Artikuluak. Hitzaldiak. Gutunak
Artikuluak. Hitzaldiak. Gutunak
1986, saiakera
240 orrialde
398-5150-5
azala: Dionisio Blanco
Gabriel Aresti
1933, Bilbo
1975, Bilbo
 
2000, poesia
2000, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1986, narratiba
1986, antzerkia
1986, poesia
1986, narratiba/antzerkia
Artikuluak. Hitzaldiak. Gutunak
1986, saiakera
240 orrialde
398-5150-5
aurkibidea
 

Euskal teatro berri baten beharra: euskal komedia

(1964 urteko maiatzaren 13an Donostiako antzerki astean)

Jaun andreak:

      Orain zuen aurrean mintzatzea, arrisku haundia iruditzen zait. Donostiako hiriak hain argirik erakutsi du bere burua azken aspaldi honetan, entelegu-gai guztietan... Zuen zinema-astea, zuen euskal astea, nobela poesi eta ipui sariok, guzti hoiek Espainiako abant-goardian jarri dute zuen Easo maitagarria. Orain teatro-aste bat antolatu nahi duzue, eta bertan teatro modernoaren antzerkirik ezagunenak eta hoberenak montatuko dituzue. Beraz orain zuen aurrean mintzatzea, lehentxuago esan dudan bezala arrisku haundia iruditzen zait, eznaizela leku hain onean geratuko, zuek badadukazuelako zerekin konpara, nire aurrean juntatu den lagun-artea, eztelako gauza eskaxa, literatur-gaietan eta arterio-gaietan oso entenitua baizik. Horregatik, asko eskatuko didazue, eta nire bildurra da, zuek eskatzen duzuen beste, eztudala nik nire hitzaldi humil eta trakets honetan emanen. Baina zuek juzgatuko duzue. Nik nire alegin guztiak egin ditut hain lagunarte jakintsu hau kontent gera dadin. Nire borondate on guztia dakart nire lepoaren gainean ongi kargaturik. Mesedez kontuan har zazue nire borondate on hau, eta ez nire jakinturia-falta. Azken hau juzgatzen baduzue, kalte haundia aterako baita hortik niretzat.

      Euskal teatroaren gainean mintzatzera natorkizue. Badirudi orain piztutzen hasi dela. Eztakit zeinbat antzerti-alde dagoen hortik. Lehengo egunean euskal astekari batean irakurri nuen hogei baino gehiago daduzkagula. Egia esan, eztirudi gehiegi mugitzen direnik, hau oso egia haundia da, baina mila aitzakia eta estakulu egoki bila litezke mugimentu falta hori ontzat hartzeko. Lehenbizikoa eta guztirik inportatena euskeraren izaera berbera da, bigarren planoko hizkuntza bat izatea, gaztelaniaren eta frantzesaren aurrean euskaldunak sentitzen duen gutiespena, balio haundiko gauza eztela sinestea. Hau euskaldunaren ariman bekatu larri bat da, pizkat estudiatu dugunok ederki baitakigu munduko hizkuntza guztiak berdinak direla. Unamunok esan ohi zuen euskerak berekin daramala gaiztasuna, bere morfologian edo barreneko eguinean. Baina hau filosofo hain haundi batek esan bazuen ere, munduko astakeriarik haundiena da. Hizkuntzak, berez, eztira gaitzak, eztira zailak. Gogora ekarten dit honek erderazko bertso zahar haek, zeinetan ikusten dugun nola portuges bat sano hasarratzen zen Frantzian mutiko guztiek ederki zekitelako frantzesez, eta berriz Portugalen aitonseme ongi eskolatuek ere gaizki ikasten zutelako. Ezein hizkuntzarik eztakien batentzat, haur mintzatzen eztakien batentzat, berdin da euskera, frantzesa, gaztelania, alemana, errusoa, uzbekoa, txinoa edo japonesa. Adiskideari esateko, berdin kostako zaio amigo, ami, friend edo drug ikastea. Hitzak dira eta eztirudi hoien artean diferentzi haundirik dagoenik. Egia da gaztelatar batentzat, Unamuno batentzat, gauza gaitza, oso gaitza dela euskeraz ikastea. Baina ezta gezurra euskeraz baizik eztakien batentzat gauza gaitza, oso gaitza dela gaztelaniaz ikastea. Orain euskaldun guztiek, Bidasoaz honuntzako euskaldun guztiek (edo gehienok) ederki dakigu gaztelaniaz, nire iritzia da Gaztelan baino hobeki dakigula. Baina lehengo denpora zaharretan, euskaldunak Euskal baserrietatik Gaztelako eremu pobre eta hiri aberatsetara lan-bila ateratzen zirenean, guztiok dakigu nola hangotarrek haien mintzatzeko gaiztasunagatik barre egiten zuten, hau oso argiro ikus liteke lehengo erdal literatura guztian, onduko gaztelatarrentzat euskalduna gauza barregarri bat izaten zen, arlekin bat, pierrot bat, bufoi-antzeko bat. Euskaldunak, hitzetan labur garelako ustea ere, hortik dator, denpora haietan gaztelaniaz ezkenekielako.

