Euskararen Historia txikia Donostian (1800-1998)
Euskararen Historia txikia Donostian (1800-1998)
1998, kronika
232 orrialde
84-86766-88-5
azala: Garbiñe Ubeda
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

Lehorrekoen udaleku

Mendearen erdialdean, udan «ezin esan hainbat kanpotar» dago Donostian, Madrilgo sapatik ihesi, edo bainuak hartzera etorriak, De Paula Madrazok ongi adierazten duenez bere Una expedición a Guipúzcoa ezagunean. Santa Mariako hamabietako meza ikusgarria zen: garnizoiko tropak «guztiz armaturik» egoten ziren elizan, musika banda militar batek jotzen zuen koruan... (Adrien Planték, berrogeita hamar urte geroago, «messe militaire» aipatuko du, eta irteeran, atean itsatsiriko ohar batek harrituko du: arratsaldeko hiruretan euskarazko sermoia dago... ). Gero, tertulietan, 1848ko udatiarrak Plaza Berrira doaz taldetxotan, arratsaldeko ordu biak arte paseatzeko. Paseo hura oso miniatura antzekoa omen da, Pradoko paseoa zenarena, garai batean, edo Atochako paseoarena, Madril dotoreenean. De Paula Madrazok euskaraz entzun zituen lehen hitzak Miserikordian esan zizkion atso zoro batek...

      Kanpotarren inbasio hau Arturo Campionek islatuko zuen ipuin batean mende amaieran, Contrastes izenekoan (Cuadro de costumbres buenas y malas). Protagonista lekuko bat da: Ordiziako geltokian dago Miarritzerakoa hartzeko, Zelayaran baserrian pasatako hamabost egun idilikoak gogoan dauzkala, eta horra non Madrildik datorren trena heltzen den. «Ceutako trena!» esaten dio ironiaz geltokiburuak. Trenak Ordizian egiten duen geldialdian gertatzen direnak deskribatzen dizkigu Campionek, koadro bat ematen digu, ohitura zabarren koadro bat, hain zuzen.

      «Allá iban chulos y chulas a introducir una palabra obscena, a sembrar una blasfemia, a matar una costumbre antigua, a sustituir con otra una prenda del traje indígena, en una palabra, a pasar la fétida esponja de la asimilación sobre los puros colores del pueblo euskaro».

      Hala ere, egiten ziren ahalegintxo batzuk udatiarrak eta bisitariak, madrildarrak izanda ere, eskolatzeko. Guía-manual del lenguaje para uso de viajeros en el País Vasco, argitaratu zuen D.J.M.E. batek Gasteizen, eta sarreran halakoa egitearen arrazoiak ematen ditu, esanez Gipuzkoako probintziak kanpotar asko hartzen dituela udan, eta komenigarria dela bertako hizkuntzaren berri ematea kanpotarrari.

      «Al observar el viajero las condiciones y costumbres de un país que tanto agrada por su risueño aspecto, se ve sorprendido continuamente por impresiones nuevas y no puede menos de fijar con preferencia su atención en el antiguo eusquéra ó vascuence, idioma usual del país. La originalidad y escasa semejanza de esta lengua con las demás escitan el natural deseo de comprenderla».

      Baina, tamalez, Donostiara zetorren udatiarrak ez zeukan batere interesik euskara ikasteko, bere desio naturalen artean ez zegoen kultura hartzea, itsas bazterrera zetorren, egurastera, jolastera, jatera. Hori maila pertsonalean. Talde gisa, mende batean bigarren gerratea galdutako lurraldera zetorren, berak erdarofiloa uste eta nahi zuen lekutxo liberal batera. Donostiako prentsak, esaterako, asko leuntzen zituen bere aldarrikapen foruzaleak uda garaian; madrildarrek baldintzatu egiten zuten abuztuko bizimodua, saldu egin behar zen...

      Udatiarraren eredua, Deban edo Hondarribian edo Zarautzen bezala, madrildarra izan da Donostian. Ez zutela asko maite donostiar euskaldunek, esan genezake. K.G. sinatua datorren artikulu hau topatzen dugu 1932ko El Pueblo Vascon, Joxe Mari izenburuarekin:

      «Joxe Mari, donostiarra izanagatik, etzan asko poztutzen udan madriltar asko zetozela esaten ziotenean. Arrazoirik etzitzaion falta.

      - Zer ekartzen digute belarri-motx oiek? -esaten zuen Joxe Mari'k-. Apainketa, arrokeria, erdaltasuna, gure euskal izatearen galtzea... Diru pixka bat datorrela oien bitartez? Egia izango da, baiña diru utsarekin ezin iñor bizi liteke. Eta gañera, zein dago obeto? Diru gutxi izanagatik, daukanarekin moldatzen dana, ala asko irabazi ta geiago bear duen ezin asea? Guztiak erantzungo dute: lenbizikoa, non-da burua galdu eztuten.

      Eta ori esaten zuen ere Joxe Mari'k.

      - Madril'tik etortzen diran belarri-motxak ustez diru asko ekarriagaitik, ez dute nik bezelako arratsalde gozorik pasatzen Pardiola'n tokan jokatuaz! -zion maiz Joxe Mari'k.

      Eta Joxe Mari'k esaten zuen, eta arrazoiarekin, udan Donosti'ra zetozen erbestetarrak, ez bakarrik dirua, baizik dirua irristaka bezela juateko modua ere erakusten zutela. Iñork etzion ori burutik kentzen, eta bere usteetan, madriltarrik etortzen etzanean, obeto, askoz obeto bizi zan Donosti'ko jendea.

      Bere kaxkarinkeri guztiakin ere, artu litezke pozik Joxe Mari bezelako donostiarrak. Orlako gizonakin, ez luke euskerak bururik makurtuko beiñere, eta Euskalerriko semeak, lotsarik gabe oju egingo luke non nai ta beti: euskalduna naiz.»