Aurkibidea
Mustur gogorra
Arturo Ambrogi
Sorpresa
Pedro Rivera
Centerfielderra
Sergio Ramirez
Aintzazko minutuak
Ngugi wa Thiong'o
Bake zibila
Chinua Achebe
Kafea biderako
Alex La Guma
Uzta
Bui Hien
Kabareta
Nguyen Sang
Aurkibidea
Mustur gogorra
Arturo Ambrogi
Sorpresa
Pedro Rivera
Centerfielderra
Sergio Ramirez
Aintzazko minutuak
Ngugi wa Thiong'o
Bake zibila
Chinua Achebe
Kafea biderako
Alex La Guma
Uzta
Bui Hien
Kabareta
Nguyen Sang
MUSTUR GOGORRA
Arturo Ambrogi
Jatorrizko izena: El jetón
euskaratzailea: Imanol Haranburu
Ertamerikatik, bi ipuin berriagorekin batean, eta aro oso baten, giro baten, kontagintza eredu baten berri ere ederki ematen digulakoan, zahartxoago bat, ondoren datorren ipuin hau, aukeratu dugu.
Arturo Ambrogi, San Salvador hiriburukoa, 1875ean jaioa, kazetari, 1936an hil baino urtebete lehenago argitara eman zuen El jetón bilduma, nondik eta, bistan da, jaso dugun gure «Mustur gogorra». Gainerantzean, Cuentos y Fantasías publikatu zuen, eta Manchas, Mascaras y Sensaciones, Sensaciones del Japón y de la China, Al agua fuerte, El tiempo que pasa, Muestrario, El libro del Trópico, Crónicas marchitas, Marginales de la vida...
Napoleon Viera Altamirano-ri
Gaueko bederatziak inguruan basati tropel batek, ahots pitartsuz eta algaraz, herriko atseden lasaia durduzatu zuen. Zenbait txakur alfer, etxeen errondan zebiltzanak, ahausika hasi ziren, izuturik. Kaleak, gaizki harriztatuak eta luebakiz beteak, hutsik zeuden, ilun. Izkinatan, bi etxaldez behin 25 watioko foku bat, hamarrek bezalako argirik ematen ez zuena. Gunez gune, beren egoileak eguneroko azken zereginak burutzen beila zeuden etxeetako ate azpiko zirrikituetatik, espaloietako adreiladura lohitua markatzen zuen argi aho bat lekutzen zen. Lau zaldizko enparantza izkinara iritsi ziren, Kapitulu hertsiaren aurrean, eta baratu egin ziren. Liskarrean zebiltzala entzun zen. Geldiune batean, haietarik batek ahotsa altxatu zuen:
Ba nik nire gogo saindua eginen dut!
Gainerakoek argudiatu zuten:
Goazen zuzen, On Rafael. Onena da.
On Rafael zeritzonak eta On Rafael Abregos baino ez zenak, El Socorro-ko ugazaba, hausnarketei kasurik ez zegiela zirudien, eta bere zaldia behatu zuen. Zeraman mandeme beltzaren ferren hegiek zauriturik harriek txinpartak atera zituzten, eta aldendu egin zen. Laguntzen zutenak izkinan geratu ziren, zein bide hartzen zuen ikusi zain.
On Rafael buruzuri hutsa da esan zuen batek.
Estankorantz zihoan gaineratu zuen beste batek.
Aldentzen zenaren piztiaren klaskadak kale puntan itzali ziren. Ezer esan gabe, gainerako hiru zaldizkoak jarraika joan zitzaizkion.
Geldirik egon ziren etxearen izkinan, denda bat zena, piztien zarataz eta liskarraren zurrumurruz norbait jaiki zen. Albate bat ezkutuka erdirekiz, taldea behatu zuen. Bertatik, mementuan, ez zuen On Rafael baizik ezagutu, eta bere mandatzailea zen Janiche Felipe, sarri dendara erostera etortzen zena. Aldi berean, logela ondotik, zeinaren atea karnazurizko gortina batek ixten baitzuen, gauzaleen zalapartak iratzarri zuen lagun baten ahots opakua entzun zen:
Zer da ama?
Ubalda andreak itauna entzun zuen; baina ez zuen segituan erantzun. Beste biak nortzuk ziren ikusi nahi zuen. Izkinatik aldendu eta fokuaren azpian pasatzerakoan, klartasunak argitu zituen. Ubalda andreak Chinchillatarrak ezagutu zituen, eta albatetik atzeratuz itxi egin zuen, eta zigarro puruz eta arroz paperezko zigarroz beterik zegoen lezkazko tonbatxoa zetzan mahaiaren ondoan eseri zen berriro eta erdikako eta laurdeneko sortak egiten jarraitu zuen.
On Rafael Abregos eta Chinchillatarrak dira, Nela zuriaren haurtxoaren gaubeilara joanen dira.
Logela ondotik galdera egin zuena Meches zen, Ubalda Terreros andrearen alaba bakarra.
Gaubeilara joanen dira, ba esan zuen.
Eta ziurrenik berriro loak hartu zuen, ez baitzen gehiago sentitu.
Izan ere, On Rafael, bi Chinchillatarrak eta Janiche, denek Nela zuriaz ezagutzen zuten Manuela Chicaren umearen gaubeilara zihoazen, arratsalde hartan bertan zizare sukarrez zendu baitzen.
