Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-14-2
Gabriel Aresti
1933, Bilbo
1975, Bilbo
 
2000, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1986, narratiba
1986, antzerkia
1986, poesia
1986, narratiba/antzerkia
1986, saiakera
 
Sarrera
Koldo Izagirre

 

Poesia mailu bat dela esateko ausardia ukan zuen Gabriel Arestik, eta estetika obrerista baten aldekoa dirudien deklarazio honek ikusi batean uste genezakeena baino irakurketa anitzagoa du: mailua lanabesa da eta, ondorioz, poesia tresna da, ez helburu. Bederatzi lerroko poematxo hartan jarri zen estreinakoz euskal poesia poesiari berari buruz hausnarrean, eta hori izan zen Harri eta Herri, ona edo txarra kategorietatik gorago dagoen liburu bat, modu berria zekarrelako: Euskal Herriaren dimentsio urbanoa ere hartu zuen; garbi-mordoilo antinomia gainditu zuen hizkera herrikoi eta aldi berean jaso bat proposatzeko; poesiaren gaiagatik eta estiloagatik garaiko korronteetan txertatu gintuen, eta aurreiritzi klerikaletatik libro ageri zen. Bertute handiegiak dira poemen ederraz edo ederragoaz kezkatzeko. Liburu fundazional guztiak bezala, ikur bilakatu zen, eta esan genezake itzal egiten diola egilearen obra osoari. Gabriel Arestiren poesia soziala bera ere, ordea, harriaren trilogia batean ulertu behar da, eta ez liburu honetako emaitza soil bezala, bere ñabardura eta aberastasun osoan ulertu nahi badugu behintzat.

      Poesia berri honenganako deia, futurista errusiarren moduan Arestik «mandatua» izendatzen duena, Bilbao maitagarri zikin, langile, erdaldun eta bankario hartatik jaso zuen noski, baina baita euskal poesiak berak eskatuta ere. Gure artean Nietzsche-ren argitan aztertu izanagatik, Manuel Maria poeta galiziarrak Danteren Komedia Jainkotiarra-k eragina dela dioskun Maldan Behera poema ilun eta sinbolismoz beteriko hura —gure lirikaren gailurretako bat—, euskal poesian barrena eginiko bidaia kritikoa da beste maila batean. Gure iraganetik ere badatorrelako, Aresti soziala ezin esplika liteke garaiko joera poetikoen eragin hutsaz. Bere lehen obra nagusia ere, Bizkaitarra, gero garatuko zituen osagarri popularrez betea dago. Obra hau irakurritakoan, Gabriel Aresti «poeta handi bezain ezezaguna» zela idatzi zuen Aingeru Irigaraik 1960an, eta leku bat agindu zion Parnasoan.

      Poeta, kantugile, hizlari, itzultzaile, antzerkigile, editore, hizkuntzalari... Arestiren lana prometeikoa izan zen, gizarte berri batek behar zuen hazkurri espirituala moldatu beharrak eragina, eta figurak maiz hartu zion gain obrari egunerokoan. Euskaldunen kontzientzia kritikoa bilakaturik, poesiaz etika egin zuen, testua ez zen izan mandatuaren agiria besterik. Mandatua bera obratzea zen, eta Arestik mailua hartu zuen eskuan harria moldatzeko, herria iratzartzeko. Joxe Azurmendik esana duen bezala, Arestiren «ni» guztia ni publiko bat da, bere gain hartzen duenez sasira kondenaturiko herri baten ordezkotza. Horrela ulertu behar dira bere jarrera paradoxalak eta bere esan hiperbolikoak, poeta zibil handi guztiek bezala literaturaren eta bizitzaren arteko muga hautsi nahi izan zuelako. Eta haiek bezalaxe sufritu behar izan zuen, herria harri zelako puska batean.

Gabriel Aresti (Bilbo, 1933 - 1975) bere kasa euskaldundu zen gaztetan eta kontaduritzan jardun zuen. Poesigintzaz kanpo ere lan asko eman zituen argitara. Antzerkia berritu zuen (Justizia txistulari, Beste mundukoak eta zoro bat...), kantagintza sustatu zuen, itzulpenak, ipuinak eta nobela bat ere utzi zizkigun, Mundu munduan, eta artikulu eta hitzaldi mordo bat, zorrotzak bezain polemikoak bere garaian.

 

Bibliografia

Azurmendi, Joxe. ADAN 1975: AZTERKETA SAIO BAT. (Joseba Zulaikaren ADANEN POEMA AMAIGABEA poema liburuaren epilogoa). Kriselu, 1975

Sarasola, Ibon. SARRERA (GABRIEL ARESTI POEMAK I liburuaren hitzaurrea). Kriselu, 1976

Azurmendi, Joxe. ARESTI: SENTSIBILITATE KONKRETU BAT. Jakin, 36. 1985

Maria, Manuel. GABRIEL ARESTI: ARBRE E PEDRA. Eusko Ikaskuntza – RIEV, 36 zenb. 1988

Arkotxa, Aurelia. IMAGINAIRE ET POÉSIE DANS MALDAN BEHERA DE GABRIEL ARESTI. Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio de Urquijo, 1993

Aldekoa, Iñaki. MUNDUAREN NEURRIA. Alberdania, 1998

Zelaieta, Angel. GABRIEL ARESTI. BIOGRAFIA. Susa, 2000