Zartatua / 4.48 Psikosia
Zartatua / 4.48 Psikosia
Sarah Kane
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-53-2
Sarah Kane
1960-1996
 
Zartatua / 4.48 Psikosia
Sarah Kane
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-53-2
aurkibidea
 

 

Sar hitza

 

ehaze

 

      Sarah Kane britainiarrak (1971-1999) idatzi zituen antzezlan hauek plazaratzea ez dugu edozein modutan bizi Ganbila bilduma aurrera ateratzeko ahaleginean ibili garen ehazekideok. Alde batetik, gure antzezlanen sortan itzulpenen bidetik estreinakoz abiatzen garelako, eta bestetik, nori eta Sarah Kaneri berari lekua eman diogulako, kritikak antzerki garaikidea ezagutzeko eta ulertzeko ezinbestekotzat jotzen den antzerkigile bati, alegia.

      Horrela, ehazek argi eta garbi utzi nahi du euskal literatura dramatikoen idazleen lanak publikoaren eskura ipintzearekin batera, nazioarteko azken dramaturgiaren berri zabaltzen saiatuko dela Ganbila bildumaren bitartez. Asmoak asmo, zeregin horretarako Zartatua (Blasted) eta 4.48 Psikosia (4.48 Psychosis) antzezlanen testuak aukeratu ditugu, bertako proposamenak —batez ere dramaturgia ulertzeko era— ez direlako usu ikusgai izaten gurean, eta baita ere ohikoa dugun komediarako joeratik guztiz aldentzen gaituelako. Labur-labur esanda, bai Zartatuak bai 4.48 Psikosiak ondo irudikatzen digute zer den teatro postdramatikoa, eta hortik darizkie haien garrantzia, lilura eta zailtasunak.

      Gaiak ez dira batere samurrak, hizkuntza ez da gozoa eta askotan bortxatzen da sintaxia. Lehenbiziko testuan, errealitatearen ankerkeriak neurriz kanpokoa dirudi eta, bigarrenean, anbiguotasuna eta iluntasuna, gaixotasun mental larriak ekartzen duen oinazean nagusitzen zaizkigu. Bi antzezlanetan umore zipriztinak eta ironia egon badaude ere, ez digute arintzen batak zein besteak helarazten diguten protagonisten egia gordina: abusu eta bortizkeriaren katearen gainean zapuzten dela askoren bizitza, eta, sufrikarioarekin amaitzeko, heriotzak bakea ekarriko digulako ideia setatia.

      Sarah Kanerena bezalako lanak euskarara ekarrita, bidenabar, bidea erraztu nahi diegu euskaratik oholtzara dramaturgia berrien bidetik egin nahi duten antzerki ikasle eta sortzaileei, mundu osoan eragina izan duten egileen antzezlanak euskaraz jasotzeko aukera bermatuz.