Hotz industriala
Julen Belamuno
Hotz industriala
Julen Belamuno
2020, narrazioa
216 orrialde
978-84-17051-47-1
Azala: Xabier Gantzarain
Hotz industriala
Julen Belamuno
2020, narrazioa
216 orrialde
978-84-17051-47-1
aurkibidea
 

 

Amaren errautsak

 

 

Udako lehen bero-bolada pasea zen arren, hobeto egoten zen gerizpean, etxearen eta jardinaren arteko terrazan, aihenek eta adar luze bihurrikatuek hartutako pergolaren azpian. Gainean genuen hostotza sarri hartako tarteetatik, argi-gezi batzuk besterik ez ziren iristen itzala urratzera, zorua eta mahaigaina tanto urrekaraz zipriztinduz. Haize leunak indarra hartzen zuen batzuetan, eta hostoen mugimenduak dardara eragiten zion infusioaren ondoan neukan argi-tantoari. Aurrean tarteka kafe kikarari zurrutadatxoak eginez neukan mutilak ez zien erreparatzen horrelako detaileei; ezezagun baten aurrean zegoenez, beste zantzu batzuk sumatu nahi izango zituen.

      — Kiwi horiek gure amak landatu zituen —esan zuen, mahaitik gertu zegoen landare-potoko zuhaixkari begira—. Ez zait “gure ama zenak” ateratzen, berak bere amagatik esaten zuen bezala.

      Beste landare askoren artean, bi kiwi zeuden terrazan, bata adarrak pergolako oholen artean luzatzen zituena, eta bestea, txikiagoa, landare-poto handi batean hazitakoa.

      — Fruitua noiz emango zain egoten zen —esan zuen, begirada buruen gainean genuen sabai hostotsura jasota—, baina, egia esanda, ez genuen inoiz jakin zergatik ez zuten ematen. Agian biak arrak izango dira, edo biak emeak.

      — Ideiarik ere ez daukat —esan nion—. Senarra arduratzen da horrelako kontuez. Lanak ondo banatuta dauzkagu. Orain ere brikolaje denda batera joan da. Han ibiliko da bazter guztiak miatzen, eta hor etorriko zait gero inausteko guraize berriekin edo palaren batekin, edo auskalo zerekin.

      Irribarre egin zuen mutilak. Lanak ondo banatuta geneuzkala esatea baino egokiagoa zatekeen ia lan guztiak senarrak egiten zituela aitortzea. Azken batean, berea izan zen Errioxako etxe hura erosteko ideia eta berea jardinari eta etxe ondoko lursailari berritu bat emateko asmoa.

      Han neukan aurrez aurre egun batzuk lehenago nirekin hitz egiteko gogoa adierazi zidan mutil hura. Ordu erdia lehenago, sukaldean nengoela, kotxe hotsa entzun nuen, eta, etxe atarira irten nintzenean, auto hori zahar samar batetik ikusi nuen gaztea irteten. Eskua jasota egin zidan diosal. Hogeita zortzi bat urteko mutil altua zen, argala, ile motz eta bizar zaindukoa, ibilera baldar samarrekoa. Galtza bakero lasaiak eta kamiseta estu bat zituen soinean, haren adinari ondo egokitzen zitzaion janzkera, pentsatu nuen orduan.

      Ate ondora irten nintzen harrera egitera. Pauso batzuk aurrera egin nituen harekin topo egin arte, eta, elkarri masailean bi muxu emateko eskua sorbaldan pausatu zidanean, urduritasuna sumatu nion. Ahots apalean hitz egin zidan hasieran, etendako esaldiekin, hitz batzuk errepikatuz. Ia urtebete omen zen etxe hartara azkenekoz etorri zenetik, eta hasieran pentsatu nuen jabe berriaren aurrean egotearen deserosotasuna zela, baina segituan konturatu nintzen hori baino gehiago emozioa zela berarentzat hain inportantea izandako tokira bueltatzean sentitzen zuena.

      — Gurean ere aitarena izan zen etxea erosteko ideia —esan zuen—. Oso ondo zihoakion altzarien salmentarekin, eta beste denda bat zabaldu berria zuen auzo batean. Inoiz espero izan ez zuen dirua irabazten ari zen, eta etxe hau erostea bururatu zitzaion asteburuetan familiarekin etortzeko.

      — Eta inbertsio moduan agian —esan nuen, baina esan orduko konturatu nintzen senarrak etxea erosi aurrean erabiltzen zituen argudioetako bat errepikatzen ari nintzela, eta damutu egin zitzaidan.

      — Uste dut aitak ez zekiela diruarekin zer egin. Amarekin eta gurekin disfrutatzeko toki bat nahi zuen, baina ez zuen disfrutatzeko denborarik izan.

      — Pena da.

      — Bai. Gero amak dena zegoen bezala utzi zuen. Jardinean aritzen zen batzuetan, loreekin eta horrela, baina gainontzekoak ez zituen ukitu ere egiten.

      Neuk ere gauza bera egiten nuela esatekotan egon nintzen, baina isilik geratu nintzen, eta berari utzi nion jarraitzen.

      — Etxean ez zuen aldaketarik egin. Dena aitak utzita bezala geratu zen, haren omenez-edo. Lursailean ere guk ibili behar izaten genuen belarra mozten. Amagatik izan balitz, dena sasiak janda geratuko zen.

      Katiluari heldu nionean, argi-tantoa infusioaren gainean zegoen, urre-koloreko zirkulu bat katiluaren ertz borobilaren barruan. Zurrutada luze bat hartu nuen, belar-uraren eragin baltsamikoarekin batera eguzkiaren indarraren premia banu bezala. Erretzerik ba al zegoen galdetu zidan, eta egongelatik hautsontzia ekarri nuenerako piztuta zeukan zigarroa. Zupada azkarrak egiten zizkion, ezpainak pixka bat barru aldera estututa, antsietate puntu batekin, eta kea ugari banatzen zuen, betiere gora aldera, nigandik ahalik eta urrutien bota nahian. Pergolako hostoen artetik jaisten ziren argi-gezietan nabarmenago geratzen ziren laino gris urdinxkei begira geratu nintzen.

      Terrazaren ondoko jardin txikira jaitsi ginen. Ureztatze-sistemak busti berria zegoen dena, ur-tantak nonahi belar eta landareen hostoetan.

      — Kalendulek hor segitzen dute —esan zuen.

      Lore haiek eta beste aldean zeuden arrosa gorriek ematen zioten kolore pixka bat jardin xume hari, gainerakoan berdea baitzen nagusi han, hiru edo lau motatako garoak eta harri batzuen gainean hedatzen ziren huntzak batez ere, denak ere nahiko modu nahasian inolako planik gabe gogoak eman ahala jarriak ziruditenak. Jardinerako ere bazuen asmo bat senarrak, baina ez nion ezer aurreratu nahi izan mutilari.

      Lursaila ere ez zen oso handia, baina nahiko utzia zirudien. Muga egiten zuen ezpela aspaldian moztu gabe zegoen, eta belarra oso hazita, udako beroak ihartua toki gehienetan. Zuhaitz klase asko ikusten zen, ale bakarrak gehienak, noizbait haiek landatu zituenak espezieak errepikatu nahi izan ez balitu bezala. Lursail hari ere buelta bat eman nahi zion senarrak. Arbola haiek bota, eta almendrondoak eta gereziondoak aldatu nahi zituen; gingondoak ere ikusgarriak izaten zirela entzun izan nion inoiz. Behin, afalondoan egongelako butakan irakurtzen ari nintzela, botanika liburu bat eskuan zuela etorri zitzaidan, eta koaderno batean egina zuen krokis bat ere erakutsi zidan. Lerro zuzen eta ilara garbietan antolatutako eskema bat zen: puntu urdin lodiz markatuta zeuzkan almendrondoak, eta gorriz gereziondoak.

      Poliki egin genuen lursail hartako buelta, aspaldian moztu gabeko belar luzeetan pauso oro oinak trabatzen zitzaizkigula. Gaztainondoaren albotik pasatu ginenean, artean heltzeko asko falta zuten morkots berdeei begira geratu zen mutila; zerbait esatekotan egon zela iruditu zitzaidan, baina ez zuen hitzik egin. Alde hartako zuhaitzen ondotik pasatu ginen —lizar bat, bi astigar txiki, sahats negarti handi bat—, eta ia barreneraino iritsi ginen, aldameneko etxekoen lursailarekin muga egiten zuen hesiaren ondoko arbola zabalera. Zuhaitz ederra zen, gerri zabaleko arte ikusgarria, neguan deigarri egiten zena, gainontzeko arbolak biluzik geratzen zirenean berde iluneko hosto kizkur ugariei eusten ziena.

      Isilik geratu zen une batez adarrak alde guztietara oparo luzatzen zituen arteari begira.

