Zartatua / 4.48 Psikosia
Zartatua / 4.48 Psikosia
Sarah Kane
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-53-2
Sarah Kane
1960-1996
 
Zartatua / 4.48 Psikosia
Sarah Kane
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-53-2
aurkibidea
 

 

4.48 Psikosia

 

 

4.48 Psikosia Londreseko Royal Court Theatre Upstairs-en estreinatu zuten 2000ko ekainaren 23an honako antzezleekin:

 

          Daniel Evans

          Jo McInnes

          Madaleine Potter

 

          Zuzendaria: James Macdonald

          Diseinua: Jeremy Herbert

          Argiteria: Nigel J. Edwards

          Soinua: Paul Arditti

 

 

 

(Oso isilune luzea.)

 

Baina lagunak dituzu.

 

(Isilune luzea.)

 

Lagun asko dituzu.

Zer ematen diezu zurekin horren bihozberak

izateko?

 

(Isilune luzea.)

 

Zer ematen diezu zurekin horren bihozberak

izateko?

 

(Isilune luzea.)

 

Zer ematen diezu?

 

(Isilunea.)

 

– – – – –

 

 

kontzientzia sendoa oturuntza-areto ilun batean bizi da buru baten sabaitik gertu non zorua hamar mila labezomorro argi errainu bat sartzen denean bezala mugitzen baita pentsamendu guztiak biltzen direla gorputzak dagoeneko jariatzen ez duen adostasun une batean ze labezomorroek inork inoiz esaten ez duen egia ulertzen baitute

 

 

Gau hartan dena ulertu nuen

Orain nola hitz egingo dut berriro?

 

 

bere buruaz bakarrik fidatzen den hermafrodita ahituak errealitatean gela jendez beteta dagoela igarri eta amesgaiztotik ez esnatzeko erregutzen du

 

eta hor zeuden denak

guzti-guztiak

eta nire izena bazekiten

aulkien bizkarraldetik labezomorro gisa alde egin niela

 

Argia gogoan izan eta argian sinetsi[1]

 

Argitasun une bat betiereko gaua baino lehen

 

 

ez utzi niri hori ahazten

 

 

– – – – –

 

 

Goibel nabil

 

Etorkizuna itxaropenik gabekoa antzematen dut eta gauzek ez dutela hobera egingo

 

Aspertuta eta gogogabetua nabil edozerekin

 

Pertsona bezala erabateko porrota naiz

 

Erruduna naiz, zigortzen naute

 

Neure buruaz beste egin nahiko nuke

 

Negar egiteko gauza ohi nintzen, orain, aldiz, ezin dut malkorik isuri

 

Ez dut interesik beste jendearekiko

 

Ezin dut erabakirik hartu

 

Ezin dut jan

 

Ezin dut lo egin

 

Ezin dut pentsatu

 

Ezin ditut gainditu neure bakardadea, neure beldurra, neure nazka

 

Lodia naiz

 

Ezin dut idatzi

 

Ezin dut maitatu

 

Neba hiltzen ari zait, maitalea hiltzen ari zait, biak hiltzen ari naiz ni

 

Neure heriotzarantz oldarrean abiatzen naiz

 

Medikazioak izutzen nau

 

Ezin dut maitasuna egin

 

Ezin dut txortan egin

 

Ezin naiz bakarrik egon

 

Ezin naiz besteekin egon

 

Aldakak zabalegiak ditut

 

Neure genitalak ez ditut gogoko

 

4.48an

etsipena bisitan etortzen zaidanean

neure burua zintzilikatuko dut

neure maitalearen arnasaren soinuan

 

Ez dut hil nahi

 

Neure buruaz beste egitea erabaki dut, hain baita handia hilkorra izateak eragin didan depresioa

 

Ez dut bizi nahi

Lotan dudan maitaleaz jeloskor nago eta eragindako konorterik eza niretzat nahi dut

 

Bera esnatzen denean, inbidia hartuko die medikazioak niri arindutako hizkeraz eta insomnioaz pentsaketan eman ditudan gauei

 

Hiltzeko amore eman dut aurten

 

Batzuek horri autoinduljentzia deituko diote

(haren egia ez ezagutzeko zortea dute)

Beste batzuek mina besterik ez dute ikusiko

 

Hau nire normaltasuna bihurtzen ari zait

 

 

– – – – –

 

 

   100[2]

                                                                        91

                                      84

                                                                        81

                         72

                                         69

                                                   58

                            44

                                                   37                38

                 42

                                         21                                        28

                                     12

                                                   7

 

 

– – – – –

 

 

Ez zuen luze jo, ez nintzen hor luze egon. Baina kafe huts garratza edaten dudanean tabako zahar hodei batean bildurik botika usaina harrapatzen dut eta zerbaitek hunkitzen nau oraindik mingarria den tokian eta orain dela bi urteko zauria zabaltzen zait hilotz bat irekitzen den bezala eta aspaldian hilobiratutako lotsak bere bihozmin higuingarri ustelkorra oihukatzen du.

 

Aurpegi sorgorrez betetako gelan nire oinazeari begiratzen diote hain zurrun non intentzio txarrez ari direla dirudien

 

Hau Doktorea eta Hori Doktorea eta hemendik pasatzen ari zen eta sartu-irten bat egingo zuela berak ere ni izorratzeko pentsatu duen Zerdahau Doktorea. Espantu tunel bero batean kiskaltzen ari naizela nire umiliazioa osatzen da arrazoirik gabe dardarka nagoela eta hitzekin totelka nabilela eta ezer ere ez dudala esateko nire “gaixotasunari” buruz, hori, edozein modutan, “ezin da ezer egin” esatearen parekoa da azkenean hilko naizelako. Eta errealitate objektibo bat dagoela eta bertan nire burua eta nire gorputza bat direla esaten didan arrazoiaren ahots psikiatriko goxo horrek katigu nauka. Baina ni ez nago hemen eta ez naiz inon egon. Hau Doktoreak nik esandakoa apuntatzen du eta Hori Doktoreak murmurio ulerbera bati ekiten dio. Begiratzen naute, epaitzen naute, nire azalari darion porrot puta hau, urratzen nauen etsipena eta goitik behera bustitzen nauen izua usaintzen dizkidate ni beldurraren beldurrez ahoa bete hortz munduari begira nagoela neure buruari galdetzen diodala zergatik dauden guzti-guztiak irribarretsu eta niri begira nire lotsa mingarriaren sekretuki jakitun.

