Hitzen ahairea
Hitzen ahairea
2018, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-16-7
Azaleko irudia: Malen Amenabar Larraņaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2024, poesia
2023, antzerkia
2015, nobela
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

Euskaraz idatzi eta kantatzeko
hautua egin duzuenoi

 

 

 

Irakurleari

 

      Liburu honetan, idazleen eta musikarien arteko elkarreraginetik sortutako kantagintzari buruzko gogoetak irakurriko dituzu. Halandaze, aipatuko diren kantu ia guztietako testuak idazleek sortuak izanen dira. Gure kantagintza hori baino askoz zabalagoa da baina ni literatura eta musika uztartzen dituenera mugatu naiz. Azalduko dut zergatik.

      Literaturaz gehiago jakin behar genukeela oharturik, geure burua geuk elikatu behar genuela ebatzita, behinola Literatura Eskola sortu genuen Bihotz Bakartien Klubaren eta Susa argitaletxearen abaroan elkartzen ginen batzuek, 2004an. Geuk erabaki genuen zer ikasi, geuk erabaki genuen nori eskatu zekiena gurekin trukatzeko, geuk erabaki genuen noiz-non-zelan. Hilean behin, larunbat goizez, lau orduko saioak, bazkaria eta bazkalostekoa. Maila akademikoko saioak edozein literaturazalerentzat ulergarri. Literaturaren unibertsitate popularra. Jakintzaren, esperientzien, iritzien etengabeko trukea. Bakoitzak zekiena gainontzekookin konpartitzea nahi genuen, ordura arte hezkuntza arautuan literaturaz irakatsi zigutena murritza edota arrotza zitzaigulako. Gure herrian, literaturaz asko dakien lagun asko dagoela uste genuelako. Lehen hiru truke-urteak (irailetik ekainera) Larrabetzun burutu genituen baina parte hartzaileak nondik zetozen oharturik, sarea ahalik eta gehien hedatzea helburu, laugarren ekinalditik aurrera Euskal Herriko hainbat bilgunetan antolatu genuen. Literaturarekin bizi genezakeenak liluratzen gaituen uste baino herrikide gehiago gaudela ohartu ginen, eta biribilketa horretan ikuspuntu, gogoeta, proposamen eta egitasmoen erauntsi batek astindu gintuen etengabe. 2007ko truke-urteko lehen eskolan Iņigo Aranbarri eta Anari bildu genituen honako gaia hausnartzeko: Gure imajinarioa kantagintzaren bitartez. Eskola horretan dago Hitzen ahairea honen sorburua. Eskerrik asko Anariri eta Iņigori, ez soilik eskola hartan erein zidatenagatik, ezpada ordutik literaturaz eta kantagintzaz plazaratu dituzten iritzi ugarik hausnarrean eta ikasten jarraitzeko bazka eman didatelako.

      Zein harreman du kantatzen dugunak gure izaerarekin? Zenbateko eragina du entzuten dugunak gure diskurtsoan? Zeintzuk dira gure erreferenteak? Nork sortzen ditu? Zertarako? Zeri kantatzen genion euskaldunok XIX. mendean? Eta XX. mendean? Zergatik irauten dute kantu batzuek gure gogoan betiko iltzaturik? Gure euskaltasunean zenbat zor diogu literaturaren eta musikaren lankidetzatik sortutako kantagintzari? Zergatik ez dugu kantatu emakumeek idatzitakorik? Zergatik konta litezke esku bateko atzamarrekin oholtzara igo ziren emakumeak? Eta lurraldetasunari dagokionez? Eta aberriaz? Zer da aberria kantuetatik at? Eta euskarari buruz? Inork kantatu ote dio bere hizkuntzari euskaldunok baino gehiago? Eta bihar, zeri kantatuko diogu bihar? Eta nola?

      XXI. mendearen hasieran kulturgintzan aritzen ginen asko jada geure buruari galdetzen hasiak ginen kultura ez ote zen balioa galtzen ari. Alegia, 2008an irentsarazi ziguten krisi ekonomikoa ez ote zitzaien turbo-kapitalistei aitzakia paregabea suertatu kultura kanporatzeko ongizatearen jendartetik. Krisi ekonomikoak batzuk horren gogor kolpatzen dituelarik, kulturak pertsonaren garapen integralerako ezinbestekoa izateari uztea ulergarria dela sinetsaraztea lortu zuten. Nork ez du ulertuko pertsonaren oinarrizko beharrizanak ase behar direnean, kulturak ilararen azken-aurreko itxaron behar duela?

