Su zelaiak
Su zelaiak
2014, nobela
240 orrialde
978-84-92468-63-8
azala: Unai Iturriaga
Mikel Peruarena Ansa
1978, Ereρotzu
 
2009, nobela
Su zelaiak
2014, nobela
240 orrialde
978-84-92468-63-8
aurkibidea
 

 

1

 

 

Sarraskien aroa inauguratu zuen 1914ak.

Eric Hobsbawn

 

 

 

Menturaz dockerrak greban altxatuko balira berriro, orai hiru urte egin bezala, eta lantegiak ikatzez hornitzeari utziko baliote. Gurutzatuko balituzte besoak portuko zamaketari horiek. Saint Gobineko lantegirat igorririko gai kimikoak eta Forges de l'Adour lantegirat Bizkaitik datozen burdina zamak portuan husteari uko eginen baliote. Menturaz greba handi batean batuko balira langileak oro. Lortuko balu Baionako Herriko Etxean aurkeztea agiri bat bertze hautetsiekin. Pentsamenduen laino mehe horretan galdurik gogoa, Bokaleko Lafitte ostatu honetan garagarno edaten ari da Auguste Perrin ofizialea. Laino mehe bezain trinko hori aienatu zaio Forgeseko kaperako ezkilak entzutearekin bat: heldu da gerlan altxatzeko deia, eta joanen dira langile guziak, badaki Auguste Perrinek. Alde bateko eta bertzeko, ezkilen dei horri segika, joanen dira elkar hiltzera, badaki. Menturaz hizlari handi bat ekarriko balute gerlaren aurka gogoen berotzeko eta langileen elkartzeko, Jules Guesde den bezalako hizlari handi bat. Kafetegi honetan berean ez zuen bada hitz egin Guesde handiak, duela... «Duela zenbat, ordea? Hogei urte ez dira iragan ordea!». Eta zertan da Guesde? Gobernamendua babestu du gerlan murgiltzeko, Jean Jaures Parisen hil duten artean bakea aldarrikatzeagatik. Bere kolkorat erraten aritu den pentsamenduak kanporat jalgi zaizkio Auguste Perrini: «Bo, ederra elkartasuna!». «E?», galdegin dio Pierre Martinek ondoko aulkitik. «Be!», ihardetsi Augustek, garagarnoa kilimiliklik irentsiz. Dandaka segituko dute ezkilek bulta batez.

 

 

Belez eta mikaz leherra bada bazterretan, uztak oro xehatzen dituztela, laborarien ernegu eta arrangura guziak horientzat baitira. Ametzei eta haritzei gaitz itsusi bat lotu zaie. Gaztainondoetarat pasatu gero. Japoniatik hasi dira ekartzen gaztainondo gazteak, hemen guziak galduko diren beldurrez. Baina mahastiak ere gaitzak joak dira aspaldi handian: gorbela. Neguan hotzik egin ez, eta kara hitseko heldu da 14ko uda hau ere. Zer da, bada, zorigaitza bertzerik, laborari gaizoentzat? Uztail hondarrean, eta belarrak ustelduak eta artoak morrotuak. Ogi soroei beha dago Dominika Zubiri, sarde ttipia besapean tinkatua. Garauak lurrerat jausiak beroari buru egin ezinik, erran ezineko zama bat balute bezala gainean. «Ogiak ere galdu behar ote zaizkigu?». Zainarturik da Dominika, eta erran dio senarrari, Xalbat Mutrustegiri. Eskutara bat ogi hartu du lurretik, sarde ttipia besapetik askatu gabe. Jaun erretorea beharko du gaztigatu, erregu bat antola dezan on-ona, euri poxi bat izan dadin agorril honetan berean. Heletako elizako ezkilak dandaka lotu dira, Dominikaren erregua aditu balute bezala. Baina ez, Dominikak uste ez bezalako bertze aro bat dute iragartzen elizako ezkila ttipiek, dandaka, han beherean; dandaka, ezkila dorrea, lizarren eta oraino loretan diren ezkien artetik xut. Etxetik hiru semeak heldu zaizkio Dominikari, igitai eta arrasteluak besoetan, urez xahako bat. Arratseko lehen orena da. Azaoak egiteari lotuak dira ogi soroetan: Jeannette alaba gazteenak euskarriak hedatzen ditu, Dominikak atxikitzen ditu azaoak, eta Xalbatek ezartzen dizkie lastozko estekagailuak; Xemartin eta Paskal bi anaia gazteak lan berean ari, zaluago. Xalbador, arrasteluarekin. Baina ez dute lana gaur bururatuko zernahi gisaz; arrasteluak, azaoak eta ogiak pentzean utzirik gaur bertan partitu beharrak izanen baitira Xalbador, Xemartin eta Paskal. Aita erreumatismoak jota, alaba gaztearen laguntzarekin finitu beharko ditu lanak Dominikak. Eta nork joko ditu ogiak gero? Nork uztartuko abereak etxe atariko larrainean, ogiak jo ditzaten? Eguraldiak galtzen ez baditu ogiak lehenago. Bele eta mika tzar horiek ez badituzte xehatzen uztak lehenago.

 

 

Ogi puska bat, ikatz zati bat baino beltzagoa, bide bazterrean, eta bele saldo bat haren porroskatzen. Ernest Fort jaunak, makilaz uxatu eta bele saldo hori, lurretik jaso du ogi zatia, nondik begiratzen zaion ikatz zati bat iduri duena. «Ogia eta ikatza... Jatekoa eta sua... Horra oinarrizko bi gai bakarrean, biziarentzat». Liluraturik behatzen dio Fort jaunak ogi zati horri, koadro bat egin behar duela pentsatuz. Bodegoi bat, zehatz erranik: ogi zati batzuk ezkerrean, ikatz zati batzuk eskuinean, eta artean ogi edo ikatz den bereizten ez den zera bat, eskuetan duen hau. Pitxer bat gibelean beharbada; ur poxi bat. «Horra, zuria eta beltza: zeruko ogia eta infernuko ikatza, bi gai bakarrean, biziarentzat». Eta, izugarrizko aurkikuntza egin duela pentsatuz, Fort jauna badoa etxerat, koadroa margotuz bere pentsamenduetan, ikatza iduri duen ogi zati beltz hori besapean, eta makila inarrosiz bide bazterretik alde egin nahi ez duten bele deabru horiei.

 

 

Ezkilak lehen danda eman duelarik, eskua bururat eraman, txapela erantzi, eta elizari beha hasi da angelus otoizten Ellande Karrikiri. Iholdiko plazan, ez da bakarra. Ellanderen keinuari segika, txapelak erantzi dituzte plaza bazterretan diren gizonek, eta buruhas eman zaizkio otoitzari. Eguerdi oroz ohi dutenez. Estonatua, etxeko bortarat jalgi da Bixenta Larregarai, sumatuz eta oraino ez dela angelusaren tenorea. Plazarat luzatu soa... Han ari da Ellande Karrikiri, txapela sabelaren kontra estu harturik, angelusari tinki lotua. Otoitzean ari den gizona ez bortxatzeagatik, eta badaezpada tronpatua den ere, Bixenta Larregarai hasi da ezkila dandak kontatzen eta, baiki, 33 aldiz jo du Iholdiko elizako ezkilak, baina gero segitu du, bertze behin, eta bertze behin. Ezkila hotsak kontatzeari utzirik, plantatu da Ellanderen aitzinean, eta eskuetarik kendu dio txapela. «Pasatua duzu Angelusaren orena». Txapela berreskuratu du Ellandek Bixentaren eskuetarik eta, ezkilak jotzen segitzen duela konprobatuz, ihardetsi dio «Zer deabru duzu beraz? Su deirik bederen ez duzu horietan». Jendarmeak agertu direlarik karrikaren buruan, beren hede xuriekin, afixa handi batzuk eskuetan, gerturatu dira Ellande eta Bixenta. Bi frantses bandera elkar gurutzatuak eta, hizki larritan, «ordre de mobilisation générale» dakarte izkiriatua paper handi horiek, jendarmeak hormetan ezartzen ari baitira, beren hede xuri ekiaren izpietan dirdaitsuekin, gibeletik daramatela Petain atabalaria, turrutarekin La Générale joka.