 

Lotsa lotsa lotsa.

Itota lotsa puta horretan.

 

Sendagile ulergaitzak, sendagile sentiberak, sendagile alternatiboak, kontrakoa egiaztatzen ez dizuten bitartean gaixotzat har zenitzakeen sendagileak, galdera berdinak errepikatzen dizkidatenak, ahoan hitzak ipintzen dizkidatenak, larrimin kongenitorako sendabide kimikoak eskaintzen dizkidatenak eta ipurtzuloa elkarri babesten diotenak harik eta zu garrasika deitzen zaitudan arte, zu, nire bizitza osoan nahita ukitu nauen sendagile bakarra, begietara begiratzen zidana, zulatu berriko hilobiko ahotsez kontatzen nizkion txiste makabroei barre egiten ziena, burua soildu nuenean burla egin zidana, gezurra bota eta ni ikusteak poza ematen ziola esan zidana. Gezurra bota zuena. Eta ni ikusteak poza ematen ziola esan zuen. Zutaz fidatzen nintzen, maite zintudan, eta ez da zu galtzeak min ematen didana baizik eta zeure lotsagabeko gezur deabru horiek mozorrotu zenituela sendagile baten oharrak bailiran.

 

Zure egia, zure gezurrak, ez nireak.

 

Eta zu ezberdina zinela eta aurpegia noizbehinka zeharkatzen zizun eta lehertzear zeneukan larriminak akaso sufriarazten zizula uste nuen bitartean, zu ere zeure ipurtzuloa babesten ari zinen. Beste edozein kabroi bat bezala.

 

Hori nire ustez traizioa da. Eta nire ustea da pasarte nahasi hauen protagonista.

 

Ezerk ez dit baretuko nire amorrazioa.

 

Ezerk ez dit berreskuratuko nire konfiantza.

 

Hau ez da bizitzeko nahi dudan mundua.

 

 

 

– – – – –

 

 

      Ba al duzu aurreikuspenik?

 

      Gaindosia hartu, eskumuturrak sastatu ondoren neure burua urkatu.

 

      Gauza horiek guztiak batera?

 

      Horrela inork ez luke ulertuko laguntza eskaera moduan

 

          (Isilunea.)

 

      Ez du funtzionatuko.

 

      Horixe funtzionatuko duela.

 

      Ez du funtzionatuko. Gaindosiagatik logurez sentituko zara eta ez duzu indar nahikorik bilduko eskumuturrak ebakitzeko.

 

          (Isilunea.)

 

      Aulki baten gainean zutiturik egongo naiz lepoaren inguruan soka bat edukita.

 

          (Isilunea.)

 

      Bakarrik egongo bazina zure buruari min emango zeniokeela uste duzu?

 

      Horren beldur naiz.

 

      Beldur hori babesa izan liteke?

 

      Bai. Beldurra da trenbidetik urrun mantentzen nauena. Jainkoaren izenean espero dut heriotza behineneko amaiera madarikatua izatea. 80 urtekoa naizela ematen dit. Bizitzaz nazkatuta nago eta hil nahi dut.

 

      Hori metafora bat da, ez da errealitatea.

 

      Simil bat da.

 

      Ez da errealitatea.

 

      Ez da metafora bat, simil bat da, baina metafora izango balitz ere, metafora baten ezaugarri nagusia da erreala izatea.

 

          (Isilune luzea.)

 

      Ez dituzu 80 urte.

 

          (Isilunea.)

 

          Badituzu ala?

 

          (Isilune bat.)

 

          Badituzu ala?

 

          (Isilune bat.)

 

          Ala ez dituzu?

 

          (Isilune luzea.)

 

      Koitadu guztiak mespretxatzen dituzu ala ni naiz zehazki?

 

      Ez zaitut mespretxatzen. Ez da zure errua. Gaixo zaude.

 

      Ez dut uste.

 

      Ezetz?

 

      Ez. Depresioak jota nago. Depresioa amorrazioa da. Hori da egin duzuna, nor zebilen hor eta errua zeini egotzi diozun.

 

      Eta zeini egotzi diozu?

 

      Neure buruari.

 

 

– – – – –

 

 

Gorputza eta arima ezin dira inoiz lotu

 

Dagoeneko banaizena bilakatu behar naiz eta infernuan giltzapetu nauen inkongruentzia honi garrasika egingo diot betiko

 

Itxaropen konponezinak ez dit sostengurik ematen

 

Disforian itoko naiz

           nire baitako putzu beltz hotzean

           nire buru immaterialaren zuloan

 

Nola itzuliko naiz itxuroso izatera

pentsamendu formalak ihes egin badit[3]?

 

Horrelako bizitza ezin izango nuke onartu

 

Maite izango naute hondatzen nauenagatik

           nire ametsetako ezpata

           nire pentsamenduen hautsa

           nire garunaren tolesturetan hazten den gaixotasuna

 

Laudorio bakoitzak arimaren zati bat kentzen dit

 

Mari matraka espresionista bat[4]

Bi zororen artean zalditegian

Ezer ere ez dakite —

                 Ni beti aske ibili naiz

 

Literatur kleptomanoen leinu zabaleko azkena

                 (tradizio ohoretsua garai batean)

 

Lapurtzea ekintza sakratua da

Espresiorako bide bihurrian

 

Harridura-marken saturazioak berehalako nerbio atakea

        igartzen du

Hitz bat baino ez orrialde batean eta hortxe dago drama

 

Hildakoentzat idazten dut

        jaio gabekoentzat

 

4.48 ondoren ez dut berriro hitz egingo

 

Gorpu arrotz batean barneratuta eta gehiengo moral zitalaren izpirituak mespretxatutako kontzientzia bati buruzko istorio ilun eta nazkagarri honen bukaerara iritsi naiz

 

Aspaldidanik hilda nago

 

Berriz nire sustraietara etorrita

 

 

Mugan itxaropenik gabe abesten dut

 

 

– – – – –

 

 

rsvp asap[5]

 

 

– – – – –

 

 

Batzuetan buelta ematen dut eta zure usaina hor dago eta ezin dut jarraitu ostia ezin dut jarraitu zutaz dudan desira joditu nazkagarri hori, fisikoki ere guztiz mingarria dena, espresatu gabe joder. Eta ezin dut sinetsi nik halako zerbait sentitzea zutaz eta zuk ezer ere ez sentitzea. Ez duzu zuk ezer sentitzen?

