Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Mind the gap, please, mind the gap, Eneritz Artetxe Aranaz
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Mind the gap, please, mind the gap, Eneritz Artetxe Aranaz
II. ekitaldia. Estrofa
7. agerraldia: “In Your Face”
(karmelo sartuko da. jyrki eta maitane dantzan bata bestearengandik oso gertu harrapatuko ditu. karmelo begira geratuko zaie. Gazteek ez dute ikusten. karmelok musika amatatuko du. Orduan bai.)
karmelo: Nor da tipo hau?
jyrki: Ni, Jyrki. (Sudurra igurzteko imintzioa egingo du. karmelok atzera egingo du)
karmelo: Baina zer ostia? Nondik atera duzu tipo hau?
maitane: Nik ez dut inondik ere atera, aita. Bera bakarrik sartu da. Ez zara enteratzen.
karmelo: Aizu, Jurgi...
jyrki: Ez, Jyyyyrki...
karmelo: Nolabaiteko atzerapena du, ala?
maitane: Aita! Dena ulertzen du!
karmelo: Dena? Ez du ematen. Ez nuke esango erdiaren erdia ere ulertzeko gai denik. (jyrkiri) Aizu, Jurgi...
jyrki: Jyyyyrki...
karmelo: Benetan? (maitaneri) Hau zarratuta dago, atea zabal-zabal egon bada ere, zarratuta dago. Zarratuta, itxita, closed. Argi dago?
jyrki: Pst!
karmelo: Pst? Eta hau nire flightcase-a da, eta nire flightcase-a, nire baimenik gabe ez da ukitzen, argi dago? Hori ulertu duzu?
maitane: Zure flightcase-a? Zure baimenik gabe, benetan?
karmelo: Zer?
maitane: Nik flipatu egiten dut. Flipatu! (Irteteko imintzioa egingo du) Eta kendu alkandora hori. Penagarri zaude! (maitane irten egingo da)
karmelo: Maitane! Baina, nora zoaz orain? Soinu-proba hasi behar dugu! Kaguendios... Penagarri?
(jyrki irten egingo da eta irteten den bitartean esango du:)
jyrki: Babalore! (Eta pare bat irain finlandieraz)
karmelo: Guapoa da alkandora, ezta?
8. agerraldia: “Soinu-proba”
(Oholtzan. Trantsiziorako, ane atzetik sartuko da. Baterian eseriko da eta Juan Carlos Perez-en Esan baietz jotzeari eta abesteari ekingo dio. Backstage-ko argia amatatuko da. Argi aldaketak eta kantuak oholtzara eramango dute ekintza. ane abesten dagoela, karmelo sartuko da.)
karmelo: Maitanek ez digu lagunduko.
ane: Alonso! (Garagardo-lata bat luzatuz)
karmelo: Iturrizar...
ane: Arrakasta bat bestearen atzetik, e?
karmelo: Nire onetik ateratzen nau.
ane: Ez da igartzen!
karmelo: Bai, zuk egin barre. Erreza da zortzi urteko seme bategaz barre egitea.
(karmelok, anerekin hitz egin bitartean, kontzerturako alkandorak probatzeari ekingo dio. Alkandora bakoitza probatutakoan, aneren onespena eskatuko du. Denak estuegi, txikiegi izango ditu.)
ane: Bi minutuero esaten dit maite nauela. Zoragarria da. Batzuetan, lo dagoela ere. Aurreko gauean, gauerdian, bat-batean, ohean eseri zen, begiak zabal-zabal, baina lo seko eta bota zidan: ama, guapa! Eta ostera ere, lo zerraldo. Maitasun absolutua.
(Lehenengo alkandora behin jantzita, karmelok aneren oniritzia eskatuko du. anek eskuarekin kili-kolo keinua egingo du. Bigarrena probatzeari ekingo dio.)
karmelo: Ba heldu esku biekin, Ane, benetan esaten dizut. Ze ez du betiko iraungo. Atzo ume bat zen, eta ni, Superman. Eta bat-batean, ezer ez da berdin. Bat-batean, Ane. Inongo seinalerik eman gabe.
ane: Ba soinu-probarako bera barik moldatu beharko dugu, ezta?
karmelo: Gorroto nau.
ane: Ez zaitez pasa, Karmelo.
