1. BASOA
Moloch[*], zeinen burua makina hutsa den
Moloch, zeinen odola diru korronte den
Moloch, zeinen atzamarrak hamar ejerzito diren
Moloch, zeinen bularra dinamo kanibal bat den
Irrika – Akauzazte
(Azalberritan, Compañía de Sueños Ilimitada, 2004)
Lokatzetan busti ditugu zainak
zer edo zer sentitu nahian
lokatzetan busti ditugu zainak, arnasak ezin iraun
desira dosiak, desira dosiak, desira dosiak, desira dosiak
Nomaden zirkulu tematia – Lisabö
(Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen,
Bidehuts, 2018)
— Zertara etorri zara hona?
— Ni izatera. Benetan ni izatera.
Off-eko ahots baten eta seguruen alorrean lan egiten duen mutil baten arteko elkarrizketa da, Julien Temple zuzendariaren Glastonbury filmean agertzen dena. Glastonburyko jaialdira iritsi eta oraindik kanpin denda atondu gabe duela ari da bere lanaz kexu gaztea, guztiz aspergarria omen baita. “Not real” dio, atsekabeturik. “Mundane”.
Gisa horretako testigantzak eskaintzen dizkigu 2006an estreinatu zen filmak, ekitaldi ingelesaren 35. urteurrenaren karietara grabatutakoak. Hainbat talderen zuzeneko emankizunak eta zaleen irudiak ere agertzen zaizkigu; 70eko, 80ko eta 90eko hamarkadetako grabazioak, jaialdiaren historia biziaren erakusgarri. Publikoa saltoka ikus dezakegu une batean, soseguz eszenatokira begira hurrengoan, eta, noizean behin, arropa bitxiz jantzita antzerkia egiten edo begiak itxita eta besoak zabalik biraka ere bai. Gazteak batik bat, being real.
1970. urtean antolatu zen Pilton Pop, Blues & Folk izenekoaren ondorengoa da Glastonburyko festibala. Somerset konderriko Glastonbury udalerritik gertu egiten da jaialdia geroztik, eta halako zera mistiko bat egozten zaien izen bereko dorrea eta monasterioaren hondakinak ere ez daude ekitaldia antolatzen den gunetik oso urrun. Estreinaldi hartan, libra baten truke sar zitekeen arren, ez ziren 1.500etik gora pertsona bildu.
Bigarren aldian, jada Glastonbury Fair izena jarri zioten eta orduan eraiki zuten lehen aldiz egun sinbolo bilakatu den piramide itxurako eszenatokia. Festibalaren web orriak dioenaren arabera, “piramidea forma boteretsua dela uste zen: erpinak energia gorantz proiektatzen duen bitartean, eguzkiaren eta izarren energia oinarrirantz bideratzen da”[1]. Glastonbury Fayre (1972) dokumentalean ikus daiteke nola eraiki zuten eszenatoki berezi hura, baita haren inguruan antolatutako erritu paganoa ere.
Arthur Brown kantaria erakusten digu filmak, aurpegia zuri-beltzez margotua eta planeten marrazkiak dituen sotana soinean, inguruan pilatzen diren entzuleei sermoi mistiko bat eskaintzen. Atzean Kingdom Come taldea harrabots psikodelikoa ari da sortzen eta oholtza azpian egurrezko gurutze batzuei su eman diete. Inguratutako batzuek dantza irudimentsuekin erantzuten dute burua askotariko oihalez estalita dutela; beste zenbait trantzearen bila ari dira, erdi biluzik. Gehienek, halere, suak argitzen duen ikuskizunari so egiten diote, begiak zabal-zabalik. Deskribatutakoa lagin bat besterik ez da, halako irudi eta zeremoniak errepikatu egiten baitira filmean. Hala, jaialdira bertaratutakoak danborra jotzen eta txaloka ikus ditzakegu beste eszena batean, baita loreen artean larru gorritan yoga antzeko zerbait egiten ere, edo lokatzetan blai, jolasean. Musika taldeen zuzenekoek ere badute protagonismorik, noski; rock eta folk emanaldiek, batik bat.
Gaur egun entzutetsuena izanagatik, Glastonburykoa ez zen irla britainiarrek ezagutu zuten molde horretako lehen festibala izan. Isle of Wight izenekoa aurrez egin zen eta puskaz zale gehiago pilatu zen bertan. 1968an hasi zuen bere ibilbidea: lehen edizioan 10.000 pertsona inguru bildu ziren, hurrengoan 150.000 eta hirugarrenean 600.000. Egungo jaialdietan nekez topa genezake halako jendetzarik. 1970. urteko edizio masibo haren irudiak etorkizuneko musikazaleentzat gordeko zituen dokumentala ere grabatu zen, Message To Love izenekoa. Ordura arteko kontzerturik jendetsuena izan zen hura ziurrenik, eta, egia esan, taularatu zen hamaikakoak izango zuen zerikusirik: The Who, Miles Davis, The Doors, Emerson, Lake & Palmer, Joni Mitchell, Gilberto Gil, Leonard Cohen, Jethro Tull eta Jimi Hendrix elkartu ziren bertan, beste hainbaten artean. Azken hau, gainera, bi asteren buruan hil zen; badakizue, 27 urterekin.
Dena dela, zerbait mitikorik bada, hori Woodstock da. Estatu Batuetan egin zen, New York estatuko White Lake udalerrian. Ehundaka mila pertsona bertaratu ziren inguruetara 69ko abuztu hartan, nahiz eta gehiegizko jende uholdea tarteko, batzuek ez zuten inoiz iristerik lortu. Beste batzuk, kontrara, jendetzak sortutako nahasmena probestu, eta sarrerarik gabe sartu ahal izan ziren. Gertakari honek ere badu bere filma, hurrengo urtean kaleratu zena. Michael Wadleighek zuzendu eta Martin Scorsese izan zuen editore Oscar sarietan dokumental onenaren saria jasoko zuen grabazioak. Jaialdiaren izen bera zuen film hark kritikaren onespenaz gain, ustekabeko arrakasta komertziala ere lortu zuen.
Creedence Clearwater Revival, Joan Baez, Sly & the Family Stone, Janis Joplin, Grateful Dead, Santana, Ravi Shankar, Jefferson Airplane, Crosby, Stills, Nash & Young, Canned Heat, The Band, Joe Cocker eta jada aipatu ditugun The Who eta Jimi Hendrix aritu ziren Woodstockeko festibal historiko hartan. Horietako batzuen emanaldiak ikus daitezke aipatu dugun filmean, beste hainbat ez, ordea. Gurtzen ditugun musikariez harago, baina, dokumentalak baditu beste protagonista batzuk ere, Glastonburyko berberak: saltoka, dantzan, belarretan etzanda, txaloka, lokatzetan igeri eta tarteka biluzik agertzen diren entzuleak. Irudikatuko zenutenez, tximaluzeak horietatik asko. Hippyak.
Aztarnei jarraitu eta Kaliforniara jo beharko dugu pop jaialdi molde honen aitzindariak ezagutzeko, Monterey Pop festibala, adibidez, Woodstock baino lehenagokoa baita. 1967an egin zen, kontrakultura estatubatuarraren epizentroan eta maitasunaren uda delakoaren berotasunean. Aurrez aipatu ditugunak ez bezala, irabazi asmorik gabeko ekitaldia izan zen hura eta musikariek ez zuten sosik jaso. Esperientzia psikodeliko baten bila joan ziren zale asko, lsda eta marihuana lagun. Jada orriotan aipatu ditugun zenbait talde aritu ziren bertan, Otis Redding eta Simon & Garfunkel ere bai, besteak beste.
Monterey Pop (1969) filma dugu han gertatutakoaren testigantza. “Aste Santuak, Gabonak, Eguberri eguna eta norbere urtebetetzea”, dena batera eta egun berean, horrela irudikatzen du neska gazte batek gertatzera doana pelikularen hasieran. Handik minutu batzuetara kamerek Pete Townshend gitarra birrintzen harrapatuko dute eta, ondorengo kontzertuan, Jimi Hendrix bereari su ematen, Wild Thing kantuaren amaieran. Ikuskizuna basatia da, ezbairik gabe. Beste une batean zaleen irudiak eskaintzen zaizkigu Scott McKenzieren San Francisco (Be Sure to Wear Flowers in Your Hair) abestia entzuten dugun bitartean. Kantuaren egile —eta The Mamas & the Papas taldeko kide— John Phillips izan zen jaialdiaren antolatzaileetako bat, eta abesti hura erabili zuten Montereyko ekitaldiaren promozioa egiteko. Kantuaren letra argigarria da garaiko giroa ulertzeko: “All across the nation such a strange vibration / People in motion / There’s a whole generation with a new explanation / People in motion / People in motion / For those who come to San Francisco / Be sure to wear some flowers in your hair / If you come to San Francisco / Summertime will be a love-in there”[*].
Azken pauso bat emango dugu atzera, San Frantziskora, hain zuzen, 1967ko Fantasy Fair and Magic Mountain Music Festivalaz hitz egiteko. Segur aski horixe da mintzagai dugun jaialdi motaren lehen adibidea, nahiz eta ospe handiena beste batzuek bereganatu duten gerora. The Doors, The Byrds eta Captain Beefheart aritu ziren, baina musikaz harago doan beste zerbaitetan arreta jartzeko asmoz joango gara bertara. Publikoa hippy, beat eta bestelako talde kontrakulturalez osatua zegoen nagusiki, eta urte haren hasieran gertatutako Human Be-In delakoaren ondorengotzat ere har dezakegu, non milaka pertsona elkartu ziren lsda kontsumitzeko debekuaren kontrako elkarretaratze baketsuan. Bertaratutakoen artean Timothy Leary idazle eta guru lisergikoa eta Allen Ginsberg beat poeta zeuden, eta oholtza gainetik zetorren musikak osatu zuen soinu banda —Jefferson Airplane, Grateful Dead eta Janis Joplin kantari zuen Big Brother and the Holding Company, adibidez—, baita jendeak danbor eta bestelakoak astinduz sortutako hotsek ere. Topaketa hark kontrakultura, Vietnamgo gerraren kontrako mugimendua, eskubide zibilen aldekoa eta ikasleena batu nahi zituen, maitasunaren eta aktibismoaren printzipioetan oinarrituta.
Ginsbergen poesia, droga haluzinogenoak, maitasuna eta rock ozena koktelera berean nahastearen eraginak luzaro iraungo zuen, han elkartutako inork aurreikusiko ez zukeen moduan. John Phillipsek aipatutako bibrazio bitxi hura San Frantziskotik Glastonburyra eta are urrunago iritsi zen, aipatu ditugun ekitaldi guztiek eredu bat ezarri baitzuten, aurrez egiten ziren jazz eta folk festibaletan nekez topa zitezkeen ezaugarriekin. 1965eko Newporteko folk festibalean Bob Dylanek gitarra elektrikoarekin sortutako iskanbilak eman zituen zetorrenaren lehen zantzuak, eta gerora agertu ziren jaialdietan Woodstock bilakatu zen erreferentzia oinarrizkoena.
