Deserria habitatzen dutenak
IRENE / ARAKNE
Arakne harroa omen zen. Ehulea. Harrotasun horrek Atenearekin lehiatzera eraman zuen. Araknek bere lanean, jainkoen bizitza libertinoa irudikatu zuen. Perfektua omen zen eginikoa, baina Atenea, aukeratutako gaiarekin haserretu, eta Arakne kastigatu zuen urkatzera kondenatuz. Araknek, fin-fin, kasu egin zion eta urkatu egin zen noski. Nork egin diezaioke kontra maizterrari. Arakne zuhaitzean zela, oinak zintzilik, Ateneak hobeto pentsatu zuen, hura bizitzara bueltan ekarriz eta armiarma gorputzarekin bizitzera zigortuz.
Greziarrek Arakne erabili zuten mezu klaru bat bidaltzeko: Emakume, ez izan harroa, ez egin burla zure goikoei, ez izan onegia zure lanean. Eta ona bazara, isilean eraman.
Bestalde, Ireneren pertsonaia erabili dut, Zestoan 1613ko urtarrilaren 25ean, plazan saldu ziren bi emakume beltzen memorian. Hemen ere bazirelako esklaboak. Hemen ere erosten genituelako.
AHIZPAK / GORGONAK
Esteno (boteretsua), Euriale (urrutitik iristen dena) eta Medusa (erregina). Itsasoko jainko diren Forcis eta Zetoren alabak eta Grea zaharren ahizpak. Esan besterik ez dago hiru ahizpen artean ezagunena Medusa dela, izan dela eta izango dela. Hilezkorra zen bakarra, Pegaso zaldiaren ama, greziarrek munstro bezala bataiatua. Bere izaera beldurgarria Atenearen zigor bati dagokio. Berriz ere Atenea.
Poseidonek Medusa Atenearen tenplu batean bortxatu zuen, Atenea haserretu eta Medusa kastigatu zuen hari izaera beldurgarri eta desatsegin bat emanez. Atenearen fetitxeak animaliak ziren nonbait eta Medusari sugeak jarri zizkion buru gainean. Medusaren begirada batek harrizko bihurtzen omen zituen, bere odolak hildakoak berpizteko ahalmena zuen bitartean. Urrezko hegalak zituen, baina oso gutxitan agertzen zaigu irudi horrekin fikzioan.
Perseok, ispilu batez baliaturik, Medusari burua moztu zion. Zaku batean sartu zuen eta bere etsaien aurka erabili.
Medusa ezagutu nuenean zazpi urte nituen, Don Chaffeyren Jason and the Argonauts filmean. Ze beldurra, ze nazka.
Gaur egun gehien maite dudan munstroetako bat da. Begietara tinko begiratu ahal zaituen emakumea.