Marxkarada
Marxkarada
Marx anaiak
taldea: Maskarada
1990, antzerkia
56 orrialde
84-86766-27-3
Marx anaiak
1890-1977
 
Marxkarada
Marx anaiak
taldea: Maskarada
1990, antzerkia
56 orrialde
84-86766-27-3
aurkibidea
 

 

BIGARREN ESKENA

 

 

1. Epaiketa

 

(Epaitegia ikusten da eskenatokian. atso bat azaltzen da publikoaren artean).

 

ATSOA: Barkatu, hau da 12. aretoa? (RAVELLIri) Gazte, hau da hamabigarren aretoa?

RAVELLI: Bai, jakingo ez dut ba! Lehenengo aldia da etortzen naizena!

ATSOA: Ez duzu jakingo non dagoen saltxitxeroa, ezta?

RAVELLI: Saltxitxeroa? Astindu egin zuten gizajo hori? Bai, nire jefearen bezeroa da. Begira, hortxe duzu!

ATSOA: Klaus Hofmann Junior! Nola utzi zaituzten! Baina ez larritu, nik den dena ikusi nuen eta merezi duten zigorra jasoko dute. Ze triste gauden orain zure saltxitxa posturik gabe! Begira, auzotegiko guztien artean kapelatxo hau erosi dizugu, bestea oso zaharturik zegoen eta. Ai, ene! Ganberro halakoak!

RAVELLI: (Bitartean juradoko partaideei) Zuek badakizue zer egin behar duzuen. Arreta handiz entzun dena, eta gero nire jefeak eskatzen duenari oneritzi baina horretaz neu arduratuko naiz. (Guztiei) Eta orain denak zutik, epaile jauna dator eta. (ATSOAri) Isilik, mesedez, epaile txit agurgarria datorrela, andere!

ATSOA: Andereño! (ASTOLFI azaltzen da).

RAVELLI: Astolfi! Zer egiten duzu hemen! (Belarrira zerbait esaten dio). Ah, oso ona! Kasua irabazita daukagu. Eta orain abokatu jaunak dauka hitza. (FLYHWEEL sartzen da).

FLYWHEEL: Epaiketa hau engainu hutsa da, amarru lotsagarria. Sekula ez dut ikusi honelako fartsarik!

RAVELLI: Eh, jefe, ez dela oraindik hasi!

FLYWHEEL: Eskerrak, berandu nentorrela uste nuen. (ASTOLFIri begira, gero publikoari) Ikusi duzue nik ikusten dudana? Tira, zer genuen... (Karterarik bokadiloa atera, papera kendu eta irakurri egiten du). Ah, astindu zuten saltxitxeroaren kasua, oso ona! Protesta egiten dut!

RAVELLI: Zer diozu, jefe?

FLYWHEEL: Ez zait besterik okurritu.

RAVELLI: Ba neuk ere egiten dut protesta.

FLYWHEEL: Ederto. Berdinketa, orduan. Epaile jauna eraman ezazu markadorea. Hemen duzue saltxitxero bat. Gizon zintzoa da. Agian tentela ematen du, baina ez nahastu, sakonean tentel hutsa da. Horregatik astinduko zuten. Eta nork astindu zuen? Mundu guztiak daki nork astindu zuen. Ravelli, nork astindu zuen?

RAVELLI: Giovanni Kamorrak, jefe!

ATSOA: Bai, hor dago, Giovanni Kamorra, saltxitxeroa astintzeko agindu zuena. Oso ondo ezagutzen dut, asesinoa, koldarra, nik erakutsiko dizut!

RAVELLI: Anderea, jezarri.

FLYWHEEL: Epaile jauna, Habeas Corpus bat eskatzen dut. (ASTOLFIk tetera bat ateratzen du). Ez lotsatu, neuk ere ez dakit zer den Habeas Corpus bat. Datorrela lehenengo lekukoa. (ATSOA etortzen da).

RAVELLI: Zin dagizu egia eta gezurra baino ez duzula esango?

ATSOA: Baina hau telefono listina da.

RAVELLI: Bai, baina oso lodia da.

FLYWHEEL: Zuregana makurtzen ditugu belarriak, andrea.

ATSOA: Andereño! Nik den dena ikusi nuen. Lehengo egunean gizon batzu etorri ziren eta saltxitxeroari postua apurtu zioten. Gero saltxitxeroa danba eta danba jo zuten konorterik gabe lurrean zapo utzi arte. Baina nik oso ondo ezagutzen ditut gizon horiek, eta euren jefea ere. Hor dago, Giovanni Kamorra, asesinoa, asesinoa! gizon horrek ez du bizitzea merezi! (Kolpeka hasten da).

