Aurkibidea
Mustur gogorra
Arturo Ambrogi
Sorpresa
Pedro Rivera
Centerfielderra
Sergio Ramirez
Aintzazko minutuak
Ngugi wa Thiong'o
Bake zibila
Chinua Achebe
Kafea biderako
Alex La Guma
Uzta
Bui Hien
Kabareta
Nguyen Sang
Aurkibidea
Mustur gogorra
Arturo Ambrogi
Sorpresa
Pedro Rivera
Centerfielderra
Sergio Ramirez
Aintzazko minutuak
Ngugi wa Thiong'o
Bake zibila
Chinua Achebe
Kafea biderako
Alex La Guma
Uzta
Bui Hien
Kabareta
Nguyen Sang
UZTA
Bui Hien
Itzulpena (espainieratik): Haizea
Literatura, denon lana dela, aldarrikatzen zuten frantziar kolonialismoaren aurka armatan altxatutako intelektualek 1950garren urteetan. Hegoaldeko Vietnamen edizio ezkutuak, baina-eta masiboak egiten ziren. Alfabetatzeari lotutako lanak. Fronte-poema eta errelatoak. 1954ean lehenbizikoz, Herri Armadak, Nhu.ng ky niem sdu sac trong doi bo doi izenarekin (gure zeinu eskasez transkribitua, esan nahi baita: («Hire soldadu bizitzako esperientziarik oroitgarriena»), lehiaketa bat antolatu zuen. Lehiaketa horretara, 1959an, kasu, 34.000 testu aurkeztu ziren. Gustukoenak-edo hartu eta sortetan publikatzen zituzten, 20-30.000 aletako tiradetan. Eta eskola horretantxe hezi ziren gaur egungo Vietnam barruko idazle (zaharrik) onentsuenetakoak. Idazle horietarikoa dugu Bui Hien, Uzta-ren autorea, bere burua errealitatearekin arras konprometituta sentitzen zuen autorea.
Pivert tenienteak, guarnizio buruak, Quy Song baserriko alkatea ekarrarazi zuen itzultzailearen ahotan esateko:
Bihartik hasita berrogeita hamar cooli ekarriko duzu goarniziora. Beharra dago beraientzat. Gazte eta sendoak izan behar dute. Pikotx eta aitzurrez etorri behar dute, lauehun banbuz eta berrehun azao lastoz etxea teilatzeko. Bakoitzak bostehun gramo arroz jasoko du. Lastoa eta banbua eman ahala ordainduko zaie. Aditu duzu?
Epea eskain iezadazu, gorentasun hori esan zuen alkateak buruan hazka eginez.
Pivertek, segituan, haserrea azaldu zuen:
Epea? Brometarako gogoa daukazu? Dagoeneko arroz garauak landetan heltzen ari dira. Lehortegia eta bihitegia prestatu behar ditugu. Oraingoan ezin utz dezakegu ale bakar bat bera ere Viet Minh-en hesteontzian buka dadin.
Gero, alkateari erantzuteko astirik eman gabe, baretzen ahalegindu zen:
Auzi honetan esan zuen zure baserriak ez du ezer galtzen. Quy Son-go arroza, hemen pilatuta, biztanlegoaren artean banatuko da apurka-apurka. Horrela Viet Minh-aren atzaparretatik gordeko dugu. Van Tap-eko biztanleak zigortu nahi ditut, guri erasotzeagatik Viet Minh-ak ezkutatzen dituzten morroi burugogor horiek. Gosez makurrarazi behar ditugu belauniko menekotasuna eskatzen diguten arte.
Alkatea, lastoa eta banbua eskuratzeko behar zituen langileak bereganatzeko zeuzkakeen zailtasun guztiak aztertuta, denbora irabazten saiatu zen.
Utzidazu, gorentasun hori, zure erabakiaren berri ematen apaizari. Atzo bertan ziotsen bere ardiei bazko loretsua ospatzeko presta zitezen.
Pivertek zabal-zabal ireki zituen begiak.
