Haragia
Haragia
2007, narrazioak
160 orrialde
978-84-86766-94-8
azala: Lander Garro
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2019, saiakera
2017, narrazioak
2004, narrazioak
 

 

Usainak

 

Astelehena da eta emazteak bederatzietan esnatzeko eskatu dio. Sehaska logelatik atera eta umeari begira gelditu da Martin. Lodia eta gorria da. Itolarria sentitu du eta leihoak zabaldu ditu. Orduan hasi da. Leihoak zabaldu eta usain batek barrenak irauli dizkionean. Ezinezko horren bila behartu du sudurra, ezinezko usain horren iturburuaren bila, baina simaurraren mingotsak, behiaren zintzarriek, umearen negarrek lausotu dizkiote oroitzapenak. Autoan etorri zaio berriro, eta ez dago dudarik: Ireneren usaina da. Kable, zarata, liburu zahar, herdoil, hauts, gasolina usaina. Trikota usnatu du antsiaz, alboan duen jaka, kolkoa, baina leungailuak desioa itzali dio.

        Irenek metroa hartzen du goizero okindegian lan egiten duenetik, hiria amaitzen den tokian. Poltsan eraman ohi duen liburua belaunen gainean jartzen du norbaitek berarekin hitz egin nahi duela sumatzen duenetan, eta sinopsia edo biografia irakurtzen du. Hiriaren tripak joaten ikusten ditu eserlekutik. Goizeko zazpietan pilulen eraginarena beste ezerena izan ezin daitekeen andrearen sinpatia oldetik babestu nahian magalera atera du Bikoteen bakartasuna liburua, baina ez da hitzak ulertzeko gai. Asfalto eta burdinazko gibel, heste, bare, giltzurrunei so eginez aurkitu du gotorlekua.

        Irene bizi den hirian ere astelehena da.

        Urtebete hara joan gabe. Ezagutzen duen kale, plaza, izkina bat telebistan ikusi izan duenero zimiko egin dio hiriak Martini. Irene berehala ahaztuko zuela sinetsita zegoen. Eta orain haren usaina, itzulera behartu hori, ahanzturaren usaina autoan, nahiz eta erreka firrindan, nahiz eta txarrantxan preso den artilearen kulunka, nahiz eta ezkila hotsak. Saiatu da izen bat jartzen, eta ohartu usainek ez dutela izenik, ez bada zeharkakoren bat. Kasu honetan Irene, zein bestela.

        Bagoitik irtetean aurreko bagoian sartzen ikusi du Martin. Sosegu hori ezin da izan hirian bizi den norbaitena. Pausoa arindu du korri egitera ausartu gabe, eta Martinen printza batzuk ikusi ditu: kopeta geroz eta zelaiagoa, betaurreko finak, jakaren hegala, bekain sarriak. Ateak ixtearekin bat aienatu da. Gero burdinaren karranka, berbaroa, Irene liburuari besarkaturik, eskailera mekanikoek igo dezaten uzten. Eta bere baitarako dio, Martin bazen ere ez dela deus gertatzen, bere buruari superbibentzia eskolak ematen ariko balitzaio bezala: deus ez.

        Bulegora iritsitakoan bafada batek kolpatu du Martin.

        — Usaintzen duzu? Zer da?

        Telefonistak sudur zuloak zabaldu ditu, harrera-gelan ibili da, eta deliberatu du:

        — Labanda.

        — Gurin usaina hartzen diot ba nik!

        Martinek bilerara deitu ditu komertzialak. Luze jo du eta, urduri jartzen den guztietan bezala, betaurrekoen kristalak etengabe garbitzen aritu da Martin. Ogi konjelatuen salmenta eremua zabaltzeko estrategiaren bigarren partea eztabaidatzen ari dira, kasu honetan one to one-a ez dela egokia iritzi dio saltzaile beteranoenak, eta denak gelditu dira Martin saltzaile zenean itzala eman zioneko sugarraren zain: saltzaileen buruari aurre egiteko zuen kemena, buruargitasuna, konplejurik eza. Martin ordea nokeaturik dago, Irene du sudur zuloetan sartuta eta ez da gai haratago joateko.

