Leviatana
Leviatana
Joseph Roth
itzulpena: Edorta Matauko
1998, narratiba
96 orrialde
84-86766-82-6
azala: Wild
Joseph Roth
1894-1939
 
Leviatana
Joseph Roth
itzulpena: Edorta Matauko
1998, narratiba
96 orrialde
84-86766-82-6
aurkibidea
 

 

VI

 

Progrodyra, etxera itzuli zenean, konturatu zen gutxienez ehun eta hirurogei errublo falta zituela, bidai-gastuak barne. Alabaina emazteari, eta zertan hain luze kanpoan galdetzen zioten gainerako guztiei, Odesan 'negozio garrantzizkoak' eginak zituela erantzuten zien.

        Garai hartan hasi zen uzta sasoia, eta nekazariak ez ziren hain maiz etortzen azoka egunetan. Urtero bezala aste horietan isilago bilakatu zen koral merkatariaren etxea. Sortagileek jadanik arratsapalean uzten zuten haren etxea. Eta gauean, sinagogatik bueltan, Nissen Piczeniki ez zion gehiago itxaroten neska politen kantu argiak, bere emazteak, ohiko tipula eta errefau platerak eta kobrezko samovarrak baizik ez.

        Hala eta guztiz —Odesan emandako egunak gogoan, tratu kontutan haien alfertasunaz berak beste inork ez zuen ideiarik— udazken egunetako betiko arauetara makurtu zen Piczenik koral merkataria. Buruan zebilkion jada, hilabete batzuk beranduago berriro negozio garrantzizkoen aitzakia jarri eta beste portu-hiri batera bidaia egitea, Petersburgera kasu.

        Beharren betetzeari ez zion beldur izan behar. Urte luzeen joanean koralak salerosten aurrezturiko diru guztia korrituak ematen ari zen etengabe Pinkas Vartxavsky mailegu emailearenean, judu elkarteko lukurari errespetatua, zor guztiak gupidagabe kobratu, baina korritu guztiak garaiz ordaintzen zituena. Gorputzaren beharrei ez zien beldur izan behar Nissen Piczenikek; gainera seme-alabarik gabea izaki, ez zuen ondorengoen begiratu beharra. Zergatik ez bidaiatu orduan portu ugarietako batera?

        Beraz, koral merkataria hurrengo udaberrirako berekiko planak egiten hasi zen, eta halako batean Sutxky auzo-hirixkan ezohiko zerbait gertatu zen.

        Hirixka honetan, Nissen Piczenikek sorterri zuen Progrody bezain txikia, egun batean, ordura arte eskualde osoan inork ikusi gabeko gizon batek koral denda bat ireki zuen. Gizon hark Jenö Lakatos zuen izena eta, laster jakin izan zenez, Hungariako lurralde urrunetik zetorren. Hitz egiten zuen errusieraz, alemanez, ukraineraz, baita polonieraz ere egokituz gero eta baten batek, halabeharrez, nahi izan balu, frantsesez, ingelesez eta txineraz ere hitz egingo zukeen Lakatos jaunak. Gizon gaztea zen, ile leun, beltzurdindua eta lekedatua... bide batez esanda, gizon bakarra eskualde guztian leporde gogor-hormatua, gorbata eta urrezko kirteneko makilatxoa zeramatzana. Gizon gazte hau aste batzuk lehenago iritsi zen Sutxkyra, bertan adiskidantza egin Nikita Koljin harakinarekin eta harekin tratu izan zuen aldi batez, harik eta, Lakatosekin batera, koral negozio bat irekitzeko erabakia hartu zuen arte. Enpresaren errotulu gorrimina gora mintzo zen: N. Koljin & Compagnie.

        Denda hartako erakusleihoan dirdira egiten zuten koral gorri akasgabeek, Nissen Piczeniken harriak baino arinagoak inondik ere, baina askoz merkeagoak ordea. Koral sorta eder batek errublo eta erdi balio zuen, baziren idunekoak hogei, berrogeita hamar eta laurogei kopeketan. Salneurriak dendako erakusleihoan jarrita zeuden. Eta, inor denda aurretik gelditu gabe pasa ez zedin, egun guztian kanta alai zalapartatsuak jotzen zituen fonografo batek. Hirixka guztian entzuten ziren eta urrutiago inguruko herrietan. Egia esan Sutxkyn ez zegoen azoka handi bat, Progrodyn bezala. Hala eta guztiz ere —eta uzta sasoia izan arren— nekazariak Lakatos jaunaren dendara hurbiltzen ziren, kantak entzun eta koral merkeak erostera.

