Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

V

 

 

Pick-up batean itzuli nintzen Aljeriara, ni bakarrik. Ni eta gidari arabiar bat. Gidariak aurrean igotzeko esan zidan, eta hala egin nuen. Kabinak kristal erreak zituen. Hola kanpoan dagoenak zu ez zaitu ikusten, baina zuk hura bai. Land Cruiser hartatik dena ikusten zen.

      Han, ordea, dena da ezerez. Basamortu hutsa. Hondarra eta hondarra. Gaur gu biok joaten bagara hara eta esaten badidazu, “lagundu Aljeriara”, nik ez dut bidea aurkituko. Basamortua ikusiko dut baina ez dut jakingo nora jo. Arabiarrek bai, arabiarrek basamortua ongi ezagutzen dute.

      Land Cruiserra mugara iritsi baino lehen gelditu zen herri txiki batean, eta, “jaitsi”, agindu zidan txoferrak. Hala egin nuen. “Libia hemen bukatzen da”, esplikatu zidan, “hemendik aurrera oinez segitu behar duzu”. “Oke”.

      Hori niretzat ez zen arazoa, lehen ere ibili bainintzen ni han, bi ginearren atzetik, gauez. Banekien muga hori nola igaro. Beraz, hamazazpiak zero zerotan, Ghadameseko iturrian ura hartu eta oinez abiatu nintzen.

      Gaua punta batetik bestera zeharkatu nuen, hondarretan, eta argiarekin batera iritsi nintzen Aljeriara. Libia aldetik zatozenean Aljeria Deb Deben hasten da.

 

 

Deb Debeko geltokiak, izkina batean, iturri txiki bat du. “Otoitz egingo dut”, erabaki nuen, eta hara hurbildu nintzen. Otoitz egin aurretik aurpegia garbitu behar duzu. Hiru aldiz. Gero eskuak. Eskuak ere hiru aldiz, poliki-poliki, ukalondoak ukitu arte. Gero burua dator. Eta ilea. Hori behin bakarrik busti behar da, baina ura azal barrura sarraraziz. Azkenik oinak. Oinak ere hiru aldiz garbitu behar dira. Voilà. Orain otoitz egin zenezake.

      Hala egin nuen, jainkoari eskerrak emateko. La Lybie c’est fini.