Neronek emango diot honen berri apaizari esan zuen bigoteei eraginez, elizak ez du oztopatu behar ejerzitoaren lana. Aditu duzu? Berriz diot: bihartik aurrera, berrogeita hamar cooli, laurehun banbu, berrehun azao lasto. Cooliak goizero zazpietan izango dira hemen. Baten bat falta izanez gero, zeu izango zara erantzulea.
Militar postuko morteroek egunez egun kolpatzen zuten Van Tap baserria eta beronen inguruak. Ke arre lainoak urrekoloreko burusketatik gora altxatzen ziren. Jendea etxe barrenetan zulatutako luebakietan babesten zen. Behin sua geratu ostean, azaleratu eta beti aurkitzen zuten aurrean Cham burkidearen irudi lodikotea, komunako nekazarien elkarteko idazkaria, etxez etxe joaten zena batera eta bestera arnas hitzak banatuz: «Ez izan beldur! Gu beldurrarazteko baino ez dute egiten!»
Asanbladara deitu zuen uzta zaintzeko bideak eztabaidatzeko. Gogor hitz egin zuen. Zaharregia izatearren, aurpegi hezurtsua zuen, masailekoak irtenda, kokotsa ile beltz eta gogorrez josia. Halere, begiek berezko distira gordetzen zuten.
Etsaiak esan zuen azken arroz alea ere osteko erabakia hartua du. Gure aberkide guztiak mobilizatu behar ditugu uzta indar guztiaz defendatzeko. Ez da hala, burkideok?
Ahots batek hitz egin zuen bildutakoen artetik:
Ez gara ahariak gure lanaren fruitua frantziarrek lapur dezaten uzteko. Landetan horitzen den arroza ez da zerutik jausten. Norbaitek hau ahazten badu Hoa burkideari begira diezaiola. Zergatik galdu zuen besoa?
Asanblada ekaiztu egin zen. Nekazariek gogoratu egiten zituzten arroza hazarazteko bizi izandako jardunaldi gogorrak. Bosgarren hileko eguzkiak etsaiarekin bat egiten zuen lautadari su emanez. Landatutako lurrak, harria bezain gogorra, oinak mintzen zituen eta arroz erruteak bankuko torlojuak bezala lotzen zituen. Mintegi xipilduak txinparta txikienaz ere erre egingo ziren. Ura guztiz desagertu zen. Ubideetan basa likitsu eta beltza baino ez zegoen. Etsaiak Cong Tay-ko urtegia apurtu eta banbu enborrak ipini zituen Quy Son inguruan urari bidea moztuko zuen lubeta babatzeko. Baina Van Tap-eko nekazariak ez ziren kikiltzen ez zerua eta ez etsaiaren aurrean ere. Frantziarrek altxatutako oztopoa txikitu eta ura berriz isuri zen arroztietarantz. Etsaiak berriz jarri zuen tapotza eta minez josi zuen ingurua. Gauez ametrailadorez egiten zuten tiro. Hildakoak izan ziren bizilagunen artean. Hoa burkideari besoa moztu behar izan zioten zauri larriaren ondorioz. Orduan nekazariak hiru kilometroko luzerako arteria berri bat zulatzeari ekin zioten, Thanh Thuy ubidera ematen zuena.
Baina morteroek eman eta eman segitzen zuten. Abuztuko eguzkiak dena literalki erretzen zuen. Giro kargatuak zaratatsuagoak egiten zituen eztandak. Obus batzuk baserrian jausi ziren, lastozko teilatuak eramanez eta lurra jausaraziz babeslekuetan sartutako nekazarien buruen gainean. Landetan buruskak okertu egiten ziren obusen bidean. Quy Son-go militar postua errepide nazionalaren bazterrean altxatzen zen bere bi begiraleku gorri biziekin. Hormetan barrena egindako leihatiletatik antsiaz arakatzen zituzten Van Tap-eko lautadak, urrekoloreko buruskez josiak, urrunean galdu arte.