      Orain euskeraren gainean mintzatzen hasi naiz, eta barkazioa eskatu behar dizuet; horren gainean hainbeste mintzatu da, ezen oraingoz gauza aspergarriegia dirudi. Baina euskal teatroaz zerbait esan behar badugu, hori da lehenbizi ukitu behar dugun puntua: nolako euskera erabili behar dugu gure teatroetan, gure komedietan, gure trajedietan. Orain artean hauzi haundi bat egon da euskal eskritoreen artean, garbizaleen eta herrizaleen arteko burruka izugarria. Hau nire iritzian literatur-problema bat da, eta ez besterik. Baina hortik atera da, eta inolako aldrebeskeriak esan dira. Gerraurrean gehienak garbizaleak ziren, eta horregatik euskal literatura oso murriztua geratu zen. Orduko euskal literatura niri iruditzen zait, hegalak moztu zaizkion arranoa; haren mokoa, haren erpeak oso gogorrak eta bortitzak dira, baina mutil ahul eta flako batek hilgo du makila baten laguntzarekin. Orduan Sebero Altuberen boz argia altzatu zen, baina orduko turutots eta atabalen artean apenas entzuten zen. Gero gerra bukatu eta bakea harmatu zen. Gizon berriak etorri gara, eta ideia berriak ekarri ditugu gunekin. Gure Altube maisuak zabaldurikako hildoetatik aurreratu gara, eta lehengo gizon zaharrek (zuen artean bat baino gehiago egonen da, eta eztadila ofendi) guregatik hartu zuten eskandaloa, guregan euskeraren kontrako gorrotoa bilatu dute; nigatik ifernuetako deabrukeri guztiak esan eta eskribitu dira; baina ni, hainbeste erderakada erabiltzen badut ere, eznaiz euskeraren etsaia. Hala pentsatuko duen gizonak, niri iraina eginen dit, eta gainera arrazoia ukatuko du. Ni Bilbon jaio nintzen, euskeraz mintzatzen ezten herrian. Eta nire haurzaroan erderaz bakarrik ikasi nuen. Gero hamalau urte bete nituenean, euskaldun motz bat nintzela konturatu nintzen, eta euskera ikasi nuen; euskeraren jabetasun osora heldu ezpanaiz ezta nire errua, erdal hizkuntzaz baliatu behar bainaiz nire eguneroko zer-eginetan. Nire euskeraren ganako amodioak diru asko kostatu dit; egia da premio batzuk eman dizkidatela, guztira hogei mila pezeta; baina euskal bileretan egon naiz. Bere lanetik bizi behar duen gizon batentzat diru gehiegi da. Orain lau urte, hemen bertan beste hitzaldi bat eman nuen poesiaren gainean, eta zerbait pagatuko zidatela ustea nenkarrelako trenbiderako dirua bakarrik ekarri nuen, eta gau hartan aire libreko aulki baten gainean lo egin behar izan nuen. Honekin eztut meriturik bilatu nahi, bakarrik garbi-zalea eznaizelako niregatik esaten duten deabrukeriez defenditu nahi naiz. Eta euskera herrikoia erabiltzen badut, hori gertatzen da Euskal herria maitatzen dudalako, eta hori iruditzen zaidalako euskera defenditu eta salbatzeko modurik egokiena.

      Garbizaletasuna estudiatzen baldin badugu, beharbada ikusiko dugu, hainbeste kiputzek pentsatzen duen bezala, eztadukala bere jatorria ni jaio nintzen Bizkaian. Garbizaletasuna Bizkaian bigarren edo hirugarren eskukoa da. Oso oker baldin ezpanago, Lapurdin daduka jatorria, eta bertako mediku jaun batek ekarri zuen Gipuzkoara, Joane Etxeberri Sarakoak. Honek bere teoria teoriatzat utzi zuen eta etzuen platikara eraman. Baina hemengo haren diszipulo batek haren eskola ongi ikasirik, Bizkaian barrena sartu zuen, Andoaingo jesuita jaun Emanuel Larramendik. Egia da Bizkaian eduki duela teoria eta platika horrek hedadura gehien. Arrazoia da beraz, garbizaletasuna suntsituko duen dotrina berriak ere Bizkaian eduki duela jaioterria.

      Baina garbizaletasunari heriotzezko kolpea eman diona, ezta bizkaitarra, gipuzkoarra baizik. Jakituria beti izan da eta izanen da gizonaren eta arrazoiaren adiskiderik seguruena. Eta euskal gaietan gipuzkoar hori Euskalerriak inoiz izan duen jakintsurik jakintsuena omen da eta da. Ahoan erabili nahi dut orain gure maisu errenteriar Luis Mitxelena jaunaren izena. Lehengo egunean haren liburu eder eta mamitsu bat irakurri dut, euskal fonetikaren gainean. Eta bertan esaten diren gauza asko eztitu garbizale batek sufrituko. Nire iritzian orain arteko garbizaleek modu bakar eta bakan batean konprenitu dute garbizaletasuna. Konparazio bat hartu dute, neurri bat, kontrol bat. Eta neurri hori Gaztelako erdera izan da. Erdera horretan zeuden hitzak euskeratik kentzen ziren, naizta erderak euskeratik hartu bazituen ere. Eta erdera horretan etzeuden hitzak euskerarentzat gordetzen ziren, naizta euskerak behin erderatik hartu eta gero erderak galdu bazituen ere. Baina orain euskal estudioak franko aurreratu dira, eta Mitxelenak mila euskal hitzen jatorria esplikatzen digu. Konparazio baterako, aditu, erraz, gertatu, aitortu eta beste mila. Aita San Agustinen konfesioak itzuli zituen Orixek euskerara, eta Aitorkizunak jarri zien izentzat. Eta ze ardura dio? Ezer irabazi dugu? Konfesatu hitza euskeratik kentzen baldin badugu, aitortu hitza ere arrazoi beregatik kendu behar dugu, biak erderatik datortzalako. Eta hori egitea zorakeria litzake, orduan euskera munduko gauzarik biluziena izanen litzakeelako, ezertarako balio eztuen tresna, gauza hutsa, pobrea, erromesa, landerra, eskasa, urria, txiroa. Eta hori bilatuko duen euskalduna, euskaldun gaiztoa izanen litzake, eta latinoen metodoak usatuko bagenitu, afusilatzea merezituko luke.

      Mitxelena jauna arduraturik dabil proto-euskera delako hori nolakoa den igarri nahirik. Niri guzti hori oso ederki iruditzen zait, eta Jainkoak ailiotsa osasuna eta pazientzia eman lezaion lan hori bukaera zoriontsu batera eramateko. Gure historiaren ezagueraren gainean finkatu behar ditugu aurrerantzako gure pauso eta alegin guztiak. Hortik aldaratzen baldin bagara, orain artean bezala bertatik apartaturik irauten baldin badugu, orain gure herri maitagarria dagoen egoera larritik ezkara sekula ere aterako.

      Pentsamentu guzti hauk burura etorri zaizkit, lehengo egunean Shakespearen trajedia bi ikusi nituelako euskerara itzulirik, eta egia esan behar badut, eztut uste bertako euskera gaitz hura gure teatroetan erabili litekeen egokiena denik. Liburua zabaldu nuen, eta hala fede errazago entenituko nuela inglesez. Nire euskerarenganako amodioa haundia da, eta buruko mamia urtzeko arriskuan jarri baldin banuen ere, osorik irakurri nuen. Gero ez omen naiz euskeraren adiskidea, Jainkoa balia dakidala! Eta lehengo liburu zaharrak, atera diren gramatika guztiak eta euskalki guztietan idatziritako liburuak irakurri dituen batentzat, hain gauza gaitza baldin bada hori, zer ezta izanen bere herrian mintzatzen den euskera baizik eztakien batentzat? Niretzat oso geldi, trankil eta baso whiski baten laguntzarekin irakurtzea hain gauza gaitza izan bazen, zer ezta izanen teatroko solastari batzuren aurrean dagoen batentzat?