Aipatutakoen itzal luzeaz ari dela, Simon Frithek dio hippyentzat kontzertuak piztia komertzialean haien balioak txertatzeko modu bat zirela, musika erakustaldi bat bainoago[2]. Jaialdiak, horrenbestez, musikak —rock musikak, batez ere— sinbolikoki adierazten duen esperientzia komunitarioa materialki eskaintzeko aukera zirela azpimarratzen du, orduko gazteen kulturari zegokiona[3]. Richard A. Petersonek, era berean, nabarmentzen du jaialdi haiek ezarritako ordena lehertzeko aukera edo mehatxua adierazten zutela, gizarteko aldaketa sakonagoekin zuten erlazioa dela eta[4].
Kontzertu horiek guztiek mito berri bat eraiki zuten, aipatutako film eta dokumentalek munduan zehar hedatzen lagunduko zutena. Inkonformismoari, iruditeria utopiko eta askatzaile bati eta mundu berri baten eraikuntzari lotuta geratuko dira, ondorioz, pop jaialdiak luzaroan. Petersonek adierazi bezala, prozesu orokorragoen isla ere bazirenez, pop jaialdi handiak garaiko promesa, ideia eta utopia horien garraiatzaile bilakatu ziren. Hala, eragina Estatu Batuetatik eta Ingalaterratik haratago iritsi zen, eta, aipatutakoez gain, Roskilde (Danimarka), Pinkpop (Herbehereak) eta festibal gehiago ere sortuko ziren Europa kontinentalean. Buenos Aires Rock (1970), Txileko Festival de Piedra Roja (1970), Kolonbiako Festival de Ancon (1971) eta Mexikoko Festival de Avandaro (1971) ere lurrikara beraren erreplikak besterik ez dira, finean; tokian tokiko eragina izango zutenak.
Kultura berri bat
Kontzertu ikusgarri horiez aritzean, eztabaidagaia sarri musika baino gehiago, orduko gazteria izaten da. Dela beraien idealak goratzeko edo mamirik gabeko anabasa besterik sortu ez izana aurpegiratzeko, tximaluze horien ibilbidea mahaigaineratu ohi da, era inplizituan bada ere. Ikuspegi horren arabera, Grateful Dead taldearen jam amaiezin horiek ez ziren garaiaren espirituaren isla baizik; Estatu Batuetako ereserkia desitxuratu zuenean, Hendrix zaleen desioen bitartekaria izaten besterik ez zen ari; eta Ravi Shankarrek herriaren mistizismo gosea asetzen zuen, zerbait egitekotan. Gaztetasuna bizitzako garai ezberdindu gisa ezartzen ari zen une horietan, inoiz baino indar eta garrantzi handiagoarekin, eta ez ziren gutxi izan orduko gazteek adierazten zuten grina haren nondik norakoak azaltzen saiatu zirenak.
Britainia Handiko egoeran oinarritzen den arren, aipatutakoaren erakusle da Stuart Hallek eta Tony Jeffersonek gidatutako analisia[5]. Ted, mod, skinhead eta bestelako gazte azpikulturak deskodetu nahian aritu ziren Birminghamgo Centre for Contemporary Cultural Studies-en bueltan bildutako zenbait, garaian britainiar irlak aztoratu zituzten gazteen jokabide ulergaitz eta kaotikoak ikertzeko asmoz. Gerraosteko generazio berri haien gogo eta nahiak aztertzen saiatu ziren, haien kultur kontsumoaren esanahian arakatuz. The Who taldeak zioen bezala, talkin’ ‘bout my generation, alegia. Autoreon aburuz, orduan sortu zen gazteriari zuzendutako merkatu berriak ezaugarri bereizgarriak ezartzen zizkion gazteen egoerari, analisi berritu bat eskatzen zuena.
Kultur kontsumoa, aisialdiaren garrantzia eta komunikabideen eragina azpimarratzen dituzte egileok, eta, horretan ari direla, hippy azpikulturari ere eskaintzen diote tarte bat. Haien arabera, hippyak klase ertaina jatorri duen kontrakulturaren parte dira, langile klasearen beste azpikulturekin alderatuta —modak edo skinheadak, kasurako— indibidualizatuagoa dena. Sormena ardatz, etengabeko xerkan arituko ziren hippyak, giza behar behinenak asebetetzearekin batera, bestelako gizarte bat eraiki nahian. Halere, beste azpikulturek egin moduan, beraien klase kontraesanak modu imajinarioan konpontzen saiatzen ziren finean, kulturaren erabilera irudimentsu eta pertsonal baten bitartez.
Errotikoak ziruditen aldaketa sozialen abangoardiatzat ikusia zen gazteria urte haietan, familia eredu eta komunitate tradizionalen gainbeherari erantzun berriak ematen ari zen heinean. Gurasoen kulturarekin haustura bat irudikatzen zuten bideak sortu zituzten, Gerra Hotzaren itzala sumatu arren, oparotasuna eta baikortasuna garaiko pentsaeraren oinarrizko elementuak baitziren —egin kontu mundu anglosaxoiaz ari garela, gurean bestelako egoera bat bizi genuela esan gabe doa—. Klaseak garrantzia galdu zuen identitateak eraikitzerakoan gainera, eta kulturaren merkatu zabal bat eta gazteei zuzendutako aisialdi eskaintza berriak sortu ziren, ordura arte betiko ziruditen hainbat ezaugarri goitik behera eraldatu zituztenak. Gizarte berri baten instituzio alternatiboak sortu nahia adierazi zuen kontrakultura hark, eta gazteen kultura horrek —generazioaz hitz egiteak klase, arraza eta genero arrakalak lausotzeko arrisku argia izan arren— mehatxu hori gordeko zuen bere baitan.
Mintzagai dugun zeitgeist horri kontrakultura izena jarri ziona Theodore Roszak historialari estatubatuarra izan zen, 1969an[6]. Totalitarismo teknokratikoaren aurkako borrokatzat hartzen zuen kontrakultura, eta, bere aburuz, historiari itzelezko astindua eman zion, xvii. mendeko iraultza zientifikoaz geroztik jasotako indartsuena. Roszaken arabera, hauexek ziren kontrakultura delako horren ardatzak: alienazioaren psikologia, Ekialdeko mistizismoa, droga psikodelikoak eta esperientzia komunitarioak.
Eraitsi beharreko gizarte teknokratikoak giza beharrizanak teknikoak direla uste du, hau da, sor litezkeen arazo guztiek dutela adituek gidatutako analisi formal baten bidez eskuratu daitekeen soluzio bat. Teknokraziak sistematikoki ezabatu ditu transzendentziarako bide guztiak eta, joera horri kontra egiteko, sexualitatearen askapena da bide behinena. Gizarte industrialak —dela aldaera kapitalistan zein komunistan—, horrenbestez, ez du benetako oparotasunik ekarriko, ez behintzat gizakia aseko duenik. Horixe da, laburrean eta betiere Roszaken arabera, kontrakultura estatubatuarra esaten ari zaiguna. Zurruntasuna alboratu eta bestelako begiradak sortu nahi zituen mugimendu horretan kokatzen ditu, halaber, Students for a Democratic Society (sds) ikasle taldea eta, orokorrean, New Left gisara izendatu ohi den ildo osoa, nahiz eta hauek diagnostikoarekin eta egindako proposamenekin bat egingo ote luketen zalantzazkoa ere baden.
Desiratutako gizarte berriaren eraikuntza ez da, oinarrian, egiteko sozial bat, psikologikoa baizik. Horixe diosku Roszakek, behintzat. Marxek esandakoaz harago, alienazioarena ez dela afera sozial bat, psikikoa baizik. Eta horri, ondorioz, parte-hartze politikoaz gain, esperientzia konkretuak kontrajarri behar zaizkiola, teoriak soilik ez baikaitu salbatuko. Teknokraziak eraildako magia eta misterioa birsortu behar ditugu, eta komunikazio zuzenean oinarritutako komunitateak eraiki.
Bere tesia indartzeko, Roszakek Bob Dylanen ibilbidea darabil adibidetzat, Woody Guthrie miresten hasi zen bakarlari ikonikoa garaiz konturatu omen baitzen protesta kantuek zituzten mugez. Justizia sozialaren aldeko aldarriak atzean utzi, eta letra surrealista eta psikodelikoak hautatu zituen, giza jokabidearen erro konplexuetara iristeko asmoz. Garun arrazionalaren tolesturak zituen jomuga, beraz, eta 50eko hamarkadako beat generazioak egin antzera, instituzio publikoak eta politika eraldatu beharrean, norbera berreraikitzean eta pertzepzioa eta sentsibilitatea eraldatzean ezarri ei zuen ortzi-muga Dylanek.
Musika jaialdi modernoak, ikusten ari garenez, testuinguru ideologiko horretan jaio ziren, komunitate berri bat eraiki, pertzepzioaren mugetan arakatu eta esperientzietan oinarritutako transformazio bat abiatzeko helburuarekin. Horretarako, beste hainbat elementuren artean, aisialdia modu irudimentsuan eraldatuko zuten, garaiko kultura molde berriak bere eginez. Rocka izan zen horretan genero paradigmatikoena, eta, hala, luzaroan onetsi izan zaio bere baitan balizko arima errebelde menderaezina gordetzea.
Steppenwolf taldearen Born to Be Wild abestiarekin hasten da Easy Rider (1969) filma eta halakoa izan nahiko du kontrakulturak ere, teknokraziak hezigaitza. Hiritik ihesean ari diren gazteak dira narrazioaren protagonistak, esperientzia berrien gosez, motoz New Orleanseko Mardi Gras inauterietara iristea helburu duten bi hippy. Bidean haien moduko freakekin topo egin, lsda miazkatu, eta desertuaren erdian kokatutako komuna jendetsuak ezagutuko dituzte. Filmak izugarrizko arrakasta izan zuen, kostatu zena ehun bider eskuratu baitzuen zine aretoetan.
Frantzian, handik milaka kilometrora, Cohn-Bendit “bat-batekotasun kontrolaezinaz” ari zen une bertsuan. Mundua “beste nonbait” dagoela zioen eta pentsaera antiautoritario bat izatea egunerokotasunean plazera txertatzean zetzala defendatzen zuen. 68ko maiatzeko gertakariak ustezko protagonisten biografietara murriztea bidegabea izan arren, gerora ibilbide politiko bihurgunetsua izango zuen gazteak begirada guztiak bereganatu zituen eta generazio baten ordezkaritzat ere hartu zen[*]. Ordezkariak eta erreferentziak gorabehera, agerikoa da munduan zehar gauzak gertatzen ari zirela; badakizue, Mexiko, Praga, Italia, ez gara orain dena azaltzen hasiko. Gurera ere iritsiko zen giro haren eragina, geroago ikusiko dugun bezala.
Surik indartsuenak ere itzaltzen dira azkenerako, baina. Errautsak eta kea ez ezik, gertakari haien irudi eta kontakizunak ere eskura geratu zitzaizkigun; hala une gorenak nola makurrenak. Gimme Shelter (1970) dokumentalean ikus dezakegu, adibidez, nola erailtzen duten kontrakultura Hells Angels motorzale elkartekoek Altamont Free Concert ekitaldian, Rolling Stonesek Sympathy for the Devil jotzen zuen bitartean hasitako iskanbila hartan. Edo Manson Familiari dagokio balizko krimen horren autoretza, hainbatek proiektatu duen gisara? Batek daki. Badago Jim Morrison sekula hil ez zela dioenik ere, denak du kabida mundu ero honetan.