Cham burkidearen begiek argi berriaz dizdiratu zuten bere betzulo ilunetan. Baserrietatik pasatzen zen nekazariei gogoratzeko: «Sega eta igitaiak leku seguruan daude? Eta goldeak, arrasteluak eta noriak? Idiak ega bufaloak oraindik oihanera ez badira eraman, bizkor ibili! Etsaiaren raid-aren zain gaude!»
Igande goizez, fusil tiroak entzun ziren Quy Son aldean. Justu momentu horretan elizako kanpaiek dilindalanka segitzen zuten. Van Tap-etik giza irudiak suma zitezkeen alde guztietan arineketan. Burkideak hortzak estutu eta bere masailetan, tentsioaz, zain urdinak agertu ziren. Nekazari Elkarteko arduradunarekin zehaztu zuen planak bere fruituak ematen zituen. Quy Son-go gazte eta gizon baliagarriak ezkutatu egiten ziren esku langintzaren bahituratik ihes egiteko. Goizero gizonezko batzuk, agure epelak gehienbat, militar postuan agertzen ziren. Frantziarrek eliza hartu eta emakumeak eraman zituzten. Apaizari, protesta egiten zuela eta, piratek zera esan zioten: «Nagusiaren aginduak betetzen ditugu; zoaz ikustera eta kexu egin hari. Arrozik gabe, nola biziko gara?» Apaizak, etsita, zeruari erregutu zion begiradaz».
Tiroak eguerdiko hamabietan gelditu ziren. Hau Van Tap-eko bizilagunentzat abixu bat zen. Nekazari guztiek azkar utzi zuten baserria eta gerrilariak, lehergailu eta granadez armaturik, prest zeuden erasotzaileei aurre egiteko.
Alertaren ondoren, gelatxoan bere gauzak txukuntzen zituen bitartean, Mang amak, harrituta, hauxe galdetzen zion bere buruari: «Nolatan ez dira itzuli oraindik?»
Izan ere, gau horretan itzuli ziren. Mang ama asaldaturik esnatu zen. Ondoko gelan oinotsak eta marmarrak entzun zituen, gero lurrean ipintzeko erroetatik ateratzen zituzten ate orrien kirrinka.
Zuek al zarete, nire semeok? galdetu zuen Mang amak.
Bai, ama, geu gara. Oraindik ez al zara oheratu?
Mang ama altxatu eta ondoko gelara joan zen.
O hots egin zuen. Begira ba, Thai, Tra eta Binh hemen! Eta nortzuk dira hauek?
Ezezagunetako batek poxpolo piztua altxatu zuen bere aurpegirantz.
Ni Ngu naiz!
Eta ni Dam!
Ni Tu Moc naiz, gogoratzen al zara nitaz?
Horixe! esan zuen Mangek. A, luzaroan egon naiz zuen zain! Gaur goizez sumatu dut frantziar txakur horiek kalapita sortu dutela Quy Son-dik harantzago. Zuetaz galdetu dut. A, gazteok, arroza heldu da!
Zaratarik egin gabe sartu nahi izan dugu ez iratzartzeko, ama, baina zu esnatuta zeunden. Ba al dakizu goizaldeko ordu biak direna?
Ez erantzun zuen amak; egina dut loaldi ederra. Halako sentikizuna izan dut, heldu zinetena, eta esnatu egin naiz. Baina itzali argi horiek, mutilok; frantziarrek argia ikusi ahal dute militar postutik. Lehengoan Xuan Lai aldean garbiketa ederra egin zuten. Zortzi bufalo akabatu zuten. Agure batek, haserreari eutsi ezinik, iraindu egin zituen. Bertan fusilatu zuten. Dirudienez Quy Son-go alkatea atxilotu dute eta esan didatenez duela bi egunetik ez du ezer ere jan eta bere buruaz beste egingo duela esaten du. Eta beste berri bat: militar postuko bi mertzenariok nekazarien igitai eta segak eskuratu nahi izan zituzten. Thanh-en amak bere gonazpikoa bota zien burura. Barrez lehertzeko modukoa zen! Gogoratzen al zaizue Thanh ama, Bang etxean bizi dena, Son Lai baserrian?