Mihi gaiztoek, edonon ere gaizto direnak, baina gaiztoago, askoz ere gaiztoagoak, horrelako herri txikietakoak, zendua On Rafaelen seme zela aditzera eman zuten garai batean, eta orain are indar handiagoz. Garai batean, El Socorro-ko ugazaba Bibiano Chica jaunari alaba zaharrena berotzen ari zitzaionaz hitz egin zen. Garai hartan Nelak senargaia zeukan. Senargaiarekin ezkondu behar zuen. Cascaritas, nondik zetorren jakin gabe gau batez herrira iritsi zena eta mutil ona suertatu zena, hoben gabea, langilea eta zintzoa. Ogibidez zurgina zen, eta egun gutxira enparantza izkinako mamitegiko Ubalda andrearen neba zen Daniel Terreros-en gurpil eta karreta-ohe lantegian idoro zuen zeregina. Cascaritas izengoitiz, legez Prudencio Medina zuen berea, Nelaz maitemindu zen hainbeste bider lantegiaren aurretik enparantzara bidean, non bere amak janari postu bat zeukan, pasatzen ikustearen poderioz. Neskatxak eramaten zion, buruan, zartaginekiko batea. Eta eguerdira arte laguntzen zion saltzen. Enparantzan zeregina bukatzen zuen bezain laster, Nela zuriak gogaitasuna gainditzearren berriketarako prest zegoen pertsonaren bat egon zitekeen ezein etxetan ematen zuen eguna. Neskatxak Cascaritas onesten zuela zirudien. Cascaritas ez zen guztiz itsusia. Ez zen inozoa. Emakumeekiko etorria zuen. Baina gainerakoan herabetia zen. «Motza» jende airetsuaz dioten gisan. Gauez, saio luzea egiten zuen neskarekin leihotik hizketan, edo atean geldi, egun batez Bibiano jaunak, gertatzen zenaz ohartuta, Cascaritasi dei egin eta berarekin hitz egin zuen arte. Mutilaren ahotik bere asmo onak jakitean, sarrera aske utzi zion. Bere aitaginarrebagaiarekiko elkarrizketaren hurrengo egunetik aurrera Cascaritas etxea usutzen hasi zen eta familiaren hurkotasunean sartu zen.
El Socorron uzta garaia heltzen zenean, Bibiano jauna eta bere alaba etxaldera zeharraldatzen ziren. Bera pisatzaile gisa lotzen zen irabazian, eta neskatxa moztaileekin joaten zen kafe alorretara. Honela ikusi ahal izan zuen ugazabak; eta «gorputzak eskatu zion». Nela beste moztaileekin batera bere garau saskiak ematera heltzen zenean, beti han zehar ibiltzen zen On Rafaelek gerarazi egiten zuen txantxetan aritzeko. Neskari, izatez harrosko samarra, hemezortzi urtetan neskatxa guztiak izan ohi diren gisan, ugazaba txantxetan aritzea laket zitzaion, askotan txantxa hauek guztiz komenigarri ez izan arren. Gainerako neskatxei etxekotasun erakusgarri horrekin ematen zien «txilea»! Txantxatik, ugazaba eskakizunetara labandu zen, eta handik, nahasten duten maneiuetara. Neskatxa azkenean berotu egin zen. Eta horrelakoetan jazotzea logiko dena agitu zen. Bibiano jauna, zeinari baskulak arkakusoak hozkatzeko ere astirik ez baitzion uzten, ez zen ezertaz ohartu. Ezin zituen zurrumurru gordeak entzun (ugazabarenganako beldurragatik), eta berarekin mintzatzerakoan jendearen irrifartxoek ezkutatzen zuten ozpin pozointsua ezin zuen ulertu. Denboraldiak amaierara jo zuen eta Bibiano jauna eta bere alaba herrira itzuli ziren. Enkontruaz zerbait jakin zuen Cascaritasek, ezen eta Nela etxera itzuli zenetik ez zen azaldu ere egin, eta kalean berarekin topo egiteari ere itzuri baitzion. Egun ale batez etorri zen bezala desagertu zen herritik. Zertxobait geroago, inor ez zen hartaz oroitu. Artean Nela haurdun geratu zen. Ama, neska mila mainaz ezabasten ahalegintzen zen zilbotaz ohartu zen. Ez zion deus esan; baina aitarengana joan zen albistearekin, zeina jakitean ia-ia zendu baitzen amorruz. Itaunketa egin zion, eta aitortzerakoan, hainbeste haserretu zen ezen alaba ezduina belarrondokoz eta ostikoz hartu baitzuen.
Puta alaena! Eta horretara bakarrik joan zinen El Socorrora.
Gogor eta jarraiki astintzen zuen artean oihuka zegion.
Neskatxak egiten uzten zion. Horretarako zen Bibiano jauna bere aita. Eta ongi merezia zeukan, xumeagatik, eta harroagatik... adurtiagatik.
Bere alaba zen eme ernariarenganako erdeinuaz batera, aiherra sortu zen Bibiano jaunaren baitan seduzitzailearenganako, ugazaba ahalguztidunarenganako, gisa hartan ondikatzen baitzuen dohakabeen ohorea.
Estreinako egunetan, gerria itxuragabetzen zion zilbotaren zamaren ondorioz nekez zebilela ikusten zuen aldioro, berriz ostikatzeko gogokizunak zituen; baina itxuragabetze hark gerarazten zuen. Higuin imintzio bat egiten zuen. Gainera, kolpe txar batek ondorio fatala ukan zezakeen. Mementu bat iritsi zen ezen ez baitzuen begiradarik ere ezartzen harengan. Izugarria zen. Emakume mihigaiztoak, marmarrean zebiltzan, gehiegizko bolumen hartaz elkarren artean trufa eginez.
Horrek antikristoa erdituko du.
Eta ez zen antikristoa izan erditu zuena, eta ez biritxi pare osasuntsu eta mardul bat ere. Bolumen harrabotsu haren emaitza ez zen gizonezko memel bat baizik izan, begi handiak ia betzuloetatik jauzika, eta besotxo itxuragabea bularraren gainean oker eginda. Apenas arnasik hartzen baitzuen, eta negarra ia kexu bat besterik ez zuen.