Edonola ere, jakina da halako joerak ez direla egun batetik bestera desagertzen, arruntagoa dela desitxuratu eta moldatzea. Are gehiago jatorrizko eztanda horren ikusgarria izan denean. Festibalek jarraitu zuten Altamonteko gertakarien ostean ere, arrakastatsuak izan ziren zenbait, erabateko porrotak besteak. Middlefielden egindako Powder Ridge Rock Festival delakoan jazoa ere sinbolikotzat har genezake, nahiz eta ez zuen beste zenbaiten oihartzunik izan. Azkenean egin ez zen jaialdi horretara milaka entzule iritsi ziren sarrerak eskuan zituztela, baina taularatzekoak ziren taldeak ez; bai, ordea, azido lisergikoa zekarren trafikatzaile andana. Bidaia basa bezain txarra izan zen Middlefieldekoa, anabasa hutsa, dekadentzia haluzinagarria. Film psikodeliko batentzat amaiera egokia zatekeenik ezin uka.
Bi, hiru… Woodstock asko sortzea,
hori da kontsigna
Hippyak, kontrakultura eta musika jaialdiak ez ziren betiko desagertu 70eko hamarkada hartan, jakin badakigunez. Besterik da zer gertatu zen generazio hark ordezkatu zuen koiuntura historiko konkretu harekin, eta, batez ere, orduko gogo, xede eta amets kolektiboekin. Gazteak zahartzen baitira konturatzerako, eta ume-moko ustekoek betiereko protagonista izan nahiko luketenei ebasten diete lekukoa, ia ohartu ere egin gabe baina ezinbestean. Vietnamgo sarraskia amaitu zen azkenean, petrolioaren krisiak astindu zuen mundua, erori zen Bretton Woods akordioa eta betiko zirudien fordismoa ere agur esatera zihoala zirudien. Gizarteak errotiko aldaketak biziko zituen hamarkada berrian, beste behin.
Musika festibalek 70eko eta 80ko hamarkadetan haien esangura soziala galdu zuten mundu angloan, Ingalaterrako Rock Against Racism salbuespen esanguratsuarekin, nahiz eta musika inoiz ere ez zen eten. Jaialdi handiak egin ziren —1973ko Summer Jam at Watkins Glen festibalean 600.000 zale batu ziren, esaterako—, baina jada kamerek beste norabait bideratua zuten begirada. Beste bi filmez baliatuko naiz, dena dela, garai eta giro ezberdinen arteko lotura ezarri eta lehen gainbehera horren ostean etorriko zen aparraldia aztertzeko asmoz.
1971. urteko film ahaztua da Medicine Ball Caravan, dena eskura dugun garaiotan ere aurkitzea gaitza den horietakoa. Dokumentu interesgarria da aztertzen ari garenerako, hargatik. François Reichenbachek zuzendutako filmak karabana baten nondik norakoak erakusten dizkigu, San Frantziskotik Washington D.C.rako bidaian. Karabana haren antolatzaileek 18-20 urte artean zituzten 154 hippy elkartu eta “Amerika Sakona” zeharkatzera gonbidatu zituzten, muturrean “Zuen alaben bila gatoz” leloa zuen ibilgailuaren barruan. Tartean behin, han-hemengo zelaietan geldialdiak egin eta kontzertuak antolatzen zituzten, non karabanaren parte zen Stoneground taldeaz gain, B.B. King eta Alice Cooper ere aritu ziren, besteak beste.
Filma ez da derrigor ikusi behar den horietakoa, baina baditu eszena interesgarri batzuk. Musikaz harago, pentsa genezake kultura edo ikusmolde kontrajarrien arteko talka erakustea duela helburutzat happening honek. Ezustean, ordea, enkontru deserosoa ez da Amerika sakon, puritano eta kontserbadore horretako biztanleekin gertatuko, beste hippy batzuekin baino. Karabana Ohiora iristean, Antioch College inguruko zelaietan elkarretaratutako zenbait gaztek filmaren protagonistei hippy mugimendua kapitalizatzea aurpegiratzen baitie. Proiektu ibiltari hark Warner Brothers ekoiztetxea atzean izatea da ikusten duten arazoetako bat, nahiz eta beste zenbait ere zerrendatzen dituzten: benetako arazoei ez ikusia egin eta irudien atzean ezkutatzea, etekin ekonomikoa lortu nahi izatea dirua jendeari laguntzeko erabili beharrean, debaldekoa den energia bat instrumentalizatzen saiatzea, emakumeen rol sexistak erreproduzitzea, 154 aukeraturentzat Woodstock elitista bat eraikitzea, eta abar. Hori guztia era kaotikoan gauzatzen da, bateko eta besteko iritzi eta akusazioak entzuten ditugun bitartean. Irudi patetiko xamarrak ere eskaintzen dizkigu filmaren amaierak, zertarako ukatu, aiztoarekin mehatxuak eta antzekoak tarteko.
Gerora errepikakor bilakatu den eztabaida baten islatzat har genezake anekdotikoa dirudien pasadizoa. Statu quoaren itxuraldaketa hutsa besterik ez al zen izan kontrakultura? Ala, alderantziz, errotiko iraultza saiakera zintzoa izan zen? Garaiak eskatzen zuen operazio gattopardotarra —dena aldatu, ezer ere ez aldatzeko— ala giza askapenaren bidean urrats bat gehiago; antza, hori da kontua. Lehenengo ikuspegia defendatzen dutenek zera mahaigaineratu ohi dute: mugimendu honek guztiak ateak ireki zizkiola sortzera zihoan kapitalismo postfordistak ezinbestekoa zuen desiraren askapenari, funtzionala zitzaiola indibidualismoaren eta aniztasunaren aldarria. Besteek, Weather Underground aipatuz erantzuten dute; White Pantherrak, Kommune 1 edo feminismoa eta bizitzeko moduko bizitza baten aldeko apustu erradikala.
Woodstock festibalean The Who taula gainean zegoela John Sinclair[*] askatzeko eskatzera igo zen Abbie Hoffmanek Woodstock Nation deitu zion garai hartan musikaren bueltan batu zen jendarte berri hari[7]. Youth International Party erakundeko, edo, bestela esanda, Yippie mugimenduko izen ezagunenetakoa zen Hoffmanek Pig Nation —inperialista, arrazista eta faxista den ezarritako sistema— delakoari kontrajartzen zion jaio berri omen zen Woodstock nazioa, eta jaialdi hura herri haren ekitaldi garrantzitsuenetakotzat jotzen zuen.
Gatazka beraren beste aldaera bat topa dezakegu zenbait hamarkada geroago filmatutako My Generation (2000) dokumentalean ere. Barbara Kopplek eta Thomas Hanekek zuzendutako film honek oso hedapen urria izan zuen arren, musika jaialdien inguruko ikuspegi interesgarri askoa eskaintzen digu, Woodstock festibalean oinarrituta. Woodstock, bai, berriz ere Woodstock. Zuzendariek, 1969ko edizio loriatuaren enegarren idealizazioa eskaini beharrean, 1994an eta 1999an egin ziren izen bereko jaialdietan arakatu zuten, ordea[*].
Dokumentalean behin eta berriz egiten dugu topo Michael Langekin, jaialdiaren lehenengo edizioaren zein edizio berrien antolatzaile ezagunenarekin. Une batean, kontzertuen irudiak iritsi baino lehen, ea 90eko hamarkadako gazteek Woodstocken espiritua biziberrituko ote duten ikusteko gogoz dagoela dio Langek. X letraz izendatutako generazio hark filosofia mantenduko ote zuen ikusteko zegoen, baina soinu banda ezberdina izatera zihoala gauza jakina zen. 94an rock eta folk psikodelikoa lantzen zuten taldeak ere aritu ziren arren, iraganarekiko lotura sinbolikoa eskaintzen zuten kontzertuak izan ziren, beste ezer baino gehiago. Bob Dylan bertan izan zen, baita Santana ere, baina gazteek Green Day, Metallica, Red Hot Chili Peppers edo Nine Inch Nails ikusteko irrika zuten batik bat. Grungearen osteko estatubatuarrak ziren, mtv katean bideoklipak ikusten heziak.
Hainbat edizioren irudiak kontrajartzen dizkigute zuzendariek dokumentalean, garai batetik bestera mantendutakoaz edo bidean galdu denaz gogoeta egiteko. Badira errepikatzen diren irudi eta jarrerak, duela orri batzuk deskribatu ditugunen parekoak, oro har: zale kartsuak kontzertuez gozatzen, gazte erdi biluziak eta lokatza, lokatza non-nahi. Erritu sakratu bat bailitzan, gazteak lohian irristaka eta gorputzak goitik behera zikinduta ikus ditzakegu irudien data edozein dela ere. Bada jolas narras horren bilakaeran ñabardurarik, halere. 1969an bertaratutakoei zerien inozentzia hura beste zerbait bilakatu zen hamarkada batzuen buruan, eta lokatzak eskuratu zuen lurrarekin harreman zuzena ezartzeaz harago doan beste erabilerarik. Horren erakusgarri izan ziren 1994ko Green Day eta Nine Inch Nails taldeen kontzertuak; lehenengoen zuzenekoa lokatz-borroka bihurri bilakatu zen eta bigarrenek eszenatoki gainera guztiz lokaztuta igotzea erabaki zuten. Gerora mitikoa bilakatuko zen zuzeneko hartan, etereotik baino bortitzetik gehiago zuen ninen rock industriala ezin hobeki lotuko zitzaion garaiaren iruditeriari. Behinolako gazte utopikoek nola, desioari bide eman nahi zioten hauek ere, baina horretarako egokiagoa iruditu zitzaien barrenean zein azalean pilatutako zikintasunari erreferentzia egin, eta beraien ezinegona era gordinean oihukatzea. “I am so dirty on the inside” dio filmeko une batean zuzeneko irudi indartsuetan ageri den Suck abestiaren leloak, eta taldekide batek zera dio minutu batzuen buruan: jada afera ez direla gatazka globalak, ez dutela ezer adierazteko, amorrua baizik.
Lokatzezko errituaren aldaera makurrena 99ko edizioan topa dezakegu, ordea. Prestatutako komunak beharrezkoak baino askoz ere gutxiago izan zirenez, zuten gaitasuna gainditu eta ur zikinak kanporatzen hasi ziren. Ondorioz, asko giza gorozki artean aritu ziren jolasean, lohia zelakoan[*].
Sinbolismo eta irudi likitsez gain, Woodstock berrietan bestelako gauza arrunt eta ukigarriek ere izan zuten espaziorik. Are gehiago, esan genezake Woodstock berrietan gauza arrunt eta ukigarriek sinbolismoak eta irudiak bereganatzeko izan zuten gaitasuna izan zela berritasun adierazgarrienetako bat. Jaialdiaren harira espresuki prestatutako iragarkiek argi adierazten dute ideia. Horietako batek gizon bat erakusten digu ezerezaren erdian dagoen eraikin bateko pareta zuriari kolore ezberdinetako pintura jaurtikitzen, gitarra hots ozenak entzuten direla[8]. Tarteka Pepsi latari zurrupa egiten dio margolariak, azkenean obra osoa erakusten zaigun arte: “Woodstock 94” jartzen duen murala. Leloa entzuten da orduan, “Bizitza osoan itxaron duzun kontzertua”, eta gazte grinatsuz beteriko karabana igarotzen da muralaren aurretik. Pepsiren iragarkia da, noski, zeina Woodstocken edizio haren babesle ofizialetako bat izan zen.
