Hotz industriala
Julen Belamuno
Hotz industriala
Julen Belamuno
2020, narrazioa
216 orrialde
978-84-17051-47-1
Azala: Xabier Gantzarain
Hotz industriala
Julen Belamuno
2020, narrazioa
216 orrialde
978-84-17051-47-1
aurkibidea
 

 

Desagertuaren oroi-grina

 

 

Inork ez daki hemen zein den nire benetako izena. Hemen ezagutu ditudanek ez dute hona iritsi aurreko nire bizitzaren arrastorik ere, neuk asmatu eta itxuratutako zertzelada xume batzuk besterik ez, eta horiekin nork bere erara osatutako irudi nolabaiteko bat, seguru asko nik esandakotik baino bakoitzak bere irudimenetik jarritakotik gehiago duena. Zorionez, alde honetan ez dira oso zorrotzak besteren bizitzako gorabeherak eta xehetasunak jakin nahi horretan; ez dira inoren kontuetan muturra sartu zaleak, eta gertuenetik ezagutu nautenek ere ez dute apur horixe baino gehiago arakatu nahi izan, ez behintzat nire erantzunetan inoiz irristatu izan zaizkidan inkoherentzia txikiengatik ni estualdi batean jartzeko adina.

      Orain dela hogeita hamar urte pasa sorterritik alde egin nuenean, eten bat gertatu zen nire bizitzan. Aizkora kolpe batez erdi bi egindako soka batean bezala, ebaki zorrotz batek garbi bereizita utzi zituen alde batera eta bestera geratu ziren puskak, inolako lotunerik gabe: erabaki hura hartu nuenetik ezagutu nautenek ezer gutxi dakite lehen zatiaz eta ordura arte ezagun nindutenek ez dute harrezkerokoen berririk, zulo beltz batek irentsi banindu bezala. Egun batetik bestera desagertu nintzen haien mundutik, arrastorik txikiena ere utzi gabe; ordura arte izan nintzena izateari utzi nion, eta Martin Steinbrück izaten hasi nintzen.

      Etenaren urte hura baino lehenago ere izana nintzen Berlinen, aurreko urtean bertan, 1984an, lagun batzuekin egindako bidaia batean, trena hartu eta Europako bazterrak ezagutzen ibiltzen ginen garai hartan. Hasieratik txunditu ninduen hango giroak, eta herrian bizi nuen egoerak larrituta desagertzeko gogoa egin zitzaidanean ez nuen toki aproposagorik aurkitu iraganarekin hautsi eta mundu zabalean betiko galtzeko. Harresiaren garaiko Berlin hura mundu berria zen niretzat, mugimendu alternatibo guztien habia eta Alemaniako gaitzegokitu guztiak erakartzen zituen tokia. Gustuko ez zuten giro batetik ihesi joandako aleman gazte askok bezala, neuk ere ez nuen uste leku hoberik izan zitekeenik ordura arteko guztiarekin betiko hausteko erabakia hartu nuenean.

      Luze joko luke Berlinen hasi nuen bizimodu berri hartatik Alemaniako bazter honetara iritsi arteko guztiak kontatzeak, eta, gainera, ez luke interes handirik, gezurra badirudi ere urruti hauetako bizimodu berrian ez baitzait apartekorik gertatu, hasierako pasadizo batzuk kenduta geroko ia guztia bizimodu arrunta eta gorabeherarik gabekoa izan baita niretzat.

      Lehengo batean, ordea, buzoian aurkitu nuen gutun batek berriz itzularazi ninduen betiko atzean utzia uste nuen mundura eta garaira. Iraganeko sasoi hura beste bizialdi batekoa zela iruditzen zitzaidan, mundu hartarako betiko hiltzea eta beste toki batean piztea erabaki nuenetik geratzen zen hondar bat besterik ez, oroimenetik erauzteko egin nuen ahaleginagatik oso izpitua. Ez zitzaidan zaila egiten horrela pentsatzea, ez bainuen harrezkero bizialdi zaharreko inoren berririk izan, orain hilabete eskas iritsitako gutunak oroitzapenen konportak zabaldu zizkidan arte. Gutun harekin hasi zen iraganaren jarioa, pixkanaka haziz joango zena benetako olde bihurtzeraino.

      Lehen sorpresa buzoian gutun bat aurkitzea izan zen, posta arruntez igorria eta Martin Steinbrücki zuzendua. Berlingo helbide batetik bidalitakoa zen, gainera, aspaldian zapaldu ez dudan hiri horretatik, baina ustekaberik handiena gutun-azala zabaldu nuenean hartu nuen: euskaraz idatzita zegoen, hogeita hamar urtean inguruan entzun ez dudan hizkuntzan. Interneten euskaraz irakurtzen jarraitu dudan arren, ez nuen aspaldian euskarazko paperik esku artean eduki, ez inorekin hitz egiteko aukerarik izan, baina neure bakarrizketako hizkuntza izan da beti, eta hala da oraindik ere. Bitxia izan arren, azken urteetan giza kontaktuak asko murriztu zaizkidanez, paradoxaz nire bizitzako hizkuntza nagusi bihurtu zait berriz, inguruan entzuten dudan alemanaren gainetik.

      Gutuna zabaldu orduko garbi ikusi nuen emakume gazte baten letra zela hura, txorten laburreko hizki borobilek eta i letraren gaineko zirkuluek salatzen zutenez. Ainhoa Elortza izena zuela esaten zidan, eta ni ezagutzeko gogoa zuela. Gutunaren hasiera horrek zer pentsatu ez nekiela utzi ninduen: gutuna jaso izana ustekabe handia izan bazen, munduaren azaletik ia desagertutako bat ezagutu nahi izatea ezin sinetsizkoa egiten zitzaidan. Berlinen alemana ikasten ari zela esaten zidan eta hizkuntza akademiako arduradun batekin goizaldera izandako solas batean jakin zuela aspaldi batean bere herriko bat ibilia zela han, eta harresiaren garaian Ekialdeko Berlinera pasatu zela eta geroztik inork ez zuela haren berririk izan. Horrek jakin-mina piztu omen zion, eta hari mutur askori tira egin ondoren azkenean nire arrastoa ateratzea lortu zuela aitortzen zidan, bestelako azalpenik gabe. Istorio bitxia iruditzen omen zitzaion, herriko aldizkarirako erreportaje edo elkarrizketa bat egiteko oso egokia.

      Harridurak irudimenaren errota abiarazi zidan, baina neskaren nortasuna irudikatzeak eta haren motiboak asmatzeak baino gehiago kezkatzen ninduen nire arrastoa ateratzeko erabili zuen bideak. Nola arraio jakin zuen non bizi nintzen? Inork ez zekien nire berri, inork ez zekien non bizi nintzen. Berlingo Harresiak ezartzen zuen muga hura berriz atzera ez itzultzeko asmo sendoz gurutzatu nuenean, banuen hasieran Mendebaldeko Berlingo jendearekin nolabaiteko harremana, baina Ekialdeko Berlindik ere alde egin nuenean betiko galdu nuen kontaktua.

      Orotariko azalpenak eta hipotesiak pilatzen zitzaizkidan, batzuk errealistagoak, xelebreagoak beste batzuk: Berlingo akademia hartan ezagututako norbaiten adarjotzea izan zitekeen, edo garai hartan ezagutu ninduen Stasiko norbaiten entretenimendua erretiroari dibertsio pittin bat emateko, edo bestela benetako Martin Steinbrücken jokaldiren bat. Horrelako aieru asko erabili nituen buruan, baina taxuzko hipotesirik egiteko modukorik ez. Neska ezezagun hark esaten zidana sinetsi beste aukerarik ez zitzaidan geratzen.