(karmelok, bigarren alkandora jantzita, aneri erakutsiko dio.)
ane: Ezta pentsatu ere!
(karmelok hirugarren alkandora probatzeari ekingo dio.)
karmelo: Jakin badakizu gertatuko dela. Baina, nonbait zuk uste duzu zure kasuan ezberdina izango dela, zuri ez zaizula gertatuko, ez horren bortitz behintzat. Ze zu oso aita cool-a zara, eta zure alaba, itzela da. Pikeren bat, gauren bat beranduago ailegatzea, apur bat drogatzea. Gu ere drogatu izan gara...
ane: Zu konkretuki, apur bat baino gehiago.
karmelo: Bat-batean ez dakit nor den, Ane. Metala gustuko zuenik ere ez dut jakin. Reggaetoi potrozorri hori entzuten du gau eta egun! Reggaetoia, Ane! Eta Rosalia! Ro-sa-lia, Ane, Rosalia. Nik ez dut ezer ulertzen.
ane: E, kasu Rosaliarekin. Zuk entzun duzu? (Badoa poltsaren bila) Tipak de la hostia abesten du. (Bueltatzen da) Ez diot oso ondo hartzen puntua irudiaren asuntuari, delako feminismo de culo en pompa horri hartzen ez diodan bezala. Baina tipa oso ona da.
(karmelok hirugarren alkandora erakutsiko dio.)
karmelo: Eta hau?
ane: Horrek zarratu ere ez dizu egiten!
karmelo: Zer ostia da feminismo de culo en pompa?
ane: Bai, oilo baten moduan ipurdia jartzen dizut, baina nik nahi dudalako. Eta muturtxoak jartzen dizkizut, eta titiak bistan. Bueno, bistan ez, titiburuaren mugan. Baina nik nahi dudalako, ez zuk nahi duzulako. Eta azkenean, zuk nahi zenuena daukazu, eskatu ere egin gabe. Eta dena, nire askatasunaren izenean. Ez dakit, niri zeozerk ihes egiten dit diskurtso horretan.
(karmelok laugarren alkandora probatzeari ekingo dio.)
karmelo: Benetan, nahiago nuke drogatuko balitz...
ane: Zer astapotroa zaren!
karmelo: Ez dakizu zertaz ari naizen, gertatzen zaizun arte. Nire aitaren bertsiorik okerrena bilakatu naiz. Kristoren ostia txarrean jartzen naiz... Barru-barrutik irteten zait, gora doala nabari dezaket, baina ez dago gelditzerik. Hasi orduko badago kanpoan, eta bere gainera isurtzen dut kaka-oldea.
ane: Ederra metafora gero.
karmelo: Ezin dut kontrolatu, Ane. Eta hau?
(Laugarren alkandora erakutsiko dio.)
ane: Horrek behintzat zarratu egiten dizu!
(unai sartuko da baratzetik kableak eskuetan.)
unai: Aizue, kableen gela horrekin zeozer egin beharko genuke... Ezagutu duzu Jyrki, ezta, Memelo? Zelako moskeoa daraman tipoak!
karmelo: Joño! Finlandiarra!
unai: Bueno, ez kezkatu, laster pasako zaiola esango nuke. Konpainia onean dago. Bestalde, etsai komuna edukitzeak asko elkartzen du. Zer? Hasiko gara soinua probatzen, edo? “Denborak aurrera etengabian...”.
ane: Ea ba!
unai: Set-listari bueltaka ibili naiz.
karmelo: Set-list? Benga ya!
unai: Abestien zerrendari.
karmelo: Askoz hobeto.
unai: Hasiko gara Errua-rekin? (Zerrenda erakutsiz)
karmelo: Ni Hondartza-rekin hasiko nintzateke, hobe. Beti hasten gara Hondartza-rekin.
unai: Aldatzearren.
ane: Mutilok, bata zein bestea, baina ya.
unai: Egingo dugu harri, orri, ar! Benga! Harri, orri, ar! Benga, ba! Zuk irabazi! Hondartza!
