Sarah Kaneren dramaturgia:
ez eroso ez atsegina
Arantzazu Fernandez
Sarah Kane (Brentwood, 1971-1999) 90eko hamarkadan Britainia Handiko antzerkian loratutako mugimenduko idazlerik berriztatzaileena dugu. Mark Ravenhill, Patrick Marber, Jez Butterworth, Rebecca Prichard eta, besteak beste, Martin MacDonghenerekin batera osatu zuen “In Yer Face”, “New Brutalism” eta “The blood and sperm generation” goitizenez ezagutzen den taldea. Hiru gaitzizen horiei erreparatuta, berehala konturatzen gara antzerkigile britainiar horien hiru ezaugarri nagusiez: partaideak gazteak ziren, garai latzetan bizitzea egokitu zitzaien, eta idazten zutenak ez zirudien ez eroso ezta atsegina ere.
Gazte ziren gazte, eta berariazko zio ugari zituzten guztiz amorratuta egoteko, Britainia Handiko egunerokotasun gizagabetuak mila bider mila arrazoi ematen baitzizkien hiratik, suminalditik idazteko. Era horretan, gizarte indibidualista eta materialistak bazterturikoak ditugu euren antzezlanen protagonistak. Modu horretan, ahulenek nozitzen duten bortizkeriaren gordintasunean egiten zituzten taularatzeak, indarkeria pribatua eta publikoa bereizten ez zituztela. Sistema edota gizartearen krudelkeria eta bidegabekeriak antzeztuko dizkigute esplizituki, hau da, “gustu txarreko” eszenak publikoaren aurrean ez taularatzeko eskatzen duen hitzarmen teatralari kasu egin gabe, hamarraldi bereko pintura eta eskulturetan, “Young British Artists” mugimendukoek sortzen zutenaren sentsibilitatetik gertu. Eta gisa horretan, publiko burgesa eta kritika asaldatzearekin batera, gazteak antzokietara erakartzea lortu zuten errealitateaz leunkeriarik gabeko lengoaiaz hitz egin zietelako.
Alta, “X belaunaldi”koek ez zuten Thatcherren neurri liberalen kontrako antzerki politikorik idatzi, Erwin Piscatorren (1893-1966) eta Bertolt Brechten (1898-1956) ildotik edaten duten adierazpen teatralen zentzuan. Sarah Kanek eta mugimenduko gainontzeko kideek, aitzitik, ezinegona, oinazea eta bizimina —fisikoa zein mentala— baitaratzen dituen muturreko lazgarrikeria irudikatu zuten, ikusleak probokatu nahian, eta gordinkeriak errebultsibo gisa funtziona zezan. Asmo horrekin tortura, bortxaketak, intzestua, kanibalismoa, eromena eta mutilazioa gisako gaiak ditu hizpide Sarah Kanek bere lanetan, bizitzaren baitan —gerran bertan, esaterako— gertatzen direlako. Funtsean, uste zuelako oholtza gaineko ankerkeriak benetako krudelkeriaren kontra —eta ez mimesiaren bitartez antzeztutakoaren kontra— lerratuko zituela ikusleak. Horiek horrela, Zartatua eta 4.48 Psikosiaren sortzaileak, gaindosia bizitzan baino oholtzan nahiago zuela aitortzearekin batera, artearen bitartez esperimentatutakoaren oroimena gure etorkizuna aldatzeko baliagarria izan zitekeela sinesten zuen. Ez da, hartara, “experiential” (eskarmentukoa) izena duen teatro mota hau pentsarazteko idatzia, sentiarazteko baizik, Antonin Artaud (1896-1948) dramaturgoak seinalatutako estetikaren ildotik. Idazleak, oholtzako indarkeria fisiko zein psikologikoak hunkituta utzi nahi du ikuslea, hau da, deserosotasun zaplazteko handia eman nahi dio, irudi higuingarriak baliatuta.
Kritikak —publiko gazteak ez bezala— ez zion harrera onik egin Kaneri, ez Zartatua 1995ean estreinatu zuenean, ezta Phaedra's Love zein Cleansed (1998) edota Crave (1998) taularatu zirenean ere. 1999. urtearen bueltan, berriz, Harold Pinter (1930-2008) eta Edward Bond (1934- ) bezalako antzerkigile kanonikoek haren lanaren alde egin eta Sarah Kaneren lanari buruzko kritikaren balorazioa aldatzea lortu zuten. Aitzitik, idazleak bere ekoizpen gehiena emana zuen, urte horretakoa baitugu hil baino astebete lehenago bukatu eta hemen aurkezten dugun bere azken testua: 4.48 Psikosia, alegia.
