HIRUGARREN ESKENA
(Presidentearen bulegoan. Bulegoa hutsik dago. Emakume bat azaltzen da eskuan transmisore bat daramala. Transmisoretik mintzatzen da).
KAZETARIA: Hemen Saguzar 25, Saguzar 25. Hartzaren kobazuloan nago, Hartzaren kobazuloan nago. Konexioa irekita uzten dut. (Mikrofonoa mahai azpian izkutatzen du. RAVELLI azaltzen da).
Kaixo!
RAVELLI: Kaixo!
KAZETARIA: Sara O’ Connell naiz, Stupid Reporter egunkarikoa. Presidente jaunarekin izateko nintzen.
RAVELLI: Ah, Sara... Ba ni presidente jaunaren pasantea naiz, Emmanuel Ravelli.
KAZETARIA: Eta non dago Presidentea?
RAVELLI: Batzartuta.
KAZETARIA: Gobernukideekin, akaso?
RAVELLI: Ez, bera bakarrik. Praktikatzen ari da, lehenengo eguna denez...
KAZETARIA: Mesede bat egingo al didazu? Joan eta esaiozu hemen nagoela.
RAVELLI: Bai, aretoa txukundu eta berehala esango diot.
KAZETARIA: Benetan eskertuko nizuke.
RAVELLI: Badakizu, edozertarako hemen naukazu (Badoa, ASTOLFI azaldu eta neskari segika hasten da. RAVELLI sartzen da).
Astolfi, gero jolastuko duzu, orain hau bukatu behar dugu, agudo! Barkatuko diozu, Astolfi da, nire anaia. Tentel xamarra ematen du, baina ez da azkarregia. Beti egoten da lo. Ni diferentea naiz, ni ere beti egoten naiz lo. (ASTOLFI sartu eta besotik heltzen dio kazetariari. FLYWHEEL sartzen da).
FLYWHEEL: Kanta dezatela Atenaseko Vestalek.
Txirula jo dezatela fauno eta zentauroek.
Piztu dadila Atlantidako sutea.
Etor daitezela agurtzera orangutanak.
KAZETARIA: Zu zara presidente jauna?
FLYWHEEL: Lehenago erantzun honi: zu zara presidentearen emaztea?
KAZETARIA: Ez horixe!
FLYWHEEL: Orduan, bai, presidentea naiz. Baietz asmatu zu nor zaren.
KAZETARIA: Nor naiz bada?
FLYWHEEL: Ondo dago, errenditzen naiz, nor zara?
RAVELLI: Sara O’ Connell, Stupid Reporter egunkarikoa.
KAZETARIA: Galdera batzu egin nahi nizkizuke.
FLYWHEEL: Egizu tiro.
KAZETARIA: Zer egingo duzu zure lehenengo lan egunean?
FLYWHEEL: Lo kuluska bat egingo dudala uste dut (ASTOLFI eta RAVELLI jezarri egiten dira) Zuek ere egin dezakezue, kargurik eskuratu nahi ez baduzue...
KAZETARIA: Ze kargu emango diezu zure laguntzaileei?
FLYWHEEL: Hemen duzue Astolfi, zintzoa eta maltzurra, ausarta eta beldurtia, altuegia bajua izateko, tentela ematen du eta susmo guztiak konfirmatzen ditu, usaimena, ehizatxakurrarena du, eta gainontzeko kualitateak ere txakurrarenak direla esan daiteke. Astolfi, kanpo arazoetarako ministro izendatzen zaitut, tori hau (Banda bat ipintzen dio) Besarkada bat, lagun. (ASTOLFI, negarrez, listin orri bat hartzen du sikatzeko) Eh, kontuz! Hori zure aberriaren telefono listina da, errespetu handiago! Zure kargua ohorez betetzea zin dagizu?
KAZETARIA: Eta Ravellik ze kargu hartuko du?
RAVELLI: Hori, nik zer?
FLYWHEEL: Ez dakit hortik zerbait izango dudan... Ea ba... (Kromoak atereaz) Zapatari, berunkari, botikari, kantari, sermolari, arraunlari, salatari, igerilari, andramari...