Pepsik egindako apustuak ez gintuzke harritu behar. Konpainia hura izan zen 1963an Pepsi Generation kontzeptua sortu eta ordura arteko iragarkien ikuspegia irauli zuena, Coca-Colaren aurkako guda partikularraren joko-zelaia aldatu nahian. Pepsiren ezaugarri objektiboak goratu eta erosketa arrazoizkoagotzat aurkeztu beharrean —zapore berekoa izanik, merkeagoa zela azpimarratuz, esaterako—, edaria generazio baten aura konkretu batekin lotu nahi izan zuten marketin arduradunek. Salgaiaren ezaugarrietan oinarritu beharrean eroslearenak nabarmentzea, horra Pepsiren iraultza. Espainiar Estatuan ildo bera jarraitzen zuen Generation Next kanpaina ere arrakastatsua izan zen 90eko hamarkada amaieran; agian oraindik irakurle askok gogoratuko duzue iragarki hartan agertzen zen eta one-hit wonder behinena den Undrop taldearen Train abestia, adibidez.
Ez dago produktu batentzat errebeldia baino balio erantsi hoberik. Tira, askatasuna, desira, eldarnioa eta gaztetasuna ere ez dira aukera txarrak. Salgai batek ideia horiek guztiak ordezkatu ahal izatea baino gozoki handiagorik ez dago, eta Pepsikoak azkar asko jabetu ziren horretaz. Egia da kontzertuek iraun zuten egunetan “Sponsored by Nobody” eta “Fuck Pepsi” leloak zituzten kamisetak ikus zitezkeela eta zenbait musikarik —Mobyk adibidez— dokumentalean bertan kulturaren merkantilizazioa salatu zutela, baina merkatuaren logikatik at doan harremanik apenas sustatu zen Woodstock berrian. Horren adibiderik lizunena erakusten digu filmak une batean, kameren objektiboa bular biluziak era psikodelikoan margotuta dituen emakume batengana hurbiltzen denean. Honek, hasieran iheskor jokatuagatik, giroak horretara bideratuta, bere titien alboan paratu eta argazki bat ateratzeko eskaintza egiten die ingurukoei, 5 dolarren truke. Hala, hertsaduren askapena irudikatzetik, salerosketarako abagune izatera pasatu ziren gorputz biluziak. 1999ko Woodstock festibalean irrati-etxe batek emakume erdi biluziak jarri zituen publizitate kamioi baten gainean, kontzertuak grabatzen ari ziren kameralariek etengabe bilatzen zituzten kamiseta eranzteko prest zeuden neska gazteak eta zaleek “Show your tits!” eskatzen zuten etengabe. Jatorrizko harreman horizontalak —hala ziruditen behintzat, nahiz eta ziur bestelakorik ere ezkutatuko zutela eskaini zizkiguten irudi haiek— bortxazkoak bilakatu ziren. Horren isla da nola lagunen sorbalden gainean topless egiten ari ziren emakumeak bakean utz zitzaten eskatu behar izan zuen musikari batek baino gehiagok oholtza gainetik.
Azken Woodstock hura, ironikoki, Estatu Batuetako armadaren aire indarren gune izandako batean egin zen eta mtv musika katea arduratu zen bertako irudiak lau haizetara zabaltzeaz. Sekulako beroa egin zuen eta kokaleku hark apenas eskaintzen zuen gerizperik. Ura lortu nahi zuenak 4 dolar ordaindu behar izan zituen zegokion dendan, bideojokoetan aritzeko edo jaialdiaren inguruko orotariko merchandising salerosketarako guneen ondoan. Sarrerako segurtasunaz Peace Patrol delakoak arduratu ziren, jada tradizio bilakatu zen sarrerarik gabe sartzea ekiditeko helburu argiarekin[*]. Segurtasun zerbitzu zabalak ezin izan zituen istiluak eta erasoak ekidin, dena dela: pertsona bat hipertermiak jota zendu zen eta zenbait emakumek bortxaketa salaketak egin zituen. Gauez, antolakuntzak Columbineko sarraskia gogoratzeko banatu zituen kandelak profitatuz, jaialdiko hainbat ingurutan suak piztu zituzten zaleek, eta topatu zuten edozer erabili zuten garrei jaten emateko; berdin plastikozko botila hutsak, egurrezko hesi zatiak edo kutxazain automatikoak. Bitartean, giroa baretzen saiatu beharrean, Red Hot Chili Peppers taldea Jimi Hendrixen Fire jotzen ari zen eszenatoki nagusian: “I have only one a-burnin’ desire / Let me stand next to your fire”[*]. Kaosa gailendu zen: suteak nola indartu ziren erakusten digu dokumentalak, eta zenbaitek biltegietako hainbat gai nola arpilatu eta banatu zituzten ere bai.
Woodstock ez zen inoiz debaldeko ekimena izan, ezta lehen edizio gurtu hura ere —Block Drug farmazia konpainiaren oinordeko zen John P. Roberts enpresariak finantzatu zuen 1969ko Woodstock—. Taldeei ordaindu behar zitzaien, noski, eta azpiegiturak sortzeak ere bazuen kosturik. Bertaratutakoek sarrera ordaintzea ezinezko bilakatu zen, ordea, eta ondorengo edizioetan gauzak ez ziren askoz errazagoak izan. Hippy haiek lilura berri bat sortuko zuten, gerora hainbat maiz saiatuko zena monetizatzen, nahiz eta garai bakoitzeko gazteak kontsumitzaile huts baino zerbait gehiago izaten saiatuko ziren, behin eta berriz. Woodstock aldi bakoitzean kontzertu bat baino gehiago izango zen, antolatzaileek kutsu hori eman nahi izan ziotelako batetik, gazteek zirrara hori erraietan sentitu nahi zutelako, bestetik. Finean, Woodstocken balizko espiritu hori norbaitek osatzekotan, jendeak egin baitzuen, musika taldeek baino gehiago. Woodstock Nazioak, Hoffmanek esango lukeen lez. Hala, generazio batek sortua izatetik generazio batentzat sortua izatera egindako trantsizio horretan, ekitaldiak erakarritako energia zedarritzeko saiakera bakoitzak eztanda berri bat sortuko zuen; iradokitzailea beti, baina batzuetan besteetan baino eraikitzaileagoa.
“Not like Woodstock, is Woodstock” errepikatzen zuten antolatzaileek agerraldi publikoetan, jaialdiaren inguruko aura hori marka bilakatu, eta beste inork ez eskuratzea bermatzeko asmoz. Izan ere, erreplikak ugaritzen hasiak ziren mundu osoan zehar ordurako. 1994. urtean, Eurowoodstock egin zen Budapesten, gerora Sziget —eta zenbait urtez, Pepsi Sziget— izenez ezagunagoa bilakatuko zena, eta Polonian Przystanek Woodstock —Woodstock Festival Poland ingelesez— antolatzen hasi ziren 1995ean[*]. Adierazgarria da, halaber, nola etortzear zegoen jaialdien uholdearen lehen adierazle izan zen Lollapalooza ere “Woodstock generazio galduarentzat” izendatu zuen Simon Reynolds kazetari eta idazleak The New York Times egunkarian, 1991n.
Lollapaloozak Estatu Batuetan zehar bidaiatu zuen lehen edizio haietan, hiri ezberdinetara afixa bera garraiatuz, eta eredu hura errepikatzen saiatu ziren genero konkretuetan espezializatuagoak ziren Warped Tour, Ozzfest edo Family Values Tour ere. Dena dela, tour ibiltariak baino gehiago, hainbat egunetan egiten diren jaialdien eredua izan zen 90eko hamarkada hartan mundu osoan hedatu eta finkatu zena. Big Day Out sortu zen Australian, Fuji Rock Japonian, Wacken heavya Alemanian, Pukkelpop Belgikan, Coachella Kalifornian… Nahi beste jarrai genezake halakoak aipatzen, birus bat nola zabaldu baitzen makrojaialdien modelo hura. Gure gizarte modernoak bere-berea duen arrazionalizatzeko joera ekidin ezinaren eragina izango da akaso, edo merkatuaren gaitasun anestesikoa, bestela, baina kontua da Woodstocken mitoaren abaroan pixkanaka eratu zen ereduak ikusteko gutxi zuela orduko jai xarmagarri, transgresore eta kontrolaezinarekin.
Fenomenoa lehenagotik bazetorren ere, makrojaialdien eredua milurteko berriarekin ezarri zen egun duen indarrez. Hemeretzi urte besterik ez zituen Shawn Fanning estatubatuarra izan zen horren arduradunetako bat. Puntu.com burbuila bete-betean, 1999ko ekaina zen Fanningek Napster publiko egin zuenean, eta konturatzerako ate joka genituen Kazaa, eMule, Soulseek eta besteak. Norbanakoen artean fitxategiak elkarbanatzeko aukera eskaintzen ziguten guztiek, eta, hala, diskoen industriaren izatea bera jarri zuten zalantzan: jada ez zegoen euskarri fisikoaren beharrik gustuko abestiak entzuteko, musika debalde eskuratu baitzitekeen Internet bidez. Alferrikakoak izan ziren ohitura berrien kontrako aldarriak, epaiketak eta antzekoak; diskoetxe handiek ez zuten lehengo irabazirik lortuko eredu digital berrira egokitu artean.
Egun badakigu posible dela mundu digitalean ere dirua egitea, galde diezaiotela Spotifyri, bestela. Musikaren industriarentzat Napster oroitzapen txar bat besterik ez den arren, garaian kolpea itzela izan zen. Ez enpresa handientzat soilik, halere: Metallica taldekoak gogor aritu ziren Napsterren kontra eta antzera egin zuten Alanis Morissette, Dr. Dre, The Black Crowes, Tracy Chapman eta Eminemek ere. Izan ere, ordura arte diskoen salmentak berebiziko garrantzia zuen eta zuzenekoak diskoak promozionatzeko aukera besterik ez ziren izaten sarri, diskoen salmenta baitzen diskoetxe zein artisten diru iturri nagusia. Garai gorabeheratsuak izan ziren, paradigma batetik besterako jauziari zegozkionak.
2000. urte hasierarako hogei milioi pertsona zeuden Napsterren erregistratuta eta urte huraxe izan zen diskoen salmentak behera egin zuen lehena urte luzetan. cdak erruz saltzen ziren 90eko hamarkadan, kasete eta binilo zaharrak ordeztearekin batera, argitalpen berriak ere erosi baitzituzten musikazaleek. Hamarkada berrian, ordea, diskoen salmentak batez beste % 8 egin zuen behera pasatutako urte bakoitzeko. Recording Industry Association of America elkartearen arabera, 14,6 mila milioi dolar eskuratu zituen Estatu Batuetako musika industriak diskoen salmentei esker 1999. urtean, eta hamar urte geroago 6,3 mila milioi dolar izan ziren[9].
