Euskararen Historia txikia Donostian (1800-1998)
Euskararen Historia txikia Donostian (1800-1998)
1998, kronika
232 orrialde
84-86766-88-5
azala: Garbiñe Ubeda
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

Oliorik gabeko kriseilua

Ricardo Barojak hitzaldia ematen du Irungo institutuan 1931n. Beste zenbait ekarpenen artean, «la semejanza perdura a través de los siglos entre la palabra vasca Basco, con B, y la palabra Bosque» dio. Amaitzeko, «el vascuence se muere ante nosotros. El encantador idioma misterioso parpadea moribundo como una lámpara falta de aceite».

      Euskaltzaleak-ek eginiko azterketen arabera, Hego Euskal Herria honela osatua zegoen 1931 hartan:

Probintzia

Biztanleak

Euskaldunak

Araba

98.668

8.500

Bizkaia

409.559

195.000

Gipuzkoa

258.557

167.000

Nafarroa

329.835

75.000

Guztira

1.096.619

445.500

      Nazionalismoak oldar ekintzaile bat ekarri zuen, ukaezina da, baina bazituen hainbat koxka. Alde batetik berrikuntzen aurreko uzkurtasuna, kanpotik zetorren gauza asko etniaren garbitasunaren aurkako atentatutzat hartzen zuena; honek ohituren moralkeria bat suposatzen zuen, Elizak ere ederki baliatua. Ondorioz, trikitia maketoen gauza zen, zinemak (mutuak!) erdalkeria zekarren, baina erdarazko egunkari nazionalistek ez, ordea. Ironiaz idatzi dudan azken esaldi hau ez lukete konprenituko Errepublika garaiko abertzaleek, haientzat ez baitzen batere kontradiktorioa hizkuntza nazionalean ez jardutea. Hizkuntzaren kontzeptu instrumentala zeukaten, hizkuntza ez baita berez, baizik eta aberrirako, eta aberria Jainkoarentzat: zirkulua itxi egiten da. Euskara gehiago da anti-erdalkeria, euskalduntasuna baino. Euskarak abertzaletasunaren barruan zeuzkan «satorrek», Kirikiñok, Orixek, Lizardik eta Lauaxetak, ezin izan zuten, ahalegin bortitzak arren, euskara maila konpetitibora ekarri. Eta sabindarrak ez zirenek ere, funtsean, XIX. mendeko portaerak errepikatzen zituzten. Karlos Santamariak kontatua da:

      «Euskaltzaindikoek ere, Azkue, Urkijo, Kanpion eta horiek, erdaraz egiten zituzten bilerak. Primo de Riveraren diktaduran espia bat jarri zuten Euskaltzaindiko bileretarako. Espia bat zen, baina nahiko jatorra, eta horrela, lehenengo bileran, esan omen zien, «Por mí pueden ustedes hablar en dialecto.» Baina haiek erdaraz hitz egiten zuten».

      Herri txiki, jator, euskaldun eta ez oso urbano batetik donostiar euskaldunei «ñoñostiarrak» esatea ez da oraingo kontua. Nafarrek behintzat izan dute halako herra bat hiriarekiko. Enrike Zubirik euskaldunei barre egiten zien donostiarren ohiturazko koadro bat idatzi zuen (Beñat Donostian), eta beste idazle nafar handi batek, Etxepare medikuak, ez zuen 1931ko Donostia maite. Zer ez zuen esango, gaur egungo etxe metaketak ikusita?

      «Garbiki erraiteko, ez dut maite Donostia. Aspaldiskoan, urthetik urthera ttipitu zait, ez bakarrik hiriarentzat naukan amodioa, bainan oraino tokiaren beraren alderakoa. Iduri zuen hunek ohantze bat lehen, laborantzako alhor bat, baratze bat kasik. Itsas-aldetik, dakizun bizkar konkor harek berak beiratzen zuen. Ez osoki, haatik; arteka batetarik uzten zuen itsaso-muttur bat sartzera alhorreraino, zabaltzera ere ba apur bat, eztiki. Arteka haren erditik xutitzen zen mendoi kazkar arkaizdun bat, iduriz itsasoaren oldarra hobeki hausteko oraino. Iuzpegi ala eguerdi alderat, lerdoin gorasko batzuek inguratzen zuten, mailez-mail bat bertzea baino larriago.

      Orai, baratze, alhor, pentze, iraztor, bazka-leku hek, dena etxe dira. Egoitzetako harri lantuek dituzte estali. Badela egoitza ederrik ez dut ukatuko, bainan arras gutiak dira begiarentzat bezala adimenduarentzat eder direnak. Geihenek badute eskas bat: arimakoa.

      Egileek beldurra dut etzakiten Olerkia zer den. Erosoan bizitzea, ba; ez, ordean, zeru-alde noizean behin gogoaren airatzea.

      Mediterranea etzuketen ezagutzen; Grezian gaindi etzitazken ibiliak nihoiz.

      Gaur den egunean, arruntago baizik ez da bilakatu jendea, han nola bertzetan. Metaka sartzen da atzerritarra. Aberasten dute tokia, bainan ez hobetzen. Aberastasuna ez da aski, gizonaren ontzeko. Ardurenen ez othe du apaltzen, bizizale zuhur eta geroago lehiatsuago batetik eginez gozazale iztil bat?»

      Bitxia da, ez dute idazleok horrelakorik idazten Iruñeaz edo Donibane Garaziz. Menturaz gaztelerria eta frantximentatua zaizkie, hurrenez hurren, beren hiriburuak. Donostiara begiratzen dute zer edo zeren bila, eta ez dute aurkitzen. Arrazoiren bat bilatu nahirik, bururatzen zait menturaz Donostia, «baldintza guztiak izan arren» behin eta berriz euskaldunak frustratzen dituen hiria dela, behar bezain euskaldun ez eta behar bezain erdaldun ere ez delako... nahiz auzune berriak eraiki!