Kantatua izateko
Bizi daitekeen tragediarik handienetakoa egokitu zitzaion Martin Larralde Bordaxuri-ri. Hurrekoenen traizioa, ustez maite zaituztenek eragindako heriotza. Aitak, ahizpak eta anaiak saldu zuten Martin Larralde, besteak beste, galeretan hil zedin. Plumagainea baserriko premu izaki, zegozkion ondasunak eskatu zizkion aitari. Honek, ostera, premutzarako beste bat hobesten zuelako, aipatu etxekoen laguntzarekin, segada prestatu eta morroi zutenaren hilketa leporatu zioten. Rocheforteko kartzelan hil zen Bordaxuri, berrogei urteak betetzeke. Hala kontatzen du, bederen, iritsi zaigun istorioak. Gertatu zitzaionari buruzko bertso sortak bide luzea egin du euskaldunen artean. Piarres Larzabal apaiz eta idazleak —zeinaren antzerkigintzari buruzko ikerketa guztiz gomendagarria argitaratua duen Ixabel Etxeberriak (Euskaltzaindia, 2016)—, Bordaxuri izeneko antzezlana apailatu zuen, 1962an. Kalapita handiak sortu zituen antzeztua izan zen herrietan, etxekoen traizioaz gain, elizaren eta eliztarren hipokrisia, faltsukeria, zurikeria eta bestelako keria batzuk salatzen baitzituen obrak.
Pantxoa eta Peiok egin zuten ezagun Martin Larralderen tragedia 1975ean Galerianoaren kantua izenburuarekin “Ospital-Carrere” deritzon diskoan plazaratu ostean. Bi doinu nahasten dira kantuan, bata hits-iluna, bestea adoretsua, aldarte bi horiek antzematen baitira Bordaxuriren kontaketan, tristezia eta kuraia.
Guri, ostera, sortako azken biak interesatzen zaizkigu. Berorietan, hain zuzen ere, bere tragedia kontatzeari zertarako bat atxikitzen dio Bordaxurik. Zertarako kontatu, zertarako kantatu.
Kantu hauek eman ditut Paube-ko hirian,
Burdinez kargaturik, oi! presondegian;
Bai eta kopiatu denbora berian,
Orok kanta ditzaten Hazparne herrian.
Hok eman izan ditut ez xangrinatzeko;
Ahaidek, adixkidek, kuraie hartzeko,
Eta partikulazki, aita, zuretako,
Kantuok aditzean, semeaz oroitzeko.
Galerianoaren kantua. Bordaxuri, XIX. mendea /
Pantxoa eta Peio, 1975
Joseba Sarrionandiak Bordaxuriri gertatutakoa hartu zuen aitzakia Marinel zaharrak liburuan Martin Larralde izeneko poema taxutzeko. Ordurako Sarrionandiak ederto batean ezagutzen zuen ahozko zein idatzizko euskal literatura, zaharrena zein modernoena. Ezagutzen zuen gure historiako makina bat gertakari, ezagutzen zituen protagonistak. Eta Martin Larralde aukeratu zuen idazlearen egitekoari buruzko bere ustea poema bidez agerrarazteko.
Ruper Ordorikak kantu bihurtu zuen Sarrionandiaren poema, bere zuzeneko errepertoriotik publikoak estimatuenetakoa. Zuzeneko emanaldietan Ordorikak honela laburbiltzen du poemaren muina: egunerokoak ahantzarazi egiten digu urrun dagoena.
Guri, Ordorikaren gogorapenaz gain, testuak honako eskaria ere badakarrela iruditzen zaigu: kontatuko badugu, konta dezagun dena. Konta dezagun ondo egin duguna zein txarto egindakoa. Kanta ditzagun garaipenak, kanta ditzagun tragediak. Kanta ditzagun poz eta minik sakonenak eragin dizkigutenak. Hori proposatzeko erabili zituen Sarrionandiak bere buruari min ematen dion arrosaren irudia: “arantzak barrurantza itzuliak lituzkeen arrosak legez”. Eta Ordorikak, idazlearen baimenarekin, bere buruari min emango liokeen kirikolatzaren antzera: “arantzak barrurantza itzuliak lituzkeen sagarroiak lez”.
Antzeko zenbat tragedia ez ote dira lotsaizunez isilpean gorde. Ostera, Bordaxuriren guraria da bere herrikideek bertsoak elkarri kantatuz jakin dezatela zer gertatu zitzaion, gera zedin herriaren gogoan iltzaturik izugarrikeria hura, bere etxearen izen ona betiko zikinduko bazen ere. Koblakariak eskatu zituen Martin Larraldek, ahanzturaren kontrako konbatienteak. Galde bera ulertzen diogu Joseba Sarrionandiari ironikoki dioenean:
Inork ere ez du
(dena ohitura, dena errua, dena barkamena)
oroimenaren
korapiloa deslotzen. Inork ere ez du
koblakaririk behar...
Martin Larralde. Joseba Sarrionandia, 1987 /
Ruper Ordorika, 1998
2018an, borroka latza eragiten ari da gure iragan hurbilean gertatu denari buruzko kontakizun edo errelatoa, eta berorrekin bete-betean dator Sarrionandiak 1987an argitaratu zuen poema. Kontatu behar badugu, kanta dezagun dena.
KOBLAKARIAK BEHAR DITUGU
Jose Mari Iparragirre da gehien kantatu den gure poetetako bat. Haren bizitza eta obra ikertu duten gehienek nabarmentzen dute Iparragirrek ondo baino hobeto asmatu zuela garaikide zituen euskaldunek sentitzen zutena kantu bidez azaltzen. Foruak galduta, etsipena zelarik nagusi euskaldunen artean, Iparragirre euskal nortasun jakin baten gorazarrearen bitartez ahalegindu zen herrikide eta gogaide zituenen adorea berpizten: hizkuntza, lurraldea eta fede kristaua. Esana dugu, hiru ezaugarri horiek zituen identitateari idatzi eta kantatuko zioten euskal idazleek eta musikariek XIX. mendeko erdialdetik 1960ko hamarkadara bitartean. Engoitik, lan gatazkek edota arlo askotako gatazka sozialek ere ezaugarrituko dute euskal identitate berria. Nazio borrokak eta klase borrokak bat eginen dute, gero ikusiko dugunez.
Iparragirrek sortu zuen Gernikako arbola, euskaldunon imajinario kolektiboan burujabetzaren eta batasunaren ikurtzat hartu den kantua. Orixek zioenez kalitatez ez ziren letra onak Iparragirrerenak, baina atoan lortzen zuten herritarren nahi eta ezinekin bat egitea. Iparragirre herriarekin sinkronizatuta zegoen, frekuentzia berbera sintonizatzen zuten. Herriz herri, Euskal Herrian, Frantzian, Espainian, Italian, Argentinan zein Uruguain barna, kantatzen zuenetik bizitzen ahalegindu zen eta hautu horrek, behin baino gehiagotan, benetan pentsatzen eta sentitzen ez zuena kantatzera ere eraman zuen. Inoiz enkarguz ere sortu baitzuen orduan Iparragirrek egungo idazleotako askok sortzen dugun eran, diru behar hutsez, gure gogoz kontra? Pentsatzen dugunari traizio eginez?
