Aurkezpeneko testua
Jon Urzelai Urbieta
2023-05-02
Egun on guztioi, mila esker aurkezpen honetara etortzeagatik.
Hau guztia ez zen hasi liburu bat idazteko asmo kontziente batekin. Abiapuntua harridura zintzo bat izan zen, hutsune baten kontzientzia, fenomeno bat modu sakonagoan ulertzeko bulkada bat. Nola zen posible, ia edozein gairi buruzko gogoeta mamitsuak irakurri daitezkeen honetan, geroz eta modu erabatekoagoan inguratzen gaituzten musika festibalen gainean taxuzko analisirik ezin topatu ahal izatea? Euskaraz halakorik ez egotea espero nezakeen, baina honekin guztiarekin hasi nintzenean, ez nuen uste gazteleraz edo ingelesez ere testu egokirik aurkitzea horren gaitza izango zenik.
Kontua ez baita, gainera, ekitaldioi buruz ezer idazten ez denik: kultura sailetan tarte zabalak eskaintzen zaizkie, baita telebistan, irratian, webgune espezializatuetan eta kaleko markesinetan ere. Etorriko diren festibalen afixak aletzen dira, izar entzutetsuen etorrera ospatzen da, eta, behin festa igarota, gurean kontzertuek utzi dituzten milioika euroak goratzen dira.
Esan bezala, halakoek ez ninduten sobera asetzen. Bestelako irakurketa bat beharrezkoa zela iruditzen zitzaidan, baina ez nuen errazkeriekin konformatu nahi; izan banituen zantzu, irudipen eta usteetatik tira egin eta afera ganoraz aztertzeko egitekoa jarri nion neure buruari. Konturatzerako, liburu baterako lain banuela ohartu nintzen, bazegoela zer kontatu eta nola kontatu nezakeen ere atzematen ari nintzela.
Musika jaialdiak ez dira kontzertu segida hutsak. Sekula ez dira hala izan, eta haietaz termino horietan mintzatzea, azalkeria baizik ez da. Guggenheim museoa zer den barnean dituen koadroak zerrendatuz zehaztu nahiaren parekoa. Ezin, beraz, jaialdietako musikaz aritu, ez soilik behintzat: ez dut uste inor gehiegi harrituko dudanik hori ez dela garrantzitsuena badiot.
Inork gutxik hartuko luke Woodstock musika emanaldi soiltzat, nekez baiezta genezake Baga, Biga, Higa Sentikaria ikuskizun huts izan zenik, eta Egin Rock festibalaz aritzean, gaia ez da sekula Hertzainaken kontzertuko abestien aukeraketa izaten. Hein berean, suposatu beharko genuke egungo festibalez ere entzule suharrak eta eroaldi kolektiboak ez beste elementu batzuk nabarmenduz hitz egin daitekeela, hitz egin beharko genukeela. Gaur egun ere, musika jaialdiez aritzea geure gizartea deskribatzea ere bada eta.
Ez nazazue gaizki uler, musika berak noski baduela garrantzirik: bere bueltan dauden eta sarri berezkotzat hartzen ditugun bestelako elementuen argi-ilunak modu biluzian aditzera ematea merezi duen aitortza egiteko modu bat ere bada, justuki.
Festibalak asmo utopikoen gordailu izan dira, baita identitate zapalduen aldarrikapenetarako zita ere. Transzendentziarako balio izan dute, jairako bezainbat. 60ko, 70eko, 80ko eta baita 90eko hamarkadetako jaialdi mitikoen berri izan dugu, eta saiatu izan gara haien esangura soziala interpretatzen. Irakurri dugu haien inguruan, eta eraiki dugu haiei buruzko kontakizun oso bat; egun ekitaldion egitekoaz solasteko beste hiztegi bat behar dugula deritzot, ordea.
