Haragia
Haragia
2007, narrazioak
160 orrialde
978-84-86766-94-8
azala: Lander Garro
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2017, narrazioak
2004, narrazioak
 

 

Haragia

 

 

Nerea, Kepa eta Zigorri

 

«Eta denak berdin jarraitzen du,

hiriak, lagunek, itsasoak, zuen zain»

 

 

Ez dakit hondartzako haizeagatik edo hainbeste eme zimelgabe zabaldurik nigandik hain hurbil eta era berean hain urrun ikustearen frustrazioagatik ote den baina ikusmira honek balio dit, haragi gosea idazketaren bitartez asetzen dut. Hendaiako hondartza egunez sentimendu bat da, ezer ez den, inon ez dagoen, inor ez direnen herri hau. Ospitaleak, aireportuak, kontzentrazio esparruak eta Hendaiako hondartza. Argia edo itsas marruma baino gehiago zoko honetako mikromundua da nire bazka, gure herriaren ezkerretik zentrora bitarteko joera guztien mausoleo biziduna.

 

 

Hemen, eguzkipeko araztasun erabatekoan, askatu egiten naiz. Eguzkia horretarako baita ene iritziz: isilki erretzen zaitu, erregostearen txinpartak entzun ditzakezu belarria finduz gero, eta usaintxo hori, erretasun hori. Eguzkiak min ematen baitu, eta min horrek beste min guztiak estaltzen baititu.

        Hondartzaren alde arrokatsua maite dut: historiak haitzetan egindako zuloetan kaioak pausatzen, horizontea oztopatzen duten Tonben nazimendu maiestatikoa. Homosexual deitzen diren horiek hartu dute egun alde hau, eta toalla zabaldu orduko ondoan etzango zaizu bular nerabeko ipurdi esturen bat. Nola nahi ere, neska freskoak ikusteko toki paregabea izan da beti, begi likatsuz eta eskukada bete hortzez «naturala da!» dela dioten horiei benetan probetxua ateratzekoa, ordainsari bakarra norberaren gordintasuna agerian uztea izanik. Ez da garesti.

        Atzeraeraginezko memoriaren mirariak zer diren, egun hura gaurkoa balitz bezala ikus dezaket nire aurrean: goizeko hamarrak ziren eta eguzkiak erretzen zuen arren, jende gutxi zegoen hondartzan. Alde batean paristarren falsetto ahotsak nituen arazo domestikoei buruz hizketan munduko ardatzen izaera ekonomikoaz ari direnen imintzioekin; bestean, bakarrik ez zegoela salatzen zuten bi oinetako pare behor gazte baten ondoan. Eguzkitako betaurrekoak sudur puntarantz lerrotu nituen argiago ikusteko: hogei bat urte, gorputzean adabaki zuririk gabekoa, beraz ez zen zona nudistara sentsazio berri bila etorria. Itsasertzetik Ulises gerturatu zen, neoprenoan bildurik, arpoia zakilduta. Leka erantzi zuen, tupustean, eta onartu beharra daukat haragi puska ederra zela morroi hura ere. Ile bustia astindu zuen neskaren gainean, eta titiburu harrituak irudikatu nituen gorpuzñoa zauritzen. Bezperan jaiotakoak ziruditen neska haren bularrek. Urrutiago, belarretan kasik, emakume zuri bat eta gizon beltz bat etzanda, hogeita hamar urte ingurukoak. Neska zurbila zen oso, eta krema geruza lodia zeukan aurpegian. Ile gorriak zituen, marrazki afrikarreko zapi batean jasorik. Gizona ukalondoetan bermaturik zegoen itsasoari begira, eta frantsesez bazekien arren, eztarritik hitz egiten zuen, kolpeka bezala. Neska ahuspez zegoen etzanda, burua eskuen gainean pausaturik, betileak astinduz beltzaren isilune bakoitzean. Miresmenez entzuten zion, noizean behin ingurua barrandatuz. Ezin nuen elkarrizketa entzun, baina Mon pays ulertu nuen behin baina gehiagotan, eztarri beltzetik irtendako Mon pays urrun eta zurruna. Ilegorriak, beltzak hori esaten zuen aldiro izter ingurua igurzten zion gizonari, amatasunez, esango nuke. Cassos bat zela argi zegoen, cas-social bat hemen esaten duten bezala, izan ere horrelako koittadu batzuk ezagutu baititut nik ere bizitzan, eta baita haien gaixotasunaz profitatu ere, eta zerbait ikasi badut hauxe: larrutaldi horiek guztiek ez dute balio trukean eman beharreko laguntza psikologiko amiñi bakar bat ere. Lankideei kontatzen irudika nezakeen denda etniko batean erositako soinekoa jantzita «Ahmadou, Boli Kostan jaioa da eta duela bi urte heldu zen Frantziara, bere herria oso-oso gaizki dago eta abar eta abar», afrikarraren zakil pendularrak hipnotizaturiko hitz jarioa, emakumearen sasi-ezkertiartasuna, bere askapen femeninorako urtetako ahalegina gizon haren hipnosi gaitasunak birrindurik, zeinarentzako, normala denez bere herrian, emakumeak etxola garbi izateko eta arrazaren biziraupena bermatzeko baino ez ziren. Horrelako zerbait idazten ari nintzen, axota papera urratu ahala berotuz, barruan daramadan irakurle txiki horren irribarre erdiak irudikatuz.