      — Hemen egoten zen ama eserita, adar horien azpian, aita bere gustuko zereginetan ari zenean edo bizikletan ibiltzera joaten zenean. Tekazko besaulkian jarrita zerbait irakurtzen —beste zigarro bat ateratzeko keinua egin zuen, baina belar ihartuari begiratu, eta utzi egin zuen—. Hemen zabaldu genituen amaren errautsak, enborraren buelta guztian lurrean zirkulu bat eginez.

      Hori esan, eta arbolaren inguruan mugitzen hasi zen, begiak lurretik jaso gabe, poliki, burura etortzen bide zitzaizkion oroitzapenek pausoa zamatuta bezala. Gelditu egin zen une batez, eta eskua artearen enborrean jarri zuen; ibilian jarraitu zuen gero, azal ilun hura laztanduz. Momentu batean arbola besarkatu egingo zuela iruditu zitzaidan, baina lotsak gaina hartu izango zion, eta eskuaren fereka utzi gabe egin zuen itzulia. Berriz nire ondora bueltatu zenean, begirada jaso, eta hostoei begira geratu zen.

      — Aita hil eta gero ere berdin jarraitu zuen; ez zuen bere betiko ohitura aldatu. Hemen ikusten genuen askotan, liburua altzoan zuela, batzuetan irakurtzen, gehienetan inora begiratu gabe pentsakor.

      Egun batzuk lehenago deitu zuen mutilak; etxean bakarrik nengoen, eta neuk hartu nuen telefonoa. Ahots ezezaguna izan arren, eztarriko dardara leun bat sumatu nion, benetako kezka bat hitz egiteko moduan. Aurreko jabeen semea zela esan zidan, Jon izena zuela, eta kontatu zidan ama hil eta pare bat hilabetera anaiak etxea saltzeko proposamena egin ziola. Anaiak ez zuen nonbait interes handirik etxe harekin segitzeko; gainera, hark ere bere proiektuak zituen, eta dirua behar zuen. Berak ez zuen salmenta konturik entzun ere egin nahi, baina zer egin behar zuen? Düsseldorfen lanean hasita zegoen, hemen aurkitzen ez zuen ingeniari lanpostu interesgarri batean, eta bazirudien urte batzuetarako lan segurua izango zuela han. Azkenean, gogoz kontra baina beste erremediorik gabe, baiezkoa eman zion anaiari.

      Etxea saldu eta gero esan zion anaiak jabe berriek zer asmo zituzten. Senarrarekin egin zuen tratua anaiak, eta orduan esplikatu zion, beste zenbait berrikuntzaren artean, lursailari ere astindu bat eman nahi ziola, hango zuhaitzak bota nahi zituela, lurra irauli, eta fruitu arbola batzuk landatu.

      Isilune baten ondoren, zuzen begiratu zidan begietara.

      — Arbola hau errespetatzea asko eskatzea al da?

 

 

Legatza labean sartu berria nuen lurrorotakoaren motorraren hotsa entzun nuenean. Leihoko gortinen arteko zirrikitua zabaldu, eta han ikusi nuen senarra autoaren atzeko atetik kaxak eta poltsak ateratzen. Minutu bat geroago sartu zen sukaldean; sorbaldarekin ateari bultza egin, eta paketeak mahai gainean jartzen hasi zen.

      Gustura zetorren egindako erosketarekin. Ia beste hitzik esateko betarik gabe, poltsak eta kaxak zabaltzen hasi zen. Ureztatzeko mahuka atera zuen aurrena.

      — Bageneukan premia. Bestea zahartuta dago, zuloz beteta. Landare-potoak baino gehiago terraza bustitzen dut harekin.

      Poltsetatik gauzak ateratzen segitu zuen, eta tamaina guztietako kaxak pilatzen hasi zen mahai gainean. Azkenerako utzi zuen erosketaldi hartako izarra, erreminta-kutxa handi bat, eta sentitzen zuen poza ezin disimulaturik zabaldu zidan, baina niri begiak galdu egiten zitzaizkidan hango giltza, aliketa, bihurkin eta gainerako parafernalia guztiarekin. Harrigarria egiten zitzaidan erreminta mota bakoitzerako hainbeste aldaera, neurri eta diseinu egotea, eta halako zorabio bat eragiten zidan haiek denak kutxa bakar batean ordenaturik ikusteak. Ez zen erosten zuen lehena, eta azkena ere ez zen izango, horretan modaren biktima berri-goseak bezala jokatzen baitzuen, katalogoetan ikusten zituen azken produktuak eskuratzeko irrika berarekin.

      — Mahaia libratu beharko didazu —esan nion—, legatzari ez zaio asko falta.

      Gauza guztiak bildu, eta garajera jaitsi zen. Han zeukan bere santutegia, ia burdindegi pribatu bat. Garajearen alde bateko horma guztia eta barrenekoa apalez josita zeuzkan goitik beheraino; han zeuzkan txukun ordenatuta diren eta ez diren lanabes eta tramankulu guztiak, orotariko iltze, tako eta tirafondoak, zulagailuak eta lixatzeko makinak, eta zertarako ziren ere ez nekien —eta izena ikasteko gogorik ere ez nuen— hainbat aparatu eta erreminta, hauts izpirik gabe, denda batean bezalaxe.

      Legatza labetik ateratzerako igo zen berriz gora, ardo oneko botila batekin, egin berria zuen erosketak ospatzea merezi balu bezala. Mahaia jartzen hasi zen, eta zainzuri pote handi bat ireki zuen arrainaren aurretik dastatzeko. Umore onean zegoen, eta, afariak aurrera egin ahala, gogotik edaten ari zen ardoak alaitu egin zuen. Beti izan da gizon serioa, boladaka hitz gutxikoa, baina noizean behin piztualdiak izaten ditu. Egun batetik bestera, barreneko kommutadore batek aktibatuta bezala, adoretu egiten da, eta ematen du luzaz lozorroan izandako asmoak denak batera esnatzen zaizkiola; halako ezinegon batek hartzen du, eta egiteko dauzkan guztiak bi egunetan egiteko premia eutsiezin bat sentitzen duela dirudi. Orduan hiztunago ibiltzen da, etenik gabe jardun behar horrek are gehiago animatuko balu bezala. Errioxako etxea erostea erabaki zuenetik horrelako bolada batean zebilen.

      — Mintegian ere izan naiz gaur. Lursailerako arbolak enkargatu ditut.

      — Nola enkargatu dituzula? Oraindik ez dugu horretaz hitz egin.

      Harrituta begiratu zidan, azkena espero zuen iruzkina egin banu bezala. Egia zen etxea erosi eta segituan hasi zitzaidala lursailerako zituen proiektuekin, eta nik ez niola behin ere eragozpenik jarri, baina aldekorik ere ez nion sekula esan. Orduan ez zitzaidan askorik inporta zer arbola landatu nahi zituen, zenbat ilaratan jarri nahi zituen, zer itxura hartuko zuen lursailak; bere kontua zen hori dena. Mutilaren arratsaldeko bisitarena kontatu nion, amaren errautsak zabaldu zituzten tokiarena, eta, lehenengo aldiz, buruan zerabilen proiektuari buruzko iritzia eman nion. Asmoak asmo, arte hura bere tokian uztea ez zitzaidan horren zaila iruditzen.

      — Lursaila txiki samarra da, eta horrek puska ederra kenduko lioke —erantzun zidan—. Gainera, hori lehen ere bagenekien.

      Saltzailearekin izandako hartu-emanaz hitz egin zidan berriz, eta etxea erosi aurretik kontatu zizkidanak errepikatu zizkidan. Arrazoizko mutila iruditu zitzaiola esan zidan orduan, eta negoziazioa ez zela batere zaila izan.

      — Hark ere esan zidan amaren errautsak han zabaldu zituztela, baina anekdota huts bat balitz bezala, aparteko garrantzirik eman gabe.

      — Ba, beste anaiarentzat oso inportantea da. Sentiberatasun kontua izango da.

      — Eta zer egin behar du? Urtean behin lore-sorta batekin etorri?

      Ez zidan batere graziarik egin erdi burlazko ateraldi hark, baina berak umore onari eusten zion. Bere kopa berriz bete zuen, eta ardo haren bertuteak goratzen hasi zen, ukitu ere egin gabe neukan kopa beteari begiratu eta animatu nahi banindu bezala. Nire mututasunari ez zion traza onik hartu, nonbait, eta bere asmoa justifikatzen jarraitu zuen.

      — Ikusiko duzu zer eder geratuko den. Gainera probetxua aterako diogu lur horri.

      Lehen zurrutada egin nion ardo kopari, eta nahita isilune bat egin nuen erantzun aurretik.

      — Beharbada berriz pentsatu behar genuke —esan nion, oraingoan neure burua ere tartean sartuta, horrela pixka bat gozatuko nuelakoan—. Orain dagoen moduan ere ez dago gaizki, belarra moztu eta dena pixka bat txukunduz gero.

      — Hau aspalditik dago pentsatuta, eta plana eginda dago. Badakizu —afalaurreko umore on guztia mikazten hasi zitzaiola zirudien, eta bekozkoa iluntzen—. Gainera, enpresa batzuekin hitz egiten hasia naiz egin beharreko lanei buruz. Hondeamakina bat sartu behar da, eta aurrekontuak eskatzen hasita nago.