Zurrunka zaratatsuak izan zituen erantzun.
A esan zuen berak, umeen pare egiten dute lo!
Mutiletako batek hain sakon egiten zuen lo, bere burua burkotzat zuen zakutik labaindu eta zoluan bertan kokatu baitzen. Mang amak zakuaren gainean ipini zion atzera, pilatutako zurrunkatzaileei begiratu une batez eta bere gelara itzuli zen.
Eskualdeko konpainia barrutian sakabanatu zen, uzta babesteko borrokarako prest. Pelotoietako bat Van Tap-en bildu zen.
Kumulu lodi zuriz jositako zeru ganga urdinari bero kiskalgarria zerion. Mang amaren etxea lautadaren parean zegoen, hori argidun zabalgune itzela. Handik tartetxo batera begiradak Quy Song-go militar postuarekin jotzen zuen, almena ugariz jantzitako begiraleku birekin.
Van Tap baserriaren eta postu militarraren artean arroztiz betetako kilometro eskaseko tartea zegoen. Aurkitu ez zitzaten borrokalariek ezin zuten abestu, zaratarik egin, ezta ibili ere. Otorduen artean etxeetan biltzen ziren ikasteko, eta gero gorputzez gorputzeko borrokan aritzen ziren, beso eta hankak arintzeagatik; batzuetan auzokoekin hitz egiten zuten.
Aisi momentu horietako batean Thuy-k bere amaren lepoa besarkatu eta zera galdetu zion:
Ama, atzera ezkondu nahi duzu? Pozik ezkonduko zintuzket Haginbako aitarekin.
Barretan ez lehertzearren denek estali zituzten ahoak. Mang ama haserretu egin zen.
Burutik zaude, baina! Ni bezalako amamari ezkontzaz hitz egitera ausartzen al zara?
Eta hau esanda, kortako atera joan, militar posturantz keinu egin eta zarataka bezala hitz egin zuen:
E, frantziarrok! Hemen Viet Minh mordo bat dago, zatozte eramatera!
Hong, haren alabak, baxera egiten ari zenak, barre egin zuen berekiko.
Bat-batean, abioiaren orroa entzun zen. Adi! Etxeko jendea babeslekuan murgildu zen. Thuy eta bere lagunak komunikazio barnebidetik joan ziren. Abioia, oldartsu, txatarra burrunba handia utzita pasatu zen. Bi kanoik, bata Long Tho-n eta bestea Nam Giao-n kokaturik, Quy Son-go postuko morteroez gain, Van Tap baserrian kontzentratu zituzten beren obusak. Eztandak bata bestearen atzetik gertatu ziren. Abioiak bira ematen zuen zeruan tiroa zuzenduz.
Binh, talde buruak, bere gizonak bultzatu zituen:
Atal buruaren aginduak: artileria tiroen ondoren etsaiaren infanteria noiznahi ager daiteke. Borrokarako prest!
Borrokalariak luebakietatik irten ziren, etxerantz jo zuten beren fusilak hartzeko, eta gero, talde burua aurretik zeukatela, lorategietan sartu ziren, baserriaren sarreran zegoen Bau etxean posizioak hartzeko.
Baina alarma faltsua baino ez zen izan eta etsaia ez zen agertu. Pivertek landetan bihia guztiz heldu eta bere bihitegia amaitua egon zedin itxaron behar zuen. Harrapaketetan zehar hartutako cooli kopurua ezerreza zen, lastoa eta banbua faltan zituen, bihitegiko obrak ez zihoazen aurrera. Pivertek raid terroristak areagotu baino ez zituen egiten, jendea kikiltzeko.
Egunez egun, Pivertek haizearen eraginez mugitzen zen urre-horizko lautada arakatzen zuen.