RAVELLI: (RAVELLI guztietan «badaukat» esaten aritu da) Zer da hori?
FLYWHEEL: Barne ministroa.
RAVELLI: Hori ez daukat!
FLYWHEEL: Ez dakit ba, horretarako gauza izango zaren.
RAVELLI: Egidazu galdera bat.
FLYWHEEL: Zein da alfabetoaren lehenengo letra?
RAVELLI: Eman pista bat.
FLYWHEEL: Galdera zailegia da?
RAVELLI: Ez, galdera erreza da; erantzuna da zaila.
FLYWHEEL: Zuretzat kargua. (Banda bat ipintzen dio. ASTOLFIk kendu egiten dio) Astolfi, zer egiten duzu hemen? Horretarako pagatzen dizut? Kanpoarazoetarako ministroa zara. Joan zaitez kanpora ea arazorik dagoen. Ez badago, bilatu itzazu zeuk.
KAZETARIA: Ministro jauna, zein izango da zure lehenengo lana?
FLYWHEEL: Zergatik ez duzu konstituzioa birmoldatzen?
KAZETARIA: Bai, eta nik argazki bat aterako dizut sinatzen ari zarela.
RAVELLI: Ondo da. Zati hau bota egingo dugu. Honetaz erreferenduma egingo dugu, honetaz plebiszitoa eta honetaz armnistizioa. Hau hemen ipiniko dugu, indize bat kalkulatuko dugu. Ez, hobeto indize bi.
FLYWHEEL: Ravelli, mutiko zintzoa izan zaitez. Utzidazu zerbait sinatzen, ez duzu ikusten neska zain dagoela?
RAVELLI: Zer emango didazu trukean?
FLYWHEEL: Domina bat. Lehenengo jaunartzearena da. (Sinatu egiten du) Zer deritzozu sinadura honi? Nire aitonarena da. Astebetez ibili naiz praktikatzen. Eh, ederto geratu da konstituzioa! (ASTOLFI sartzen da).
RAVELLI: Zer gertatzen da? Zera dio. Atzo etsaien presidentea hitzaldi batetan egon zela eta zitala, traidorea, lapurra, koldarra eta... tortotxondoa zarela esan zuela.
FLYWHEEL: Nola? Hori esan zuen?
RAVELLI: Hala da, jefe.
FLYWHEEL: Tortotxondoa, eh? Tortotxondoa! Zuek badakizue zer den tortotxondoa?
RAVELLI: Baina jefe, lau urteko haurrek ere badakite zer den tortotxondoa. Badago lau urteko haurrik? Nik ez dut idearik ere.
FLYWHEEL: Zerbait egin beharko dugu. Astolfi, bidali egiozu mezu hau arkakuso horri. Etsaien presidente jauna: ordubete ematen dizut barkamena eskatzeko. Ordubete barru ez banu erantzunik jasoko, barkamenik eskatzeko asmorik ez duzula ulertuko dut. Beraz, eta barkamena eskatzeko asmorik izango ez duzunez, ahaztu dezagun kontu guzti hau. (ASTOLFI joan egiten da)
KAZETARIA: Oh, Ravelli jauna, hau ziraragarria da.
RAVELLI: Ez beldurrik izan, Sara...
FLYWHEEL: Ravelli, joan zaitez ea emakumeek lehengo moduan maite nauten ikustera. (RAVELLI joan egiten da)
KAZETARIA: Guzti hau nazioarteko gatazka bilaka daitekeela uste duzu?
FLYWHEEL: Ez larritu, nire amodioa ez da itzaliko. Nirekin ezkondu nahi duzu? Baietz esan eta korrika aterako naiz. (ASTOLFI sartzen da. Pantomimaz azaltzen da). Etsaiak trintxerak egiten ari direla? Ederto, guk ere izango ditugu. Prefabrikatuak erosiko ditugu. Astolfi, honainokoak erosi, horrela ez dugu soldaduentzako prakarik erosi beharko. Hobe, honainokoak erosi eta orduan ez dugu soldadurik erosi beharko. (ASTOLFI joan egiten da)
KAZETARIA: Presidente jauna...