      — Planak alda daitezke. Oraindik garaiz gabiltza.

      — Lehentxeago esan dizut arbolak ere enkargatuta dauzkadala. Ez naiz orain dena aldatzen hasiko, gazte txoro baten kapritxoagatik.

      Ez nuen eztabaidarekin segitu nahi izan. Ardoaren eraginez edo, berotzen hasita zegoen senarra, gure arteko solasaren tentsioagatik afaltzen hasi aurreko alaitasuna galduta. Ohituta nengoen haserrearen lehen zantzuekin eztabaidak eteten; ondo ezagutzen nituen haren haserrearen goraldiak, eta bide hartatik segituz gero nolakoak izaten ziren haren amorru-leherketak, gero egunetarako odoltxartuta uzten zutenak.

      Afalondoan telebistaren aurrean jarri ginen. Aurrena enkanteei buruzko programa jarri zuen, baina, nik egindako protestari men eginda, kanalak aldatzen hasi zen. Azkenean polizia kasu errealei buruzko programa bat jarri zuen, baina ez nuen berriz protesta egiteko adorerik izan. Burua arratsaldeko egoerara joaten zitzaidan, eta han ikusten nuen mutila enborra laztanduz arbolari buelta ematen, neurtutako pauso geldoan, erritu batekin konplitzen ari balitz bezala.

 

 

Kafetegia zelakoan joan nintzen, baina atea zeharkatu orduko konturatu nintzen taberna bat zela, dekorazio rustiko samarrekoa. Gazte jendea zen nagusi, egurrezko mahaien bueltan solasean, eta, kanpoko argitasunetik barruko erdi ilunera pasatzean, kosta egin zitzaidan Jon ikustea. Barreneko txokoan beso bat altxatzen ikusi nuen arte ez nintzen konturatu keinuka ari zitzaidala.

      Bi muxu emateko jaiki zen, eta, zer hartu nahi nuen galdetu ondoren, barrara joan zen niretzako infusioa ekartzera. Etxera etorri zitzaidanean baino apainduago ikusi nuen, galtza zuri batzuekin eta alkandora urdin argi batekin. Barran, eguerdiko pintxo hondarren artean zain zegoela, planta oneko mutila iruditu zitzaidan, altua, segaila, beharbada sorbaldak erori samarrak zituena.

      Infusioaren ontzia eskuetan hartu eta nigana jiratu zenean, irribarre egin zidan. Infusioa mahai gainean utzi eta eseritakoan, tabernaz hitz egiten hasi zitzaidan, horrelako toki bat ez nuela espero irakurri balit bezala aurpegian.

      — Ordu honetan lasai egoten da hemen —eskua pixka bat jaso, eta zirkulu batean mugitu zuen airean, musikaren bolumen apala eta inguruko lasaitasuna nabarmendu nahi izan balitu bezala—. Gauean beste gauza bat da; orduan musika gogorragoa jartzen dute, eta jende zaratatsuz betetzen da.

      Ondoko mahaietan zegoen gazte jendeari begiratu, eta pixka bat tokiz kanpo sentitu nintzen.

      — Ez nintzen aspaldian holako toki batean sartu.

      — Neu ere ez naiz aspaldian etorri. Makina bat ordu pasatutakoa naiz hemen, baina Alemaniara joan nintzenetik sartu gabea nintzen.

      Etxean bisitan izan nuenean baino lasaiago zegoen, eta orduan nabaritu nion antsietate puntu hura momentu berezi hark eragindakoa izan zela pentsatu nuen. Ondoko aulkiaren gainean neukan poltsa hartu, gutun-azal bat atera, eta Joni luzatu nion. Gutun-azala ireki, eta handik atera zuen zintzilikarioari begira geratu zen: urrezko kate batetik dilindan esku bat, erdiko behatzak elkarri itsatsita zituena eta alde banatara beste bi behatzak simetrian zabalduak; esku ahurrean begi moduko bat zegoen erdian harribitxi gorri bat zuena. Etxea erositakoan egindako miaketan aurkitu nuen armairu batean, lamina eta egutegi zahar batzuen azpian. Ez nion senarrari ezer aipatu, eta neure gauzekin batera gorde nuen.

      Esku batekin kateari eutsi, eta, zintzilikarioa beste eskuan jarrita, begira geratu zitzaion.

      — Fatimaren eskua da —esan zidan, begiak zintzilikariotik jaso gabe—. Neuk ekarri nion Marokotik.

      — Opari ederra.

      — Fatimaren eskuak babestu egiten duela esan zidan saltzaileak, eta banekien gustatuko zitzaiola. Holako asko zituen amak. Ez kolekziorik egiten zuelako, baina oso gogoko zituen espiritualtasun kutsuren bat zutenak. Bazeukan beste bat askotan janzten zuena, zeramikazko biribil txiki bat yin-eta-yang ikurra zuena. Holako denetara apuntatzen zen.

      Mugikorra atera, eta argazki bat aukeratu zuen, ama zintzilikario hura zuela erakusten zuena. Argazkian mutilaren aita eta ama agertzen ziren artearen aurrean pose klasiko batean: senarrak emaztearen sorbaldan zuen eskua, eta emazteak gerritik heltzen zion senarrari, burua gizonaren sorbaldan bermatuta. Gizon guapoa zen senarra, eta, semea argazkiari begira zegoela, aitaren tankera handia hartu nion; gizonak argazkian zuen malenkoniazko aurpegiera bera ikusten nion, gurasoen oroitzapenak areagotua beharbada.

      — Zorion aurpegia du hemen amak —esan zidan, eta nire ondora hurbildu zuen aulkia, nik ere argazkia hobeto ikusteko.

      Gorpuzkeran nire modukoa zen ama hura, argal antzekoa eta batez besteko garaierara nekez iristen zena, eta, orain argazkiari berriz begiratzean, ileari emandako kolore horail urre-antzekoan eta orrazkeran ere nire estilokoa iruditu zitzaidan. Soineko loredun batekin ageri zen, pozez gainezka dagoenaren irribarre betearekin.

      — Bananduta egon ziren bi urtez —jarraitu zuen mutilak—, eta argazki hau atera zutenean berriz elkartu berriak ziren.

      Aitak beste emakume bat ezagutu zuela kontatu zidan, bera baino askoz gazteagoa, eta harekin joan zela bizitzera erdialdeko pisu txiki batera. Benetako drama bat izan zen, nonbait, amarentzat, eta baita bi anaientzat ere.

      — Anaia aitaren alde atera zen, eta horrek urrundu egin zuen amarengandik —ez nuen holako aitorpen bat espero, eta deseroso sentiarazi ninduen—. Ni, berriz, ordura arte baino denbora gehiago pasatzen hasi nintzen amarekin, eta haren sufrikario guztia bizi izan nuen.

      Gero aitari gibeleko gaitz larri bat diagnostikatu ziotela esan zidan, eta horrek dena aldatu zuela.

      — Urte gutxi geratzen zitzaizkiola sumatu izango zuen, eta orduan berriz amarekin bueltatu zen. Ez dakit beste emakume hark nola hartuko zuen gaitzarena, baina aitak bere familiaren babesa bilatu zuen azkenean. Orduan erabaki zuen etxea erostea.

      Mugikorraren pantailan behatza irristatu, eta beste argazki bat erakutsi zidan.

      — Hau aita hil ondokoa da.

      Pergolaren azpian zegoen ama, Jonen bisita izan nuen egunean neu tea hartzen egon nintzen toki berean. Mahaia alde batera baztertuta, haren tokian zegoen hamaka batean ageri zen, Khalil Gibranen liburu bat eskuetan zuela.

      — Holako liburuetan bilatzen zuen babesa. Aita beste emakume batekin joan zenean hasi zen holako literatura irakurtzen.

      Nora joango ginen aurrez hitz egin gabe, erdialdera jo genuen oharkabean. Alaiago zirudien orain, amaren zintzilikarioak eta berritutako oroitzapenek aldartea hobetu baliote bezala. Horrela jarraitu genuen kalez kale, edozein astegunetan arratsaldeetan egoten den giro arruntean murgilduta. Denda baten aurretik pasatzean bat-batean gelditu egin zen, eta erakusleihoari begira geratu zen.

      — Denda honetara etortzen zen askotan arropa erostera. Beti aurkitzen zuen bere estiloko zerbait.

      Erakusleihora hurbiltzean, bion isla ikusi nuen kristalean hazten. Errainu lauso haietan ez zen nabaritzen adinean dugun aldea; edozein bikote izan gintezkeela ematen zuen, batarentzat edo bestearentzat arropa erostera irten eta dendaz denda ikusmiran zebilena.

      Adin bateko emakumeentzako denda zirudien, joera klasiko samarrekoa, baina koloreetan tonu beroak eta biziak ziren nagusi, eta jantzi-osagarrietan ere ukitu ausartagoak. Erakusleihoaren bazter batean zegoen soineko loredun bati erreparatu nion, eta Jonek erakutsi berri zidan argazkiko hura etorri zitzaidan gogora.