On Rafael Abregoa zen bezalako ardankoi eta sifilitiko baten kimu herbain eta zikoitza. Haurtxoa kaxkar hazi zen, anemiko, gorpuztxoa orban eta zornadura okaztagarriz estalita. Eztulak eta etengabeko, zirineria pairatzen zituen. Kristau egiteko doi-doi eraman ahal izan zuten bataiharrira. Hori besterik ez zuen espero dohakabeak guztiak endredatzeko. Zizareek jan zuten. Sukarrak eraman zuen hogeita lau ordu baino lehen. Amak apur bat negar egin zion. Gero hura zuriz jazten jardun zen, buru itxuragabean paperezko lorez egindako txirikorda egokitzen eta eskutxo odolgabeak bular gainean gurutzatzen. Gortinadun mahai batean etzan zuen, etxeko patioko txaparretan ebakitako mirto eta heliotropoz inguratu zuen, eta ganbeila apailatu zuen. Mutikoaren heriotzaren berria laster hedatu zen herrian, eta bisitak heltzen hasi ziren. Haurra zetzan mahaira hurbiltzen ziren. Hura ikusten gelditzen ziren.
Gizarajoa. Ikus ezazue. Aingeru bat dirudi eta.
Hobengabea. Jainko Haurrak eraman du.
Zu Nela, etsimendu ukan.
Alfer ezagunak, izkin mandranak, etxe aurretik pasatzen ziren eta begirada bat botatzen zuten leiho irekitik.
Ikusi duzu. Hor dago arrain iharra.
Ez dago zereginik. Gaur «begia» dago.
«Begia» herrietan alfer eta nagiek, hilaren etxean, zendu baten beilari deitzen diote; heldu nahiz haur. Gauza txurrutak irautea da, kitarra egon dadila, dantza egin eta kanta dadila, datoak arroda eta kartak eho daitezela, kafe irakina atera dadila eta bizkotxo eta gorringo opilak gehi dakizkiola. Eta zendua, bere mahaian etzanik gortinaturik eta heliotropoz eta mirtoz inguraturik, bitartean euliek kaka egin diezaiotela, begiak hondoratu eta sudurretatik odol ustel jarioa isur dakiola.
Zaldizko atzeratuek Juanaren estankoko ate aurrean gelditzen ari zirenean hatzeman zuten On Rafael. Horixe zen hain zuzen haiek ekidin nahi zutena, eta enparantza izkinako liskar berriaren zioa. On Rafaelek dendariarekin harremana izan zuen. Berak ipini zion estankoa. On Rafael herriraino etortzen ez zenean berarekin lo egitera, Janiche bidaltzen zuen etxaldera eraman zezan. Juana neska ederra izan zen, eta oraindik ere bazen. Harremanak amaitu egin ziren, arratsalde batez On Rafael, hordi, Chinchillatarrekin estankora iritsi eta sekulako eskandalua montatu zuenean. Bonbilak eta kopak birrindu zituen, zeuden lau aulkitxoak lehertu, mahaia korrokoildu, eta pistola eskuan, estankoan zeuden dozenerdi bezeroak ihesean jarri. Azkenik ile xerloetatik hartu zuen Juana, eta lurrean zehar narraztatu zuen. Barbaroki kolpatu ondoren, Chinchillatarrek erpetatik kendu asmoz parte hartu gaberik, bere lagunak atzetik zituela alde egin zuen parranda jarraitzera herriko beste estankora. Eta dena gusto hutsagatik... hala otu zitzaiolako, On Rafael Abregos zelako, El Socorroko ugazaba, bere mozkorrean, orduan denborak beste batzuk zirela gogoratu gabe; lehengo On Rafael ez zela, zeinaren gogoa subiranoa baitzen, zeinaren apeta txikienak ere aginduak baitziren; zeinaren ukabilak erori eta jotzen baitzuen, inor zera galdetzera ere ausartzen ez zelarik:
Zergatik jotzen nauzu, ugazaba?
Oraindik zalditik jaitsi ez zen ugazabari hurbildu zitzaizkion Chinchillatarrak eta Janiche. Zelaren gainean makurturik, eskuak mandemearen lepoan sostengatuz, ezin zuela jaitsi zirudien.
Ez, On Rafael. Hemen ez. Hobe dugu Sebastianarengana joatea. Guaroa hobea da. «Sebastiana» herriko beste estankoa zen. Sebastiana Velazquez-enak «Urre-euria» zeritzan. Juana Menjivar-enak: «Ondina». Honen errotuluan, itsasoa irudikatzen zuen Prusiako urdin hondo gainean, bi ur artean igeri zebilen ondina bat, bular biluziaren gainean tinko bonbila zuri bat zeramalarik. «Urre-euria»ren errotuluan, pintatzaile zakar eta primitiboak, bere erara, Danae-ren alegia isladatu nahi izan zuen.
On Rafael jaitsi egin zen.
Ez, On Rafael. Hemen ez. Goazen ekiten zioten bere lagunek.
Utz nazazue!
Eta bridak Janicheri jaurtiz, zeinak aldean hartu zituen, estankoko atera zuzendu zen eta han kolpatzen hasi zen:
Juana? Juanita? Ireki!
Inork ez zion erantzun deiari. Inork, zurean emandako kolpeak errepikatzen zituen oihartzunak ezik. Ahotsak, berriro deitzean, doinu aginkorragoa zuen, eta laguntzen zuten kolpeak sendoagoak.
Juana? Irekitzeko diotsut!
Isiltasun bera izan zen deiak jaso zuen erantzuna. Durundia bera, kaleko isiltasunean, atearen zurean emandako zartakoek.
