Su festak
Su festak
2023, saiakera
208 orrialde
978-84-19570-05-5
Azaleko argazkia: J.A. Areta Goñi (juxe)
Jon Urzelai Urbieta
1990, Zumarraga
 
Su festak
2023, saiakera
208 orrialde
978-84-19570-05-5
aurkibidea
 

 

4. KOBA

 

 

Basoa maite duzun eran sua ere maite duzu

denborak egin duen basoa, bere pizti, bere sasi

zuretzat eranzten dena eta zurekin jantzi

zuk hainbeste zaintzen duzuna, eder eta egi izan dadin

baina zuk ere nola

basoa adina sua maite duzun

PiromaniaAnari

(Epilogo bat, 2016, Bidehuts)

 

 

Ernalduko ahal dire

zuen barneko suak!

ernalduko ahal dire

zuen barneko zuak!

Landareak eta paretakBorrokan

(Zuak, 2013, Autoekoitzia)

 

 

Zugarramurdiko kobetan saltzen diren sorgin itxurako panpinak ikusteak erabat amorrarazi zuen Silvia Federici. Israelen kontzentrazio esparruez trufa egingo luketen balizko egoera batekin alderatu zuen pentsalari feminista italiarrak bertan topatu zuena; deitoragarriak zitzaizkion karikatura haiek, sutan erreta erail zituzten emakumeak iraintzen zituztela iruditu zitzaion. Sudur kakodun plastikozko atso zahar haiek irudi umiliagarri bat betikotu besterik ez zutela egiten[1].

      Hein batean espero izatekoa ere bazen Federiciren asaldura. Azken finean, 2004an Caliban eta sorgina. Emakumeak, gorputza eta metatze primitiboa liburuan akelarreei buruz egin zuen irakurketak bilakatu zuen ezagun, eta ziur aski horrexegatik proposatu zioten Zugarramurdiko kobetara joatea. Aurrez aurre ikusitakoak jada bazekiena gogorarazi besterik ez zion egin: akelarreena folklore kontu bat bilakatu dela, irakurketa politikoa ukatu zaion krimen zerrenda bat.

      Akelarreak kapitalismorako trantsizioaren baitan ulertzen ditu Federicik, sorgin ehiza metatze primitiboan funtsezkoa izan zela azpimarratzen baitu. “Emakumeen gorputza, lana eta sexu eta erreprodukzio-ahalmenak estatuaren kontrolpean jartzeko eta baliabide ekonomiko bihurtzeko” zioa omen zuen sorgin ehizak, zeina, finean, “klaseen arteko gerra zen, beste bide batzuk hartu zituena”[2].

      Harreman komunalak deuseztatu, magiarako gaitasuna ebatsi eta munduaren sorginkeria itzali zen historiako atal gordina ei da akelarreen su liluragarriek estaltzen dutena. Arriskutsutzat jo zitekeen edozein bilkura zapuzteko aitzakia; nekazarien batzarrak, kanpaleku errebeldeak, jaialdiak eta dantzak susmagarritzat jotzeko arma. Transgresorea izateko zantzuren bat izan zezakeen edozein ekimen itzaltzeko baliabide bat.

      Europa osoan hala izan zen, Federici ez da ari egun Euskal Herria deitzen diogun inguru honetan gertatutakoari buruz soilik. Dena den, Zugarramurdiko bisitan, une batez, azpimarratu zuen inguruotan frantziar eta espainiar inperioekin talka bat ere tartean bazegoela. Uste berekoak dira Helena Xurio eta Asisko Urmeneta ere. Haiek hari mutur horretatik egin dute tira Sugarren mende komikian aurkezten duten irakurketan, non xvi. eta xvii. mendeetan hemen gertatutakoa herri bat zapaltzeko saiakera izan zela defendatzen duten. Federicik egin gisara, hauek ere gertatutakoaren kontzientzia hartu eta ipuinak baztertzea defendatzen dute, “mitoak eraikitzeari utzi” eta “gure historia ezagutzen hasi” behar dugula azpimarratuz[3].

      Irakurketak irakurketa, jakina dena zera da: egun Zugarramurdin sorginen turismoa dela herriaren zutabe ekonomiko nagusietako bat. Ipuina gailendu da eta ikur eta sinbolo horiek statu quoa indartzeko funtzionalak dira, zenbait iruditeria hori iraultzen ere saiatuagatik. Egoera horretan, nagusitu den kontakizuna moldatzea eta zorroztea baliagarri izan arren, gauzak bere biluzian aztertu eta gertakariak zintzoki aletzeak badu bere garrantzia.

 

 

Zuloan barrena

 

Damon Krukowski musikariak, beste ikuspegi batetik, kobak aztertzeari ekin dio berriki. Galaxie 500 taldean aritu izan da bateria jotzaile estatubatuarra eta egun Damon and Naomi bikoteko kidea da. Idatzi ere egiten du eta bera da, ziur aski, Spotifyren jarduna zalantzan era ozenean jartzen duen musikari bakarrenetako bat[4].