Iparragirrek kantari profesionala izan gura du:
Gitarra zartxo bat da
neretzat laguna;
onela ibiltzen da
artista euskalduna:
Egun batean pobre,
beste batez jauna,
kantari pasatzen det
nik beti eguna.
Kantari euskalduna (Gitarra zartxo bat).
Jose Mari Iparragirre, XIX. mendea /
Kontrapuntoak, 1963 / Patxi Andion, 1973 / Beñat
Axiari, 1981 / Gontzal Mendibil, 1992 / Oskorri, 1999
Bere helburua kantatzetik bizitzea da eta horretarako jende askoren gustuko izan behar du kantatzen denak eta jende askoren gustuko izateko edertasuna eta erraztasuna uztartzea da gakoa. Entzuleak lehenengoan uler dezala zeri kantatzen diozun, bitan entzunda gogora dezala melodia, ulergaitza den kantak entzuleak urriago baititu.
Euskaldunon aberriaren eta batasunaren sinbolo nagusitzat dugun Gernikako arbola sortu zuenarentzat Euskal Herria lau herrialdek osatzen zuten: Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak. Laurak ere Espainiako lurraldearen ohoragarri.
Endaian nago zoraturikan
Zabal zabalik begiak
Ara España... lur oberikan
Ez du Europa guziak.
[...] Oh, Euskalerri eder maitea
Ara emen zure semea
Bere lurrari muñ egitera
Beste gabe etorria.
Zuregatikan emango nuke
Pozik, bai biziya
Beti zuretzat il arteraño
Gorputz eta anima guzia.
Nere etorrera lur maitera (Ara nun diran).
Jose Mari Iparragirre, XIX. mendea /
Patxi Andion, 1973 / Imanol, 1981 /
Urko, 1986 / Gontzal Mendibil, 1992 /
Oskorri, 1999 / Beñat Axiari, 2001
Iparragirrerentzat, beraz, Europan ez dago Espainiaren parekorik. Beste kantu batean (Agur Euskalerriari), aldiz, bihotzak diotso munduko lekurik ederrena Euskal Herria dela. Karlisten bandoan aritu zen Iparragirre zertzat genuke gaur egun, abertzale konstituzionalistatzat?
2018an konpondu barik dugun lurraldetasunari buruzko eztabaida aspaldikoa da gurean. Idazleen eta musikarien arteko elkarreraginetik sortutako kantagintzari dagokionez, XIX. mendeko bigarren erditik aurrera nabarmentzen da desadostasun hori. Gratien Adema Zaldubi-k zazpi probintzia atxikitzen zizkion Euskal Herriari. Iparragirreren antzera Pedro Mari Otañok ere Laurak bat kantatu zuen garai batean, baina Zaldubiren proposamena bere egin zuen ondoren. Xenpelarrek hiru zirela kantatzen zuen. Felipe Arrese Beitiak euskaldunak zazpi lurraldetan bizi direla zioen eta Hego Euskal Herriko laurek bat egin behar zutela foruek bermatzen zizkiguten eskubideen defentsan. Kosta egiten zaigu euskaldunoi ados jartzea antza, edo, Iñigo Aranbarrik idatzi legez, “badirudi elkarrekin bizitzeko sortu ez den herri bat dela euskaldunena”.
Zazpi Eskualherriek bat egin dezagun
Guziak bethi, bethi, gauden gu Eskualdun.
Agur eta ohore Eskualherriari:
Lapurdi, Basa-Nabar, Zibero gainari;
Bizkai, Nabar, Gipuzko, eta Alabari.
Zazpiak bat besarka lot beitetz elgarri
Gauden gu eskualdun (Agur Euskal Herriari).
Zaldubi, 1893 / Urko, 1977 / Oskorri, 2004
Gu gera iru probintzi,
lengo legerik ez utzi:
oieri firme eutsi,
naiz anka bana autsi
jaioko dira berriyak,
gu gera euskal-erriyak!
Iya guriak egin du. Xenpelar, XIX. mendea /
Antton Valverde, 1970 / Imuntzo eta Epelarre, 1988 /
Amaia Zubiria, 1990 / Xabier Lete, 2001 /
Oskorri, 2004 / Karidadeko Benta, 2004
Eneko Bidegainek aipamen zuzena degio korapilo honi:
Zaldubiren 1893ko ekarpenak erro sakonak egin zituen. Donibane Lohizunen euskal tradizioaren jaialdia antolatu zuten 1894an eta 1897an. Han agertu ziren Euskal Herriko armarriak. Herri hartako auzapez Alberto Goihenetxek Zazpiak bat aldarrikatu zuen, ozen. Herri hartako bikarioak ere ohartarazi zuen euskaldun guztiek herri bakar bat osatzen dutela. Zabaltzak (historialaria) azpimarratzen duen gisan, besta hartan ohartu zen Sabino Arana Goiri Zazpiak bat leloaz.
[...] XIX. mendetik goiti zabaldu eta errotu zen Euskal Herriaren batasunaren aldeko jarrera. Zazpiak bat leloak ordezkatuko zituen Hirurak bat eta Laurak bat.
Eneko Bidegain, Lurraldea eta herria. Pamiela, 2018
Karlista zein liberal izan (Xenpelar liberala zen baina Iya guriak egin du sortako azken bertsoan foruak gordezale ageri da) euskara, Euskal Herria eta Jaungoikoa dira euskaldun egiten gaituztenak. Foruak dira ezaugarri guztiok biltzen, gordetzen eta iraunarazten dituztenak. Foruen galerak euskal identitatearen galera dakar garaiko idazle eta bertsolarientzat.
1. artikulua. Espainiar guztiei ezarri eta betearaziko zaizkie, legeak hala agintzen dienean, soldadutza egitera joatearekin eta estatuaren gastuetan nork bere ondasunen arabera laguntzearekin lotuta Konstituzio politikoak aitortzen dituen betebeharrak; tartean, baita Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako herritarrei ere.
Euskal foruak abolitzeko dekretua, 1876
Nola ekidin galera? Zelan iraunarazi galtzeko zorian datekeena? Borrokarako deia eginez eta anaien artean ez borrokatzea funtsezkoa dela ohartaraziz. Ideia horiek XX. mendera arteko hainbat kantutan agertuko dira, modu iraunkorrean. Ostera, anaiak gizonak dira eta gizonak bere indarra inposatu behar du, gizona izango bada, gizonak beti agertu behar baitu inor baino ahaltsuago, sendoago, suharrago. Lurraldearen batasunerako eta euskararen biziraupenerako gakotzat kantatu diogu anaien arteko bakeari.
Alkar gaitezen anai maiteak
alkartzea da indarra.
Bilbao eta fueruak, pakearentzat.
Jose Mari Iparragirre, XIX. mendea / Oskorri, 1999
Gaitzak gerade umiltzen
eta pakean unitzen
ez da errez ibiltzen
anaiak elkar hiltzen
zer den entenditu gabe
ortan galduko gerade.