      Orain bi urte areto honetan bertan teatroaren gaineko elkar-hizketa batzuk izan genituen euskaltzaleak. Zuen artean batzuk gogoratuko dira. Bertan ni ere mintzatu nintzen, eta gaurko problemaren gainean arrazoi batzuk eman nituen, nolako euskera erabili behar dugun gure teatroetan. Esan nuen orduan zuzendariaren, teatro-taldearen zuzendariaren kontu utzi behar dugula asuntu hori, idazleok gune modura eskribitu behar dugula, eta gero komedia bat herri batera eramaten denean, solastariak bertako euskera erabiltzen arduratu behar direla. Baina orain konturatzen naiz hori eztela posible. Teatrolariak gehienetan, gizon normalak dira, eta ez linguista porrokatuak. Beraz orduko nire asmoa astakeria bat iruditzen zait.

      Luis Mitxelena jauna antzinako euskera bilatzen du, eta adrez horretan eman dituen pausuak oso seguruak izan dira. Baina euskal herriaren etorkizuna hobetu nahi dugunontzat probetxu gutxikoak izanen lirake, baietatik ikaskizunak aterako ezpagenitu. Eta euskal herria euskalduna izaten segi dezala nahi badugu, euskera bat eta bakan bat eduki behar dugu. Honen gainean franko mintzatu da, baina uste dut orain ere hauzi honi jentartera berriz ateratzen badut, aspergarria izateko arriskuan nire burua jartzen badut ere, eztela gaurko nire urrats hau alferrikakoa izanen.

      Bertsolariek euskera bat lortu dute beren saioetarako. Horretan eztago dudarik, eta honen kontra diardukanak, eztu bertsolarien berririk. Proba da nola gaurko bizkaitar bertsolari gazteek (Azpillagak, Lopategik, Mugartegik, Iturrik), gipuzkoarren mintzaera erabiltzen dutena. Batasun hau berez lortu da, bertsolaritzak bere barrenean daraman indar bortitza dela kausa eta medio. Baina gainerako literatur-gaietan beste horrenbeste gerta dadila itxadotea zorakeria litzake, gainerako beste literatur-gai guztiek ezpaitadukate bertsolaritzak dadukan indar berezi hori.

      Gure teatrorako euskera bat eta bakar bat behar dugu; teatro-talde guztiek euskera hori erabiltzen badute, laster ohituko dira teatroa ikusten joaten diren guztiak, eta gure teatroari oinarri fugerte bat emateko lehendabiziko urratsa izanen litzake hau. Eta euskera hori, nola lortu? Zuengandik bati galdetuko banio, errazki erantzunen lidake: Euskaltzaindiak, Euskal Akademiak tajutu eta moldatu behar du hori. Baina... Baina hemen gaztelu bat baino baina haundiago bat ateratzen zaigu inkontrura. Ihaz Arantzatzun egin zen Eukaltzaleen Biltzarrean hala eskatu genion Euskal Akademiari. Hain fugerte eta gogorrik eskatu genion batzuk, ezen boza galdu ere egin zitzaigun. Ni askotan Euskaltzaindiaren batzarretan nator honera, Donostiara, nire urgazletzak ematen didan eskubidearekin. Baina bertan inolako tentelkeriak diskutitzen dira, eta azkenean denpora galdu besterik ezta egiten. Gauza txikiez eta inportantzia gabekoez arduratzen dira... bertara joaten dira euskaltzainak, gehienak batzarretatik agertu ere ezpaitira egiten. Hitz bitan: Munduan inoiz ikusi den zora-etxerik haundiena da batzutan Euskaltzaindia. Orain hilabete batzuk Bizkaian euskaltzain berriak izentatu ziren, eta uste dut behin baino gehiagotan eztela haien aurpegirik ikusi. Lapurdiko euskaltzainak etortzen direnean aparteko jaia zelebratu behar da. Horregatik guzti horregatik behar dugun euskera bat eta bakar bat Euskaltzaindiak eman behar digula esaten didanari, nik ametsetan dagoela esan beharko diot.

      Badirudi, baina eznago oso seguru, Baionan elkartate bat fundatu dela aspaldi honetan gure amets eta ilusio hori betetzeko asmoarekin: Euskal Idazkaritza. Nik eztakit zer eginen duten, baina dena dela, haiei laguntzeko prest nago. Eztirudi fundamentu gehiegi bertan dagoenik, niri orain artean, proposizio bat besterik bigaldu eztidatelako, eta hau da euskal toki-izenak nola aipatu behar diren. Hau etxea teilatutik hastea izanen litzake, baina tira! nunbaitetik hasi behar da, eta hobe da hortik, ezen ez inundik ere ez.

      Orain arteko nire solas hau hitz bitan laburtuko dut: Euskeraz teatro moderno bat antolatu nahi badugu, euskera errez, herrikoi, mundukor eta bakar bat erabili behar dugu, euskal idazie guztiak eta teatro-talde guztiak akort eta batera joan ditezen conditio sine qua non.

      Baina zer-egin honetara geroago itzuliko gara. Oraingoz naikoa da.

      Lehen esan dut nabari ikusten dugula euskal teatroaren aldeko mugimentu bortitz bat. Zaharrak gelditzen direnean, gazteak mugitu behar dira, edo hobeki esanen nuke, espiritu zaharreko gizonak isiltzen direnean, espiritu gaztekoak mintzatuko dira.

      Eztakit mugimentu horren barrenean sarturik nagoenik. Nik uste dut baietz, buru-belarri sarturik nagoela, ez bakarrik barrenean egon nahi dudalako, baita besteek sartzen nautelako. Bestela, zertarako ekarri naute honera? Beraz, gizon gazte guzti hoien izenean mintzatu nahi nuke, gaurko euskal teatroarekin ezpaikaude konforme, gure teatro txikia haundiagotu, hobetu, dotoretu eta berriztatu ahal eta behar dugulako. Gure euskalduntasunak hala eskatzen digu. Gure eskuetan dago.