      — Hau zen orduan zure amaren estiloko denda —esan nion, ama hartaz nekien apurrarekin gehiegizko aierua eginda—. Ez zeukan gustu txarra.

 

 

Errioxako etxean zeregin handirik ez nuenez, ohe gainean etzan nintzen Jonek tabernako hitzorduan kontatu zizkidanak gogoan nituela. Amari buruz eman zizkidan zertzeladengatik, emakume espiritualista bat irudikatu nuen, naturaren eta unibertsoko energiaren erlijio lauso horretakoa, gauza guztien batasunean eta izan diren guztien iraunkortasunean sinesten dutenetakoa.

      Emakume hark bizi izandakoak imajinatzen hasi nintzen, burura etortzen zitzaizkidanei fantasiaren ateak zabaltzen, eta senarrak beste batengatik utzi eta banandu aurreko emakume hura ikusi nuen, gizona nola urruntzen zitzaion sentitzen, haren hoztasun emozionala pairatzen. Une batez neure senarraren aurpegia jarri nion haren gizonari, eta hura ere bere brikolajeko tresnekin entretenituta irudikatu nuen, emaztea non eta zertan zebilen ardurarik gabe bere kontuetan murgilduta.

      Banaketaren ondorengo emakume abandonatua ikusi nuen gero, gorputz gazteago baten lilurak aldamenetik erauzi zion gizonaren jokaerak nola erasan zion barrundatu nahi banu bezala, eta gero gaixotasun larri batek gizon ahuldu eta abaildu bat itzuli zionekoa; ez nuen inoiz jakingo orduan benetako poza ala konformidade erosoa sentitu zuen, eta argazkian erakusten zuen zorion aurpegi hura benetakoa ala pose hutsa izan ote zen.

      Ohe gainean agondu, eta ispiluaren aurrean ikusi nuen neure burua, neure betiko aurpegia, egunero ikusten ohituta aldatzen sentitzen ez dugunez beti bera iruditzen zaiguna, nire ile horail ugaria, azken boladan bere tonu naturala baino urrekaragoa. Aurrera eroritako xerloak behatz puntekin belarri atzera eraman, eta jaiki egin nintzen, eta ispiluaren aurrean zutik paratu. Kopeta ertzeko zuriuneei erreparatu nien, eta erabaki nuen berriz tindatzerakoan berezko kolore naturala aukeratuko nuela. Ez neukan zimur askorik bekokian, ezta begien bueltan ere, agian azala lehorxea, besterik ez. Berrogeita zazpi urte izateko eder ikusi nuen neure burua, eta begietan aspaldian sumatu ez nuen distira aurkitzeak harritu egin ninduen, ez dakit zergatik.

      Burua atzera mugitu, eta kokotsa jaso nuen pixka bat; angelu horretatik begiratuta, azala leunagoa iruditzen zitzaidan. Behatzak aurpegira eraman nituen, eta masailetan behera nola irristatzen ziren sentitu nuen, masaje leun bat emanez bezala, gero kokotsaren ertzetik lepoan behera, blusaren eskoteraino. Botoiak askatu, eta blusa eranzten hasi nintzen; ohe gainera bota nuen atzera begiratu ere egin gabe. Senarrak oparitu zidan bularretako urdina azaldu zen, aspaldi batean gustuko izan nuen estilo batekoa, behin neuk aukeratu eta harrezkero senarrak oparitzen zizkidan guztiak bezalakoa; ez nintzen inoiz ausartu beste estilo batekoa nahi nuenik esaten, eta senarrak betikoarekin segitzen zuen, beste gauza askotan bezala horretan ere iraganeko puntu batean katigatuta.

      Bularretakoa erantzi, eta atzera bota nuen; ispiluan ikusi nuen, burkoaren ondoan erortzen. Bi eskuekin bularrei heldu, eta jaso egin nituen; gero elkarren ondora bildu, eta titien arteko erretena nola markatzen zen ikusi nuen. Eskuak kendu nituenean, titiak nola erortzen ziren begira geratu nintzen; ez ditut handiak, eta beherakoan punpa txiki bat besterik ez zuten egin, gero dardara uhin batzuk, bere tokian gelditu ziren arte. Erdiko behatzak titi-puntetara eraman nituenean tentetu egin zitzaizkidan, eta areolaren inguruan ferekan hasi nintzenean, kilima gozo baten uhinak sentitu nituen bular guztian zabaltzen.

      Logelako atean entzun nuen hotsak asaldatu egin ninduen. Instintuzko keinu batez, titiak estali nituen bi eskuekin, ustekabean ezezagun batek harrapatu eta bat-batean pudore handi batek hartu banindu bezala. Begiak zabal-zabalik geratu zen senarra, eta, ezer galdetzen hasteko betarik eman gabe, neu aurreratu nintzaion.

      — Badakizu, noizean behin emakumeok esplorazioa egin beharra daukagu. Esan eta esan ari zaizkigu beti.

      Esanahi garbirik gabeko keinu bat egin zuen.

      — Garajeko ateak ez du ondo ixten. Agian olio pixka batekin konponduko da —esan zuen, eta eranzten hasi zen, lanen bat egin behar zuenerako zeuzkan arropa zaharrak janzteko.

      Soinean zeuzkanak ohe gainean botatzen hasi zen, nire blusari eta bularretakoari erreparatu ere egin gabe. Ohe gainetik jaso eta janzten ari nintzen bitartean, senarraren gorputzari begiratu nion; ondo eusten zion gaztetako gorputz gihartsuari, gerri bueltan batere gizenik gabe, mantentze-lanetarako zuen zaletasuna bere buruarekin ere erabiltzen bazekiela erakutsiz. Bere burua beste aparatu bat balitz bezala zaintzen zuen, ia makina bat balitz bezala. Batzuetan, jardinean lanean edo trepetaren bat konpontzen ikusten nuenean, ez zitzaidan batere kostatzen robot bat ikustea, haren besoak, hankak eta gerria bere burdindegi pribatuko lanabes haien guztien jarraipena balira bezala.

      — Herrian buelta bat egitera noa —esan nion, baina etxetik irten nintzenean ibai aldeko bidezidorrera jo nuen konturatu ere egin gabe. Han ibili nintzen pasieran, noizbehinka euri faltak urritutako ur emariari begira; gehienetan oparo jaisten zen ibaia zeharo murriztuta zetorren, ur-mihi motel bat errekarri lehortuen artean. Jonen ama irudikatu nuen, hura ere zidor hartan bertan bakarrik pasieran.

      Etxera itzuli nintzenean, sukaldean aurkitu nuen senarra, bera bakarrik afaltzen.

      — Luze iritzita nengoen, baina, hala ere, zain egon naiz. Azkenean ezin izan diot goseari eutsi.

      Artean bederatziak ziren, baina senarra goiztiarra zen, otorduak goiz egitekoa, goiz jaiki eta oheratzekoa. Tortilla puska bat platerean hartu, eta ondoan eseri nintzaion.

      — Non ibili zara? Baten batekin topo egin al duzu?

      — Ez. Betiko tokian ibili naiz, ibai ondoko bidezidorrean.

      Intrigatuta zirudien normalean baino denbora gehiago egin nuelako kanpoan, baina ez neukan inolako aitzakiarik. Ezin esango nion pasiera amaitutakoan taberna baten terrazan egon nintzela bi ordu, etxera itzultzeko gogorik eza beste motiborik gabe. Tarte luzea egin genuen isilik, nik tortillari gogoz kontrako mokadu batzuk kentzen nizkion bitartean.

      — Orain zeharo mututu behar al dugu? —bota zidan, barreneko hausberoan egunetan gordetako txingarrak berriz garretan hasi balitzaizkio bezala—. Zer gertatzen da orain? Etxea erosi genuenean garbi geneukan zer egin nahi genuen.

      — Zuk zer nahi zenuen izango da. Ez nik zer nahi nuen.

      — Orduan ez zeneukan inolako eragozpenik. Dena ondo iruditzen zitzaizun. Orain bixardun hanka-mehe hori azaldu delako dena hankaz gora jarri behar al dugu?

      — Ez dakit nola izan zaitezkeen holakoa.

      — Horretaz hitz egin genuen lehengoan ere. Ulertzen dut oroitzapen asko ekartzen dizkiela etxe honek, baina hori saldu baino lehen ere bazekiten. Gainera mutil hori Alemanian bizi da.

      — Oraingoz bai.

      — Eta hemen lana aurkitzen badu, zer egingo du? Amaren errautsen kontu hori dela-eta noizean behin hona etorri?

      — Eta zergatik ez? Ez da hainbesteko endredoa.

      — Gainera, ohitura horiek denak sineskeriak dira. Zer pentsatu behar dut? Ama haren espiritua orain zuhaitzarekin bat eginda dagoela, eta nolabait ere han bizi dela?