      2016an Txinan zehar bira bat egin zuten Damon eta Naomik. Bost kontzertu izan ziren: Shanghai, Guanghzou, Shenzhen eta Beijing hiriez gain, Tenglongeko kobazuloan ere jo zuten, Midi izeneko jaialdian. Tenglong Hubei probintzian dago eta Wuhan hiriburutik kotxez sei ordu behar dira bertara iristeko. Bai, Wuhan, badakizue nora iritsi nahi dudan; kobazulo horietako saguzarretan egon litekeen Covid-19aren iturrira, hain zuzen.

      Izurriteez baino gehiago, musika jaialdien paradigmaz eta horren gaitzez mintzo zen Krukowski 2021eko azaroan bere blog pertsonalean plazaratu zuen testu batean. Zioenez, bira hura aire zikinez beteta zegoen kobazulo hartan emandako kontzertuak egin zuen bideragarri, bertan aritzeagatik ordaindu zietenarekin finantzatu baitzituzten beste lau emanaldiak. Festibal hura gertatuko zain zegoen hondamendia omen zen, ordea: kobazuloan sartzeko, milaka ikusleek lerro bakarrean gurutzatu beharreko zubi bat zeharkatu behar zuten, eta gero zuloan barrena kilometro bat egin. Zer gertatuko litzateke argia joanez gero? Zer, ihesean jendetza hura zubi hartan pilatu izan balitz?

      Mundu osoan ezarrita dagoen jaialdien ereduak jende multzo erraldoiak behar ditu toki bakarrean, eta horietako batean aritu ostean ekin ahal izan zieten bestelako areto txikiagoetako saioei, non, Krukowskik aitortzen duen moduan, zaleekin eta antolatzaileekin harremana askoz ere aberasgarriagoa den. Ekitaldi erraldoien aldeko apustua kapitala esku gutxitan metatu izanarekin lotzen du Krukowskik eta jada ezagunak zaizkigun bi izen aipatzen ditu: festibal gehienak antolatzen dituzten Live Nation eta aeg. Konpainiok argi adierazten duten moduan, haiena aretoen kudeaketa, babesletza eta txartel salmenta dira, eta artisten ardura da horretarako testuinguru egokia osatzea. Oholtza aurrean daudenak, aldiz, jana, edana eta tiketak erosiko dituztenak dira, branding eta sponsorship burutsuen hartzaile egokiak.

      Covid-19ak Txinan emandako kontzertua gogorarazi zion Krukowskiri. Mundu osoa astindu zuen izurri baten zero gunean eraikitako oholtzan emanaldi bat eskaintzen egon izanak halako hotzikara moduko bat sortzen baitu ezinbestean. Krisiaren ondotik etorriko zenak kezkatzen zuen Krukowski, halere. Ikusteko zegoen ea horrenbeste hilabetez ohiko jarduna gelditu behar izan zuen aretoen zirkuitua aurrerantzean eusteko gai izango ote zen, eta oso litekeena zirudien lehenagotik zetorren eredua indartzeak. Erraldoien artean alternatibarik sor litekeen edo ageriko arriskuz beteriko koban gotortzea besterik ez zaigun geratzen, horra Krukowskiren zalantza nagusia.

      Behin pandemia igarota, ezin esan Krukowskiren kezka oinarririk gabekoa zenik. Festibaletako publikoa hamar aldiz handitu da hamarkada bakarrean eta urteak dira bestelako kontzertuetan baino diru gehiago biltzen dela halako ekitaldietan[5]. Gainera, izurri-ostean talde entzutetsu askok aretoetako bira bertan behera utzi behar izan dute arazo ekonomikoak tarteko. Inflazioa eta egoera ekonomiko orokorra dira sarri argudio nagusiak, baina bestelakoak ere badaude: hainbat aretok taldeen diru iturri nagusi diren merchandising salmenten ehuneko bat kentzen diete taldeei, aspaldi da musika grabatuak etekinik ematen ez duela, eta panorama geroz eta monopolistikoagoak —aretoen kudeaketa, managementa eta abarrak konpainia ezagun berberen esku daude sarri— ia ezinezko egiten du sare horretatik ihes egitea. Musikarien klase ertaina desagertzera bidean dela diotenak geroz eta gehiago dira, egoera ikusita.