      Baina berriztatu nahi badugu, zertan gauden jakin behar dugu lehendabizi. Eta oraingo egoera hobeki konprenitzeko, euskal teatroaren historia ezagutu behar dugu. Zoritxarrez gure teatroa ezta hain gauza haundia, ezta zabalera haundikoa. Zuberoako pastoralak alde batera uzten baditugu, hauk aparteko kasuak baitira, eta estudio berezi bat merezi baitute, gure teatroak Gipuzkoan izan zuen sorrera edo jaioera, orain berrehun eta berrogeitamar urte inguru. Tolosako Auspoa liburu-sortak liburu bat argitaratuko du aurten (Jainkoa dela medio) «Gipuzkoako Teatro Zaharra» izena eramanen duena. Liburu hori Aita Antonio Zabalaren eskabidez nik preparatu dut. Hiru teatro-lan zahar dira, berrienak orain berrehun urte betetzen dituena, Peñafloridako jaun konde Xabier Munibe eta Idiakezek eskribiturikako euskal opera lehena, erderaz «El borracho burlado» deritzaiona, eta guk euskerazko edizio honetarako «Hordi Enganatua» izendatu duguna. Honez gainera beste bi daude, eguberri opereta bat, Azkoitiako monja Sor Luisak (eztakit nik nondik atera duten haren abizena de la Miserikordia dela) eskribiturikako Gabon-Sariak, eta hastekoz Mondragoeko eskribau Pedro Ignazio Barrutiak eskribiturikako eta eztakigu berak bai ala ez tajuturikako «Gabonetako Ikuskizuna» hainbeste zarata atera duen komedia on-on-on hori, bere firmatzalea hilda gero berrehun urtera teatro-sari bat irabazi zuena. Askok esanen dute hoik hiru komedia aparte eta ezerekin lokarririk gabekoak direla, baina liburu horri jarri diodan aintzin-solasean argi, garbi eta dudarik gabe probatzen dut hori eztela egia, beste komedia batzuk ere bazeudela, baten esistentzia oso gauza jakina eta probatua baita, eta beste boskarren bat ere badagoela susmoa heldu baitzait azken bolada honetan.

      Baina gero hurrengo ehun urte luzeetan hilda bezala agertzen da gure teatroa, inundik ere ezta ezer agertzen. Eta gero bat-batean, lore berantkor baten antzean, donostiar teatroa piztutzen zaigu. Teatro borren gainean zer esanen dugu? Bi izen geratu dira oroipengarritzat, Soroarena eta Altzagarena, baina etxetik ibiltzeko ere eztira gauza. Eskua bihotzaren gainean jartzen baldin badugu, hala aitortu behar dugu; bestela gezurra esanen genduke. Teatro hori, oso gauza atsegina eta maitagarria, baina literatura ona dela esanen lukeena zororik legoke. Badakit nire esan honekin bat baino gehiago minduko dela, baina uste dut gure artean gauzak argi eta garbi esateko ordua heldu dela. Barruko esamina egin behar dugu; teatro zahar hori hortik ematen da oraindik, eta Altzagaren komedia bat ikusten dugunean, lotsarren gorritu behar zaizkigu maxelak. Gizon haek oso errespetagarriak dira, gure amodio eta itzal ona merezi dute, baina mesedez beren ilobetan gera ditezila, eztitezila izan gure teatro nagusia. Hoek gure klasikotzat utzi ditzagun, eta gure teatro zaharra estudiatu behar dugunerako kontsidera dezagun bakarrik.

      Ordutik honera ze gauza berri egin da gure artean? Izen asko entzun dira: Nemesio Etxaniz, Telesforo Montzon, Carrasquedo... Hoek dira oraindik bizi diren gizonak, baina badirudi beren eginbeharra eztutela gehiegi maitatzen, teatrolari zaletuak direla bakarrik. Beren ofizioa gauza xerio bat bezala eztute hartu, eta haien lana gauza preziagarria baldin bada ere, goiko gailur goren batera eztira heldu. Beste horrenbeste gertatzen zaigu Jon Etxaideri eta Gabriel Aresti mutil urrikari honi ere. Lotsa bagina bezala eskribitzen dugu, eta hau gure bekatu haundi bat da, gaurko euskal teatroak dadukan akatsik eta hogenik larriena. Hogen itsusi honetatik, nire iritzian, hiru idazle salbatzen dira, lapurtar bat, gipuzkoar bat eta bizkaitar bat: Pierre Lartzabal, Andoni Maria Labaien eta Agustin Zubikarai. Hauei eskerrak gure teatroa ezta hain gauza baldarra, hain gauza traketsa, hain gauza iluna. Baina geroago itzuliko gara zeregin honetara ere.

      Euskal teatroak dadukan bigarren problema horixe baita: idazleen falta. Askotan galdetu zait niri, hea falta hori kanpoko antzerkiekin bete litekeen, hea zilegi den, gure artean teatro-idazle onik eztagoen bezala, kanpoko, atzerriko antzerkiak aukeraz jartzea. Eta zer esanen dut? Ezetz esanen banu, zorakeria litzake. Nire iritzia da gure artean munduko idazlerik hoberenak baleude ere, antzerki itzuliak eman beharko genituzkeela.

      Nire asmo oso zahar bat izan da beti, liburu bat egitea. Orain diodan liburua oraingo teatro modernoaren erakusgarri bat izanen zen, bilduma bat, azken hirurogei urteotan eskribitu diren antzerkiena. Bertan sartuko nituzke: Eugene O'Neillen «Anna Christie»; Thomas Stearns Elioten «Famili-Biltzarra»; Paul Claudelen «Mariari eginikako Diosalea»; Diego Fabbriren «Jesusen Kontrako Hauzia»; Graham Greenen «Gure bizi-lekua»; Thornton Wilderen «Gure Aginetako Larrua»; Bernard Shawren «Ama Santa Joana»; Henriko Ibsenen «Arima Erratuak»; Fritz Hochwälderen «Hotel du Commerce»; Ugo Bettiren «Erreginaren etsaiak»; Samuel Becketten «Godoten zai»; Eugene lonescoren «Kadirak»; Alejandro Casonaren «Bukatu gabeko Sinfonia»; Luigi Pirandelloren «Eman nizun bizitza»; Albert Camusen «Kaligula»; Arthur Milleren «Salengo sorginak»; Ramon Valle Inclanen «Jainkoaren Hitzak»; Leonidas Andreiefen «Tzar Garod»; Federiko Garcia Lorcaren «Bernarda Albaren Etxea»; Anton Txejofen «Gerizetako Baratza»; Tennessee Williams «Kristalezko Tresneria»; Jean Paul Sartreren «Esku zikinak», eta Bertolt Brechten «Galileoren Bizitza». Honekin pizkat antza berri eman nahi izan nion gure teatroari; eta oso geldi lan egin badut ere, zerbait egin dut eta hogeitabaten antzerki hoietatik lau euskeratu ditut; Lorcarena; Txejofena; Vallerena eta Hochwälderena. Euskaldunen arimetan adore pizka bat ikusi banu, arinago lan egingo nuen, baina jentea zein gutxi arduratzen den ikusirik, gogoa galdu nuen.