      — Ama hura nolabait ere han dago. Hildakoak ehorzten diren tokiek indar handia dute, eta tira egiten dute. Beti izan da horrela.

      — Bale! Balio sentimentala izango dute, baina, ariman sinetsita ere, ez dauka zentzurik. Ama hura izan zena desagertuta dago betiko. Ez dute inoiz bizitara ekarriko; oroitzapenetan biziko da, beste inon ez.

      — Hori inork ez daki.

      Aurpegi arraroarekin begiratu zidan, sekula izan ez nituen sinesmenen sarean erortzeko arriskuan ikusiko banindu bezala.

      — Orain horrelako xinplekerietan sinesten hasi behar al dugu?

      — Eta ni hilko banintz, zer egingo zenuke?

      Isilik geratu zen, ezusteko kolpe batek jokoz kanpo utzi balu bezala. Platera harraskan utzi, eta egongelara joan zen.

 

 

Erakusketa areto baten atarian jarri genuen hitzordua. Noizean behin mezuren bat bidaltzen zidan senarra konbentzitzerik lortu nuen jakiteko edo, zeharo konbentzitu ez arren, haren asmoetan zalantza izpirik ikusi ote nuen jakin nahian. Nahiz eta behin betiko erabakia ez izan, besterik ez bada ere lur guztia iraultzeko asmoa atzeratuko ote zuen itxaropenari eusten zion.

      Aurreneko egunean, Errioxako etxera bisitan etorri zitzaidanean, ikusi nizkion galtza bakero zabal berberak zeramatzan, nahiz eta oraingoan kamisetaren gainean kazadora ilun zahar bat zuen, eta, Alemaniatik arropa gutxirekin etorria izango zela pentsatuta, barkagarria iruditu zitzaidan. Arauzko bi muxuen ondoren, erakusketa aretoan sartu ginen.

      Argazkilari amateur baten erakusketa zegoen aurrezki kutxak horrelakoetarako daukan areto txiki batean. Munduko hiri handi ezagunenetan kalean ateratako argazkiek osatzen zuten erakusketa, egileak urrutiko kale eta hiribideetan eszena enkoadragarrien bila emandako ordu luzeen emaitza kaxkarra, munduko hiri globalen izen arranditsuek arrunkeriarik handienak salbatuko balituzte bezala.

      Tokioko argazki baten aurrean geunden: hiriaren modernotasuna azpimarratzen zuten eraikin eta iragarki argitsuen aurrean bi neska gazte ageri ziren zebra-bide bat pasatzen, zein baino zein janzkera tradizionalagoan, eskuan aterki koloretsu bana zeramatela. Mila aldiz ikusitako estanpari buruzko iruzkina egitera nindoanean aurrea hartu zidan galdera batekin:

      — Eta zu? Asko bidaiatutakoa al zara?

      Gaztetan lagunekin batetik bestera ibilia nintzela esan nion, baina aitortu nion ezkondu nintzenetik askotan senarraren gustuen aurrean amore ematen nuela, eta gutxiago mugitzen ginela, kostaldeko betiko tokietatik kanpo askoz gehiago ez.

      — Orain, gainera, senarrak Errioxako etxea erostea erabaki zuenetik, beti daukagu nora joan —esan nion, eta “beti hara joan beharra daukagu” esatekotan egon nintzen, etxe hura lotura gehiago baitzen gozamenerako toki baino.

      Muturra okertu zuen, baina segituan egin zuen salto bere gai kuttunera, eta ama eta aita oso bidaiazaleak izanak zirela esan zidan, edozein aukera aprobetxatzen zutela Europako hiriren edo bazterren batera joateko.

      Isilik geratu ginen une batez, eta New Yorkeko hiribide ezagunetako argazki pare bat pasatu genuen arreta handirik jarri gabe.

      — Bitxia da, baina hainbat gauza daude gurasoek seme-alabei inoiz kontatzen ez dizkietenak —esan zuen, isilunea iraganeko oroitzapen bat berritzeko aprobetxatuta—. Egun batean edozein huskeria bezala botatzen dizute, eta “nola ez didazu hori orain arte kontatu” esaten diezunean barre egiten dute.

      Solasaren haria galtzen hasi ote zen iruditu zitzaidan, eta harridura aurpegia jarri izango nion, irribarre egin baitzuen azalpena eman aurretik.

      — Erasmusekin Alemaniara joateko asmoa nuela esan nionean aitortu zidan amak ni han sortua nintzela. Banekien asko bidaiatutakoak zirela, baina ez zitzaidan inoiz burutik pasatu ere egin bidaia haietan lo egindako hotelen batean sortua izan nintekeenik. Aspalditik omen zebiltzan familia izan nahian eta ezinean, eta egun batean, Koloniako katedrala ikustera sartu ziren batean, ama birjinaren aurrean kandela mordo bat ikusi eta amak ere bat piztu nahi izan omen zuen. Fede katolikoa aspaldi baztertua zuen arren, egun hartan nire aitaren isekari aurre egin eta kandela piztu omen zion ama birjinari, eta haurdun geratzeko eskatu. Pentsatu ere egin gabe atera omen zitzaion kandelarena, barren-barrenetik sortutako bulkada bat.

      Deseroso sentitzen hasi nintzen, amatasun instintuaren gaia ateratzen zen bakoitzean bezala. Neuk inoiz sentitu ez dudalako izango da, baina beti egin zait arrotza eta misteriotsua ama izateko bulkada hori. Azalpen biologikoak eta psikologikoak ematen dizkidaten bakoitzean, beste animalia espezie bati buruz ari diren inpresioa izaten dut, eta nirekin zerikusirik ez duten emeentzat normala den fenomeno hori zoologo baten begiekin ikusten ohitu naiz. Amatasun senaren normaltasunak, ordea, neu jarri izan nau beti misterioaren tokian, eta ulertzen zaila nire kasua dela pentsatzeko tentazioan erori izan naiz maiz.

      Ordurako erdi ahaztua genuen erakusketako materiala, eta batere interesik gabe jarraitu genuen aretoko ibilbidea, noizean behin argazkiei begiratuz, baina arreta handirik jarri gabe.

      — Konbentzitua zegoen kandela piztu eta ordu batzuk geroago hotelean izandako sexu arratsalde sutsuan geratu zela haurdun. Sexu grina kartsu batek harrapatuta sentitu omen zen, baina aitari barregarria egiten omen zitzaion larrutarako su hori ama birjinaren indarrari egoztea. Ama konbentzituta zegoen arratsalde hartan izan zela; kalkuluek beti egun batzuetako tartea uzten dute, baina bera seguru zegoen.

      Erakusketa zeharo ahaztuta, ia konturatu gabe iritsi ginen irteerako atera. Aretotik irten, eta aurrera jarraitu genuen, pausoek nora eramaten gintuzten pentsatu ere egin gabe, hain geunden solasean kontzentraturik. Ama hil eta gero, Düsseldorfetik noizean behin Koloniara joaten hasi zela aitortu zidan, amak kontatutako hura gogoan. Bazekien bidaia hartan tren geltokitik gertuko hotel batean egonak zirela, eta auzune hartan ibiltzen hasi omen zen, hotel baten aurretik pasatzen zen bakoitzean bera han sortua izan zitekeelako fantasiak hauspotuz. Katedralera ere joaten omen zen batzuetan, eta egun batean berak ere kandela piztu omen zion ama birjinari, oraingoan asmorik edo desiorik gabe, amaren aspaldiko keinu harekin bat egiteak ematen zion barne lasaitua eta bakea sentitzeagatik bakarrik.

      Kalean inorako asmo garbirik gabe genbiltzala, egun batzuk lehenago tabernatik elkarrekin irten ginenean sentitu nuen deserosotasuna gogoratu nuen, deskuiduan ezagunen batekin topo eginez gero egoera hura nola esplikatuko ote nion, baina orain kezka hura barregarria iruditzen zitzaidan. Zer inporta zidan niri norbaitek ni baino ia hogei urte gazteagoa zen mutil batekin ikusten baninduen? Harrotasun puntu bat ere sentitu nuen mutil erakargarri baten ondoan paseatzean, eta senarraren lagunen batekin topo egiteko arriskuak ez zidan orain kezka izpirik ere sorrarazten.

      Nire burutazioak ulertu balitu bezala, senarraz galdetu zidan.

      — Ez didazu zure gizonaz ezer esaten. Bere temarekin segitzen al du?

      — Ari naiz ahaleginak egiten, baina ez dago erraza. Beti izan da burugogor samarra.

      — Bazter batean dagoen zuhaitz bat bakean uztea besterik ez da. Gainontzeko guztiarekin egin dezala nahi duena. Orain dena berea da. Ez dakit zer galtzen duen.

      — Bai, baina bera holakoa da. Holako mila aguantatu behar izan dizkiot nik.

      Irribarre murritz batekin begiratu zidan, bat-batean senarrarekiko harremanaz interesatuta, eta nik bere jakin-minaren neurriko ordaina eman nion.

      — Ez gaude gure momenturik onenean.