        Filia berezia nirea, dudarik ez. Oraindik ezin dut ulertu zer dela eta onartu nuen lanbide hau. Maitasun beharra dela onartzea higuingarria zait. Eta zinez, ez dut uste hori dena. Sexutik hurbilago dago. Emakumeen barreak eragitea izan dut helburu urteetan, hasieran hizketaren bitartez, gero idazketak lagunduta. Denbora pasa ahala, helburuak lausotuz joan dira, eta barrea eragin beharraren ohitura gelditzen zait soilik. Baina hasierako helburua oroitu dut egunotan: haien hortzoiak agerian uzteko grina. Aho barruko haragi heze harekin bakarrik berotzen nintzen garai batean, aluaren irekiduraren iragarle. Eta egidazue kasu, ez dago tronpatzerik: hortzoi gorriminak alu freskoen salatari dira, eta marroixkak, tira, nahiago dut oroitzapen horiek alboratu.

        Gizonkote bat su eske etorri zitzaidan. Eskaini nionean bere zakilburuarekin egin nuen topo, eta gorago, bekain depilatuen azpiko begiratuarekin. Arrosa kapulu bat zirudien, eta nik ez ditut ez arrosak ez kapuluak maite. Metxi, esan zidan modaz pasatako hitza erabiliz. Zer gertatu zen ulertu nahian nabil eta ahalik eta zehatzen izan nahi dut kontakizunean, itxaroten baizik ez dakien txorimalo honetan bihurtu ninduen konbinazio kosmikoren baten bila. Orduan izan baitzen. Morroi haren apendizeak mehatxatuta sentitu nintzela eta, zahartzen hasia ote nintzen bururatu zitzaidan. Beso gorritzen hasia usaindu nuen, kremarik gabe ederki usain daitekeen lurrina, eta ura, pentsatu nuen, uretara noa. Bainujantzia jantzita abiatu nintzen. Pasaeran ahalik eta edertasun gehien ehizatzen saiatu nintzen, beti ere, pieza baten ostean begiratua hodeiertzera itzuli eta marinel begiratua antzeztuz, ez nuen kanpaia jotzera hurbildutako inuzente batekin nahastea nahi.