      Baina denporak aldatu direla dirudi; oraingo euskaltzaletasuna ezta orain lau urtekoa, teatro gaietan behintzat; Iñaki Beobidek esaten zigun azken artikulu batean Alfonso Sastreren eta Henriko Ibsenen komedia bana dadukala euskeraturik, hori kontuan eduki gabe nola Alejandro Casonaren bat, Priestleyren beste bat eman direla, eta egun gutxi barru O'Neillen beste bat emanen dela. Bai, denporak aldatu dira; gezurra dirudi Tennessee Williamsen komedia bat eman litekeenik gure euskera urrikarian, baina hala ere eman egin dute. Zorionak!

      Hau guzti hau ikusirik, baldin eta inork horren gaineko nire iritzia eskatzen badit, zein izanen da, bada, nire arrapostua? Baina kontuz zer itzultzen den, zer jartzen den euskeraz. Erdalerritik antzerki bat ekartzeak eztu esan nahi antzerki horrek derrigor ona izan behar duela. Nunbait aditua dut Calvo Soteloren «La Muralla» eta Segarranen «La Herida Luminosa» hortik eman dutela euskeraz. Baina holakorik egin duenari argi esanen nioke komedia txar naikoa eskribitzen dela euskeraz, atzerritik txarragorik ekartzeko. Eta komedia bi hauk Espainian hainbeste bider eman direla esatea, ezta arrazoia, Sautier Casamojadaren «Odolezko Krabelina» eta Martin Teodororen «Alargunaren semeak zimaurtegietara ez bota» bi komedia sonatuak gehiagotan eman direlako.

      Arrisku honetatik libratu behar dugu gure teatroa. Hori eragozteko ematen diren pauso guztiak eztira asko izanen. Eta arrazoia oso nabarmena da eta batere esplikaziorik behar eztuena:

      Euskal herria bi modutara eduka dezakegu, erderaz edo euskeraz. Oraingo indar biziek lehen bidea hautatu dute eta agirian dago zein izan den ondorioa, kultura-falta izugarri bat. Honen kausa hau da: etxean edukazio bat errezibitzen dutela eta gero eskolan beste bat, eta hemen ebatura bat egiten da, kultura biren arteko apurrera bat, eta azkenean euskaldunak eztaduka ez euskal kulturarik, ez erdal kulturarik. Hau da hemen guztiok dakigun gauza, nola konparazio baterako, euskal jai batena baserritarrak doazenean eztagoen bertan iskanbilarik, dena dela bake santua eta haztura ona baina kaletarrak baldin badoaz oro dela zarata eta zalaparta, kakahueteak jateko hotsa eta barre algara lizunak. Hala gertatzen da, baserritarra gehienetan kultura bakar batekoak direlako, eta euskaldun kaletarrak ezpaitira osorik eta guztiz espainiar kulturaz jabetu.

      Eta Euskal herria edukatu behar dugu, munduko herrien artean merezi duen lekua okupa dezala deseo badugu. Eta bideak, medioak bilatu behar ditugu hala gerta dadin, bestela gure asmoak asmo onak izanen linake, baina infernua asmo onez horniturik omen dago. Orain esku artean bi bide daduzkagu bakarrik, sermolarien kulpitoa eta bertsolarien kantua. Eztirudi hala ene, naiko dela honi, aurrenekoek kultura-sobra baitute eta azkenekoek kultura-falta baitute. Esku arte beste ate bat dadukagu zabaldurik, liburua, irakurriera, baina gune herriak eztu ate mehar horretatik igaro nahi. Gainerako ate guztiak itxita daude, eskola, radioa, telebista, egunkaria, zinema. Batez ere aurrena, eskola, herri baten bizitzarako gauzarik premiazkoena, nazioen hasnasa, erresumetako kulturaren bihotza. Lastima ematen dio euskal arimari gure haur euskaldunak eskolara joaten ikusteak, bertan nola hainbeste mila urtetan moldaturikako kultura bat galtzen duten, eta hala ere nola eztezaketen erresuma latinoetatik etorri zaigun kultura zipriztin hori irabazi ahal izan. Euskaldunak bagera, hutsune hori lehen-baitlehen betetzen alegindu behar gara, eta eztezagun aitzakiarik inun bila, eztezagun gure erru haundi hori hauzoaren sorbaldetan bota, halako toki batean halako gobernua dagoela eta gainerako deabrukeriak. Ez inolare! Guregan dago errua. Gure premia hori betetzeak merezi dituen alegin guztiak enpeñatuko bagenitu, euskaldunok euskaldunaren izenaren merezient bagina, gure kobardekerian, gure interesetan, gure bizio desleialetan sartuko ezpagina, gure herri maitagarriaren etorkizunean pentsatuko bagendu, ezlegoke munduan ate hoek guri itxitzeko naiko indarrik. Bai, gauza haundiak esaten ditugu oilarraren gangarra ateratzen dugu, hitz ederretan galtzen dugu astia eta kurajea, baina hori kanpoko azal koloretsua da, bertan izkutatzen dugu gure haundi-nahia, bertan ostentzen ditugu gure negozioak, gure miseriak, gure etoikeri eta doilorkeriak. Ai ene, argi eta garbi mintzatzeko kuraje naikoa izanen banu, egoera larri batek loturik ezpanengo, hala fede!, gogorrik salatuko nituzke gizon faltso eta bilau hoek, mezara joan eta euskaltzalearen izena eraman, eta gero Espainiako eremu latz eta pobreetatik langile ekarri eta gutxi pagatu dituztenak. Ai ene, kuraje naiko bagendu, etzela gure herria hain dubarik lukurrero euskaldun batzuren eskuetan galduko. Baina barka zazue, jaun-andreak, ni honera euskal teatroaz mintzatzera etorri bainaiz. Eta esan nahi nuen euskal herria edukatzeko ate berri bat zabaldu behar dugula, eta hori da euskal teatroa. Baina kontuz! Euskal teatroarekin ongi eduka edo deseduka dezakegu. Eta horregatik herbesteko antzerkiak euskeratzen baditugu, Alfonso Sastre izan dadila eta ez Calvo Sotelo, Henriko Ibsen izan dadila eta ez Sautier Casamojada.