«Kostatua kostatu, uzta eskuratu beharra dago!» Hue-tik etorritako agindua garbia zen: «Eta arroza postura garraiatzeko modurik ez balego, azken bihiraino suntsitu behar da.» Buruska itsasoa urrunean galdu arte hedatzen zen. Van Tap baserriko mendiguneak beren berde iluneko gelditasunean nabaritzen ziren misteriotsu. Viet Minh-a ere arroz berorrenn zelatan zegoen, eta etsai beldurgarria zen. Pivertek hortz artean tabako zati bat estutzen zuen.
Bien bitartean, egunez egun, eguzkiak giroa astinagotzen zuen. Buruskak helduz zihoazen; beraien muturrak gorritu egiten ziren. Lautadaren alde batetik bestera Lao-ko haizeak Van Tap-erantz makurrarazten zituen, handi zitezen hainbesteko nekeak jasan behar izan zituen baserrirantz. Alaitasun gutiziosoa nagusitzen ari zen nekazariez, beren lanaren fruituaren aurrean. Bizar beltzak Cham burkidearen masailak betetzen zituen, bere begien dizdira gehiago eta hobeto areagotuz, biak pozez saltari.
Piverten begiek, berriz, neurrigabeko gutizia zerien. Goiz batean asaldatu egin zen pirata. Arrozti gune osoa, militar postutik hurbil, garbitua zegoen, errondoak baino ez zeuden. Itzultzaileari deitu eta begirarazi eta ikusten zuena esateko agindu zion. Hau, zalantzan egon zen erantzun baino lehen:
Teniente, liluratuta ez ote nagoen...
Pivertek ezin izan zion haserre oihuari eutsi:
Hau egin dutenak Viet Minh-ak izan direla baino ez duzu esan behar!
Arramuskada bota eta Van Tap astindu zezaten agindua eman zien morterolariei. Obusen txistuari laster eztandak jarraiki zitzaizkion baserrian; gero, zuhaiztiaren gainetik ke hodeitxoak altxatu ziren. Pivertek disgustuzko begiradaz so egiten zien. «Nolatan egin ahal izan dute horren laster? Gau bakar batean! Milaka izan behar zuten!» Ke hodeiak biderkatu egin ziren, baina baserriak lasaitasun arraroan zirauela ematen zuen, ikaragaitza benetan. Pivertek karmesi kolorea hartua zuen lepoari zerion izerdia xukatu zuen.
Eguerdiko hamabiak baino lehentxeago, familiak bazkaltzeko biltzen ziren unea aprobetxatuz, piratak harrapaketa bidali zuen bere jendea Quy Son eta inguruko herrietara, errepideaz harantzago. Xuan Lai eta My Thien-en esku granadak jaurtikiz aurre egin zieten. Halere, Pivertek hogei bat lagun harrapatu ahal izan zuen, gehienak umeak eta agureak. Igitaiak eskuetan ipini eta arroza igitaitzera joanarazi zien. Soldaduen pelotoiak inguraturik taldea arroztietarantz abiatu zen, batzuk purrustadaka, besteak negar zotinka eta, ondo edo txarto, buruskak igitaitzeari ekin zioten. Batzuk, dorpekeriaz, eskuak zauritu zituzten, odola zeriela. Bat-batean granaden eztanda nabaritu zen.
Burusken gainetik gerrilariak sortu eta deiadar egin zuten: «Burkideok, alde egin etsaia suntsitu ahal izan dezagun!» Igitailariek igitaiak eta urre koloreko buruskak jaurtiki eta desagertu ziren. Soldadu handiputzek ere berdin egin zuten hanka postu militarrerantz. Bertan, muinoaren atzean jarri eta lautadarantz tiro egin zuten, jo ta sua.
Gerrilariak barrederatxoetan barrena atzeratu ziren. Baina etsaiek beren buruen gainetik egiten zuten txistu.
Cham burkidea Van Tap-eko nekazal elkarteko buruak bildu zituen.
Beno esan zuen bi bataila txiki irabazi dugu, baina operazio handia dugu zain. Gogorra izango da, burkideok, baina laster eraman beharko dugu aurrera; gogor egin, etsaiari neurriak hartzeko astirik eman gabe. Gaur gauean bertan bizilagun denak mobilizatuko ditugu igitaietarako.
