Marx anaiak eta teatroa
Marx anaien irudia burura etorri ahala, zeluloidearena ere azaltzen zaigu. Guregana, Marx Anaiak, zinemaren formatoan iritsi dira, ezinbestean.
Ez da pertsonaia hauen historian gehiegi sakondu behar, dena dela, heuren jatorria, eskola eta, hainbat urtetan, bizibidea, teatroa izan zela jakiteko.
Marx-tarren lehenengo pelikula, «Animal Crackers», Broadway-en izugarrizko arrakasta ezagutu zuen izen bereko komedia izan zen pantailaratu baino lehen. Edozein pelikulatan somatzen zaie teatralitatea. Entzuterik handiena merezi izan duten eskena gehienak, teatro esketx moduan landurik daude. «Marx Anaiak Operan» filmatu baino lehen, pelikulako eskena komikoen efektibotasuna publikoaren aurrean frogatu zuten jira handi batean.
Munduan izan diren «clown» guztien antzera, Groucho, Chico eta Harpok teatroan sorturiko pertsonaia bana eratu, landu eta bizitza osoan zehar zorroztu zuten. «Clown» kontzeptua izan da Maskaradak, Marx-tarren umore bereziaz jabetzeko erabili izan duena.
Groucho eta Chico-k, NBCrako 1932 urtean idatzi eta antzeztu zituzten irrati gidoiak, guregana «Groucho y Chico Abogados» izeneko liburuan bildurik iritsi direnak, izan dira gure montaiaren oinarria, zenbait pelikula eta Groucho-ren liburuen pasarteren bat ere erabili dugun arren.
Dena dela, pertsonaioi gure ikutu pertsonala eman nahi izan diegu —laugarren pertsonaia, arreba, sortu dugu—, gure lan hau omenaldi soila baino, umore agortezin horren birkreatze bat izateko xedeaz.
Ez dugu, bestalde, Marx-tarren pelikulek zuten jite musikal berezia bazterrean utzi nahi izan, eta horregatik, gure ikuskizunean, zuzenean interpretaturiko eskena musikalak ere txertatu ditugu.
Hamar urte joan dira, honezkero, Maskarada, 1980 urtean, teatroan lehenengo pausuak ematen hasi zenetik. Laguntzarik ezak eta gainontzeko nahigabeek ez dute Maskaradaren iraupena eragotzi, eta hamarkada honetan, euskaldun ikuslegoari zuzenduriko euskarazko teatroa eskeintzeko lanari ekin diogu.
Mota askotako ikuskizunak burutu ditugu, beti ere gure estiloa landuz, eskeintza ahalik eta zabalena emateko asmoarekin. Euskal teatroaren historiaren zatitxo bat osatzen duen Maskaradaren ibilbide hau duintasun osoaz kunplitzea izan da gure helburua.
Gure hamargarren urteurrena, ikuskizun berezi batez ospatu nahi izan dugu, ohizko zirkuito eta ikuslegoaz gain, bide berriak urratu nahian, eta hona hemen mundu osoaren patrinomioa diren Marx Anaiengan oinarrituriko lana: MARXKARADA.
Maskarada