      Ederto batean irentsarazi digute kultura ez dela inondik inora oinarrizko beharrizana, kultura denbora-pasarako izan behar dela; ondo pasatzea helburu, friboloa, arina, mamibakoa izan behar dela, eguneroko arazo guztiak ahanzteko, bihotzean eta garunean azkurarik ez eragiteko. Hutsala izan behar baitu kulturak turbo-kapitalismoa bultzatzen duenarentzat, ongizatetik errazago baztertu daitekeelako ezertarako balio ez ei duen kultura. Zertarako behar dugu ezertarako balio ez duena?

      Idazle, musikari, aktore, dantzari, pintore eta beste hainbat sortzaile zein kulturgintzako eragileren arteko solasaldietan gero eta nabarmenagoa zen kezka: gero eta zale gutxiago ditugu, sortzeko zein erakusteko baldintzak gero eta kaskarragoak dira, egiten duguna ez dugu lortzen euskaldunengana ere helaraztea. Hezkuntza arautuan, ez-arautuan edota etxe giroko transmisioan, kulturarena ez dago bermatuta, eten bat gertatu da, ez dugu euskaraz sortzeko grinarik transmititzen. Zerbait asmatu beharko dugu.

      Rafa Rueda musikariari eta bioi gaiaz berba egiten ari ginela atoan piztu zitzaigun garra; ahaleginduko gara menosten ari diren kultura guretzat zein garrantzitsua den konpartitzen? Zu idazlea eta musikazalea zara, ni musikaria eta literaturazalea, biak uztar ditzakegu, Iņigo Aranbarrik eta Anarik Literatura Eskolan proposatu zigutenaren ildotik. Kantuen letren egileak aurkeztuko ditugu, testu horiek euren obran kokatu, garai historikoa aurkeztu, gertakari historikoek testuarekin izan lezaketen harremana iradoki, musikariak testu hori zelan hautatu zuen azaldu eta bere diskografian kokatu. Eta kantatu egingo ditugu.

      Eta nola egituratuko dugu? Zein izango da haria? Kronologikoa? Gaikakoa? Musika estiloari loturikoa? Eta galdera nagusia: zer adierazi asmo diegu ikus-entzungo digutenei? Idazleen eta musikarien artean sortutako kantagintzak sekulako garrantzia izan zuela batez ere 1960ko hamarkadatik mende amaiera arte euskaldunon sentitzeko, pentsatzeko eta izateko maneran; kantagintza horrek bilakaera izan duela, gaur egun ez diegula orduko gaiei kantatzen —edo kantatzen diegunean oso modu ezberdinean—, musika beste era batera bizi dugula; kulturaren balio eta baloreak aldatu egin direla.

      Literaturarekiko eta musikarekiko Rafa Ruedak eta biok dugun pasioa kutsatu gura genuen. Kantagintza atsegin hutsaletik beharrezkora itzularazten lagundu. Halaxe hasi ginen idazleen hitzak baliatutako kantagintza aztertu gura zuten saioak eskaintzen. Lau urtetan Rafarekin burututako saioen prestaketek eta saioetan parte hartutakoengandik ikasitakoek eragin dizkiguten gogoetak dira liburura ekarri ditudanak.

