Leviatana
Leviatana
Joseph Roth
itzulpena: Edorta Matauko
1998, narratiba
96 orrialde
84-86766-82-6
azala: Wild
Joseph Roth
1894-1939
 
Leviatana
Joseph Roth
itzulpena: Edorta Matauko
1998, narratiba
96 orrialde
84-86766-82-6
aurkibidea
 

 

III

 

Urtetik urtera, Nissen Piczenik kontentagaitzago sentitzen zen bere bizimodu baketsuaz, Progrody hirixkan inor ohartu gabetanik egon arren. Judu guztiak bezala koral merkataria ere egunean bitan, egunez eta gauez, sinagogara joaten zen, barau egunetan barau egiten zuen, filakteriak eta otoitz-mantua janzten zituen, soinaren goialdea kulunkatzen zuen, jendearekin mintzo zen, hitz egiten zuen politikaz, gerra errusiar-japoniarraz, eta oro har egunkarietan agertzen zen eta mundua astintzen zuen guztiaz. Baina bihotzean itsaso-mina, koralen aberriko mina zeraman, eta astean bitan Progrodyra iristen ziren egunkarietan lehenik eta behin itsasoko albisteak izan zitezkeenak irakurtarazi egiten zituen, berak ezin zituen deszifratu eta. Koralez bezainbeste, oso ideia berezia zeukan itsasoaz. Jakin bazekien munduan itsaso asko zirela, baina Amerikara joateko zeharkatu beharrekoa zen egiazko eta benetako itsasoa.

        Eta halako egun batez gertatu zen, Alexander Komrover, fustan merkatariaren semea, hiru urte lehenago soldadutzara joana Itsas Armadara, etxera itzuli zela baimen labur batez. Koral merkatariak Komrover gaztearen itzuleraz jakin eta berehala, haren etxean azaldu eta marinelari hasi zitzaion itsasontzien, uraren eta haizeen sekretu guztiez galdezka. Nahiz eta Progrodyn mundu guztia sinetsita egon Komrover gazteak ergelaren ergelez soilik utzi izan zuela bere burua arriskuz bete ozeanoetara lerratzen, koral merkatariak gazte pribilegiatutzat jotzen zuen marinela, egokitua zitzaion-eta nolabait, koralen lagun mina, bai, koralen ahaidea izateko ohorea eta zoria. Eta ikus zitezkeen berrogeita bost urteko Nissen Piczenik eta hogeita biko Komrover besotik hartuta hirixkako azoka-plazatik paseatzen, ordu luzez. «Zer nahiko ote du Komroverrengandik?» galde egiten zuen jendeak. «Zer nahi ote du benetan nigandik?» galde egiten zuen halaber gazteak.

        Gizon gazteak Progrodyn igaro behar zuen baimenaldi osoan, koral merkataria ez zitzaion ondotik ia batere aldendu. Bereziki arraroak egiten zitzaizkion gazteari zaharragoaren galderak, honako hauek esate baterako:

        — Largabistaz ba al dago itsas hondoa ikusterik?

        — Ez —esaten zuen marinelak—, largabistaz urrunera bakarrik ikus daiteke, baina ez sakonera.

        — Ba al dago —galdetzen zuen ostera Nissen Piczenikek—, marinel izanda, itsas hondora erortzen uzterik?

        — Ez —esaten zuen Komrover gazteak—, itotzen dena bai, hori urperatzen da itsas hondoraino.

        — Kapitainak ere ezin du?

        — Kapitainak ere ez.

        — Inoiz ikusi al duzu urpekariren bat?

        — Noizbait bai —esaten zuen marinelak.

        — Igotzen al dira inoiz itsasoko animaliak eta landareak ur gainera?

        — Arrainak bakarrik eta baleak, hauek egiaz arrainak ez badira ere.

        — Esaidazu —esaten zuen Nissen Piczenikek—, zeren antza du itsasoak?