RAVELLI: Lasai anderea, eseri zaitez.

FLYWHEEL: Ravelli, non dago Giovanni Kamorraren abokatua?

RAVELLI: Ez dauka, jefe. Hamar mila dolar eskeini omen du baina ez du topatu hiri osoan bera defendatzeko adina gibel duen abokaturik.

FLYWHEEL: 10.000 matxakante entzun dut? Jaun andreak, orain ez du hitzegiten Flywheel abokatuak, orain Flywheel gizasemeak hitzegiten du, giza eskubideen defendatzaileak. Agian okerra da Giovanni Kamorrari buruz duzuen iritzia. Gauza bi daukat esateko: lehenengoa ez dela inoiz kartzelan egon eta bigarrena, ez dudala ulertzen zergatik. 30 aldiz detenitu eta 29tan baino ez dute kondenatu; horrek mutiko zintzoa dela esan nahi du. Eta badakit hau ez dela aparteko diskursoa izan, baina zuek ere ez zarete beste munduko publikorik. Giovannirentzat askatasuna eskatzen dut, eta saltxitxeroari dagokionez, bere aitarentzat kartzela toki ona izan bazen, zergatik ez berarentzat? Hamar urte.

RAVELLI: Ba zuk hamar urte eskatzen baduzu, nik beste hamar.

FLYWHEEL: Hogei horiek ikusten ditut eta beste hamar gehiago.

RAVELLI: Hogetamar, orduan. Zer duzu? (Kartak ateratzen dituzte).

FLYWHEEL: Full.

RAVELLI: Koloretako eskilara. Irabazi dut, hogetamar urte. Epaile jauna, ados zaude? Bai! Hogertamar urte, jefe, irabazi dugu.

ATSOA: Ez dago eskubiderik! Zer da hau baina? Ze abokatu modu zara zu, ba? (Korrika ateratzen dira hirurak)

 

 

2. Greba

 

(Balkoi batetik. FLYWHEEL azaltzen da bozgorailu batez)

 

FLYWHEEL: Non daude grebalari hauek? (Barruan dagoen bati) Pinkerton, geranio hauei ura falta zaie. (Balkoiaz bestaldean dauden grebalariei) Flywheel naiz, enpresak kontratatu duen abokatua. Zuen ugazabari dirua eskatu nahi diozuela entzun dut. Ondo dago hori. Ugazabak zuei dirua eskatzen dizue, ala? Ez jaun andreak, oker zaudete, diruak ez du zoriona ematen, eta zorionak ez dizue dirurik emango. Gauza bat agintzen dizuet: lantokira bueltatu eta lanari gogor ekiten badiozue diruaz ahaztuko gara. Zoazte lanera eta ez zaitezte soldatagatik arduratu, dena dela ez duzue kobratuko... salarioaren esklabu izan nahi duzue? Kapitalismoaren morroi? Ez, libre nahi zaituztet. Ez dago askatasuna bezalakorik, salario ona izan ezik. Zuek denbora alferrikaltzen ari zareten bitartean, hor dago Pinkerton, bera bakarrik ofizinan. Hogei urte lanean enpresaren onerako. Egun bakar bat ere huts egin gabe, greba bakar bati ere lotu gabe. Pinkerton, enpresak bere esker ona adierazteko erregali bat egin dizu. Hasieran zera pentsatu zuten, alpiste sakutxo bat erostea, baina garestiegia zen, ulertuko duzu, eta azkenean, hauxe aukeratu dute (Sobre bat atereaz). Begira, zure kanporatze gutuna da. Hunkigarria. Pinkerton, kale gorrian zaude, joan baino lehen, ureztatu geranioak.

 

 

3. Ofizinan

 

(FLYWHEEL sartu eta ASTOLFI eta RAVELLI mahai gainean lo ikusten ditu. Telefonoak jotzen du.

FLYWHEELek biak mahaitik bota eta telefonoa hartzen du).

 

FLYWHEEL: Hemen Rufus Tecumseh Flywheel. Itxaron une baten. Astolfi, Ravelli, gaur astelehena da, bihar asteartea eta etzi asteazkena. Aste erdia pasatu da eta zuek oraindik mahai gainean lo. Zergatik ez zarete ministeritzara joan?