Iya guriak egin du. Xenpelar, XIX. mendea /
Antton Valverde, 1970 / Imuntzo eta Epelarre, 1988 /
Amaia Zubiria, 1990 / Xabier Lete, 2001 /
Oskorri, 2004 / Karidadeko Benta, 2004
Erdal-itsaso iresle hortan galduak zaizten anaiak,
Euskal-Eguna baitugu egun zueri agur nasaiak.
Euskal-anaiak, altxa burua, bota irrintzin alaiak!
Ari zaizkigu oldarka sartzen uhainak eta hedoiak,
Bainan Euskaldun atxik gaitzala Euskara gure mintzaiak.
Euskal anaiak. Iratzeder, 1948 / Txomin Artola, 1988
Guztiok gara euskaldun, guztiok anaiak gara.
Bagare. Bittor Kapanaga / Gontzal Mendibil eta Xeberri, 1976 /
Etsaiak, 1997 / Nahixan, 2011 /
The Sparteens, 2011 / Kerobia, 2015
Har makila eskuan
Eta lotu etsaiari!
Anaien aurka ez habila!
Otso beltzarentzat atxik makila!
Batasuna. Telesforo Monzon / Pantxoa eta Peio, 1975
Lurraldetasunaren eta eskubideen inguruko afera gerra karlistetan gorpuztu zen eta duela gutxi arte ezezagun zitzaigun karlistadei buruzko kantutegiak asko lagundu digu gerra haiek ulertzen. Joseba Tapiak bildu zituen karlistek eta liberalek idatzi zituztenak “Eta tira eta tunba” deritzon diskoan. Bertarako zein zuzeneko aurkezpenetarako, bi banda izan zituen kantu-lagun, haizezko instrumentuekin osatutako bi talde. Banda batek karlisten testuak jotzen zituen, besteak liberalenak, biek ala biek, militarren bandak gogorarazten dizkiguten doinuetan. Batzuen zein besteen bertsoetan nabarmentzen denez, anaiak dira elkarren aurka borrokan ari direnak. Ostera, lehen irakurraldian bertan igar liteke elkar gorroto dutela. Euskaraz ari dira elkarren aurka, euskaraz berotzen dute giroa horren serio ezen gerran hasiko baitira. Aurrez oinaztarrek eta ganboarrek, agaramontarrek eta beaumontarrek egin zuten antzera. Gerora Francoren aldekoek eta eusko gudarostekoek elkar hilko zuten eran. Bitasun santua gurea. Beti gutxienez bitan zatituta, beti deman.
“Eta tira eta tunba” diskoko 22 kantuetatik bakarrak dakar egile ezaguna. Gainontzekoak anonimoak dira. Zergatik baina? Sasoi berean izendun makina bat bertso sorta erabili zen eskutik eskura, inprimaturik, herririk herri. Zergatik hauek ez? Idatzi zutenak ekarriko liekeen erantzunaren beldurrez ezkutatu ziren anonimotasunean?
Gu lapurrak gerala
kalean diote;
infame traidoreak,
gezurra diote,
gezurra diote ta
pagatuko dute.
Azpeitiko neskatxak. Anonimoa, XIX. mendea /
Joseba Tapia, 2010
Sua, bai, euskaldunak, sua Luziferri;
etzaiteztela izan horren errukarri;
beltzak ekarri zuten horixen txit larri,
gerra, mutillak, gerra jende faltso harri.
Ea bada abiya, gipuzkoatarrak,
zuekin datoz Bizkai eta arabarrak;
batutzen dira ere txit gogoz nafarrak,
kentzeko Españatik betiko negarrak.
Libra zagun, mutillak, España lepratik,
harturik hontarako fusillak bertatik;
ekarriko dizkigu pakiak gerratik,
poztutzen dala oso mundua gugatik.
Himno patriótico para los voluntarios... Anonimoa, 1869 /
Joseba Tapia, 2010
Pio Barojaren aita Serafin Baroja ausartu zen bere izena agerrarazten. Goien graduan eskolatua izaki begirunez idaztea aurresuposatzen zitzaion idazleak darabilen irain eta gaitzespen xedeak, bi bandoetako euskaldunen artean zegoen herraren zantzoak dakarzkigu. Zergatik idatzi zuen bestela horren maltzurki zintzoro egiten bazekienak?
Arbol zaharraren sustrai galduak
ez dik emango zumua,
tximinirako nahiz izan ona
ukatuko dik frutua;
Karlos bezela lizundutua
zegok bere partidua.
Zazpi sakristau, hamabi alper,
hogei basarritar babo,
Jauregi buru, Santa Kruz gero,
azkenik berriz Otxabo,
erlijiyua aitatu ezkero
basarritarrak akabo!
Karlistaren panparroikeria. Serafin Baroja, 1874 /
Joseba Tapia, 2010
“Eta tira eta tunba” diskoa errenkadan osorik entzunez gero karlistek eta liberalek elkarri aurpegiratzen dizkiotenak uler daitezke, eztabaida ezin sutsuagoa irudikatuz, giro itogarria antzemanez. Ez batzuek ez besteek erakusten dute asmorik ezer adosteko, ez dute argudio sorta mamitsuen bitartez eztabaida errespetuzkoa sustatzeko gogorik. Iraintzea, gutxiestea, mintzea da helburua. Hiltzeraino, beharrezkoa bada.
Biba Karlos septimo
eta Margarita,
Españan agintzeko
zer pare polita!
Eta tira eta tunba
eta tira beltzari,
eta tira eta tunba
eta tira beltzari.
Eta tira eta tunba. Anonimoa, XIX. mendea /
Joseba Tapia, 2010
Disko honi esker irudika dezakegu euskaldunen arteko harremanak zeinen gaiztotuak zeuden. Joseba Tapiak koblakarien eran kantatu zituen herriz herri zuzeneko emanaldietan. Aspaldiko koblakariek zein modernoenek kantatu diguten Euskal Herria modu batekoa da, historia liburuetan edo hedabide ia guztietan kontatu digutenaren oso bestelakoa. Koblakariak behar ditugu, bai, ezinbestean.
Karlisten eta liberalen ezinikusia eta gizarte giroa erakusten diguten kantuak duela gutxi ezagutu ditugula azaldu dugu. Beste horrenbeste esan genezake osteko errepublika sasoiari buruzkoez. Oraingoan ere, bertso moldean irakurri eta kantatu ditzakegu Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan gertatu zirenak. Joseba Tapiari berari eta Joxan Elosegiri esker ezagutu genuen Joxe Mari Lopetegi (Irun, 1975 - Arrueta, 1952), posizio errepublikazalean engaiatu zen bertsolaria.
Bertsolari politikoa izan zen Joxe Mari Lopetegi, bere ideologia eta xede politikoen zerbitzuan ipini zituen bertsotarako dohain eta ahal guztiak, eta ez ziren, zinez, gutxi. Bereak eta bost eraman behar izan zituen Lopetegi zintzoak bizi izan zituen urte zailetan, eta bat egingo du nekerik gabe harekin bertsoak irakurriko dizkion pertsona sano orok. Zer dela eta baztertu dute bertsolarien historiatik? Zer dela eta dirau betiere bere sorterrian aintzat hartu gabe? Ez zen karlisten edo jelkideen aldekoa...