      2022ko festibalen uzta argigarria izan zen, halaber: jaialdien turismoaren meca den Espainiako Estatuan, ia mila festibal egin ziren eta ez ziren gutxi izan burbuila batez hitz egin zutenak. Last Tour promotoreari dagokionez, beste bi festibal sortu zituen normaltasun berrian: Cala Mijas Malagan eta Kalorama Lisboan. bime jaialdiak ere edizio paraleloa izango du aurrerantzean Bogotan eta 2021az geroztik Navia Suena ere antolatzen dute Navian, Asturiasen. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak babestuta —770.000 euro ordaindu zituen Foru Aldundiak[6]—, Live Nation erraldoia Euskal Herrira iritsi zen Metallicaren San Mameseko kontzertuarekin. Hiri erdian Bilbao Blues Festival ere sortu zen eta, Aburto alkatearen arabera, “ekitaldien kateari gehitzen zaion formatu berri” horrek “bisitari asko erakartzea” espero da[7]. Muse taldea ez zen gurean makroekitaldi sinboliko baten parte izan; aldiz, galiziarrak izan ziren haien erakarpen indarra ustiatzen saiatzen azkenak: 2,5 milioi euro ordaindu zituen Xuntak Vigoko Celtaren estadioan aritu zitezen[8]. 2023an Santanderren arituko dira, Kantabrian.

      Egia da, halaber, azkenaldian Espainiako hedabide nagusietan musika festibalen paradigma zalantzan jartzen hasi dela lehen aldiz. Bi festibaletan eszenatokiak erori ziren 2022ko denboraldian eta istripu haietako batean hildako bat eta hainbat zauritu izan ziren. Bi kasuetan —O Son do Camiño eta Medusa— langile faltak eta prekaritateak zeresanik izan zuten, Galiziako ikuskizunen tekniko profesionalen sindikatuak arriskuak aurreikusiak baitzituen eta esana baitzuen ekitaldien pilatzeak baldintzak okertu eta prekaritatea handitzen zuela[9]. Valentziako Medusa festibalaren kasuan, kualifikatu gabeko langileak kontratatu behar izana argudiatu zuten arduradunek, makroekitaldien uholdeak beste aukerarik ez ziela utzi[10].

      2022an izandako arazoak eta kexak —bertan behera utzitako jaialdiak, festibalaren gunetik itzultzeko garraioa lortzeko zailtasunak, ura topatzeko ezintasuna…— aurkezten jarrai genezake, baina nahikoa izango da gainbeheraren adierazle behinenaz hitz egitearekin. Zaila baita Malagan egin beharreko Andalucia Big Festivalek beste kalamitate biltzea ekitaldi bakar batean: Europatik iritsitako Eskualde Garapeneko Funtsen erabilera irudimentsua —hiru milioi euro baino gehiago—, ingurua “mapan kokatzeko” eta Andaluzia marka indartzeko nahia, zuloz beteriko antolakuntza, azken orduko kokapen aldaketa —hondartzatik erakustazokara—, ezarritakoa kolokan jartzera zetorren kartelburu bat ordeztu beharra —marka pertsonalaren entrepreneur behinena den C. Tangana Rage Against The Machine engaiatuen ordez—, bolumen itzela tarteko inguruko bizilagunen kexak eta abar. Hori guztia, merezi du zehaztea, Malagan, hiri globalen ligan jokatu nahi duen “Museoen Hirian”, non zinema jaialdiak, teknologia foro itzelak eta antzerakoak bata bestearen ostean antolatzen diren.

 

 

Green

 

Arnas aparatuko gaixotasun batek dena hankaz gora jarriko zuela zirudien hartan, inertzien indartze baten aurreko geldialdia bainoago, hitzaurre bat ikusi zuenik bada. Pandemia madarikatuaren iturria aldaketa klimatikoaren eta biodibertsitatearen galeraren berbera dela azpimarratu izan du zenbaitek; auzi guztiak lotuta daudela, alegia. Nazioarteko merkataritzak eta kontsumo gizartearen logikek basoen deuseztatzea eragiten baitute, basoen mozketak biodibertsitatea kolpatzen du, eta honek, azken buruan, zoonosiak ugaritzen ditu. Zoonosien ondotik badakizue zer datorren. Egungo gizartearen gaitzen ale batzuk besterik ez dira horiek, zerrenda genitzake askoz gehiago ere, nahiz eta ondorioa bistakoa izan: aldaketa kosmetikoek ez gaituzte salbatuko, erroetara jo ezean, ez gara gainbehera gelditzeko gai izango.

      Noski, afera honek dena jartzen du kolokan. Ziur aski aurreikusteko gai ez garen maila batean, gainera. Jorge Riechmann pentsalari ekologistak dioen gisara, “Proba Handiaren mendean”[11] gaude, eta horrek dena baldintzatuko du; baita zuzeneko musika ere, jakina. Trantsizio ekosozialaren lehen pausoak ematen ari garen honetan, jaialdien paradigma jasangarria izan daitekeen zalantzan jartzen hasi den talderik ere badago, eta afera era sakonean aztertu duenik izan bada, hori Massive Attack talde ingelesa izan da.