Industriak zuzenekoetara bideratu zituen orduan indarrak. Musikariek ere zuzenekoekiko menpekotasuna areagotu zuten, eta kontzertuak diskoak promozionatzeko eskaini beharrean, diskoak kontzertuak eskaintzeko argitaratzera pasatu zirela esan genezake. Datu bakarra nahikoa da joeraz jabetzeko: beste inork baino disko eta abesti arrakastatsu gehiago grabatu dituen Paul McCartneyk ere zuzenekoen bidez eskuratu zuen 2017an bere irabazien % 82[10]. Makrojaialdiak eszenatoki gutxi erabilita kontzertu asko antolatzeko modua izateaz gain, taldeentzat beraientzat udako bira bermatzeko mekanismo izango ziren aurrerantzean. Gainera, Mendebaldea deitzen diogun munduko bazter honetako herritarrek mundu osoko haien izar gogokoenak ikusteko aukera izango zuten halakoen bidez.
Hego Euskal Herriari dagokionez, 90eko hamarkadan El Tubo aldizkarian maiz irakur zitezkeen Esparrago Rock, Festimad, fib, Doctor Music eta antzekoen inguruko kronika suharretan topa ditzakegu azaldutako garapen horren lehen testigantzak. Gurean, halere, ahotan darabilgun eredua jarraitzen duen ekitaldi arrakastatsurik ez zen antolatu geroagora arte. Rockazoka (1999) eta Bilbao Accion Rock edo bar (2003) ahalegindu ziren udako jaialdi indartsu bat sortzen Bilbon, baina saiakera antzuak izan ziren. Azkena Rock (2002) festibalak lortu zuen rockean oinarritutako jaialdi arrakastatsu bat ezartzea Gasteizen, nahiz eta espezializazio horrek hedapen mugatua izatera kondenatu duen. Egia da Lollapaloozako lehen edizioaren parte izan ziren Body Count taldekoak 1996rako jada musika jaialdi batean arituak zirela gurean, Zaldibian egin zen Gazte Topagunean, hain zuzen; baina halakoak beste tradizio baten baitan aztertu beharko ditugu, ezinbestean. Aurreraxeago egingo dugu hori. Bitartean, Euskal Herriko hiriburu ez-ofizialera jo beharko dugu, gaur egungo makrojaialdi baten nondik norakoak zeintzuk diren hobeki aztertzeko.
Thoreau Kobetamendin
BBK Live 2006az geroztik egiten da Bilbon, hiriaren mugen barruan dagoen Kobeta ingurune menditsuan. Last Tour arduratzen da antolakuntzaz, eta, Azkena Rock anaiaren kasuan ez bezala, eklektizismoa da musika jaialdi handi honen ezaugarri nagusietako bat. Ben Harper, Guns N’ Roses eta Placebo kartelburu zituen edizio batek abiarazi zuen egitasmoa eta bigarren urtean Iron Maiden, Red Hot Chili Peppers, Fito & Fitipaldis eta Metallica izan ziren izarren zerrendan gailendu zirenak. Metala oraindik ere bogan zegoen garaiak ziren eta 2008ko eta 2009ko edizioetan Last Tourrek Kobetasonik gogorragoa ere sortu zuen alderdi hori zukutzeko. 2005 eta 2006 urteetan Gernikan egin zen Metalway festibalean —Rock’n’rock promotoreak antolatutakoa— gertatu antzera, metalaren ertz askotarikoetan arakatu zuten kartela osatzerakoan, nahiz eta artista kontsakratuak hobetsi zituzten: Judas Priest, Kiss, Mötley Crüe eta Marilyn Manson aritu ziren Kobetako zelaietan, esaterako.
Kobetasonik proiektuak bi urte besterik ez zuen iraun, baina bbk Live —Bilbao Live hasiera batean— oraindik ere antolatzen da. Garaiaren arabera, rocka jorratzen zuten taldeetatik hasi eta egungo musika urbanoaren artean kabitzen den orok izan du espazioa jaialdiaren orain arteko edizioetan. Popa, indiea, elektronika edo hip-hopa dela, askotariko gustuak asetzeko moduko afixak osatu dituzte antolatzaileek urte hauetan guztietan. Alfonso Santiago Last Tourreko buruak argi adierazi izan duen gisan, helburua zale gehien erakarri ahal dituzten taldeak lotzea izan baita hasieratik beretik[11].
Makrojaialdien jatorrizko mitoa aztertzeko egin moduan, orain ere ikus-entzunezkoetara joko dugu ekitaldion islez eta oihartzunez jabetzeko. Kontzertuok inoiz baino ugariagoak diren garaian bizi garen arren, aspaldi utzi zioten dokumental eta filmetako aztergai izateari eta orain antolatzaileak dira sarri halakoak ekoitzi, eta igorri nahi dutena kontzienteki finkatzen dutenak. bbk Live festibalari dagokionez, webgune ofizialean irakur eta ikus daitezkeenez gain, bestelako sare sozialen bidez zabaldutako testu eta ikus-entzunezkoak ere interesgarriak dira antolakuntzak plazaratu nahi dituen ideia eta kontzeptuez hausnartzeko.
“Uda ostean udazkena dator. Kobetamendi hitzik gabe geratzen da. Basoa geldialdi begetatiboan murgiltzen da negua igarotzeko, berriro indartsu ernetzeko. Goroldioaren babesean, aitzitik, bizitakoaren oihartzunak entzuten dira, mendiaren haitzetan grabatuz, disko gogor erraldoi batean bezala. Oinutsik dantzatutako dantzak, elkarrekin batera abestutako leloak, ezezagunen arteko laguntasunak… riffak, sintetizadoreak, gure garaiko ahotsik hunkigarrienak, xxi. mendeko musikaren aktoreak… Bilbao bbk Live. enjoy the magic of the mountain”.
Ez, ez da nire idazki bat, ezta hiriko bizitza alienatzailearengandik urrun antolatutako topaketa komunitarista baterako gonbidapen gutuna ere; irakurri berri duzuena 2020. urteko edizioaren webgune ofizialaren euskarazko atarian sartu bezain laster agertzen zen testua da[12]. Web orrian arakatzen jarraituz gero, egonaldirako glamping bat aloka dezakegula ere ikus dezakegu, “hoteletako erosotasun guztiez, baina izarren azpian” gozatzeko aukerarekin. “Kapsulak” ere badaude, energia zentrala, aire girotua eta terraza propioarekin. Kanpin-dendak ere aloka ditzakegu, eta sarean bertan egin dezakegu hobekien egokitzen zaizkigun tamaina eta baliabideen arteko aukeraketa.
Urte hartako iragarkiari buruz jarduteko Concordera joan beharko dugu, berriz Estatu Batuetara. Walden Pond lakua dago han eta kokapen huraxe hautatu zuen Henry David Thoreau idazle eta filosofoak bere bizitzako bi urte igarotzeko. Hiriko errutinez at bizimodu autarkiko bat garatu nahian ezarri zuen bere bizilekua bertan, naturarekin harreman ahalik eta estuena izateko asmotan. Hutsetik eraiki zuen etxetzat izango zuen etxola, eta, ahal zuen neurrian, bere lanaren fruituetatik bizirauten saiatu zen egonaldiak iraun zuen artean. Ezinbestekoa soilik erabili nahi izan zuen, hutsalak diren elementuak bere egunerokotasunetik alboratu. Literatura estatubatuarraren klasikoa den Walden liburuan kontatu zuen dena.
“Basora joan nintzen deliberoz bizi nahi nuelako, bizitzaren egia funtsezkoei bakarrik buru egin eta bizitzak irakasteko zeukana ikas ote nezakeen egiaztatu, ez nendin ohartu, heriotzako unean, ez nintzela bizi izan. Ez nuen bizi nahi bizitza ez zen zerbait”[13]. Henry David Thoreauk benetako muina xerkatu zuela dio Walden liburuan eta antzerako asmoa du, agidanez, Antonio David Waldenek ere. bbk Liven 2020ko ediziorako prestatu zuten publizitate kanpainako hitz-joko agerikoko protagonista da Antonio, Waldeneko lakua bainoago, Kobetako zelaiak nahiago dituena.
Antonio David Waldenentzat Instagram kontua sortu zuten Last Tourrekoek eta promozio bideoetan ere agertu zen gure ameslari utopiko garaikidea. Kanpainako lehen iragarkiak La aventura ya ha comenzado[14] zuen izena. Aipatu bideoak Antonio David Walden delakoa aurkezten digu, bere egongelan etzanda. Gelako hormak hamaika posterrez beterik ditu, bbk Liveko aurreko edizioetakoak tartean. 1969 zenbakia duen auto matrikula bat ere badago horman eskegita —Woodstock egin zen urteari erreferentzia egiten diola suposa genezake—. Planoa ixten denean, ikus dezakegu nola zerrendatzen duen hainbat kontzeptu Antoniok; pros zutabean kokatzen ditu batzuk, contras izenekoan besteak. Iragarkiak ez digu elementu negatibo horiek ikusten uzten, indarguneak, ordea, bai lipar batez: taldeak, basoa, abentura eta kanpina, hurrenkera horretan —azken hitza era argian identifikatzea zaila da, halere—. Une batez ordenagailuko pantailari begira aritu ostean, gure protagonistak jaialdirako ezinbestekoak diren gailuak biltzeari ekiten dio: kontserba latak, iparrorratza, soka, entzungailuak, eskuaira, arkatza, borragoma, Thoreauren erretratua, mendiko txapela, prismatikoak eta jaialdirako sarrerak. Etxetik atera eta basorantz zuzentzen da. Bi zaldi beltz korrika erakusten dizkigu kamerak, beste plano batean Antonio zaldietako bat laztantzen, eta, jarraian, zuhaitzetako adaxkekin tramankulu bat eraikitzen, bizimodu basatirako balioko diona, menturaz. Euskal kostaldeko irudi batzuen txanda da ondoren, eta, azkenik, Antonio David Walden jauna zuhaitzen artean kanpatzen dela ikusten dugu. Gaua da dagoeneko. “Descubre más sobre Antonio en @antoniodavidwalden” dio bideoak, pertsonaiaren Instagram kontuari erreferentzia eginez. Festibalaren logoa agertu ostean iragarkia azken mezu batekin amaitzen da: “First announcement tomorrow. La aventura ya ha comenzado, mañana continúa”.
Publizitate arduradunek bigarren iragarki bat ere prestatu zuten, jada xehatu dugun iruditeriari ezer askorik gehitzen ez ziona[15]. Antonio mendi bide batean ageri da dantzan, auto batetik paperezko bolatxo bat botatzen dioten arte. Papera zabaltzean, jaialdian arituko diren artisten izenak irakur ditzakegu. Kontzertuetako irudien txanda da orduan, baita Bilbokoena ere, Soñar hitza margotuta duen eraikin batekoak tartean[*]. Antonio bere helmugara heltzen denean iristen da klimaxa: Kobetamendi iragartzen duen bide-seinalea musukatzen du, seko emozionatuta.
