Harri eta Herri
Harri eta Herri
2000, poesia
192 orrialde
84-95511-40-1
azala: Garbińe Ubeda
Gabriel Aresti
1933, Bilbo
1975, Bilbo
 
2000, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1986, narratiba
1986, antzerkia
1986, poesia
1986, narratiba/antzerkia
1986, saiakera
 

 

Poeta gizon egin zenekoa

 

      Sinatuko zukeen manifestu hau? Zer esanen ote zukeen egun bizi dugun egoeraz? Zein izanen ote zen bere hautu politikoa? Adiskideen lagun? Behialakoen etsai? Nolako moldea erabiliko zukeen bere poesian? Jarraituko zukeen poesia egiten? Geure buruari edo lagun hurkoari ahapetik egiten dizkiogun galdera xaloak dira, maila mitikoan ezarria daukagun autoreari geuk ez daukagun kuraia aitortzen diogulako «irakurri nahi genituzkeenak» idazteko, intimitate kolektibo baten interprete denez. Halako galderak eginik, poetaren zuhurtzia mingarria edo erokeria sanoa aldarrikatzeaz bat, haren heriotza goiztuak utzi hustasuna salatzen dugu. Poeta zibil bikain baten premia daukagu, orain, hemen, bere isolamendu tragikoan, bere desmasia elekarian ezintasun nazional hau modu eraginkorrez salatzeko. Idatziko zukeen hartaz egiten dugu amets, eta geure inozoan ez gara ohartzen poetak idatzirik utzi zuela guk behar dugun hitza. Irakurtzea zor, baita manifestu gisa ere, nahi izanez gero.

Hemen dago gizona. Paper
honetan dago. Nago.

      Deklarazio xume bezain zintzo honekin hasi zuen Gabriel Arestik bere obra nagusia, eskuan daukazun hau. Estreinakoz, lanbidetzat aitortzen da poetatza, tinta ez da izerdiaren beste izena baizik —tinta izerditzea nekearen gaindia da gaztelaniaz—, eta paperean egote hutsak agiri baten balioa ematen dio, hauxe du bere nortasun karneta: poeta eta gizona bat dira, ez dago bereizkuntzarik, artistak uko egin dio izaki berezia izateari. Poesia «enplego txar bat» da, ez gutxiago, ez gehiago. Eta hau ezinbesteko giltza da, nire ustean, Arestiren obra poetikoa ez ezik bere jarrera publikoa ulertzeko.

      Publikotasuna aldarrikatzen du poetak. Bere ni pertsonala guztiona izan liteke, hain zuzen guztiz konkretu eta arrunta delako, edonorena. Poesia sinatzen duena, telebistaren kreditua sinatu duen berbera da. Pribatua behar lukeena, euskal literaturaren tradizioan ezizenez sinatu dena (Orixe, Lizardi, Lauaxeta...), nortasun zibilez sinatzen da aurrenekoz, lotsa barik. Poetaren bere izen-abizenenganako atxikimendu honen bitartez irteten da euskal literatura anonimatutik, uzkurretik, isiletik, eta hartaka euskaltasuna bere garaiko kultura modernoan homologatzen da, ofizialtasun berri bat ekarriz. Lanbiderik mesprezatuenaz egiten du bere burua hizkuntza ukatuaren eledun, herri mututuaren ordezkari. Horregatik ageri zaigu gaztelaniazko itzulpenaz, uler dezatela guztiek, hemen dator euskalduna eta ez du zer gorderik, entzun diezagutela erdaldunek... Harri eta Herri ez dugu, egia da, gaztelaniazko itzulpenarekin argitaratu zen aurreneko poesia liburua. Baina Biotz-Begietan edo Arrats beran haiek ez bezala, hemen irakurtzen ahal den gaztelania ez da euskaldunentzat, euskaldunek ez baitute inolako arazorik Arestiren euskara klaroa konprenitzeko. Denik ere ez dakien herri batentzako da hemengo gaztelania.

Arbolaren neurriak hartu nituen

      Gaia ez da berria gure poesian, Lizardik poema gogoangarri bat utzi zigun honetaz, Zuaitz etzana. Urtetsua izanagatik oraino osasun betean zegoela bota dute; erorikoan lurraren kontra hautsi ez diren adarrak zerurantz luzatzen ditu erruki eske; zuhaitz lagunak dar-dar batean daude, lurra nahigabez, haizea zinkuruz, ihes dagite txoriek... Amiltze honen deskribapenaren ondoren, esker gaiztoaren parabola bat garatzen du Lizardik, gizakiaren ezinasearen alegia bat zehazki taxuturiko laukoetan; azkenik badatoz idiak, itzainak kate bat lotzen dio, zerraren hotsa entzuten da urrunean...