      Bristolgo talde ezagunak zenbait unibertsitateren arteko lankidetzaren fruitu den Tyndall Centre for Climate Change Research-era jo zuen 2019an, birak jasangarri egiteko laguntza bila, eta 2021ean txosten bat argitaratu zuen lortutako emaitzekin[12]. Hona bertan bildutako hainbat proposamen: 2025. urterako diesel generadoreak erabiltzeari uztea; garraioa murrizteko planak garatzea —esan gabe doa, jet pribatuak ere debekatuz—; kontzertuetarako hegaldiak sustatzeari uko egitea eta bizikletaz, trenez edo autobusez joateko erraztasunak ezartzea; jatorduetarako aukera beganoa izatea oholtzaren aurrean zein atzean; energia berriztagarrietarako salto erabatekoa ematea; ekipamendu, elikadura eta abarretarako bertako hornidura bermatzea; toki bakoitzak bere ekipoa prest izatea datorren musikariak entxufatu eta jo ahal izateko…

      Ez dut zalantzan jartzen Massive Attacken kezka zintzoa, eta haien saiakera txalotzekoa iruditzen zait. Duela zenbait urte haien bira trenez egin zuten ingelesek, besteak beste, karbono isuriak % 31 murriztuz. Radiohead ere In Rainbows diskoaren aurkezpen birak ahalik eta karbono aztarna txikiena utz zezan saiatu zen 2008an, garraio eta energia beharrak alternatiba ekologikoagoen bidez asez. Dena den, kalterik handiena zaleen garraioaren ondorio zela konturatu ziren. Coldplayk ere antzeratsu, azken munduko bira parametro berdeen arabera antolatu omen du, nahiz eta hiri gutxi batzuetan pilatu zuzeneko emanaldiak.

      Asmo onek ez dute errealitate gordina ezkutatzen, ordea. Radioheadek atera zuen ondorioak baliagarri izaten jarraitzen du oraindik ere: ia ezinezkoa dirudi dimentsio erraldoietako kontzertuak jasangarriak izateak. Halakoek areto edo espazio erraldoiak behar dituzte derrigor eta milaka zaleren garraioak ez dirudi parametro berdeetan kabida duenik, are gutxiago petrolioz bustitako low-cost paradigma iraungitzear dagoen honetan. Festibalei dagokienez, jakin badakigu haien bideragarritasuna bera jendetza handiak erakartzeko gaitasunaren araberakoa dela eta, gurera etorriz, euskal makrojaialdiek ezinbesteko dutela atzerriko zaleen presentzia. Kale itsuan aurrera egitea da, beraz, Tomorrowland egiten ari dena: ingurugiroa zaintzeari buruzko hitzaldiak programatu bai, baina bertaratzeko festa-hegaldiak antolatzeari muzin egin nahi izan gabe[13].

      Ez da gustu edo zaletasun kontu bat: makrojaialdiek ez dirudite bideragarriak jada aski kolpatu dugun planeta finitu honetan. Analisi zuhur batek ondorio horretara garamatza. Itsas mailaren egoeraz, muturreko fenomeno klimatikoez, lehorteez eta abarrez gutxi gorabehera jakitun garen arren, ez dirudi horren kontziente garenik aurrean dugunari aurre egiteko egin beharrekoaz. Geroz eta adostasun handiagoa dago aldaketa klimatikoa garapen industrialak eragiten duela, zehazkiago, gizarte kapitalistaren izaerak eragindako bilakaera sozial eta ekonomiko jasangaitzak. Ez dugu ahaztu behar, halaber, aldaketa klimatikoa iturri komuna duen krisi ekologikoaren alor bakar bat dela: elkar gurutzatzen duten enbor beraren adar ezberdinak dira krisi energetikoa, biodibertsitatearen galera, beharrezko materialen gabezia eta kutsadura. Horri guztiari aurre egiteko beharrezko eztabaidaren marko berria finkatzen ari da, asko onartzeko prest ez dagoen arren: hazkunde etengabea behar duen ekonomia kapitalista ezabatu beharreko gaitz bat da.

      Krisi ekologikoaren dimentsioaz jakitun izatea ez da aski, oraindik itzela baita egiteko duguna. Emilio Santiago Muiño ikerlariak aldaketa antropologiko erabatekoaren beharra azpimarratzen du; hazkundearen logikan oinarritutako zoriontasunaren ikuspegia alboratu ezean, jai dugula. “Luxuzko pobrezia” aldarrikatzen du, askotasunari muzin egin eta aseko gaituen bizimodu jasangarri bati heltzea[14]. Zoriontasuna garapenaren parametroetatik libratu, plazera merkatuaren bidez eskuratzeari utzi, eta aske izatea aski izatearekin berdinduko duen gizarte baten beharra defendatzen du. Neoliberalismoak psikean ez ezik, baldintza materialetan ere eragin duen sarraskia kontuan izanda, trantsizio ekologikoak, nahi ala ez, sozialki justua izan beharko du, gainera.

