Aurkibidea
Aitzinsolasa
Rikardo Arregi Diaz de Heredia
1927 - 1932
1933 - 1938
1939 - 1947
1948 - 1957
"Poesiarik benetakoena itxurakeriarik handiena"
1958 - 1973
Aurkibidea
Aitzinsolasa
Rikardo Arregi Diaz de Heredia
1927 - 1932
1933 - 1938
1939 - 1947
1948 - 1957
"Poesiarik benetakoena itxurakeriarik handiena"
1958 - 1973
ESKERRIK ASKO HABITAT BATENGATIK
3 - HAITZULO ERAIKIA
Hau eta hau bezalako leku itxien arketipoa Weland's Stithy
litzateke, logela bera
baino pribatuagoa, ez amoranteak ez neskameak
ez dira ongietorriak hemen, logelako
sekreturik gabea, ordea: Olivetti portablea,
hiztegiak (diruaz
eros daitezkeen onenak), paper pilak, argi dago
hemengo iharduna. Lore
edo sendi-erretrato barik, funtzioaren
mende dago oro, diseinatu baitzuten
esnametsak uxatzeko leihoak etxebizitza balizkoetatik
urrun daude eta erloju bat konpontzeko
adina argi sartzen zaie eta belarria zorrozteko: kanpotiko
eskailera batez loturik, etxeko
zarata eta usainak, munduaren zurrunbilo naturala
iraungi egiten dira. Hemen isiltasuna
objetu bihurtu da.
Louis, [1] artean jendaurrean zeundelarik
erakutsi nahi nizukeen,
bai etxea bai lorategia ere: emakume eta Donegal-en [2] maitalea,
zure perspektibatik nik ikusibakoak
antzemango zenituzkeen, eta era berean ikasle baten arretaz
entzungo nire xehetasunak (adibidez
lau milia ekialderantz, oholesi batean, Babaria
Karolingioa bukatu egiten zen, harantzago
nomada ezaguezinak) adiskide, aukera pertsonalez
bilakatu ginen, baina patuak ordurako,
aldemen egin gintuen. Biok gramatikatzat jarauntsi genuen
ongi mestizatutako ingeles barbaroa
Erromako erretorika eta Erromako grabetateari, hura bai
ergelkeria jasangaitza, erabat makurtu
ez zitzaiona. Gure gurasoek, Horaziorenek ez bezala,
ez zuten sudurra besoaz zintzatzen.
Ez ziren purpura-leinukoak, eta gure aurrekoak, ziur aski
diru gutxigatik ero zitezkeen
menpeko haien artean zeuden. Halaxe munduratuak, biok,
geure buruez kontziente bilakatu ginen
noiz eta Malory-k [3] egin antzera lokomotorak zaldun izendatzean,
Ikasleek Zientziari kiratsa zeritzotenean,
eta Feudoa oraindik politikoki dibinoa zenean:
biok ikusi genuen aztoraturik
isiltasunaren zakua, elizak hutsik, zalduneria
abiatzen, Eredu Kosmikoa
germaniarra bihurtzen eta berez bertutean genuen fedea, izatera,
hil egin zitzaigun, sekula baino gehiago
hor-kanpoko-bizitza ona da, miragarria, maitagarria
baina aurrera, ez Hitler eta Stalin-en ondoren,
ez dugu inoiz geure buruengan sinetsiko: bai baitakigu, sujetiboki,
dena dela posible.
Zuri, hala ere,
iazko udatzenez, Granusion-etik, gure lorategi hezea, irten
eta soseguz Kezkaezaren Erresuman
barneratu zinenetik, balizkoek
ez dizute ardura. Katarro hura
harrapatu ez bazenu sikira, ments ditugun zenduekin aisa
hizketatzen gara, horratik: larridura gabeko horiekin
ez gara herabe, hala eta guztiz ere
kartetan aritzea edo edatea
edo pariztaka ihardutea ezinezko denean, zertara jo
kontzientziaren ahots bihurtu zaizkigun
horiekin hitz egitera baino? Aitzina, geltokitik
ekarri behar ez den bisitaria zarenez,
zure eragina ongi hartuko dut edozein ordu eta lekutan,
bereziki hemen, non izenburuok
POEMAK eta THE BURNING PERCH zure egile senaren
lekukotza ematen duten, zurekin kolaboratu nuen
behin, beste behin Sinposio arraro batean
keinuka aritu ginen berritsu batek
Alienazioaz ziharduen bitartean.
