Haunditasun ametsak - Hiru morroiak
Haunditasun ametsak - Hiru morroiak
Imanol Elias
taldea: Antxieta
1987, antzerkia
104 orrialde
84-404-01-7-8
Imanol Elias
1936, Azpeitia
2013, Azpeitia
 
Haunditasun ametsak - Hiru morroiak
Imanol Elias
taldea: Antxieta
1987, antzerkia
104 orrialde
84-404-01-7-8
aurkibidea
 

 

Imanol Elias-ekin hizketan

 

      Imanol Elias, antzerki-idazle bezala, noiztik datorkizu antzeslanak idazteko joera?

      — Idazten, soldaduzkatik buelta eginez gero edo horrelako zerbait, hasi nintzen. Baina antzerki-giroan bizi izan naiz beti Azpeitian. Lehenengotik esango nuke Sallesianoekin ibili denak beti izan duela antzerkirako halako giro bat. Ni Deustuan izan nintzen sallesianoekin, eta bi hilabetean behin edo horrela, teatro bat egiten genuen. Gero, Azpeitira etorrita, hemen saiatu ginen biztu arazten lehenago gerra denboran galdu zen gauza bat. Gu izan ginen lehenengo taldea gerraostean Azpeitian antzerkian zerbait egiten hasi ginenak. Idazten, berriz, soldadutzaren ondorenean, gutxi gorabehera.

      Zein izan zen talde hura?

      — Jexux, hemen izen-aldaketa izugarriak izan dira. Bat bazen garai hartan eta gogoan daukat: “Grupo artístico azpeitiano”. Zeuden oztopoekin askotan gertatzen zen antzerki bat prestatzen ari zinela, eta halako itzulpen bat bidali behar zenuen ea mozketaren bat egin behar ote zen. Azkeneko egunera arte ez zenuen jakiten zer etorriko zitzaizun, eta igual lau edo bost orrialde etortzen ziren, esanez “hau ez dago egiterik”. 1959 urte inguruan izan zen hori; taldearen izen horren bidez zer edo zer izkutatzen saiatzen ginen.

      Nork idatzitako antzerkiak antzesten zenituzten garai hartan?

      — Batik bat lehengo zaharrak, gerraurrean idatzitakoak, etabar. Gero, baziren beste batzu, “Garo usaia”, neuk ere parte hartzen nuen idazketan hartan; beste bat “Osaba” izan zen; “Damua garaiz”, horixe izan zen lehena taldea berritik egin nahian hasi ginenean, eta itzulpen bat zen. Baina beno, beti izkutuan ibili behar izaten genuen.

      Idazle bezela zu beti Azpeitiari eta antzerkiari lotuta ibili zara. Hortik kanpora ez duzu inoiz tentaziorik sentitu?

      — Nik hemen idazten ditut obrak, eta nola nirekin taldea dudan, horri erakusten dizkiot lehenik, eta horrek aukeraketa bat egiten du. Aukeratzen ez dituztenak hor gelditzen dira hurrengo batetarako, edo bazterrean. Taldearekin batera ibiltzeak zuzentzen ditu nire pausuak gehien bat.

      Antzerki-taldeak normalean ez dira herri batetara mugatzen, askoz eremu geografiko zabalagoan aritzen dira. Zuk zein bentaja ikusten dizkiozu zeuonari?

      — Guk gauza bat ikusten dugu. Hasi ginenean (1981an sortu zen “Antxieta” antzerki-taldea), eta ordurarte sekula ikusten ez genuena gertatu zen: gazte-jendea joan zen antzerkia ikustera. Hori izan zen lehen aldian halako poz bat eman ziguna: “jońo, askotan esaten da gazteek ez dutela ezertarako gogorik, denetik pasa egiten direla...” Berriz ere proba egin genuen hurrengo urtean, eta berriz gazte gehiago. “Bueno, orduan honek bazeukak zerbaiterako interesa”. Hortxe pizten zara, sasi horretantxe pizten zara. Zaharrak eta gazteak biltzen jakin izan dugu beti. Batik bat Azpeitian egin izan duguna antzerki erreza ematea izan da. Antzerki erreza eman jendeari, mugitu dadin antzerki hori ikustera, galduta zegoen gauza bat izanda. Eta beno, nik uste dut horretan asmatu egin dugula. Antzerki errezak ez du esan nahi egiteko erreza, jasotzeko erreza baizik: gai sendoa izan beharrean, arina, eta gustora jasoko dena. Alderdi horretan ibiltzen gara, batzutan drama modura eman izan ditugu, eta beste batzutan barre egiteko, oraingoa bezalakoa. Jendeak, batik bat, hori eskatzen duelako: “bai, oso ederra duk, baina nahiago diat parre egiteko”.

      Zuek antzerki tradizionala egiten duzue. Ez al duzue alde horretatik kritikarik jaso?

      — Zahar estilokoa dela? Horren berririk ez dugu jaso. Guk teatro klasikoa egiten dugu. Egin liteke mila modutakoa. Nik uste dut “Antxieta” antzerki-taldean ez daukagula mediorik. Eta esango nuke oraindik gehiago: aurten egin ditugu halako eskaera batzu, bankuetxeak eta aurrezki-kutxak pasa ditugu, eta haietako batek —esan egingo dut, esatekoa da eta— dirutza hauxe eman digu gure eskaerari erantzunez: 2.500 pezeta. Esango didazu horrekin zer egin daitekeen.

      Ez dugu dudarik egiten “Antxieta” taldeak osasuntsu segituko duela, eta urtero-urtero —ahal bada behintzat— obra berri bat eskainiko digula, baina “Antxieta"z aparte Imanol Eliasek ba al du beste asmoren bat, ba al duzu inoiz nobelaren bat egiteko asmorik? Teatro errez honetatik beste era batetako teatrora pasatzeko asmorik?

      — Beste era batetako teatroa nik uste dut egina ere badudala, bakarren batzu. Nobela? Ez dakit zertara ibiliko nintzatekeen. Historia aldetik lan batzu eginda baditut, ipuinak ere beste batzu. Baina ez, niri mementuan asko kostatzen zait “Antxieta”k dituen behar horiei erantzuten, beti eduki dezala bi edo hiru antzerki berak aukeraketa bat egiteko. Hori da oraingoz egiten dudana, lana.