 

(Isilunea.)

 

Ez duzu ezer sentitzen?

 

(Isilunea.)

 

Eta goizeko seietan ateratzen naiz zure bila hasteko. Kale, taberna edo geltokiren bati buruzko zeinurik amestu badut horra joaten naiz. Eta hor zure zain egoten naiz.

 

(Isilunea.)

 

Badakizu, egia esan, manipulatzen nautela uste dut.

 

(Isilunea.)

 

Bizitzan ez dut inoiz arazorik izan besteari nahi duena emateko. Baina inor ez da kapaza izan nigatik gauza bera egiteko. Inork ez nau ukitzen, inor ez zait gerturatzen. Baina orain zuk nonbait ukitu nauzu, joder, horren sakonki non ezin baitut sinetsi eta ezin naiz zuretzat gauza bera izan. Ezin zaitudalako aurkitu.

 

(Isilunea.)

 

Ze itxura du emakumeak?

Eta nola ezagutuko dut ikusten dudanean?

Emakumea hilko da, emakumea hilko da, emakumea hilko da, joder.

 

(Isilunea.)

 

Uste duzu posible dela pertsona bat okerreko gorputzean jaiotzea?

 

(Isilunea).

 

Uste duzu posible dela pertsona bat okerreko garaian jaiotzea?

 

(Isilunea.)

 

Zoaz pikutara. Zoaz pikutara. Zoaz pikutara uko egiten didazulako hemendik ez zarelako inoiz agertzen, zoaz pikutara kaka bat naizela sentiarazi didazulako, zoaz pikutara nire maitasuna, nire bizitza odolustu dizkidazulako, pikutara joan dadila aita, hobe beharrez bizitza ederto izorratu zidana eta izorra dadila ama aita utzi ez zuelako, baina gauza guztien gainetik zoaz pikutara zu, Jainkoa, existitzen ez den pertsona bat maitarazi didazulako,

zoaz pikutara zoaz pikutara zoaz pikutara.

 

 

– – – – –

 

 

      Ene!, zer duzu besoan?

 

      Ebaki egin dut.

 

      Umekerietan zabiltza, hori atentzioa emateko egin duzu.

          Mina arindu dizu?

 

      Ez.

 

      Tentsioa arindu dizu?

 

      Ez.

 

      Mina arindu dizu?

 

          (Isilunea.)

 

      Mina arindu dizu?

 

      Ez.

 

      Ez dut ulertzen zergatik egin duzun hori.

 

      Orduan galdeidazu.

 

      Tentsioa arindu dizu?

 

          (Isilune luzea.)

 

      Begirada bat bota dezaket?

 

      Ez.

 

      Begiratu nahiko nuke zornaturik dagoen ikusteko.

 

      Ezetz.

 

          (Isilunea.)

 

      Uste nuen agian egingo zenuela. Jende pila batek egiten du. Tentsioa arintzen du.

 

      Zuk inoiz egin al duzu?

 

      . . .

 

      Ez. Bai zera, zentzudunegia eta sentiberegia zara! Ez dakit non irakurri duzun hori baina ez du tentsioa arintzen.

 

          (Isilunea.)

 

          Zergatik ez didazu galdetzen zergatik?

          Zergatik ebaki nuen besoa?

 

      Esango zenidake?

 

      Bai.

 

      Orduan esadazu.

 

      galde.

          iezadazu.

          zergatik.

 

          (Isilune luzea.)

 

 

      Zergatik ebaki zenuen besoa?

 

      Kristoren pare sentitzen naizelako. Ikaragarri ondo sentitzen naizelako.

 

      Begirada bat bota dezaket?

 

      Begiratu bai. Baina ez ukitu.

 

          (Begiratzen du) Eta ez duzu uste gaixo zaudela?

 

      Ez.

 

      Nik bai. Errua ez da zurea. Baina egiten duzunaz ardura hartu behar duzu. Mesedez, berriro ez egin horrelakorik.

 

 

– – – – –

 

 

Inoiz ukitu ez dudan emakumea galtzeari beldurra diot

Maitasunak esklabo nauka malkoen kaiolan

emakume horrekin hitz egiteko inoiz erabiliko ez dudan mingaina hortzikatzen dut

Inoiz jaio ez den emakumearen falta sentitzen dut

Urteetan zehar emakumea musukatu dut, elkar ezagutuko ez dugula esaten dit

 

   Dena hiltzen da

   Dena amaitzen da

   Dena ahitzen da

 

pentsamenduak alde egiten dit heriozko irribarre ezpainetan

antsietate diskordantea utzita

nire ariman orroka

 

Itxaropenik ez Itxaropenik ez Itxaropenik ez Itxaropenik ez Itxaropenik ez Itxaropenik ez Itxaropenik ez

 

Abesti bat nire maitearentzat, bere hutsunea laztantzen

         haren bihotzaren jarioa, haren irribarrearen zipriztina

 

 

Hamar urte barru emakumea oraindik hilda egongo da. Horrekin bizitzen naizen bitartean, horrekin borrokatzen dudan bitartean, egun batzuk pasatuta horretaz pentsatzen ibiliko ez naizenetan emakumea oraindik hilda egongo da. Bere izena gogoratzen ez duen eta kale gorrian bizi den emakume zaharra izaten naizenean hilda jarraituko du, hilda jarraituko du, ez dago beste ostiarik

                         amaitu

                                    da

 

 

                                         eta ni bakarrik egon behar naiz

 

Maitea, maitea, zergatik abandonatu nauzu[6]?