Promozio kanpaina hasi eta egun gutxira Antonio David Waldenen Instagram kontua irudi eta bideo laburrekin berritu zuten arduradunek. Kanpin dendetako eta, batez ere, Kobeta eta inguruetako argazkiak ziren, kanpainaren nondik norakoen oinarriak argi ezartzen zituztenak. Antolakuntzakoak jaialdiaren elementu bereizgarrietako bat kokagunea bera zela jabetu, eta berdegune horren balizko ezaugarriak azpimarratzen saiatu ziren, azpikultura hippyaren eta kontrakulturaren ardatz batzuei zeharkako aipamena eginez. bbk Live, finean, zenbait talderen kontzertuak baino zerbait gehiago baita. Hori da, behintzat, ideia.
Last Tourrekoek diseinatutako mapa zehatzari lurraldea falta zaio, ordea. Jean Baudrillard pentsalari frantsesak modu iradokitzailean zioenaren antzera, “mapa lurraldearen aurretikoa”[16] baita kasu honetan ere. Hiperrealitateaz idatzi zuen Baudrillardek, errealaren eta modeloaren arteko nahasmenaz. Bere aburuz, egun, errealaren ikurrek ordezkatu baitute benetako hura; gizarte hiperrealak guztiz antzekoa den errealitate bat sortzen baitu, baina errealaren energia, indar eta sakontasunik gabekoa. Erreferentziarik ez dago jada, simulakroa da egun errege ikurrez beteriko disuasio ingurune honetan. Kulturak, horrenbestez, bere muina galdu du, nonahikoa bilakatu den garai berean.
Gaur egungo makrojaialdien erroak ezin topa ditzakegu gizarteko asmo edo gogo kolektibo garaikideetan, eta nekez baiezta genezake behinola izan zezaketen ezarritakoa kolokan jartzeko gaitasun edo asmo errealik mantentzen dutenik. Woodstock paradigma aspaldi agortu zen eta agerikoa da ez dagoela bbk Live nazio-rik, ez behintzat antzeko helburuak dituenik. Honenbestez, ez digu laguntzen egungo festibal handiak ahal liberatzaileen gordailu gisa ulertzen jarraitzeak, eta okerra litzateke, halaber, begi haiekin irakurtzea gaur egun ekitaldiok ordezkatzen dutena.
Kontua ez da, soilik, oinen azpiko zorua desegin dela; Ingrid Guardiolak dioskun moduan, denboraren orratza ere aztoratu da[17]. Zentzu historikoa galtzen ari garela dio Guardiolak, mundua interfaze gisa bizitzen hasi garenetik; ikuskizunaren denbora dela orain inguratzen gaituena, behin eta berriz itzultzen den orainaldi errepikakor bat. Bizipen komunitarioak murgiltze indibidualengatik ordezten ari omen gara, lehiakortasuna lehenesten eta geure fikzioak eraikitzen identitate mediatizatuen bitartez. Pentsalari kataluniarraren arabera, fantasia kolektiboak mundu ezberdin bat irudikatzeko gaitasuna herdoildu digu, ebasioaren eta distrakzioaren mesedetan.
Bi autoreon ideiak geure eginez, baiezta genezake agian Kobetamendi ez dela bertan murgildu gaitezen sortutako Walden hiperreal bat besterik. Kontu handiz eraikitako plano elaboratua izango du zain Antonio Davidek; aitzitik, eskaintzak nekez aseko luke Henry David bere ahaide zaharra. Musika badago, drogarik ez da falta eta gazte grinatsuen oihuak benetakoak dira, baina kontsumoaren bitartez eskura daitekeenaren mugak ere agerikoak dira. “La aventura ha comenzado”, bai; baina ongi dakigu konturatzerako simulakroa amaitu eta dena bere onera —edo txarrera— etorriko dela. Aski antzua dela proposamena, alegia. Azkenerako, sasiak jan baitu basoa: sasiesperientziak eta sasibizitzak.
Fyre walk with me
Afera ez da hippyen kontu huts bat, ordea; nahi izatera, orriotan 60ko kontrakulturarekin egin dugun azterketaren parekoa egin genezake geroago etorri ziren punk, rock alternatibo, edo indie olatuekin. Antzera rave kulturarekin eta hari zegokion bigarren maitasunaren uda delakoarekin ere. Mundu osoan zehar topa ditzakegun makrojaialdiei bost axola zaizkie genero horien guztien arteko mugak, eta gaur egun oso ohikoa da olatu edo garai horietako bakoitzeko talderen baten zuzeneko emanaldiarekin topo egitea edozein jaialditan. Irudi luke gaur egungo makrokontzertuetan eszena horien adierazle diren ikurrak batzen saiatzen direla maiz, jada itzali diren mugimenduen taularatze erakargarri bat prestatuz. Berdin dantza zintezke azken indarrak ahitzeraino edo ukabila indarrez altxatu gune berean; are gehiago, horiek dira zugandik une bakoitzean espero daitezkeen jarrerak. Su horiek, itzali beharrean, ikuskizun bilakatu baitira. Musikaren historian jazotako eztanda txiki guztien energia dugu eskura, su artifizial moduan.
Joera honen kontraesanetan arakatzeko, Berlinera jo genezake eta Love Parade elektronika kale-jaialdiaren bilakaerari erreparatu. 1989ko lehen edizioan 150 pertsona inguru batu ziren, bi urteren buruan 6.000 eta 1996an 750.000. Zale kopuruaren igoera ikaragarri horrek goia jo zuen 1999an, 1,5 milioi pertsona elkartu baitziren urte hartan. Bakea eta maitasuna aldarrikatzeko desfile haren jatorrizko antolatzaileek salatu izan dute ekitaldiaren sona handitzearekin batera areagotu dela marken, politikarien eta komunikabideen jaialdiarekiko interesa ere. Hori dela eta, 1997az geroztik, Fuckparade antolatzen dute Berlinen, Love Paraderen forma berriari kontra egin eta kalearen erabilera ez komertziala aldarrikatzeko. Kontua, noski, ez da soilik elektronikak berezkoa ei duen hedonismoaren ondorio bat; Warped Tour festibala eta bertan aritzen diren hardcore-punk taldeak ere erakargarriak bilakatu baitziren Vans arropa markarentzat, esaterako. Black Flag taldeko abeslari oldarkor eta hezigaitza zirudien Henry Rollins bera ere ikusi dugu Calvin Kleinen galtzontzilloen iragarkietan, pentsa.
Zerrenda amaigabe bateko zenbait adibide besterik ez dira. Ezarritakoa hankaz gora jartzera zetozen mugimenduen balizko izaera transgresorearen eta asimilazioaren arteko tentsioak konstanteak dira halakoetan, eta, paradoxikoa izanagatik, mehatxuzko muin horixe da mugimendu kultural horiek merkatuaren begietara horren erakargarri egiten dituena. Lotzen gaituzten kateekiko askapena eskaintzeko aukera aurkitu du haiengan egungo kate-produkzioak. Suzedaneoz enpo eginda dagoen gizarte honentzat zinezkotasun pilula modukoak dira, hala bizitza bizigarri baten bila dabilenarentzat, nola bizitza bizigarri horiek saldu nahi dituenarentzat. Horren jakitun dira aspaldi festibalen antolatzaileak eta esperientzia bakarrak jartzen dizkigute eskura, egunerokotasun grisa iraultzeko aukera prefabrikatuak. Horrexegatik da Glastonbury gaur egungo festibal erreferentzialenetako bat, kontrakultura garaiekin lotura zuzena egiten duen sinbolo bat bere-berea duelako: piramide itxurako eszenatoki huraxe. Beste batzuek, bbk Livek kasurako, ez dute halako zorterik eta mito berriak eraikitzen saiatzea beste aukerarik ez dute.
Bizi ditugun garaiez hitz egiteko kasik klixe bilakatu den arren, Guy Debordek duela 50 urte baino gehiago idatzi zituen hitzek baliagarri izaten jarraitzen dute honetaz guztiaz aritzeko[18]. Situazionista frantziarra alienazioak kezkatzen zuen eta gure gizarteko bizitza ikuskizun pilaketa itzel gisa deskribatu zuen. Ikuskizunaz ari zenean irudien bidez mediatizatutako giza harremanez mintzo zen, ordea, eta azpimarratzen zuen nola zuzenean bizi beharrean so egitera mugatzen garen. Artea gainditzeaz idatzi zuen Debordek, giza harremanen osotasuna aldarrikatzeaz eta eguneroko bizitza goraipatzeaz, kontsumoak espazio horiek kolonizatu izana gaitzetsiz.
Debordek analisi hori egin zuenetik hona, ikuskizunak areagotu besterik ez dira egin. Salgaiek arautzen dute bizitza soziala, inoiz baino gehiago. Ez dugu egungo giza harremanen inguruko inoren lan mardul baten beharrik orduko gizartean ikusten zuen jendetza bakartiaren egoera sakondu besterik ez dela egin ondorioztatzeko. Gaur egungo norbanakoek ere inguruarekin parte-hartze zuzena izateko premia dute, baita hurkoarekin harremantzeko ere. Haatik, badirudi ikuskizun gosez den merkatuak desio duen bazka ez dela giza beharrak asetzeko gai.
Musika jaialdiek egiteko hori zuten hippyen iruditerian, eta oraindik ere hala izaten jarraitzen du askorentzat. Horretaz jabetzeko ez dago Burning Man jaialdi estatubatuarraren arrakasta ikustea besterik. Nevadako desertuan antolatzen den ekitaldi horrek badu komunitate utopiko baten eraikuntzaren itxurarik. Bertan, merkantilizazioaren kontrako aldarri batetik tiraka, bertaratutakoen rola aldatzen da: artistak ez dira jada oholtza gainean arituko direnak, inguratu den oro baizik. Norberaren espresio pertsonala bilatzen du festibalak eta ohikoak dira janzkera bitxiak, auto eraldatuak eta eraikuntza erraldoi ia ezinezkoak. Desertu idorra arte instalazioz janzten da, inklusioaren, komunitatearen eta munduaren aldaketa espiritual baten izenean.
Ikuskizun paregabea da Burning Man. Happening erraldoi baten tankera du denak, Mad Max filmaren tankerako antzezlan ikusgarri batena. Ezin uka erakargarria dela, txunditzeko modukoa izan behar du jaialdiak, baiki. Besterik da ea benetako alternatiba bat planteatzen duen ekimenak, hara joaterik duten influencer-en jolas-parke izatetik harago.
Salerosketan beharrean, ahal den neurrian, bakoitzak egindako ekarpenetan oinarritutako harremana bultzatzen ei da festibalean. Halere, dirudun handiek bihotzez maite dute, Silicon Valleyko enpresetako buruek, bereziki[19]. Paris Hilton joan izan da, baita Elon Musk, Mark Zuckerberg edo Google enpresaren sortzaileak ere. Ekintzaile anarkokapitalistek ere gustuko dute; zerga eta antzeko araudi mugatzaileez —zein jende xume gogaikarriaz— libro direnean, giza harmonia zein era naturalean gailentzen den irudikatzen duela uste dutelako, akaso.