Hori ez da nahikoa esan zuen norbaitek.
Ez? Ondo dago, gaur gauean amaitzen ez badugu, bihar goizean segituko dugu.
Marmarrak entzun ziren han hemenka. Baten batek ahots zalantzakorrez galdetu zuen:
Egunez igitaitu?
Hoa burkideak besoa falta zuen jakaren mahuka erakutsi zuen:
Ni igitaitzearen aldekoa naiz, beharrezkoa bada. Ez dago lana atzeratzeko modurik. Amaitu beharra dago, osterantzean beranduegi izango da.
Ados! Gaur gauean eta bihar, ez dago beste irtenbiderik.
Frantziarren eta gure artean etengabeko borroka izango da, beti bezala!
Orduan, konforme egunez igitaitzeko! Eta eurek terrorera jotzen badute, orduan guk...
Cham burkideak besoa altxatu zuen:
Lasai egon, burkideok. Herrialdeko batzordeak pentsatu du terrorearen aurka nola borrokatu. Esango dizuet: Luong Mai, Tuong Son eta Quan Hoa-tik errefuertzozko igitailariak bidaliko dizkigutela jakinarazi digute. Son Lai-koak beharbada berandutxo iritsiko dira; iluntzearen zain egon beharko dute Bang-eko itxitura iragateko.
Baina Van Tap, Luong Mai, Tuong Son eta Quan Hoa-ko lan taldeak batzeko momentuan, Son Lai-koak ere garaiz heldu ziren.
Emaiguzue edaten hots egin zuten, hau egarria! Bost kilometro egin dugu gelditu barik.
Denborarik galdu gabe Cham burkideak taldeka banatu zituen igitailariak eta arroztietara bidali zituen aurretiaz galarazteko obus barrera bat, beti zitekeena.
Ilargi izpi meheak landa argitu zuen bere argi zurbilaz. Igitailariak, lerro txikietan, arroz heldu landetan barneratu ziren.
Urrunean hiru gong golpe entzun ziren eta isilune baten ostean beste hiru. Etsaiaren begiralekuetatik zetozen. Lantzean behin tiroak botatzen zituzten, ohitura hutsez. Denak normal zirudien baina, halere, igitailariek estutasuna sentitzen zuten. Etsaiak ez ote zuen zerbait prestatuko?
Mang amak, igitaia zerabilen artean, bere kautan esaten zuen: «Frantziarrek eta beren lagunek nonbait egon behar dute jarriak...» Noizean behin Hong entzuten zen ahopeka galdezka: «Ama, hor zaude?» alde guztietan entzuten zen igitaiek buruskak ebakitzean sortzen duten hotsa. Hiru hektareatako eremuan hiru mila pertsona, bizkarrak okertuta, jo to ke ari ziren beharrean. Igitaiek, ondo zorroztuak, kolpe batez ebakitzen zituzten burusken zurtoinak. Garbi entzuten zen burusken kirrinka, gizonen arnasestua. Zaharrek jakaren muturraz ixten zuten ahoa beren eztulak isilduz. Umeak joan eta etorri zebiltzan besoetan buruska besokadak zeramatzatela barraderatxoen gainean ipintzeko.
Bat-batean sutaldi batek ilunbea urratu zuen; eta eztanda bat entzun zen, segidan. Denak lurrean etzan ziren. Barraderatxoetatik hurbil zeudenak azken egunetan zulatutako banakako babeslekuetara iritsi ahal izan ziren.
Eztandak bata bestearen atzetik zetozen, sutaldiak alde guztietan entzuten ziren. Su eta burdin zaparrada abaildu zen lautadaren gainean. Erre usain garratzak arrarotu zuen giroa.
Baina bat-batean beste eztanda eta oihu batzuk entzun ziren postu militarraren barnean. Bakanagotu ziren obus eztandak, gero guztiz gelditu ziren eta arroztien kontrako aldean burrunbatu zuten. Cham burkidearen ahotsa entzun zen indartsu: «Gureak dira, postuari erasoka. Ekin diezaiogun igitaitzeari.» Denek segitu zuten.