      Green ezin da, beraz, creative eta smart delakoen ondorengoa izan; nahiz eta, ezinbestean, berdeak, sortzaileak eta inteligenteak izan beharko dugun. Sinpletasunak handinahikeria ordeztu beharko duen gizarte horrek eskatzen duen eskala murrizketa ez da orriotan aztertu dugun logikaren araberakoa, eta bizitza ona zer den birdefinitzea eskatzen du, nahitaez. Geroz eta eztabaidaezinagoa da norberaren behar eta desioak ase ahal izatea era zilegian aldarrikatu zuen kontrakulturari neoliberalismoak emandako erantzun hipertrofikoa, egokia ez izateaz gain, ekozida ere badela, eta, beraz, erantzun berriak emateko garaia da, horrek ardura eta desaztea eskatzen duela onartuz.

      Festibal handiek, ustez aldi berean elkartzeko eta alde egiteko aukera emango ziguten horiek, kale egin baitute eginkizun horietako bakoitzean; erakusleiho bihurtu dute norbera eta pobretu dute lurra, komuna. Ihes Hutsa da eskaini digutena, etxe ertzeko lorediak zanpatzen eta bestelako kimu berrien sorrera oztopatzen duena. Geure buruaren kontra darabilgun lur errearen politikaren adierazle bat gehiago bilakatu dira, funtsean.

 

 

Euskal Herria Next

 

Bertako espezieez ari garela, Chill Mafia izendatu beharko, haiena izan baita euskal musika panoramako azken fenomenoa, rock-osteko lehena. Aski ongi jakingo duzuenez, rap garaikidea, musika urbanoa edo dena delakoa jorratzen dute, reggaea eta beste hainbat estilo ere uztartuz. Jada beste hizkuntzetan ikusitakoa 2021ean iritsi zen euskarara eta sutsuki besarkatu genuen, bere transgresiorako gaitasuna goraipatuz, besteak beste. Ertzekoa zen, zikina, auzokoa, erreala. “Puta grima” ematen ez duten euskarazko abestiak entzun nahi zituztela eta, horra zergatik hasi ziren Chill Mafiakoak musika sortzen, elkarrizketa batean esan zutenaren arabera[15]. Euskara berpiztera zetozen, ezaguna bezain atsegina zaigun erretolika batekin.

      Ez zen ingurumari hartan Iruñerrian sortu eta zeresana eman zuen talde bakarra. Tatxers, Ibil Bedi eta Skabidean taldeek, adibidez, euskaraz abestuz sona lortu zuten eta Hofe edo Ben Yartek antzera, baina gazteleraz. Iruñea bogako jarri zen, neurri batean behintzat, eta fenomenoaz aritzeko antolatu zuten Iruñea Nola? kolektibokoek Sortaldeko Zepa: Euskal musika putzu sakon eta ilun bat zen mahai-ingurua.

      Kiliki Frexko eta Sara Goxua (Chill Mafia), Ibai Osinaga (Ibil Bedi) eta Martin Ziriza (Tatxers) musikariek hartu zuten parte Xalba Ramirezek gidatutako solasaldian, Iruñeko Alde Zaharreko Matalaz espazioan. Giroa informala izanagatik, bazegoen Iruñean zerbait gertatzen ari zenaren kontzientzia eta horren inguruan hausnartzeko gogoa. Hirian azken urteotan egin den lurrazpiko lana goraipatu zuten hitz-aspertuko une batean. Haiek horren berri zuzenean eman ez arren, aipatutakoaren isla ere bada nola Kiliki Frexko bera liburu honetako hirugarren kapituluan aurkitu ahal izan dugun gentrifikazioaren kontrako desfilean tronpeta jotzen, edo nola Ibil Bediko Amets Aranguren Iruinkokoari buruzko azalpenak emateko elkarrizketetan ikusi ahal izan dugun. Aipagarria da, halaber, euskarari eta euskal kulturari gune bat emateko sortu den Laba espazioa ere. Ez da kasualitate kontu bat, Iruñea Nola? hipotesiaren eragina ere bada, hein batean; gurean nekez topa dezakegu hiri batean tankera horretako arrastoa utzi duen beste musika eszenarik azken urteotan —edo, bestela esanda, herri mugimenduekin halako lotura duen mugida musikalik— eta, ildo berean, ezinezkoa dirudi makrojaialdi batek horrelako eragina sor lezakeela imajinatzeak.

      Adierazgarria da, halaber, nola lehenago aipatu dugun Izar Beltz ateneoan entseatzen zuten zenbait taldetatik sortu diren azkenaldian Bilbo aldean sona handia lortu duten zenbait proiektu: Serpiente taldean ibili ostean sortu zen Verde Prato eta Vulk taldeko zenbait kide Karpatos edo Mortimer Tangana taldeetan aritzetik datoz, adibidez. Ildo berean, fruituak etengabe ematen dituen Iparraldeko musika eszenaren osasunak ere izango du zerikusirik bertako jaialdi herrikoi sarearekin eta musikariei nolabaiteko babesa eskaintzen dien hezurdura instituzionalarekin.