RAVELLI: Ahaztu egin zaigu leihatilaren numeroa, jefe.

FLYWHEEL: 127.a.

RAVELLI: Ah! Oso erreza da. Astolfi, goazen, 235.a da.

FLYWHEEL: (Telefonoz) Barkatu, zer nahi zenuen? Tilson? Aita ala semea? Ez dakizu? Altua ala bajua da? Bajua... Orduan Tilson semeaz ari zara, barkatu baina hemen ez da Tilsonik bizi, okerreko numeroa markatu duzu.

 

 

4. Ministeritzako ofizina batetan

 

RAVELLI: Hemen da. Eh, zabaldu, ez da oso erosoa paperak kristaletik pasatzea. Bokadiloa jaten, akaso? Truke bat egingo dugu, zuk konpondu gure paperen kontua eta gu arduratuko gara bokadiloaz. Eh! Ez dugu egun osoa, honezkero ofizinan egon behar genuen, mahaiaren gainean lo. Astolfi, atera ezazu artileria. Lasai, txantxetakoa zen, eta gu ez gaude txantxetarako. Ah, hor zaude? Bulego polita! Ederto. Tori, paper hauek fotokopiatu ditugu, fotokopiak konpultsatu eta konpultsazioak bikoiztu. Dena dagoela uste dut. Paper hauetan hiru seilu eta zazpi tanpon ipini ditugu. Beste hauetan zazpi seilu eta hemeretzi tanpon. Ah! Jaso zenuen instantzia? Oso ondo prestatu genuen. Bi kopia egin eta originala erre genuen. Eta gero bi kopiak ere erre egin genituen. Sobrea hutsik bidali genuen, seilurik gabe, baina lasai, suertea izan genuen: inork ere ez gintuen ikusi buzoian sartzerakoan. Ah, paper hauek oso inportanteak dira, beraz bota itzazu paperontzira. Nahiko toki badago, sar zaitez zeu ere. Beste hauekin egin nahi duzuna. Bukatzen duzunean erre ezazu dena. Zer, badago? eh, noiz esan behar diguzu zerbait falta dela? Ez zaigu ezer falta? Astolfi, entzun duzu? Funtzionari hau burutik eginda dago! Ez dit ba esan ez dela ezer falta? Goazen!

 

 

5. Subasta

 

(Subasta aretoan)

 

FLYWHEEL: Ravelli, berandu zatoz.

RAVELLI: Barkatu, jefe, nire arrazoiak ditut. Beranduegi atera naiz goiz heltzeko.

FLYWHEEL: Ah! Badakizu zer egin behar duzun subastan?

RAVELLI: Horixe ezetz, jefe.

FLYWHEEL: Norbaitek ehun esaten badu, zuk berrehun esan, norbaitek berrehun esaten badu, zuk hirureun, eta abar.

RAVELLI: Oso erreza da hori, jefe. Eta norbaitek hirurehun esaten badu, nik laurehun... Eta inork ezer esaten ez badu?

FLYWHEEL: Orduan zeu hasi.

RAVELLI: Eta nola jakingo dut inork ez duela ezer esaten?

FLYWHEEL: Hara bestea! Entzungo duzu, ezta?

RAVELLI: Eta adi ez banago? Bale, bale, banoa...

FLYWHEEL: Jaun andreak, hasiera emango diogu estafa honi. (ASTOLFI azaltzen da Monalisa dakarrela) Emakumezkoa ematen duen arren, bere benetako izena Leonardo da, eta trabestismo areto batetan egiten du lan. Nork eskeintzen du zenbait mamarratxo honengatik?

RAVELLI: 100.

FLYWHEEL: Ederto! Jaun batek 100 eskeini du. Nork eskeintzen du zerbait gehiago?

RAVELLI: 200!

FLYWHEEL: Oso ondo! Beste jaun batek 200 eskeini du.

RAVELLI: 300..., 400..., 500.

FLYWHEEL: Hau amaitzekotan dago. Mailukada besterik ez zait falta, baina horretaz gero arduratuko naiz.

RAVELLI: 600, 700, 800, 900, 1000... Bost axola niri!

FLYWHEEL: Salduta «Bost axola niri» jaunari 1000 dolarretan, lehenengoan, bigarrengoan eta azkenengoan (mailukadak zarata arraroa egiten du). Egon une baten, jaun andreak. Mailu hau ez da erreglamentarioa. Berriro hasi beharko dugu subasta. Non dago benetako mailua, Astolfi? (Eman egiten dio) Ederto. Nork eskeintzen du zerbait orain? (ASTOLFI publikoaren artean mugitzen da, eta jendearen besoak altxarazten ditu, dirua eskeintzera behartuz. Bide batez eskua poltsikoan sartzen die).