 

 

Sarako errebotean, partida gaitza. Espartin xuriak urratu eta belztu arterainoko guduan ari dira, zein baino zein, Katxo eta Laborde erretorea batetik, Dongaitz anaiak bertzetik. Martzel Garikoitz xaxaria, txotx bat eskuan, puntuen kirrimarratzen ari da errebotearen bazter batean, lurrean berean. Epaile dute Txantxin, zeina tenore honetako ardo bat edo bertze edana baita. Partidari beha dira jaun erretorea, jaun medikua, jaun mera eta zenbait laborari, aziendez eta udaren lehorraz eta bazterrak oro xehakatu behar dituzten bele eta mika tzar horiez solasean. Badira ere emazteak, aterki beltz handien gerizpeetan gehienak, bero baita agorrilaren lehen honetan. Hamar liberatako trabesa jokatu baitute Kanboko Xikitok eta Arno Suertegaraik, Xikitok «Biba beltzak!» oihu egiten duen aldi oro Arnok «Biba xuriak!» dio ihardesten. Berotuak direnez gero bi-biak, eta pilotariei baino arreta handiagoa ematen baitiote elkarren espantuei, mutiko saldo bat irri karkailaz ari zaie gibeletik, non eta Laborde erretoreak indar guziz jo baitu pilota, eta matelezurrean kolpatu haur horietarik bat. Lurrean jarri eta, Elena Sistiagek artatu du, Martzel igorririk gurasoen xerka. Elenek ebatzi du: bi hortz hautsirik ditu haurrak; deus larririk ez, sortuko zaizkio berriak. Laborde jaun erretoreak ez du haurraz arranguratzeko oren laurdenik ere, jendarme bikote batek erreklamatu eta eraman baitu. Jendarme horiekin mintzaturik, «ezkilak beharko ditugu jo, beraz!» garrasi egin eta lauko batean abiatu da Laborde jaun erretorea, oraino sotana gerrian trenkatua duela ohartu ere gabe, elizari buruz.

 

 

Rafael Pikasarri. 60 urte. Garaiera: metro bat eta lautan hogeita bi zentimetro. Zabalean, bada haritz bat adina. Fama du beso bakarrarekin hirurehun liberaz goitiko harria altxatu izana gaztetan. Ezpeletako jaun mera da. Prusianoen aurkako gerlan, orai berrogei urte direla, balentria handiak egina zen haren aita zaldizkoetan eta, holetan, familia errespetatua izan da beti Ezpeletan. Linette Organbururekin hogeita hamar urtetan ezkondu eta bi alaba eta seme bat izan ditu geroztik. Orai Pikasarri Zaharra erraten diote aitari; Pikasarri Gaztea, semeari. Prudent semea, soldadugoa eginik lau urte lehenago, erresalbuan da orai. Gerlarat joateko deia heldu delarik Ezpeletarat, gazteenak mobilizatu dituzte lehen aldi. Baina Pikasarri Zaharrak badaki erresalbuko soldaduen ordu ere izanen dela berant baino lehen. Alemanen kontrako gerlarat beharko dira pusatu gazteak oro, erabili indar guziak, hustu bihotzak. Pikasarri Zaharrak anaia bat du ere Donezteberat ezkondua, eta harekin egin du harremana. Pikasarri Gazteak muga iraganen du igande gauean, sos batzuekin moltsan, eta osabak hartuko du Doneztebeko etxean. Gerla fite bururatuko den esperantza badute etxean; menturaz, urtea finitu aitzin etxean izanen da berriz Prudent. Pikasarri Zaharrak ez du utziko seme gehiena gerlan suntsi dadin, etxea galtzeko arrisku izanen bailitzateke alaben senargaietarik bat etxearen nagusi uztea. Ezpeletan nehork ez du, oraino, etxea zutik atxikitzeko pikasarritarrek hartu duten deliberoaren berri; fite hedatuko dira albisteak ordea, eta Pikasarri Zaharrak jaun meraren kargua utzi behar lukeela pentsatuko dute herritar batzuek; aski delibero burutsua izan dela, bertze zenbaitek. «Gure semeetarik bat hiltzen badute gerla horretan», epaituko du eztabaida Ursula Eiheramendik, «joanen naiz ni etxe horretarat kontu eske».

 

 

Ezterenzubitik goitiko pentzeetarat ez da elizaren ezkila hotsik hedatzen. Pentze hauetan aditzen ahal diren ezkila bakarrak ardiek lepotik zintzilik daramatzate. Battitta Garatek entseatzen ditu doinu batzuk txilibituari putz eginez, ezker begiarekin artaldea zelatatzen duen artean. Ardi eroxka horietarik bat balitzaio mugaz bertze alderat menturatuko, guardek atzeman eta Otsagabiarat eramanen liokete. Eta gero beharko luke juntarekin solas egin, eta auzi luze bat hasi, menturaz ardia berriro nehoiz ez berreskuratzeko. Hobe, beraz, behar den tenorean behar bezala begiratzea. Lan horretan uros da Battitta Garat halere, txilibitua joz. Oren honentzat ardiak oro indigo tinduarekin markatu ditu, eta eguneko lan gaitzenak bururatu. Badu esperantza, bertzalde, gatzagiaren egiteko pastilla berri horiekin zer-nolako gasna eginen duen. Eskualduna-k iragarria bada, ezin kalterik egin. Zernahi gisaz, ardien jezteko lanak bururaturik, beharko du itxaron aste batzuez lehen gasnen dastatzeko. Pentsamendu horietan ari dela —lehen gasnak noizko izanen dituen salgai ezartzeko gisan; hobe duela ardien ontsa begiratu, mugaz bertze alderat ihes egin ez diezaioten; bele bikote anitz badabiltzala aurten—, eta egunaren tenore honetan ez baita ohiko behereko parte horretarik nehor igatea goiko pentzeetarat, harritu da guziz Caroline arreba gazteena lasterka igaten ikusi duelarik errekan goiti. Txilibitua utzirik saihetsean, «Zer deabru gertatu ote duk?», pentsatzeari lotu zaio, ezin bertzerik buruan erabili, «Zer mila deabru?», eta arreba hatsanka parerat heldu zaiolarik hala egin dio galdea: «Zer deabru gertatu dun?».

 

 

Barrenatu du laztabinarekin, egin du zuloa, metro eder batekoa bai bederen, eta izerdiak lehortzen ari da Bernat Agirre. Zuloa hurritz-makilarekin garbitu eta dinamita kartutxoak sartu dizkio Denis Mendibek; lau, osorik. Pistoia eman dio azkenari metxan, aliketarekin estutuz. Korapiloa egin dio metxari. Utzi ditu hamar bat zentimetro; heina ontsa hartua du. Bizkitartean, mokanesarekin izerdiak lehortuz, babeserat abiatua da Bernat. Domingo Lopez gurutzatu baitzaio bidean, gibelerat egiteko keinu egin dio Bernatek, Denisen alderat burua biratuz. Metxari korapiloa egiten ari zaio Denis. Labana atera eta muturra ireki dio metxari. Pospoloa piztu aitzinetik, Bernat eta Domingo gordeak diren alderat behatu du. Baietz egin diote buruekin. Piztu du pospoloa Denisek, eta lauko batean abiatu da lasterka. Bizpahiru minutu baino ez ditu gordegiaren bat atzemateko. Haitz batzuen gibelerat heldu denarekin batera sartu dira Gixuneko elizako ezkila hotsak harrobi barnerat. Bernati eta Domingori behatu die Denisek, buru keinu batez galde eginez. Fitsik ez dakitela errateko betarik ere ez dute izan Bernatek eta Domingok. Zapartatu da haitza. Harri koskor batzuk aireratu dira Denis gorde den haitzerat, baina, garaiz kakotu baita, ez diote den mendreneko kalterik egin. Hegazti batzuk hegaldatu dira leherketak zainarturik, eta, haien artean, bele batzuk karrankan hasi, ezkilen deiekin konpasean.