      Iruñeko mahai-ingurura itzuliz, espazioak eta bertan elkartzen den jendea goraipatzearekin batera, beharrezko azpiegitura falta ere nabarmendu zuten. Gipuzkoan aretoen zirkuitu bat egon badagoela azpimarratu zuten, hein batean gaztetxez osatua, gainera. Ez alferrik, Chill Mafia Azpeitiko Sanagustinen jotzetik eta Ibil Bedi Segurako Ganbaran Norbait Dabil egitasmoan aritzetik baitzetozen solasaldi hartara. Publikoaren pare bat hitzartze ere esanguratsuak izan ziren. Batek eae nostalgian bizi dela azpimarratu zuen, historiaren amaiera moduko bat bizi duela; besteak “Recupera2: Parranda aske is not a crime” ekitaldian gertatutakoa gogoratu zuen. San Ferminetan kalean festa bat antolatzea egotzita dj Reimyri jarritako multa bat ordaintzeko antolatu zuten jaialdi hura Zentral aretoan eta arrakasta itzela izan zen. Halere, publikoan zegoen lagunak atsekabez nabarmendu zuen Zentralera joan beste aukerarik ez izana, ekitaldi hark Burlatako gaztetxean beharko zukeela iritzi baitzuen.

      Iruñerriko eferbeszentziak azpiegiturak falta, eaeko gerraostean ondarea bai eta erregairik ez, dirudienez. Eztandak (kontra)instituzionalizatu ezean jai du eta gehiegizko egonkortzeak, berriz, jaia izorra dezake. Hala komeriak. Chill Mafiari eta enparauei dagokienez, haiek omen punk berria, baina, inork esan zuen bezala, historia ez da errepikatzen, nahiz eta errimatu bai. Fenomenoak euskarari erakargarritasuna eman eta espazio berriak irabazteko balioko duen argitzeko dago, baina hortik haratago, testuingurua aski bestelakoa da: Ez Dok Amairu eta rrv garaietako eta oraingo demografiek ez dute zerikusirik, ezta sozializatzeko moduek, mugimendu sozialen indarrak eta etorkizunera begirako iruditeriak ere; musika industria eta zirkuituak askoz ere egituratuagoak dira orain, eta euskal kulturaren normaltasun saiakera bat ere egon badago, batez ere, eaen. Iruñerriak, aldiz, egituratze fase bat bizi du eta, hortik, agian, txundidura; euskaltasun berriak sortzeko duen gaitasunak liluratu gaitu, beste ezerk baino gehiago. Bestalde, eta dena esaten hasita, ikuskizun da ea emankorra dirudien lur nafarrak iragazkorrak ez diren fruituak emateko duen gaitasuna zenbaterainokoa izango den.

      La Polla Records taldeak Last Tourrekin kontzertu erraldoiak eskaintzen dituen garaiak dira hauek[*], gaztetasun inkonformistaren ikur berriak diren Chill Mafiak egin antzera, bide batez esanda. Zetak taldeak —Last Tourren Oso Polita zigilukoak hauek ere— Zeinen Ederra Izango Den Fest jaialdia ere prestatu du, “Euskal Herriko urteko musika eta gizarte ekitaldi nagusi” izatea nahi duena. Pello Reparaz gidari duen proiektuak “herri txikia izan arren, Euskal Herrian horrelako gauzak egiteko gai garela erakusten duen erakustaldia” antolatu nahi du urtero, gizarte osoarentzat —haien hitzetan, whatsapp talde osoarentzat— izango dena, denona eta denontzat[16]. 2022an egin zuten aurrenekoz eta 2023an ere egitekoak dira, Barakaldoko becen, ekitaldi historikoen joko zelaian.

      Ikastolen aldeko jaialdien paradigma agortu den honetan, nerabeentzako lehen festibala izan liteke, euskalduntasun popean sozializatzeko esparru berri bat, kausa justutzat “baikortasuna eta zoriontasun uneak” inspiratzea duena. Euskaltasunaren inguruko diskurtso lauso bat ere badu festibalak, euskaldun zaharrei eta inguru ez bereziki urbanoetako herritarrei zuzentzeko balio dezakeena, asko jota. Barrura begirako basque nortasun onbera bat, menturaz.

      becetik ez horren urrun, Urdaibai aldean, beste eraikin erraldoi baten mamuak kezkatzen ditu. Tiraderan gordeta hainbat urte pasatu ostean, bigarren Guggenheim baten asmoak indarra hartu du berriz eta, dirudienez, Muruetan eta Gernikan kokatuko diren bi gunek osatuko dute, tartean egongo den “bide berde”[*] batek lotuta[17]. Europar Batasunak Covid-19aren krisiaren eragina arindu eta Europa jasangarriago bat sustatzeko sortutako Next funtsak erabili nahi dituzte eta, horrenbestez, hizkera sasiekologista batez bustita dago proiektu osoa. Urdaibaiko biosferako babes handieneko gunean eraiki nahi dutenez, ezin bestela.

