerbaitez bizi behar du. Profesionalak behar dira nahi eta nahi ez, baina gurea beste antzerki mota bat da: maila apaleko antzerkia duzu, amateurrena, kasu batzuetan dibertiarazi egin dezakeena; eta baduzu antzerki finago bat, gehiago erranen dizuna. Ez dut erran nahi dibertitzeko antzerkiak besteak baino gutxiago balio duenik, zeren dibertitzea inportantea da gure gizartean, oso gizarte konplikatua bihurtu baita eta jendea galdua baita, baina kultura garatzeko gogoeta ere bultzatu behar da, eta geroz eta gogoeta gutxiago egiten da. Badira ikerketak herritarren kultur maila orokorra apaltzen ari dela azaltzen dutenak, halako “adituak” sortzen ditugulako: haiei hitza eman eta haiek bakarrik entzuten ditugu. Nire ustez, inportanteena espiritu kritikoa garatzea da, zuk ikusten duzunaren eta hunkitzen zaituenaren inguruan gogoeta egitea; eta, hain justu ere, hori da antzerkiak eragiten duena. Herri antzerkia inportantea da kultura denona delako: mekanikaria izateak ez du esan nahi ez duzula antzerki bat apreziatzen jakingo… Eta nik argi dut: euskara eta kultura ez dira ezberdintzen.
Bai euskarak eta bai kulturak prestigio sozial apala dutela uste duzu? Zergatik?
Bai, bete-betean, gure bizkarrezurra delako. Zer gara hori gabe? Euskarak baldintzatzen du libre izango garen edo ez: desagertzen bada, nork eskatuko du gure askatasuna? Inork ez. Zertarako behar dugu askatasuna ez bagara gu, ez bagara nor? Zerk egiten gaitu nor? Euskarak eta kulturak, ez da beste deus.
Orduan kulturak gurean bizi duen egoera nazio identitatearekin lotzen duzu?
Bai, nik ez daukat dudarik: Euskal Herrian euskara eta kultura gutxietsita daude nazio gisa gutxietsita gaudelako.
Zein uste duzu dela Frantziako eta Espainiako egoera kulturari dagokionez?
Orokorrean, ez da kulturarik nahi inon, azken hogeita hamar urteetako telebista programak ikusten badituzu konturatu zaitezke. Ez dizkigute autore handien obrak erakusten, Jean Paul Sartreren antzerkiak, adibidez. Kultura mota merkantil bat hedatu nahi da, baita ikastetxeetan ere. Kultura gutxietsita dago ez gaituztelako pentsatzera eramaten, segitzera baizik.
Hegoaldean dagoen antzerkizaletasuna ez da berdina. Orain dela hogei bat urte ospe oneko obra bat eman zuten Baionan, eta sarrera guztiak agortu ziren. Aldiz, Donostiara joan nintzenean, bertako antzokia ia hutsik zen... Garai berean, Atxagaren antzerki bat ikustera joan nintzenean ere, antzeko, hiru lagun ginen Gipuzkoako kapitalean. Duela gutxi joan nintzen berriz, eta oraingo honetan antzokia betea zen: Ramon Agirrek antzezten zuen, eta hor pentsatu nuen euskal antzerkia goi-mailan dela, ez dauka deus frogatzekorik. Falta duen gauza bakarra dirua da, espazioak emanaldiak antolatzeko. Antzerkilariek egin behar zutena egin dute, zein onak diren erakutsi dute, gaiak ere anitzak dira, gaur egun geroz eta gehiago.
Euskal antzerkilariek geroz eta gai askotarikoagoak tratatzen badituzte, egun euskal antzerkia nazio-identitatetik harago doala uste duzu? Euskal gaia transzenditzen duela, alegia?
Bai, pentsamendu librea estatu bat baino handiagoa eta indartsuagoa da, baina libre izateko estatua behar duzu. Izan ere, estatuak emanen baitizu zure hizkuntzan eta zure kulturan bizitzeko aukera. Hartara, zure estatua aberastuko duzu pentsamendu librearekin, horretarako daude artistak, antzerkilariak, idazleak...