 

Emakume hori da etzateko inoiz erabiliko ez dudan ohea eta ez dago zentzurik galera honen argitan bizitzeko

 

Bakarrik egoteko hazita

falta dena maitatzeko

 

Aurki nazazu

aska nazazu

        honetatik

 

                       zalantza kaltegarritik

                       etsipen hutsaletik

 

                       pausaldian dagoen lazturatik

 

nire txokoan egotea badut

nire aisialdian entretenitzerik badut

baina ezerk ez dit beteko bihotzeko hutsunea

 

 

Hilko nintzatekeen bizi beharragatik

 

                                                           Kolapsoa

 

 

– – – – –

 

 

      Ez dago aitzakiarik.

 

      Ez dut esan ez dagoela aitzakiarik, ezetz esan dut.

 

      Ezin dut, behar dut, inoiz ez bete beharko, beti ez da beteko, ez liteke, ezin liteke[7].

          Negoziaezinak.

          Gaur ez.

 

          (Isilunea.)

 

      Mesedez. Ez amatatu neure burua ni zuzentzen saiatu nahian. Entzun eta uler iezadazu, eta mespretxua sentitzen duzunean ez esan, hitzekin ez bederen, neuri ez bederen.

 

          (Isilunea.)

 

      Ez dut mespretxurik sentitzen.

 

      Ezetz?

 

      Ez. Ez da zure errua.

 

      Ez da zure errua, hori da beti entzuten dudana, ez da zure errua, gaixotasun bat da, ez da zure errua. Badakit ez dela nire errua. Hainbeste aldiz esanda neure errua dela pentsatzen hasia naiz.

 

      Zure errua ez da.

 

      badakit.

 

      Baina zuri gertatzen utzi duzu.

 

          (Isilunea.)

 

          Ezta?

 

      Mundu osoan ez dago bizitzari zentzua eman diezaiokeen botikarik.

 

      Zeuk baimentzen duzu etsipen egoera absurdo hau.

 

          (Isilunea.)

 

          Egoera baimentzen duzu.

 

      Ez naiz pentsatzeko kapaza izango. Ez naiz kapaza izango lan egiteko.

 

      Ezerk ez dizu suizidioak adina traba ipiniko zure lanean.

 

          (Isilunea.)

 

      Medikuarenera joan nintzela eta bizitzeko zortzi minutu eman zizkidala amets egin nuen. Itxoite gela madarikatu horretan eserita ordu eta erdi eman nuen.

 

          (Isilune luzea.)

 

          Ados, saiatuko gara, botikekin saiatuko gara, lobotomia kimikoarekin saiatuko gara, goazen nire burmuineko goi mailako funtzioak txikitzera eta akaso bizitza puta honetan aguantatzeko kapazagoa izango naiz.

 

          Tira.

 

 

– – – – –

 

 

abstrakzioa harik eta bihurtzen naizen arte

 

desatsegin

onartezin

etsigarri

ulertezin

 

garrantzigabe

begirunegabe

erlijiogabe

damugabe

 

desatsegina izan

lekutua izan

gorputzetik kanpo izan

deseraikita izan

 

Ez dut imajinatzen

      (argi eta garbi)

arima bakar bat

      egin ahal izango lukeenik

        egingo lukeenik

          egin behar izango lukeenik

            edo nahi egingo duenik[8]

 

eta egin badute

ez dut uste

      (argi eta garbi)

beste arima batek

nirea bezalako beste arima batek

      egin ahal izango lukeenik

        egingo lukeenik

          egin behar izango lukeenik

            edo nahi egingo duenik

 

alde batera utzita

 

nik badakidala zer egiten ari naizen

      oso ondo gainera

 

Hiztun atzerritarrik

 

 

irrazionala

menderaezina

zuzenduezina

ezagutezina

 

hondaturik

zoraturik

deformaturik

estilo askedunik

 

 

iluna, harik eta izan arte

 

 

Egiatia      Zuzena    Bidezkoa

Edozein edo edonor

Bakoitza  guztiak    denak

 

 

logika itsaso batean hondoratzen naizela

                                     paralisi egoera lazgarria

 

 

gaixo oraindik ere

 

 

– – – – –

 

 

Sintomak: jaterik ez, lorik ez, hitzik ez, sexu grinarik ez, amorrua, hiltzeko gogoa.

 

Diagnostikoa: Oinaze patologikoa.

 

 

Sertralina, 50 mg. Insomnioa areagotuta, antsietate larria, anorexia, (17 kg-ko galera,) suizidiorako pentsamenduak, planak eta asmoa areagotuta. Tratamendua etenda eta ospitaleratzea.

 

Zoplicone, 7,5 mg. Lo eginda. Tratamendua etenda eta larruazaleko narritadura. Gaixoak ospitalea utzi nahi du sendagileen iritziaren kontra. Tamainaz bi aldiz handiagoak diren hiru gizonezko erizainek heltzen diote. Gaixoak mehatxatzen ditu eta ez du kooperatzen. Pentsamendu paranoikoak —ospitaleko langileek pozoitu nahi dutela uste du.

 

Melleril, 50 mg. Kooperatzen du.

 

Lofepramina, 70 mg, 140 mg arte igoera, gero 210 mg arte. 12 kiloko pisu igoera. Epe laburreko memoriaren galera. Beste erreakziorik ez.

 

Praktiketako medikuarekin liskarra; traizioa egotzi dio ondoren burua soildu eta besoak ebaki ditu

bizarra kentzeko labanaz.

 

Citalopram, 20 mg. Goizeko dardarak. Beste erreakziorik ez.

 

Lofepramina eta Citalopram bertan behera utzita gaixoa albo kalteekin nazkatu ondoren eta hobetzerik ezagatik. Tratamendu etetearen sintomak: zorabioak eta nahasmena. Jarraian irristaldiak, zorabiatu eta kalera irtenda autoen aurrean korrika ibili da. Delirioak —espezialista antikristoa dela uste du.

 

Fluoxetina hidrokloridoa, izen komertziala Prozac, 20 mg, 40 mg-ra igota. Insomnioa, hala moduzko jangura, (14 kg-ko pisu galera), antsietate larria, orgasmora iristeko ezintasuna, pentsamendu homizidak hainbat sendagile eta botika fabrikatzaileren aurkakoak. Bertan behera utzita.