      Ekosistemarik aberats eta hauskorrenak dauden eremuan egingo da Guggenheim, Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusiak irmoki baieztatu duenez, Next Generation funtsak jaso ala ez. Egitasmoa ez dago jokoan, beraz; beste hark esango lukeen moduan, egin egingo da. Turismoaren monokultiboa, kulturaren izenean greenwashing pixka batez lagundua; errezeta ez da berria. Testuinguru kulturalarentzat kaltegarria dela esatea proiektuaren itsukeriaren alderdi txiki bat besterik ez nabarmentzea litzateke, gauden zuloa sakonagoa egitea baita proiektuak azken buruan egingo duena, ez besterik. Panorama ikusita, harrigarria ere bada oraindik margolanen bati inork tomate zoparik jaurti ez izana gurean.

 

 

Bizitza Happening

 

Edukiak baino edukiontziak lehenesten dituen paradigma horren fruituetako bat da Tabakalera, eta bertan kokatu zuen Maialen Lujanbiok ‘Bizitza Happening’ obra, honetaz guztiaz gogoeta egiteko baliagarri zaiguna. Arteari zein egunerokoari berari nola zuzentzen gatzaizkion aztertu nahi zuen Lujanbiok; obra bati zein bizitzari era hotz, aseptiko eta akritiko batean begiratzen ote diogun. “Zalantza bera” omen zen obra, izen “basque-anglofilo-style” delako batez berariaz izendatua[18].

      Errealitateaz, arteaz eta begiradaz aritzea hitz eta soinu bidez, horixe zen Tabakalerako eskaileretan hedatzen zen obraren xedea. Lujanbiok berak izandako esperientzia batean oinarritzen zen: bi gizon ikusi zituen behin eskailera haien azpian otoitzean ortozik, Ertzaintzak azalpenak eskatzen zizkien bitartean. Bizipen hartatik tiraka sortutako gogoetek eta galderek osatzen zuten obra. Paretetan “Bizitzak gal dezake bizitzaren antza”, “Buztin bilakatzen da lurreko lokatza” eta beste zenbait mezu idatzi zituen, testu errimatua osatuz. Bozgorailuek Xabier Erkiziaren laguntzarekin ondutako hitz eta soinu segida desordenatua igortzen zuten: nora, nora ez, noraez, hemen non zaude?, dena urrun, urrunetik, lurrunetik, ezerk ukitzen ez, sentitzen ez, zauritzen ez…

      Artearen eta errepresentazioaren inguruko amaitu gabeko hausnarketa iradokitzailea zen hura. Kultura deitzen diogun hori zenbateraino den bizitzatik aparteko esparru independente, hori ere bada orriotan izan dugun kezketako bat. Polanyik kontatu zigun merkatuak nola erauzi zituen lana eta lurra gizartetik[19]; ildo berean, kultura salgaien multzoan txertatu ostean, geure erritu ateootan ere ez ote gara sentitzen are atzerritarrago.

      Benjaminen irudi klasikoa baliatuz, abiada bizian doan gizarte honen emergentzia balazta non dagoen ez da erraza igartzen. Inertzia bat-batean geratzea posible izango den ere zalantzazkoa dirudi eta salbazio guztizkoak, ameskeria. Lausoa da etorkizunaz dugun irudia eta garaiek ez dirudite sobera distiratsuak. Zentzu horretan, atzera begira idatzitako liburu bat da honakoa, hein batean behintzat; amiltzear dagoen mundu batez mintzo da, erorketak betierekoa dirudien arren. Hona ekarri gaituzten joerak deskribatzeak balioko ahal du, behintzat, datozenak moldatzen saiatzeko. Musikari dagokionez, jakina dirudi lilura mantentzeko dituen ezaugarri suharrenek ezinbesteko izaten jarraituko dutela; baita, sasiak erretzen dituzten suteez gain, negu hotzean argia eman eta berotuko gaituzten su txikien beharra ere izango dugula. Bizitza ona, zalantzarik gabe, musikaren inguruan gorpuztuko baita.

      Jada ezagutu dugun Damon Krukowskik mundu digitalean nola entzun eta birkonekta gaitezkeen galdegiten du The New Analog liburuan. Erantzunaren xerka ari dela, zarataren aldeko aldarria egiten du, entzunaldi digitalean dena baita seinalea eta, hala, ezerk ez baitu testuingururik. Fonograma da garrantzia duena mundu digitalean, soinuzko erregistro hutsa. Spotifyrentzat diskoaren datuak zarata dira, ez dute axola musikariaren, produkzio lanetan aritu den pertsonaren edo koristen izenek. Zaratak ezabatu beharreko zerbait dirudien arren, Krukowskik dio agian hori dela geratzen zaigun eta benetan gurea den gauza bakarra. Zaratak seinaleak baino gehiago balio duela, zarata aditzean entzuten diogula hobekien elkarri. Zer den seinale eta zer zarata, hori ere badagoela jokoan.