Aldi berean On Rafael laguntzen zutenak jaitsi ziren. Janichek estankoa zegoen etxearen alboko baratzaren inguramen zutoinetan lotu zituen zelariak, eta berehala taldera bildu zen.
Utz ezazu hori On Rafael erregutu zuen Chinchillatarretarik zaharrenak.
Hordiaren lerdekeriaz, ireki gabeko atea kolpatzen jarraitzen zuen On Rafaelek.
Utz nazazue! Nirekin ibili nahi ez duena doala antzarrak ferratzera! Ez dut inor ere behar!
Eta deika jarraitzen zuen:
Juana? Juana? Ireki. Zer deabruagatik ez duzu irekitzen?
Azkenean atea zabaldu egin zen. Argitasun gorri bornu bat erori zen espaloia eta kaleko harriztadura gainean, ingurukoak argituz. Ateburuan barne jantzitan emakume bat azaldu zen, sorbalda bilutsien gainean erortzen zitzaion adats naharo eta beltza harroturik. Atearen bornuaren erdi-erdian jarri zen, sarrera trabatuz bezala, eta oihu egin zuen, On Rafaeli aurre eginez:
Beno! Zer da ba? Zer arraio nahi zenuen, jauna?
On Rafaelek, bere odol hotzaz gaindi, dudarik gabe espero ez zuen harrera haren aurrean, zur eta lur geratu zen. Juanak, On Rafaelek ez zuela ihardesten ikusiz, eta, guztiz gain, gizon hark, erabateko arra, beti bera, erabateko emea, desio zuela ulertuz, lehen bezala, bere sexuak meneratzen zuela konbentziturik, oraindik ozenago errepikatu zuen:
Berriro diotsut, jauna! Zer nahi duzu hemen?
Eta hitzak behin eta berriz esanez eskuak aurpegiraino sartuz hurbiltzen zitzaion:
Bai! Zuri On Rafaelito ez-dakit-zer! Zuri diotsut!
Gero, atzera egin zuen, bizkarra itzuli gabe, ozenago oihu egiten zion artean, erdeinu sakonagoa zuen oihua:
On kaka zati!
Eta atea itxi behar zuen, On Rafaelek tartean bere gorputz trinkoa sartuz, orriak itxi zitezen eragotzi zuenean. Indarketan ihardun zuen Juanak, Ahalegin hutsala. Sarkinak barrura egin zuen, ia-ia dendaria kolpatuz, eta gelaren erdian plantaturik geratu zen. Bata bestearen aurrez-aurre, betoska musturturik, hitzik esan gabe elkarren aurpegiak ikusi zituzten. Emakumeak ezpainak hozkatzen zituen amorruari eutsiz. Hortzak ezpain iraulien mami morean murgiltzen zitzaizkion. Gizonak kapela tejanoa kendu zuen, eta urduri pasatzen zuen buruan esku askea, distirakariz ziraturiko orrazkera finkatuz. Chinchillatarrak eta Janiche ere sartu ziren, eta bigarren mailan geratu ziren, On Rafael Juanarekin zegoen lekutik hurbil.
Estankoa herriko txabola zikin bat zen. Baxu, ia lurreraino iritsiz, jai egun batean apaindu zen paper katetxoez eta amaraunez jositako sapaiari gaizki iltzekaturiko petate horailduak. Lanpara bat alanbre bihurritu batetik eskegirik. Lanpara arrunt horietakoa zen, pantailaduna, berdez pintatutako latazkoa, nazioan egina. Tutua beztu eta arrakaltzen duten lanpara ketsu horietakoa. Sugarra elikatzen duen keroseno kiratsa botatzen duten lanpara horietakoa. Isurki likitsuz erdiraino betetako lau beirazko bonbila lerroan zituen eta zink geruza konkortuaz estalita zegoen oholezko salmahai erdipurdizkoa argitzen zuen. Sabaitik eskegita zeuden katetxo hondakinen zimeldura eta kolore berdinetako paperezko litsez tarteka karelatutako balda batean, zenbait Zakur garagardo botila zeuden paratuta, Orange Crush eta Ginger Ale batzuk. Horman jositako iltze batetik, kokotean hiru koloretako xingola kolorgea korapilatutako gitarra bat zintzilik. Tarte hutsetarik baten gainaldean, udatiar abartxo lehorrekiko toska pitxer baten ondoan, akordeoi bat zegoen gorderik bere kantoi jaspeatuzko kaxan. Atearen gainean, sarreran, bere koloretan ikusgarri izan zen kromo bat erakusten zen. Labemozorroen hozkadurak eta eulien kaketatik babestuko zuen inolako beira gabe, berde loroz igurtzitako zurezko markuaren barnean, mundu gerra mentsak destronatutako errege europar batek, begirada itzaliaz, bere presentzian garatzen ari zen eskena behatzen zuen. Baldaren atzean, adabakiz estalitako burusizko atorde batez gordea begiradetatik, atetik urrun ez egotearren eta bezero gauzaleen gau-deiei heltzearren, dendariak lo egiten zuen ohea zegoen. On Rafael eta bere laguntzaileek ohearen larruzko hedeak kraskatzen entzun zituzten, norbait altxatzen, eta lipar bat geroxeago, kamisetan eta aharrausika, gabonak ere eman gabe, beraiei aurrez-aurre paratuz, salmahaiari bizkarka, haren ertzean esku bat, bestea galtzen poltsikoan sartzen zuen artean, gizon bat azaldu zen. Gizon argala zen, bizar gabea, bularrez itxia, sorbaldak eroriak. Besoak ohi baino luzeagoak zituen eta eskutzar hezurtsuak biloz estaliak. Sudurzabala, mustur hantuaren gainetik irekitzen zituen bere sudur-mizpira turutartuak. Begiek bakarrik, arrain begiak, betilerik gabeak, distiratzen zuten agatazko igurikigabeko isladez aurpegi zigortu eta tristeko azal gorribeltzean. Nondik, fisonomia haren gainerako xehetasun autoktonoak desesaten zituzten begi haiek? Indiar osasuntsu eta sendoaren eredua zen; baina gainean zeramatzan, fardo itogarri bezala, bere arbaso sakailatuen miserien, tristuren eta saminduren ekarpena. Tinko geratu zen, mutu, begirada bortitza iritsi berriengan iltzaturik. Janichek berehala ezagutu zuen, eta erne jarri zen. On Rafael ezeroso sentitu zen gizon misteriotsu haren aitzinean. Burua atzera bota zuen, keinu harroz, eta, aldi berean, begirada zuzena iltzatu zion aurpegian. Behako probokatzailea zen. Indiarrak behako honen indarrari gogor ekin zion, artegatu gabe. Aspalditik ezagutzen zuen On Rafael. Urteak ziren ez zuela ikusten. On Rafael, hura ezagutzen ahalegintzen zen. Aurpegi hura ez zitzaion guztiz ezezaguna. Nonbait ikusia zuen orain baino lehen. Indiarrak bere jarrera aldatu gabe, azentu patxadatsuz zera itaundu zion:
Ez nauzu ezagutzen, On Rafael?