      Berriz azpimarratu gura nuke euskaldunon kantagintza liburu honetan erakutsiko duguna baino askoz oparo eta anitzagoa dela, hemen idazleen eta musikarien elkarreraginetik sortutakoa baino ez dugula aztergai. Horretarako itzelezko laguntza izan da Koldo Izagirrek XX. mendeko poesia kaierak bildumako ale bakoitzerako apailatu zuen Diskografia atala. Bertan, joan den mendean poeta bakoitzaren zein testu musikatu ziren zerrendatu zuen Izagirrek, eta kantu horiek osatzen dute liburu honetako corpus nagusia. Corpus horretako kantu gehienen gai nagusiak erabat loturik ageri dira testuinguru politikora. Izan ere, liburua irakurrita balirudike euskaldunok aberriari, euskarari, lurraldeari, askatasunari, identitateari, borrokari eta enparauei baino ez diegula kantatu. Balirudike, Kau Kori Kura-koek salatzen duten eran (ikus liburu honetako atarikoa, Andoni Tolosa Morau-k idatzia), ez diegula maitasunari, pertsonen arteko era guztietako harremanei, naturari, denboraren joanari, gaztetasunari, telebistari edo eguneroko gauza txikiei kantatu. Kantatu diegu, bai, baina gure helburua ez da izan kantu guztiak banan-banan aztertzea. Gure helburua euskaldunon imajinarioan iltzaturik dauden kantuen eraginaz gogoeta proposatzea izan da, eta kantuak hautatzerako orduan kanturako liburuxka gehienetan, kantu-lagunetan, kantu-jiretan, kantu-afarietan, bazkalosteetan… errepikatzen direnak edota gai honi buruz idatzi duten gainontzekoen liburuetan nabarmentzen direnak galbahetu ditugu. Beti ere, idazleen eta musikarien artean sortutakoak.

 

 

GENERO IKUSPEGITIK

 

      XIX. mendeko azken laurdenetik XXI. mendera arte emakumeek idatzitako sano testu gutxi musikatu ditugu. Itxaro Borda da salbuespena. Mende berrian ere ez ditugu askoz gehiago. Liburu honetarako aztertu den kantagintza, ia-ia bere osoan, gizonek gizonen ikuspegitik gizonei idatzi eta kantatutakoa da. Emakumea, agertzen denean, subjektu pasiboa da, geldi dago, esperoan, negarrez, etxeko atarian, portuan zain, gizona gerratik noiz itzuliko, semea erbestetik noiz sorterriratuko. Gizona da pertsona, generikoa, unibertsala. Idazleen eta musikarien arteko kantagintzan emakumea ikusezina da ia, mutua, gorra.

 

 

HERRI BATEN HISTORIA EZAGUTU DAITEKE
BERE KANTAGINTZAREN BITARTEZ

 

      Hastapenean, literaturaren eta musikaren transmisioan lagundu gura izan genien hezkuntza arautuan ari direnei. Zer aproposagorik idazleen eta musikarien arteko elkarreraginetik sortutako kantuak erabiltzea baino. Kantugile literaturazalea, idazle musikazalea, bata kantari, bestea kontari. Literatura eta musika landuko genituen, euskal sortzaileen lanen berri transmitituko genien. Haririk luze eta malguena kronologikoa izan zitekeela otu zitzaigun. Itxaro Bordari Baionan grabatu genion eran: herri baten historia bere kantagintzatik ere ikas daiteke.

      Iraganetik gaur egunera, iraganetik etorkizunera begiratzea ebatzi genuen, garapen bat iradokitzeko, aldaketen gakoei buruzko galderak mahaigaineratzeko.

 

 

EZINBESTEKO ORALEKUAK

 

      Lan hau ez nukeen burutuko honako oralekuei esker izan ez balitz:

            armiarma.eus euskal literaturaren ataria.

            badok.eus euskal musikaren ataria.

(Liburu honetako idazle eta musikari guztiak bi atariotan aurkituko dituzue, eta baita poema, letra eta doinu gehienak ere. Erreferentziazko bi webgune horiek barik, liburu honen emaitza zatiaz eskasagoa izango zatekeen).

— Koldo Izagirrek apailatutako XX. mendeko poesia kaierak bilduma. Eta bereziki, kaier bakoitzeko Diskografia atala. Orobat, bilduma aurkezteko idatzi zituen lau hitzaldiak.

Haiek zergatik deitzen diote Euskal Herria eta guk Ithaka? Euskaldunak eta katalanak zein bere nazioari kantari. Marc Biosca. Alberdania, 2009.

Gure mendea. Iņigo Aranbarri, Garbiņe Ubeda. Argia, 1999.

Euskal kantagintza berria. Pako Aristi. Erein, 1985.

 

      Ez da bibliografia, hori baizen gehiago da. Bibliografia aparte zerrendatuko dugu.

 

      Liburu honetako material gehigarria (kantuen erreprodukzio zerrenda barne, hamabost ordutik gorako soinu-banda), honako web helbidean topatuko duzu: https://susa-literatura.eus/liburuak/best24