Leviatana
Leviatana
Joseph Roth
itzulpena: Edorta Matauko
1998, narratiba
96 orrialde
84-86766-82-6
azala: Wild
Joseph Roth
1894-1939
 
Leviatana
Joseph Roth
itzulpena: Edorta Matauko
1998, narratiba
96 orrialde
84-86766-82-6
aurkibidea
 

 

VIII

 

Eta Progrodyra jo zuen, etxera, eta joan zen ezkutuan eta isilgordean Benjamin Broczyner-engana, bidai-agentzia eduki eta emigratzaileei ontzi-txartelak saltzen zizkienarengana. Batik bat desertoreak eta judu oso behartsuak gerturatzen zitzaizkion, Kanadara edo Amerikara emigratu nahian zebiltzanak, eta haien bizkar bizi zen Broczyner. Hamburgeko ontzi-konpainia baten ordezkaritza zeraman Progrodyn.

        — Kanadara joan nahi dut! —esan zuen Nissen Piczenik koral merkatariak—. Ahalik eta arinen.

        — Hurrengo ontzia Fénix duzu eta hamabost egun barru irtengo du Hamburgetik. Ordurako zuzenduko ditugu paperak —esan zuen Broczynerrek.

        — Ederki, ederki —erantzun zuen Piczenikek—. Ez inori aipa ezer.

        Eta etxeratu zen eta koral guztiak, egiazkoak, gorde zituen esku-kutxan.

        Zeluloidezko koralak, berriz, samovarreko kobrezko euskarriaren gainean ipini zituen, su eman zien eta begira geratu zen nola suntsitzen ziren gar urdinska eta kirasdunetan. Luze jo zuen, hamabi pud sasi-koral baino gehiago ziren eta. Hondarrean geratu zen izugarrizko nahaspila, errauts kiribil beltzarreena. Eta gela erdian petroliozko kriseiluaren inguruan bihurka eta kiribilka zebilen zeluloidearen ke arre-urdinska. Honela egin zion Nissen Piczenikek bere sorterriari azken agurra. Apirilaren hogeita batean ontziratu zen Hamburgen Fénix baporean zubiarteko pasaiari gisa.

        Lau egun zen ontzia bidean, katastrofea gertatu zenean: menturaz oraindik oroituko dira batzuen batzuk.

        Berrehun pasaiari baino gehiago hondoratu ziren Fénix-arekin batera. Ito egin ziren, noski.

        Haatik, Nissen Piczeniki dagokionez, orduan ere ezinbestean amildu zena, ezin da esan ito zenik erabat gainontzekoak bezala. Aitzitik —kontzientzia osoz esan daiteke hau— etxera itzuli zen bere koralengana, ozeanoaren hondora, Leviatan ahaltsua bihurrika dabilen lekura.

        Eta sinetsi nahi izatera gizon baten kontaera, mirariz —esan ohi denez— heriotzari ihes egin zion batena, esan behar dugu Nissen Piczenikek, salbamendu-txalupak bete baino lehen, kareletik uretara bere burua jaurti zuela bat egitearren bere koralekin, bere egiazko koralekin.

        Niri dagokidanez, gogo onez sinesten dut. Nissen Piczenik ezagutu nuen eta fede ematen dut bere tokia koralen artean dagoela eta ozeanoaren hondoa duela aberri bakarra.

        Bertan bego bakean Leviatanaren ondoan Mesiasaren etorrera arte.