On Rafael horretantxe ahalegintzen zen. Ezagutzen. Bere oroimen nahiko ahanzkorrera jotzen zuen. Oroimenean atzera egiten zuen. Deus ez. Baina kontua zen fisonomia hura ez zitzaiola, guztiz, ezezaguna... Nonbait... noizbait... behin... Baina buru-eginahal hartatik ez zuen gauza zehatzik erdiesten. Bere ugazaba ohia harrapaturik zetzan ezbaia ikusirik, indiarrak eskua poltsikotik ateraz, eta musturrean pasatuz, zera esan zuen:
Jacobo indiarra naiz. Oroitzen zara?
Jacobo indiarra?
Bai, Jacobo Maltes, ezizenez musturgogorra deitzen dutena.
On Rafael oroimenaren azken izurdurak hatzimikatzen zituen.
Jacobo indiarra?... Izengoitiz Musturgogorra deitzen duten Jacobo indiarra? Bueno... Argi eta garbi, ez dut gogoan.
Ah! ez duzu gogoan. Ba ni naiz zuk El Socorroko korridoreko zutabe batera lotu eta astinarazi zenuen Jacobo indiar kafe landatzaile hura. Oroitzen zara orain?
Nola ez zen ba oroituko On Rafael horretaz? Ederki oroitu zuen eskena hastangarria. Bere mozkorraldietako batean indiar gizarajoa korridoreko zutabe batera lotarazi zuen, eta bere arduradunek, benetako bandolari saldoa, bizkarra zeharkatu zioten beraien larru kordonduzko lokarriez. Eta dena bere soldata osoa eskatzearen delitoagatik.
Barbaroki kolpatu ondoren, alboko herrira igorri zuen loturik, handik koartelera errekluta gisa igor zezaten. Baina El Socorroko ugazabak sekula jakin ez zuena zera zen, indiar dohakabeak ez zuela hiriburura bere oinez iristerik izan. Zaindari zekarren patruilak zama zeramaten orgazain batzuri erregutu behar izan zien, arto anegen gainean botatzen utz ziezaioten; ganadu larru baten gainean etzanik iritsi ziren koartelera. Hortik zuzenean Hospitalera pasa zen, non sendatzen hilabete Verdi inguru eman baitzuen. Hori ez zekien ugazabak; baina bizirik, bere borreroarenganako arrenkura gordetzen zuen Jacobo indiarrak, gogoan zuen, bai. Honek, ongi aski ulertu zuen bere egoeraren larria. Haatik bere buruaz jabetu zen, eta benetan sentitzetik urrun zegoen lasaitasun plantak egitera jo zuen.
Ah! Orduan zu zara? galdetu zion.
Bai, ugazaba. Ni naiz.
Ugazaba erne jarri zen. Indiarraren ahotsa arrenkurak iluntzen zuen. Begiak zeihartzen ziren. Ahoa keinu garratz batean okertu zuen. On Rafaelen laguntzaileetarik Janiche bakarrik zegoen gertatuaz jakinaren gainean. Janichek On Rafael «Ondina» estankora joan zedin ez ziezaioten utz erregutu zienean Chinchillatarrei goganbeharrean sarrarazi zituen. Sarrera bortxatzean Juanarekiko eskena bortitzak, eta gero indiar haren jarrerak, bi gizonen artean zerbait bazegoela ulertarazi zien. Baina, Jainkoari eskerrak, bi anaiek liskarti eta gizon zakatzdun ospea zuten. Beti ongi armaturik ibili ohi ziren, eta ezein txikikeriagatik ateratzen zituzten zorroetatik «suziriak». Bat, zaharrena, heriotza bat zela eta ihesi ibilia zen. Aitaren diruak ahaztarazi zuen asuntua. Gainera, On Rafaelekin zebiltzan. Bere betiko parrandakideak ziren eta beraiek present egonik ez zuten inork ugazabari ile bat ere uki ziezaion utziko. Eta bere aldetik On Rafaelek, ez zuen laguntza horren beharrik. On Rafael oso gizon zitekeen inor bezain gizona zen, eta horren froga sobera emanak zituen. Chinchillatarrek ez zuten ezagutzen On Rafaelek Jacobo indiarrari «galga» bat zor ziezaiokeenik, eta zer nolako «galga»! Bizkarrean, larru kordonduzko lakarriaren muturraz altxatako garatxotzar baten orbainak giltzurrunetatik hurbil zirauen. Eta oheratzen zen bakoitzean indiarrak alkondara eranzten zuen; hatza pasatzen zuen laidozko seinalean eta pentsatzen zuen:
Noizbait!