 

 

Philippe Thys belgikar ziklista handiak Baionan bezala, esprintean hirugarren egin du Janpierra Berruetek. Eta uros da halere; uros, hirugarren egin baitu! Frantxua Etxeberrik egin du lehen, Angelutik Miarritzerateko errepidearen bi saihetsetako pinu handien parean. Alegiazko helmuga horretan, Henri Gramrandek egin du bigarren. Helmuga iraganik, ur edaten, pausuan dira orai hiru ziklistak. Janpierra Berruetek profitatu du mementoa, oroitzeko Thysek Baionako etapan hirugarren egin zuela esprintean, baiki, baina geroan Frantziako Itzulia irabazi zuela. Ereiaroaren 6an, hilabete eskas lehenago, Baionan ziren hiru adiskideak, ziklisten azken kilometroetako balentrien ikusteko. Arroxelatik abiatuak, 379 kilometro egin ondotik heldu ziren Baionarat ziklistak, 13 oren 25 minutu eta 29 segundo —eternitate bat— eginik lehenak bizikletaren gainean. Batera heldu ziren lasterketa buruan, Lapurdiko hiriburuari buruz doan errepidean hauts zuria harrotuz. Hamahiru orenen buruan, azken zango kolpeak eman beharrean oraino, bizikletak andarka errepidean. Helmugan Oscar Eggek egin zuen lehen postuan. Ereiaroaren 8an utzi zuten Baiona, Luchonerat bidean, Aubisque, Tourmalet, Aspin eta Peyresourde egunean berean gainditzeko esperantzaz. Egun hartan bigarren egin zuen Thysek; aski izan zuen sailkapenean burua hartzeko eta handik aitzinerat lehen postu hori ez uzteko. Ziklistak Baionan ikusiaz geroztik herra batean baitziren Frantxua, Henri eta Janpierra, nor izanen ote gehiago esprintean, gaur hartu dituzte bizikletak, egin dituzte kilometro batzuk Angelutik Getariarat, berotzeko, itzuli dira, eta egin dute lasterraldi basa hori Angelutik Miarritzerateko errepidean. Alegiazko helmugan Frantxua iragan da lehen; eta Janpierra, azken. Baina kuraiatu da Janpierra, Thysek ere Baionan hirugarren egin zuela oroitaraziz adiskideei. Henrik ez du hitza alferrik galdu, ordea, hiruretarik hirugarren egin duela oroitarazteko Janpierrari. «Ohorezko postua, egiaz!». Baina mihia zorrozturik du Janpierrak, baioneta batek nola, ihardespenaren emateko: «Oroimenean duzu Baionan nork egin zuen bigarren lekuan?». Isilik, Henri. Ezin oroitu. «A, bo, ikusten duzu? Nehor ez zaizu oroituko bigarrenez. Baionako etapako hirugarrenaz, ordea, denok oroit gaituzu: Thys!». Janpierrari arrazoia emanik bakearen izenean, zirtoak utzirik, badoaz hiru adiskideak Miarritzerat, bizikletak eskuekin herrestatuz orai, ostatuan osagarri on baten hartzeko asmoz. Bihar mobilizazio eguna izanen baita, fini dituzte esprintak bulta batez.

 

 

Jean Etxandi eta Emile Intxauspe, pipatzen, Hotel Centralen atarian, Donibane Garazin. Gosariak zerbitzatu ondoko tenore honetan, pausuan dira memento batez. Zurzurietan zintzilik dira oraino Jean Ibarnegarai diputatugaiaren aldeko afixak. «Bozka eman zenuen?», galdegin dio Intxauspek Etxandiri, zigarretarekin seinalatuz Ibarnegarairen afixa. «Bo, ez dut nik politikakeria horiez fitsik ere jakin nahi». Ez dira guziak Etxandiren iritziko. Ereiaroaren 13an bozak izan dira, eta gudu bizian arituak dira Blaise Gerazage Donapaleuko jaun mera, zeina gorrietarik baita, eta Jean Ibarnegarai abokatu gaztea, xurien hautagaia. Bozketa aise irabazi dute gorri tzar horiek, baina Ibarnegarai diputatu izendatu dute halere, Gerazagek baino puskaz boto gehiago eskuraturik zirkunskripzioan: 5.930 boto Gerazagek, 7.614rentzat Ibarnegaraik. «Badizut esperantza gizon horrentzat», Intxauspek, Ibarnegarairen afixari buruz. «Bozka eman zenuen, beraz?», Etxandik. Baietz, zigarreta pipatuz, Intxauspek. «Zer esperantza, ordea?». «Gizon zuzena duzu hori, guti bezalakoa». «Bo! Jendeek boz ematen dute Gobernamenduko laguntzen esperantzaz, edo bertzela erretorearen...», jaun mera eta axuanta baitira iragan karrikan goiti izialdura bat handia aurpegietan, esaldia eten du Intxauspek, gizon presatu horiei oihu egiteko: «Bestendako prestaketak finitu ezinik?!». «Zer besta eta zer bestondo?», marmarka. «Gerla duk, gerla!». «Fini dituk bestak!», ihardetsi die jaun merak, besoak espantuka higituz eta bele talde batek baino garrasi larriagoak eginez berak bakarrik.

 

 

Bertrand Riand jaunak sei semeak elkartu ditu etxeko atarian, Angelun. Haietarik zaharrena baitu kapitain Baionako Infanteriako 49. erreximenduan, bertze bat oraino kaporal, eta bertze bat lotinant, gainerateko hirurak lehen aldi soldadu joatekoak. Formazioan ezarriak, eskuak gibelean, adi dituen semeen aitzinean, mintzaldi bat egin du Bertrand Riand jaunak. «Orena heldu da kuraia guzia ager dezazuen», erran die fermuki, «nazioaren independentzia eta batasuna bermatzeko, gure etxeak eta gure askatasuna, Errepublika bera, bermatzeko!». Koronel izana bera ere, erretreta harturik hamar urte lehenago, Rhin ibaian prusianoek inguratuak zituzten hiru soldadu frantsesei gertatuak gogorat ekartzen ari da Bertrand Riand zaharra, bihotz altxagarri izan dadin gerlarat doazkion semeentzat, non eta korrika ttipian agertu den Marie Riand, alaba bakarra. Atariko borta nagusia tarrapatan hetsi eta anaien herronka berean ezarri da, baliza handi bat utzirik oinen aitzinean, hesola bat bezain xut. Diskurtsoa eten du koronel zaharrak. Monokuloa altxatu, eta garbitu du mokanes zuri batez. «Norat zoazela uste duzu ordea? Gerla ez da emazteentzat», erran dio alabari zorrotz. «Gurutze Gorrian emana dut izena, aita, ene haurrideen zerbitzuko».