      Neuk hiru hamarkada lehenago bizi izandakoak ekarri zizkidan gogora gutunean kontatu zidanak, neu ere akademia hartan bertan alemana ikasten ibili nintzen garaikoak. Orain, orduan bizi izandakoak gogoratzean, hura lehen ihesa izan zela iruditzen zait, eta Berlin, berriz, jaioterritik alde egitea erabaki nuenean zalantza izpirik gabe aukeratu nuen lehen gordelekua. Garai hartako Berlin hura, lau zatitan banatua eta harresiak erdibitua, paradisu moduko bat zen orduko gazte askorentzat, bertako nahiz kanpotarrentzat, hiri libre bat, musikan, artean edo politikan kale nagusitik kanpo zebilen edozeinentzat benetako portu distiratsua. Kreuzberg auzoko lantegi zahar okupatu batean zegoen Babylonia hizkuntza eskola, akademiarekin batera hainbat kolektibo politikoren eta zenbait lanbidetako talde alternatiboen egoitza bihurtu zen eraikin zahar hartan.

      Eskola hartara jo nuen ordurako ikasia nuen alemana hobetzeko aitzakiarekin, eta, han jarraitzeko asmoa ikusi zidatenez, sukaldari lanpostu bat eskaini zidaten alde egin berria zen frantses baten ordezko moduan. Ez zidaten nire motiboei buruz askorik galdetzen, beharbada han zebiltzan kanpotar ugariek ematen zituzten azalpenekin aseta zeudelako eta iritsi berri baten jokaeraren atzean egon zitezkeen arrazoiek ez zietelako aparteko interesik pizten. Ez zidaten inoiz inolako paperik edo froga-agiririk eskatu; Espainiako Poliziatik ihesi nenbilela esan nienean ez zen inor harritu, eta ez zitzaion inori iruditu aparteko esplikaziorik eman beharrik neukanik.

      Nire jokaera justifikatzeko asmatu nuen aitzakiak bidea eman zidan talde politiko jakin batekin harremanetan jartzeko. Presoei eta torturatuei buruz inoiz kontatu izan nituenak interesgarriak iruditu zitzaizkion Hans izeneko bati. Ni baino zaharragoa zen, hogeita hamar bat urteko tipo luze aurpegi-zuri bat, betaurreko borobilek ezkerreko intelektual ia kanonikoaren itxura ematen ziotena. Alemaniako espetxeratuei laguntzeko talde bateko kidea zen, edo, nik ikusitakotik ondorioztatu nuenez, kide huts baino gehiago koordinatzaile edo buru egiten zuena. Gustura entzuten zituen nik euskal presoei edo guardia zibilen eskuetatik pasatutakoei gertatutakoez kontatzeko neuzkanak, eta, horrelako kasuez neukan ezagutza zabalak konbentzituta-edo, haren konfiantza irabazi nuen.

      Orduan hasi zen orain bigarren ihestzat jotzen dudan mugimendua. Hansek kontaktu asko zituen Ekialdeko Alemanian, harreman ugari han ere beste arrazoi batzuengatik kartzeletan zeudenei laguntzeko taldeetakoekin, eta baita hango disidente politiko batzuekin ere. Noiznahi joaten zen Ekialdeko Berlinera, hogeita lau orduko pase haietako bat aprobetxatu eta hango kontaktu batzuekin egotera. Niganako erakusten zuen interesagatik edo nik kontatzen nizkion pasadizoek pizten zioten elkartasun moduko zerbaitengatik, egun batean beste aldera egiten zituen txango haietako batera gonbidatu ninduen.

      Orain, orduko kontuez gogoeta egitean, konturatzen naiz aurrez pentsatua izan behar zuela operazio guztia. Disidente taldekoekin hitzordua jarri genuen etxera iritsi orduko Martin izeneko bat aurkeztu zidan. “Gainera, izen bera daukazue” bota zuen barrez, eta elkarren ondoan jarri gintuen. Ez nuen inoiz pentsatu izango nirekin hainbesterainoko antza zuen inor ezagutuko nuenik. Altuera berekoak ginen, biok argal samarrak, ile nabarraz gain orrazkera berekoak; begietan, ezpainetan, elkarren kopia ginela zirudien gauza gehienetan. “Bikiak ematen duzue. Eta gainera biok Martin zarete”, bota zuen berriz Hansek.

      Ez nuen motibo berezirik bigarren ihesaldi hartarako, eta, gainera, Mendebaldeko Berlinen jarraitu izan banu bizimodu errazagoa izango nuen seguru asko, baina iheserako benetako arrazoiak baino gehiago orain konturatzen naiz lurraren azaletik desagertzeko gogo lauso bat zegoela atzean, eta sorterritik urruntzeko izan nuen bulkadaren azpian ere toki ezezagun batean arrotz sentitzeko gogoa zegoela, neure nortasunaz beste egiteko desira eutsiezin bat.

      Behin baino gehiagotan egona nintzen Ekialdeko Berlinen, hasieran neure kontura eta gero Hansekin beste hirutan edo lautan, baina egun hartakoa banekien azkena izango zela. Metroa hartu, eta bakarrik iritsi nintzen Friedrichstrasseko geltokiko kontrolera, horrela hitzartu baikenuen Hansek, Martin disidenteak eta hirurok. Ohituta nengoen kontroleko polizien uniforme berde ilunera, haien hitzen eta keinuen larderiara, aurpegian eta jarreretan erakusten zuten zurruntasunera, baina egun hartako kontrola zorrotzagoa izan zen. Kezka ustez ondo disimulatzen nuen arren, ezinegon izpi bat sumatu zidatela zirudien.

      Polizietako batek nire pasaportea eskuetan hartu zuen, baina argazkikoa neu nintzela egiaztatzea ez zitzaion nahikoa iruditu goiz hartan. Lehendik ere probatuta nengoen polizien teknika hura, begirada luzatu eta bestea susmagarri sentiaraztekoa; banekien, Hansek esanda, susmopean egoteko benetako motiboak dituenaren erreakzioak behar bezala irakurtzeko prestatuta zeudela DDRko poliziak, eta begirada luzearen teknika ia errutinazkoa zela haien lanean. Goiz hartakoa, ordea, besteetan baino luzeagoa izan zen. Lehen begirada tinkoaren ondoren, benetako errepasoa eman zion nire aurpegiari: kopetara begiratu zidan, eta pasaporteko argazkiarekin kontrastatu zuen; gero nire aurpegiaren alde bati eman zion errepasoa, eta berriz pasaporteko argazkikoarekin alderatu zuen; aurpegiaren beste aldearekin jarraitu zuen, eta gero sudurraren txanda etorri zen, ahoarena, kokotsarena... Banan-banan aztertu zizkidan aurpegiko atal guztiak.