[...] Bertsolaria izan zen Joxe Mari Lopetegi, ona gainera, erruz kantatu zuen plaza politikoan, eta bertsoak idatzi zituen egiteko politikoak hala eskatu zion aldiro. Hala eskatzen zion euskalduntasunak. Zenbat ezagutu ditugu horrelakoak Euskal Herrian?
Joxan Elosegi, “Ohar batzuk haren bizitzari eta bertso-lanari buruz”
in Joxe Mari Lopetegi, errepublikanoen bertsolaria. Paper hotsak, 2004
Erantzuten gaitza den beste galdera bat sortzen digu Joxan Elosegik: zergatik irauten dute kantu batzuek gure imajinario kolektiboan beste batzuk erabat ahanzten ditugun bitartean? Zerk bihurtzen du kantu bat betiko? Badu zerikusirik kantagaiak? Eta sortzailea zein den eta zein bandotan dagoen? Ideologiaren galbahetik iragazita iraunarazi ditugu idazle eta kantariak?
Joxan Elosegik badu erantzunerako bidezidorrik:
Kaletarra zen Lopetegi, egungo bertsolari gehienak bezala, ez baserritarra, eta apaizik gabe, gizarte duin batean ametsean bizi izan zen. Hori ote da isiltze horren arrazoia? Nekez aurkitu da historian zehar, Joxe Mari Lopetegi bezala bertsoen bitartez kausa politiko bati horren gartsurik atxiki zaion bertsolaririk, eta haren bertso jardunean gorabeherak nabariak diren arren, “txarrik ezean ez dago bertso onik”, liburuak egin zaizkion asko baino bertsolari hobea izan zela esango genuke beldurrik gabe.
Joxan Elosegi, “Ohar batzuk haren bizitzari eta bertso-lanari buruz”
in Joxe Mari Lopetegi, errepublikanoen bertsolaria. Paper hotsak, 2004
Plazaz plaza aritu zen Lopetegi errepublikaren aldeko mitinetan bertsolari. Ez zitzaizkien plaza guztiak samur gertatu, Joseba Tapiak “Real Politik” diskorako musikatu zuen Askatasunaz kantuan antzeman daitekeenez. Errepublikaren balio eta baloreak aldarrikatzeko Azpeitira joan eta ozta-ozta libratu ei zuten bizia.
Mila baziran lau zatitzeko
ez al da lotsa euskalduna
atzerrietan ai zer fama guk
ekusi behar deguna
hau al da lege erlijiuak
erakutsitzen dizuna?
Modu horretan baldin badabil
maltzurtzar bihotz-astuna
bide hortatik ez da etorko
Euskadin Askatasuna.
Askatasunaz. Joxe Mari Lopetegi, 1931 /
Joseba Tapia, 2006
1931ko ekainean gaude, Espainiako II. Errepublika osatzeko hauteskunde kanpaina bete-betean, Joxe Mari Lopetegi errepublikaren aldeko mitinetan dabil bertsotan. Foruak abolitu zituztenetik mende erdia joan da. Jeltzaleek, sozialistek, komunistek eta anarkistek elkar jipoitzen zuten, ez da karlisten eta liberalen arteko gorrotoa gainditu, etsaitasunak bere horretan darrai. Inork ez du ez barkamenik, ez damurik erakusten. Bere garaiko gertakariei buruzko bertso sortak idazten zituenak asmo jakin bat zuen: entzuleak bertsook gogoan gorde eta kanta zitzala, ahal zela bertsolariaren mezuarekin bat eginez. Bertsoen moldea hautatu zuten idazleak jakitun ziren bertsopaperak erruz saltzen zirena, buruz ikasi, kantatu eta transmitituko zirela egunez egun, urtez urte eta, batek daki, akaso mendez mende ere.
Kazetarien lana egin zuen askotan bertsolariak. Garaiko pentsaera zein bizimoldea irudikatzeko kronika paregabeak dira kantu-liburuetara ekarri ditugun asko, Lopetegirenak, Xenpelarrenak, Txirritarenak.
Urte gutxiren buruan kolpe militar bati erantzun beharrak aurreikusi ezinezko maneran elkartuko ditu atzo arte elkar ikusi ere ezin zuten euskaldunak. Halaber, kolpe faxista horren ondorioz, abertzale askok, kolpisten alde egin zuten. Anaien artean borrokatzea zentzugabea dela errepikatuko dute poeta, bertsolari zein politikariek. Alferrik, ordea.
GERRA BATASUN NAZIONALERAKO
Bitartean, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako 18 eta 45 urte bitarteko gizonezkoak Frantziaren alde bizitza ematera deitu zituzten 1914tik 1918ra luzatu zen Lehen Mundu Gerran. Gutxienez 6.000 euskaldun hil ziren. Estatuak derrigortuta ez eze, Eskualduna astekariko apaizek eta euren ingurukoek hauspotuta joan ziren eskuara baizik ez zekiten haiek. Euskaraz arrazoitzen zuten apaizek bizia Frantziaren alde eman beharra. Peio Etxeberri Aintziartek zein Eneko Bidegainek erakutsi digutenez, Euskal Herriko hiru lurraldeok zinez frantsestu zituen gerrak. Iraultzak baino eragin handiagoa izan zuen Frantziaren batasun nazionala errotzeko eta Euskal Herria zatikatzeko orduan. Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria liburuan (Elkar, 2014) Jean Barbier edota Oxobi idazleen bertso batzuk jasotzen ditu Eneko Bidegainek baina, guk dakigula, ezelako doinugilek ez zituen kantu bihurtu, ahoz aho, herriz herri zabaldu zitezen. Horrenbeste hildako eragin zituen guda hari buruz, euskal naziogintzarentzat horrenbesteko atzerapausoa ekarri zuen gatazkatzar hari buruz, Gorka Knorrek 1975eko “Nik nahi dudana” diskoan plazaratu zuen Azken agurraren negarra gogoratzen dugu. Deus guti besterik.
Nora zoaz, eskual semea,
harma hori eskutan?
Harmen hartzera deitzen naute
frantsen aldera.
Harmen hartzera deitzen naute
frantsen aldera.
Eskualerritik urrunduz,
ta atzerrira joanak,
a ze negarra entzunen duzu
Eskualerrietan!
a ze negarra entzunen duzu
Eskualerrietan!
Morts pour la patrie,
morts pour la patrie,
eskuara baizik etzakiten haiek,
morts pour la patrie.
Azken agurraren negarra. Gorka Knorr, 1975
Beste horrenbeste esan genezake 1954tik 1962ra arteko Aljeriako independentzia gerrari buruz. Prosan badugu non ibili, besteak beste hor ditugu Txomin Peillenen Aldjezairia askatuta (Hordago, 1982), Xipri Arbelbideren Euskaldunak Aljerian (Elkar, 2003) edota Jean Louis Davanten Aljeriaz (Maiatz, 2014). Manex Pagolaren beraren lekukotasunari esker dakigu Azken dantza, bere hitzez eta doinuz sortu baina Pantxoa eta Peiok famatua, derrigorrezko soldadutzara Aljeriara joan aitzin maiteari eta, bide batez, Euskal Herriari egindako kantua dela. Maitearen eta Euskal Herriaren galerak dakarkion minaren balada.