 

 

Etxeber erretorea, beretterra aitzinean duela xilintxa astinduz, urrezko ontzian ostia zuri ttipia, badoa bidez bide sakramentu saindua partituz erien etxeetan. Hazparneko xokoak korritzen dituela, belaunikatzen zaizkio bidean gurutzatu fededun guziak, salbu eta bihotz iluneko gizon bat edo bertze. Erretoreak lan erdiak eginak dituela, gibeletik lasterka atzeman du Faustin Oihanburuk. Osaba hilzorian dutela eta, fite etxerat joan beharra dela azaldu dio erretoreari, hatsa hanpaturik. Beretterrari urrezko ontzia eman eta elizarat igorri du Etxeberrek, oliodura sainduen xerka. Oihanburutarren etxerat heldu direlarik Faustin eta erretorea, azkenetan atzeman dute Jean Oihanburu, Faustinen osaba. Arbola batetarik jausirik, zauri itsusiak eginak ditu, eta jaun medikuak azkena eman dio. Bizkarrezurra zartatua du gaizoak, saihets batzuk hautsiak bertzalde. Oliodura sainduen emateko doi-doia heldu da beretterra oihanburutarrenganat. Mihise xuri batekin estali dute defuntua, sorbaldak eta burua bistan. Arrosarioa eman diote eskuetan. Begiak hetsi dizkiote. Izeba Graxianak xirio bat piztu du. Eta orenak joan dira negarretan eta otoitzetan. Hazparneko ezkila hasi da hil-zeinuak jotzen, lehentxeago aiduru hitseko bertze ezkila hots horiek eman dituen gisa berean. Faustinen ama, Anetta Oihanburu ari da biharko prestakizunetan, ostatuko lanak utzirik. Semeak mobilizatzeko deia baitu goizean goizeko, ez da izanen osabaren elizkizunetan; armadak deitua da Faustin, aleman makurkeriak betikoz akabatzeko. Beila lehen auzoek eginen dute gaur gauean. Bihar arratsean soineko ederrenekin beztitu, eta hilkutxan emanen dute Jeanen gorpua. Etxeko sarreran ezarriko dute gorpua kutxan, bi xirio saihetsetan pizturik. Ura benedikatu du erretoreak, erramu adaxkak ber. Bihar, Faustinek ikusiko ez duen zeremonia horretan, Etxeber erretoreak De Profundis bat erranen du, eta Miserere Mei Deus kantatuz abiatuko dira etxetik, gizonek kutxa sorbaldetan harturik. Gibeletik izanen dute segizioa, lehen auzoekin aitzinean, senideekin eta gainerateko auzoekin ondotik. Faustinen amak badu arrangura bat, ez dela izanen gizon gazterik hilkutxaren eramateko, mobilizazio manu horren pean baitira guziak. Baita etxeko jaun batzuk ere. Nork eramanen du Jeanen gorpua oihanburutarren etxetik Hazparneko elizarat eta handik hilerrirat? Jaun merarekin solas eginen duela hitzeman dio Etxeber erretoreak. «Nik ere ez jakin... Baimenen bat beharko dut eskatu menturaz». Altxatzeko adinean dela bera ere. «Badakizue, orai elizgizonentzat ere ez da barkamendurik gerlarentzat». Zernahi gisaz, eta berak ezin badu, Mendiburu bikarioak eginen dituela zerbitzuak, ez arduratzeko. Etxeber jaun erretoreak kontsolatu du Faustinen ama gaizoa, erranez mobilizazioaren aitzinetik eginen dituela egin beharrekoak oro, Jean Oihanburuk izan dezan lurperatze bat arras egokia. Bertzerik ez bada, orga batean eramanen dutela hilkutxa elizarat, eta handik hilerrirat.

 

 

Herio batean izkiriatu ditu azken ahapaldiak Jean Indak. Oker samar azken letrak, baina ulertzeko maneran bederen. Sukar batean amaitu du 24 bertseteko sorta hori. Mobilizatzeko deia bihar izanen dela jakin duelarik eseri da kadiran, sukaldeko mahaiaren aitzinean. Herio batean izkiriatu ditu azken ahapaldiak, birritan pentsatzeko astirik gabe. Iazko Baztango eta Errobiko uholdeak aurkeztuak zituzten gaitzat. Iduri zaio akabantza ezin hobea eman diela bertsoei: «Armadak eramanen / ditu alemanak / nola uholde tzarrak / Errobiko lanak». Sartu ditu paperak gutun-azalaren barnean, zigilatu du, joan da Baionako Bourgneuf karrikako 69. zenbakiraino. «Hemen da lore jokoentzat bertsoen aurkezteko bulegoa?». Hamabortz egunen buru egitekoak dira lore jokoak, Iholdin. Zail izanen da, baina menturaz finituko da gerla orduko, eta joan ahal izanen du Iholdiko lore jokoetarat. Hamabortz egunen buruan finituko ote, gerla? Finituko da kazetek diotena sinestekoz, eta menturaz izanen du astia sariren bat jasotzera itzultzeko, segur baita halako bertset sorta zoragarriarekin sariren bat irabaztea.

 

 

Intxaurrondo baten gerizpea, Kanbon. Ederreniako atarian, Etien Petit eta Jean Cazaux aulki luzean jarriak dira, adin handikoak baitira permititzen zaiena. Kontu berriak ezagutzen elkarrengandik, kontu zaharrak arraberritzen batak bertzeari, arno pitxer bat eskuraturik, kartetako lagunen esperoan. Jeani ez zaio oroimenerat heltzen, baina Etienek ekarri dio gogora hamalau baigorriarrena: lehen inperioaren aldi, Rhin ibai bazterrak utzi eta, pilota partida baten jokatzera jin ziren hamalau soldadu gazte haiena. Baimenik gabe partituak, Baigorrirat sartu, errebotean jokatu, irabazi, eta armadarat itzuli ziren, jin bezala. Austerlitzeko gudurat joanak, su zelaiko partida hura irabazi ote zuten ez du gogoan Etienek, nahiz eta saiatu. Jeanek, kontu horren berririk ez bazuen ere, gogoan du Eugen, Gaxuxaren seme gehiena, zeina orai aste batzuk herriratu baita Argentinatik. «Amerikanoak ere gerlarat joan beharrak izanen ote dituk?».

 

 