      Basoan zegoena zerrategian daukagu orain. Lizardirenaren luzapena dirudi Arestirenak, dokumental beraren sekuentzia jarraiak dira biak, eszenarioari bagagozkio. Baina Lizardiren poema irauli egiten du Arestik, eta ez nagusiki ruralismoa gaindituz zuhaitza Zorrotzako portura ekartzen duelako; hori, garrantzitsua izanagatik, bigarren mailan ezarriko nuke nik. Poema bietan metafora zuhaitza da, baina Arestik ez du naturaren antropomorfatzerik egiten, gizakian kokatzen du gizatasuna, horixe da batetik bestera dagoen koska ikaragarria. Lizardiren poeman «aizkora ankerrak» bota du zuhaitza; itzaina keinu tragiko bat diseinatzeko baliabidea besterik ez da; lana bazegoen, langilerik ez ordea. Arestirentzat zuhaitza lanaren metafora da, ankerkeria ez dago zerran, baizik eta langileei eragiten zaien izerdian. Lizardik urrunean entzunarazten digun zerra-hotsak zirrara sentimental batez durduzatzen gaitu, zerrautsak errautsa ekarki gogora... Arestik ez digu zerraren hotsa entzunarazten, trontzalarien biraoak baizik, handik Anton, hemendik Gilen, biak berdin madarikatzen, zapalkuntzak ez baitaki bereizten erdalduna eta euskalduna... Eta eszena horren aurrean, Lizardiren kontenplazioa ukatzen du Arestik, ikusle pasibo izatetik poemaren zati izatera ematen du urrats, enborraren neurriak hartzen ditu. Pauso horretan, sinbolismotik errealismora dagoen aldea iragaten du euskal poesiak.

      Neurtzerakoan antiojuak bustitzen zitzaizkiola esaten digu poetak. Negar egiten duela ulertzen dut nik, gizonaren ahuleziaren eta lanaren handiaren arteko desorekak amorratuta, inpotentziak gainez eginda. Malkoa isurtzen zaion aldi bakarra du eta zeharbidez aitortzen digu, ahalke da, ez du lirikotasun merkea egin nahi edo sentimentalkeria baliatu. Lizardik zuhaitzagatik egiten du negar, gizaki abstraktuagatik; Arestik izenak eta izerdiak ezagutzen dizkien gizakiengatik egiten du negar, gizon konkretuaren alde dagoelako.

Gizonen ahotik ez;
handik eztut egiarik biltzen.

      Konkretua baita Arestiren gizona, alienazioan eta zapalketan bizi da, gizagabean murgildua. Poeta egiaren alde dago eta bere gizonaganako maitasuna ezin da gauzatu urradura handi batean ez bada, gorrotagarria egiten baitzaio haren soraiotasuna. Arestiren gizona —gizakia, erran gabe doa— pertsona ez-poetikoa dugu, barne kontradikzio handiak ditu, eta mundu polarizatu baten isla da. Egia eta gezurra armak direla esaten du poetak une batean, logikoa da beraz argia bilatzea nahasmen horretan, gezurra salatu nahi duenez gero. Faltsuaren eta zinezkoaren arteko borroka hau multzo desberdinetan antola genitzakeen sinbolo kontrajarrietan gauzatzen da:

 

    GEZURRAREN EREMUA          EGIAREN EREMUA
    Deustuko eskola                  ijitoen txabolak
    zorriak, zerriak                    poeta
    zimaurtegia                             lorea
    infernu hau (Bilbo)                     goia (Gorbeia, Arantzazu)
    Unamuno (Mikel Gezurra)       Axular

 

      Bere herria bezala, poeta kontradikzio batean bizi da, paperean dagoena gizona baita. Maite du gizajea, baina ez bere horretan. Ez du haren ahotik egiarik jasotzen, haatik bere poesia oso merkea da «herriaren ahotik» hartua duelako. Ezbai honek geroagoko lanetan ere hilduratuko du poeta, eta halako batean «Ez ezazue tapa gizonaren ahoa» poema ederra sorraraziko dio. Kontradikzio aberats hau, maitatu nahi eta gorrotatu behar hau, Arestiren obraren tenka bortitzenetakoa da, eta maila desberdinetan jazotzen da, antzeko sentimenduetan gauzatzen baita bere herritartasuna. Euskal Herria tristea eta amorragarria da, baina izugarri maite du herri hau. Ez da harritzekorik, menturaz batak bestea dakar.