        — Urez beteta dago —esaten zuen Komrover marinelak.

        — Eta lurralde handi bat, konparazio batera, etxerik gabeko lautada handi bat bezain handia al da?

        — Hura bezain handia, eta askoz gehiago!
—esaten zuen marinel gazteak—. Eta zuk diozun bezalakoa da: lautada handi bat, eta han-hemenka etxeren bat ikusten da, baina oso bakanka, eta ez da etxe bat, itsasontzi bat baizik.

        — Non ikusi dituzu urpekariak?

        — Guk dauzkagu urpekariak —esaten zuen gazteak—, Itsas Armadan. Baina ez dira urperatzen perlak, ostrak edo koralak arrantzatzeko. Ariketa militarra da, esate baterako gerra itsasontzi bat hondoratu eta baliozko tresna edo armak berreskuratu behar izatekotan.

        — Zenbat itsaso dago munduan?

        — Hori ezin dizut esan —erantzuten zuen marinelak—, saio teorikoetan ondo ikasia dugu hori, baina ez diot jaramonik egin. Nik bakarrik ezagutzen ditut Itsaso Baltikoa, Ekialdeko Itsasoa, Itsaso Beltza eta ozeano handia.

        — Zein da itsasorik sakonena?

        — Ez dakit.

        — Non daude koral gehienak?

        — Hori ere ez dakit.

        — Um, um —esaten zuen Piczenik koral merkatariak—, tamala, zuk ez jakitea.

        Hirixkako ingurumarian, non Progrodyko etxetxoak gero eta kaskarragoak bihurtzen ziren finean guztiz desagertu arte eta geltokiko etorbide zabal eta konkorduna hasten zen, Podgorzev-en taberna zegoen, izen txarreko etxe bat, laborariek, jornalariek, soldaduek, neska kaskarin eta mutil lotsagabeek maiztua. Egun batean, Piczenik koral merkataria hara sartzen ikusi zuten Komrover marinela lagun zuela. Ezti-ur bizi, gorrilun bana eta ilar gaziak zerbitzatu zizkieten. «Edan, gazte! Jan eta edan, gazte!», aitatiar esan zion Nissen Piczenikek marinelari. Honek jan eta edan egin zuen gogotsu, gaztea izanagatik ere, zertxobait ikasia baitzen portuetan, eta ezti-uraren ostean ardo txar garratzaren txanda iritsi zen eta ardoaren ostean laurogeita hamar graduko pattarra. Ezti-ura edaten zuen artean, hain zegoen isil, ezen koral merkataria beldur izan zen, atzera besterik entzungo ote zuen marinel harengandik urei buruz, haren ezaupideak hainbestean ahituta zirelakoan. Hala ere, ardoaren ostean, Komrover txikia Podgorzev tabernariarekin hizketan hasi zen, eta laurogeita hamar graduko pattarra iritsi zenean, garrasi betean jardun zuen doinu txikiak kanta-
tzen bata bestearen atzetik, marinel petoen antzera. «Gure herri xulokoa al zaitugu?» galdetu zion tabernariak. «Jakina, zuen herriko seme... nire... gure herri xulokoa» esan zuen marinelak, hain zuzen, Komrover judu gibel-handiaren semea izan ordez, goitik-beherako laborari gaztea balitz bezala. Alproja eta arlote batzuk mahaira eseri ziren Nissen Piczenik eta marinelaren ondoan, eta gaztea, publikoa zuela ikusirik, ezohiko duintasun baten jabe sentitu zen, bere ustez Itsas Armadako ofizialek bakarrik eduki zezaketen duintasun baten jabe. Eta jendea xaxatu zuen: «Galdeidazue, umetxoak, galdeidazue ba! Zernahiri erantzuteko moduan naukazue. Ikusi, ene osaba kuttun hau, honezkero ezagutuko duzue, Gobernupeko osoan koral merkataririk onena duzue, hari gauza mordoa kontatu diot dagoeneko!». Nissen Piczenikek buruaz baietz. Eta lagunarte hartan eroso ez zenez, ezti-urak bata bestearen atzetik edaten ziharduen. Pixkanaka, urkabe aurpegi haiek guztiak, ordura arte ateko argizulotik baino ikusita ez zituenak, berea bezain gizatiarrak azaldu zitzaizkion. Haatik, zuhurtzia eta mesfidantza sendo errotuta zituenez bihotzean, patiora irten eta zilarrezko txanponen poltsatxoa ezkutatu zuen txapel azpian. Sakelan txanpon xehe batzuk baino ez zituen gorde. Gustura bere burutazioagatik eta txapelaren azpian kaskezurraren kontra poltsatxoak zeragion presio lasaigarriagatik, ostera mahairatu zen. Nolanahi ere, aitortu behar zuen bera ere ez zela segur, zergatik eta zertarako zegoen han tabernan marinelarekin eta lagun dongeokin. Bizitza osoa emana zuen era apal eta zuhurrean, eta marinela heldu arte eta hain zuzen une hartaraxe arte inoiz inori aitortu gabea zeukan argiro bere ezkutuko maitasuna koralekin eta haien aberri ozeanoarekin. Eta gertatu ere gertatu zen Nissen Piczenik biziki izutu zuen zerbait. Berak, irudi bidez pentsatzen batere ohituta ez zenak, orduan bertan izan zuen irudipena, itsaso-min ezkutua eta uren gainean eta azpian bizi eta gertatzen zen guztiarena, behingoan bizitzaren azalera heltzen zitzaiola, hala nola aldizka animalia bitxi eta preziatu batek, itsasoaren hondora ohitua eta aberritartua, hondoko zio jakinik gabe ur azalera jotzen duen. Seguru asko ezohiko ezti-urak eta marinelaren kontaketek ernalduriko fantasiak esnarazi zuten irudi hura koral merkatariarengan. Guztiarekin, are ikaratu eta harrituago zen halako burutazio zoroak eduki ahal izanaz, behin okerreko konpainian tabernako mahai batera esertzeari amore eman izanaz baino.