Fyre festibala da ispilu joko behinena, dena den. 2017an egitekoa zen luxuzko jaialdia, non eta Bahametan. Antolatzaileek, ekitaldiak behar zuen aura distiratsua lortze aldera, Instagrameko errege-erreginak diren hainbat influencer-engana jo zuten, haiek soilik eskain dezaketen edertasun atzemanezin horren bila. Itzelezkoa izango zela esan zuten, festibal gorenaren iruditeria osatu, eta sare sozialen bidez lau haizetara zabaldu zuten. Uneko izar mediatikoek osatuko zuten afixa: Pusha T, Major Lazer, Migos eta Skepta arituko ziren, besteak beste.
Zaleek sarrerak erosi zituzten, baita hegaldiak erreserbatu ere. Iristerakoan jabetu ziren dena itxura besterik ez zela; ez zen jaialdirik izan, ez zegoen musika talderik, ezta lurreko paradisurik ere. Bertaratu zirenek euria, haizeteak, larrialdietarako erabiltzen diren dendak eta pribatizatutako zerbitzu bateko merke-zurreko catering eskasenean ere eskainiko ez lituzketen mokaduak soilik zituzten zain. Laguntza jasotzea ezinezkotzat jo zuten gainera, ez baitzirudien haietaz arduratuko zen inor agertuko zenik.
Streaming plataformentzako oparia izan zen, zerbait izatekotan, gertakari tamalgarri hura. Iruzurra jasan zuten haietaz trufatu edo gertatutakoaz gehiago jakin nahi duenak sarean ditu eskura Bahametan jazotakoen irudiekin ekoitzi zituzten bi dokumentalak: Fyre Fraud (2019) Hulu plataforman eta Fyre: The Greatest Party That Never Happened (2019) Netflixen.
The magic of the mountain
Gerraosteko kontsumo gizartearen garapen entropikoaren hamaika testigantzaren lilurak aztertzen jarrai genezake nahi beste, baina ideia azaldu dudalakoan nago. Hastapeneko filmek mitoa sortu zuten, gero mtv eta antzekoek etxeetara eraman zutena; musikari ukiezinen irudia lurtarragoa bilakatu zen hala, saguzarrak irensten omen zituen Ozzy Osbourneren berberaren gainbehera familiarra reality bidez ikustearekin batera. Behin haserrealdia igarota, distantzia ironikoa gailendu da: tranpaz jabetu gara eta ez gara utopietan sinesteko bezain inozoak. Ez dirudi beste alternatibarik dagoenik, kontsumo bulimikoa besterik.
Egungo musikazalea Kaliforniako Coachellara joan daiteke uneko izar handienekin gozatzera, eta mainstreamegia iruditzen zaionak beti izango du Bartzelonako Primavera Sound alternatiba gisa —sarrera ordaintzeko gai bada, noski—. Eskaintza inoizko zabalena da orain eta badaude norberaren gustuei egokitzen zaizkien festibal espezializatuagoak ere. Rave erraldoiaren bila dabilenak, esaterako, Tomorrowland belgikarra izan ohi du jomuga. Bertan, festa basarekin egingo du topo; Ingalaterrako acid housearen garaian ez bezala, Poliziarekin arazoak izateko arriskurik gabe, gainera. Indiea nahi duenak ere aukera anitz du, zirkuitu independentea hilzorian egonagatik. Gurean, ostera, Azkena Rock festibalera jo dezake rockaren ikur klasikoak gurtu nahi dituenak. Hantxe topatuko du rockaren parafernalia guztia, baita generoaren berezko jarrera ustez transgresore hori antzezteko aukera ere[*]. Esanguratsua da Covid-19a dela eta festibala bertan behera utziko zutela adierazteko antolakuntzak erabilitako formula: “Ez zuen technoak lortu, ezta regetoiak ere, bai, ordea, birus malapartatu honek”[20]. Bere merkatu-nitxoaren fobia eta filien araberako adierazpena, ezbairik gabe.
Mod eta rocker-en garaian nola, tribuak mokoka ikustea bereziki atsegin dugu, baina halako gudatxo kulturalek ez dute garrantzi handiegirik. Ez behintzat industriaren nondik norakoei eta jaialdien paradigmari dagokienez. Jada zehaztu dugunez, milurteko honetan makrojaialdien eredua izugarri zabaldu da mundu osoan zehar, eta tamaina berean handitu da haien pisu ekonomikoa. Egun, festibalen eta nazioarteko biren merkatua bi enpresa erraldoiren menpe dago: aeg Live eta Live Nation Entertainment. Musika industria aztertzen duen Pollstar aldizkari komertzialak eta Live Nationek berak argitaratutako ikerketa baten arabera, 2016an bi konpainia horiek antolatutako ekitaldietan bildutako zaleek ezein festibaletara joan zirenen % 68,3 osatu zuten. Live Nation da bietan indartsuena, alde handiz: jaialdiren batera joan zen zaleetatik % 55,4 beraien jaialdi batean izan zen urte hartan[21].
Munstro hauei berdin zaizkie metala, jazza, elektronika eta haien iruditeria ustez kontraesankorrak. Live Nationek kudeatzen dituen festibalen artean Graspop Metal Meeting, Afro Nation, Creamfields, Holland International Blues Festival, Sweden Rock, Headwaters Country Jam, Mad Cool edo Wireless daude, baita beste zenbait mitiko ere: Isle of Wight, Pinkpop, Lollapalooza eta Reading, adibidez. Zerrenda ia amaiezina da, mundu osoan zehar dituzte jaialdiak eta hainbat areto, estadio eta inguruneren gestioa ere beraien ardurapean dago, Londresko Queen Elizabeth Olympic Park zonaldekoa, kasurako. Haien esku daude Shakira, Madonna eta Jay-Z-ren birak, baita sarrerak erosteko Ticketmaster ataria ere, eta zuzenekoak streaming bidez egiteko Veeps plataforma ere erosi zuten. Hona beste datu sorta bat sarearen dimentsioaz jabetzeko: Live Nation Entertainmenten % 30 Liberty Media enpresarena da, zeina 1 Formula lehiaketen antolatzailea eta behinola Rupert Murdochena zen News Corp konglomeratuaren zati baten jabe ere baden. John C. Malone, Liberty Mediako burua, Milton Friedman sariak banatzen dituen Cato Institutuko zuzendaritzako kide eta Estatu Batuetako lurjaberik handiena ere bada.
Live Nation Españako marketin zuzendari Joe Perez-Orivek, Operación Triunfo telebista saioko epaimahaikide izan ostean, Norvegiako black metalaren purismo satanikoari buruzko dokumental bat aurkeztu zuen. Bitxia irudi lezakeen arren, egia esatera, oso ohikoak dira halakoak. Egun azpikulturen arteko ezinikusia ez da zenaren parekoa eta etengabeak dira nahasketa eta pasticheak. Musika festibalak inbertsio funtsen menpe daude askotan eta hauei, txinatar agintari ezagun baten maximari jaramon eginez, ez zaie ardura katua zuria edo beltza den, arratoiak harrapatzen baldin baditu. Live Nationek Planet Events promotorea ere erosi zuen 2019an, Latinoamerikako musikan espezializatua dagoena. Promotore haren beste akziodun nagusietako bat Prisa da, komunikabideen arloan aski ezaguna. Erosketa aurkeztu zutenean, Live Nationen eta Prisaren arteko harremana indartzea espero zutela adierazi zuten[22].
Jarrai genezake Live Nation Entertainment konpainiaren inguruko ezaugarriak xehatzen —unibertsitate publikoetan dituzten master propioak[23], zaleen aurpegiak ezagutzeko sistemak[24], iruzurrezko birsalmenta plataforma paraleloak[25]…— baina egoera nahikoa ezaugarritu dudala esango nuke. Afera da halako erraldoien erabakien araberako zuzeneko musikaren unibertso geroz eta monopolistikoagoaren aurrean, hutsala ere badela belaunaldien arteko talkez aritzea eta gure eztabaidak diskurtso estetikoen balizko potentzial itzeletan zentratzea. Interesgarriak izan badira, baina etsigarria ere bada soilik horretaz jardutea panorama deskribatutakoa denean.
Madrilgo Erkidegoko Kirol Jauregia Madrid Deportes y Espectaculos izeneko aldi baterako enpresa-elkarteak kudeatu zuen 2005 eta 2014 urteen artean. Jose Maria Aznarren gobernuetako komunikazio arduradun eta kirolerako estatu-idazkari izandako Pedro Antonio Martin Marin izan zen haren presidentea, eta bertako kide ziren gerora kartzelan amaitu zuen ceoeko buru ohiaren Trap enpresa —izena ez dut nik asmatu, zin dagit— eta, nola ez, baita Live Nation ere. 2014an, Impulsa Eventos e Instalaciones enpresa-elkarteak hartu zuen eraikinaren ardura eta, beraz, kudeatzaileak aldatu ziren. Live Nationek jarraitu zuen parte-hartzea izaten eta bereziki interesatzen zaigun bazkide berri bat ere sartu zen taldean: Last Tour.
Egia da oraindik gurera ez direla guztiz iritsi Live Nationen atzaparrak, baina kontrola esku gutxitan metatzeko joera antzekoa da. eaeko festibal nagusiak Last Tour enpresarenak dira —bbk Live, Azkena Rock, Donostia Festibala eta bime—, eta Iruñeko Santas Pascuas festibalean ere parte hartzen du. Gainera, Madrilgo Erkidegoko Kirol Jauregiaz gain —egun Wizink Center—, Bilboko La Ribera eta Iruñeko Zentral aretoen kudeaketa ere haien esku dago.
Last Tourri ere ez zaizkio estiloen arteko gerra txikiak gehiegi axola, haiek sortzen duten arreta ustiatzeko ez bada. Berdin sor ditzake Azkena Rockeko rockero zaharrunoentzako mezuak edota Goxo Club izeneko “perreoaren klub ibiltaria”[26] egitasmo bihurria. bbk Live festibala, berriz, jaialdi garaikideen paradigmaren barruan uler daiteke soilik. Bilbokoak ez dauka, Azkena Rockek moduan, nostalgiaren diskurtsorik elikatzen aritzeko inongo beharrik. Antolatzaile berberak izanagatik, mezua oso ezberdina da bi kasuetan. Regetoia eta technoa entzun daitezke bbk Liven, eta, dokumentalak beharrean, bestelako baliabideak erabiltzen dituzte publiko gaztearengana heltzeko. Youtuberrak gonbidatzen dituzte jaialdira, adibidez, eta bideo umoretsuak egiten dituen Pantomima Full bikote espainiarrak hainbat promozio bideo egin du, beraien eskema arrakastatsua okasiorako egokituz. Badakizue, bikoteko kide batek kamerari hitz egiten dio, gizarteko sektore jakin bati dagozkion jarrera estereotipatuak bere eginez. Protagonistak adierazten duenari buelta ematen dion mezu bat agertzen da gero pantailaren erdian, letra larriz; aktoreak esandakoak ezkutatzen duen errealitate aski patetikoa azaleratzen du testuak, tonu ironikoan.
Antonio David Waldenen irudien gainean ere erraz asko erants genitzake nahi beste esaldi irrigarri. Ustezko asmo komunitario, transzendental, eta, are, iraultzaile horiek jardun estetiko hutsala besterik ez direla sala genezake erraz, pantomima agerian utzi. “Egia sendo gisa aurkezten dira engainuak eta iruzurrak; errealitatea, berriz, alegiazkoa da. Gizonek errealitateari bakarrik erreparatuko baliote usadioz, eta ez balute utziko engaina ditzaten, bizitza, gaur egun ezagutzen dugun egoerarekin alderatuta, maitagarrien ipuinen eta Mila gau eta bat gehiago-ren antzekoa litzateke”[27]. Thoreauk zioen Walden-en, ez dakit Antonio David ados legokeen.