      Luze zihoan nire aurpegiaren miaketa, garai hartan guardia zibilek kontroletan egiten zutena baino askoz luzeago. Ezinegona hasi nintzen sentitzen, pasaporteko argazkia nola egin nuen gogoan. Udako arratsalde eguzkitsu lasai batean atera nuen kaleko fotomatoi kaxkar batean, garagardo dezente edan eta porru batzuk erre ondoren. Agian holako zerbait sumatu izango zuela pentsatu nuen une batez. Poliziak nire aurpegia aztertzen segitzen zuen, nire hazpegi guztiak eskaneatu nahi balitu bezala. Azkenean berriz ere begirada zuzena bota zidan begietara. “Deine Augen” esan zidan, eta eten bat egin zuen mehatxu tonuari suspense pixka bat eman nahian bezala; behatz batekin pasaporteko argazkia seinalatu, eta ahotsa pixka bat baretuz jarraitu zuen: “Deine Augen sind rot”.

      Isil-isilik geratu nintzen, ezer ulertu ez banu bezala. Nire mututasunaren aurrean irribarre egin zuen, eta horrek lasaitu egin ninduen, alemana ulertzen ez zuen atzerritar bat nintzela pentsatuko zuelakoan. Azkenean aurrera jarraitzeko keinua egin zidan, eta hor joan nintzen kontroleko postutik lehenbailehen urruntzeko irrikaz. Hura izan zen muga pasatu nuen azken aldia. Ez nintzen gehiago Mendebaldera itzuliko.

 

 

Buzoian ezustean aurkitu nuen gutun hari ez erantzutea erabaki nuen, eta pixkanaka urtzen joan zitzaizkidan hasieran ernarazi zizkidan galderak. Neska hark etsi egingo zuela pentsatu nuen, ez zidala berriz idatziko; beharbada okerreko informazioa eman ziotela susmatuko zuen, eta nire arrastoa betiko galdutzat joko zuen, edo hori espero nuen nik behintzat. Ez neukan batere gogorik iragan urruneko errautsak harrotzen hasteko, agian ezkutuko txingarren batetik garra berpiztuko ote zen beldurrez. Handik hiru astera, ordea, beste gutun bat aurkitu nuen buzoian; eskuetan hartu orduko ezagutu nuen gutun-azalean neskaren letra borobil hura. Kartazala jiratu, eta oraingoan igorlearen daturik gabekoa zela ikusi nuen, baina bazuen gutunak hori baino gauza deigarriagorik eta larriarazleagorik: zigilurik eta inolako posta markarik gabekoa zen.

      Nik ez erantzutea espero zuela iradokitzen zuen neskak, bazekiela ez zela erraza izango horrenbeste urtean desagertuta egon ondoren —“ezkutatu zinenetik” esaten zuen berak— berriz lehengo mundutik datorren norbaiti erantzutea, baina bera egoskorra zela esaten zidan, ez zuela nirekin hitz egin arte etsiko. Garbi zegoen ez nintzela aldizkari bateko orrialdeak betetzeko interesgarria izan zitekeen norbait bakarrik, hori baino jakin-min handiagoa zegoela atzean. Neskak berak aitortzen zidan, alemana ikasten ibilia bazen ere, ez zela kultura alemana hobeto ezagutzea izan Berlinera eraman zuen motiborik handiena. Are gehiago, ni hogeita hamar urte lehenago hizkuntza akademia bitxi hartan ibili nintzela jakin izanak eraman zuela bera ere hara.

      Azken aitorpen horrek urduri jarri ninduen: nola zekien Berlinera iritsitakoan Babyloniara jo nuela? Nire ibilbideaz horrenbeste jakiteak kezkatan utzi ninduen, baina horrek baino larridura handiagoa eragiten zidan niganako interesa horren handia izateak. Gainera, nirekin aurrez aurre hitz egin nahi zuela esaten zidan, baina gutunaren bukaerarako gordetzen zuen azken bonba: Neubrandenburgera etorria zen, eta hiria horren txikia izanda egun batean kalean elkar ikusiko genuela zioen. Ez nuen dudarik ere egin azkenean nonbaiten topo egingo genuela, non bizi nintzen ere bazekien-eta.

      Gutunarekin batera bi argazki zeuden kartazalaren barruan. Lehenengoan Beatriz, Jokin eta hirurok ageri ginen, betiko lagun kuttunak, lagun baino gehiago ere izandakoak; han geunden hirurok 4L gorri baten kapotaren gainean eserita, neguko arropa lodian bilduta, atzean mendi harritsu bat genuela. Ondo gogoan dut urte berriko lehen astean egin genuen bidaia hura, norako garbirik gabe Kantabriako edo Asturiasko kosta aldera abiatu eta azkenean Picos de Europako aterpe batean bukatu genuenekoa. Garai hartan egin ohi genuen bezala, Eibarren eta Elgoibarren ibili ginen egun haietarako erosketak egiten, tripi batzuk eta zaldi pixka bat, geurekin generamatzanak osatzeko. Bilbon Alde Zaharreko toki ezagunetan genbiltzala, ordea, hango lagun batzuekin topo egin eta bertan pasatu genuen gaua. Handik, gure plan lausoak aldatu, eta Picosera joan ginen Bilboko adiskide haietako birekin. Hirurotako inor ez zen mendizalea, baina Picoseko aterpe hura aprobetxatu nahi izan genuen elkarrekin mundutik aparte egoteko; bilbotarrak mendian zebiltzan bitartean gu aterpean geratzen ginen, edo handik askorik urrundu gabe ibiltzen ginen. Gogoan ditut kandelek argitutako gau haietako solas luzeak, tripiak ernarazitako gogo-giro berezian egiten genituen hitz-aspertuak, edozer gauza esateko, barre egiteko, negar egiteko.

      Luzaz egon nintzen argazki hari begira, adiskideak eta neure burua horren gazte ikusteak egin zidan inpresioak areagotutako durduza batean. Eta han zegoen Beatriz, eta haren aurpegi borobila, ile mehe horaila eta gorputz bikain hura, eta han zegoen Jokin ere bere planta on harekin, ni baino ederragoa beti. Jokin Beatrizekin zebilen garaikoa zen argazkia, baina, lagun kuttunak ginenez, elkarrekin ibiltzen ginen askotan.

      4L gorri hartan egin genuen bidaia, irrati-kasetean zinta berak behin eta berriz entzunez, batez ere David Bowierenak. Zenbat aldiz entzun ote genuen Station to station hura, zenbat aldiz oihukatu ote genuen hirurok kanta hartako “It’s too late to be grateful” indartsu hura, kanta hartatik ulertzen genuen zati bakarra; hogei urte besterik ez eta beranduegika ari ginen bizi beharrekoak bizi izan bagenitu bezala. Orain, horretan pentsatzen jarrita, agian arrazoi genuela susmatzen dut.

      Beste argazki bat ere bazegoen atzean, oraingoan hogeita hamar bat urteko neska gazte batena, adats horail luzekoa eta begi nabar argikoa, edertasun betean dagoen neska batena. Gutunean ez zuen argazkien azalpenik ematen, baina ez nuen zalantza izpirik ere eskutitz haiek bidaltzen zizkidan neskarena izango zela.

      Orain barregarriak iruditzen zitzaizkidan lehen gutuna jaso nuenean neska hura nor ote zen asmatu nahian egin nituen aieruak, eta orduko harriduraren eta intrigaren ordez benetako aztoramendu batek hartu ninduen. Zer lotura ote zuen neska hark argazkian ageri ginenokin? Nirekin ezin zuen loturarik izan, eta Jokinekin ere nekez, hura gazterik hil zen-eta. Beatrizen antza bazuen, baina beste norbaiten tankera ere hartzen nion, norena izan zitekeen jabetzen ez banintzen ere.