Azken dantza hau
maitia zurekin
nahi zinduzket
eraman nerekin.
Baina gaurko xedia
ezin daike betia
badakit nik ere
bihar dela joaitia
Bego pena hau
itzuliren naiz
bai berriz Euskal Herrira.
Bego urte hau
etorriko naiz
betikotz zure ondora.
Azken dantza. Manex Pagola, 1972 /
Pantxoa eta Peio, 1975 /
Erramun Martikorena, 1997
POESIAREN HUTSA
1930. urtean Euskaltzaleak elkarteak I. Olerti Eguna antolatu zuen Errenterian. Joxe Ariztimuño Aitzol-ek ondo zekien zertarako. Hiltzen ari zen euskal gogoa, gure Volksgeist edo berezko arima, berpiztu beharra zegoen Euzkadik biziraungo bazuen.
Zer da, baina, euskal gogoa? Iratzederrek eta Benito Lertxundik Orreagako gudua irabaztearekin lotu zuten “Euskal gogoa noiz da jauziren arranoaren pareko” hura? Xalbadorren eleekin Anje Duhaldek sortutako Ama Euskal Herria kantuko odolaren mintzoa?
Delikatua baitut egungo sujeta,
hasi aintzin egin dat zonbait gogoeta,
gure arteko asko ele entzun eta,
euskaldun agertzea ez baita josteta.
Ama Euskal-Herriaz naiz naigabetua,
uzterat doalakotz betikotz mundua,
bere seme alabez abandonatua;
nork barka dezaguke gure bekatua?
Badakit askoz ere nukela hobea
nehori ez agertu ene dolarea;
odolaren mintzoa eduki gordea
nahiko nuke, bainan ezin dut ordea.
Ama Euskal Herria. Xalbador, 1973 /
Anje Duhalde, 1987 / Xabier Lete, 2001
Joxe Azurmendik luze gogoetatu zuen herrien berezko izaera bereizgarri omen denaz Volksgeist - Herri gogoa saiakeran:
Ezagunki, Humboldtek, hizkuntzak mundu-ikuskera bat biltzen duela esaten zuen; eta, beraz, herri gogo bat osatzen bide duela: beraz, hizkuntzak nazioarekin eta nazioak hizkuntzarekin, biek —Volksgeist— bat mamitzen dutela.
[...] Ezaguna da, orobat, kontzeptuak metaforatik ernetzen direla, esan zuela jada Heideggerrek (eta geroago Nietzschek eta lehenago Voltairek...). Gerta liteke, beraz, zientzian kontzeptua jada desbaliatua egonik ere, metaforak baliagarri eta eder izaten jarraitzea. Esaterako, herriaren izpiritua hizkuntza dela; euskara dela Euskal Herriaren arima, euskal herri gogoa. Zergatik ez? Metafora bikaina da. Kontua da, hori esaten dugunean, zer esaten dugun jakitea.
Joxe Azurmendi, Volksgeist - Herri gogoa. Elkar, 2007
Gure kantagintza, euskal arima elikatzen duten metaforez lepo dago. Azurmendik dioenarengandik hurrekoenak aipatzearren, Xalbadorren “herria da gorputza, hizkuntza bihotza” edota Xabier Amurizaren Euskal Herrian euskaraz kantua osorik hasi eta buka.
Anai-arrebak, entzun ene aho-hotsa:
izaite bat ez daike hezur hutsez osa;
herria da gorputza, hizkuntza bihotza;
bertzetik berextean bitarik bakotxa,
izaite horrendako segurra hil hotza.
Batzu herriaz orroit, euskaraz ahantzi
bertzek euskara maite, herria gaitzetsi;
hizkuntza ta herria berex ez doatzi,
berek nahi daukute konpreniarazi
bata bertzea gabe ez daizkela bizi.
Herria eta hizkuntza. Xalbador, 1964 /
Mikel Laboa, 1980 / Amaren Alabak, 1999
Iñigo Aranbarriren hitzetan, Aitzolentzat, Euskal Herria bezalako herriek badute euren Volksgeist-a, euren arima propiala. Poesiari dagokio hori manera estetiko batean eman eta gatibu den herria lozorrotik ateratzea.
Aitzolek finlandiar gogoaren berpiztea ekarri zuen poema nazionalaren parekoa sortzea nahi du Euskal Herriarendako, Elias Lönnrotek idatzitako Kalevala-ren parekoa. Horretarako antolatuko ditu Olerti Egunak, horretarako lagunduko du El Día egunkari elebiduna sortzen, horretarako liberatuko du Nikolas Ormaetxea Orixe urtebetez Orexara itzuli eta Euskaldunak poema nazionala sor dezan. Zein ezaugarri izan beharko zituen Euskaldunak poema luzeak? Kalevala-ren berberak.
Herri baten identitatearen euskarriak hiru dira: hizkuntza-kultura, literatura eta historia propioak. Kalevala hiru ezaugarri horiek biltzen dituen finlandiarren epopeia nazionala da, finlandieraz idatzitako obra klasikorik garrantzitsuena, eta munduko literaturako poema mitikorik aipagarrienetakoa. Lönnrotek bost bidaia luze egin zituen gutxienez Finlandia osoan zehar, ahozko zein idatzizko herri literatura batzen. Horiekin guztiekin eta berak idatzitako zati batzuekin osatu zuen lana. Bere helburua finlandiarren artean euren herriarekiko atxikimendua eragingo zuen literatur lana eskaintzea izan zen, oso antzina eraiki eta lozorroan zetzan identitatea berpizteko, menpekotasun linguistikoetatik askatzeko. 1835ean argitaratu eta berehala, Kalevala finlandiar nortasun nazionalaren sinbolo bihurtu zen eta bere eraginak 2018an ere badirau, libururik irakurriena ez bada ere, askok irakurri ez badute ere, Kalevala-k mito bihurtu delako dirau. Eta jakina denez, mitoak ezinbestekoak ditugu. Fisikoki uki dezakegunaz landa, irudimena, desirak eta hilezkortasuna elikatzen dituzten mito barik, azalpen arrazionalekin soilik, ez ginatekeen gaur garena. Oraina azaltzeko dugun ezintasunari aurre egiteko iragan desiragarri bat asmatu ohi dugu, etorkizunean gure nortasun nazionala berretsiko duten alegien bila. Mitoa horixe baita: kondaira, historia, elezaharren gauzapen literarioa.
Txillardegik gogor gaitzetsi zuen Aitzolek hizkuntza eta ondorioz herritarrak abertzaletasunerantz berpizteko hautatu zuen eredua:
Finlandian, beste adibide bat emateko, abertzale-mogimenduak (Lönnrot osagilearen bidez) “Kalevala” deritzan bertso-sorta eman zuen 1835-ean. “Kalevala”, berriz ere, kanta zaharren bilduma bat da. 1860 arte ez zan egiazko finlanderazko literatura-pizkunderik sortu; eta hau abertzale-mogimentuarekin batera mamitu zan. Gisa da.