Eta egun hori, zirudienez, iritsia zen.
On Rafaelek, indiarraren muturkeria susmagarria apurtzen ahaleginduz, galde egin zion:
Eta orain zer dagizu?
Deus ez, On Rafael. Nire etxean nago.
Zure etxean?
Bai. Nire etxean, entzuten duzun bezala.
Eta nolaz?
Nolaz? Ez zenekien? Ba... Juanarekin bizi naiz. Juana da nire dama.
On Rafaelek, halako baieztapenak txunditurik, mahai baten aurka geldirik, Juana zegoen lekurantz itzuli zituen begiak. Honek baiezko keinua egin zuen buruaz. On Rafaelek begirada urrundu zuen. Berea izan zuen emakume hura, «eme osoa» zen hura, indiar itsusi eta nazkagarri haren dama izatea higuin zuen.
A! Ez nekien.
Eta indiarrari zuzenduz:
Berarekin bizi zara, ezta?
Bai. Berarekin bizi naiz. Hau da, entzun duzu, nire etxea... eta honena. Gurea!... Ongi entzun duzu? Eta ez dut onartuko zu bezalako mila putaren seme den inor nire presentzian laidotzera etortzea.
On Rafaelek aurpegian belarrondoko bat eman bailioten sentitu zuen. Ezin jasan izan zuen. Jauzi egin zuen, koleratsu, eta gerrikoan zeraman pistola eskuratu zuen. Baina Chinchillatarretarik batek eta Janichek, erne, heldu egin zioten. Batek bizkarretik zirgilotzen zuen artean, besoak meneratuz, Janichek eskuturra eutsi zion, eta lurrera jaisten zuen jada indiarraren bularrera destatzen zuen pistolaren kanoia. Honek, bizkor, atzera eman zuen urrats bat, bere gerritik sastagai bat atera, zekor txuspa lurrera jaurtiki eta On Rafaelen gainera egiteko prestatzen zenean oihu batek: Atzera!, eta ia-ia bularrean jotzen zuen Colt batek geldiarazi zuten. Chinchillatarretarik zaharrenak, indiarraren eraso zuzena ikusiz, jauzi egin zuen aurrez aurre jarriz. Indiarra geldi geratu zen.
Senean! agindu zion Chinchillatarrak. Senean, edo tiro egingo dizut, indiar memelo hori!
Dudarik gabe indiarrak benetan tirako ziotela ulertu zuen. Eta egoera lasaitzen utzi zuen. Berak itxaroten zuen, eta iritsia uste zuen eguna ez zen oraindik, berak On Rafaelek zor zion «galga» kobratu beharko ziona. Bakarrik topo eginen zuten. Horrela konpondu nahi zuen berak. Gizona gizonaren aurrean. Makurtu, txuspa jaso eta sastagaia maginaratu zuen.
On Rafael, lotzen zutenek askatu egin zuten. Honek bere pistola zorroratu zuen, eta Juanari zuzenduz, lasaitasun plantak eginez, betosko latzak aurkakoa adierazi arren, honela agindu zion:
Juana! Zerbitzatu txurrut batzuk, bada.
Juanak, eskena garatzen zen artean bizkarka ezarrita zegoen mahai ondotik mugitu ez zenak, entzungor egin zion aginduari.
Txurrut batzuk zerbitzatzeko, diotsut! errepikatu zuen On Rafaelek.
Ez dago zuretzat txurrutik hemen! Esan dizut lehen ere erantzun zuen, harro, dendariak, hortzak kraskatuz eta begiradaz desafiatuz.
Ez dagoela beraz, ezta? orro egin zuen On Rafaelek.
Eta salmahaira zuzenduz bonbiletarik bat heldu, eta lurrera eraso zuen. Chinchillatarrek eta Janichek berriro sekulakoa montatzera zihoala ulertu zuten. Chinchillatarretarik zaharrenak, indiarra bilatu zuen begiekin. Indiarra lasai-lasai kaxoi batean eserita zegoen, itxuraz lasai. Chinchillatarrak aurrerantz bota zuen Colt-aren zorroa, eta eskuaz kolpatuz, indiarrari zuzendu zitzaion:
Kontuz! Badakizu. Hortik mugitzen bazara, tiro egingo dizut.
Bitartean Juana On Rafaelen gainera oldartu zen eta honek lurrera jaurtiki asmoz jada eskuan zuen bigarren bonbilari eutsi zion.
Eta zer dela zatozkit niri gauzak apurtzera? oihu egin zion ukabilak aurpegiratuz. Zu ez zara deus niretzako.
On Rafaelek ozenago oihu egin zuen:
Badakit zuretzat ez naizela deus. Egia da. Baina jakin ezazu hau estanko bat dela eta edonork apeta duenean sartu eta gura duena egiteko eskubidea duela.
Haatik, bonbila utzi zuen. Berriro salmahaiaren gainean utziz, Juanari esku bat heldu nahi izan zion. Honek zakarki kendu zuen:
Ez nazazu uki diotsut! Utz nazazu.
On Rafaelek ekin egin zion. Bortxaz, eskua hartu zion eta honetatik tiratuz, beragana erakarri zuen emakumea. Ahoa bere belarrira hurbildu zuen, eta isilki mintzatu zitzaion.
Ezetz diotsut! Uler ezazu!
On Rafael, harritu gabe, mintzatzen jarraitu zitzaion.
Ezetz, errepikatzen dizut!