Baionan oro da aldamio, obra, burdina, harri, orga, zikin, kedar eta izerdi. Saint Esprit zubia handitu berri, Mayou zubia eraikitzen hasi, eta tren gararen handitzeko lanetan ari bertzalde. Seminario handian nahi lukete teilatua berritu, gainera. Langile espainolak, soldatetan urri, bertze nehork nahi ez dituen mando lan horientzat. Espainiako Portaletik San Leongo gurutzerat bide berri bat behar dute egin. 60 urteko langile batek min hartu du hor, sute bat pizturik. Gasaren tutua izan den, edo elektrikaren burdin hari bat, igarri ezinik ari dira jendarmeak. Auzoen erranei kasu eginez gero, gasa askatu, eta pipariren batek aurtiki zigarretak dio su eman. Itsuski zaurtua da, erietxean, 60 urteko langile espainol hori. Salbatuko den, ezin jakin. Berria kontatu diote sinagogaren parean, eta zeinua egin du Bettirik, txapela erantzirik. Adiskidea han utzi eta, abiatu da Bettiri karrikan beheiti, katedralari buruz, zaurturiko gizon horri otoitzean. Badoa Baionako gara eta tren hitsak gibelean utzirik. Badoa Saint Esprit plazako botika saltzaile eta jaun medikuen bulegoen artetik, Alsace-Lorraine bulebarra ezker utzirik. Alsazia; Lorrena; gerla han beharko dute bururatu gazteek. Bettiri bezala adinean sartuak direnei otoitza geldituko zaie. Otoitza, Saint Esprit zubia iragaten duela. Hor dira brick, hiru mastako, bapore eta goletak, Aturri gainean, gabarra salgaiz emokatuak, txalupak, ontziak; nitratoa, burdina eta ikatza ekartzen, arno, azukre, txokolate ekartzen. Otoitzean Bettiri, Reduiteko plazan, eskuinerat behatuz Bokaleko lantegietako tximinia garaiei, ibai bazterreko bulebarrari, non promenatuko baitira sehiak handikien haurrekin. Badoa Bettiri, errukiz betea Baiona arraberritzen ari diren langile espainol horientzat guzientzat. Ezkerrerat behatuz Baiona Ttipiaren gainean goititzen den Gaztelu Berrirat, pean duela Saint Andre eliza, Zuberoatik eta Nafarroa Beheretik heldu dilijentziekin. Eta badoa Bettiri, Credit Lyonnaisen egoitza —bada jaun euskaldun bat hor, Amerikatik emigranteek igorri txekeak kobratzen laguntzen duena— eta Herriko Etxea uzten dituela eskuin, Libertatearen plazan, Suprefetura han gibeltxoago zaindari. Badoa Bettiri Victor Hugo karrikari buruz, non laugarren zenbakian baitu egoitza Lague tindatzaileak. Gogoan du semearen hiletako arropak beltzez tindatzera eraman zituela botiga horretarat —galdatu eta hamabi orenen buruan egina zioten lana artoski—. Badoa Bettiri, hilik ote den ere ez dakien 60 urteko langile espainol horrentzat otoitzean, Bettiri bera baino doi bat gazteago den horrentzat. Badoa Gambetta karrikako bidegurutzerat, eta han utzi ditu, beti aitzinerat baitoa, Zurich asurantza etxea, Grands Magasins du Printemps, Au Robinsonen aterkiak eta Leon Bartheren armak; Dihartzeren bisuteria botiga eta A Soulard kinkaila saltzailea, Argenterie karrikan. Notre Dameko katedralaren plazarat atera delarik, Baiona hits eta guzia obra den honetan, otoitzean beti Bettiri, hara non Bouresmau jaunaren ikatz-garraiatzaile batek abantzu zanpatu duen eskorgarekin. Irri karkailaz ez dute bada hartu Charles Berrogain oihal saltzaileak, botigaren ataritik beha, eta karrikan horma saltzen ari den gizon mutur beltz gazte horrek? Arropak astindurik, otoitzak bet-betan ahantzirik, hartu du katedraleko sarrera nagusirat Bettirik, non eta galdetu baitio Bidegarai andreak, katedralaren aitzinean, ea ez duen bada gaur Eskualduna erosi behar. «Bada gerlako berririk?». «Zer gerla, ordea?». «Ezkilak joz orai iragarri behar dudana». «Zer gerla, diozu?». Eskualduna besapean sarturik, badoa Bettiri Baionako katedraleko ezkilak jotzera, gazteak mobilizaziora deituz, Alsazia eta Lorrena horietarat joan daitezen. Badoa Bettiri, otoitzak ahantzirik orai, Baionako ezkilak jotzera, azken 48 urteetan egin bezala. Badoa, dagoeneko ahantzia zuen ezkila doinu baten jotzera, bere semea ezin baina bertze batzuen semeak iratzartzera.

 

 

Luhuson, bordagaraitarren etxean, senideak mahaian, amak plantatu jatekoen dastatzeko prest dira senide guziak. Bazkariko solasaldiak —laborantzako lanak, aro lehorraren makurrak, politikakeriak, azken bozkatzeak, kabalen eta jendeen eritasunak, auto istripuak, heriotzaren bat, zorrak eta etxe saltzeak, bele eta mikek baratzeetan egin desmasiak— oro isilarazi ditu Jean Bordagarai etxeko jaunak. Otoitz egiteko tenorea da, mahaian diren jakiengatik eskerren bihurtzeko Jaunari. «Mar-mar-mar» erraten duelarik aitak, «tar-tar-tar» ihardesten dute haurrek. Zortzi urte izanen ditu zaharrenak. Denbora luzez elkarrekin eginen duten azken apairua da. Finitu dutelarik, bortz haurrei bederazka eman die musu Jean Bordagarai aitak, bekokian, usu ez bezala. Helene emazteak isil-isil egotea deliberatu du, pentsatuz eta ez dela oren egokiena senarrari oroitarazteko andarka eta musean diru guziak galdurik jin zela etxerat bezperan.

 

 

Mizel Irigarai lekunberritarra eta bertze bi adiskide, bata baionesa eta bertzea landesa, soldadugoa finiturik baina soldadu jauntzitan oraino, Bordelen dira tenore honetan, botiga baten aitzinean, arno xuri, bizkotxa, gasna, urdai, edo zer erosiko ebatzi ezinik. Oren biren buruan izanen dute Baionarateko trena, eta nahi lukete ahoratzeko zerbait eduki bidaian, etxerat eramanen dituen bidaian, non eta agertu baitira bi jendarme karrika buruan. Gerturatu zaizkie, eta erran diete mobilizazio aldi dela, zer mila deabru egiten duten karrikan soldadu jauntzitan, itzuli behar dutela kasernarat jauzi batean. Mizel Irigaraik eta haren adiskideek ihardetsi dute soldadugoa finitu berri dutela eta etxerateko trenaren hartzeko zain direla, bidaiarentzat arno xuri, bizkotxa, gasna, urdai, edo zer erosiko deliberatzen. Jendarmeek hartu dituzte aitzinean, eta itzuli Rocheforterat, nondik partitu baitira Mizel Irigarai eta bertze bi adiskideak goizeko lehen orenean, ustez eta soldadugoa finitu zutela, ustez eta etxerat eramanen zituen trena hartuko zutela gaur.

 

 

Gaxuxa eta Janamari Ugarte ama-alabek solasaldi xalo bat dute, Urruñan, beren etxeko atarian, iruten ari. «Hitsa bai, joan den negua», alabak. Hotz egin zuela neguan, hego haizea altxatu zuela otsailean, suak sortuz, eta ondotik, gainera, eurite handiak izan direla, maiatzean hasi eta uztail arte. «Alaiagoa ez ote zen izan iazko negua, epelago, goxoago?», alabak. «Hago, alaba», amaren ordu: «Lehengo negua izan dinagu aurtengoa». «Lehengo negua?». «Lehengo negua, bai. Erran nahi baita negua bere tenorean, abendutik martxo arte, negu baliosa dela laborantzatik bizi behar duenarentzat». Bulta batez isil-isila segitu du alabak iruten, galdeak ihes egin dion arte azkenean: «Eta lehengo neguetan ere senargaiak gerlarat partitu beharrak izaten ote ziren?». Iruteari utzi dio Janamari amak, lehen aldi baitu senargai konturik entzuten diona alabari. «Gerlak beti izan ditun, lehengo neguetan eta beti». Eta iruteari lotu zaio ama berriz. «Zein etxetakoa dun?». Burua gorde du Janamari alabak, herabeturik tanpez: «Jean». «Larretarra?». Buruaz keinu ttipi bat egin du alabak, iruteari utzi gabe, baietz.

 

 

Monjolosen eta Ainhizen ez da bertze konturik. Nork edo nork, Maltxetaburu aldean, dinamitazko kartutxo batzuk ebatsi eta zapartatu zituela bart gauean, Monjoloseko etxe guziak dardarikatuz. Lekunberriko hedexuriak izanak direla halako eta halako etxetan galde egiten. Hobendunak atzeman ezinik, kontua hedatu da Donapaleuko trenbide berriko lanetan ari diren espainol kara hitseko horietan ote diren ebasleak. Baina, kuidado, gamartearrek erran bide dute hemen bereko jende gazte batzuen obra izan dela. Erdibituak dira Monjolosen eta Ainhizen, espainolei buruz batzuk, herriko gazteei buruz bertzeak. Hedexuriek urratsik ez argitzen nehondik. Ganix Laxagek eman du ebazpena, gerla hastearen berri heldu delarik herrirat, zer eta hedexuri horiek hasi direlarik «ordre de mobilisation générale» letra larriak dituzten afixa batzuk lotzen arboletan: «Ez ote genukeen hobeki eginen kartutxo horiek gordez. Guziak baliatu beharko ez ote ditugun oraino».

