Erretzaileen eremua
Erretzaileen eremua
2006, narrazioak
152 orrialde
84-95511-87-8
azala: Arnold Newman
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
 

 

Gizona teilatu gainean

 

A zer nolako bidea eginda zeukan Italiako gizarteak! Bi partisano, bata nekazaria eta bestea ikaslea, elkarrekin matxinatu ziren bi lagun, Italia errotik berregin egin behar zelako ideiaren alde, eta begira non zeuden orain: zer bilakatu ziren! Orain, mundua zen bezala onartzen zuten bi lagun ziren, diruari atxikiak, eta beste garai bateko burgesiaren bertuteen jabe ere ez zirenak; eraikuntzaren bi txapuzero, ez zoriz elkarren sozio bilakatutakoak, eta, noski, elkarri ziria sakatzen lehiatzen zirenak.

Espekulazio inmobiliarioa

Italo Calvino

 

Gizona etxeko teilatu gainean dago, agudo pasatzen diren hodeiei beha, euria ekarriko ote duten beste kezkarik ez duenaren aurpegiaz. Ordea, fatxada gaineko erpinetik maindire bat eskegi du, eta bertan kaligrafiari ordu luzeak eskaini dizkionaren trebeziazko letrekin, hauxe dago idatzita: «Nire etxea nire hilobia da».

        Jakina, maindireko letra txukun horiek teilatu gaineko gizonak idatzi ote dituen edo beste batek idatzi dizkion jakiteko, egunkariak aurreko egunean albistea eman zuenean esaten zuena baino gehiago jakin behar da. Eta nik badakit berak idatzita direla. Etxeko teilatuko bizkar gainean eseririk, hanka bakoitza isurialde banatan luzatzen duen ero itxurako gizon hori, nire anaia baita.

        Lehen kotxe barrutik begiratu diot. Gorreriak jota egonik ere, nire autoaren motor-hotsa entzungo zuen arren, ez du begiratu ere egin, eta infinituraino luzatu du soakoa, ile txuri urria baino luzea eta bizarra haizeak astintzen dituela. Ohol-zati batzuen gainean itsasoa zeharkatzen duen naufragoa dela otu zait.

        Gero autotik irten eta etxerantz hurbildu naiz, bera dagoen alderantz, dena broma bat balitz bezalako tonua entseatuz, hau esanez:

        — Santos, Santos... ze, ez al gara handik jaitsiko?

        Zakur zaunka batzuk entzun dira, eta etxe barrutik nigana datorren zakurra ikusi dut, atzean eskuak keinu urduriez mandarrean lehortzen dituen andre txiki bat duela. Zakurra lasaitu dut eta bi musu eman dizkiot nire koinatari.

        — Orain hiru egun igo zen eta ordutik ez da ezertarako ere jaitsi. Ezta bere eginkariak egiteko ere.

        Nire koinatak gorrituak ditu begiak, eta keinuera etsitua.

        — Hotza harrapatuko du. Eta hezurrak...

        Kontsolatuko nuke kontsueloa balego. Koinatak ulertu du.

        — Gurekin bazkalduko al duzu?

        Ezetz esan diot aitzakiaren bat ateraz.

        — Aspaldiko!

        Anaiaren ahotsa teilatutik iritsi zait. Koinata etxe barrura itzuli da, bere eginkizunetara. Tresnak negarrez garbitzera, alegia.

        — Ez al duk jaisteko asmorik?

        — E? —anaiak eskuak jarri ditu belarri atzeetan. Haizea zakar samar dabil, entzun nahi ez denaren konplize.

        Begira-begira geratu natzaio. Aguretua ikusi dut. Hirurogeita bost urte ditu. Badakit hori nik hirurogeita bi ditudalako.

        — Arazorik haiekin? —galdetu dut, hatz lodiaz atzerantz seinalatuz, baina burua itzuli gabe.

        — Arazorik, arazorik... —dardarizo txiki bat eragin dio eskuari, ezker-eskuin, erantzutean—. Hispano-Olivettikoak ez zaudek herritarra laguntzeko, prezisamente...