FLYWHEEL: Ez egidazu presidente deitu, dei nazazu nire kuttuna eta nik nire moñoñoa deituko zaitut. (RAVELLI azaltzen da).
RAVELLI: Jefe, nazioaren egoera gori gori dago. Suteak daude edonon. Iparraldean, hegoaldean, mendebaldean, ekialdean... Zer deritzozu?
FLYWHEEL: Sabotaia da!
RAVELLI: Zer egin dezakegu?
FLYWHEEL: Hummm... Zergatik ez dituzu amatatzen?
RAVELLI: Ideia bikaina, jefe. (Badoa eta bueltan, bila hasten da) Jefe, non dago txorrota?
FLYWHEEL: Hau konfidentzia bat da: aurrera jo eta eskuinera (RAVELLI joan egiten da)
KAZETARIA: Ze armamentu mota duzu gerrari aurre egiteko?
FLYWHEEL: Erantzun baino lehen, badakit agure txotxolo sentimentala naizela pentsatuko duzula, baina, emango zenidake zure ilearen txortatxo bat? Ez haserretu! Hasieran peluka osoa eskatzea pentsatu dut! (ASTOLFI azaltzen da. Pantomima egiten du). Horiek dira etsaien planak? Ederto. Non dago gure armamentua? Ez dugu? Idatzi karta bat. Acme konpainiari. Jauna, interrogazioa. Ez dut gogoratzen armak eskatu nizkizun ala ez. Eskatu banizkizu ez dizkidazu bidali; bidali badituzu ez ditut jaso. Jaso baditut, pagatu ditut eta pagatu ez baditut ez ditut inoiz pagatuko. Musuak eta abar eta abar... (ASTOLFIk besarkada bat ematen dio ezer ere ulertzen ez duelako)
KAZETARIA: Izkutuko arma bat prestatzen ari zarela entzun dugu. Egia da hori?
FLYWHEEL: Badakizu zergatik zaitudan gustokoa? Zuk zeure burua ekartzen didazulako gogora: zure begiek zeu ekartzen didate gogora... Zure ezpainek zeu ekartzen didate gogora... Zure begiradak zeu ekartzen dit gogora... Zuk daukazun guztiak zeu ekartzen dit gogora, zuk zeuk izan ezik. (RAVELLI azaltzen da).
RAVELLI: Jefe, egoera itogarria da. Suteak itzali ditugu, baina uholdeak dira. Iparraldean, hegoaldean, mendebaldean, ekialdean... eta erdialdean ere... Zer egin ahal dugu?
FLYWHEEL: Zergatik ez duzu isurbidearen tapoia kentzen?
RAVELLI: Tapoia? Ez da ideia txarra. Banoa ziztu bizian. Non dago?
FLYWHEEL: Konfidentziaz, aurrera jo eta eskumara. (RAVELLI joan egiten da)
KAZETARIA: Istiluak gertatuz gero, zein litzateke zure estrategia?
FLYWHEEL: Oh, hemen zaude! Zergatik ez dugu prendetan egiten? (ASTOLFI sartzen da Sherlok Holmes-en jantziekin. Joan egiten da).
RAVELLI: Jefe, porrot egin dut. Gogoan duzu poterera igo zintuen herria?
FLYWHEEL: Eman pista bat...
RAVELLI: Bai, herria, hauteskunde egunean zure izena aldarrikatzen zuten umeak, gizonak, emakumeak...
FLYWHEEL: Ah! Orain gogoratzen naiz!
RAVELLI: Ba honezkero ez daude. Zuk esan zenidan moduan, tapoia kendu eta kainerian behera joan ziren guztiak.
FLYWHEEL: Ez da bakar bat ere geratu?
RAVELLI: Bat bera ere ez, jauna. Zer egingo dugu?