      Beraz munduko teatro guztia aztertu, ikertu eta arakatu behar dugu. Eta hori egiten badugu gure begiak laster finkatuko dira gaurko antzerti modernoaren aitarengan, Noruegako eskritore Henriko Ibsen haundiarengan. Gaurko teatroaren aita dela eztut konparaziorik jartzen, eztezala inork eskandalorik har, hori egia huts, garbi eta biribil bat besterik ezpaita.

      Henriko Ibsen mila zortzirehun eta hogeitazortzigarren urtean jaio zen, orain ehun eta hogetamasei urte. Ibsenen gogora ekarten dit niri Unamuno ez haien artean berdintasun haundirik dagoelako, ezpada biek sufritu behar ukan zutelako sorterriaren arbuioa. Hala da, Noruega ere Ibsenek gaztezaroan herri atzeratu bat izan zelako. Baina ez gurea bezain atzeratua, Ibsenek bere azken urteetan bere sorterriaren amodioa ezagutu zuelako. Unamunok berriz, hogeitazazpi urte hil zenetik igaran baldin badira ere, euskal herriaren arbuioa eta gorrotoa sufritzen du oraindik ere. Ibsenek bere gaztezaroan teatro klasikoa eskribitu zuen, Braud, Peer Synt, Enperadorea eta Galileo, Katilina... Shakespearek berrehun urte lehenago markaturikako pausoetan zebilen. Baina egun batean aire gaizto batek jo zion burua, jenio haundiek ezagutzen dituzten aire gaizto hoietatik batek jo zion, eta bide berriak zabaldu zizkion teatroari. Orduan sorrera eduki zuen teatro modernoak, Ibsenek Dostagarrien Etxea bukatu zuen egunean. Antzerki horretan emakumearen eskubideak defenditzen zituen, eta gizarte libreago bat deseatzen eta proposatzen zuen. Egun haretan jaio zen gizarteko edo gizaldeko literatura delako hori. Orduko Aristarkoek eta Zoiloak haren kontra oldartu ziren itsuki. Baina Ibsen etzen humildu, etzen apaldu, eta euskal baserrietan esan den bezala kontestazio bat egin zien. Ibsenek bere burua libre kontsideratzen zuelako, eta gainera munduko gobernariek baino gehiago zekielako. Eta haien kontra esan ziren gauzen erantzuera, beste komedia edo trajedia bat eskribitu zuen: Arima Erratuak. Antzerki hau estrainatu zenean, moralisten eta etikalari adimentu gabekoen aldarriok, deiadarrek eta garraisiek etzuten sekula mundu honetan parerik edo berdinik ezagutu. Eta Ibsen Noruegatik deserritu eta desterratu behar ukan zen, Alemaniara eta Italiara. Baina etzuen amorerik eman, eta hirugarren bat eskribitu zuen: Herriaren Etsaia bost egintzetan moldaturikako trajedia luzea. Trajedia hau, momentu askotan komedia bat dirudiena, erantzuera zuzena da. Ibseni zer gertatu zitzaion egiak esatera ausartu zelako, eta Ibsenek zer esan behar duen bere burua zer-egin zaratatsu haretan defenditzeko. Paradoja-joko bat da, herria maitatzen duena herriak gorrotatzen duela, eta kontrara, herria gorrotatzen duena herriak maitatzen duela. Demokrazia liberalaren kontrako atakerik haundiena da, nik ezagutzen dudanik. Eta honek burura ekartzen dit nire oroitzapen zahar bat. Guztiok dakizue, ni ezagutzen nauzuenok behintzat, nola ni beti ibili naizen, eta ibiltzen naizen orain ere, egiatzat edukitzen diren gezurren kontra, topikoen kontra, mitoen kontra, eta oraindik ezpadakizue, zelaiki esan behar dizuet nire ihardukiera prestu horrek hamaika desgustu kostatu didala. Orain urte batzuk, euskal konpainia atsegin batean nengoela eztabaida sortu zen, ez naiz gogoratzen orain zeren gainean. Eta guztiak nire kontra. Orduan argudio nagusi bat balitz bezala presentatu zidaten, mundu guztiak batera pentsatzen badu, eta gizon bakar batek bestera pentsatzen badu, bakar horrek eztadukala arrazoirik. Konparazio baterako, soldado-konpainia batean soldado batek txarki markatzen du pausoa, eta sarjentuak agiraka egiten dio, baina soldaduak erantzuten dio berak ongi markatzen duela, txarki beste guztiek markatzen dutela. Baina nik erantzun nion nire lagun on hari, antigoalean mundu guztiak sinesten zuela lurra plauna dela, baina Galileok esan zuela biribila dela, eta ukatu arazi bazioten ere, lurra ezta plauna biribila baizik. Hala gutxi gora-behera da «Herriaren Etsaia» trajedia horren argumentua. Baina Ibsenek arrazoia zedukan, eta azkenean mundu guztiak aitortu zion, eta Erroma zaharreko zenturioi garailtzale baten errezibiera eduki zuen Oslon.

      Ibsenen teatroa gaurko teatroaren oinarria izan da. Gero antzertilari guztiak harek zabaldurikako hildoetatik martxatu dira. Hiru ejenplo jarriko ditut, hiru nabarmenenak: Eugene O'Neill, Ugo Betti eta Bertold Brecht, hirurak Ibsenen hurrengo belaunaldikoak, eta hirurak ideologia diferentetakoak.