Are gehiago. Askotan (eta ez Euskal Herrian bakarrik) sasi-olerkari horiek (sasi-olerkari baizik ez bait dira sarritan) ez dira gauza izaten beren olerkietan erabilitako hizkuntzaz beren bizieran erabiltzeko. Bertso-egile faltsu anitzek horrela jokatuz, beren olerkien mamiaz eta beren olerkien hizkuntzaz, egiatik ihes nahi zutela erakusten digute nabarmenkiro.
[...] Ihes-egin: hauxe da xedea. Hizkuntza ez dute sekulan mintzabide nahi: ez beren buruentzako, ez inolaz ere herritar “arlote”en artean honda dedin: ihespide hutsa bai. Literatura eta hizkuntza bera beren amets eroen bideetan barrena nahi dituzte abiarazi; eta lortzen duten heinean, hizkuntzaren eta herriaren ahulezia neurtzen dute. Hizkuntza herritik at erauzi nahi eta ipuinen hodeietan “garbi” gorde nahi horretan, sustraia bat da: kantutan, bertsotan, gertaera zoragarritan, zatarkerietatik landa, haragirik gabeko “pertsona” zozoen ahoetan, sekulan ez izandako sasi-herri zerutar batean, hor “gorde” behar...
[...] Lerro hauek irakurri ala, nork ez du dagoeneko nabaitu Euskal Herrian ere horrelako zenbait gertatu zaigunik? Hogeigarren menderaino (eta ez 1901eraino xoilki!) erromantiku negarti batzuen ihesleku hutsa baizik ez da izan euskera. Euskal Herriko ameslariak eta euskaltzale negartiak pertsona berberak izan dira gehienetan.
[...] Bidezkoa da, nahi-ta-nahi ezkoa hobe, herri batek (eta bere literaturak) erromantiko modura hastea: ametsez eta lilurez elikatzen dira hastapen guziak eta gaztaro guziak. Hortan gelditzea da txarra: beharrezkoa da hurrengo urratsa ematea, eta kantu legunetatik egia gogorretara eta ekintzara pasatzea. Finlandiarrak pasa egin ziran, eta beren hizkuntza mintzabide bihurtu dute.
Txillardegi, “Saiakera eta hizkuntzen pizkundea”,
in Salbatore Mitxelena. Jakin, 1966
Poesiaren aldean, saiakera hobesten zuen Txillardegik, herritarrei errealitatea ulertzen laguntzeko bitarteko askoz eraginkorragoa eta egiatiagoa zelakoan. Koldo Izagirrek, XX. mendeko poesia gehiena irakurri ostean, joan den mendeko poesian galtzaile izatearen kontzientzia kolektibo horrek poeta negarrera baino borrokara bultzatzen duela dio. Txillardegik, ostera, 1935era bitarteko poetengan negarra besterik ez dakusa. Guk Izagirreren irudipen berbera dugu: XX. mendeko kantagintza honetan malkoaren gainetik dago aldarria, gerra hotsa, borrokarako deia. Besterik da desagertzear dagoen herri gogoa berpizteko bitarteko eraginkorrena poesia ote den.
Urte batzuk geroago, 1982an, Imanolek diskoratu zuen Xabier Amurizaren Mendian gora sortan,Txillardegiren ernegutik darrai: “Euskal herriko poeta / kanposantuko tronpeta”.
Lauaxetak, Lizardik eta Orixek erdietsi gura zuten euren poesiaren bitartez hizkuntzan, lurraldetasunean eta fede kristauan oinarritutako euskal identitatearen pizkundea. Mandatu argia zen Aitzolena. Agindu horren arabera egokitu zuten hiru poetek idazteko era. Euskaldunengan euren hizkuntzarekiko, lurrarekiko eta fedearekiko atxikimendua esnaraziko bazuten, mezuak argia izan behar zuen, Euskal Herriak bizi zuen egoera larriaren deskribapenezkoa eta herri aske baten aldekoa, irakurleari bihotza gorritu eta zainak irakinaraziko zizkiona.
Lizardik:
Izotzak estali zun
gure Euskalerria;
mintzo ozenak zabaldu
berbizkun-berria.
Itzal-zokondoetan
lore, izotz-bitxia;
baña gañetaz ari
yauntzen eguzkia.
Izotz-ondoko iguzki. Xabier Lizardi, 1932 /
Xabier Lete, 1974
Egizute nerekin
aberri-bidea.
Bildu dezagun nun nai
asaben lorea.
Ta gaurdanik goritu
gure sukaldea.
Ni nor naizen? Asmatu!
Euskal Pizkundea!
Euskal Pizkundea. Xabier Lizardi, 1932 /
Benito Lertxundi, 1974
Lauaxetak:
Gastedi orren didarra
bai-dala didar zolija!
Aberri baten samiñez
urduri dabil errija.
Azkatasun-goxalderuntz
sugarra dira basuak.
Sugarra basuak eta
zidar argija itxasuak.
Orduan ozte-aldrea
aberri-minez kantari:
“Dana emon biar yako
matte dan azkatasunari”.
Mendigoxaliarena. Lauaxeta, 1935 /
Antton Valverde, 1978 /
Itziar, 1979 / Eñaut Elorrieta, 2005
Mandaturik garrantzitsuena Orixek jaso zuen, arestian aipatu legez: Kalevala-ren pareko behar zuen euskaldunon poema nazionala sortzea.
Ez zuten lortu. Euskaldunek ez zuten Lauaxetak, Lizardik eta Orixek idazten zutena ulertzen, euskara hura oso urruti zegoen euskaldunek masiboki, oldean bere egin eta nazioa aldarrikatuta estatu propioa borroka zezaten, oso liburu gutxi saltzen zituzten, 200-300 bat, gehienak batzokietan, EAJko alderdikideen artean. Baina, batez ere, ez zuten lortu, Lauaxetak, Lizardik eta Orixek euren burua idazletzat zutelako, garrantzia mezuari beste edo gehiago estetikari ematen ziotelako. Ez ziren inondik ere idazle panfletarioak. Idazletzat zuten euren burua, hizkuntzaren langiletzat.
Aitzolek, poesia haren ezintasunaz oharturik, Basarri eredu hartuta bertsolariekin ahalegindu gura izan zuen, bertsolariek aurrez aurre, zuzen-zuzenean lortzen baitzuten herrikideekin komunikatzea, trokarik ez zegoelako bertsolariek zerabilten euskaratik herriak zerabilenera, bertsoak bitarteko aparta baitziren mezu politikoak helarazteko, bat-batekotasunaren beroan bihotzak sutan jalgiarazteko edota, bertsopaperen bitartez, buruz ikasi eta ahoz aho transmititzeko.
ZERGATIK EGIN ZUEN HUTS
EUSKALDUNAK PROIEKTUAK?
Zatozkida, goi-arnas.
Eizu nerekin lan,
erri baten arnasa.
Mamitu dezadan.
Geroak esan beza:
erri bat izan zan;
edo-ta ats emaiogun.
ontan iraun dezan.