      Ez zuen sorpresa keinurik egin; ordurako ondo jabetuta zegoela zirudien senarrarekiko harremanaren gainbeheraz, baina begirada ilundu zitzaion pixka bat, horrek nire bitartekari lanaren benetako eraginaz zalantza berri bat piztu balio bezala.

      — Ez da oraingo kontua —aitortu nion—. Aspalditik dator. Pixkanaka urruntzen joan gara.

      Konturatzerako Floridako parkera iritsi ginen. Arratsaldeak aurrera egin arren, artean epel zegoen, eta jende asko zebilen. Terrazan jarri eta zerbait hartu genezakeela pentsatu nuen.

      — Oraingoan niri tokatzen zait —esan nion, eta konformidade keinu bat egin zuen eskuak zabalduta. Mahaian utzi nuen zain ni kafetegira kaña bana eskatzera nindoan bitartean. Atera iritsi aurretik jiratu egin nintzen, eta atzetik begira neukala ikusi nuen. Irribarre egin genuen biok ere gure begiradek topo egin zutenean.

      Kañekin mahaira itzuli nintzenean, nire senarraz galdezka jarraituko zuela uste nuen, gure arteko harremanaren hondamenaren benetako neurria kalibratu nahian segituko zuela, baina ez zitzaidan axola. Edalontziak jaso, topa egiteko keinua egin, eta “gugatik” esatekotan egon nintzen, baina isilik geratu nintzen bi basoen txin-txinean.

      Ez zuen, ordea, senarraren kontuarekin jarraitu. Kafetegi barruan egin nuen denboran gogoa lehengoratu egin zitzaiola zirudien, berriz ere amaren errautsen gaira joan zitzaiola, eta amaren azken hilabeteetako kontuekin hasi zitzaidan.

      — Aitaren heriotzak benetan erasan zion. Gaixo ibili zen bolada luze batean, baina azkenean gainditu zuen. Ez zen, ordea, zeharo bere onera etorri; ez zen lehengo bera. Pattalaldiak izaten zituen, eta ospitalera bueltaka ere ibili zen bolada batean.

      Senarraren gaiak sortzen zidan ezinegona ahaztua nuen zeharo, eta penaz hartu nuen, horregatik, berriz amaren gaira itzuli izana. Baina utzi egin nion hitz egiten, barrua nahieran husten.

      — Baina azkenean ez zuen gaixotasunak eraman, edo ez behintzat zuzenean. Gainera, bizkorraldi batean gertatu zen, ia euforia aldi bat zirudien bolada batean.

      Banekien ama istripu batean hil zitzaiola, senarrak berak kontatu baitzidan Errioxako etxea erosteko Jonen anaiarekin tratuan hasi zen garaian, autoarekin zihoala errepide bazterreko zuhaitz bat jota hil zela, baina ez nuen ordura arte bestelako xehetasunen berririk izan, ez haien premiarik sentitu. Bere baitan bilduta geratu zen une batez, istripua irudimenean berritzen ariko balitz bezala.

      — Ez zuen normalean autoa hartzen. Gaztetan ibiltzen omen zen, baina gero gehienetan aitak gidatzen zuen. Gutxitan hartzen zuen kotxea, eta hartzen zuenean poliki gidatzen zuen. Istripuan, berriz, autoa nola geratu zen ikusita, garbi ikusten zen abiadura handian zihoala.

      Amaren heriotzatik ia urtebete igaro zen arren, artean zalantza egiten zuela iruditu zitzaidan benetan istripua izan ote zen:

      — Errepidearen zuzen batean gertatu zen, bi aldeetan gerri zabaleko arbolak dituen tarte batean. Gainera, ez zegoen balaztatze markarik zoruan.

      Istripua-ala-suizidioa dilema okerra zela pentsatu nuen, mutur bikoa, tartean ezer ez balego bezala, baina badago. Amaren aldetik ez zen seguru asko erabaki garbirik egon, baina bai andre haren bizitzan beherakada handi bat, inguruarekiko kezka galtze bat, kanpoko estimuluek ezin suspertu zuten akidura bat. Ez zen kontzientea izango, baina agian barruko indar batek arreta jaitsaraziko zion errepidean, ondo gordean errotutako indar autosuntsitzaile batek heriotzara eramango zuen beharbada; errepideko eta inguruko gauzei erreparatu ere egin gabe gidatzera bultzatuko zuen, munduari entzungor eginda, inguruko gauza guztiei ezikusia eginda. Ez zuen beharbada bere buruaz beste egingo, baina egin beharrik ere ez zuen izango, ordurako biziari uko eginda zegoelako.

      — Zaila egiten zait suizidioarena sinestea. Autoa errepidetik atera zen lekua ez zen suizidatzeko aukeratu litekeen tokirik egokiena; bestela, amildegi bat edo heriotza segurua ekarriko zion leku bat aukeratuko zuen. Errepidetik atera zen kotxea, gidariak lo hartzen duenean bezala.

 

 

Larunbata zen arren, Gasteizen geratu nintzen, neu bakarrik etxean. Eguerdi artean, etxetik irten nintzenean, oso sentsazio arraroa izan nuen kalean bakarrik ibiltzean. Errioxako etxea erosi aurrean hemen pasatzen genituen larunbat gehienak, eta elkarrekin irteten ginen buelta bat ematera eta asteko erosketak egitera; gero askotan lagunen batzuekin geratzen ginen bermuta hartzera joateko edo, bestela, azokako arrandegian zerbait berezia erosten genuen biok bazkaltzeko. Ahalegina egin behar izan nuen larunbat batean kalean bakarrik ibili nintzen azken eguna gogoratzeko. Ezagunen batekin topo eginez gero, pentsatuta neukan azalpena: obratan ari ziren Errioxako txaletean, eta ni han tokiz kanpo nengoen erabat, enbarazu besterik ez nuen egingo eta.

      Inolako planik gabe irten nintzen, asmo garbirik gabe pasieran ibiltzera. Alderrai ibili nintzen, nora jo ez nekiela edo, hobeto esanda, inora joan nahi ez nuela ondo jakinda. Horregatik harritu nintzen hainbeste nire noraezeko ibiliak oharkabean Jonekin lehen egun hartan egondako tabernara eraman ninduenean. Taberna atariko terrazan bikote bat zegoen gosaltzen, eta beste mahai batean hiru mutil gazte garagardoa edaten hasita. Barrura sartu nintzenean kamareroa beste inor ez nuen aurkitu. Kafe bat eskatu, eta mahai huts guztien artean Jonekin eserita egon nintzen hartara joan zitzaizkidan begiak, eta Fatimaren eskuaren zintzilikarioa entregatu nionean eskuetan hartu zuen une hura gogoratu nuen.

      Ez nuen denbora askorik egin tabernan, kafea hartu eta segituan irten bainintzen handik. Aurreko egun hartan egin genuen bide bera egin nuen, orduan aurrez pentsatu gabe egin genuena oraingoan nahita, orduko pasiera hura gogoratzeagatik bakarrik. Ez nuen aurpegi ezagunik aurkitu kalean, baina ez zitzaidan harrigarria iruditu asteburuan inorako planik gabe bertan geratzea arraroa bihurtu den garai honetan.

      Geldialdia egin nuen Jonekin geratu nintzen dendaren aurrean, eta erakusleihora hurbildu nintzenean harritu egin ninduen, ez dakit zergatik, kristalean neure itzala bakarrik ikusteak. Jonen amaren gustuko denda hartan udako arropa koloretsua zen nagusi, erakusleihoa aukera ikusgarrienekin jantzi nahi izan balute bezala denboraldiari errematea eman aurretik. Erakusgai zeukatenari begiratu azkar bat ematen ari nintzela, atentzioa eman zidan atze samarrean eskuineko bazterrean zeukaten soinekoak: han zegoen Jonekin begira geratu nintzenean ikusi nuen soineko argi hura, hosto berde zabalen artean ageri ziren lore gorri ikusgarriz ondo hornitua.

      Ez, ez nintzen Errioxako etxera joan, eta banekien ez nintzela gehiago itzuliko. Bazkari arin bat egin nuen etxean neuretzat bakarrik, eta bazkalondoan musika lasaia jarri, eta sofan erdi etzanda egon nintzen, infusioari noizbehinka zurrutadak eginez, astebete lehenagokoak gogoan nituela. Banekien, senarrak esanda, aurreko asteko larunbat goizean enpresa batekoak etortzekoak zirela, astean zehar hango eta hemengo obretan ibiltzen zirela eta larunbatak aprobetxatzen zituztela aurrekontuak aurkeztu aurretik lurrak ikusteko eta neurtzeko. Erdi lotan nengoen senarra jaikitzen ari zela sumatu nuenean. Udako bigarren bero-bolada lehenengoa baino gogorragoa ari zen izaten, eta, txarrena pasea bazen ere, egunak generamatzan lo ondo egiten ez genuela, batez ere berak. Oso goiz zen artean, eta beroaren eraginaz gain azken egunetan zuen urduritasunari egotzi nion ohean lasai ezin egon hura. Beharbada enpresakoei harrera egiteko kafea prestatu nahi izango ziela pentsatu nuen, eta segituan geratu nintzen berriz lo.