 

 

Hatua eta balizak bart gauean oheratzeko prestatuak zituen Katixa Bonetbeltzek. Bihar behar zuen partida tristeak, igandearekin. Hilabete inguruko bidaia izanen zuen. Klara Bonetbeltz kusia joanen zitzaion Ellis Islandeko kontrolerat. Urte hasieran errana zion, letraz, kontrol gogorrak izanen zituela Amerikako Estatu Batuetan sartzeko, baina arrangurarik ez izateko, kusi maitea han izanen zuela, behar ziren paper guzien kirrimarratzeko. Gobernamenduaren emigrazio agente Barbier jaunarekin mintzatua zen Katixa. Ordainketak eginak eta adioak, erranak. Dirua, bildua eta ontsa gordea. Hatua eta balizak, bart gauean apailatuak. Donibane Garazitik Bordelerat Barbier jaunak lagundu behar zuen taldea. Katixari errana zion Bordelen bazela Hôtes des Basques & du Béarn, garatik hurbil. Apairuak eta ganberak merke izanen zituztela, jendeen ahalen arabera. Barbier jaunak berak lagunduko zuela ontzirat. Gero, hilabetexka bat Atlantikoko uretan, buruilean Ellis Island famatua zapaltzeko. Han izanen zuen Klara kusi maitea, lau urte aitzinago harat joana. Familia on batean sehi lana hitzartua du Katixarentzat. Ingelesa fite ikasiko du. Partida tristea bai, baina ez du zertaz arrangura. Gaur eguerdian, ordea, sukalderat jausteko galdegin, kadiran jarrarazi, eta «Jaunaren bideak ezin asmatuzkoak izaten ohi dira», erran dio amak. Donibane Garaziko ezkilek mobilizazio deia egin dutelarik finitu da Katixaren bidaia, hasi aitzin. Amak xeheki azaldu dizkio arrazoiak: alaba bakarra dela, haurrideak —lau; gizonezkoak oro— gerlarat altxatuko dituztela bihar, aitama gaizoak bakarrik baratuko direla etxean, ez dela nehor izanen azienden alhatzeko, soroen ereiteko, pentzeen epaitzeko, baratzearen jorratzeko. «Zahartzen ari gaituzu guhaur ere». Etxea jaustera ez uzteko. Amerika hor izanen dela gero ere. Aste edo hilabete gutiren buruan finituko dela gerla, eta Amerika ez dela lekutuko, haurrideak gerlatik etxeraturikoan han segituko duela, eta izanen duela joateko tenorerik oraino, hori badu gogoa. Seme gehiena ezkontzekoa denez, ez dela emazteki gabeziarik izanen etxean. Baina gerlak iraun artean bederen beharko duela etxean baratu, Zaron. Idazteko letra bat Klara kusiari, bidaia gibelatuko duela jakinarazteko. Katixa Bonetbeltzek negar egin du sukaldetik ganberarat bidean. Masailak mokanesarekin lehortu, eta desegin ditu bart gauean dagoeneko apailatuak zituen hatua eta balizak.

 

 

Jeanette Bordaxuri eta Paskal Etxekopar senar-emazteak, orai lau hilabete ezkonduak, elkarrekin gosaltzen ari etxeko sukaldean. Emazteak baditu galdeak, Senpereko merkatuan zer izan zen bart, eta senarrak baditu arrapostuak, gopor esnea hurrupatzen duen artetan, ikusi zituenak oro azaltzeko xehetasun guziz: Arbonatik, Uztaritzetik, Ahetzetik heldurik errekardariak; auto berri horietarik zenbait, Saratik eta Ezpeletatik; xerri tratulariak; buxerrak; karroak, arbola azpi eta etxe aitzinetan barreiatuak, saski eta otarreak irekirik, oihal zurien gain zernahi saltzen, zela gasna, zela arrautza, zela baratzekari, zela fruitu; karranka batean oilo-oilarrak, garrasika ahateak, lasto gainean jauzika lapinak; zaldiak, putinka; bizkotxa saltzaileak, zapata saltzaileak; behi, txahal, biga, zekor, ergi... klase guzietarik azienda ederrak. Egin zuten pilota partida bat gaitza herriko gazteek, eta adiskideak musean aritu ziren Xilarrena ostatuan. Arbola azpi batean plantatu zen buhame bat, botila zenbait lerroan emanik, jendarmeak gibelean zituela, agerian armak eta ernai begiak. Gazte batzuk zituen bereganatu buhameak. Horra zertan zen tratua, Paskalek esplikatu Jeanette emazteari: zurezko eraztun batzuk behar zituzten botiletan sartu, libera batzuk irabazi ustez. Bazen josteta eta irria merkatuko bazterretan. Baina bazen kontu hitsik ere. Xantiago Fourcadek gizon talde bat zuen inguratua ostatu atarian, zenbait pipatzen, zenbait arno xorta baten hurrupatzen, jaun erretorea ere tarteko zutela. Xantiagok azaldu zuen joan den astean batzar bat egina zutela Lurdesen, gorputz sainduko sakramentuaren ohoretan; jaun erretoreak baieztatu zuen. Aita sainduak igorri zuen kardinal bat haren izenean, eta baziren oraino bertze bederatzi kardinal, 200 apezpiku eta 8.000 apez, ehun mila fededunentzat. Jendeketa bat gaitza, Lurdeseko igandeko mezan, Santa Bernadetari erregutzeko Frantziatik urrun barreiatzeko gerla mehatxuak. Jean Ibarnegarai diputatu berria ere Lurdesen baitzen biltzar hartan, lagunei erran zien gerla bat izugarria eraikitzera zihoala, eta frantsesak oro beharko zirela gudukatu. «Zortzi egun baino lehen hasiko zela erran zuen Ibarnegarai jaunak», azaldu dio Paskalek emazteari, etxeko sukaldean, gopor esnea hurrupatzen duen artetan. «Zortzi egun...», Jeanettek, gosariaz ahantzirik. «Bai, zortzi egun izanen dira bihar», Paskalek, gopor esnea finituz. Ogiari ausiki egiten ari zaio orai Paskal. Emazteak ez du esnea finitu. Ogi papurrak ahotik mahai gainerat jausten zaizkiola, Paskalek: «Austriako jaun handi bat, erregeen seme bat, hil dute han nonbait». «Serbian, diotenez». Sukaldeko leihotik sartzen hasi diren ezkila hotsek isilarazi dute Paskalen mintzoa. «Otoitz egin dezagun», erran dio Jeanette emazteak, esku biak harturik senarrari. «Lurdeseko otoitz horiek guziek ez dute bada emaitza handirik ekarri», pentsatu du Paskalek. Baina gero, damuturik eta lotsaturik pentsamendu horiekin, fermuki lotu zaio emazteak gidatu otoitzari, pentsatuz eta ideia zoro horiek fueratu eta zintzoki portatzen bada emaztearekin larrutan eginen duela gerlarat partitu aitzin, behin bederen.

