Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

XIX

 

 

Inoiz, etxera itzultzen banaiz, eta ama eta arreba txikiak han badaude, kontatu nahiko nieke zuri kontatzen ari naizen guztia. Pixka bat uler nazaten, haiek ere. Ez baitakite ezer. Telefonoko kreditua motza da eta bidea luzea. Baina egun batean, hara itzultzen banaiz, eta han badaude, haien alboan eseri, eta kontatuko diet.

      Bizitza ez da esaten erraza. Lehenik Mali, gero Libia. Taf-taf, eta torturak. Bai, hori dena egia da, hola ibili nintzen Alhassaneren bila. Baina hura, zodiak batean enbarkatu, eta itsasora abiatu zen. Ehun eta berrogeita hiru pertsona, eta bera. Nik ez nekien ezer. Harik eta ostiral batez, otoitzetik itzultzean, naufrage hitza entzun nuen arte. Orduan ulertu nuen, “c’est fini, erori zait eskuetatik”.

      Hori dena kontatuko diet.

      Eta badakit zer galdetuko didaten, ea zergatik ez nintzen etxera itzuli, nire destinoa ez bazen Europa. Nik ere askotan galdetzen diot hori neure buruari, eta ez da esplikatzen erraza. Baina esango dizut. Bat, kulpa batek kolpatzen zaituenean zaila da zure bidea aurkitzea. Bi, Aljeriaraino edo Libiaraino iritsi zarenean, atzera egiteko beranduegi da, etxea urrunegi gelditu zaizu. Eta hiru, nik ez dut nire amaren begiek ni ikusterik merezi. Hori da egiazki pentsatzen dudana.

 

 

Horregatik, bada orain denbora pixka bat ez dudala otoitz egiten. Azkeneko aldiz, tonbola-ra eraman nindutenean izan zen. Bai, han, guba-rik gabe abiatu nintzenean. Otoitz egin nuen, eta pentsatu, “jainkoak ni Europara iristea nahi badu Europara iritsiko naiz. Ez baldin badu hala nahi itsasoan galduko naiz”.

      Ni ere.