Jakin nahiko nuke, halaber, nola eguneratuko lukeen Roszakek duela berrogeita hamar urte totalitarismo teknokratikoaren kontra egindako analisia. Ea zein den orduan hasitako guda horren balantzea, zer den itxaropen haietaz. Non hasi ote zen bidea okertzen. Hiperrealitatea horren idorra irudikatuko al zukeen inork? Jaialdion ateetan pilatutako zaleei galdetu beharko genieke ea aurkitu duten benetako biziaren muina, ezagutu al duten transzendentzia. Tell me, is this being real?
Thomas Frank historialariak azaldua du nola irauli zuten 60ko hamarkadako publizistek ordura arteko enpresa paradigma gris eta zurruna, kontrakulturaren eztanda bera baino lehen ari omen baitziren berrikuntza gosez zeuden sortzaile haiek banakotasun askatzaile berri bat aldarrikatzen[28]. Hamarkadaren amaierarako, ezein salgai teknokraziaren aurkako tresna gisa aurkezteko gai izan omen ziren, naziekin harremana izandako Volkswagen markaren furgoneta bat askatasunaren eta mundu ikuskera berri baten ikur bilakatzeraino. Publizitate garaikidearen moldea ezaguna zaigunez, horrek ez gaitu bereziki harritzen, baina antzeko joerak identifikatzen lagun diezaguke. Orain basora garamatzaten autoak saltzeaz gain, basoko esperientzia bera baitago salgai. Ez dago Waldeneko basoaren parekorik bbk Liven; bai, ordea, askatuko gaituen Basoa izeneko gunea. Zein desberdintasun dago, bada?
Egungo makrojaialdietan mito zaharrak eta transgresio berriak ditugu ikusgai pantaila erraldoietan, eremu eroso eta aseptikoetan. Museo erraldoi batean nola, distantzia errespetatuz gero, eskaintza edonor asetzeko modukoa da. Aitzitik, dena da kamutsa, ahalmenik gabea. Denak dirudi posible, nahiz eta aukera guztiak aurrezehaztuta dauden. Ezin da irudikatu ere egin errotiko eraldaketarik, ez dago alternatibarik merkatuaren nagusitasunaz haratago. Kontsumitu nahi beste eta eraiki zeure identitatea elementu hauekin guztiekin, baina ez gehiago eskatu, gero. Txinpartak han-hemen, espektakulu itzelak; baina ezustekorik ez, arren.
Azkenerako, Antonio Davidek ez zuen bere abentura bizitzerik izan, 2020an ez baitzen bbk Live festibalik egin. Osasun larrialdia dela eta, hala izango zela jakina zen arren, antolakuntzak sare sozialen bidez zabaldu zuen edizioa bertan behera uzten zutela zioen mezua. Horretarako, bi testu labur prestatu zituzten gazteleraz eta ingelesez, hainbat zuhaitzen zirriborro berdez lagunduta. Lehenak “mendi magiko honekin” dugun zita aipatzen zuen, zeinak “ihes egin eta zuzeneko musikaren plazer guztizkoaz”[29] gozatzeko aukera ematen digun. Bigarrenak, euskarazko maiteminduta hitza zerabilen. Euskaraz “maiteminduta” baitiogu, hau da, “maitasunak minduta”[30]; horrela sentitzen omen ginen denok, uda hartan bbk Live ezin izan genuelako egin. Minduta, baina Kobetamendiganako maitasunez, sentiarazten digun guztiagatik.
Izan ere, zein poetikoa eta jakintsua den geure euskara zaharra. Kobetamendiko askotariko musika emanaldiez gain, ba al da begiesteko ezer ederragorik?
[*] Pertsonaia biblikoa, haurren sakrifizioarekin lotua; gerora, gurtzen dutenak irensten dituen ezein izaki edo kontzepturi erreferentzia egiteko erabilia izan da. Allen Ginsberg poeta estatubatuarraren Ulua poema ezagunean oinarrituta dago Akauzazteren letra, Josetxo Anituak idatzia.
[*] Nazio osoan zehar zein bibrazio bitxia / jendea martxan / belaunaldi oso bat dago azalpen berri batekin / jendea martxan / jendea martxan/ San Frantziskora datozenentzat / jantzi itzazue loreak ilean / San Frantziskora bazatozte / udaldia maitasunez blai izango da bertan.
[*] 68ko maiatzari buruz aritzeko Cohn-Bendit soilik aipatzea gatazkatsua da. Kristin Rossen May '68 and Its Afterlives liburua oso gomendagarria da konturatzeko nola garai hartan gertatutakoa askoz ere konplexu eta aberatsagoa izan zen. Pasarte honetan gerora gailendu den errelatoa erreproduzitzen dudan arren, kontziente naiz hori egitea zein sinplista eta, are, okerra ere baden. Dena den, auzia serioski aztertzeak luze joko liguke eta liburu honen helburuak gainditzen ditu.
[*] John Sinclair (1941, Flint, Michigan), poeta eta aktibista estatubatuarra da. White Panther Party erakunde antikapitalista eta antirrazistaren sortzaileetako bat izateaz gain, MC5 rock taldearen managerra ere izan zen 60ko hamarkadan. 1969an hamar urterako espetxeratu zuten ezkutuko polizia bati marihuana eskaintzeagatik.
[*] Aurrez urtebetetze festarik izana zuen Woodstockek: 1979an hamargarren urteurrena ospatu zuten era ofizialean New Yorkeko Madison Square Gardenen eta 1989an zenbait musikazale era inprobisatuagoan bateratu ziren jaialdiaren jatorrizko kokalekuan. 2019an 50. urteurrena ospatu asmoz beste edizio bat antolatzekotan egon ziren, baina luzaz itzulinguruka aritu ostean, proiektua bertan behera geratu zen.
[*] hboren Woodstock 99 dokumentalean ikus daiteke aipatutakoa, baita edizio hartan gailendu zen giro macho zuria ere.
[*] Aipagarria da nola lehenengo Woodstocken Wavy Gravy pailazoa ikurtzat zuen Hog Farm komuna hippykoak izan ziren segurtasunaz arduratu zirenak, eta Up Against The Wall Motherfucker izeneko kolektibo situazionistako kideak izan zirela jendea ordaindu gabe sar zedin hesiak moztu zituztenak. Gauzak testuinguruan jarri eta aktoreetako batzuk zeintzuk ziren gogoratze aldera.
[*] Erretzen duen desio bakarra dut / Utz iezadazu zure suaren ondoan egoten.
[*] Poloniako bertsio honetan lohituta bukatzeko tradizioari buelta bat gehiago eman diote: lokatz guneak sortzen dituzte ikusleak bertan jolasean aritu daitezen.
[*] Soñar letra larri erraldoiez idatzita dagoen fatxada hori Last Tour promotorearen egoitzarena da.
[*] Balizko jarrera errebelde eta engaiatu hori ezbaian jartzeko adierazgarriak ere badira festibalaren hainbat ediziotan musikari emakumeen presentzia eskasa eta horrek hauspotu dituen polemikak.
[1] https://www.glastonburyfestivals.co.uk/areas/pyramid-stage/ [Azken kontsulta: 2023-03-14].
[2] Frith, S. (1980). La sociología del rock, Jucar, Madril.
[3] Frith, S. (1984). “Rock and the Politics of Memory”, Social Text 9/10, 55-69 or.
[4] Peterson, R. A. (1973). “The Unnatural History of Rock Festivals: An Instance Of Media Facilitation”, Popular Music and Society 2, 97-123 or.
[5] Hall, S. eta Jefferson, T. (ed) (2014). Rituales de resistencia. Subculturas juveniles en la Gran Bretaña de posguerra, Traficantes de Sueños, Madril.
[6] Roszak, T. (1970). El nacimiento de una contracultura, Kairós, Bartzelona.
[7] Hoffman, A. (1969). Woodstock Nation, Vintage Books, New York.
[8] Classic tv Commercials. “Pepsi Woodstock 94 Commercial”, Youtube, 2021-01-27.
[9] Hemen irakur daitezke datuak: https://money.cnn.com/2010/02/02/news/companies/napster_music_industry/ [Azken kontsulta: 2023-03-14].
[10] Krueger, A. B. (2019). Rockonomics. A backstage tour of what the music industry can teach us about economics and life, Random House, New York.
[11] Cubillo, I. “The Police será la estrella de la tercera edición del Bilbao Live Festival en julio”, El País, 2007-12-20.
[12] Oraindik irakurgai dago sarean: https://web.archive.org/web/20200504163410/https://www.bilbaobbklive.com/eu/ [Azken kontsulta: 2023-03-14].
[13] Thoreau, H. D. (2021). Walden, Katakrak, Iruñea.
[14] Bilbao bbk Live Oficial. “La aventura ya ha comenzado”, Youtube, 2019-11-27.
[15] Bilbao bbk Live Oficial. “Bilbao bbk Live 2020”, Youtube, 2019-11-28.
[16] Baudrillard, J. (1978). Cultura y simulacro, Kairós, Bartzelona.
[17] Guardiola, I. (2019). El ojo y la navaja: un ensayo sobre el mundo como interfaz, Arcadia, Bartzelona.
[18] Debord, G. (2000). La sociedad del espectáculo, Pre-Textos, Valentzia.
[19] Spencer, K. A. “Why the Rich Love Burning Man”, jacobinmag.com, 2015-08-25.
[20] Esteban, I. “El Bilbao bbk Live se aplaza sin fecha y el Azkena se pospone a 2021”, El Correo, 2020-05-13.
[21] Navas, A. “Live Nation congregó el 55,4% de todos los fans de las 25 principales promotoras del mundo”, industriamusical.com, 2016-03-02.
[22] Europa Press Cultura. “Live Nation adquiere la promotora española Planet Events estableciendo una alianza estratégica con Prisa Radio”, europapress.es, 2019-02-06.
[23] https://www.ucm.es/titulospropios/masterlivemusic/ [Azken kontsulta: 2023-03-14].
[24] Erredakzioa. “Tecnología de reconocimiento facial para conciertos – Live Nation y Ticketmaster se alían”, promocionmusical.es.
[25] Scarpellini, P. “Metallica y Live Nation desviaron miles de entradas a webs de reventa”, El Mundo, 2019-07-26.
[26] https://www.zentralpamplona.com/events/goxo-club/ [Azken kontsulta: 2023-03-14].
[27] Thoreau, H. D. (2021). Walden, Katakrak, Iruñea.
[28] Frank, T. (2020). La conquista de lo cool. El negocio de la cultura y la contracultura y el nacimiento del consumismo moderno, Alpha Decay, Bartzelona.
[29] https://twitter.com/bilbaobbklive/status/1266308730691424257 [Azken kontsulta: 2023-03-14].
[30] https://twitter.com/bilbaobbklive/status/1266308602714873856 [Azken kontsulta: 2023-03-14].