Ez zaitez memela izan. Txurrutak zerbitzatu eta kitto. Bortizki tinkatzen zuen. Protestak protesta, Juanak utzi egiten zion. Nahi ez bazuen ere, gizon hark oraindik lehen meneratu zuen bezala, osoro, meneratzen zuela sentitzen zuen. Gizon garbiaren oroitzapenak, kirats gabeko ar txukunarenak, zuria eta ongi itxuratua, bere oroitzapen sentsualean zirauen. Berriro desio zuela sentitu zuen. Lehengo lama sarkorrak dardaratu zuen. Hori ulerturik, kateatzen zuten besoetatik askatu zen.
Utz, On Rafael erregutu zuen ahots ito eta itzaliaz. Eta salmahaiaren atzera pasa zen, luebakian gorde nahiz bezala. Sapaztaturik ilea, hatzak orrazi gisa erabiliz ezartzen ahalegintzen zen.
Atera itzazu txurrutak, bada.
Juanak, kasu eginez oraingoan, lau txurrut atera zituen.
Bi falta dira esan zuen On Rafaelek.
Zergatik bi?
Zurea eta... harena.
Juanak lehorki baieztatu zuen:
Ez. Hark ez du edaten. Eta nik ere ez.
On Rafaelek atzera ekin zion:
Bi txurrut ateratzeko, diotsut.
Juanak ezagutzen zuen zein tematsua izaten zen On Rafael edanda zebilela. Bonbila hartu eta bi txurrutak atera zituen.
Ikusten duzu, Janiche. Eramaiozu txurrut hau... hango hari.
Eta mespretxuzko imentzio berdinaz gasolina kaxoi huts batean eseririk zegoen indiarra seinalatu zuen.
Janiche kopa hartu eta indiarra zegoeneraino joan zen. Indiarrak ez zuen kopa hartu. Ezpainak ere ez zituen mugitu desenkusatzeko, edo eskertzeko. Berarekin ez bailihoan egin zuen. Janichek, gaitzespenaz harritu gabe, josteko makinaren estalkiaren gainean utzi zuen kopa, eta salmahaira itzuli zen. Juanak ez zuen edan nahi. On Rafaelek kopa hatzen artean zuen, eta salmahai gainera makurturik Juanak, uko eginez, estutzen zituen ezpainetara hurbiltzen zion.
Ez dut nahi errepikatzen zuen.
Edan, ala guaroak busti egingo zaitu esan zion, ezpainetara halako moduan erantsiz, koparen ertza ezpain artean sartuz, ezen Juanak ez baitzuen eusten jarraitzerik izan. Ahoa ireki eta txurruta edan zuen.
Horrela gustatzen zait, beltza. Obeditu dezazun.
Eta besaburu bilutsian xaflada bat eman zion.
Bitartean, indiarra ikazbizi gainean bezala zegoen. Ulertzen zuen, eta normala zen, Juanak zuria hobestea. Ugazaba. Aberatsa. Ezpainak hozkatu zituen. Disirnuloz sastagaia ukitu zuen. Baina gelditu egin zen. Juanak bera ere meneratzen zuen. Baina berarekikoa ez zen On Rafaelekiko domeinua bezalakoa. On Rafael «jauna» zen. Eta aberatsa. «Jauna»ren eta aberatsaren eskubide guztiekin. Irain zezakeen. Jo zezakeen. Guaro bonbila mila zati egina. Bera, aldiz, deabru gaixo bat zen. Lanik gabe. Gose. Juanari haragikeriaren soka estuak lotua. Dendariak mantentzen zuen. Gizona. Esklabua. Juanak, «behar zuelako» zeukan; baina ez amodioz maite zuelako. Hark On Rafaeli bera zela bere «damo»a esaten zion. Baina min egitearren esaten zion. Orain argi eta garbi ulertzen zuen. Orain, irainaren ondoren, meneko, errenditurik ikusten zuelarik. Indiar gizarajoak Juana odolean ongi sartua zeukan. Bertan pozoia bezala urtuta. Ez zuen uzterik izango. Ah! ez. Hori ez gainerako edozer, ezduintasuna balitz ere. Zer egingo zuen berak Juana gabe? Bera mendekatzeko «gizon» sentitu bazen, Juanak El Socorroko ugazabarenganako orduoro adierazten zuen gorrotoan sinestu zuelako izan zen. Baina orain, bere begiek zekusatenaren aurrean, itxurako gorrotoa bi izaki haien «maitasun eraginkorra», «haragiaren lakio» betierekoa zela ulertzen zuen. Berak irain egin bazuen, bere mendekua hartzeagatik baino gehiago, Juana mendekatzeagatik izan zen. Hura , laketzeko. Morronkeriaz. Baina orain... dena jasan behar. Dena pairatu. Bere indiar eta zakur patua zuen.
Juana txurrut berriak ateratzen ari zen. Sei atera zituen, aurreko errondan bezala. On Rafaelek Janicheri galdetu zion:
Eta hark edan du?
Ez, jauna. Utzi egin du.
On Rafaelek besaburuak kuzkurtu zituen.
Baina beti eramaiozu. Agian gero biak batera edateko gogoa etorriko zaio.
Janichek txurruta eraman zion. Estrainekoa bezala, indiarrak ezer esan gabe errefusatu zuen. Janichek bestearekin batera utzi zuen, josteko makinaren estalkiaren gainean.
On Rafael, bi txurrut haiek berriro mozkorraldia suspertzen hasita, larik, salmahaiaren atzera pasatu zen eta baldaren kontra inguratu zuen Juana. Belarrira hitz egiten jarraitu zuen. Baina oraingoan, dendariak bere maitale zaharraren maneiuei ez zien aurka egiten. Zeregintsu zekuskielarik, Chinchillatar gazteenak egin zuen tabernari lana. Beste txurrut batzuk atera zituen. Baina oraingoan ustegabeko eradaleak indiarraren txurruta atzendu zuen. Zertarako txurruta alperrik galdu edaten ez badu? On Rafael lanpeturik zegoen. Itxaron egin behar izan zuten. Une labur batzuen ondotik, Chinchillatar gazteak, idilioa eten zuen:
Beno, On Rafael, txurruta hozten ari da.