        Lakatos jaun hura aste batzuez bere merkataritza erakargarrian jardun izan ondoren, egun batean nekazari aberats bat agertu zen Nissen Piczenikenean eta esan zion: «Nissen Semionovitx, ezin dut sinetsi hogei urte daramazula ni eta beste hainbat engainatzen. Eskerrak orain baden Sutxkyn gizon bat, koralezko idunekorik ederrenak salgai dauzkana, berrogeita hamar kopek sorta bakoitzeko. Emazteak hara joan nahi zuen... baina pentsatu dut, aurrena galdetu behar nizula, Nissen Semionovitx».

        — Lakatos hori —esan zuen Nissen Piczenikek—, lapurra eta iruzurtia da segur. Bestela ezin uler ditzaket bere prezioak. Baina neroni joango naiz hara, zure autoan eraman nahi banauzu.

        — Ederki! —esan zuen nekazariak—. Etsi egizu zeuk.

        Hala bada, joan zen koral merkataria Sutxkyra, egon zen pixka batean erakusleihoan, entzun zituen denda barrutik kanporatzen ziren kanta zalapartatsuak, azkenean sartu eta Lakatos jaunarekin hizketan hasi zen.

        — Neu ere koral merkataria nauzu —esan zuen Nissen Piczenikek—. Hamburg, Odesa, Trieste, Amsterdametik datoz nire salgaiak. Ez dut ulertzen, zergatik eta nola saltzen dituzun hain koral merke eta ederrak.

        — Zu belaunaldi zaharrekoa zara —erantzun zuen Lakatosek— eta, barkaidazu esamoldea, pixka bat zaharkitua.

        Bizkitartean Lakatos atera zen salmahaiaren atzetik, eta pitin bat herren zebilela ikusi zuen Nissen Piczenikek. Begibistakoa zuen ezkerreko zangoaren motza, ezkerreko botan takoi bat baitzeraman eskuinekoa baino halako bi altuago. Usain bizi burtzoragarria zerion, eta nekez atzeman zitekeen non arrano zegoen gorputz mehe hartan lurrin haren guztiaren iturburua. Beltzurdindua zuen ilea gauaren antzera. Eta bere begi ilunak, hasieran eztitsutzat har zitezkeenak, gutxika-gutxika izekiz zihoazkion hain gartsuki, ezen gorriune bitxi batek argi egiten zuen beltzaren erdian. Bibotetxo beltz kizkurraren azpian irri egiten zuten, zuri eta dirdaitsu, Lakatosen xagu-kikek.

        — Eta? —galdetu zuen Nissen Piczenik koral merkatariak.

        — Eta bai —esan zuen Lakatosek—. Gu ez gara zoroak. Gu ez gara itsas hondoetara jaisten. Guk honenbestez koral artifizialak egiten ditugu. Nire enpresari deritza: Lowncastle Anaiak, New York. Budapesten bi urtez egin dut lan arrakastaz. Nekazariak ez dira ezertaz ohartzen. Ez Hungariako nekazariak, eta Errusiako nekazariak are gutxiago. Koral eder, gorri, akasgabeak nahi dituzte. Hemen dira. Merkeak, ederrak, ikusgarriak. Ba al da gehiago eskatzerik? Egiazko koralak ezin izan hain ederrak!

        — Zerez eginak dira zure koralak? —galdetu zuen Nissen Piczenikek.

        — Zeluloidez, ene adiskidea, zeluloidez! —deiadar egin zuen Lakatosek pozez zoratzen—. Ez niri deus esan teknikaren kontra! Begirazu: Afrikan goma zuhaitzak hazten dira, gomatik kautxua eta zeluloidea egiten da. Naturaren kontrakoa al da hau? Goma zuhaitzak ez al dira koralak bezain naturalak? Afrikako zuhaitz bat ez al da itsas hondoko koral zuhaitz bat bezain naturala?... Orduan, zer diostazu?... Egingo al ditugu negozioak elkarrekin?... Hartzazu erabakia!... Urte baten buruan, nire konkurrentziaren ondorioz, galduak izango dituzu bezero guztiak, eta zure egiazko koral guztiekin itsas hondora joan beste aukerarik ez duzu izango, harri koxkor ederrak datozen aldera. Esaidazu: bai ala ez?

        — Emaidazu bi eguneko epea —esan zuen Nissen Piczenikek.

        Eta etxera joan zen.