      Burrundara batek esnatu ninduen, eta hasieran kosta egin zitzaidan zarata hura nondik zetorren konturatzea. Ibilgailu baten motorra baino ozenagoa zen, kamioi bat etxe ondoraino sartu balitz bezalakoa. Ohetik jaiki eta pertsiana jaso nuenean jabetu nintzen zer gertatzen ari zen han. Hondeamakina bat zebilen lursailean lurra harrotzen eta parean harrapatzen zuen guztia txikitzen. Alde batetik hasi eta erdi pareraino egina zuen bazter bateko lana; belar ihartu guztiak erauzi, eta lur biluziko zirrindara zabal bat uzten zuen atzean. Begira egon nintzen momentuan astigar txikietako bat erauzten ikusi nuen, aurrena kutxarearekin bi kolpetan botatzen eta gero errotik ateratzen. Amorru biziz estutu nituen gortinak eskuekin, baina ez nuen barrurik izan behera jaitsi eta senarrari ezer esateko.

      Astebete lehenago gertatua utzi eta erlojuari begiratu nionean, arratsaldeko lau eta erdiak zirela konturatu nintzen. Sofatik jaiki, eta neure gelara joan nintzen; etxeko arropa erosoa erantzi, eta ispiluaren aurrean jarri nintzen gerritik gora biluzik neure gorputzari begira. Banekien ez nuela oraingoan inolako sarkinik izango, senarraren ezusteko etorrerak ez ninduela asaldatuko, baina, harekin pentsatze hutsarekin, berriz ere Errioxako etxera joan zitzaidan burua, eta han irudikatu nuen lursaileko lanak gainbegiratzen eta zuzentzen.

      Ispiluari begiratu nion berriz, eta eder ikusi nuen neure burua, biziberriturik, senarrarekin bizi izandako ekaitzaren ondoko bareak on eginda, harrezkeroko patxadak eta soseguak kemenberritu egin banindute bezala. Aste horretan bertan erositako bularretako berria jantzi nuen, eta atzera begiratu nuenean ohe gainean han ikusi nuen soineko loreduna, azkenean nork estreinatuko zuen zain balego bezala. Goizean dendan probatu nuenean baino hobeto geratzen zitzaidala iruditu zitzaidan, gerria neurri-neurrian estutzen zidala, bularrak nabarmenago uzten zizkidala.

      Lehen klaxon hotsari ez nion kasurik egin, eta bigarrengoan hiru bozinakada ozen jo behar izan zizkidan niretzat zirela konturatzeko. Leihoko gortina baztertu eta begiratu nuenean, Jon ikusi nuen auto horitik irtenda nire leihora begira; ikusi ninduenean, besoa jaso zuen, eta neuk ere eskua astindu nuen kristalaren atzean. Oinez etorriko zela uste nuen, kaleko txirrina joko zidala, eta kafe bat hartzera eta buelta bat ematera joango ginela, baina han neukan orain auto zahar haren ondoan.

      Galtza zuriak eta alkandora urdina zeramatzan, tabernan elkartu ginen eguneko arropa bera, baina orduan baino tenteagoa iruditu zitzaidan, lehen egunetan sumatu nion abaildura zeharo uxatu balu bezala.

      — Eguraldi ederra dago, eta kanpora joan gintezkeela pentsatu dut. Toki lasai batera.

      Ordu horretan ez zebilen kotxe askorik, eta segituan irten ginen kale artetik; industrialdea zeharkatu, eta saihesbidea igarotakoan landa zabalean ginen. Poliki gidatzen zuen, noizean behin alde batera edo bestera begiratu eta paisaiarekin entretenituz. Uzta bildutakoan soroek izaten duten lasto kolore hori zen nagusi, erremolatxa hostoen berdeak eta koltza-sailetako loreen horiak ematen dioten arinduarekin. Zabaldiari horma jartzen dion Badaia mendilerroari begira gindoazen, eta hango arteen berde ilunak amaren errautsen arbolaren kolorea ekarri zidan gogora, baina segituan uxatu nahi izan nuen burutazio hori.

      Otogoienera iritsi ginenean, ahal zuen tokian aparkatu, eta jatetxe batera jo genuen zuzenean. Bazkalondo builatsuan jendez gainezka zegoen taberna zeharkatu, eta beste aldera ematen duen terraza zabalean eseri ginen. Kafeak eskatzera joan zen, eta, itzuli bitartean, terrazatik dagoen ikuspegi ederrarekin entretenitu nituen begiak, alde batera eta bestera hedatzen diren soro zabalekin. Kafeak ekarri eta ondoan eseri zitzaidanean, segituan hasi zen toki horrek ekartzen zizkion oroitzapenekin.

      — Askotan etortzen ginen hona, igande arratsalde askotan. Aita eta ama hemen geratzen ziren terrazan, eta gu hor ibiltzen ginen batekin eta bestearekin jolasean.

      Toki ezaguna zen niretzat ere, behin baino gehiagotan joana nintzelako, baina ez familiarekin Jon joaten zen moduan. Ni gehienetan ezagutu berria nuen mutilen batekin joaten nintzen; hasierako hitzorduetako bat hangoa izaten zen beti, neuk horrela aukeratuta, ez dakit zergatik. Orain ari nintzen konturatzen mutilarekin harremana egonkortzen baldin bazen utzi egiten geniola hara joateari. Hori ere ez dakit zergatik, baina orain han nengoen berriz, eta ezin nuen saihestu egoera horrek eragiten zidan ezinegona.

      Terrazatik ageri zen ikusmira zabalari begira geratu ginen isilik une batez, gari-zuztar moztuen kolorearekin begiak aseta.

      Mendilerroaren gaineko haize-erroten ilarari erreparatu zion, eta bere ingeniari sena atera zitzaion.

      — Inoiz igo al zara errota eolikoak ikustera?

      Ezetz esan nion, beti urrutitik ikusi izan ditudala. Administrazioko langilea izan naiz urte askoan, agiri eta inprimakietan eskarmentu handikoa, baina teknologia kontuak arrotzak egin zaizkit beti. Ez dut behin ere aparteko interesik sentitu horrelako gauzetarako; ez nion holakorik esan, baina bost axola zaizkit niri aparatuak, makinak eta holako guztiak, senarra urtez urte pilatzen joan den burdin-gauza haiek denak adina, gutxi gorabehera.

      — Ba, bertatik bertara ikusteko modukoak dira. Alemanian orain horiek baino handiagoak ari dira jartzen, eta gero eta gehiago itsasoan bertan. Haizerik gehien ibiltzen den tokietan, jakina.

      Arratsalde eguzkitsuan eder ikusten nuen Jon, galtza zuriek eta alkandora argiak ematen zioten jite alaiaz gain, sendoago eta sosegatuago; lehen egunean ezagutu nuen gazte urduriak orain helduagoa eta orekatuagoa zirudien.

      — Bero dago hemen —kexatu nintzen, eta beste mahai batera joan ginen. Itzalkinaren gerizpean jarri ginenean, kexa gozatu nahi izan nuen—. Alde ederra egoten da hemen, itzalean.

      Gerizpean jartzearekin batera, amaren gaira itzuli zen Jon. Lehen egunean Errioxako etxeko pergolaren azpian bizi izan nuen egoera errepikatzen ari zitzaidan sentsazioa izan nuen: han neukan berriz ere neure aurrean, kafea hartzen eta amari buruzkoak aletzen.

      — Egun hauetan bizi izan ditudanek lagundu egin didate amaren oroitzapena beste modu batera eramaten.

      Esaldi ilun eta misteriotsu samarra iruditu zitzaidan, eta atezuan geratu nintzen, gero nondik jarraituko ote zuen. Oso lasai ikusten nuen bera; zigarro bat piztu zuen, baina patxadan erre zuen, zupaden artean tarte luzeak utziz, eta kea atseginez jaurtiz.

      — Zurekin hitz egindako guztiak ere lagundu egin dit. Benetan.

      — Pozten naiz —eta eskerrak emateko keinua egin nion, burua eta begirada pixka bat makurtuta.

      — Egun hauetan buelta asko eman dizkiot buruari. Azkenean gertatu dena gertatu da, baina, egia esanda, kapitulu luze bati amaiera ematea bezalakoa izan da.

      Zupada sakonak ematen zizkion zigarroari, eta gero kea poliki botatzen zuen, ia yogako arnasa-ariketa bat egiten ari balitz bezala. Ni bat-batean ahoa lehorrago sentitzen hasi nintzen, eta uda beteko arratsaldeko beroak ere egarritu egin ninduela konturatu nintzen. Beste zerbait gustura hartuko nuela esan nion, eta berak ere baietz esan zidanean neu sartu nintzen oraingoan tabernara, berak zer nahi zuen galdetzea ahaztuta. Gin-tonic pare batekin itzuli nintzen mahaira, eta asmatu egin izango nuen, ez baitzidan horretaz ezer esan.