Nor izanen litzateke,
bere gogoz, ahozko kultura bateko bertsolari,
piromano alfabetatu gabe, lodi, eraztun
donatzaile baten jai hordietan laudorio-bertsoak
inprobisatzera beharturik, edo mantenua Printze Barroko baten
kasketaldien menpe eduki eta bere ipotxa
gisa libertierazi? Azken finean, pribilegiotzat joko dut
trafiko izugarriaren artean
arte inpopular hau zerbitzatzea zeina ezin den bihurtu
ikasteko zarata,
edo eskegi exekutibo garaileen estatus-ikur gisa
ezin dena «akabatutzat» jo Venezia bezala,
edo laburtu Tolstoi bezala, egoskor tematzen baita
berean, ignoratu ala irakurri: gure bezero
urriek, gutxienez, baladak egin ditzakete (krudela da
herri garatugabeak ahaztea, baina
belarri gosea suburbanoaren optimismoa bezain gor dateke:
sabelari hindu integroak bakarrik
mintzo zaizkio egiarekin). Arbasoek oraindik
aditzeko gai den gure hondoaren bekaitz izan daitezke:
Nietzsche-k esan bezala plebeak gero eta
sarriago daude, optimateak
gero eta ernaiago. (Egun, baita Talleyrand-ek [4] ere
naif lirudike, hain gauza gutxiri
hartu behar zion neurria). Gustatuko litzaidake, ahal balitz,
Goethe atlantiko ttiki bat bihurtzea,
harri eta eguraldiarekiko atxikimendu berdinez baina
bere Gurutzearekiko ergelkeria barik, asperra batzutan,
Hitza, hoberenera, argi isilaren itzalezko oihartzun,
bera ez den Egiaren lekukoa izan zitekeela bazekien,
nahi zuen Hitza Egia izan zedin, halaber, kantari frantziar
huts saldo hori izateko
gai ez den bezala. Ez gara musikoak: Poesia sunda izatea
ez da ederra, eta aspergarri izatea
ez da gizalegekoa. Limerick-ak [5] ere
irakurgai mezpretxaezin beharko luke
minbiziz edo afusilamendu pelotoian heriotzaren zain
dagoenarendako: (kinka horretan
ni ez nintzaioke inori mintzatzen ausartuko
ez profetaren orroz
ez diplomatikoaren xuxurloz).
Gure misterioa barnetik
ezagutzen duzunez eta beraz
gure etzangu bakartietan zenbat behar dugun
gure zendu onen laguntza, egun beltzetan
izana, ezereza pila batean abandonaturik,
entitateeza denean kontsola gaitzaten,
gure ezpain karrankari eta kalakarietako
iratxoak gurekin nahi dutena idaztean
gure buruen sorgindura hauts dezaten,
ez gaizki hartu koktel-ordura arte
nire alboan egon zaitezen eskatzen
badizut: Itzal maitea, zure elegiatzat
zure pareko zeozer moldatu beharko nukeen,
ez monologo egozentriko hau
baina onartzazu adiskide ginelakoz.
6 - ETXEAREN GEOGRAFIA
Gosari ondoren azulejo
Zuriko txabolan eserita
Arabeek denok bisitatzen dugun
Etxea deritzoten honetan
Malenkoniatsuek ere
Goresten dute Andere
Natura, damaizkigun
Plazer arruntengatik.
Sexoa ametsa baino ez da
Hirurogeitamarretik gorakoentzat,
Ordea, bizarra egin arte
Utzitako gozamena:
Ahoaren atsegina sukaldariaren
Araberakoa da, baina
Hau sehaskatik hilobiraino
Bermatzen du horrek.
Pixontzia uztean
Entzuten dituzte umeek
Beren lehen gorespen
Hitz mundutiarrak amengandik:
Horretara, goiza gogara
Libratuz hastea seinale ona da
Gure heldu-bizi osoan.
Errebelazioa erreserbatuan
Etorri omen zitzaion Lutero-ri
(Gurutzegramak betetzen dira horrelakoetan),
Rodin ez zen ergela gero,
Bere Pentsalaria,
Sakonki kogitatzen,
Gizonaren komuneko
Jarreran zizelkatu zuenean.
Artistarentzat pribatu den
Egitearen ur-ekintza horretatik
Dator arte oro:
Beren egile-bizitzak aukeratu
Bideetako borroketan xahutzen dira
Des-narzisotutako zimaur-iraunkorra ekoizten.