Harria,
edonundikan
harria.
Harrizko dorrea.
Nundik etorria
izanen da
argia?

      Harriaren sinboloa, gure hurbilean behintzat, mundu lusofonoan garatu da gehien mende honetan. Carlos Drummond de Andraderen Bidearen erdian izeneko poemak eskandala ederra piztu zuen Sao Pauloko solastegi literarioetan, bidearen erdian topo eginiko harria baitu gaia, ikustate sotil horren aldaerak, onartu ezineko arrunkeria... Hauxe da ezagutzen dudan aipu zaharrena, 1928koa. Manuel Maria poeta galiziarrari esker dakigu 1955ean Noite de Pedra izeneko liburua publikatu zuela Luis Veiga Leitão portugaldarrak. Celso Emilio Ferreiro galiziarrak berriz Longa noite de pedra argitaratu zuen 1962an. Manuel Mariaren beraren arabera, Arestik berandu samar irakurri zuen Ferreirorena, Harri eta Herri antolaturik zeukala. Esan izan da ordea, idatzirik dago, gure kritikak ez zuela Ferreirorena sobera aipatu Arestiren orijinaltasuna ez murriztearren. Alta bada, biak irakurtzen dituenak ez du tituluaz haratagoko antzekotasun handirik aurkituko. Nik behintzat ez dut inolako eraginik sumatzen.

      Harriak oso sinbologia mehea dauka Harri eta Herri honetan. Titulua ikusita uste izatekoa zen ordea herriari jazarturiko sinbolo gardena zatekeela harria: pareta, kartzela, sentsibilitaterik eza... herria itotzen duen oro. Eta poetak, mailua eskuan harturik, horma apurtuko zuela, edo harria landuko, hau da, herriari min eragin, esna zedin, mintza zedin. Ez dago halakorik, hori Jokin Zaitegiren sinboloa da, Aresti harriaz gogoetaka zebilen sasoi bertsuan landua Argin Zarra poeman. Arestiren harriaren sinbologia ez da hain zuzena, anitza da eta honekin batera Euskal Harria eta Harrizko Herri Hau liburuek osatzen duten trilogian aztertu behar da, ulertuko badugu. Hemen harria argiari kontrajartzen zaio, baina urte batzuetara harria harea bihurtzen zaio poetari eskuetan...

aitaren etxea defendituko dut

      Euskaldungoa berehala identifikatu zen poema honetan, etxearen sinboloa hurbila zaigu, euskaltasun tradizionalaren euskarria, eremu propio eta aldi berean bortxatua. Ama euskararen makalaldia deitoratzetik aitaren etxea defendatzera pasa ginen. Gure naziotasuna aldarrikatzen da poema horretan, eta Patxi Oroz itzultzaileak seiehun hizkuntzatara itzultzea bideratu zuen. Munduko bazterretan, poema hori bera erabiliko du beharbada nazio zapalduren batek, euskaldunon berri ukan gabe. Himno bat da, erresistentzia aldarrikatzen du, hilen gaituzte baina zutik iraunen du aitaren etxeak.

      Nago «aitaren etxea» hau klase marka kendu zaiolako dela hain nazionala; nekez aurkituko dugu gure literaturan manipulatuagoko testurik, traizionatuagoko espiriturik. Zenbat politikok, abertzaleek bereziki, ez ote dute erabili aitaren etxearena interpretazio partzial eta gezatuan! Ez digute inoiz esaten noren, zeren kontra defendatuko duten aitaren etxea. Izan ere, Arestik garden eta gordin ematen du aditzera «sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, justiziaren kontra» altxako dela. Eta horixe ezkutatu digute, ahaztu egin zaigu ia, lukurreroen eta sasijustiziaren ordezkariak direlako maiz aitaren etxea ahotan hartzen dutenak. Gabriel Arestiren obra, funtsean, jasangaitza zaie piru guztietako espekulatzaileei.