 

 

Urdozetik goiti abiatu eta, bide politik bada, landa eta baso artetik, mugarat heltzeko. Jakes Oihartzabalek begiak hetsita eginen luke Urdozetik Erratzurateko bidea; Jakesek, kuraiatzeko den edo, bere buruari erraten dio begiak hetsita ere eginen lukeela. Bide ederra da, guardek sobera begiratzen ez dutena, arteka ez bada. Behin Urdozetik atera eta Erratzura heldu arte, abelgorri batzuk, ez da gehiagoko arimarik izanen. Kaiet anaiak iaz hartu zuelarik Argentinarateko bidea, errazago izan zitzaion: egun argiz eta Bordeleko portutik partitu zen. Baina erokeria litzateke tenore honetan Bordelerat joatea, errana dio aitak Jakesi: «Jendarmeak izanen dituk garetan, eta paperak galdeginen ditiztek». Aita-semeak bazkalostean adostu dira Erratzukoa izanen dela bide segurena, gero Pasaiako portuan entseatzeko Argentinarateko txartel baten eskuratzen. Eta, bistan dena, gauez beharko du egin bidea. Jakesek baditu oren batzuk, beraz, arrantzarat joateko adiskideekin, pertola eta mahungak harturik azkeneko xarboren bat atzematen entseatzeko. Xantzarik bada, taloaz gainera izanen du bertze apairurik ere gauean. Eta begiak hetsita eginen du bidea; segur da.

 

 

Adolphe Berdeko enoatua da, sozialistekin hastiatua, nardatua. Funtsean, aitari etxean entzunak ditu errepikatzen, «Errepublikano deabru horiek!», «Infernuko bestia tzar horiek!», «Sozialista urte horiek!». Berotzen dute adiskideek Baionan, Marengo karrikari buruz doazela: «Hori, Berdeko, errazu!». Bi aste bertzerik ez dira «sozialista urde horiek» Atharratzen egin dituztela apairuak eta mintzaldi harroak, uztailaren 14ko ospakizunetan. «Errazu, Berdeko!». Ez zituzten bada alemanak hauspotu?! Berdekoren adiskideak, harridura keinu eta espantu artean, Marengo karrikan. «Futxo!». Gerlarik ez, haurride behar zutela aleman tzar horiek eta frantsesek. «Errazu, Berdeko!». «Sozialista deabru horiek...». «Errazu!». «...behar genituzke igorri alemanenganat guziak, leher eta zapart ditzaten ukaldika!». «To, Berdeko!». «Hori, hori!». «Eta Jean Jaures?», jarraiki zaio Berdeko, adiskideen bitoreek hanturik. «Ez du bada grebarat deitu gerlaren aurka?». «O! Baina, baina...». «Zer da hori, Berdeko?». «Nork errana?». Asaldura eta izialdura, Berdekoren ingururat elkartua den lagunarte gaztean, bihar zizpak hartzera kuraios partituko den gazte talde horretan. «Errazu, Berdeko!». «Infernuko bestia tzar hori... Bart kalitu zuten, Parisen». Baiki, Croissant kafetegian hil dute, tiroz, Jean Jaures buruzagi sozialista, Alemaniari gerla deklaratu bezperan. «Ontsa egina!». «Bai alafede!». Berdekok ez du erran azken hitza oraino: «Lastima». «To, Berdeko, zertako lastima ordea?». «Lastima... nihaurek behar nuen eta kalitu!». Besoetako gihar eta zainak hantzen zaizkiola, eskuekin alegiazko lepo bat bihurrituz, lurreraino belaunikatua da Berdeko. Adiskideak karkaila eroetan lehertu dira zubiaren erdian, eta Julien Bizkaik oroitarazi die ortzegun gauekoa, Elosu doktorea eta bertze hiru sozialista mando horietarik atzeman baitzituzten karrikan traktak partitzen, Saint Esprit auzoan gerlaren kontrako batzar bat egin asmoz. «Sans votre consentement l'oeuvre de ruine et de destruction est impossible» izkiriatua zuten paper tzar horietan. Hilabete batzuk baizik ez ziren bazter nahastaile horiek berak ibiliak zirela auto batzuetan Internazionala kantatzen eta «À bas les trois ans» izkiriaturik oihal handi batzuetan, hiru urteko soldadugoaren kontra. «Urde alferrak!». Errabiatuak, beraz, ehunka gaztek buru egin zieten traktak partitzen ari ziren deabru gorri horiei, eta batzarrik ez zuten egin azkenean. Kokoteko eta ostiko, gazteek izan zuten haserrea non erauntsi, bederen. Garat jaun merak gidaturik joan ziren gero Arma Plazarat, 49. erreximenduko musika bandaren kontzertua han izaki. Le Chant du Départ eta La Marseillaise joarazi bandari, eta nolako esku zartak Arma Plazan. Fite bai fite 49. erreximenduko peza izanen diren gizon gazte horiek, ortzegun gaueko oldarra oroitu eta, eman zaizkio La Marseillaise kantatzeari, bele batzuen azantza ederrago bailitzateke, Marengo karrikari buruz doazela.

 

 

Debidart erretoreak izan du egun bat dorpea, hagitz dorpea, eta gogoetan da une honetan, aperitifa eskuan. Hasteko, goizean hartu behar izan ditu katixima ikasle muin gogorreko batzuk. Bat hasi, eta segitu zaizkio guziak galde izugarriak eginez. «Mesias delako hori, zer da orduan? Goitizen bat? Etxearen izena?», galdegin dio Jauregiberriren seme pulo horrek. «Eta San Jose hori nola bizi zitekeen emaztea hunki gabe?», harroturik, postari gorri horren seme mandoak. «Nik ulertzen ez dudan kontua da, otoi azal ahal balit berorrek, zera... Ama Birjinak hartu zuen hazi hori nondik sortua zen», Saldiserenak. Haur deabruak. Beharrik garaiz manatu dien isiltzeko, deabruaren mihitik ez gehiago hitzik errateko. Beharrik, garaiz tinkatu dion belarria Jauregiberriren semeari, hura izan baita sua piztu duena, «Mila deabruen urde hori!». Zer gauzak erranarazten dizkioten ere erretore gaizoari. Baina hori balitz soilik, bertzerik ez. Mezaren garaian, Confiteor, Introit, Kyrie eleison, Oremus eta horiek guziak pasaturik, Ebanjelioa irakurri, ostia eta kaliza sainduak altxaturik, Nobis quosque peccatoribus eta Pater-ak erranik, eliztarrei zuzendu zaielarik Agnus dei errateko —«Jainkoaren bildotsa, munduko bekatuez kargatu nahi ukan duzuna, garbi itzazu ene bekatu guziak, zure odolean hain kario erosi duzun bake lurra ukan dezadan zurekin, nire lagunekin eta nire buruarekin»—, Mailluket harro horrek ez du bada ahotsa goititu elizan: «Bake ederra izanen dugu, bai, lurrean!». Jo eta kaliza aurtikiko zion bururat managaitz horri, ez balitz eliza barnean gertatu. Azkeneko ebanjelioa behar izan du aldatu, inprobisatuz, Mailluket deabru horri hatza luzaturik: «Jaunaren erreinua ez da izanen mihiluzeentzat eta tenorea delarik isilik egoten ez dakitenentzat!». O, baina hori balitz guzia, fitsik ere ez litzateke! Ainharbeko elizako ezkilak jo behar izan ditu eguerditan, herritarrei gerla heldu dela jakinarazteko. Eta orduan, etxerat heldu zela, sumatu ditu bertze gazte zoro horiek, gerla apaizek sustatua dela erraten. Haietarik bat, ohartu delarik Debidart erretorea heldu zaiela, «Le corbeau!» erran, eta belearen karranka egiten ez da bada hasi, mando tzar hori? Hartu harri kozkor bat lurretik eta, ez bat, ez bi, zuzen aurtiki dio erretoreak kopeta erdirat. Bele karrankak eginez kukutu zaizkio gazteak lasterka, oi ainharbear hauek. «Ez da zereginik ainharbear mando hauekin», pentsatu du Debidart erretore jaunak, aperitifari hurrupa eginez. Bederik gerla tzar horrek ainharbear harro horiek guziak fundituko balitu, ez luke damurik izanen Debidart erretoreak. Eta orai, pentsamendu hits horietan itoa delarik —«Oi, zeinen egun dorpea, hagitz dorpea»—, behar luke itxaron, edo behar luke, paper zuri bat eta luma harturik, galdea egin herriz alda dezaten? Eskaria luzatu apezpikuari? Zer bertzerik behar ote du sufritu zeruaren irabazteko?