Sarah Kanek urte gutxi eman zituen antzerkigintzan, eta horregatik da titulu urriko sortzailea, baina ez, ordea, eragin eskasekoa. Hasteko, hausnarketarako parada handia ematen digulako, aurpegiratu zigulako indarkeria bera ukatu beharrean simulatutakoa gaitzesten dugula; jarraitzeko, esperimentazio formaletik abiatu arren, publikoaren errekonozimendua erdietsi zuelako; eta areago, une gogorrenetan ere poetikotasuna, maitasuna zein umorerako arrakalak irekitzen jakin zuelako, baita fabulako une okerrenetan ere. Finean, argazkietara edota zinemara ekarritako irudi digitalen postmodernitatean, analogikoa denaren indarra erreibindikatu eta mina, abusua zein zaurgarritasuna —tokian tokikoak izanda ere— globalizazioa bezain nazioartekoak zirela irakatsi zigun.
Sarah Kanek Zartatua antzezlana bere dramaturgiari buruzko masterreko azken lana izateko idatzi zuen. Helburu hori soldadua azaldu arteko hasierako pasarteek osatu, eta hortik aurrera, lanak beste bi zati gehiago ditu bost ekitaldi bete arte. Royal Court antzoki publikoaren diru laguntzaz bukatutako piezaren hasieran Ian izeneko gizona heldu eta Cate, neska gazte —eta antza inozo— baten arteko harremana deskribatzen du elkarrizketak: botere desoreka hotel dotore bateko esparru itxi edo intimoan. Bigarren zatiak, aitzitik, Ian eta soldadu baten botere desoreka izango du hizpide hoteleko gela berean, kalean gertatzen ari denaren berri —tarteka bada ere— izaten ari garela. Hirugarren atalean Cate eta Ian berriro elkarrekin daude espazio berean. Gizona hiltzear dago eta neska gazteak jaioberri baten ardura du. Zer gertatzen den zehazki jakin ez arren, kanpoan gerra edota okupazioa dagoela susmatzen da, arrisku itzela dagoela iradokitzen baitu testuak; horrela hoteleko izua hiriko kaleetan zehar zabalduta dagoen heinean kalekoa ostatuan sartuta dagoela ulertzen dugu. Izan ere, mugarik gabeko indarkeria delako bizitzako esparru guztietan gainezka egiten diguna.
Fabulak norabide bati ekiten dio hasieran, baina gero, jomuga aldatuta, bestelako narrazio batean murgilduko gaitu. Baina, kontakizuna desbideratu zaigu ala logika baten isla naturala dugu bigarren atala? Ian eta Soldaduaren harremana nola ulertu behar da? Azken eszenek dute erantzuna gure ustez. Dramaturgiak bide luze bati ekiten dio denbora laburrean: naturalismotik hasi, Pinterren eraginean zehar murgildu solasaldietan, eta formaz zein edukien aldetik guztiz subertsiboa den antzerkira egiten du jauzi: indarkeria gero eta handiagoa da kaosa eratzen den arte. Eta orduantxe, konbentzio teatralak apurtzen dituen momentuan, orduantxe lortzen du Sarah Kanek bere estilo propioa sortzea.
Elkarrizketak kaleko hizkera naturalean idatzita daude erritmo biziari helduta eta —Sarah Kanek berak aitortuta— ahalik eta hitz gutxien erabiliz. Halarik ere, solasaldiak bezain garrantzitsuak isiluneak ditugu, tentsio sortzaileak, beldur latente baten euskarriak direlako. Horregatik, Harold Pinterren antzerkian bezala, izua dabil airean, kirioak atezuan hurrengoan zer gertatuko ote den.
Sarah Kaneren Zartatuak diosku biktimaren eta biktimagilearen arteko logika amaiezina eta errepikaria dela Mendebaldeko historian. Izan ere, idazleak berak esana da, Srebrenicako emakume batek telebistan laguntza eskatzen zuela akuilatuta idatzitako obra dugu Zartatua. Antzezlanak gerra du hondoan, atzeko burrunba iraunkor gisa, isiltzen ez den ur jauzi odoltsuaren eran.