FLYWHEEL: Populu berria erosi beharko dugu.
RAVELLI: Ez da ideia makala. Non saltzen dute? Ez esan! Aurrera jo eta eskumara.
FLYWHEEL: Ez, aurrera jo eta eskumara. (ASTOLFI azaltzen da eta biak zerbaiten bila hasten dira).
KAZETARIA: Presidente...
FLYWHEEL: Erregali bat daukat zuretzat. Eraztun bat. Salbaje bati atera nion sudurretik, ondo egokituko zaizu beraz.
KAZETARIA: Barkatu, baina ezin dut onartu.
FLYWHEEL: Beste gizon bat maite duzu? Esaidazu nor den berehala!
KAZETARIA: Zer egin nahi diozu, ba?
FLYWHEEL: Eraztuna saldu.
RAVELLI: Jefe, begira zer aurkitu dugun! Mikrofono bat! Espiatzen ibili dira!
FLYWHEEL: Ez da zure senarra izango? (Mikrofonoari) Ez dakit nor zaren, baina tortotxondo galanta zaren susmo guztiak ditut. (Telefono hotsa).
RAVELLI: Bai? Jefe, etsaien presidentea da. Ea hori errepikatzera ausartzen zaren esan du.
FLYWHEEL: Nola ez? Tortotxondo halakoa! Badakizu zer entzun dudan? Egunkari postuan lapurtu eta pokerrean tranpak egiten dituzula. Eta gaur umore oneko nagoenez, gerra deklaratzen dizut, ze arraio! Gerra da! Aberkide ausartak! Zuen odola aberriaren alde isurtzera zoazten horiek. Hilabete honetako soldata, gatazkalekuan kobratuko duzue. Bere hanketan sostengatzeko gauza den edonork bere fusila hartu eta frontera joan beharko du. Gogoan hartu zuen amak begira izango dituzuela, telebistatik, hirugarren kanalean, etsaiaren kortesiagatik. Gerrara denok! Etsaiari gerra!
KAZETARIA: Horixe, etsaiari gerra! (Pistola atera eta tiro egiten du, baina huts egiten du. ASTOLFIk pistola kendu eta flauta bat ipintzen dio eskuan. Aurrerantzean kazetaria FLYWHEEL akabatzen saiatuko da. ASTOLFIk libratuko du azken momentuan).
FLYWHEEL: Esaidazu, ispilu majiko honek, badago ni baino ausartagoa den presidenterik? Ozenago, ez dizut ezer ere entzuten! (KAZETARIAri) Ah, hemen zaude! Zergatik ez didazu amurrainaren kintetoa jotzen? Jo egidazu orduan zalduneriaren zazpigarrena. (RAVELLI azaltzen da saltzen).
RAVELLI: Merke merkromina. (Kapela bat ere badu).
FLYWHEEL: Ravelli, zenbatetan dago kapela hori?
RAVELLI: Bost dolarretan, baina zuri lagunaren prezioa egingo dizut: hamar dolar.
FLYWHEEL: Ederto. Niretzat. (ASTOLFI azaltzen da, eskuan labana duela. KAZETARIAk labana hartzen dio).
Astolfi, zelan doa hori? Gogoan izan, zu frontean dibertitzen ari zaren bitartean, zuregatik sufritzen ari den gizon bat dagoela hemen. (ASTOLFI joan egiten da)
KAZETARIA: Zelan sentitzen zara une latz honetan?
FLYWHEEL: Adoretsua naiz. Hori nire birraitona zen William Tecumseh Flywheeli zor diot. Bizirik balego, mundu guztiaren ahotan ibiliko zen.
KAZETARIA: Zergatik ba?
FLYWHEEL: Bizirik balego, 150 urte izango zituelako. Baina orain gogoratu dut! Dentistarekin neukan zita gaur. Ze deabru, galdu egin dut. (RAVELLI azaltzen da. Armadura bat du saltzeko) Ravelli, kasko hori?
RAVELLI: Gustatzen zaizu? Inportatua da.
FLYWHEEL: Ez zait inporta.