        Harridura hori eta ikara hori, ordea, ageri zitzaizkion nola-hala kontzientziaren gainazalaren azpian. Bitartean, ezin gusturago aditzen zituen Komrover marinelaren alegiazko kontaketak. «Zer itsasontzitan habil hi zerbitzuan?» galdetu zioten mahai-lagunek. Hark gogoeta egin zuen une batez. Bere itsasontziak XIX. mendeko almirante ezagun baten izena zeraman, baina berea bezain arrunta iruditu zitzaion parada hartarako, eta Komroverrek, zirrara bizia eragin guran, hala esan zuen: «Nire gurutzontziak Amatxo Katalina du izena. Eta ba al dakizue nor zen hura? Horixe ez dakizuela... eta horregatik kontatuko dizuet. Bada, Katalina Errusia osoko damarik ederren eta aberatsena zen, eta horregatik egun batean Errusiako tsarrak hura esposatu zuen Kremlinen, Moskun, eta berehalakoan lera gainean eraman zuen (40 graduko izoztea ari zuen) sei zaldiko batean, zuzen-zuzen Zarskoie Selo aldera. Eta atzetik segizio osoa zerraien leraz, eta hainbat ziren ezen hiru egun eta hiru gauez errepide osoa butxatuta egon baitzen. Astebete berealdiko eztei haien ostean iritsi zen Petersburgeko portura Suediako Errege anker eta bidegabea, zurezko potin irrigarriekin, bertan soldadu asko zeuden ordea (lehorrean suediarrak oso kementsuak baitira), eta suediar hark Errusia guztia konkistatu nahi zuen alajaina. Hala ere, tsarina Katalina denbora galtzeke igo zen itsasontzi batera, hain zuzen nik zerbitzatzen dudan gurutzontzira, eta tiro egin zuen bere eskuez errege suediarraren potintxo ziztrinen kontra, hondoratu arte. Eta hari salbamendu-gerriko bat jaurti zion eta gero preso hartu zuen. Aterarazi zizkion begiak, jan egin zituen, eta horrela bihurtu zen zena baino begizorrotzago. Errege begibakoa, berriz, Siberiara bidali eta...».