      Galdera batek jarraitzen zuen hasierako indar bera izaten: nondik eta nola atera ote zuen neskak nire arrastoa? Esplikazio bakarra bururatzen zitzaidan: benetako Martin Steinbrückek esan izango zion, edo zuzenean ez bazen ere haren ezagunen baten bitartez jakingo zuen nire berri. Ez zegoen beste modurik, hura baitzen ni non bizi nintzen zekien bakarra, edo hori uste nuen nik behintzat.

      Orain dela pare bat hilabete izan nuen Martin Steinbrücken bisita. Pasaportea trukatu zion hark zer atarramentu izan ote zuen jakin nahiak ekarri zuen hona, Neubrandenburgera. 2014an, harresia erori zeneko 25. urteurrenean, garai bateko laguntza taldekoekin egin zuten juntadizo batean berritu omen zitzaion jakin-mina, eta, kostata bada ere, azkenean lortu zuen nire arrastoa ateratzea. Berak bizi izandakoak kontatu zizkidan: segituan eskaini zioten lana Mendebaldeko Berlinen, baina bera anbizio handiagokoa izan, nonbait, eta Europan barrena ibili zen, batez ere Frantzian; azkenean berriz Berlinera itzuli, eta jatetxe bat jarri zuen. Ez omen zuen arazorik izan Martin Steinbrück nortasunarekin jarraitzeko; paper berriak egin zizkioten segituan, eta gero, harresia erori ondoren, benetako jaiotza agiriarekin eta gainerakoekin kontrastatu omen zituzten.

      Bi Martin Steinbrück geunden orain, bata ezaguna, bestea Alemaniako bazter batean ezkutuko bizimodua egiten zuena. Esker ona adieraztera etorri zitzaidan, baina baita nire berri jakitera ere; harritu egin zen zer tokitan bukatu nuen ikusi zuenean eta bizimodua ateratzeko Tollensesee lakuko ontzi turistikoan gidari moduan egiten nuen lan apalaz hitz egin nionean. Momentu batean, solasean eten bat egin, eta jakaren poltsikotik pasaporte bat atera zuen, nik hogeita hamar urte lehenago Ekialdeko Berlinera pasatzeko erabili eta gero berari eman niona. Neure aurpegi gaztearen irudia ikusi nuen orduan, gero neskaren gutunarekin batera jasoko nuen argazkian denbora gutxian bigarrengoz ikusiko nuen berbera. Han zegoen Friedrichstrasseko mugako poliziak atalez atal nire aurpegiarekin kontrastatu zuen argazki hura.

      Ez zen bisita luzea izan, eta susmoa dut dezepzio puntu batekin itzuli zela Berlinera, baina gu biok elkartzen gintuen une berezi hura gogoratzeko aprobetxatu genuen. Espetxeratuei laguntzeko taldeko Hansek Martin Steinbrückekin pasaporte trukea egiteko aukera eskaini zidanean, muga pasatzeko besterik ez zuela behar esan zidaten, gero ez zuela gehiago erabiliko. Mendebaldeko agintariek erraz ulertuko zuten —eta erraz ulertu zuten— Martin Odriozola izeneko baten pasaportea zeraman hark beste aukerarik ez zuela izan ihes egiteko. Ez zidaten esan gero zer egingo zuen, zer nortasun hartuko zuen, baina hori ez zen nire kontua; gerora pentsatu izan nuen beharbada bere benetako nortasuna berreskuratzeko modua egingo ziotela Mendebaldean, eta horrek ni oso egoera larrian jartzen ninduela, baina orduan ez zitzaidan horrelakorik bururatu.

      Friedrichstrasseko muga pasatu eta pasaporteen trukerako jarri genuen tokira nindoala, Hansek beste Martin hura aurkeztu zidan eguneko oroitzapena berritu nuen, harekin nuen antz ikaragarria gogoan, arrautza batek beste batekin duena bezalakoa, alemanen erara esanda. Prestatuta nindoan berriz ere neure irudi bikoiztuarekin topo egiteko, baina, hala ere, atea zabaldu zenean eta nire doble hura sartzen ikusi nuenean zirrara bortitz bat sentitu nuen. Elkarri eskua eman, eta sofa zarpaildu batean eseri ginen elkarren ondoan. Itxura batean elkarren kopia ginen arren, keinu eta mugimenduetan aldea sumatu nuen: ni baino seguruago mugitzen zen, erabakimen handiagoz, eta elkarri begira geratu ginenean haren begiradan halako zorroztasun eta indar bat nabaritu nuen nik neurean ispiluaren aurrean inoiz barrundatu ez dudana. Hark bizi izandakoak ez zuen zerikusirik nirearekin; bizitzea tokatu zitzaion guztiak ni baino gogorragoa egin zuela pentsatu nuen.

      Baina ez nuen inoiz jakingo zer bizimodu egokitu zitzaion, nolako ataka estuetatik pasatu behar izan zuen eta zer aukera egin zituen momentu hartara iritsi arte, zerk eraman zuen bere doblearen pasaportea hartu, ordezko nortasun aizun baten jabe egin eta Mendebaldeko oihanean menturatzera. Bakoitzak bere arrazoiak izango zituen iraganarekin hausteko, bizitzan eten bat egin eta bizimodu berri bati heltzeko. Disidenteak arrazoi politikoak izango zituen, baina beste zerbait ere egongo zela pentsatu nahi izan nuen, elkarrekin genuen antz hark benetako motiboetan ere bat eginarazi behar baligu bezala. Zerbait handia behar zuen hark ere bizitzako liburuan orri batzuk erauzteko eta bere zuritasunean inkognita hutsa den orri berrian idazten hasteko. Ez nuen inoiz jakingo, bisitan izan nuen egun hartan ere galdetu ez niolako.

      Elkarren ondoan geunden, baina hasierako begirada aztertzailearen ondoren ez zidan aurpegira begiratzen. Fidagaitz sumatu nuen, lagunen artean zegoela jakiteak zeharo sosegatuko ez balu bezala, bere kopia zirudien ezezagun hark erabateko segurantziarik emango ez balio bezala. Ez zen zeremonia luzea izan, eta ez zuen ematen inork hitz egiteko gogo handirik zuenik. Nire pasaportea eta dokumentazioa eman zizkiotenean, begira geratu zitzaidan, eta berriz mugako poliziaren begirada zorrotza ikusi nuen, nire doble hura ere nire hazpegiak argazkikoekin banaka erkatzen ari balitz bezala. Niri bereak eman zizkidatenean, ez nien gainbegiratu bat besterik eman. Gero aztertuko nituen arreta handiagoarekin; nik ez neukan presarik.

      Ez zen komeni, badaezpada ere, hirurok han bilduta denbora luzez egotea, eta banaka hasi ginen toki hartatik irteten. Aurrena bera atera zen; irten aurretik eskua luzatu nion, eta zorte ona opa nahi izan nion. Eskerrak eman zizkidan seriotasuna lehen aldiz irribarre txiki batekin hautsiz. Gero gu bion kontaktua irten zen, niri instrukzio batzuk eman ondoren, eta azkenean ni neu atera nintzen, bakarrik, mundu berri ezezagun batean murgildu behar duenak duen helduleku faltaren sentipenarekin. Baina ez nuen beldurrik sentitu; ez nuen kezka handirik, ez urduritasunik. Gezurra esango nuke kinka larri batean sentitzen nintzela esango banu, benetan sentitu nuena liberazio handi bat izan baitzen, gainetik zama handi bat kendu izan balidate bezala. Bizitza berri bati ekiteko aukera nuen, eta, horrekin batera, opari bat jaso berri duenaren poza, edo aspalditik desio izandako zerbait estreinatzeak ematen duen zorion sentipen betea. Ateratzeko txanda iritsi zitzaidanean, estu jarraitu nituen eman zizkidaten instrukzioak, eta Pankow auzo aldera jo nuen, hango apartamentu bateko giltzak poltsikoan nituela.