      Eugene O'Neilli Nobel-saria eman zioten. Nobel-saria irabazteko modurik agudoena Frantzian edo Amerikan garaian jaiotzea da. Horrekin meriturik erdia egin da. Baina honekin ez dut esan nahi O'Neillek etzuela Nobel-saria merezitu. Bai, sobera merezitu zuen. O'Neillek New Yorken jaio zen, irlandes teatro-artista batengandik. Gaztezaroan eztirudi oso mutil normala izan zela, mila ofizio eta afizio desberdin izan zituelako. Eta bizitza desordenatu haren etekin edo, bularretik egin zitzaion mutilari; eritasun hori osatzeko senda-etxe batean sartu behar izan zuen, bertan deskantsu osoa egiteko. Atseden-aldi horretako ordu luzeetan aspertu ez egiteko, idazten paratu zen, eta beraz bere lehen antzerkia atera zitzaion. Bere egiazko bidea ezaguturik, bertatik abiatu zen, aurrerantzean batere konorte-galtzerik eduki gabe. Haren antzertia, oso antzerti tormentatu eta oinazeztatua da, gizonaren barreneko problemak askatu nahi ditu. «Karibe Itsasoko Ilargia», «Elektrari ongi datorkio jantzi beltza», «Jones Enperadorea», «Anna Cristii», «Zumarren azpiko gutizia», «Brown Jainko Haundia», «Zimu iletsua», «Zeru-mugaren bestekaldean», «Jainkoaren seme guztiek daduzkate hegalak», «Diferente», eta lehen epokako antzerki guztiak taju berekoak dira. Bertan estudiatzen dira gizonaren grina behere guztiak, sexuaren indarra, diruarenganako maitasuna, jabetasunaren aldeko burrukaldia, eta batera soluzioak bilatzen dira, gehienetan ezer aurkitu gabe, gizona grina itsusi hoietatik nola libra litekeen. Ejenplo bat jar dezagun: Bere «Diff'rent» komedia, teatro-aste honetan euskeraz emanen den antzerkia. «Diff'rent», edo hemengo euskaratutzaileak bataiatu duen bezala «Bestelakoa», aldi haretako tragedia bat da. Bertan ikusten da neska bat, nobioa dadukana, baina eztu senargai hori amodio mundutar edo haragitar batez maitatzen; senartzat gizon diferente bat deseo du, gizon garbi eta tatxarik gabeko bat, gizon ezin-hobe bat; eta bere senargaiak haragiaren har-emanak beste andre batekin izan dituela enteratzen denean, bertan ematen dio despedida. Zer egin hau, Euskalerrian ezkontza galdutako bertso-paper batekin konponduko zen, baina O'Neillen teatroko pertsonaiak eztira hain gauza zelaiak. Gero neska hori, denporarekin, mutxurdin geratzen da, eta azkenean mutil gazte eta doilor batez enamoratzen da. Eta orduan, mundu honetan inor eztela diferente, persona guztiak haragiaren indar eta grinetara loturik gaudela ikusirik, bere burua hiltzen du. Komedia hau zuek ikusiko duzue egun gutxi barren, hemengo «Jarrai» euskal antzerki-taldeak teatrora eramana. Obra gaitza da, baina nik espero dut lñaki Beobide jaunaren habileziak ederki jakinen dituela haren gaiztasun guztiak menperatzen. O'Neillek trajedia hauk tajutu zituenetik urte asko pasatu ziren eta haren teatroa ahazturik geratu zen. Baina azkenean hiru obra berri eskribitu zituen: «Seme bortarentzat ilargi bat», «Komet jela-gizona», eta «Gauaren barrenerako bidaje luzea», bere lehengo fama, hospe, eta sona guztia koberatu zuena.

      Ugo Betti italiarra da, eta juezaren kargua eduki zuen urteetatik zeihar. Bere lege-enpeñuaz gainera, zaletasun izugarria izan zion teatroari, halako moldez ezen Pirandellok hutsik utzi zuen lekua berak bete zuen Italian. Bere legelaritzak gai ugari eman zion bere trajedietarako: Hori nabarmenen ikusten da «Justizi-Jauregiko Usteltasuna» eta «Ifarreko tren-geltokian paret-haustea» trajedietan. Hauk izan dira fama gehien eman dioten antzerkiak, baina gainerakoak «Eguna apurtu arteko burruka», «Ahuntzen ugarteko bidegabea», «Erreginaren etsaiak», «Uraren gaineko Etxea», guzti hoek eztira makalak.

      Baina Ibsenen azterrena argien ikusten da alemaniar antzerkigile Bertolt Brechten obran. Teatroaren barreneko moduetan eta teatroaren azken fin bateko jo-mugan ikertzale eta bilatzale haundi hau, Babierako Augsburgen edo Augustoren Hirian jaio zen mila zortzirehun eta laurogetahamazortzigarren urtean. Haren lehen komedia «Baal» izan zen eta gero «Trommeln in der Nacht-Gaueko Atabalak» eskribitu zituen. Gerotxuago «In Dickicht der Stadt-Hiriaren mehartasunean», «Mann ist mann-Gizona gizon da», «Aufstief und Fall der Stadt-Mahagonny-Mahagonny hiriaren haunditasuna eta eroriera» eta «Die Heilije Johanna der Schlachthöfe-Hiltokietako Ama Santa Joana» eskribitu zituen. Hau guztia hau haren obra txikia da, eta ongi konturatu zen bera ere. Orduan Kurt Weilen musikarekin opera bat eskribitu zuen «Die Dreigroschenoper» edo «Hiru grosetako opera». Gaztelako erderara beti itzuli da opera honen izena: «La ópera de los cuatro ochavos» eta ez «La ópera de los tres groses». Eztakit zergatik izanen da hau, zergatik lau eta ez hiru, zergatik ochavo eta ez gros. Aleman hiztegi batean begiratzen baldin badugu, groschen gros dela ikusiko dugu, eta diru hori, gros hori Espainian ezaguna ezpalitz ongi egonen litzake bestela itzultzea, baina grosa, nafar-liberaren hamarrena zen. Baina alegia!, Nafarroa ez da Gaztela, badakizue zer esan nahi dudan.

      Eta hemen teatro berri bat hasten du Brechtek, bere «Lehrstücke», kultura irakasteko antzerkiak, Lindbergen hegaldaketa Husdemithen musika daraman, Erabakia, Hans Eisleren musika daramana, Baietz dioena eta ezetz dioena, Weilen musika daramatenak, eta abar. Baina momentu honetan kalamitate haundi bat gertatzen zaio aleman herriari, judu herriari eta mundu guztiari. Adolf Hitlerek poterera igotzen du Berlinen. Brecht komunista da, eta deserrira bidea hartzen du, gaz-ganbarara bidea hartu baino lehen, alegia! Eta atzerrian Hitlertasunaren kontrako antzerkiak idazten ditu: Die Kundköpsfe und die Spitzköpfe, Furcht und Kend des III Reich, Der manfhaltsame Anfstig der Artur Ui (Artur Ui hau Hitler berbera da), Die Servehre der Frau Carrar (Hau Espainiako gerraren gainean), eta abar. Baina Hitleren zorotasunak heriotzera eramaten du Alemaniako buruzagi zoritxarrekoa, eta bere sorterrira bihurtzen da Bertold Brecht deserritik, eta Paukoweko gobernuaren laguntzarekin, deserrian eskribitu duen teatro haundia ematen da «Ama Koraje eta haren haurrak», eta berri eta haundiago bat idazten du: «Galileoren bizitza», «Se-zuannen arma ona», «Kaukazoko Kreda-zirkulua», «Puntila Jauna eta Matti haren morroia», «Schweyk Munduko Bigarren Gerratean», eta «Komun-egunak». Brechten teatroan antzertitik kanpoko gauza asko sartu dira; musika eta dantzaz gainera, baita filosofia berri bat, ekonomia-gaiak, etnografia, pintura eta eskultura ere, guzti hoiek gorputz bat formatzen dute, ozidenteko gizarte batean posible eztena.