RAVELLI: Ordaindu egin beharko duzu portea.
FLYWHEEL: Zelako sortea! (Bitartean ASTOLFIk labana kendu eta bozina ipini dio kazetariari) Ah! Hemen dago nire ahatetxo maitea!
KAZETARIA: Bonbatxo hori emango zenidake, Ravelli?
RAVELLI: Zure hitzak aginduak dira niretzat. Hamar dolar. Jefe, irabazi nahi dituzu txanpon batzu? Egizu apostu.
FLYWHEEL: Ze apostu mota?
RAVELLI: Gerrari buruzkoak.
FLYWHEEL: Noren alde daude?
RAVELLI: Gure alde, baina gure artean esango dizut: gerra galdu egingo dugu, jefe.
FLYWHEEL: Orduan etsaien alde egingo dut apostu. 10.000 matxakante.
RAVELLI: Tori erreziboa. (Joan egiten da)
KAZETARIA: Zer gertatuko da gerra galtzen baduzu?
FLYWHEEL: Gerra? Ze gerra? (ASTOLFI azaltzen da. Bonba hartzen du eta txupatxups bat ematen dio kazetariari. KAZETARIAri:) Hemen zaude? Maite zaitut!
KAZETARIA: Gezurra da hori...
FLYWHEEL: Bai, baina ez dit axola gezurrik esateak horrekin zerbait lortzen badut. (RAVELLI azaltzen da).
RAVELLI: Begira, jefe, udarako kapela.
FLYWHEEL: Zenbat?
RAVELLI: Hamar dolar.
FLYWHEEL: Zelako eskandaloa! Ondoko dendan 20 dolarretan ikusi dut.
RAVELLI: Bai, baina hor errebajetan daude.
FLYWHEEL: Ah, beno.
RAVELLI: Jefe, gero eta seguruagoa da. Gerra galduko dugu. Joka ezazu daukazun diru guztia.
FLYWHEEL: Ez daukat gehiago, baina zergatik ez duzu Banku Nazionaleko urrea erabiltzen?
RAVELLI: Ederto, tori erreziboa. (Badoa).
KAZETARIA: Presidente jauna, zer esan nahi didazu bukatzeko?
(KAZETARIAk bandera mastila hartu eta azkona moduan erabiltzen du)
FLYWHEEL: Hau emakumeentzako mezua da: emakumeak, gogoan zaituztet. Ezin dut ahaztu gure gizonik baliotsuenen ama gehienak emakumezkoak zirela. (RAVELLI azaltzen da. ASTOLFIk bitartean eskoba bat jartzen du mastil muturrean)
RAVELLI: Jefe, begira kapela honi: Waterlooko gatazkalekuan aurkitu dut, zuretzat da.
FLYWHEEL: (KAZETARIAri) Zergatik ez duzu eskobatzen mahai azpian? Hauts gehiena bertan pilatzen da. (ASTOLFI azaltzen da)
RAVELLI: Zer gertatu da? Irabazi dugu? Galdu dugu! Eh, jefe, noren alde egin zenuen apostu?
FLYWHEEL: Ez nazazu huskeria horiekin molestatu orain.
RAVELLI: Jefe, etsaien alde egin zenuen apostu, beraz, aberatsak gara! (denak pozten dira).
(KAZETARIAri) Zeuk ere egin zenuen apostu etsaien alde?
KAZETARIA: Ez, ez nuen inolako aposturik egin.
RAVELLI: Zergatik pozten zara orduan?
KAZETARIA: Nire nazioak irabazi duelako. Ni etsaien espia naiz.
RAVELLI: Irabazi duzu orduan! Zorionak. (DENOK zorionak esaten dute).
FLYWHEEL: Aberkide maiteok. Nire aitak esan ohi zuenez... edo nire osaba Txarly ote zen? Ez, ez zen nire osaba Txarly izan, nik ez daukat osaba Txarlyrik. Beno, berdin da nork esaten zuen, zer esaten zuen ahaztu zait eta!
(Musika)