      — Beharbada zentzugabea izan da zuhaitzaren kontuarekin horrela tematzea. Ez dira gauzak nik nahi bezala atera, baina zure gizonak ere eskubide osoa du bere lurretan nahi duena egiteko.

      Nik egindako ahaleginak eskertzeko modu ederra, pentsatu nuen, azkenean nire gizonari arrazoia ematea. Protesta egitekotan egon nintzen, baina leunetik erantzun nion:

      — Konbentzituta nengoen zuretzat balio handia zuela arte hura bere hartan kontserbatzeak.

      — Bai, eta hala da, edo hala zen. Gertatu dena ez da nik nahi nuena, baina niri balio izan dit ama hil zenetik orain arte bizi izandako guztia ixteko. Orain ari naiz konturatzen.

      Aurrean geneukan paisaia zabalari begira geratu zen, isilik, berriz ere oroitzapenak bere baitan dastatzen ari balitz bezala. Gero begirada mendi aldera jaso, eta haize errotei erreparatu zien berriro.

      — Ez dizut esan, baina turbinak egiten ditugu guk ere, haize-errota horiek dituztenen antzekoak —isilik geratu ginen biok; gin-tonicari zurrutada bat egin, eta Jonek jarraitu zuen—. Datorren asteartean itzuliko naiz Düsseldorfera. Aurtengo opor egun gehienak gastatu ditut.

      Bat-batean eguzkiaren indarra gehiegizkoa iruditu zitzaidan, eta zeru urdin orbangabea une batez altzairuzko plantxa bat zela sentitu nuen, une batetik bestera neure buruaren gainera erortzeko zorian zegoena. Edalontziak hustu genituenean, handik alde egiteko keinua egin nion. Erlojuari begiratu zion, eta harridura aurpegia jarri zuen, solasari amaiera emateko goizegi balitz bezala.

      — Nahiago dut etxeko freskurara bueltatzea. Gainera, badaukat zer egina —esan nion, aitzakia bat bilatzen hasteko ere buru-argitasunik gabe.

      Joandako bidetik itzuli ginen, eta berriz ere alde bietara zabaltzen ziren soroei begira egin genuen etorrikoa, biok ere isilik. Bion mututasunari luzeegi iritzi zionean, berak hautsi zuen isiltasuna:

      — Badakizu gauza bat? Azkenean zuhaitza botatzea eta lurra iraultzea onerako izan direla uste dut. Zer egin behar nuen, bestela? Beti ama han dagoen ilusio horrekin jarraitu?

      Bat-batean beroaren erasoa sentitu nuen berriz, eta leihoa ireki nuen, kortesiazko baimen eskerik gabe. Leihoa zabaldu nuenean, ordea, uste baino beroagoa izan zen kotxe barrura sartu zen airea. Beste bero-bolada baten atarian geundela pentsatu nuen, aurtengo uda bereziko hirugarrena, eta segituan itxi nuen leihoa.

      Isilik egin genuen itzulerako bidearen zatirik handiena. Gasteizera iritsi eta nire etxearen aurrean uzteko eskatu nionean, garbi ikusi nuen Jonen aurpegian nire jokaerak eragin zion harridura edo ezulertua, baina, nire mututasuna errespetatu nahi izan zuen, eta ez zidan ezer galdetu. Ia protokolozkoa zirudien agur bati dagozkion hitzak erabili genituen biok ere, eta Jonek bere esker ona berretsi zidan elkarri arauzko bi muxuak eman aurretik.

 

 

Gaur arratsaldean, lanetik irten naizenean, pasieran ibili naiz pixka bat, Jonekin neukan hitzordura arte denbora pasa. Mezu bat bidali zidan igande gauean esanez Alemaniara itzuli aurretik nirekin kafe bat hartuko lukeela gustura. Ez zidan larunbat arratsaldeko despedida hotzaz ezer aipatu, baina garbi zegoen ez zitzaiola behar bezalako agurra iruditu. Amaren zintzilikarioa eman nion taberna hartan bertan geratu ginen hainbeste gustatzen omen zitzaizkion gure solasetako azkenerako.

      Lasai egin dut lantokitik tabernara bitarteko bidea, batere presarik gabe, edo, hobeto esanda, hitzordura iristeko gogo handirik gabe. Tabernara hurbiltzen ari nintzela, kale-kantoitik ikusi dut Jon, hura tabernako atetik ni baino gertuago. Gelditu, eta begira geratu natzaio; lehen egunean egin zidan inpresioa bera egin dit, mutil altua eta lerdena, baina mugimenduetan baldar samarra.

      Tabernan sartzen ikusi dudanean, hor bertan kontatu zizkidanak gogoratu ditut, eta toki batean eta bestean amaz eta familiaz entzun nizkion guztiak. Berriz ere tabernan sartzen irudikatu dut neure burua, Jon besoa altxatzen eta biok orduko mahai berean esertzen, hura kafea hartzen gero eta ni infusioari zurrutadatxoak egiten, behin eta berriro entzundakoak edo antzekoak berriz aditzen.

      Kale-izkinatik taberna aldera abiatu naiz; tabernako sarreraren parean pausoa moteldu dut, eta atera begira geratu naiz une batez, baina gero aurrera jarraitu dut. Asmo garbirik gabe ibili naiz erdialdeko betiko tokietan pasieran, inongo denda edo tabernatan sartu gabe, burua egurasteagatik bakarrik.

      Etxeko atea zabaldu dudanean, inola ere espero ez nuen presentzia batek asaldatu nau: astebete pasa elkar ikusi gabe egon ondoren, han neukan berriz ere senarra aurrez aurre egongelako atetik begira. Agerkunde haren atzean egon zitezkeen arrazoien errepasoa egin dut pare bat segundotan: agian nire haserrealdia leuntzeko adina denbora igaroa zela pentsatuko zuen eta adiskidetzeko aukera ikusiko zuen, edo, bestela, beharbada nekatu egingo zen Errioxako etxetik lanera egunero kilometro mordoa egiten, eta bere eskubideak aldarrikatzera etorriko zen, gure pisuan egoteko nik adina eskubide daukala konbentzituta. Baina begirada otzanean eta irribarre umil antzekoan segituan sumatu diot gozotik hasiko zitzaidala.

      — Gauzak hobeto pentsatu ditut. Lursailerako planak aldatu ditut. Fruitu arbolekin itsututa nengoela konturatu naiz.

      — Eta orain begiak zabaldu dituzu. Hau bolada hau! Mundu guztiak bat-batean gauzak garbi ikusi dituela ematen du.

      Senarrak harridura eta ezulertu aurpegiarekin begiratu dit, baina bere azalpenarekin jarraitu du.

      — Hondeamakinak lursailaren erdia iraulita dauka, baina hor geratzea erabaki dut. Horrekin nahikoa izango dugu fruitu arboletarako, eta gainontzekoan beste zuhaitz batzuk landa ditzakegu. Eta mutil horien amaren errautsen artea, ondo begiratuta, ederra da oso.

      Amorrua indarra hartzen ari zitzaidala sentitu dut, eta burura etorritako erantzun zakarra ito behar izan dut eztarrian, lehertuko ote nintzen beldurrez.

      — Almendrak eta gereziak besterik ez nuen ikusten, baina badago bestelako aukerarik ere —nire haserrea sumatu, eta leunago ari zitzaidan, tentuz—. Mutil horren eskaerak azkenean lagundu egin dit konturatzen, eta zerbait hobea egin genezakeela ikusten. Azkenean igual eskerrak eman beharko dizkiot.

      Erdi txantxetako tonuarekin eman dio errematea bere aitorpenari, nigan sumatzen zuen tentsioa umore puntu batekin arindu nahi balu bezala. Hurbildu egin zait, astebeteko etenarekin eta gure arteko urruntasunarekin bukatzera deliberatuta bezala.

      — Dotoreago ikusten zaitut gaur, eta ederrago —esan dit, eskua gerrian jarrita.

      Ezpainak lepora hurbildu dizkidanean, egundoko nazka sentitu dut, eta burua albo batera bota dut eman nahi zidan muxua saihesteko.

      Logelan sartu naiz zuzenean, inolako esplikaziorik eman gabe. Arropa erantzi, eta ohe gainera bota dut edozer moduz; ibiltzera irteten naizenean erabiltzen ditudan txandal-galtzak eta harrapatu dudan lehen kamiseta jantzi ditut. Armairuan behin bakarrik jantzi dudan soineko alai loreduna ikusi dut, eta Jonen amarekin gogoratu naiz berriz, haren sufrikarioarekin eta noraezarekin, senarragatik sufritu behar izan zuen guztiarekin. Burugabe bat izan zela erabaki dut, gizonak emakume gazte batekin alde egin zionean ergel jokatu zuela, eta alargundutakoan izan zuen gainbeheraren ondoren heriotza ergel bat izan zuela.

      — Banoa buelta bat ematera —bota diot lehor senarrari, eta hor joan naiz eskaileretan behera.