. Hamar
(Erromak Nausika gerarazten du.)
nausika: A topatu behar dut, berandu baino lehen, horretara etorri naiz. Ulertzen duzu? Ez nintzen ezertaz oroitzen ez naizelako hemen inoiz izan! Orain badakit. Lagun iezadazu eta nik hiritik ihes egiten lagunduko dizut.
erroma: Ihes?
nausika: Bai!
erroma: Zergatik nahiko nuke hemendik irten?
nausika: Jazintak metro karratu baten bueltan bizi zen emakume baten istorioa kontatu zidan behin. Lurrean marrazturik zuen metro karratu horren bueltan ematen zituen egunak, askatasuna bi pausotara baino ez zuela jakin gabe… Istorioa ez zen Jazintaren asmakizuna, hiria da zuen metro karratua. Lurrean norbaitek marraztutako karratu horren bueltan zabiltzate eta ez dakizue askatasuna lortzeko bi pauso baino ez zaizkizuela geratzen. Lagundu A topatzen, berak jakingo du nola itzuli… zatoz!
erroma: Aske…
nausika: Aske!
erroma: A esan duzu, ezagutzen dut.
nausika: Nola?
erroma: Badakit non topatu dezakegun. Zatoz!
(Biak oinez, espazioa aldatzen doa, espazioa aldatzen doa, espazioa aldatzen doa. Apurka, zapaltzen duten lurrak beste testura bat hartzen du, nesken pausoa traketsa da.)
nausika: Lokatza…
erroma: Lasai, hasieran ibiltzea kosta egiten da…
(Nausikak barre egiten du.)
erroma: Zer duzu?
nausika: Gauaren hasieran topatu ditudan pertsonaia batzuez oroitu naiz. Maradona madalena bat zela pentsatzen zuten…
erroma: Zergatik ezagutzen duzu Maradona?
nausika: Ez dut ezagutzen, Jazintak dituen zintetan ikusi dut. Ona naiz, badakizu? Baloiarekin. Agian bera baino hobea.
erroma: Atzo hil zen.
nausika: Jainko bat zen, ezta, Akiles bezala?
erroma: Bai.
(Bidea geroz eta traketsagoa, biak kostata dabiltza.)
erroma: Iritsi gara.
(Lupetza, iluna, argi printza bat baino ez da sartzen espazioaren alde batetik.)
nausika: Hemen ez dago inor.
erroma: Lasai, laster agertuko da.
nausika: Ez dakit nire baloia non gald...
(Nausikak ziztada bat sentitu du bularrean. Begirada jaitsi. Labana du lehen bihotza zuen tokian. Labanaren kirtenak Erromaren eskua du jabe, honek labana askatu eta bi pauso atzera ematen ditu.)
erroma: Zuk diozun askatasun hori, ez dut nik nahi. Nausika, arrastorik uzten ez duena, ezlekutik datorrena. Handiagoa espero zintudan, ederragoa. Zu akabatzeko idatzia izan naiz, badakizu? Noiz azaldu zain eman dut bizitza. Asko da zutaz kontatu didatena, eta bai, handiagoa eta ederragoa espero zintudan. Nola izan zaitezke horren arrunta? Lotsa ematen dit zure sinpletasunak. Erraza izan da, oso. Orain, entzun ondo, Nausika, nik ez dut aske izan nahi ez dut aske izan nahi ez naiz aske izango. Nik, nire metro karratuan bizi nahi dut eta ez dizut utziko hori kentzen. Nor uste duzu zarela, nor, niri zure askatasuna inposatzeko? Entzun ondo, bai, hemen geratuko naiz nire jainkoak gurtzen eta zuk ezin izango duzu hori eragotzi. Ez. Hori naiz ni.
(Nausika lurrera erori da. Eskua labana duen tokian. Argia aldatzen doa, bateriaren txastona ozen dabil dantzan. Hirian lanak jarraitzen du, makinaria geraezina. Erroma badoa korrika.)