39 lore
39 lore
Amancay Gaztaņaga
Azaleko irudia eta barruko ilustrazioak: Arrate Rodriguez Martin
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-75-4
Amancay Gaztaņaga
1980, Guayaquil
 
 

 

. Hiru

 

(Nausikak baloia hartu du eta badoa bizkor. Baba irristan dabil, poliki, barraskilo, bere lerdearen marka uzten du lurrean. Babak bizkarretik hirugarren beso txiki bat atera du, erratz bati lotua du eskua. Bere lerdearen arrastoa ezabatzen du erratzarekin. Zirkuluetan mugitzen da. Babak laugarren esku bat atera du gorputzetik eta berarekin batera pertz handi bat. Babak bosgarren esku bat atera du, koilara handi bati lotua dago. Salda eragiten du. Usain goxoa dario barrukoari, lurrinak eszenatokia betetzen du. Lurrinarekin batera eszena emakumez betetzen da, emakume guztiak ilaran beraien koilaretan salda jasotzen dute. Mugimendu zirkularrak egiten dituzten bitartean edaten doaz. Zurrupadek eta pausoek erritmoa markatzen dute. Baba erdian. Emakumeek esku batekin edan eta bestearekin beraien pausoak ezabatzen dituzte. jazinta dator, berandu beti bezala. Jazinta handia da, traketsa, betaurreko potoloak ditu. Eskuetan koilara. Urduri mugitzen ditu eskuak. Begirada galdua, algara bat irteten zaio tartean behin. Babak Jazintari begirada azkar bat botatzen dio, honek jaso.)

 

jazinta: EskerrikaskoBaba! (Oihu)

 

baba: Hitz egingo dugu zuk eta nik gero.

 

(Jazintak ezentzunarena egin du. Askotan egiten du. Jazintak entzun du, ondo entzun ere. Badoa salda zurrupatzen. Emakumeen ilara desegiten doa, zurrupaden doinua geratzen da, pausoena ere bai. Baba bakarrik dago agertokian. Ama sartzen da. Biak elkarri begira. Babak, berriz gordetzen ditu bere gorputz barruan pertza eta koilara. Eseri da. Ama zutik berari begira.

Ama ama da, ez handia, ez txikia, ez zaharra, ez gaztea. Amak amaren usaina du, amaren taktoa du, amaren gorputza du. Amak ama bezala begiratzen du eta amaren ahotsa du.)

 

—Zer. Ez geratu isilik.

—Badakizu.

—Badakit?

—Badakizu.

—Nik ez dakit ezer, Baba.

—Ezin duzu han utzi. Norbait bidali behar da.

—Hala nahi izan du. Zein naiz ni bere nahiari kontra egiteko.

—Ama.

—Ama naiz.

—Ama zara.

—Ez dut itzuli nahi. Ez dut itzuli nahi. Ez naiz itzuliko. Ez bere bila, ez beste inoren bila ere. Ez dut berriz egingo inoiz. Inoiz. Hemen ezin naute derrigortu. Zuk ezin nauzu derrigortu. Ez dut berriz egingo. Hemen ama naiz. Ama.

—Ulertzen dut. Baina ezin dugu han utzi.

—Zergatik hitz egiten duzu singularrean, Baba.

—Badakizu.

—Badakit.

 

(Bi emakumeak elkarri begira. Isilik. Bi emakumeak elkarri begira. Isilik. Bi emakumeak elkarri begira. Isilik. Bi emakumeak elkarri begira. Isilik. Baloi bat sartzen da. Amak jasotzen du. )

 

—Zertan zabiltza hor?

 

(Babak bere bost besoak luzatzen ditu eta Nausika ateratzen du ezkutalekutik. Airean eramaten du, beraien ondoan eseri da. Babak esku batekin baloia itzultzen dio Nausikari eta beste hiru eskuekin trentzak egiten dizkio. Bosgarrena bizkarrean automasaje bat egiteko erabiliko du.)

 

—Zertan zabiltza?

—Entzuten, ama.

—Zer da entzun duzuna.

—Entzun dut ez zarela inoiz hirira itzuliko ezin zaitugula derrigortu entzun dut bere bila joan beharko dugula bakarrik bere bila hori da entzun dudana.

—Asko entzun duzu.

—Orduan, ama, horrek esan nahi du Mia ez dela itzuliko? Hilik…

—Ixo! Hori ez da esan duguna.

—Zer da irakatsi dizuguna.

—Izendatzen ez dena ez da existitzen.

—Izendatzen ez dena ez da existitzen, ongi.

—Ama.

—Zer.

—Ez da gehiago itzuliko?

—Ez.

—Eta orduan?

 

(Babak Amari begiratzen dio. Nausikaren trentzak amaitu ditu. Amak Babari begiratzen dio.)

 

—Agian umea bidali genezake.

 

(Ama isilik. Baba isilik. Ama isilik. Baba isilik.)

 

—Hirian ez dute umea ezagutzen.

—Umeak ez du hiria ezagutzen.

—Umea azkarra da.

—Umea ume bat da.

—Umeak ez du arrastorik uzten.

 

(Nausika isilik. Baloia besarkatzen du. Nausikak maite du hiria ezagutzearen ideia.)

 

—Umeak ez du bera inoiz ikusi.

—Umeak bera ikusi bezain pronto ezagutuko du.

—Umea ume bat da.

—Umeak ez du arrastorik uzten.

 

(Nausika isilik. Baloia besarkatzen du. Nausika Babaren besoetatik irteten da. Zutik jartzen da. Bere gorputz zuria, gelatina, Ama eta Babaren aurrean jartzen du. Amak eta Babak Nausikari begiratzen diote.)

 

—Ama, Baba, umea ez da jada ume bat. Ni joango naiz bere bila.

 

(Ama eta Baba elkarri begira. Isilik. Ama eta Baba elkarri begira. Isilik. Ama eta Baba elkarri begira. Isilik. Baietz dio buruarekin.)

 

baba / ama: Umea jada ez bada ume bat eta umeak hirian sartu behar badu,

      hau da umea ez den umeak

      jakin behar duena:

 

(Amak eta Babak Nausika hartzen dute. Belarrira txutxu-mutxuak. Soinuak txastonarena dirudi. Eszenaren alde batean emakume bat bateria batera igota. Eskumuturra arin dabil txastonarekin jolasean. Txastonak airean dantzatzen du. Belarrira esandako kontuekin nahasten da txastonaren soinua.)