 

 

Liburu-denda batean ikusmiran nenbilela sumatu nuen neska aurrenekoz; alde batera begiratu, bestera begiratu, beti harekin egiten zuen topo nire begiradak. Ez zegoen zalantzarik: argazkiko neska bera zen. Erosi berria zuen liburu bat zeukan eskuan, liburu-dendako poltsan bildua, baina, hala ere, liburu berrien mahaiaren inguruan zebilen azken argitalpenetan interesa balu bezala; hurrena, berriz, orri-pasa harrapatzen nuen ni nengoen tokitik gertuko apaletako liburu bat hartuta; edozein tokitara begiratzen nuela, beti hura tokatzen zitzaidan parean.

      Ez neukan ihesbiderik, baina, hala ere, nahiago izan nuen ez ohartuarena egin, eta ezer erosi gabe irten nintzen. Handik urruntze aldera, harresi ondoko pasealekura jo nuen, neskarekin hitz egin aurretik lasaitu bat behar banu bezala. Zer solas modu suerta ote zitekeen pentsakor nindoala, atzera begiratu, eta han ikusi nuen neska nire atzetik zetorrela, erdi disimuluan paisaiari begira. Duda egin nuen une batez, argazkikoa baino gizenagoa iruditu zitzaidan-eta; berriz atzera begiratu nuenean, ordea, ez nuen ikusi, eta agian beste bat izan zitekeela pentsatu nuen.

      Burumakur nindoan, begiak lurreko harlauzetatik jaso ezin banitu bezala; horregatik hartu nuen halako sustoa burua altxatu eta neskarekin topo egin nuenean. Oraingoan aurrean neukan, eta nigana zetorren; lasterbide bat hartu zuela pentsatu nuen, eta maniobra harekin iskin egiteko aukera guztiak kendu nahi izan zizkidala.

      — Egun on. Ainhoa naiz —eskua luzatu, eta irribarre egin zidan—. Kostatu zait ederki, baina azkenean lortu dut.

      Hitzik gabe geratu nintzen, eta kosta egin zitzaidan aspaldian hitz egin gabeko hizkuntzan hastea:

      — Urte askotarako.

      — Zu ezagutzeko desiratzen nengoen. Urte asko eman ditut jakin-minaren harra barruan nuela.

      Azken esaldi horrek urduri jarri ninduen; nik uste baino munta handiagoko zerbait zegoen neskaren temaren atzean, bazter galdu honetaraino bisitan etortzeko balizko motibotzat hartu izan nituen guztiak baino sakonagoko zerbait. Harresiaren ateetako batetik berriz hirira sartu, eta garagardotegi bateko terrazara eraman nuen, han patxadatsuago hitz egingo genuelakoan.

      — Inork ez daki hemen nagoela —esan zidan—. Ezta amak ere.

      — Nik ere hala uste nuen, inork ez zekiela ni non nengoen.

      Berlingo kontuekin hasi zitzaidan, eta hiria zenbat gustatzen zitzaion azaldu zidan benetako zalearen karrarekin. Hizketan ari zela egiten zituen keinuetan eta ahotsaren modulazioan aspaldiko garai bateko zantzuak sumatu uste izan nituen. Alemaniaz jardun genuen pixka bat, eta galdera asko egin zizkidan, gaiaz autoritate bat nintzela sinesteko nahiko motibo bazuela konbentzituta bezala.

      Alemaniako kontuez nahikoa jardun genuela iritzi genionean, isilik geratu ginen, elkarri begira, eta garbi ikusi nuen ordura arteko solasa gero etorriko zenaren sarrera besterik ez zela izan.

      — Pentsatuko zenuen honezkero... Beatrizen alaba naiz.

      Pentsatua nuen, jakina, beste hainbat hipotesi eta aieruren artean; bigarren gutunarekin batera bidali zizkidan argazkiek susmo hori piztu eta indartu egin zidaten. Ez nekien Beatrizen bizitzak zer bide egin zuen, ezta familiarik izan zuenik ere, baina argazkietan zuten antza nabarmenagoa egiten zitzaidan orain neska aurrez aurre neukala.

      — Ez nekien Beatrizek seme-alabarik izan zuenik.

      — Ba alaba bat badu. Bakarra; ni naiz. Ez dut seniderik izan.

      — Jokin hil ondoko konturik ez dakit, Beatrizek zer bide egin duen, zer bizimodu izan duen.

      — Gero Iñigorekin bizi izan zen urteetan. Hirurok bizi izan ginen, baina ni ez naiz Iñigoren alaba. Eta ez izanda hobe.

      — Iñigo? Ez naiz gogoratzen.

      — Ez duzu ezer galtzen. Urte dezente egin zituzten elkarrekin, baina gero ama eta biok bizi izan gara orain dela urte batzuk arte. Iñigo kalamidade bat zen, baina amak zerbaiti heldu behar zion, norbaiten anparoa behar zuen.

      Beti norbaiten premia, pentsatu nuen, eta Beatrizek askotan errepikatzen zuen esaldi hartaz akordatu nintzen: “Maitasuna da nire bizitzako motorra”. Beti norbait behar ondoan, beti maiteren bat izan behar. Urte berriko lehen aste hura etorri zitzaidan gogora berriz ere, mendiko aterpe hartan pasatu genituen egunetan hasi bainintzen sumatzen Beatriz eta Jokin elkarrengandik urruntzen hasiak zirela; ez nekien garbi zergatik, ez nekien krisialdiren bat izan zuten edo ez, hirurok ere lagun minak izanagatik gauza batzuk beti bakoitzaren intimitatean geratzen baitziren.

      Mendiko aste arraro haren ondoren, are garbiago ikusi nuen haien artekoa zeharo ari zela hozten. Orduan sentitu nuen Beatriz nigana hurbiltzen, inoiz ez bezalako gertutasunarekin, intimitatearen ate guztiak zabaltzeraino. Beatriz ez zen ondoan inor izan gabe egoten zen horietakoa; bere garairik onenean, atzetik nahi adina mutil zituenean, beti izaten zuen bi harremanen arteko zubi-mutila izateko hautagairik, eta inpresio hori izan nuen orduan, agian Jokinekin bukatu eta beste berri bat etortzen zitzaion arte nirekin entretenitzea pentsatu zuela.

      Aitortu behar dut niri beti gustatu izan zitzaidala Beatriz, baita Jokin nire lagunik handienarekin zebilenean ere, baina banekien ez zela eskueran izan nezakeen neska, nire irismenetik harago zeudenen multzo tamalez ugariko beste kide bat zela. Agian horregatik, bat-batean espero ez izandako aukera ikusi nuelako-edo, erraz konformatu nintzen berak norbait hobea aurkitu bitarteko entretenigarri paperarekin. Gainera, banekien grazia egiten niola Beatrizi; ez nintzen erakargarria izango, ez nintzen inor txoratzeko adinakoa izango, baina konpainia atsegina nintzen, eta umoretsua, orduan behintzat.