eta haren eskuman
jarriko gara
ezkerrekoak

      Hain gaizki ezagutzen dugun XIX. mende amaiera hartan urratu zen, nolabait, poesia zibil baten ildoa (Iparragirre, Arrese-Beitia, Elizanbururen poema batzuk), eta arrasto horri jarraitzen dio Gabriel Arestik, hurbilagoko tradizioa gaindituz. Halako gisaz non esan litekeen Aresti dugula XX. mendeko Iparragirre, espiritu bera atzeman genezake behintzat haren asmo zibiletan eta bilbotarrarenetan, «Aitaren etxea» ez dea bada egungo «Gernikako arbola»? Baina Arestik zentzu kritikoa ezartzen dio hemeretzigarreneko aldarriari. Lantua desagertu eta salaketa azaltzen da.

      Karmelo Landak zorrozki ohartarazia duen moduan, lehen edizioan poemak ez zioen horrelakorik, beste hau baizik: «haren eskuman / jarriko dira / ezkerrekoak». Ñabardura esanguratsua, eiki, Harri eta Herri-ren bigarren argitalpenerako Arestik zekarrena. Poeta itzulinguruka ibili gabe kokatzen da ezkerrean. Langile grebak Beasainen, Eibarren eta Irunen, Basconia siderurgiaren itxiera patronala lau mila langile kalean utziz, geldialdiak Asturiasko meatzari grebalariekiko elkartasunez, salbuespen egoera Bizkaian eta Gipuzkoan, hainbat atxilotu eta torturatu... halakoa zen Harri eta Herri idazten ari zen 1962-63 aroko aroa. Eta 1968 bitartean, areagotu baino ez zen egin, oro har, klase kontzientzia langileetan eta intelektualetan. Gizonaren alde, leku bakarra zeukan. Malkoa xukatu eta oihu egiten du Arestik, baina Arestiren salaketa, nahiz eta gizarte konkretu bati eginikoa izan, asmo zabalagoz dator, maila orokorrago batean kokatzen du liberazioa, sozialismoan. Nola zutik iraunarazi, bestela, aitaren etxea?

Poesia
mailu bat
dela

      Horra definizio arestiarra berez definiezina omen den arterako. Irakurri batean sinplista dirudien ozarkeria hau onuragarria gertatuko zen gure poesiarako. Jokin Apalategiren Burnitik poema liburuaren portada gorazarre inplizito bat izan zen, I letraren ingudean jotzeko mailua da esku batek eusten duen T letra; mailuaren forma hartu zuen J. A. Artzeren poema bisual ezagunenetakoak; Ibon Sarasolak omenezko interpretazio formalista bat egin zion («mailu guztiak poesia dira, baina ez poesia guztiak mailu»), gero hain modan jarri zaizkigun joko intelektualen aurrekari...

      Azalean baino ez da xaloa definizioa. Huts larri bat eginen dugu mailuari, esate baterako, harria bera kontrajartzen baldin badiogu. Errazkeria da hori, benetako poesia iraintzen duen ebidentzien jokoa. Poema honetaz gain Harri eta Herri-n mailua aipatzen duen bakarrean, «Kantabriako itsasoa kolpeka jotzeko» darabil Arestik. Ez dezagun, beraz, poetak hitzari eman dion balioa makestu, mailuak goragoko zerbait adierazten du. Estetika obrerista baten aldekoa dirudien deklarazio honek badu barnean egia sakon bat. Ez du agintzen nolakoa izan behar duen poesiak, honen izaeraz eginiko hausnarketa baizik ez da. Mailua lanabes baitugu, poesia tresna da, ez helburu. Honenbestez, Arestik trenkatu egiten ditu «artea arte alde» leloaren hari ugariak, zertarako bat duelako da poesia baliabide. Gabriel Aresti idazle fundazionala egiten duten osagarrietako bat dugu hauxe. Mailuaren sinboloaren bitartez, euskal poesia autokontzientziara iristen da, bere burua definitzen ausartzen da. Aitor dezadan, niretzat behintzat, harako «etorkizunez beteriko arma» kurtsi samar hura baino bortitz eta baliagarriagoa egiten zaidala bere biluzian, edozein joera literario hautatuagatik.