Zure bizitza pertsonalera joz, zergatik uste duzu antzerkiak hainbeste eragin dizula? Gogoratzen al duzu momentu bat horren adierazle izan daitekeena?
Bai, ondo oroitzen dut Albert Camus-en Les justes (Zintzoak) ikusi nuenekoa: Lehen Mundu Gerlaren bezperako giroan atentatu bat prestatzen dabilen gazte talde bat da protagonista, eta pertsonaien artean sortzen diren tirabirak aurkezten ditu: batzuei zalantzak sartzen zaizkie, ez dute segitu nahi; besteek, ordea, bai. Antzokian pentsamendu ezberdinak entzuteko aukera duzu, eta pentsamendu ezberdinei esker garatu dezakezu zeurea. Lehenengo aldiz ikusi nuenean hemezortzi urte inguru izango nituen, unibertsitatera joan baino lehen, 1978. urtea izango zen. Orduz geroztik, behin baino gehiagotan ikusi dut.
Garai hartan borroka armatua pil-pilean zegoen...
Bai, baina antzerkia ez da borroka armatuaren ingurukoa, norberak bizitzan egin behar duen hautuaren ingurukoa baizik: pertsonaien artean batzuek ekintza egin nahi dute, beste batzuek ez, eta hor bada konfrontazio bat. Gogoeta horretan ni pixka bat zintzilik geratu nintzen, ez nekien zein zen biderik egokiena. Hori da garrantzitsuena, tresnak atzematea zure bidea egiteko, zure gogoeta eramaten lagunduko zaituztenak. Zure hizkuntzan egiten duzun bidean. Maila horretan oso ahul gaude oraindik, gure gogoetak gure hizkuntzan egiteko tresna gehiago behar dugu, eskubide gehiago. Horretarako lan gehiago egin behar dugu, euskal kontzientzia indartu. Hori guk egin behar dugu, bakoitzak bere mailan, bere xokoan amore eman gabe, nahiz eta batzuetan gogorra dela pentsatu.
Les justes ikusi ondoren obrak planteatzen duen gatazkarekiko zalantzan jarraitzen zenuen, bidegurutzean?
Ipar Euskal Herria hori izan da: nire inguruan berrogei urtez izan ditut giro horietan sartutakoak eta hautu batzuk egindakoak... Ukitzen zaitu edo ez zaitu ukitzen, hori beste zerbait da. Antzerkiak gai konplexuak tratatzen ditu, bertsogintzak bezala. Xabier Silveirak dioen moduan, bera ez da inor, baina bertsolariak beti hitza hartzen du gai konplexu baten baitan.
* * *
Ixabelen hitzetan frustrazio, nostalgia edo tristezia puntu bat sumatzen dut. Nire amaren adinetik hurbil dago eta bada haren keinuan amarena gogorarazi didan zantzurik. Elkarrizketa etxe aurrean duen egurrezko mahai batean hasi dugu. Etxea antzinakoa da, haren amaren etxea dela esan dit. Lehenago amonarena izango zela suposatzen dut. Solasaldiaren ordubetea igarota, pisua nabaritu dut sorbalda eta lepoaldean, pixka bat burumakur altxatu naiz mahaitik.
Gauzak aldatzen doaz. Ez dira lehen bezala, hori ekidinezina da. Halere, Ipar Euskal Herrian orain arte antzerkia bizirik mantendu duen herrigintza mugimenduak lanean jarraitzen du. Aldaketak dauden arren, prozesu natural baten baitan hartu beharko genituzke, garai berrien seinale. Beharbada, belaunaldi arteko gatazkak herrigintza eredu berrien sorkuntzara irekitzen dizkigu leihoak. Bitartean, Ixabel eta haren bidelagunek Urruņan euskalduna den antzerki eskola bakarrari eutsiko diote, konbentzimenduz eta maitasunez.