On Rafaelek ateraldiari barre eginez, Juanaren txurruta hartu, eta oraingoan inolako erresistentziarik gabe, irentsarazi egin zion.
Juana alkoholaren ondorioak sentitzen hasi zen. Aurpegia arras gorriturik zuen. Oihuka hitz egiten zuen. Memelokeriatan zebilen. Begiak diz-diz. Mugimendu guztiak zakarrak ziren, gehiegizko urduritasunezkoak. Alkoholak emea agerrarazten zuen harengan. Eme asegaitza. Gehiago edan zuten. Juana On Rafaelen ondoan zegoen, biak baldari erantsita, elkarrengandik oso hurbil. Hurbiletik mintzatzen zitzaion, bere aurpegi piztua gizonaren aurpegiari itsatsirik ia-ia. Une batez gizonaren ahoari itsatsi zitzaion, eta gogotsu miazkatu zuen, ezpainak, odola xurgatzen duen izainak antzo. Chinchillatar zaharrenak gazteenarekin eztabaidan ziharduen, mozkortzen ziren aldiro gertatzen zen gauza. Janichek bere naretasuna gordetzen zuen, ugazabarekin zebilen guztitan bezala, sekula ez zuen behar baino gehiago edaten. Bi, hiru txurrut odola apur bat berotzeko. Besterik ez. Tenore hartan indiarraren jarrerak kezkatsu zeukan. Horrelakoak dira indiar guztiak. Bera ez zen indiarra. Mestizua zen. Agian indiarrak baino okerragoak. Musturgogorraren behako oker eta arrenkuratsuak ez zuen ugazabaren mugimendurik galtzen. Gorri jarri zen odola bailerio, gertatzen ari zena ikusiz. Juanak bere ahoa On Rafaelenari erantsi eta ezpainak miazkatzen zizkiola ikusi zuenean, berak, zeinak ezpain haien zaporea ezagutu eta xurgapen hark destilatzen zuen ezinesanezko atsegina ezagutzen baitzuen, ezin jasan izan zuen. Beltz ikusi zuen. Itsutu egin zen. Tupustean bere txokotik jauzi egin zuen. Zuzen abiatu zen, zelo indargeek suturik, ugazaba eta dendariak osatzen zuten taldearen gainera. Sastagaiak airea ebaki zuen bere ahoaz, arin, tximistak bezala. Indiarra jauzi egiten ikusi zuen Janicheren oihuaren ondorioz, On Rafaelek Juana salmahaiaren aurka bultzatzeko astia izan zuen, eta aldi berean, bere gorputza itzurtzeko. Baina indiarrak ez zuen heltzea erdietsi. Janichek, arriskuaren larritasunaz oharturik, bere pistola atera eta tiro egin zuen, azkar, indiarrak, bala zuzenak zeharkatuta, kordokatu eta arrodatu egin zuen. Lurrera begira erori zen, odol-hustuz. Gorputzaren azpian tolesturik geratu zen ezkerreko besoa. Eskuinekoak, oraindik sastagaia eskuan, luze iraun zuen. Kinkearen argi hilak gorriz tindatzen ari zen kroidonezko barrengo elastikoaren mantxa zuria argitu zuen. Gero adreiluen artean potxongo bat egin zuen. Argi faltagatik beltza zirudien odol lodia zen. Bertan zeudenez ikara nagusitu zen. Inork ez zuen hitzik esan. Denak mutu geratu ziren, harriturik, zerbaiten esperoan baileuden.
Haietatik batek, nor zen zehaztu gabe, zera esan zuen isilki:
Inor ez da ohartu.
Hala zen. Inor ez zen ohartu. Herri osoa lo zetzan, eta herrietako loa astuna izaten da. Lanaren nekea kitatzen duen edo betiko bizi berdinaren unadura meniatzen duen loa. Eztandaren zarata, ekaineko gau epelaren isiltasunaren erdian barreiatuz erori zen, laster ezabatzen diren uhindurak osatuz, urmael bateko ur lasaietara jaurtikitako harria erortzen den gisa berean. Juana hilotzaren ondoan belaunikatu zen eta, bere gainean makurturik, ukitzen zuen. Buelta ematea lortu zuen. Ezpain odolustuetatik odol ahokada bat atera zitzaion. Arrain begiak, zabalik geratu ziren, tinko, izu ikuspenaren aurrean erroetatik kanpo. Betsein hilaren gainean mintz esnetsua esekitzen zihoan, uneka ahateen betsein borobilak estaltzen dituen bezalako mintza. Hozten hasia zen aurpegian pasa zion eskua. Mozkorraldia erabat irion zitzaion. Dena oroitu zuen.
Hil egin duzue xuxurlatu zuen.
Baina murmurio larria ez zuen inork entzun. Burua jaso zuenean, inor ez zegoen estankoan. Denak arduratsuki irtenak ziren, atearen orriak hertsirekita utziz. Lau zaldizkoak urruntzen ari zirela entzun zuen, bai. Kaleko harriztaduran beren ferruen hegiekin txinpartak ateratzen zituzten abereen trosta entzuten zen. Inor ez berarekin. Bera bakarrik hildakoarekin. Hilotzari adarrak beztu egin zitzaizkion. Eskuak ez zuen laidoaren sastagai mendekatzailea askatu. Heriotzaren hotzak ukabila estutu zuen. Inork ezin zion atera. Hobe! Han gera zedila, orrigabeturik, ahodun, bera ere, bere jabea bezala, hain aspalditik «El Socorro»ko nagusiak zor zion «galga» kobratzeko ordua noiz iritsiko zain.