      — Eta zuk zer? Zer egin duzu hemen horrenbeste urtean? —galdetu zidan Ainhoak, nik izandako bizitzaren berri jakiteko eskubide guztia balu bezala.

      — Bizi —erantzun nion, baina segituan ikusi nuen neskaren aurpegian holako erantzunekin ez zela konforme geratuko—. Ahal den bezala bizimodua atera. Han eta hemen ibili naiz.

      — Ez zara ezkondu?

      — Ez ginen horretara ailegatu —erantzun nion, eta lehenengo irribarrea atera zitzaion—. Lau urte egin nituen Ekialdeko Berlinen, eta han ezagutu nuen Ute.

      Orduko Berlin hura eta han bizi izan nituen guztiak etorri zitzaizkidan gogora. Han sentitu nuen lehen aldiz zer zen mundu bat atzean utzi eta beste batean hutsetik hastea, han sentitu nuen zer zen hiltzea eta berriz jaiotzea, eta han hasi nintzen Uterekin harremanetan. Hallekoa izan arren, Berlinera joana zen erregimenaren aurkako beste militante batzuekin batera, harresiaren gainetik salto egin eta beste aldera pasatzea bolada betean zegoen garai batean. Bitxia zela esaten zidan kontrako hautua egin zuen tipo batekin maitemintzea, baina neuri ere beste horrenbeste gertatu zitzaidan.

      Bikote arraroa ginen denentzat, baina batez ere Stasi Polizia politikoko kideentzat. Ute ezagutu aurretik ere probatua nintzen zer zen zorrotz zaindutako pertsona izatea, muga zeharkatu eta egun batzuetara hasi bainintzen kalean begira geratzen zitzaizkidanei erreparatzen, behin eta berriz errepikatzen ziren aurpegiak zirela konturatzen eta errepikatzen ez zirenean ere begiratzeko modu berbera zutela ikusten: etxetik irten eta lehen izkinan aurkitzen nuen tipoa, edo etorbide bateko banku batean eserita begirik kentzen ez zidan neska, edo etxeratzen nintzenean beste aldeko espaloiko bebarru batean bermatuta ikusten nuen itzala, denak ere eskola bereko begiraleak. Baina ez zidaten inoiz ezer galdetu, ez zidaten inoiz paperik eskatu, eta nire berri ondotxo zekitela pentsatzera iritsi nintzen, ezer galdetu beharrik ez zeukatela nire pauso guztiak ondo erregistratuta zeuzkatelako. Dena zekitela adierazi nahi izango zidaten agian zainketa lana horren nabarmen eginda.

      Behin bakarrik izan nuen zerbait gertatuko ote zitzaidan beldurra, Uteren jaioterrian bizi izan ginen urtean. Zitazio bat jaso nuen Halleko udal bulego batera joateko, eta errolda zerbitzukoa zela ikusi nuenean benetako alarma sentitu nuen. Itxarongela moduko batean eserita nengoela, ate bat zabaldu zen, eta gizonezko altu bat atera zen handik. Errutinazko lanen batean dabilenaren sorgortasun eta ezaxola aire horrekin irten zen, beste bulego batera paperen baten bila doanaren patxadarekin, baina zain geundenon tokira begiratu zuenean sorpresa keinu txiki bat sumatu nuen haren aurpegian, begirada lozorrotik esnatu balitzaio bezala. Geratu egingo zela pentsatu nuen, baina pausoa moteldu besterik ez zuen egin, eta gizonaren handitasunarekin kontraste nabarmena egiten zuten begi txiki zorrotz batzuekin eman zion errepasoa itxarongelari, eta han geunden guztioi, garunaren barruan gordea egon behar zuen eskaneatzeko mekanismo bat martxan jarri balu bezala. Alde batetik bestera pasatu zuen begirada, edozein elementu arriskutsu detektatu eta erregistratzeko gaitasuna ongi frogatua duenaren segurtasunarekin. Nire begien parera iritsi zenean, han ikusi nituen bi begi argi txiki haiek, bi gezi zorrotz balira bezala nire begiak zeharkatzen, nire buruaren barnerainoko zunda bat bidali nahian. Lau edo bost segundo iraun zuen gure begien topaketa hark, eta aurrera jarraitu zuen, bere zereginen bat-bateko deia sentitu balu bezala. Zorionez, goiz hartako gestioa tramite huts bat izan zen, udal bulegoan beste askok bezala bete behar izan nuen izapide errutinazkoa, baina inpresio handia egin zidan ustez udal funtzionarioa besterik ez zen gizon haren begiratuak, eta Berlingo Friedrichstrasseko kontrolean begiak gorrituta neuzkala esan zidan poliziaren altzairuzko begirada urdin hura ekarri zidan gogora.

      Uterekikoak lau urte iraun zuen, orain historiarako geratu den 1989ko azaro hartan harresia erori zen arte, Utek beste aldera pasatu eta Mendebaldean bizimodu berri bati ekitea erabaki zuen arte. Orduan Berlindik alde egitea erabaki nuen; hasieran Hallera jo nuen berriz, Berlindik kanpo ezagunak neuzkan toki bakarrera, baina Ute nirekin izan gabe dena desberdina zen han, eta hilabete batzuen buruan handik ere alde egin nuen. Zenbait hiritan ibili nintzen lan bila, batean eta bestean hainbat lanbidetan proba egiten, eta azkenean gustuko lan lasai bat aurkitu nuen Alemaniako bazter honetan.

      Gogora etorri zitzaidan guztiaren laurdena ere ez nion kontatu Ainhoari, baina nahikoa iruditu zitzaiola ematen zuen, lehen solasaldi baterako behintzat. Haren keinuak eta erreakzioak jarraitu nituen nire pausoen laburpena egiten nion bitartean. Beatrizen ile bera zuen, haren aurpegiera bera, hazpegiak apur bat beteagoak. Orduan konturatu nintzen gogoan nuen Beatriz hura hogei urteko neska gaztea zela, irudi hura geratu zitzaidala oroimenean betiko izoztuta, hiru hamarkada luzetan batere aldaketarik gabe. Haren alaba nire oroimeneko Beatriz bera baino helduagoa ikustean zimiko bat sentitu nuen barrenean.

      — Eta zer moduz dago orain Beatriz? —galdetu nion, eta segituan zuzenketa atera zitzaidan, ez dakit zergatik—: Zer moduz dago ama?

      — Osasunez nahiko pattal. Gibeletik nahiko gaizki, zuen garaiko beste asko bezala. Pentsatuko duzu zergatik.

 

 

Bezperan neure etxean geratzeko eskaintza egin nion, baina hotela hartuta zeukala esan zidan. Lasai hitz egiteko toki bat nahi zuela esan zidanean, egongelan etxezuloan sartuta egotea baino aukera hobea iruditu zitzaidan Tollensesee lakuan buelta bat ematea. Turismo boladatik kanpo geundenez, biok bakarrik ibiliko ginen txango gidatuetarako ontzian; inguru eder bat erakutsiko nion, eta patxadan hitz egiteko aukera izango genuen. Gogo onez onartu zuen proposamena Ainhoak: “Horrela zertan aritzen zaren ikusiko dut”.