Eskualde unitate batek, errepide nazionalaren beste aldean jarrita, kolpatu egiten zuen postu militarra bere obusez. Etsaiak berehala erantzun zuen bere arma guztiez: morteroak, granada jaurtitzaileak, ametrailadorak hasi ziren martxan. Zeru zati osoa sutan zegoela ematen zuen. Geroxeago tiroak gutxitu egin ziren eta ametrailadorek tiro bakanak baino ez zituzten egiten. Ostera ere entzun ziren oihu eta irrintzi probokatzaileak. Ostera ere morteroek kolpatu zuten postua. Segituan erreakzionatu zuen etsaiak su izugarriari ekinez.
Horrek gau osoan iraun zuen. Etsaia etengabean egon zen zoratuta. Ez zen argirik batere ikusten postuan. Obusak patioaren erdian jausten ziren burrunba itzelaz.
Lehen eguzki izpiek frantziar lodikote koipetsuaren aurpegia argitu zuten. Bi soldadu handiputzek patioa gurutzatu zuten pauso kilikoloz beren kabuaren gorpua zeramatela, obus tiro batek hila. Postutik ez urrun lurperatu behar zuten.
Pivert lautadari beha zegoen. Gau horretan Viet Minh-ak buruskak baino ez zituen ebaki, lastoa utziz. Horrexegatik ez ziruditen aurreko gauean igitaitutako Quan Son-go arroztiak bezain ebakita. Bat-batean Pivertek zirt egin zuen eta begiak total ireki. Urrunean, irudi beltzak astintzen ziren burusken artean. Orro hotsez bere gizonei arma guztiez harantz tiro egin zezaten agindu zien. Garaipen begiradaz giza irudiengana zuzentzen ziren tiroen bideari jarraitzen zion. Phu Bai-tik etorritako bi abioik landak gasolinaztatu zituzten eta lehergailu su-emaileak jaurtiki. Garrak altxatu ziren, buruskez betetako arrozti eremuak errez eta segalariak kiskaliz.
Pivertek lepotik heldu zion itzultzaileari eta leihatilara hurbilarazi zuen. «Begira esan zion, begira ondo! Batek ere ez du bizirik alde egin, e!» Eta itzultzaileak bere haginak erakutsi zituen, pozez hordirik zegoen bere jabeak bezain isekari barre egiten ahaleginduz.
Egunsentian, Van Tap-en arroz aleak baserri urrunetara eraman zituzten, edo behin behinean, oihan zerratuan egindako ezkutalekuetan pilatu. Obusek gau horretan zauritutako jendea sendatu eta kamilaz garraiatu zuten leku seguruetara, gauaren zain errepidea gurutzatu eta basoan kokatutako herrialdeko ospitalera heltzeko.
Etxe guztietan presaka zebiltzan buruskak kraskatzeko. Azken segalari taldea komunikazio pasabidetik itzuli zen. Beraiengana joan ziren korrika informazio eske.
Zauriturik?
An tiro batek zauritu du arinki. Igitaitutako arroztian jarritako manikiei egin diete tiro... ez dira txikitekin ibili piratak!
Lasto piska bat eta berrogeita hamar bat maniki erre dituzte gehitu zuen norbaitek. Beren pilotoei aholkatu beharko litzaieke miope kristalak erabiltzea, lehergailuak alferrik ez galtzeko.
Harrokeria gehiagorik ez! esan zuen Cham burkideak. Kendu arroztirako kamuflaje arropa eta ekin buruskak krakatzeari burkideekin batera.
Eguerdiko hamabiak aldean eskualdeko indar sekzioak, arroztietan zabaldua, atzeratu egin zen, bere tokian destakamendu txikia utziz gerrilariekin batera baserriaren inguruko segurtasuna ziurtatzeko. Lo kuluxka egin ondoren, borrokalariak esnatu egin ziren eta nekazariei laguntzera joan ziren.
Mang amak esan zien:
Segi atsedenean, nire semeok. Zuek ez duzue lorik egin gau osoan.