Orixe, Euskaldunak. Itxaropena, 1950
1931n, Orexara, jaioterrira itzuli zen Orixe, Aitzolen aginduz liberatuta, euskaldunon poema nazionala izan behar zuen Euskaldunak idaztera. Idatzi idatzi zuen baina ezin izan zuen sasoiz argitaratu. 1936ko gerran kartzelan preso sartu zuten faxistek. Libre utzi baina berriz kartzelatuko zutela sumaturik Ipar Euskal Herritik Ameriketara ihes egin zuen, Euskaldunak argitaratu ezinik. 1950ean lortu zuen argitaratzea baina ordurako Euskal Herria aldatuta zegoen guztiz. Orixe bera 1956an itzuli zenean bere joera klasikoekin zerikusi gutxi zuten joera berritzaileak ziren nagusi, poemak ez zuen oihartzunik lortu, besteak beste baserri giroko Euskal Herri baten identitatea goratzen zuelako baserriz landako Euskal Herria ahantzita. Bertso moldean osaturik bazegoen ere, garaiko bertsokeratik urrun zegoen Euskaldunak, bertsolaritzaren orduko arimatik.
Joxe Azurmendiren Zer dugu Orixeren kontra? saiakeran Orixe baztertua zergatik izan zen ulertzeko gako ugari aurkitu ditugu, euskara, lurraldea eta fedea ezaugarritzat zituen euskal identitatea, euskal gogoa, euskaldunon arima berpiztu behar zuen poema nazionalak bere helburua zergatik ez ote zuen bete azaltzeko:
Eta gure nazional poemaren egileari gutien-gutiena onartu ahal izango dioguna, hain zuzen, horixe izango da: nazioaren ikuspiderik benetan ez izatea.
[...] Zer da Orixeren Euskal Herria? Batez ere mendiko baserria. Hau da, beharbada, egungo irakurlearentzat txokagarriena. Euskaldunak baserritarrak dira. Eta nolakoxeak, gero! Ez, noski, ardo lurretako erriberar bizi, biraolari eta okasiozale petral horiek. Laborariak bai, baina ez edozein Euskal Herriko laborari. Mendi bakartadeko gizon puska isila baizik, mantso eta zintzo.
[...] Orixerentzat Euskal Herria beti Larraun izango da funtsean. Aparteko bazterra. Bakea, bildutasuna. Txoko goxoa.
[...] Poeman kantatzen zaigun Euskal Herria memorioak gobernatzen du. Oroitzapenek zuzentzen dute. Tradizioek. Handik bizi da.
[...] Poeta bat hazaldi baten edo talde baten edo gizarte baten sinbolu eta irudi bihurtzen denean, aldiz, poeta hori, poeta baino gehiago, guztiaren irakasle ere bihurtzeko arriskua dago. Homerorekin gertatu zena. Poesia, ordea, ez da irakaspenik. Eta poeta ez dago irakasteko. Poeta bera halaxe agertzen bada ere (eta sarri egingo du, hain zuzen bere partzialtasunak, alderdikeriak eraginda), ez dago hala hartzerik. Poeta bat profeta bat da. Ez teoriko bat. Erakusteko dago, ez irakasteko.
[...] Gerra ostean kontzientzia bila abiatu beharko da berriro: zer den euskaldun izatea, zein den euskaldun, zer den Euskal Herria, zer den gure historia... herri kontzientzia batetara ezin berriro ailegatuz. Horregatik da hain gogorra kontrastea, zientzien kritikak argitu duenagatik baino gehiago, guzti horren eta gerra ondoko mentalitatearen artekoa. Gure herri —euskal— kontzientzia ebidentziarik ez da frantsez edo espainol batena den bezala. Guk aurkitu eta lejitimatu egin behar izaten dugu. Hori da problema.
[...] Orixeren euskara, izan ere, xit pertsonala zen, artistaren estiloa bezala. Baina Euskal Herrian gauzak ez dira nonahi bezala. Euskal idazleari ez zaio eskatzen estilo ona, etc, euskara salbatzeko moduko euskara baizik, edo horrelako zerbait. Eta hala sortu zen ikaragarrizko iskanbila zalaparta bat, Orixeren euskara, euskara salbatzeko modukoa ote zen ala ez. Gazte gehienek, batik-bat, ezetz erabaki zuten.
[...] Ez da erraza hitz bitan esatea jendeak Orixeren euskararen kontra zer zuen (60 aldera, ez ahantz hori). Funtsean problema ez bait dago puntu bat ala bestetan. Orixeren garbizaletasuna, kapritxo gramatikalak, adizkerak, etc, aipatu izan dira. Baina tankera guztia da hauzitan zegoena, beste tankera bat nahi zen eta. Nire ustez, gerra ondoko idazle nahiz irakurleen egoerak, hau da, literatur euskararen egoerak eskatzen zuen tankera berria nahi zen.
Joxe Azurmendi, Zer dugu Orixeren kontra? Jakin, 1976
Euskal idazleek eta irakurleek, kantugileek eta musikazaleek, des-sinkronizazio garaiak bizi izan ditugu. Ez dugu beti elkar ulertu. Lizardi, Lauaxeta eta Orixeri euren garaikideen hizkuntza gaitasun eta ereduarekin ezin sinkronizatua gertatu zitzaien. Handik urte batzuetara, Ibon Sarasolaren iritziz, ber gauza gertatu zitzaion nobelagintza modernoari:
Zenbaitetan esana dut nobelagile bat ez dela ezerezetik sortzen den mirakulu bat. Kreadore bat giro bati zor zaio eta halaber kreatze-tradizio bati, ezinbestean. Eta nobelagintzaren giroa batez ere irakurleek osatzen dute. Irakurlego aditu bat da nobelagintza oparo baten aurrekondiziorik lehenena eta sostengarririk seguruena. Irakurle esijente bat da nobelagile errespontsablearen akuilari zorrotzena eta kontsolatzailerik preziatuena.
Ibon Sarasola, Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza. Kriseilu, 1975
2018 honetan plazaratutako euskal kultur ekoizpenen kontsumoari buruzko inkesta batean parte hartu duten euskaldun askok aitortu dute, irakurtzen dutenean, erdarazko liburuak aukeratzen dituztela gehiagotan; eta zergatiaz galdetuta, euskaraz irakurtzeko erraztasun eza aipatzen dute. Bistan ei dena, euskaraz idazteko hautua egin dugunok erraz ulertzeko eran izkiriatu beharko dugu, irakurriko bagaituzte. Badirudi, hezkuntza prozesu osoa euskaraz egin duen euskalduna ez dagoela prest euskaraz irakurtzen ahalegintzeko. Egungo euskal literatura irakurtzen saiatzen dena atoan jabetuko da ez dela batere gaitza gure gaurko autoreen lanak ulertzea. Ez irakurtzen dituzten erdaretakoak baino gaitzago. Irakurle euskaldunak errazago irakurtzen ditu erdarazko liburuak euskarazkoak baino askoz gehiago irakurtzen dituelako.
Baina hau jada Jon Etxaidek salatzen zuen gerra ostean.