Ez zuen Freud-ek asmatu
Idorreriaz jotako errukarria:
Bankuek fatxadetan
Posta-kutxak dauzkate
Gaueko Sarrerak diotenak,
Baloreak, solidoak ala likidoak dira,
Nazioen dibisak
Bigunak ala gogorrak.
Ama orokorra, eduki itzazu
Gure erraiak kupidaz
Zabalik bizi osoan
Buruak ere purgatu:
Emaiguzu amaiera eztia,
Ez bigarren haurtzaroa,
Handiputza, esfinter ahulekoa,
Hotel merkeren batean.
Manten gaitzazu gure estazioan:
Diruzale bihurtzean,
Goi-Pentsamendugintzara
Lerratzear gaudelarik,
Bidal ezazu irudi zapuzgarriren bat,
Pixagurez larrituriko Profeta
Handi baten min-karantza mina, esaterako.
(Ortodoxiak estolderia modernoa
Bedeinkatu beharko luke:
Swift eta San Agustin
Bizi ziren mendeetan
Sudurretako ongarri-
-Kirats ahalguztiduna
Eztabaida-gako erabakiorra
Zen Manikeoen alde.)
Gogoa eta gorputza
Egutegi ezberdinen ariora dabiltza:
Hona goizeroko bisita
Egin artean ezin utzi
Ditugu atzoko
Ardurak atzean
Kemen osoz aurre egin
Heldu denari.
9 - LAGUNENDAKO SOILIK
Gurea eta ez gurea, apartatua
Adiskidantzari eskainitako aldarea bailitzen,
Hutsik eta isil urteko hilabete gehienez,
Gela hau bisitari gisa ekar
Dezakezunaren zain daukazu,
Zure bizitzako asteburu bat,
Aurrealdea traktorrek landu azukre-arbi soroz,
Atzealdea baso ordenatuz babesturiko etxe honetan,
Zure anfitrioi maratzek beren zereginei ekiten diete,
Herensugeak edo erromantzea aurkitzeko
Aukera gutxi duzu hemen: Drama premian bazeunde,
Ez zinatekeen etorriko.
Liburuak bai ditugula ia edozein
Literatur aldarterako, eta papera, gutunazalak,
Idatzi zalearentzat (seiloak maileguan eskatzea
Ez da gizalegeko):
Bazkari eta te tartean, akaso autoz txango bat,
Afari ondoren, musika edo berriketa.
Arazoak bazenitu (maskotak hil egin ohi dira
Amoranteak beti portatu ohi dira gaizki)
Eta aitortza lagungarri balitzaizu, entzungo genuke,
Aztertu eta aholku eman:
Aipatzeak min egitera,
Ez gara kuskusero izanen.
Erraza hasieran adiskidantzaren lengoaia,
Berehala ohartzen gara, zaila
Da ongi mintzatzen, sendirik gabeko
Hizkuntza, haurtzaindegi edo logelako
Mordoiloekin, kortesau-errima
Edo artzain prosarekin antzik gabea,
Eta, maiz mintzatu ezean, herdoildu egiten da.
Distantzia eta betebeharrek urruntzen gaituzte,
Baina ausentzia ez dadila hutsala suerta,
Gure elkartzeaz zinezko parada
Egingo badugu. Etorri ahal duzunean:
Zure gela prest egonen da.
Tum-Tum [6] erresuman gaileta kutxa
Ohe ondoan gau-mamurketa
Ziurtatzeko. Egun armak aldatu egin dira,
Eta apetitoen usadioa:
Hortxe ur-mineral botila, eki-bainuzale
Kaloria-zenbatzaileentzat.
Felicissima notte! Oheratzearekin bat
Dagizula amets atsegina, zaude ziur
Zure aurretik hemen lo egindakoa ere
Gustoko genuela,
Gure lagunartean
Ez dagoela zu bezalako bi.
[1] Louis: Louis MacNeice, Audenen belaunaldiko poeta.
[2] Donegal: Irlandako konterria.
[3] Malory: sir Thomas Malory (1408-1471), Arturo erregeren kondaira idatzi zuen idazle ingelesa.
[4] Talleyrand: politiko frantziarra (1757-1838); politiko intrigante eta azpijoko zalearen eredu.
[5] Limerick: Ingalaterrako herri poesia mota.
[6] Tum (edo Atum): arratseko eguzkiaren jainko egiptiarra.