 

Gogo-aldartea: Sutan, izorratuta.

Egoera emozionala: Haserre bizian.

 

Thorazina, 100 mg. Lo eginda. Lasaiago.

 

Venlafaxina, 75 mg, 150 mg-era igota eta geroago 225 mg-eraino. Zorabioa, tentsio baxua, buruko minak. Beste erreakziorik ez. Bertan behera utzita.

 

Gaixoak ez du Seroxat hartu nahi. Hipokondria —betazalen kliskak eta memoria galera larria aipatzen ditu beranduko diskinesiaren eta beranduko eromenarenaren seinale moduan.

 

Beste edozein tratamenduri uko egiten dio.

 

 

100 aspirina eta Bulgariako Cabernet Sauvignon, 1986koa. Gaixoa oka eginda esnatzen da eta esaten du “Umeekin oheratzen denak alkandora zikina”.[9] Urdaileko min larria. Beste erreakziorik ez.

 

 

– – – – –

 

 

Behatxuloa ireki da

Argi zorrotza

 

telebista hizketan dabil

begiz beteta

begiraldiko izpirituak

 

                    eta orain beldurraren beldurrez

 

gauzak ikusten ditut

gauzak entzuten ditut

ez dakit nor naizen

 

   mingaina kanpora

                    pentsamendua trabaturik

 

nire buruaren zatikako txikizioa

 

Non hasiko naiz?

Non geldituko naiz?

Nola hasiko naiz?

(Jarraitzeko asmoa baitut)

 

Nola geldituko naiz?

Nola geldituko naiz?

Nola geldituko naiz?

Nola geldituko naiz?

Nola geldituko naiz?                                                  Min pilula bat

Nola geldituko naiz?                                                  Birikak sastatzen dizkidana

Nola geldituko naiz?                                                  Heriotza pilula bat

Nola geldituko naiz?                                                  Bihotza estutzen didana

 

 

Hilko naiz

                 oraindik ez

                                    baina hortxe dabil

 

Mesedez...

Dirua...

Emaztea...

 

Ekintza bakoitza sinbolo bat da

horren zamak txikitzen nau

 

Puntuzko lerro bat eztarrian

                   hemendik moztu

 

 

ez utzi honi ni akabatzen

honek akabatuko nau txikituko nau eta

      infernura bidaliko nau

 

Jaten nauen zoramenetik askatzeko erregutzen dizut

              heriotza sub-intentzionala[10]

 

Berriro hitz egin beharko ez nuela uste nuen

baina orain badakit desira baina beltzagoa den zerbait dagoela

agian salbatuko nauena

agian akabatuko nauena

 

txistu goibela dut oinaze-oihua nire buruaren sabaiko zokoguneari inguruka

 

labezomorroz ehunduko tapakia

 

                                                                    gelditu gerra hau

 

 

Alferrikako ibilbidea[11]

Ezer ere ez esateko

Eta zoramenaren erritmoa hauxe da.

 

 

– – – – –

 

 

      Juduak gaseztatu, kurduak akabatu, arabiarrak bonbardatu, umeak bortxatu ditut errukia izateko erregutzen zidaten bitartean, gudu-zelaiak neureak dira, ni iristen naizen tokietatik alde egiten du jendeak, begi madarikatu horiek xurgatuko dizkizut eta zure amari bidaliko dizkiot kaxa batean bilduta eta hiltzen naizenean zure ume moduan berraragituko naiz baina gutxienez berrogeita hamar aldiz okerrago burutik guztiz izorraturik eta bizitza infernu alua bilakatuko dizut uko egiten dut uko egiten dut uko egiten dut ez begiratu niri

 

      Ondo da

 

      ez begiratu niri

 

      Ondo da. Hemen nago.

 

      Ez begiratu niri

 

 

– – – – –

 

 

Gu anatema bat gara

arrazoimenaren pariak

 

Zergatik nabil atsekabeturik?

                        Jainkoa ikusi nuen

 

eta guztia gertatuko da

 

Ikara zaitezte.[12]

suntsitu egingo baitzaituztete!

eta guztia gertatuko da

 

Ikus ezazue etsipenaren argia[13]

larriminaren distira

eta iluntasunera eramango zaituztete

 

Txikizioak egonez gero

                   (txikizioak egongo dira)

teilatuen gainaldetik errudunen izenak oihukatuko dituzte[14]

 

Jainkoari eta haren deialdi gaiztoei

                         beldurra izan

 

larruazalean legena, sumina bihotzean

setio egoera infernutarra

dantza dezagun labezomorro hodeian

 

Hau guztiau gertatuko da

nire hats nazkagarriaren hitz guztiak

 

Argia gogoan izan eta argian sinetsi

 

Kristo hil da

                     eta monjeak estasian dabiltza

 

Gu gizatxarrak gara

buruzagiak boteretik kendu

eta Baal jainkoari intsentsua eskaintzen diogunok

 

Zatozte orain, erabaki dezagun auzia[15]

Zentzutasuna aurkitzen da Jainkoaren etxea dagoen mendian[16]

    betiko lausotzen den arimaren horizontean

Burua gaixo dago, bihotzaren mintza urratuta

Zapaldu ezazue jakinduriak bidea egiten duen lurrean

Besarkatu itzazue gezur liluragarriak —

    zentzudunaren eromen kronikoa

 

 

                                                      zarrastada hasiko da

 

 

– – – – –

 

 

      4.48an

          Zentzutasuna bisitan etortzen zaidanean

          ordubete eta hamaika minututan burua ondo izaten dut.

          Pasatzen denean berriro burutik joanda egongo naiz,

          panpina hautsia, ero groteskoa.

          Orain hemen nago eta neure burua ikusten dut

          baina zoriontasunaren haluzinazio gaiztoak,

          sorginkeriaren motorraren magia tranpatiak liluratzen nauenean,

          ezin dut ukitu neure benetako nia.

 

          Zergatik sinetsi didazu orduan eta ez orain?

 

          Argia gogoratu eta argian sinetsi.

          Ezerk ez du garrantzi handiagorik.