        — Film mutu bat ikusi nahiko nuke —esan dio Irenek nobioari tabernan elkartu direnean.

        — Mutua izan behar du?

        — Gaur ez dut hitz egiteko gogorik.

        Goizean ogi labekada bat erre zaio alarma jartzea ahaztuta, eta nagusiak manatuak egitera bidali du. Urgentzietarako besterik ez zen telefonora hots egingo balio? Behar-beharrezkoa bada baino ez deitu; nire bizitzara itzuli beharra daukat orain. Hirian zara? Baina erokeria iruditu zaio, eta legamiaz zikindutako sakelakoa garbitu du amantalaren ertzaz. Zer ote da behar-beharrezkoa?

        — Film mutu bat ikusi nahi dut —esango dio nobioari lanetik irtendakoan.

        Irenek egunkaria zabaldu eta atzamarra karteldegiaren gainetik pasa du.

        — Ez dago ezer, inoiz ez dago ezer, inoiz ez da ezer gertatzen hiri honetan.

        — Garagardo bat edango duzu?

        — Ez. Goazen bideoklubera.

        Baba atera zaio eskuan, goizeko erreduran, eta barneko urarekin ibili da jolasean, min egiteraino zanpatzen.

        — Utzi hori bakean, bakarrik joango zaizu.

        Baina Irenek, baba lehertu edo Martin ikusi, ez du besterik nahi.

        — Buster Keatonen bat?

        — Drama bat hobe.

        Nobioa filma ordaintzen ari dela, Martin zebra-bidea zeharkatzen ikustea iruditu zaio berriz ere Ireneri. Ibilera hori. Garondoa. Irten orduko badaki zebra bidean doana ez dela Martin, eta hala ere atzetik joan zaio, geroz eta arinago. Egunkariak zirimolan, Martin ez den gizona etorbidea gurutzatzen eta bera gizonari segika.

        — Nor uste zenuen zela, ero hori?

        Metroan, Irenek hitz batzuk jaurtiki dizkio nobioari habailaz, hurrengo geltokian Martin igo eta berarekin eseriko delako agian, aukera suizida horri helduta, nobioa galdu baino ordezkatu dezakeelako umorez.

        Nanouk eskimala ikusi dute. Mutilak komedia batekin bezala egin du barre, batez ere Nanoukek izokinak arrantzatu eta, pozarren, buruan hozka eginez akabatu ostean algaraka ikusi zaionean. Irenek oso adi jarraitu du filma, ulertu egin nahi du nolakoa izan daitekeen egunero eta egun osoz zuria baizik ikusten ez duen norbaiten gogoa, zuria eguna eta gaua, zerua eta lurra, sua eta ilargia. Amaieran negar egin du, dokumentala egin eta bi urtera Nanouk hil egin zela jakindakoan.

        — Ezin duzu negar egin duela 70 urte hil den norbaitengatik.

        Gonazpian sartu dio eskua malkoak xukatu dituenean, baina Irenek hankak gurutzatu ditu eta sofaren ertz-ertzean eseri da. Entziklopedian irakurri du non dagoen Hudsongo Badia, bertara bizitzera joan nahi duenaren irrikaz.

        «Salmenta Taldearen Zuzendaritza» ikastaroa egitera joan zenean ikusi zuen azkenekoz. Ordurako Martinek bazekien emaztea haurdun zegoela.

        — Zure profila da egokiena, baina apur bat zizelkatuko zaitugu oraindik —eta menderatu beharreko gai zerrenda luzatu zion nagusiak, gari izpi bat inprimaturik zuten orrietan—. Hauxe ikasi behar duzu... eta «Negozioetarako ingelesa».