Argitalpen honetan aurkezten dugun 4.48 Psikosia antzezlanean mintzo den ahots poetikoa Sarah Kanerenarekin berarekin identifikatu duenik badago, depresio larriak jota zegoela sorturiko antzezlana dela jakitun izaki. Kontua da, psikosi egoera dela nagusitzen dena, baina egileak ez du zehazten zeinek edo zenbatek jasaten duen halakorik. Horrela, hitz jarioa, subjektu bakar baten buru destolestuari edo hainbat pertsonaiari dagokiela ulertzea badago. Horregatik, oholtzara eramateko garaian zuzendariak erabaki behar du, aktore bakarrarentzako muntaia egingo duen, ala, James Macdonalden 2000ko estreinaldian egin zuten bezala, hiru rol ezberdin asmatu (gaixoa, terapeuta eta psikiatra) eta, beraz, horrenbeste aktoreren arteko elkarrizketa sortuko duen. Gainera, akotazioak hainbat isilune seinalatzeko baino ez direnez, 4.48 Psikosiak eskaintzen digun material malgu, likido eta iheskorrak gainezka egingo digu ulermenean, deskodetze askatasuna —bere traba guztiekin— ihaurri egitearekin batera.
Goizalba agoniko batean mintzatzen denak behin eta berriro errepikatzen du bere buruaz beste egiteko asmoa, gaixotasunaren garaipena. Erabiltzen duen hizkera eskizofasiak eraginda dago askotan eta, horregatik, sintaxiaren eta esanahiaren arteko ahokatzea lausotzen zaio hartzaileari. Sarah Kane egunero esnatzen omen zen 4.48an gaixo zegoela: ordu horretan, testuko protagonistak dio bere burua senera etorrita antzematen duela. Une horretako ilunbeltzean sen horrek zentzutasun argi izpi batzuk marrazten ditu airean. Jatorrizko testuan poesia entzuten da berba mingarrien artean, soinuek jolasten dute errepikapenekin, errimekin; puntuazioa agertu eta desagertzen zaigu ezkutaketan. Hitz zurrunbiloak daude gaueko zeruan, su artifizialek duten distira berekoak. Kontraesanak eta kontrasteak bizi nahi ditu bere buruaz beste egin nahi duenak, baina mina eta oinazearen gainean irristatzen da.
Hogeita lau eszenaz osaturiko pieza honetan bada ihes egin behar ez digun ironia teatrala. Hasieran gaixoa jendez betetako gela batean dagoela konturatzen da, eta egoera horretan jarraitu nahi duela dio; horretaz gain, amaieran agertokiko oihala altxatzeko eskatzen du. Bizitzaren eta haren errepresentazioaren arteko harremanetan non dago kokatuta 4.48 Psikosia? Zein du abiapuntua? Zer esan nahi digu Sarah Kanek? Bukaerako lerroa zer dugu, “hasiera” ala “amaiera”?
Dena den, 4.48 Psikosia suizidio ohar luze moduan ulertzen badugu ere, maitasun eskaera desesperatua da, lagun etsi baten amodio demanda. Bibliako hitz dotore edota irainetan bideraturik, sendagileen mintzaldi hantusteak edo kaleko hizkera mordoiloa imitatzen, estimatua sentitzeko barru-barruko garrasia dugu, poesiak ematen duen askatasuna ahotsera ekartzen digula.
Gordinak dira bai Zartatua bai 4.48 Psikosia. Antzerki hauek ez dira ez eroso ez atseginak, baina ezinbestekoak antzerkigintzaren historia hobeto ezagut dezagun. Batetik, biak dira 90eko hamarkadako Erresuma Batuko urrezko antzerki aroko lanen adibide, eta bestetik, Sarah Kaneren idazkerak berak garatu zuen aldaketaren isla. Biak ala biak esperimentazioaren eta idazle berrien alde egiten duen Royal Court Theatre Upstairs antzoki publikoan estreinatu ziren bertako programatzaile ausartei esker. Gauzak horrela, sormen artistiko arriskutsuaren alde egiteak prestigioa ekarri diela esan behar da: gaur egungo kritikak aho batez aitortzen baitie nazioarteko errekonozimendua bai antzoki horren ibilbideari bai Sarah Kaneri berari.