RAVELLI: 200!

FLYWHEEL: Jauna, erretraturako erosi zuen pelukak 200 baino gehiago balio du!

ASTOLFI: (Publikoaren artean eskuaz numeroak adieraziz. 300).

FLYWHEEL: 300...

RAVELLI: 400!

FLYWHEEL: Ravelli, kendu ezazu korbata hori, bestela berarekin urkatuko zaitut!

ASTOLFI: (500)

FLYWHEEL: 500...

RAVELLI: 600.

FLYWHEEL: Ravelli, soldata igoko dizut!

RAVELLI: Milesker, jefe.

FLYWHEEL: Ez horregatik. Botatzen zaitudanean tristeago egon zaitezen egiten dizut.

ASTOLFI: (700)

FLYWHEEL: 700.

RAVELLI: 800.

ASTOLFI: (900)

FLYWHEEL: 900...

RAVELLI: 1000.

FLYWHEEL: Ea, ba...900 eskeini duenak 1100 eskeiniko luke orain? Eta 700 esan duenak? 500 esan duenak, 500 esango luke orain? Eta 300? Eta 100, Eta 10? Dolar bat?

RAVELLI: Bah! Eta berak bat esaten badu, nik bi. Berak hamar eta nik hogei. Behin hasiz gero, ez dago ni geldiarazteko modurik!

FLYWHEEL: Ravelli, beti pentsatu dut zuregandik zerbait atera zitekeela. Gogora egidazu begiak atera behar dizkizudala. (ASTOLFI azaltzen da eta kartera pilo bat uzten du mahai gainean).

RAVELLI: Nondik atera duzu hori, Astolfi? (...) Publiko artetik?

FLYWHEEL: Jaun-andreok, hemen lapurketa bat egon den susmoa daukat, eta abokatua naizen aldetik, kasu hau argituko dudan hitza ematen dizuet. Delituaren frogak eramango ditut aztertzera. Agur Ben Hur!

 

 

6. Hautagaia

 

(Telefono hotsa. FLYWHEEL sartzen da)

 

FLYWHEEL: Bai esan? Itxaron, luma eta papera hartuko dut. Esan... Nola? Ziur zaude? Ez duzu uste azkarregi erabaki duzula? Pentsa ezazu gero damutu zintezkeela... Tira, hala nahi baduzu... Hondoratua... Orain nire txanda: F-12a ura? (ASTOLFI eta RAVELLI dotore jantzita azaltzen dira publiko artetik eta Kamorrarekin mintzatzen dira).

RAVELLI: Begira, Kamorra jauna, ze ondo gastatu dugun eman diguzun dirua! Ah, eta dena prest dago: irratiak, telebista, egunkariak... Dena erosita dago. Lasai egon, 15 egun barru zure gizona presidente izango da. Konbidatuko zaitugu jai guztietara. Ikusi arte! (Bulegora sartzen dira) Jefe! Begira zelako puroa.

FLYWHEEL: Norekin ari zara, nirekin ala zaldiarekin?

RAVELLI: Eta dirua? eh?

FLYWHEEL: Ez daude txarto faltsuak izateko...

RAVELLI: Ez dira faltsuak! Zure argazkia ikusi nahi duzu biletetan?

FLYWHEEL: Nahiago nuke Lana Turner-ena ikustea...

RAVELLI: Ba laster agertuko zara bilete horietan. Presidente izateko aurkeztuko zara, jefe.

FLYWHEEL: Momentu bat: nire barku partida presidente izango naizela esateko galerazi duzue?

RAVELLI: Bai, jefe. Giovanni Kamorrarekin egon gara eta dena prest dago. Diru guzti hau ez da hasiera baino. Dena erosita dago: Irratiak, telebista, egunkariak... Laster zure izena neonezko letretan ikusiko duzu: Flywheel Presidentea.

FLYWHEEL: Dagoeneko ikusten dut: Rufus Tecumseh Flywheel Presidentea.

RAVELLI: Eta Ravelli bere pasantea.

 

(Mitin musikala burutzen dute. Mitina bukaturik irratian, FLYWHEEL nazioko presidente berria dela entzuten da. Musikaz ospatzen dute)