        Irene, Martin klasetik irten zain egoten zen atean, kristalean bere begiratua harrapatzera jolastuz, hotzak gorritutako sudurra hatsarekin epelduz. Martin beti irteten zen puntuan. Irenek bi opil egin berri ekartzen zituen paperean bilduta, eta metrorako bidean jaten zituzten, hoztu aurretik. Bikote bat gehiago zen hiri hartan, eta euren bikotekideekin ez zituzten manerak hartzen zituzten elkartzen zirenean. Zaila zen ezaguna zen inork ikustea, baina jendea barrandatzen irudikatzea gustatzen zitzaien, eta deskubrituak izatearen aukera txiki haren mugen kontra ibiltzen ziren, boxeolariak ringaren sokekin nola, destinuak beraien izenean erabaki zezan bideak zabalduz. Hotelean maindireak ez aldatzeko eskatu zuten lehen egunean. Lau gau emango zituzten bertan.

        Martinek squash partida bat jokatu du anaiarekin, lasaitu egin beharra dauka. Motxila zabaltzean, gasolina bafada batek hartu dio sudurra, eztarria. Saunan etzan da haragia parrillan jartzen den bezala, eta lepoa behartuz, zakilaren uzkurtze geldoari begiratu dio zimur mulko bilakatu den arte. Gasolina eta ke usainak betetzen dute azulejuzko gela; Martin anaiarengana jiratu da erantzun eske, baina honek bekainak jaso ditu eta luzamendu batzuk egin. Martinek ezkon-eraztuna estutu du, biraka ibili du hatzaren korapilotik gertu. Aldagelarako bidean gerri inguruan jarri du toalla, arnasa hartu du sakon, auto usaina, metroaren hatsa, gurpil errea. Zintz egin du ostera toalla mutur batekin, eta zuria belztuta azaldu zaio, smog.

        Larrua jo ondoren, bakarrik uzteko eskatu dio Irenek. Afari azkarra prestatu dio nobioari, hura ere azkar joateko. Zigarro bat erre du. Sukaldeko azulejuak lurruntzen ikusi ditu. Ganduaren pean pasearazi du gogoa, nolakoa izango ote den zuria baino ikusten ez duenaren bizitza, nolakoa izango ote zen bera Martini hirira bizitzera etortzeko eskatu izan balio.

        — Lotan da umea.

        — Nekatuta nago —esan du Martinek.

        — Azken ahalegin bat egiteko bezainbat? —galdegin dio emazteak konketaren kontra setiatuz.

        Polita da, baina asteburuetan marmelada egiten edo hegaluzea poteetan sartzen dutenen aurpegia jarri zaiola iruditzen zaio Martini. Emazteak zirritua zabaldu eta zakila atera dio. Zintzilik du, hotz. Jiratu da eta emazteari iletik egin dio tira, txabusinaren kontra igurtzika hasi da, burua hondoratu du andrearen adats aratz xanpu usainekoetan, eta Martini ume hil gelditu zaio. Nahiago du gazteagoak zireneko zabarkeria, maindire hezeak, zigarro usaina. Baina umea jaio zenetik etxean desinfekzioa da nagusi. Atzera egin du, xanpu usainaren ordez gantza usnatu nahi izan dio. Belarri zuloa miazkatu dionean lortu du: nerabe usain hori. Emaztea zabaldu du atzetik, sabaira begiratzera behartuz, betebeharra burutu du.

        Nobioak gibeletik hartu du Irene, biguna gizentzen hasia. Garondoa hozkatu dio eta zigarroa erauzi. Irenek, hazita dagoen gizon bat bere kontra estutzen den guztietan bezala, pistola baten mehatxua sentitu du gibelean eta, altxa besoak, amore eman du lapurretaren aurrean. Marmolezko mahai gainera lerratu da, hankazabalik. Mutilak bazterrera egin dio kuleroa eta gorrian pulunpatu da.

        Martinek mihiaz zabaldu dio ebakia:

        — Etorri behar zaizu?

        — Zer.

        — Hilekoa.

        — Ez.

        Eta erreka gezaren ordez itsasoak busti dizkio sudur mingainak, eta orduan bai, ume hila hasi da harrotzen, ubeltzen eta aldarrikatzen, itsaso beltzaren erdian.

        — Zoaz, maitea —agindu dio Irenek txio arin batez mutilari. Sukaldeko paperarekin odola garbitu eta konpresa bat ipini du. Googlen Martinen izen-abizenak sakatu ditu: katakume pertsiarrak saltzen dituen zahar bat katakumez inguraturik, eskolarteko olinpiadak irabazitako korrikalari bat helmugara iristen, Argentinako koktel lehiaketan bigarren egindako gazte bat surf-alkandora soinean. Leihora irten da, etorriko ez den arren etortzea nahi denaren zain egoteak sortzen duen tonteriarekin.