Iparragirreren bozian nuan

      Molde librea ekarri zuen, estrofarekiko morrontza apurtu zuen mailuak. Baina bere poesia sozialenetan ere hein bateko arnas existentzialista sumatzen dugun modu berean ageri zaigu, gutxien espero dugula, koplaren eta puntu zehatzaren maisua bertso libreen artean. Forma asko daude Harri eta Herri-n, formalki definitu behar bagenu ezin esanen genuke egitura trinko batean antolaturiko liburua denik. Azpitik datorren korronteak ematen dio batasuna obrari, ez halako edo bestelako moldeak. Bertso librea, aipua, konfesionalismo kutsuko solas-poemak, bertsoa, kopla zahar berritua... denetarik daukagu liburu honetan.

      Kopla zaharraren posibilitate poetikoez abisu emana zegoen aspaldi Manuel Lekuona, gerraurreko kontua da. Baina olerkarietan behinik behin inor ez zen horretaz serioski arduratu. Lizardik badu saio polit bat estrofa molde hau erabiliz egina, Etxeko keea. Moldea badarabil, baina herri tradizioaren teknika guztiz ustiatu gabe, era deskriptibo batean lantzen ditu ahapaldi gehienak, ongi bideratua dagoen azken tragikoraino. Koplaren itxurazko inkoherentzia, lehen bi lerroen irudi plastikoaren eta hirugarren eta laugarren lerroetan adierazten den pentsamenduaren edo sentimenduaren arteko lotura irrazional liluragarri hori —avant la lettre-ko surrealismoa— Arestik ekarri zuen goien gradura. Koplak berak eskainiriko baliabide tekniko hau bere sakonean harturik, era ezin gozoagoan adierazi ahal izan zuen euskaldunon mindura. Hala bereko hunkigarritasunez musikatu eta kantatu zituen kopla hauek Mikel Laboak, geroko kantagintzari bide oparoa erakutsiz. Herriak bere egin zituen, eta halako naturaltasunaz non bere gisara moldatu zion mezua, «goiko zeruak gorde dezala / Etxebarrietan arima» edo «Euskadi libre ikusi arte / ez dut kenduko bizarra»... Esan ohi da horixe dela poetak ukan dezakeen saririk ederrena.

      Otero eta Celayaren poesiak badu eraginik gure poetarenean, inork ez du hori ukatuko, eta Aresti, egia esan, ez zen ibili lorratzak ezabatzen. Baina Harri eta Herri ezin da 1950-60ko gaztelaniazko poesia sozialaren eragin hutsaz esplikatu. Alde batetik, Arestiren beraren bilakabidea ez ikustea izanen litzateke, liburu hau hutsetik sortua izan balitz moduan, gauza nabarmena delarik elementu popularrekiko makurdura bost urte lehenagoko Bizkaitarra poeman sumatzen zela jada. Bestetik, liburua bera ez konprenitzea izanen litzateke, edo duen aberastasuna eta aniztasuna ez ikustea. Harri eta Herri-k bai baitu, ene irudiko, usadioa ukatu gabe berritzaile izatearen dohaina, edo, hobe esan, usadioaren funts poetikoa eguneratzearena.

euskera klaro batean

      Gabriel Arestik leku zehatz batean idazten du, egileak berak oroitarazten digu behin eta berriz Bilbon dagoela, erdaldunerian. Hispanidadean konformatu ordez, «ur lasterraren kontra iher egiten du», hau da, euskara hartzen du mintzaira. Ukazio horren medioz Arestik dialektika gogor bat abiatzen du, euskaltasunaren mapan kokatzen du Bilbo, gainazpikatu egiten du tradizio unamunianoa: bera bezain bilbotar eta bera baino erdaldunagoa zen idazleak ekarri zuen euskara hiletatik bizira («Hementxe harro Lazaro» ez da bakarrik «Hor zaude apal Izaro» batek beharturiko puntua). Arestiren euskaldun berritasunak, ostera, aldian behin indar hartzen duten zenbait iritzi interesaturen okerra frogatzen digu garbiki, alegia hizkuntza bateko idazle jatorra ez dela hizkuntza «era naturalean ikasita» darabilena, baina bai «era naturalean ariko balitz bezala» erabiltzeko nahikoa ofiziale on dena.