        Esan gabe doa, itsasoaren lehen metroetan barneratzea baino gauza tamalgarriagorik ez dago, zaharren sexu soilduak, luzaketak egiten ari diren agureak, oraindik tripa zintzilik duten amak kumetxoekin, gazte maiztuak eta itsas-belarren setioa. Uretara sartu eta ahalik eta azkarren egin ohi dut igeri, arnasarik gabe gelditu arte, ahalik eta urrutien iritsi arte. Bodyboardinga egiten ari zen paristar horietako bat zela pentsatu nuen lehendabizi, baina haragi indarge hori guztia ito batena beste inorena ezin zen izan. Ez nuen deus sentitu haatik, deus ez. Besapeetatik hartu nuen, zazpi-zortzi urte izango zituen, mutil ihar bat, zuri-zuria, hotz-hotza. Betileak dardaraka ari ziren bi intsektu beltz. Nire bular gainean jarri eta kostaldera eraman nuen igerian. Biluzik zegoen. Au secours egin nuen oihu, au secours!, ni neu ere harrituta utzi ninduen lotsagabekeriaz, eta agure batek, bere soinketatik indarrez esnarazia, gerrian zeraman zorrotik sakelakoa atera eta aztoramenik gabe laguntza eskatu zuen. Nik, artean, besoetan nuen mutikoa hegaluze bat bailitzan. Bi CRS etorri ziren, mahuka motzean eta kasketarekin, walkietatik aginduak emanez bibote motxekoa, gugandik hiruzpalau metrora, hurbildu gabe. Ur ertzean etzanda jarri nuen, besarkada batean bildua neukan. Zainak ikusten zitzaizkion azal azpian, ezpainek basafruituak ziruditen, zakila hotzak ezabaturik, ederra zegoen hilzorian. Medikua etorri zen gero, eta besoak itxi eta zabalduz, urrutiratzeko agindua eman zigun. Hurbildua zen baita ere bikote mestizoa, neska umeari xamurtasun tragiko batez begira, heriotza opatuz bezala, beltza itsasora son pays begien oroimenean. Eta jende gehiago, biluzik gehienak. CRSek, agindua betearazteko prestu eta alai, jendea sakabanatu zuten, baita ni ere.

        Mutikoari betileak ikusten nizkion ahoz ahokoa egiten ziotela, hegan egin zezaten nahi nuen, beste ezer ez. Haizea eta kaioen karrakak baino ez ziren entzuten, walkie hotsa tarteka. Beldurturik nengoen, aitor dut. Emakumeek ahoa eskuaz estaltzen zuten eta gizonezkook aldaketan pausatzen genituen. Orduan eztul lehor bat, bi, ur txorrota ahotxo ubeletik, likido biketsu bat, jendearen hasperenak. Txalo apalen bat ere entzun zen (nahiz eta orain sinestezina iruditzen zaidan halakorik), eta jendea urrunduz joan zen gutxika-gutxika.

        CRSa hurbildu zitzaidan, koaderno batekin, nire datuak behar zituen, eta galdera batzuk pausatu, esan zidan larritasun plantak egiten ari zenaren plantak eginez. Ni nintzenetz aita. Orduantxe emakume bat heldu zen lasterka, garrasika, larrugorritan. Titiburu bioletak zituen, umearen gainera jaurti zen, haragi kilo haiek guztiak kreatura haren gainean jarriz, bere irekiduren lekuko eginez guri. Medikua hurbildu zitzaion, apur bat eszenak gainditurik nire irudikoz, eta besotik heldu zuen, «Dégagez, laissez-le tranquile, madame».

        Beñat esan zion emakumeak, nafarra zen. Medikua, CRSak eta ni baino ez ginen gelditzen begira. Bibote motxekoak, amari oratu zion sorbaldatik eta ni izan nintzela esan zion atzamarraz. Emakumeak, pauso txiki lasterrez hurreratu eta indarrez besarkatu ninduen. Olatu bat nire oinetan hautsi zen istant hartan eta bitsa sentitu nuen oin bularretan, eta bera, haragi hura guztia nire kontra lehertuta, eta ni, eskuak non pausatu ez nekiela, henna usaineko bere ile xerloak sudurretan kiribilduta. Beñat izena du, esan zidan hondarretan zetzan mutiko zurbila seinalatuz, Eta ni Karmele naiz, esan zidan, bular bigunen sentsazioa sentimendu bilakatuta ordurako nire baitan. Bi muxu gehiago eman zizkidan Karmelek, gero, medikua hurbildu zitzaidan, segundo kontua izan zela ziurtatuz, harrotasunez, bostekoa luzatuz, eta emakumea zizpuruka hasi zen, eta umea lurretik altxa zen, gibela hondarreztaturik, aurrea ubel, eta edertasun aztoragarri moduko hori zuen, begi berdeak, kaioen zuritasuna azalean, ahoa gorritzen hasia, begiratu bat. Medikuak toallaz estali zuen, hari ere lizuna bailitzaion. Gizon honek bizitza salbatu dizu, esan zion amak, eta umeak ahots malkotuz eman zizkidan eskerrak. Begira gelditu zitzaizkidan ama-semeak, eskutik emanda, begiak taupaka.