          Utzi itxurak epaitzeari eta emadazu iritzi zuzena.

 

      Ondo da. Hobera egingo duzu.

 

      Eszeptizismoak ez du ezer sendatzen.

 

          Ez begiratu niri.

 

 

– – – – –

 

 

Behatxuloa ireki da

Argi zorrotza

 

Mahai bat, bi aulki eta leihorik ez

 

Hementxe nago ni

eta horra hor nire gorputza

 

                               kristal gainean dantzan[17]

 

Ezbeharren garaian ezbeharrik ez

 

 

aukerarik ez daukazu

aukera gero etorriko zaizu

 

Mingaina ebaki iezadazue

burua larrutu iezadazue

oin-eskuetako behatzak moztu

baina utzidazue nire maitea

nahiago izango nuke

hankak galdu

hortzak erauzi

begiak atera

nire maitea galdu baino

 

 

distiratu kliskatu sastatu kiskali bihurritu sakatu haztatu sastatu

distiratu kliskatu ukabilkada kiskali flotatu kliskatu haztatu kliskatu

muturka kliskatu distiratu kiskali haztatu bultzaka bihurritu bultzaka

ukabilkada kliskatu flotatu kiskali distiratu kliskatu kiskali[18]

 

                                              ez da inoiz bukatuko

 

 

haztatu kliskatu muturka sastatu bihurritu sastatu ukabilkada sastatu

flotatu kliskatu distiratu ukabilkada bihurritu sakatu distiratu bultzaka

haztatu kliskatu bihurritu kiskali kliskatu haztatu distiratu haztatu flotatu

kiskali sakatu kiskali kliskatu distiratu

 

 

                                              Ezer ez da betiko

 

                                                            (Ezereza salbu)

 

 

sastatu bihurritu ukabilkada kiskali kliskatu haztatu flotatu haztatu

kliskatu kiskali ukabilkada kiskali distiratu haztatu ukabilkada haztatu

bihurritu kliskatu flotatu sastatu kiskali sastatu ukabilkada sastatu

sakatu sastatu flotatu sastatu kliskatu kiskali haztatu

 

 

                                              Biktima. Gaizkilea. Lekukoa.

 

 

ukabilkada kiskali flotatu kliskatu distiratu kliskatu kiskali sastatu

bihurritu sakatu haztatu sastatu distiratu kliskatu haztatu kliskatu

ukabilkada kliskatu distiratu kiskali haztatu sakatu kliskatu bihurritu

sakatu ukabilkada distiratu kliskatu kiskali kliskatu distira

 

 

                                              goizak porrota dakar

 

 

bihurritu sastatu ukabilkada sastatu flotatu kliskatu distira ukabilkada

bihurritu haztatu kliskatu ukabilkada sastatu sakatu distiratu sakatu

haztatu kliskatu bihurritu kiskali kliskatu haztatu distiratu haztatu flotatu

kiskali sakatu kiskali distiratu kliskatu sastatu

 

 

                                              oinaze liluragarria

                                                               bizirik nagoela esaten didana

 

 

kliskatu ukabilkada sastatu haztatu bihurritu sakatu kiskali distiratu

sakatu distiratu ukabilkada kliskatu distiratu sakatu kiskali sastatu

haztatu kliskatu flotatu distiratu kliskatu haztatu sakatu kiskali sastatu

sakatu sastatu ukabilkada distira kliskatu kiskali

 

 

                                              eta bihar bizitza zentzudunago bat

 

 

– – – – –

 

 

100

93

86

79

72

65

58

51

44

37

30

23

16

9

2

 

 

– – – – –

 

 

Zentzumena konbultsioaren muinean dago, hor, erdibitutako arimaren eromena kiskaltzen den tokian.

 

Neure burua ezagutzen dut.

 

Neure burua ikusten dut.

 

Bizitza arrazoiketa amaraun batean harrapatuta daukat.

           Sendagile batek zentzudunen kopurua handitzeko ehundutako batean.

 

4.48an

 

                                              Lo egingo dut.

 

 

Zugana etorri naiz osatua izateko esperoan.

 

Zu nire sendagilea zara, nire salbatzailea, nire epaile ahalguztiduna, nire apaiza, nire jaungoikoa, nire arimaren zirujaua.

 

Eta ni zure proselitoa zentzutasunerako bidean.

 

 

– – – – –

 

 

helburuak eta asmoak lortu

 

trabak garaitu eta goi mailako eredura iritsi

 

talentua ondo erabiliz autoestimua handitu

 

aurkariak garaitu

 

besteen gainean kontrola eta eragina izan

 

neure burua defendatu

 

neure espazio psikologikoa defendatu

 

neure egoa erreibindikatu

 

arreta jaso

 

ikusia eta entzuna izan

 

besteak gogoberotu, harritu, liluratu, txunditu, erakarri, entretenitu, libertitu edo limurtu

 

gizarte murrizketatik aske izan

 

zapalkuntza eta murrizketari aurka egin

 

neure buruaren jabe izan eta desiraren arabera jokatu

 

konbentzioei aurre egin

 

mina saihestu

 

lotsa saihestu

 

iraganeko umiliazioak suntsitu ekintza berriei ekinez

 

neure buruari errespetua izan

 

beldurrari eutsi

 

ahulezia gainditu

 

pertenentzia sentitu

 

onartua izan

 

besteengana hurbildu eta elkarrekin maitagarriak izan

 

adiskidetsu solas egin, istorioak aletu, sentimenduak, ideiak, sekretuak elkarri esan

 

komunikatu, hizketan aritu

 

barre egin eta txantxetan ibili

 

desiratutako Bestearen estimua lortu

 

Besteari atxiki eta leial mantendu

 

libidoak aukeraturiko Bestearekin esperientzia sentsualak gozatu

 

elikatu, lagundu, babestu, kontsolatu, sostengatu, zaindu edo osatzeko

 

elikatua, lagundua, babestua, kontsolatua, sostengatua, zaindua edo osatua izan

 

sortu biontzat gozagarria, iraunkorra, kooperatibo eta elkarrekikoa izango den Bestearekiko harremana, nire igualarekin

 

barkatua izan

 

maitatua izan

 

askatua izan[19]

 

 

– – – – –

 

 

      Nire alderik txarrena ikusi duzu.