(Hasiko dira, jo ahala bakoitza bere anplia igotzen joango da, azkenean ez da ezer ulertuko.)
karmelo: Ez dut nire burua entzuten.
ane: Ba nik ez dut besterik entzuten.
unai: Hasieran, bolumenak hartzen baditugu eta gero hasten bagara bakoitza bere anplia igotzen, ez dago modurik.
karmelo: Ba bolumenak ez ziren ondo hartuta egongo, ez badut nire burua entzuten.
ane: Bueno, bueno, lasaitu gaitezen. Hasiko gara ostera ere goitik.
(ane bateria atzetik irtengo da eta proszeniora joango da gitarraren eta baxuaren bolumenak entzuteko. Berriro hasiko dira goitik. Bolumenak hartu eta atzera bueltatuko da ane bateriara. Momentu batean karmelok eten egingo du abestia.)
karmelo: Unai, suena como el culo.
unai: Bai, zera!
karmelo: Benetan, egin kasu niri, como el puto culo.
unai: Ane?
ane: Zein gozoa zaren, Karmelo, laztana.
karmelo: Ez zara behin ere zegokizunean sartu.
unai: Bai, zera!
karmelo: Behin ere ez.
unai: Hartuko dugu berriro?
ane: Aurrera egin beharko genuke.
unai: Esan behintzat non esaten duzuen txarto sartu naizela, eta ikusi egingo dugu. Minutu bat izango da.
karmelo: Ez nuke jakingo nondik hasi.
unai: Oso barregarria. Hemen izan da?
(Abestia tarareatzen duen bitartean, jotzen saiatuko da, beti berandu sartuko da.)
karmelo: Benetan ez dago denborarik honetarako. Hartu pandereta eta listo, edo aho-soinua, edo egin air guitar...
unai: “Air guitar”? Nik baxua jotzen dut!
karmelo: Playback! Hori da, Playback-a egin.
unai: Zoaz popatik hartzera.
karmelo (kantatuz): “Popatik hartzera usa...”.
unai: Ez, popatik hartzera zu!
(unaik baxua utziko du eta haserre alde egingo du, ane eta karmelo aho bete hortz utzita.)
karmelo: Eta honi orain zer gertatzen zaio? Ez da horrenbesterako izan.
ane: Kafeina larregi agian. Auskalo! Eta Katxas, missing. Tira, berehala nator. Estás que te sales, Alonso. Unai!
(karmelo bakarrik geratuko da. Blues bat joko du.)
9. agerraldia: (zubia) “Erakartze sexuala”
(Backstage-ra trantsizioa. jyrki eta maitane sartuko dira albo batetik. maitaneren aurikularrak partekatzen doaz elkarrengandik oso gertu. Igartzen da ibili direla kanpoan elkarrekin hitz egiten. Berri Txarrak-en Hozkia abesten sartuko dira.)
maitane eta jyrki: “Gezurrak eta hezurrak, ezkurrak eta zerriak, lokatzetan gizen... Uauaaaaa...”. (Barre egingo dute)
maitane: Death metal-death metal denik ez nuke esango, baina guai dago.
jyrki: Bai. Nik, ezagutu.
maitane: Gustuko duzu?
jyrki: Abesti batzuk beste batzuk baino gehiago. Nik orain Huntza entzun. “Aldapan gora, pausorik pauso, aldapan behera, auzorik auzo...”. Super alaia!
maitane: Bai, alaia, bai.
jyrki: Zuk gustuko?
maitane: Bai... Abesti batzuk beste batzuk baino gehiago.
jyrki: Maitane! Trikia! Super alaia! Nola da bestea? “Zer egin...”.
maitane: “Zer egin, nola esan, nola egin ta zer izan...”.
jyrki: Zuk ezagutu? Erakutsi niri!
maitane: Bai zera!
jyrki: Maitane...
maitane: “Zer egin, nola esan...”.
jyrki: “Nola izan eta zer egin...”.
maitane: Egon... “Zer egin, nola esan...”.
jyrki: “Zer izan eta nola egin...”.
(Barre egingo dute. maitane barrez lehertuko da.)
jyrki: Maitane...
(jyrki maitaneri hurbilduko zaio, sudurra sudurraren kontra igurtziko dio. Elkarri muxu emango diote.)