        Apur bat aztoraturik, puskak nituen tokira itzuli nintzen. Ez nekien zer egin, eguzkipean jarraitzeak zentzua galdu zuen. Geroz eta jende gehiago zegoen hondartzan eta Karmele eta Beñat ez nituen ikusten. Arropak jantzi eta hondartzatik alde egin nuen. Bikote mestizoaren ondotik igaro nintzenean beltzak ingurura bildutako tam-tam joleei buruzko zerbait esan zion neskari ezpain barruak agerian uzten zizkion frantsesean, eta honek gaiztoa ez izateko esan zion, gazte haiek Afrika maite zutela, Ils aiment l'Afrique ces jeunes! Ederki oroitzen dut, ez dakit zergatik, baina nahi gabe ere adierazpen zentzugabeenak oroitzen ditut urteetan. Petrilean, toalla mutur batez behatz arteko hondar aleak garbitu nituen eta galtzerdiak jantzi. Hurrengoan txankletak jantziko nituela esan nuen nire baitan, zapata barruko ezinegona gorputz osora zabaldurik. Hala izan zen, ordutik txankletak erabiltzen ditut, hori ere aldatu da. Apur bat ibili ostean, Karmele eta Beñat aurkitu nituen: hondarretan eserita zeuden, amak toallan bilduta zuen umea, ez zuten hitzik egiten eta itsasoari begira zeuden. Behatzetako hareagatik ez balitz ondo sentituko nintzatekeen, pentsatu nuen, eta autoranzko bidea egin nuen hondar aleekin nahastuz joan zen irudi hura begiratuaz helduz, askatzeko nahikoa adorerik gabe, ordurako haragi haren sentimenduak eztarria itotzen zidala.

        Garai hartan, oposizioak prestatzen ari nintzen. Barazki deshidratatuzko zopez eta paniniz elikatzen nintzen. Beñatena gertatu zen egunean, Evek, bizilagunak, liposukzioa egitea deliberatu zuela eta, soberan izango zituen irabiatu energetiko guztiak ekarri zizkidan, horrela, otorduak laguntzeko zapore askotariko irabiatuak izango nituen. Evek, beti aurkitzen zuen ni ikustera etortzeko aitzakiaren bat. Eta beti etortzen zen txabusinaz jantzita. Onartu egin nituen eta oheratu egin ginen. Ez nuen inoiz berarekin hitz gehiegirik egiten, baina egun hartan, saioa gauzatu eta txabusinaren gerrikoaren bila ari ginela, gertatutakoa aipatu nion. Eve nire ohe azpia arakatzen ari zela kontatu nion, errapeen zanbuluari begira kontatu nion, eta berak, bederen, heroi izatea zer zen sentitu ahal izan nuela esan zidan. Gero muxu behartu bat eman zidan, ateratzerakoan ez zuen inoiz sartutako bera ematen.