      Azaroa zen, eta ia inor ez zen ikusten inguru hartan. Hango bakardadeak are tonu hitsagoa ematen zion laino grisek ilundutako lakuari. Turisten ohitura barregarriei buruzko iruzkin batzuk egin, eta beti egiten nuen ibilbide berari ekin genion, betiko tokiak erakusteko egiten nuen berberari, oraingoan bidaiari bakar berezi harekin.

      Gau guztia begirik bildu ezinik pasatu nuen, elkarrizketa hartatik zer aterako ote zen kezkatuta, baina goizean lakuan zegoen bakeak eta han nagusi zen isiltasunak halako patxada leun bat kutsatu zidaten.

      — Zergatik etorri zara honaino hainbeste urte pasatu eta gero?

      — Amaren bizitza ondo ezagutzen dut. Jokinena laburregia izan zen. Zurea falta zitzaidan hirukote psikodelikoa hobeto ezagutzeko.

      — Puzzlea osatzeko falta zitzaizun piezatxoa.

      — Holako zerbait.

      — Baina zuk jakingo duzu zer gertatu zen, ezta? Amak behin baino gehiagotan kontatuko zizun.

      — Bai, baina zeure ahotik entzun nahi nuke.

      Bezperan bezala, berriz ere iraganeko kontuetara eraman ninduen Ainhoak, mingarri zitzaizkidan uneak eta gertaerak berritzera. Bolada batean elkarrengandik urrunduta ibili ginen Jokin eta ni, eta orduan konturatu zen jendea zer ari zen gertatzen. Beatriz eta biok elkarrekin ikusten gintuzten, eta Jokin, berriz, noizean behin baizik ez zitzaigun juntatzen. Jendearen zurrumurruak ere iritsi zitzaizkidan; adiskideen arteko lehia sortu zela esaten zuten, betiko lagunak etsaituta genbiltzala neskaren amodioagatik. Urrundu, urrundu ginen elkarrengandik, baina hoztualdiak ez zuen asko iraun, jendeak ez jakin arren laster adiskidetu baikinen biok.

      Eta adiskidetu ginen egunean bertan, horrek ospatzea merezi zuela pentsatu genuen. Gu bion arteko adiskidetasuna lehengora ekartzeaz gain, Beatrizekikoa ahaztu egingo genuela erabaki genuen, eta Beatriz bera ere bai. Jokinek oso bolada txarra pasatu zuen, eta, egun hartan hobeto ikusi banuen ere, halako tristura sakon bat sumatzen nion begiradan, eta baita hizketan ere. Hiztun bizia zen normalean, baina azken bolada hartan motelago hitz egiten zuen eta mantsoago mugitzen zen.

      Ospakizuna, beti bezala, denetariko drogaz ondo hornitua izan zen: whiski botilarekin eta porruekin hasi, anfeta batzuk hartu, eta errematerako tripi bat jan genuen erdi bana. Adiskidetasunaren euforia betean ibili ginen hasieran, elkarri genion maitasunaren ospakizunean. Autoa hartu —berriz ere 4L gorri hura— eta kosta aldera jo genuen beste askotan bezala, holako gauetan sentitzen genuen itsasoaren tiradizoak erakarrita. Baina hasierako pozaldiaren ondoren, itzali egin zen pixka bat Jokin; ez nuen oso kementsu ikusten, eta neuk proposatu nion hondartzara joan, han beste porru bat erre eta bainu bat hartzea, beste askotan bezala arropa hondarretan utzi eta biluzik bainatzea.

      Uzkur ikusi nuen Jokin, eta bustitzeko batere gogorik ez zuela esan zidan. Hondarretan geratu ginen, baina haren mututasunak festa hondatuko zigula susmatzen hasi nintzen. Orduan, ospakizun izan behar zuena zeharo izorratu ez zedin, buelta bat ematea proposatu nion, gora igo eta itsaslabarraren ondoko belardian ibiliko ginela pasieran pixka bat itsasoari begira. Jokinek begiak jaso zituen alde hartara, eta une batez pentsatu ondoren baiezkoa eman zidan.

      Hor joan ginen gora, geure hordian bidean estropezu eginez. Irristaldi bakoitzean barrea ateratzen zitzaidan niri, baina Jokinek serio eta mutu segitzen zuen, irrist eta balantza artean. Gora iritsi ginenean itsasoari begira geratu ginen, alde hartatik zetorkigun haize leuna aurpegian sentitzen genuela. Zorion betean sentitzen nintzen ni, baina Jokinek mutu segitzen zuen, eta ni, itsasoaren handitasunean eta edertasunean murgilduta, ez nintzen ohartu Jokinek atzera egin zuela, abiada hartu zuela eta jauzi egitera zihoala. Hanka bat amildegiaren ertzean eta bestea airean zuela ikusi nuen arte ez nintzen konturatu, baina ordurako beranduegi zen. Oihu egin nion, deiadar ozenak gero, eta gorputzak harkaitzen kontra atera zuen hotsa entzun nuenean garrasi lazgarri bat atera zitzaidan.

      Horrela kontatu nion, neuk espero baino xehetasun gehiagorekin, bezperako uzkurtasuna atzean utzita, elkarrekin hitz egiten genuen bigarren eguna zelako-edo neu ere lasaiago eta Ainhoarekin erosoago sentitzen bainintzen.

      — Hori da gutxi gorabehera amak kontatu didana. Baina ez pentsa mila aldiz entzun dudan kontua denik. Amarentzat ia tabu bat zen hura dena. Ez dakizu zenbat kostatu zaidan benetan zer gertatu zen jakitea.

      — Orduan badakizu dena, eta orain neure ahotik ere entzun duzu.

      — Zergatik alde egin zenuen? Ihes egin zenuen. Zergatik?

      — Ezin nituen jendearen begiradak aguantatu. Errudun nintzela erabaki zuten denek.

      — Baina garbi geratu zen istripua izan zela, edo Jokinek berak egin zuela salto. Autopsiak, Poliziaren txostenak… denak bat zetozen zuk esan zenuenarekin.

      — Baina jendeak ez zuen sinesten, edo sinetsi nahi ez zutenak abilagoak izan ziren pozoia zabaltzen.

      Arrazoi zuen Ainhoak, ez nuen inoren beldurrik izateko motiborik. Froga guztiak bat zetozen nik emandako azalpenekin, eta odol analisian aurkitutako drogen datuak ere asko lagundu zuen. Hala ere, askorentzat erakargarriagoa izan zen neska baten amodioagatik adiskidea hil zuen mutilaren istorioa; holako bertsioek indar handia izaten dute beti, froga guztien gainetik gailen ateratzeko adinako indarra. Baina jendearen begiratu erru-egozlea errazago jasango nuen, baldin eta damu sentimendu batek hartu izan ez banindu, inola ere arintzerik lortzen ez nuen errudun fantasia batek. Orain konturatzen naiz esperientziarik gabeko gazte baten ahulezia besterik ez zela izan, baina ezin nuen burutik kendu ospakizunerako anfetak eta tripia eramatea nire ideia izan zela, itsasora bainatzera joatea ere nire burutazioa izan zela, eta hondartzatik gora igo eta itsaslabar ondora ibiltzera joatea ere neuk proposatu nuela. Ezin nion Ainhoari holakorik esan; gainera, nahiko kontu esan nion, aspaldian inori esan dizkiodanak baino askoz gehiago.