 

      Bai.

 

      Zutaz ezer ere ez dakit.

 

      Ez.

 

      Baina gustukoa zaitut.

 

      Gustukoa zaitut.

 

          (Isilunea.)

 

      Nire azken itxaropena zara.

 

          (Isilune luzea.)

 

      Ez duzu lagun bat behar sendagile bat behar duzu.

 

          (Isilune luzea.)

 

      Guztiz oker zabiltza.

 

          (Isilune oso luzea.)

 

      Baina lagunak dituzu.

 

          (Isilune luzea.)

 

          Lagun asko dituzu.

          Zer ematen diezu zurekin horren bihozberak

          izateko?

 

          (Isilune luzea.)

 

          Zer ematen diezu zurekin horren bihozberak

          izateko?

 

          (Isilune luzea.)

 

          Zer ematen diezu?

 

          (Isilune luzea.)

 

          Harreman profesionala dugu geurea. Harreman ona dugula uste dut. Baina profesionala da.

 

          (Isilunea.)

 

          Zure oinazea antzematen dut baina ezin diot zure bizitzari nire eskuetan heldu.

 

          Ondo egongo zara. Sasoitsua zara. Badakit ondo egongo zarela gustukoa zaitudalako eta ezin delako inor gustukoa izan bere burua maite izaten ez badu. Beldurra ematen dit bere burua maite ez duen jendeak zeren bere buruari horrenbeste gorroto dionez ez baitiote uzten beste inori eurak maitatzen. Baina zu gustukoa zaitut. Zure falta sentituko dut. Eta badakit ondo egongo zarela.

 

          (Isilunea.)

 

          Paziente gehienek hil nahi izaten naute. Hemendik ateratzen naizenean lanaldiaren amaieran nire maitalearenera joan eta erlaxatzeko premiaz egoten naiz. Lagunekin egon eta erlaxatzeko premia izaten dut. Lagunok benetan elkarrekin gaudela sentitzeko premia dut.

 

          (Isilunea.)

 

          Ditxosozko lan honi gorroto diot eta lagunak osasuntsu behar ditut.

 

          (Isilunea.)

 

          Barka nazazu.

 

      Ez da nire errua.

 

      Barkatu, oker ibili naiz.

 

      Ez da nire errua.

 

      Ezetz. Ez da zure errua. Barka nazazu.

 

          (Isilunea.)

 

          Azaldu nahi nizun —

 

      Badakit. Haserre nago ulertzen dudalako, ez ulertzen ez dudalako.

 

 

– – – – –

 

 

Gizenarazita

   Zurkaiztuta

      Bultzaka kanporaturik

 

gorputza desorekatzen ari zait

eztanda batez zatikatzen ari zait

 

ezin diot heldu

dagoeneko heldu diodana baino gehiago

 

beti izango duzu zati bat niregandik

nire bizitza zure eskuetan hartu zenuelako

 

esku krudel horiek

 

horrek akabatuko nau

 

isiltasuna zegoela uste nuen

isiltasuna nagusitu zen arte

 

nola sortu didazu oinaze hau?

 

Ez dut inoiz ulertu

zer den sentitu behar ez dudana

txoria zeru zabalean hegan dabilen bezala

tximistek burua urratu didate

trumoi jarraiari ihes egiten nenbilela

 

 

Behatxuloa ireki da

Argi zorrotza

eta Ezer ez

Ezerezak ere

Ezer ez du ikusten

 

Nolakoa naiz?

                              ukapenaren haurra

 

tortura ziega batetik bestera

erremediorik gabeko hutsegite zitalen segida

erortzen ibili naiz bide honetako urrats guztietan

 

Etsipenak suizidatzera bultzatzen nau

Medikuek soluziobiderik aurkitzen ez duten larrimina

Ulertzeko bost axola zaiena

Zuk inoiz ez ulertzea espero dut

Gustukoa zaitudalako

 

Gustukoa zaitut

Gustukoa zaitut

 

ur beltz geldoa

betirako bezain sakona

zerua bezain hotza

zure ahotsa desagertu denean nire bihotza bezain geldoa

infernuan izoztuko naiz

noski maite zaitudala

bizitza salbatu zenidan

 

nahiago nukeen egin ez izana

nahiago nukeen egin ez izana

nahiago nukeen bakarrik utzi izan baninduzu

 

zuri-beltzeko filma baietz ala ezezkoa baietz ala ezezkoa baietz ala ezezkoa baietz ala ezezkoa baietz ala ezezkoa baietz ala ezezkoa

 

 

Beti maite izan zaitut

                               baita gorroto nizunean ere

 

Nolakoa naiz?

                               aita bezalakoa

 

 

o  ez o  ez o ez

 

 

Behatxuloa ireki da

Argi zorrotza

 

Haustura hasten da

 

Ez dakit non begiratu gehiago

 

Bilaketa jendetsu honek nekatuta nauka

   Telepatia

      eta itxaropena

 

Izarrei begiratu

iragana iragarri

      eta mundua aldatu zilarrezko eklipse batez

 

iraunkorra den gauza bakarra hondamendia da

denok desagertuko gara

ni bat baino marka iraunkorragorik uzten saiatzen garen bitartean

 

Aurretik ez dut neure buruaz beste egin beraz ez bilatu aurrekaririk

Aurretik etorri dena hasiera besterik ez zen

 

beldur ziklikoa

hori ez da ilargia hori Lurra da

Iraultza

 

    Jainko maitea, jainko maitea, zer egingo dut?