        Bazekiten azken aldia izango zena. Umea etorriko zen gainera. Dena ondo joanez gero zazpi hilabeteren buruan, eta lana, kargu aldaketa... Irenek ere bertako mutil bat ezagutu berri zuen. Martinek eta Irenek galera gertatu aurreko min gozoa probesten jakin zuten, mina irrika bilakatuz.

        — Arraroa da dena, agian ez dugu inoiz berriro elkar ikusiko, eta hala ere, ezkonberrietara ari gara jolasean.

        — Urte batzuk barru abesti bat edo usain bat baizik ez gara izango bata bestearentzat.

        Martin ohean sartu da. Emazteari darion Ireneren gantz usainarekin leloturik leihora irten da. Belar, lur, gorotzaren ordez, gasolioa, kedarra, buxadura usaina. Ezkila kolpe bakoitzak zizelkatu du idatziko duen oharra. Bizilagunaren zakurraren zaunkak jarri dio amaiera. Etxetik joango dena ez dela gaur egungo Martin, umea jaio aurretikoa baizik, eta barkatzeko. Bariazio batzuk egin ditu, ez gorrotatzeko, ez itxaroteko, ez barkatzeko. Maite duela, estimatzen duela, emakume ona, otzana, garbia, azkarra dela.

        Sehaskara hurbildu da eta umeari begira gelditu zaio. Anaiak esan dio handitu ahala edertu egiten direla.

        — Zertan ari zara? Itxi leihoa, hotzak nago.

        — Barkatu —esan dio Martinek.

        — Eta ekarri ura, mesedez.

        Martinek korridorea zeharkatu du sukalderaino, sehaska eramanez. Umearen gelako horman lanpara kaleidoskopikotik irtendako arrain eta itsas-belarrak.

        — Ez da esnatu? —galdetu dio emazteak.

        Bizitza behin baino gertatzen ez dela, norbait hobea aurkituko duela, dutela, azken finean polita izan dela, eta baietz, bestea bera baino gazteagoa dela, hogeita sei urte ditu eta Irene du izena. Martinek gerritik heldu dio emazteari. Hatzekin aldaketako estriak ferekatu dizkio. Gantz usainaren ordez betiko xanpu usainak bildu eta ahoan zuen itsasoa ere desagertu zaio. Soilik emaztea eta bera dira, ohean sarturik.

        — Bihar pediatrarenera eraman behar gaituzu.

        Irenek mutilari telefonatu dio:

        — DVDa hemen utzi duzu, eta nik bihar ezingo dut itzuli.

        — Erdibana egingo dugu.

        — Itzul zaitez eta bihar goizean eraman.

        — Ez, nik ordainduko dut isuna, lasai, metrora sartzekotan naiz.

        Haize kolpe batek gortinak haizatu ditu eta maratilatik zintzilik dagoen mugikariaren hots metalikoa entzun da. Martinek lur usaina aditu du ohetik, ardien ile zikin gazia, maindireetako detergentea.

        Geldituko dena, joango ez dena, ez da Irenerekin maitemindu zen hura, gaur egungo Martin hau baizik.

        Emaztea jiratu egin da eta aurrez aurre jarri zaio iluntasun zurixkan.

        — Zergatik galdetu didazu hilekoarena?

        — Iruditu egin zait.

        — Bihar esan nahi nizun, froga egin eta gero, baina uste dut haurdun nagoela.

        — Ez da posible, esan zenidan bularra eman bitartean ezin zinela haurdun gelditu...

        — Nik ere hala uste nuen.

        Martinek gorputz zartatzen hasian sakondu ditu hatzak, harremanaren adina neurtzeko balio duten zuhaitzaren eraztunak.

        — Ez duzu ezer esan behar ala?

        Eta zenbatu egin ditu arrailak, zazpi, lehen aldiz oheratu zirenetik iragan diren urteak.