      Isilik geratu ginen Ainhoa eta biok, elkarri begira hasieran, baina gero inguruari erreparatu zion, eta ni ere ur azal gris ilunari so geratu nintzen une batez. Ederki ezagutzen nituen Tollenseseeko uraren aldarteak, argitasun eta iluntasun boladak, baretasun egunak eta harroaldiak. Goiz hartan olatu txiki batzuek kizkurtzen zuten ur azala, eta gristasun serioari halako urduritasun bat kutsatzen zioten.

      Begirada jaso eta beste aldeko urertzaren gainean ikusten zen Belvederea seinalatu nion Ainhoari, bere garaian duke baten udako egoitza izan zen tokian gerora beste dukesa handi batek Greziako tenpluen erara eraikiarazitakoa. Turistei kontatzen niena esaten hastekotan egon nintzen, eraikin hura prostilo doriko baten imitaziora egina zela eta joan den mendean lehen mundu gerrako erorien oroimenerako toki ere izan zela, baina ez nion holako kontuak aditzeko interesik sumatu.

      Inguruko gauzei erreparatzen zien tarteka, baina ez zidan lakuaz eta inguruan ikusten ziren tokiez inolako galderarik egiten, arreta guztia buruan zebilkion guztian jarria baleuka bezala. Berriz aurpegira begira jarri zitzaidan, eta isiltasuna eten zuen.

      — Ez dakit konturatu zaren, baina haurdun nago.

      Argazkian zuena baino aurpegi beteagoa sumatu nion, eta gizenxeagoa ere iruditu zitzaidan, baina nola antzeman behar nion lehen aldiz ikusten nuen neska bati, horren nabarmena ere ez zen eta?

      — Zorionak, orduan!

      — Beharbada ez zait asko nabaritzen, baina bost hilabeteko nago. Bai, haurdun nago, zuk alde egin zenuenean ama haurdun zegoen bezala.

      Eserita nengoen tokian irristatzen ari nintzela konturatu nintzen, eta mugimendu azkar bat egin behar izan nuen orekari eusteko. Orduko gorabehera guztiak etorri zitzaizkidan arrapaladan, oroitzapenen olde nahasi batean, irudiak trumilka bata bestearen atzetik, oroimenean mila aldiz berritutako eszena guztiak inolako ordenarik gabe, elkarrekin bizi izandako tripi gauak, Picoseko aterpean igarotako egunak, Jokin eta Beatriz elkarrengandik urrundu zirenekoak, eta baita Jokinen gorputz txikitua ere harkaitzen gainean.

      — Orain dela gutxira arte nire aita Jokin zela uste nuen. Mundu guztiak hala uste du oraindik ere. Baina amak dena aitortu zidan azkenean. Jokin galdu samartuta ibili zela bolada batean tripiengatik, eta orduan zurekin gehiago egoten zela.

      Hitzik gabe geratu nintzen. Hasieratik saiatu nintzen aukera hori burutik kentzen, baina hor segitzen zuen beti. Bigarren gutunarekin bidalitako argazkian, Beatrizen antzaz gain, beste norbaiten tankera ere hartu nion, baina ez nuen orduan nirerik ikusi nahi izan. Nire durduzaren eta mututasunaren aurrean berak jarraitu zuen, solaserako baino gehiago erasorako iruditu zitzaidan tonuan.

      — Zuk bazenekien zerbait. Horregatik alde egin zenuen ihesi?

      — Ideiarik ere ez neukan. Nola jakin behar nuen ba? Zeuk ere orain dela gutxira arte jakin ez baduzu…

      Isilik geratu zen, baina tinko begiratzen zidan begietara. Burua pixka bat mugitu, eta lakuko urari erreparatu nion une batez; grisagoa eta goibelagoa iruditu zitzaidan, ur azala kizkurragoa.

      — Barkamena eskatuko zenidala uste nuen —bota zuen, haserre puntu bat disimulatzea lortzen ez zuen sendotasun batekin.

      — Ez nekien alaba bat neukanik. Ez nekien ezer.

      Erruki aurpegiarekin begiratu zidan, puzzlea osatzeko behar zuen pieza hura akastuna zela konturatu balitz bezala, aurkitzea espero zuenaren ordez gizajo beldurti batekin topo egin balu bezala.

      — Horrela kontatu beharko diot, orduan, umeari. Edo neuk ere zerbait asmatu beharko dut umeak nire aitaz galdetzen didanerako.

 

 

Ez zen azala mudatzea soilik, narrastiek egiten duten bezala, txoriek ere lumak aldatzen dituzten bezala, funtsean lehengo bera izaten jarraitzeko. Hori baino askoz gehiago zen orain dela hogeita hamar urte pasa egin nahi izan nuena, aurreko guztiarekin haustea, traste zahar guztiak erre eta berriz hutsetik abiatzea, ez azalberriturik bakarrik, gogoberriturik eta bihozberriturik baizik. Ez zen azal kontua, ezta izen kontu soila ere; ordura arte izan nintzen guztia kiskali nahi izan nuen su garbitzailean, eta beste bat izan; aldatzea eta bestelakotzea ez zen nahikoa; bestetu egin nahi izan nuen, beste bihurtu.

      Tollensesee lakutik hirira itzuli ginenean, Neubrandenburgeko jatetxerik ezagunenetako batean bazkaltzera gonbidatu nuen, neu ere inoiz probatu gabea nintzen toki batean. Lakuko elkarrizketan elkarri esan beharreko guztiak esanak genizkion, eta gauza arruntei buruz besterik ez genuen hitz egin. Ez zuen zentzurik lur berean behin eta berriz aztarrika ibiltzeak.

      Egun hartan bertan alde egingo zuela esan zidan, Berlinera itzuliko zela eta han egun batzuk pasatzeko asmoa zuela lagun baten etxean. Kafea hartzen ari ginela, poltsatik paper bat atera zuen, eta Berlingo helbidea idatzi zidan.

      — Hemen egongo naiz beste astebete. Gero etxera itzuliko naiz.

      Ainhoari agur esan eta etxera bueltatu nintzenean, Steinbrückek itzuli zidan aspaldiko neure pasaporte hura atera nuen tiraderatik. Gaztetako aurpegi hari begiratzean orain naizenarekin zerikusirik ez zuela iruditu zitzaidan, ia neure arbaso urrun bat besterik ez zela. “Orain naizenaren kimua” topikoa pentsatzeko tentazioa izan nuen, baina ez zen horrela, inausitako adaska bat besterik ez zen, etendako hari baten mutur betiko galdua. Neure gaztetako begiei erreparatu nien orduan, fotomatoiko argazki kaxkar hartan ageri ziren begi gorrituei, eta “Deine Augen” entzun nuen, Friedrichstrasseko poliziaren ahotsa oroimenaren zokoren batean oihartzun egiten, “Deine Augen sind rot”.

      Izena mudatzea, tokiz aldatzea, beste bat izatea. Bazen ordua neure asmoak edo desioak bete nahian ibili beharrean beti zerbaitetatik ihesi ibiltzeari uzteko. Horretan ez nintzen askorik aldatu, bizi guztiko konstante garbia izan baita beti beldurgarri edo deseroso zitzaidanetik urrundu beharra, izen batekin edo beste batekin beti zerbaiti itzuri egin beharra. Horretan ere aldatzeko ordua iritsi zela erabaki nuen, eta agian iritsia zela Martin Steinbrück izateari uzteko ordua ere.