Zuek ere ez erantzun zuen Binh, talde buruak. Ahalegin txiki bat gehiago eta gero egingo dugu lo. Postuko piratak zain dauzkagu eta.
Eta lo egin nahi izango bagenu ere ez genuke lortuko gehitu zuen Thuy-k. Bufaloek aleak ateratzeko beren hankez burusken gainean egiten duten hotsak urduri jartzen gaitu.
Mang amak, erdi brometan, erdi seriotan, Thuy tanteatu nahian edo galdetu zuen:
Baserriaren eta etxearen mina izango duzu, ezta? Gaur gauean zure emaztegaiaren mezua jasoko zenuen Son Lai-ko norbaiten bitartez, ez al da hala?
Ez da hori erantzun zuen Thuy-k. Esan nahi dut arroza etsaiaren begien aurrean dagoen artean ezin dugula geldi egon.
Thuy-k bizkorrarazi zuen bere bufaloa. Zeharreko begiradaz Hong ikusi zuen, lasto apur bat murtxikatu eta ixilean segitzen zuena.
Iluntzean Mang ama, nekatuta, oheratu egin zen eta segituan hartu zuen loak. Berandu esnatu zen eta konturatu zen etxean ustegabeko ixiltasuna zegoela. «Agian joan egin dira» berekiko esaten zuen artean, hutsik zegoen aldameneko gelara joan zen. Hong bakarrik zegoen, lanparatxo ondoan eserita, esku bat masailean jarrita eta aurrean helduentzako klaseko kuadernoa zuela.
Mutil deabruak! esan zuen amak. Ama bezala kontsolatu ninduten baina etorri eta joan egiten dira, eta hor konpon! Nitaz barre egiten dute ala!
Tira, ama esan zuen Hong-ek, pentsatzen duzuna ez da zuzena. Eurek sekretua gorde behar dute.
Mang amak ozenki pentsatzen zuen bere betel puska murtxikatzen zuen artean: «Nora doaz? Agian Luong Mai-ra? Beharbada Quan Hoa-ra? Arroza heldua dagoen lekuetara joan bide dira. Eurak gure «prakagorri zaintzaileak» dira. Eta nik com-a prestatzekotan egon naizela. Agur esan barik alde egitea ere! Horiek dira moduak!» Mangek ondotxo zekien ez zena zuzena haiekin haserretzea, baina hala eta guztiz ere defraudatua sentitzen zen eta ezin zuen ebitatu. Bazekien ez zirena urrun joango, baserritik hurbil zebiltzana. Baserriak non, banbu palaxuak eta heltzen ziren buruskak non, hantxe egoten ziren; igitaitu, arroza errepikatzen zen tokian, etsaiak biztanlegoa ikaratzen zuen tokian, bat ziren masekin; gehitu egiten zitzaizkien eta babestu. Halere, Mang nekatzen hasia zegoen. Tu Moc gogoratzen zitzaion, haren aurpegi pekatsua, duela ez luze lanerako bere burua alokatzera baserrira agertzen zen Quan Hoa-ko mutikotea. Thuy gogoratzen zitzaion, eskolakume itxuraz eta batera zintzo eta oker itxura zuena. Binh gogoratzen zitzaion, haren amak Quy Son-go merkatuan bash bao-a saltzen zuelarik. Nola hazi zen mutiko hori denbora laburrean! Hiru urte atzerago txabusina beltzez jantzi eta amari saltoka jarraitzen zitzaion elizara. Quy Son-go elizako kanpaien soinua entzuten zuen bakoitzean gorrotoz betetako begirada zuzentzen zion postu etsaiari. Mangek denak eta bakoitza zituen gogoan. Orduan bere nahigabea ahaztu zitzaion beraienganako maitasun handia baino ez sentitzeko. Mutil gizarajoak! Bart ez dute lorik egin batere; eta gaur gauean ere... Lotan ote daude? Hong bere alabari ohera dadin esan, betel puska berri bat jaso eta murtxikatzeari ekiten dio.