        Nire anaiak askoz lehenago ikusi zuen txapeloker bat idazteko makina bat baino, soldadutzara joan arte ez baitzuen halakorik ikusi, Hispano-Olivetti bat, hain zuzen. Hain egin zion inpresio handia ze, geroztik, halaxe deitu ohi die eltzetzuei, txapelokerrei, trikornioek marka horretako idazmakinaren antza dutelakoan. Jeep pare bat zeuden bailara zabaltzen den parajearen aurreko zintzurrean, Fagusetiako jendeak esanguratsuki «atea» deitzen duen tokian, parajea bataiatu zuen hizkuntza eta are ia horren memoria ere galdu duten arren.

        Nire anaia zeruari begira dago, zerbaitek kezkatuko bailuen.

        — Ura ekarriko al du?

        Anaiak aurpegiko muskuluak uzkurtu ditu apur bat.

        — Badakik Desiderio ospitalean dagoela?

        Anaiaren etxe handiaren aurrean soro zabal eta lau bat dago, mugak burdin-harizko hesi batez markatuta dituena; perimetro horretan, pago handi bat dagoen tokian, hesiak langa bat du, eta beste aldera dago Desiderioren lurra eta borda. Anaia eta biok, txikitan, pago handian ibiltzen ginen jolasean, zuhaitzetik gora eginez, gauzakiak eta kuttunak adarretatik eskegiz. Behin belatz batek habia egin eta arrautzak ostu genizkion. Zakarrak ginen. Baina ezer ez Desideriorekin konparatuz; pagotik gertu, bere lur-sailaren barruan, lazoan harrapatutako basurdea makilkadaka akabatzen ikusi genuen behin. Beste batean hartz-emea eskopetaz bota zuen, eta labanaz errematatu. Edo bazitekeen bi balentria horiek ez izatea erabat horrela, baina guk hala izan balira bezala ikusi genituen beti.

        — Medikuek ziotek giltzurruneko zerbait duela. Giltzurruna! Nik bazakiat zer daukan horrek! Borda botako zutela jakin zuenetik gaixotu huen.

        Desiderio bakarrik bizi zen, mendi haietan beste asko bezala. Noizean behin bateon batek bere buruaz beste egin ohi du.

        — Nire adiskide guztiak hil dituk —iragarri du anaiak, «bai, euria botako du» esango balu bezala. Eta begiei erreparatuta, ez litzateke aise antzemango.

        — Alkatea pasatu da? Mintzatu haiz berarekin? —galdetu dut nik, deseroso.

        Orain harriduraz beteriko begirada bat egin dit, ulertzen ez duelako edo.

        — Alkatearekin mintzatu? Bai, pasatu duk, baina, zertarako alkatearekin mintzatu?

        Anaiak arrazoi du. Alkatearen nolakoaz neuk beste inork baino gehiago dakit, eskolara elkarrekin joan ginen eta. Eskola garaian, alkateak, anaiak eta nik neronek bezala, ez zekien zer zegoen mendiaz beste aldean. Orain ere ez daki. Beste batzuk saiatu ginen jakiten, eta ikasi genuen patroiaren morroiak izateko jaioak ginela; matxinatu ere egin ginen, tarte batez, aspaldi dela, matxinatzeak ez zuela ezertarako balio ikasi arte; finean ikasi dugu ez genuela izan nahi beste jostailu bat patroiaren seme-alabaren gelan, eta hori da dena.

        — Eta gainera, kasu honetan, ergela ez balitz ere ez likek zer eginik.

        Biribildu du anaiak, pentsamendua irakurri izan balit bezala.

        — Demokratikoki ergela, hori bai.