        Ordutik, egunero etortzen naiz. Itsasbazterretik pasieran ari den jendeari begira eman ditzaket orduak. Begiez harrapatu eta ez ditut askatzen hondartza amaierara heldu arte. Amaiera izaten da une gorena. Zain egoten naiz, zein mugimendu egingo ote duten buelta emateko, noiz erabakiko duten gelditzea amaiera hondar zati hori dela erabakita, eta batzuek orpoen gainean egingo dute bira, zirku mugimendu batez, edota parabola busti bat marraztuko dute hondarretan. Negargarria da. Are negargarriagoa ibiltaria bakarrik doanean. Batzuk arroketaraino ailegatzen dira, eta harria ukitzen dute esku ahurrez, beren buruari galdetu gabe zertan ari diren. Hondartzan pasieran ibiltzen direnentzako aukera dotore bakarra dago, eta badakit zertaz ari naizen: amaierara heldu denean, ibiltaria itsasoari begira jarri behar da apur batez, eta emeki, gordean, horizontearekin tête à tête egon ostean, orduan, orduan bakarrik, arrastoa desibili. Baina barka excursusa.

        Beti izan ditut arazoak estetikarekin, agian hori da nire arazoa.

        Beñatena gertatu eta gero ordea dena aldatu zen. Irakurle txikiaren hortzoiak agerian uzteko kemena galduta bizi nintzen, halako lukurreriak jota, sasoia galduta. Beñatena eta gero zain ematen nuen denbora eta oharrak hartu ordez poemak idazten nituen, hain ziren anakronikoak ni ere gazteturik sentitzen bainintzen. Karmele eta Beñaten zain egotea, beste ezer ez zitzaidan bururatzen.

        Ebakuntza egin zuenetik beste norbaiti txirrina jotzen dion bizilagunaren hitzak gogoratu zaizkit gaur. Heroia, agian huraxe zen hitza.

 

 

Bi hilabete eta aste bat eman ditut petril honetatik begira, begiak azal-arrasean. Atzo iritsi zen eguna. Ibileragatik izan zen, ume lotsati batzuek izaten duten herren teatral hori, eskerrak ematera hurbildu zitzaidanean bezala, hain gordin eta zurbil. Atzo eguerditan izan zen eta atzetik jarraiki nintzaion. Ikusi bezain pronto hondarrera jauzi egin eta biluztu egin nintzen. Ur bazterrean esertzen ikusi nituen. Beñatek oskolak zerrendatu zituen, olatuek bitsez busti zioten bizkarra eta urezko fereka bakoitzarekin inarrosi zen. Hurbildu arteko segundoak inozokeriaz ibili nituen, umearen edertasunak harrapaturik, emakume loratuei sorgor, Beñat ttipia ikustea Karmele ikustearen ataria zenaren jakitun. Ondoan makurtu eta kaixo esan orduko etorri zen, hondarra zipriztinduz pauso bakoitzean, eta gu bion artean jarri zen. Besoetan hartu zuen mutikoa, eta lohia begitandu zitzaidan bien biluztasunen lotura, zain urdinak agerian zituen nakarezko jainko txikia gizon hari besarkaturik, flotazio marra litzatekeenaren gainetik. Beñatek, ahotsa malkoturik egin zuen txio, «aita!». Gizona, umea estutuz, toallarantz joan zen, pauso bakoitzean atzera begiratuz. «Alde!», egin zidan eskuaz, «Ospa!» ostera. Beñati, nirekin akordatzen ote zen galdetzeko adorea bildu nuen, baina hitzak haizearekin katramilatu ziren. Uhinak oinetan hausten sentitu nituen, Beñaten begi gatzatuak niri begira, kokots zuria aitaren sorbalda errean bermaturik.

        Bata bestearen ondoan jesarrita egon ziren luzaroan, toalla horizontal jarrita. Beñatek bi bider begiratu zuen honantza. Karmeleren arrastorik ez zen ageri.

        Gaur argitaratu dituzte oposizioetarako emaitzak, liburuzain plaza atera dut. Niri Karmeleren haragiaren leherketak barnea hauspotzen dit oraindik, baina dena bere lekura itzuliko den itxura dauka.

        Gaur ere ez dira etorri. Kaio asko dabil eta eguzkiak min egiten du. Bere bular bigunak dira gelditzen zaidan sentimendu bakarra, hori eta plaza hemendik hurbil egokitzeko ametsa.