 

Dakidan guztia

elurra da

                    eta etsipen beltza

 

Tokirik ez buelta emateko

    espasmo moral antzua

    hilketaren ordezko aukera bakarra

 

Mesedez ez zatikatu nire gorpua nola hil naizen jakiteko

Neuk esango dizuet nola hil naizen

 

Ehun Lofepramina, berrogeita bost Zoplicone, hogeita bost Temazepan, eta hogei Melleril

 

Neukan guztia

 

Irentsita

 

Zatituta

 

Urkaturik

 

Bukatu da

 

 

pentsamendu zikiratuen

    Eunukoari begiratu

 

 

garezurra

desbildua

 

 

arima baten

  harrapaketa

    eroaldia

      haustura

 

 

sinfonia solo bat

 

 

4.48an

the happy hour[20]

argitasuna bisitan etortzen zaidanean

 

 

iluntasun epelak

begiak blaitu

 

 

ez dut bekaturik ezagutzen

 

 

sekulakoa bilakatzeak dakarren gaitza da hau

 

 

hilko nintzatekeen bizi beharragatik

 

 

                                            maitatua izatea

 

 

hiltzen ari naiz bost axola zaion batengatik

hiltzen ari naiz ez dakien batengatik

 

                                            apurtzen nauzu

 

Hitz egin ezazu

Hitz egin ezazu

Hitz egin ezazu

 

                                            hamar yardako porrota zirkulua

                                            ez begiratu niri

 

Zutik azkeneko aldiz

 

                                            Inork ez du hitz egiten

 

Baliozkotzat jo nazazue

Nire lekukoak izan

Begira iezadazue

Maita nazazue

 

                                            nire azken sumisioa

                                            nire azken porrota

 

oiloak dantzan jarraitzen du

oiloa ez da geldituko

 

                                            nitaz pentsatzen duzula pentsatzen dut

                                            nitaz pentsatzen duzula nahi nukeen moduan

 

azken aldia

azken puntua

 

                                            orain zaindu zure amatxo

                                            zaindu zure amatxo

 

                                            Elur beltza ari du[21]

 

 

 

 

 

                        heriotzan heltzen didazu

 

                                  inoiz ez aske

 

 

 

 

 

             Ez dut heriotzako desirarik

             suizidek ez dute horrelakorik inoiz sentitu

 

 

 

 

             begira iezadazu desagertzen

             begira iezadazu

 

                                       desagertzen

 

             begira iezadazu

 

             begira iezadazu

 

                                       begira

 

 

 

 

 

 

 

Hau da inoiz ezagutu ez dudan nire nia, haren aurpegia neure buruaren barru aldean dago itsatsirik

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

                        mesedez, oihala altxatu

 

 

– – – – –

 

 

 

 

[1] Hilen Liburu Tibetarrean azaltzen den formula dugu goikoa. Liburuko testuak hiltzear daudenei irakurtzen dizkiete nozitzen ari diren prozesua hobetu uler eta onar dezaten.

[2] Psikiatrian gaixoen kontzentrazioa neurtzeko erabiltzen den test honetan 0-100 bitarteko zenbakiak aletu behar dira zazpinaka. Bistan da ez duela lortzen.

[3] Ingelesezko testuak pentsamendu edota logika formalari keinu eginez horrela dio: “How can I return to form / now my formal though has gone?”.

[4] “An expressionist nag” dio testuak. Espresio hori Alaistar Macaulay antzerki kritikariak erabili zuen S. Kaneren Garbituak (Cleansed) antzezlana deskribatzeko: “At her worst, however, she is an expressionist nag, and untheatrical”. “Nag” hitzak “kexati” zein “zaldi zaharra” adierazten du. Lehenbiziko adieran ulertzen badugu ere bigarrenak irekitzen dio bidea “zalditegi” hitzaz irudia sortzeko. Lehenbiziko erreferentzia osoa ikusteko hona jo: Ruby Cohn, “Sarah Kane, an Architect of Drama”, Cycnos 18. alea, 1. zkia.

     http://revel.unice.fr/cycnos/index.html?id=1668 [2020ko urtarrilean azken ikustaldia]

[5] “Respondez s’il vous plaît” eta “As soon as possible” esanahia dute goiko laburdurek.

[6] Hemendik aurrera testua Bibliako espresioekin hornitzen da han-hemenka. Goikoak Mateo 27:46 txatala du iturria.

[7] Sarah Kanek ingelesezko modalekin jolastu zuen. Jatorrizkoak honela dio: “Can’t must never have-to always won’t should shant”.

[8] Berriro aditz modalekin jolasten du idazleak. Honela diosku: “I don’t imagine/ (clearly) / that a single soul / could would / should / or will”.

[9] “Sleep with a dog and rise full of fleas”, jatorrizko testuan.

[10] “A sub-intentional death”, dio testuak. “Sub-intentional suicide” espresioarekin heriotza ekar lezaketen heriotza-arrisku handiko praktikak izendatzen dira psikiatrian.

[11] Idazleak “empty legs” esamoldea erabiltzen du. “Hanka hutsik” adierazteaz gain, hegaldi pribatuen konpainietan zama edo bidaiaririk gabeko —eta, hartara, onura ekonomikorik gabeko— joan-etorriari esaten diote.

[12] Testamentu Zaharreko aipua (Isaias 8:9-10).

[13] Testamentu Zaharreko aipua (Isaias 8:22-24).

[14] Lerro hau Testamentu Berriko Lukas 12:3 eta Mateo 10:23 txataletan azaltzen da, besteak beste.

[15] Isaias 1:18 txatala.

[16] Isaias 2:2 txatala.

[17] Mötley Crüe talde estatubatuarraren 1987ko Girls, Girls, Girls albumeko kanta baten tituluarekin bat dator “dancing on glass” esapidea. Abestian droga kontsumo eta eromenari buruzko erreferentzia zuzenak daude.

[18] Sarah Kanek Rudolf von Laban (1879-1858) koreografo hungariarraren dantza-notazio sistemako mugimenduen izenak kopiatu zituen hemen. Nazioartekoan erabiltzen da egun —gehienetan ingelesez— dantzarako ez ezik beste arloetan ere gorputz higidurak deskribatzeko.

[19] Edwin S. Shneidmanen The Suicidal Mind (1989) liburutik ateratako zerrenda dugu goikoa.

[20] Jatorrizkoan bezala uzten dugu, “ordu zoriontsua” esanahiaz gain, tabernetan merkeago edateko aldiari esaten zaiolako gurean ere.

[21] Leherketa nuklearrek sortzen duten hautsari horrela esaten diote ingelesez, “black snow”, “elur beltza”, alegia.