      Eta orain bitz bitan labur dezadan orain arte esandako guztia.

      Hiru problema nabarmen ditu euskal antzerkiak:

      Lehenbizikoa: euskeraren zatiera, euskeraren dialektotasuna, bereiztasuna. Esan nahi dut euskera bat eta bakar baten falta.

      Bigarrena: idazleen falta, eta daduzkagunen trakeskeria.

      Hirugarrena: itzultzaileen falta.

      Eibarren, orain bi hilabete edo euskal teatro taldeen bilera egin zen. Eta badirudi elkartade batean unitu eta batuko direla. Honela problema asko askatuko dira. Hau Bilboko Lopez de Gereñutar anaien eta Donostiako Iñaki Beobideren meritu haundia da. Baina nik hemendik dei bat egin nahi diet hoieri, eta bilera horretan parte hartu zuten guztieri. Bide batez dei hau euskal teatro-idazlari guztieri ere egin behar diet. Eta hau da:

      Eibarko bileran asmatu zen elkartade hori lehenbaitlehen fundatu eta formatu behar dugu. Baina elkartade horretan idazleek ere hartu behar dute parte. Frantzian badago holako elkartade bat, La Comédie Française. Guk gure euskal komedia eduki behar dugu, eta izen abertzaleago bat nahi baduzue, gure Euzko Antzerti Zaindia. Niri berdin dit izena. Nik elkartadea nahi dut, eta gainera lehenbait-lehen jarri dadila martxan.

      Har dezagun Euskaltzaindiaren ejenploa, eta Espainiako agintariakana jo dezagun. Handik dirua lor dezagun. Uste dut Donostiako Aiuntamentua oso prest egonen dela urtero-urtero zerbait emateko. Nafarroako Diputazioa ere ezta atzean geldituko. Eta honela hasten bagara, denpora gutxiren barrenean Euskalerriko Diputazio eta Aiuntamentu gehienek emanen dute, orain Euskal Akademiari ematen dioten bezala.

      Baina hori hasteko motor bat behar dugu, eragile batzuk. Eta orain nire begiak Donostiako bi mutil azkar hoien gainean jartzen dira. Hea Beobide! Hea Tolaretxipi! Mugitu zaitezte. Euskal herria zuen zai eta begira dago. Hori lan haundia izanen da, baina euskaltzaleen artean lan haundiagoak egiten ditugu, azkenean ezertarako ere balio eztutenak. Nire iritzia da, eta ez bakarrik nire iritzia, baita nire segurantza ere, lan hori, gure elkartade deseatuaren lan zuzpergarria, etekin eta haunditasun haundiko lana izanen dela. Aurrera, mutilak, Bilbon ere badaudelako mutil pizkorrak, eta hea guztion artean zer-egin aspergarri horri bere kirats nardagarria kentzen diogun, eta euskal teatroaren gauza delako hori azkenean lore usain gozoko bat bilakatzen den.

      Euzko Antzerti Zaindiak elkartade xerioa, oso xerioa izan beharko du, araudi batzuk idatzi beharko dira, baina beteko diren araudiak, ez Euskaltzaindiarenak bezalakoak. Bertan esanen da zenbat teatro-zain izanen diren eta nolakoak izanen diren nolako obligazio eta bete-beharrak izanen dituzten eta gainerako guztia.

      Gaur Maiatzaren hamairua da. Eztakit hau inoiz beteko bada, noiz beteko den. Urkiolako Aita San Antoniori eta Aralargo Jondone Mikel dohatsu gure patroi Santuari, Euzko Antzerki Zaindia laster ikusiko dugun gauza izan dadila.

      Uste dut, nire iritzi egiazko, leial eta zintzoa da Teatrozko Euskaltzaindi edo Euskal Antzerti Zaindi horren buruzagia Tolosako jaun Andoni Maria Labaienek izan behar duela. Eta antzerti-zaintzat hautatu behar direla Sokoako parroko Piarres Larzabal eta Ondarroako Augustin Zubikarai jauna, lehen aipatu ditudanak, hiru hoiek direlako gure teatro-idazlaririk hoberenak.

      Jaun-andreak akabatzera noa. Izan dadila nire bertuterik hoberena laburtasuna. Antzertiaren gainean mintzatzera etorri natzaizue, eta antzertiaren gainean badirudi gauza gutxi esan dudala. Baina hori gauza aspergarriegi izanen litzake teatroa ikusi egin behar delako, eta ez konprenitu.

      Gauza gehiago esan behar nuen, batzuek antzertiaz eta beste batzuek beste zer-egin askotaz. Esate baterako, nola lehengo egunean Bilbon Euskal Kantuaren Jaia hospatu zen, eta nola aditzaleek bertara presentatu ziren kantuetarik ederren eta hoberena baztertu zuten. Gure teatroan eztadila inoiz holakorik gerta, demokraziarik eztezagun enplega demokrazia enplegatu behar ezten asuntuetan, hori baita Hitlerek eta Musolinik usatu zuten sistema. Baina orain isilduko naiz, zuek aspertzeko bildurraz.

      Eta aspergarria iruditu ezpanatzaitzue, zuen txaloak izan ditezela, arren, Andoni Maria Labaien, Piarres Lartzabal eta Augustin Zubikarai idazle bikainentzat, hoek gure teatroaren bitxi ederrenak eskeindu dizkigutelako, eta Tolaretxipi eta Beobide lagunentzat, Bilboko Gereñutar anaien laguntzarekin Euskal Antzerti Zaindia antolatuko dutelako. Haientzat izan ditezila zuon txaloak, eta ez niretzat.

      Eskerrik asko.