      Adur oneko geunden beraz Gabriel Aresti erdaldun jaio zitzaigunean. Euskal herritar alienatua zelako lotsatu zen behin, hamabi urteko mutikoa zela, eta euskalduntzeari ekin zion. Arestik euskara ikasi behar izanari esker daukagu egun euskara estandar bat. Beroarena kendu behar zaio baieztapen honi, jakina, baina Gabriel Aresti idazle handia da, besteak beste, idazle handi guztiek bezala etengabe landu zuelako bere gaitasun profesionala. Abantxu esan genezake liburuetatik datorren aurreneko euskal idazlea dela, haietan ikasia eta haietan jasotakoaren oinordeko. Euskara batua zela eta ez zela, Pelay Orozco euskaldun erdal idazleak, batuaren aurkako argudioen artean, H letra non ipini behar zen ez zekiela aitortu zuen. «Nik badakit» erantzun zion Arestik, «Axularren Gero liburua hogei bider gutxienez irakurri dudalako, Lizarraga eta Etxeberri biak eta beste zenbait eskritore zahar irakurri dudalako...».

      Arestik sudurtasun linguistiko berezia zeukan. Euskaltzaindiak erabaki baino bederatzi urte lehenago, 1959an idatzi zuen Maldan Behera, gaur egun idatzia izan balitz bezain samur irakurtzen duguna. Euskara batua literaturaren lorpen handi bat izan zen, literaturak eman zion dotoreziaren eta malgutasunaren bermea. Batuaren arazoa, izan ere, ortografiaz barnagokoa zen. Haren etsaiek garbi asko ikusi zuten batuarekin bazetorrela arnas berri bat, ezkerreko joeretan identifikatzen zen estetika berri bat. J. de Arenazak dei egin zien guraso jatorrei, erdaraz, umeak hezi ez zitzaten H-aren euskaran, H-a ikur politiko bat zelako, «igitaia eta mailua izan litekeen bezain politikoa...»; Harri eta Herri obra inaugurala da, idurian batua denez nazional eta edukian ezkerreko denez libre izan nahi duen literatura baten lehen liburua. Obra honen eredu enblematikoa ukan ez balu, euskara batua askoz nekezago txertatuko zatekeen euskalgintzara gizarte justuago baten egarri zetozen belaunaldietan. Aitzolek euskaldunon poema nazionala nahi zuen inondik inora, herri baten arima poetek azaltzen dutela sinesten zuen, finlandiarrek Kalevala duten bezala behar genuen guk geurea, horren liluramenduan dago Eusko-bidaztiarena poemako Lizardi; horretarako liberatu zuten Orixe. Saio frustratu bat izan zen Euskaldunak. Gure Kalevala txikia, gizaki modernoaren eguneroko epika eta herri baten itolarria gauzatzen duen poema, Harri eta Herri da.

poeta naizen ezkero
ez dut zerurik espero

      Bada literaturaren historian poeta mordoska bat burutik eginda amaitu zuena, idazle askorentzat poesia ez baita abentura formal hutsa, eta etsai askotxo baititu hitz libreak. Arestik ere pairatu zuen berbaren beldur direnen aiherkundea. Beti gorde nahi izan zuen askatasunak eta hitza argitara ateratzeko egin behar izan zituen bermakoek eragin zuzena ukan zuten hala bere osasunean nola bere ekonomian. Orixek nitasuna Amerikan deskubritzen duen moduan, Mirandek euskal herria Paristik maite duen bezala, lurralderik gabe idazten du Arestik ere, idazlea bera da uharte, eta bere herriaren maitasunez egiten ari den ahalegin gaitzak barne-exilioa dakarkio, «beste» hizkuntza bat hautatu du, «beste» gizarte bat amesten du. Horrela abiatzen da euskal literaturaren XX. mendeko modernotasuna, ezaren ezaugarritik, desterritorializatuta. Honek ezinbestean erakarri behar zion erresuminik hunkikor eta harribera zen poeta handi eta gizon handiagoari. Poesia eta bizitza ezin lotuagoak zeuzkan egunerokoan, eta hau ez da testuarekiko atxikimendu sakralizatu bat. Poeta zibilaren kontzientziaren jabe, apurtu egin nahi izan zuen literaturaren eta bizitzaren arteko muga, Camus-en gizon matxinatua Guevararen gizon berria zelako gure poetaren garairako. Poeta, beraz, bere fedearen borrokari izateko zen gizon egin: Gabriel Arestiren poesia etika bat da. Sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, justiziaren kontra. Ez etxe baten jabegoagatik, ez asmo nazional burges batengatik, gizaki konkretuaren alde baino. Horregatik da unibertsala manifestu hau.

 

Koldo Izagirre