      Beharbada horrexegatik daude horren bogako biniloa eta bere-berea duen hots hori. Litekeena da plastiko zati astun hori biraka jartzearen zeremonia izatea gakoa. Musika eskuratzeko egin behar zen guztiak ematen baitzion zuen zentzua mundu analogikoan: diskoak erostera dendara joateak, dendariari gomendioak eskatzeak eta lagunekin abesti gustukoenak elkarbanatzeak; kontzertu batean izanez gero, hainbat hobe. Seinale salgarri bihur ezin daitekeen horrek guztiak, hain zuzen.

      Musika jaialdi handiek, aldiz, ez ote duten kontrako joera indartzen: zarata seinale bihurtzen eta bizitza zarata.

 

 

 

[*]  La Pollaren itzulerako lehen datak Live Nationek antolatu zituen. Hertzainak taldearen agurreko kontzertuei dagokienez, Last Tourretik alde egin eta egun Live Nationen lan egiten duen Javier Arnaizek antolatu zituen, Kultur Town SL enpresaren bidez.

[*]  Bide berde delakoa bost kilometro luzeko oinezkoentzako bide bat izango omen da, babestutako padura, istingadi eta abarren gainean eraikiko den 1.600 metroko pasagune bat izango duena.

 

 

  [1]  El Salto tv. “Entrevista a Silvia Federici”, Youtube, 2017-10-10.

  [2]  Federici, S. (2017). Caliban eta sorgina. Emakumeak, gorputza eta metatze primitiboa, Elkar-Jakin, Eskafandra, Donostia.

  [3]  Eraso, I. “‘Sugarren mende’ egon ziren euskal emakume, gizon eta haurrak”, Gaur 8, Gara, 2021-04-10.

  [4]  https://dadadrummer.substack.com/p/the-problem-with-live-music [Azken kontsulta: 2023-03-14].

  [5]  Oliva, A. “Un ‘cuello de botella’ estrangula una temporada sobresaturada de festivales”, elDiario.es, 2022-06-15.

  [6]  https://www.euskadi.eus/kontratazio_iragarkia/metallica-taldeak-2022ko-uztailaren-3an-san-mames-estadioan-emango-duen-kontzertuaren-antolaketa/web01-tramite/eu/ [Azken kontsulta: 2023-03-14].

  [7]  Bilboko Udala. “‘Bilbao Blues Festival’ sortu da, Bizkaiko hiriburua genero musikal horren nazioarteko erreferente gisa kokatzeko”, 2022-02-03.

  [8]  Cortizo, G. “La Xunta eleva hasta los 2,5 millones la aportación para el concierto que la banda Muse celebra esta noche en Vigo”, elDiario.es, 2022-09-08.

  [9]  Cortizo, G. “El accidente de O son do Camiño retrata una burbuja de festivales que dispara los cachés y compromete la seguridad”, elDiario.es, 2022-06-12.

[10]  Lidón, I. “Una estructura efímera y un vendaval inesperado tiñen de tragedia el Festival Medusa: un joven muerto y cinco hospitalizados”, El Mundo, 2022-08-14.

[11]  Riechmann, J. (2013). El siglo de la gran prueba, Baile del sol, Tegueste.

[12]  https://documents.manchester.ac.uk/display.aspx?DocID=56701 [Azken kontsulta: 2023-03-14].

[13]  Preussen, W. “Sex, drugs and … sustainability? Music festivals struggle to go green”, politico.eu, 2022-08-19.

[14]  Santiago Muiño, E. (2017). Opción cero. El reverdecimiento forzoso de la Revolución cubana, Catarata, Madril.

[15]  Luis, C. “Chill Mafia: Si se les ocurre llevarnos a la Audiencia Nacional a declarar nos van a dar una publicidad del copón”, El Mundo, 2021-10-29.

[16]  Arin, N. “Gatibu, ets, Iseo & Dodosound, Los Chikos del Maiz eta beste hainbat talde Zetak taldeak becen antolatutako jaialdian”, Berria, 2021-12-14.

[17]  Lartzanguren, E. eta Igartua Aristondo, A. “Guggenheim museoari bi kimu egin nahi dizkiote Urdaibain”, Berria, 2021-06-08.

[18]  Tabakalera. “Maialen Lujanbio-ren ‘Bizitza Happening’ - Aurkezpen ekitaldia”, Youtube, 2021-10-22.

[19]  Polanyi, K. (2016). La gran transformación. Crítica del liberalismo económico, Virus, Bartzelona.