        — Et, et —esan zuen orduan alproja batek, garondoan hazka eginez—, borondaterik onenaz ere ezin dizut deus sinetsi.

        — Hori errepikatuz gero —ihardetsi zion Komrover marinelak—, irain egingo diozu Errusiako Itsas Armada inperialari, eta nire armaz hil beharko zaitut. Jakin behar duzu kontu hori guztia gure instrukzio saioetan ikasi dudala, eta jaun txit gorenak, Voroshenko gure kapitainak berak kontatu digula.

        Ezti-ur gehiago eta pattar batzuk edan zituzten, eta Nissen Piczenik koral merkatariak ordaindu zuen. Berak ere edan zuen zerbait, ez gainerakoek beste baina. Dena den kalera irten zenean, Komrover marinel gaztearen besotik helduta, kalearen erdia ibai bat zela iruditu zitzaion, uhinek gora eta behera egiten zuten eta petroliozko farol bakanak itsasargiak ziren, eta arreta galtzeke atxiki behar zion ertzari uretara ez erortzeko. Gazteak izugarrizko balantzak egiten zituen. Bizialdi guztian barrena, ia umetandik, Nissen Piczenikek gauero egin izan zituen manaturiko gau otoitzak, bata, arrats beheran esan beharrekoa, bestea, ilunpeen hedatzea agurtzen duena. Egun, lehenengo aldiz, biak esan gabe utzi izan zituen. Zerutik deitorez bete distirak igortzen zizkioten izarrek, baina bera ez zen soa altxatzen ere ausartzen. Etxean zain zituen emaztea eta betiko afaria, errefaua luzoker eta tipulekin, eta xerra bat ogi gantzarekin, baso bat kvas eta te beroa. Lotsa handiago zen bere buruaz gainerakoenez baino. Noizetik noizera, hala zihoala, gizon gazte astuna zabuka besotik, iruditzen zitzaion bere burua topatzen zuela —Nissen Piczenik koral merkatariak Nissen Piczenik koral merkataria—, eta barre egiten ziotela elkarri. Zernahi izanik ere, saiatu zen beste inorekin gurutzatzea saihesten. Eta baita lortu ere. Etxera lagundu zion Komrover gazteari, sarrarazi zuen Komrover zaharrak esertzen ziren gelara, eta esan zien: «Ez honekin haserretu, elkarrekin egon gara tabernan, pixkat eman dio zurrutari».

        — Berori, Nissen Piczenik, koral merkataria, honekin egon da tabernan? —galdetu zuen Komrover zaharrak.

        — Bai, ni! —esan zuen Piczenikek—. Gabon!

        Eta etxera joan zen. Artean lau mahai luzeetara eserita zeuden sortagile polit guztiak, kantari eta koralak arrantzatzen orratz finen bidez beren esku trebeetan.

        — Egidazu tea berehala —esan zion Nissen Piczenikek emazteari—, lan egin behar dut.

        Eta hurrupaka edan zuen tea, eta bere hatz beroak artean sailkatu gabeko koral mordoetan murgildurik euren arrosantzeko freskura ongilean haztaka zebiltzalarik, bihotz gizagaixoa alderrai zebilkion ozeano itzeletako bide zabal eta burrunbatsuetan gaindi.

        Eta borborrak eta burrunbak hartua zioten kaskoa. Halarik ere, zuhurtziaz beterik txapela erantzi, diru poltsatxoa atera eta bularrean ezkutatu zuen ostera.