Uste dut ezinbestekoa dela hiri eta nazio markez hitz egitea; turistifikazioaz, folklorizazioaz, zergatik ez, baita gentrifikazioaz ere. Egoera geroz eta monopolistikoagoez eta festaren pribatizazioaz. Musikaren bueltan lan egiten dutenen baldintzak aintzat hartzeak eta egoeraren makurra mahaigaineratzeak ere derrigorrezkoa behar luke. Auzi gehiegi aukeran, badakit, baina denak banan-banan aztertzea iruditu zait onena, osotasun baten xerka. Horretan aritu naiz liburuko kapitulu ezberdinetan: esaldi maiztuez, propagandaz eta itxurez harago begiratzen eta gaur egun musika festibal bat zer den ahalik eta modu zehatzenean ebazten.
Hitzaurre batek, hiru kapituluk eta gibel solas batek osatzen dute liburua. Festibaletako esperientzia aztertu dut, bilakaera historikoa ulertzen saiatu; kontzertuok euskaltasuna eraikitzerako orduan duten papera ezbaian jartzen ahalegindu naiz, eta hiri garaikideari forma nola ematen dieten ikertu dut, herritarrok halakoekin harremantzeko modu ezberdinak ere iruzkinduz bidean. Atzerrira jo dut ezinbestean, baina analisia Euskal Herritik egiten saiatu naiz, hemen ere hamaika adibide baitugu egoera zedarritzen lagundu ahal digutenak. Gailentzen ari diren formatuez hitz egin dut, haien gaitzez, baina orriotara bestelakoak ere ekartzen saiatu naiz: sua piztuta mantentzen tematzen diren ekimenak; garrak elikatzea lehenesten duten horiek, errauts ederra erakusleihoan paratu beharrean; larreak erre bainoago, lurra ondu eta kimu berriak zaintzen dituztenak. Egon badaude.
Testuan zehar, sarritan aipatu behar izan dut BBK Live festibala, ezin bestela; lehenago auto lasterketa batek egin gisara, Euskadi Basque Country nazioartean kokatzeko sortutako artefaktua. Hiri ereduaz, komunitate simulakroez eta abarrez aritzeko baliagarri izan zait. Instituzioek bultzatzen dituzten Basque Fest eta Bay of Biscay ere ageri dira, euskaltasun atsegin eta erakargarri berri bat proiektatu nahi dutenak. Euskal Herria Zuzenean festibalaz ere jardun dut, edo Iruņean gertatzen ari denaz, etengabe moldatzen den identitate baten erakusle biak ere. Hiria dekoratutzat hartzen duen Hirian izeneko egitasmoak ere badu bere tartea, edo Ibaiertzean jaialdiak, bazterrak exotiko bezain arrotz mantentzeko asmoak, eta horixe bera ekidin nahiak. Gernikako Lekuek bezalako ekimen txiki bezain aberatsak ere ezin aipatu gabe utzi, eta zer esan Olatu Talka eta antzekoez, kultura hiriburutzaren aparrak hiri honetan bertan ekarri eta utzitakoaz jardutea ezinbestekoa baita egun kulturaren egitekoa zein den zalantzan jartzeko. Liburuaren muinetako bat horixe bera baita: kulturak gurean zer esanahi duen argitzen saiatzea; salgai huts den, inbertsioak erakartzeko kaskabilo magiko, fedearen ordezko, askapenerako bide, garapen urbanistikorako erregai, komunitatea trinkotzeko erreminta… Liburuan aipatzen diren hamaika festibalak eta hauek aztertzen laguntzeko erabilitako askotariko erreferentziak aipatu auziaz jarduteko bitarteko ere badira.
Hau guztia era irakurterrazean egiten saiatu naiz, arinkeriatan erori gabe hargatik. Mamitsua izan, astuna izan gabe, hori izan da helburua. Pop festibalei buruzko pop saiakera bat egitea, nahi baduzue. Hau da musika jaialdien gaineko nire irakurketa, nire saiakera; egon ahal dira beste batzuk. Liburu hau gaur egungo kultur politikak auzitan jarri eta gogoeta eta eztabaida hauspotzeko gai bada, bere egitekoa beteko du.
Ezin amaitu Leire Lopezen eta Susaren babesa eskertu gabe. Nekez izan nitzakeen bidelagun hobeak. Irakurleei iritsiko zaien testua askoz ere txukun eta osatuagoa da haien eskuetatik pasa ostean. Eskerrik asko nigan izan duzuen konfiantzagatik.