        Begiratu ditut etxe inguruko pentzeak, basoak, mendiak. Buruz dakizkit zoko guztiak. Buruz dakit, esaterako, etxe atzeko amildegiko zirrikituetan sai zuriak habia egiten duela. Eta amildegi bera zeharkatzen duen errekan uhandreak eta arrabioak bizi direla. Ezagun zaizkit, halaber, usainak eta soinuak oro. Esaterako, haizeak, hostoen arteko zirrikitu guztiak profitatuz, basoko organoa jotzen dueneko hori, oraintxe entzuten ari naizena. Dagoeneko aranondoak badoaz fruituz zamatzen, eta elurrak kaskoak estaltzen dituenean agertuko da erbinude zuria, eta elur-eperra. Urrutitik ikusten ahal dira basurdeek gauez jorratutako larreak. Oroigarriak, zokobetailuak; hiriburuko esku gurien apaingarriak, euren kontzientzia txarra isilarazteko segundo bateko argudioak baizik ez, mundutik kanpo, bizitzatik kanpo: beste jostailu bat patroiaren seme-alaben gelan. Neska-mutilak hiriburura doaz eta Desiderio edo nire anaia bera bezalakoak baizik ez dira gelditzen. Basurde zaharrak. Nik al daukat errua, ala?

        — Noiz etorriko dira?

        Anaiak zalantza adierazi nahi duen keinua egin du.

        — Bi egun, agian hiru.

        — Eta nola izango da?

        — Hori hik jakingo duk hobeki nik baino.

        Amorruak barrenak jan dizkit.

        — Santos, hik badakik nik ez nuela sekula... Hemen ez, Santos, jainkoarren, Fagusetian ez!

        — Et, et, et! Honelakorik ikusita egongo haizela esan nahi nian, besterik ez. Urtegia, eski-estazioa, edo golf zelaia egiterakoan, Gaztainondoran, Haltzakistan edo Zumarrondostanen.

        Buelta erdi bat eman dut, anaiari bizkarra emanez eta honaino ekarri nauen Mercedes berri beltzari begira jarriz. Anaiaren tonuaren amorru falta da gehien amorratzen nauena. Autoaren kristal beltzak irudi bat itzuli dit, negarrari ezin eutsirik, malko bi matraila zeharkatzen zaizkion gizaseme batena, nirea alegia. Tristeziazko malkoak dira, amorruzkoak ere bai, nire anaia handik jaistea nahi nukeelako, ez, nire anaiaren ondora joateko arrazoi bat eduki nahiko nukeelako, ez, nire barneko lizuna ikusarazi nahi didan kabroi bat delako, ez, nik egon beharko nukeelako bera dagoen tokian, ez, nik zakarretara bota dudan eta jada edukiko ez dudan garbitasun bat atxiki duelako bere bizitzan, bere eginetan, bere baitan.

        Bai, anaiak arrazoia zuen. Banekien nola izango zen. Izan ere, uste baino errazagoa izaten da; hondeamakinak sartuko zituzten, eta... Malkoak idortu direla sentitu dudanean itzuli naiz berriz anaiarengana.

        — Gorrotatzen nauk, ezta?

        Anaiak besoak zabaldu ditu, keinu gehiegizkoaz.

        — Nola gorrotatuko haut, ba! Nire anaia haiz! Nire anaia bakarra!

        Zoru gaineko harri legarrak zanpatu eta nahastu ditut oinetakoaren puntaz, harriak lurraren kontra marruskatzean egiten duen urratu-hotsa ateraraziz, bi eskuak txaketaren poltsikoetan sarturik, burumakur, eta harriak bihotzean ildoak nola irekitzen dituen sentitu dut.

        — Ez haiz jaitsiko, ezta?

        — E? —eskuak jarri ditu belarri atzean.

        Hasperen egin dut. Alde egiteko tenorea da. Badakit zer egiten ahal den naufrago baten alde, hondeamakina datorrenean, eta hala ere galdetu dut:

        — Nahi duk zerbait egitea?

        — Ez, hik ezin duk deus egin nire alde...

        Baina bat-batean isildu da, eta hor goian dagoen arren, ñir-ñir bat ikusi ahal izan dut bere ninietan.

        — ...edo agian bai.

        — Hik esango duk —kondenatuaren azken nahia entzun behar dudalakoa egin zait.

        — Hoa pago handira, eta eskegi ezak gure aita zenaren erretratua hik dakian adarretik.