Idazleok erriaren jakintza mallara makurtu ala euskeriari soilki begiratuz bera landu ta aberastu erriari jaramonik egiteke? Ez bat ez beste. Euskera gairik zaillena, goituena, nausiena berez adirazteko lain da beste izkuntz askok bezela laterara ala gerkerara jo bage, ta lain danez, gaurko azal gogorra atxurtu, jorratu, ta lurpean ezkutaturik daukan altxor bikaña azaleratu bear degu. Gaur gaurkoz irakurle gutxitxo izango dittuzte idazle goitu-xamarrok, baño idazkera errezera jotzen alegintzen bagera ta azalpidez bear bezela argitzen badegu, irakurleak gero eta ugaltzenago joango zaizkigu.
Jon Etxaide, Alos-Torrea. Itxaropena, 1950
Etxeparek Linguae Vasconum Primitiae-ri seigarren atal bat gehitu eta euskalduntze alfabetatze masibo baten beharrari kantatu izan balio...
Zorionez, euskaldunok gure berezko arima berpizteko itxaropena dugu oraindik:
Saio frustratu bat izan zen Euskaldunak. Gure Kalevala txikia, gizaki modernoaren eguneroko epika eta herri baten itolarria gauzatzen duen poema, Harri eta herri da.
Koldo Izagirre, “Poeta gizon egin zenekoa”,
in Gabriel Aresti, Harri eta herri. Susa, 2000
Edo beranduegi da? Non dago XXI. mendeko euskaldunon berezko izatea? Zelangoa da gure arima?
GERRAKO KANTUAK
Ken Zazpi musika taldekoak harritu egin ziren Joseba Sarrionandiak eurek bidalitako melodiari gehitzeko itzuli zien letrarekin. Izen-abizenek eta esaldi solteek osatzen zuten Gernikaren bonbardaketa gogorarazi asmo zuen kantua. Baina berbak ahaireari atxikita ohartu ziren sekulako indarra zuela abestiak. Condor Legiokoek erail zituztenen zerrendatik hautatu zituen Sarrionandiak izenak. Umeak ziren denak. Neba-arrebak, batzuk. Tarteko esaldi solteek Picassoren koadrotik erauzitako irudiak dakartzate gogora:
Agapita Iturralde Zuloaga eta
Maria Iturralde Zuloaga,
Gernikan!
Asto behi gorputz zati
Neskato erre bat
Ume identifika ezina
Gernikan!
Gernikan. Joseba Sarrionandia / Ken Zazpi, 2007
Idazleak ez du herri oso bat errautsetan utzi zuen gertakariaren baloraziorik proposatzen, ez du irakaspenik eman nahi, ez dago ageriko mezurik ez gaitzespen eskaririk, entzuleari ez dio jarrera aktiborik eskatzen. Hildakoen izenak eta Picassoren koadroa. Ahairearen dramatismoak, kantaeraren tragikotasunak, zibilen aurkako gerra entsegu hark eragindako mina sentiarazten dute. Gernikan gertatutakoa gogoan iltzatua daroagunontzat, bederen. Hala diogu, Rafa Rueda eta biok ohartu baikara izan ditugun aurrez aurrekoetan, egun Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasle askorentzat Gernika ez dela ezeren sinbolo, ez dela euren imajinarioaren parte. Ondorioz, kantuaren eragina arras ezberdina da. Gertatukoaren berririk gabe, milaka euskaldunen imajinario kolektiboan duen garrantzirik gabe, spotify-n edo youtube-n entzungarri duten beste kantu bat baino ez da. Milioika artean, bat.
Gernikan gertatutakoari zein oro har gerra hartan bizi izan zituztenei buruz idatzitako bertso eta poemak ezkutuan izan dira urte luzetan. Ibon Sarasolak bere Euskal literaturaren historia-n dioenez, 1936ko altxamendu faxistaren ondoriozko gerran Francoren indarrek ezarritako diktaduraren eraginez, euskal literaturak bere historiako sasoirik larrienak ezagutu zituen. Literaturak ez eze, gerra galdu zuten euskaldunen sormen lan orok ezagutu zuen antzeko sasoi larria, baita kantuak ere. 1936tik 1939ra gertatutakoak kantatzeko moldean kontatu zizkigun Joseba Tapiak “Agur Intxorta maite” disko ezinbestekoan. Koldo Izagirrek zera nabarmentzen du diskoaren liburuxkan:
1936-1937ko gudaz bagenuen kronika ederrik, bagenuen argazkirik, bagenuen filmerik, baita afitxa edo kartelen bildumarik ere... Bagenuen, funtsean, iruditeria bat. Baina iruditeria hori mutua zen. Himno bakarra genuen, Eusko gudariak. Noizbait, erresistentzia berriak heldu ziren, eta borroka haiek kantu berriak sorrarazi zituzten, Eusko gudariak baino ez zen jaso gure herriaren 1936-1937ko erresistentzia antifaxistatik. Kanturik gabeko guda izan dugu 1936-1937koa. Harik eta Joseba Tapiak diska hau egin duen arte.
Koldo Izagirre, in Joseba Tapia, Agur Intxorta maite.
Gaztelupeko Hotsak, 2001
Joxe Mari Lopetegi, Juan Ezenarro, J.M. Garate, Joxe Zapirain, Salbatore Mitxelena, Pepe Bolunburu eta Basarri dira gerrako desmasien kronistak, Utarre, Atarrene, Gora-Beti eta Andoni ezezagun zaizkigunekin batera. Basarrik bi bertso sorta idatziko ditu Gernika gaitzat hartuta. Bata lau hilabetera, bestea ia urtebetera. Bietan ere, malkokeria baino borrokarako grina iraunaraztea du helburu. Gudarien kuraia hauspotzeko bertsoak dira, Lauaxetaren Amayur gaztelu baltza-ren sano antzekoak. Basarrik ere, bonbardaketa deskribatuz doan heinean, etsaien krudelkeria gaitzetsi eta gudarien adorea goratzen ditu:
Basati gaizto odoltzaleak
atzerritikan ekartzen
tokirik zoragarrienari
txikituta su ematen;
auts egindako gure Gernika
antsika dago esaten
Franco ta bere laguntzalleak
zein biotz ona daukaten.
Ezta ez alperrikako izan
or ikusi dan odola
pentsa oraindik emaitz ederrak
ematekotan dagola;
eusko gogoa armez ta indarrez
ezin il leike iñola
Gernika erre ziguten baña
zutik daukagu arbola.
Gernika. Basarri, 1938 / Joseba Tapia, 2001
Hots, garaitu gaituztelako borrokatuko gara inoiz baino sutsuago.
Kantu hauetako gehienen doinuak galdu egin dira, Eusko Gudariak-ena edota Gerrako gure ibilerak-ena salbu. Bertsook kantatzeko Joseba Tapiak egindako birsorkuntzak jatorrizko melodiatik oso hurrekoa dirudi. Edozeinek esango luke berezkoak direla. Argazkiak baititugu zeintzuetan soinujoleak ageri diren lubakietan bertan, eskuartean iskiluak zituztenen artean trikitixa astintzen. Laborria uxatu eta kemena azalarazteko arma bide zuten infernuko hauspoa.