 

 

Rene eta Joseph Ameztoi anaiak Errobi ertzetik heldu dira Baionatik Milafrangarat, merkatuan saldu gabeak dituzten angula egosiak janez eskutaraka. Iratiko oihaneko zurak Baionako porturat, kontrako bidean beraz, daramatzaten ontziekin gurutzatzen dira. Portuan nahastekatuko dira barnealdeko mendietako artzainen artile kargamentuekin, zeinak trukatuko baitituzte kakaoagatik, gariagatik edo arrainengatik. Rene eta Joseph Ameztoik ikusiak dituzte truke horiek merkatuan. Moltsa diruz dakarte, angula gehienak saldurik. Baina angula soberakinak eta moltsa beteak soilik ez, notiziak ere badakartzate Baionako merkatutik. Gerla gaitz bat hasiko dela aleman doilorren aurka, eta gazte guziek beharko dutela bihartik aitzinerat armadan izena eman. Etxeko lurretan sartu direlarik, gabarra askaturik dela ohartu eta, otarreak Joseph anaiari utzirik, Errobiko uretarat murgil egin du Renek, gabarra galduaren xerka.

 

 

Oilarrak kukurruku jo aitzinetik esnatu da Kattalin Aizager. Ohetik jalgi aitzin, burua leihorat itzuli eta, ilun da oraino kanpoan. Bertze alderat biratu du burua, gibeletik estu tinkatzen ari zaion senarra esnatu gabe. Gaueko mahaia, eta haren gainean lanpara ttipia, ezantzarekin sutzen dena; kadira ttipia, eta haren gainean soinekoa eta buruko zapia, bart gauean utzi zituen berak, gaur goizean berriz beztitzeko zain; hormaren kontra kutxa, eta haren gainean brodatu bat, amak dotean emana, zuriketa bat hartuko lukeena; brodatu maiztua, eta haren gainean erramu benedikatu adaxka batzuk. Clement Ibarrart senarraren besoa sumatu du kamisoiaren petik gerria estutzen. Esnatu da beraz. Haragi zati gogor bat sentitu du gero ipurmasailen aldean. Begiak hetsi ditu Kattalinek, lo balitz bezala. Haragi zati gogorrari bidea aurkitu dio senarrak; gorputza beheitituz, emazteari zangoak apur bat irekiz, Kattalinen barnerateko bidea hartu du senarrak, hatsanditurik. Lo hartzen saiatu da Kattalin, otoitz egin du loak har dezan oilarrak kukurruku jo arte bederen. Lo egin. Gero eta hats hanpatuagoa du senarrak. Lo egin ahal baleza. Inarrosaldi batzuk, gero eta basagoak. Lo, poxi batez bederen. Intziri egin du Clementek. Eta haragi zati bigun eta busti bat atera du Kattalinen zangartetik. «Esnatu ez banintz, bederen», Kattalinen gogoeta: «Bietako bat esnatu ez balitz bederen». Hasperen ttipi bat egin eta bere alderat biratu du senarrak gorputza. Zutitu eta, fitsik ere erran gabe, galtzoinak beztitu ditu. Ekia jalgitzen hasia da Garruzen, eta argi zirrinta bat sartu da ibarrartarren etxeko ganbera nagusiaren leihotik. Begiak hetsita segitzen du Kattalinek, baina itsu ere sentituko luke argi zirrinta hori noiz hasi den kutxaren ezker hegala argitzen. Itxarongo du bulta batez, begiak hetsirik, argi errainuak kutxa gaineko brodatua argitzen has daitezen arte, ogi soroetarik heldu diren beleen karrankak isil daitezen arte.

 

 

Uztail hondarrean istripua izan zuen Urdiñarbeko eskola laikoko haurren orgak. Mauletik etxerat heldu zirela, eskola laikoek festa egin baitzuten Zuberoako hiriburuan, gurpil bat jalgi zitzaion orgari, eta xantza izan zen amildegi handiagoa ez suertatzea parean. Errejenta zen orgaren gidari, hogeiren bat haurrekin; zamaria zen kolpatu, zango bat bihurriturik; haurretan, nehork ez zuen zauri itsusirik. Lazare arotzari eraman zioten orga, konponduko ote zuen. Errejenta Maulerat joan zen inkestan, eliztarren batzuek eskola laikoari «sabotajea» egin ziotela uste baitzuen zinez. Inkestak ez zuen ondorio argirik eman. Ezbeharra baino ez zela suertatu, hala hedatu zen herrian; eta errejenta zoratzen hasia zela, hori ere bai. Itsu eta gor inguruari, giristinoak eskola laikoko haurrak hiltzen saiatu zirela tematurik segitzen baitu oraino, errejenta ez da ohartu ere armak hartzera deitu duten ezkila hotsekin. Adiskide batek oroitarazi dio soldadugoko paperen xerka joan beharra dela. Zuberotar horiekin hastiatua eta hisiatua da errejenta honezkero, ordea. Emaztearekin solas eginik, diru gehienak haren izenean ezarri, libera batzuk hartu moltsan, eta Larrainerat abiatu da, bihar goiza argitzeko muga iragateko esperantzaz; alderantziz eginen du espartingileen bidea. «Hilabete bat izanen da, ez duzu zertaz arrangura; eskola sartzerako finituko da gerla, eta etxerat itzuliko naiz berriz». Baldin eta arte horretan giristinoek ez badituzte eskola laikoak funditzen, pentsatu du errejentak, emazteari fitsik erran gabe halere, ez dezan hark ere pentsa senarra zoratzen hasia duela.

 

 

Hamalau urteko mutiko batek izeba hil omen du Baigorrin, belaskotarrenean, etxeko sukaldean, jolasean ari zela, eskopetarekin tiro eginik. Belaskotarrekin etsaitua den sendi bateko aitak erran omen du, etxeko sukaldean hark ere, «Lastima aitari ez jo izana». Hori aditurik, amatxi hasi da zeinuaren egiten, «Aitaren, semearen eta...», baina oroituz eta belaskotarrez mintzo direla, tanpez isildu da, zeinua bururatu gabe, eta eskuak ezarri ditu, bata bertzearen gainean, magalean.

 

 

Eskiulatik ere heldu dira mezuak espainolekin izan direla afera itsusiak. Etxebarnian sartu eta lapurretan atzeman dituztela haietarik bi; belartegi batean lotan, bertze bi; gurutze bati ostikoka ikusia dutela bertze bat oraino bide bazter batean. Ez dira hainbertze aste Ligin kasaila gorria eragin zutela 700 gizonek greban altxaturik. Lau jendarme brigada igorri zituzten langileak apaltzera. Langile espainol eta gailegoak dira hor suari eragiten, Ligi eta Santa Grazi xoko horietan. Italiarrak ere badira obra horietan, onik ez batere. Nagusiek 120 kanporatu zituzten grebaren ondotik. Bertze bat justiziaren eskuetan eman zuten, Espainiak galde egina ziolako harengatik Frantziari. Kalixtrok ez du dudarik, Santa Graziko eliz atarian, mezaren ondoko eleketan ari, erretoreak eman baitu gerla handi bat hastera doan berri: «Hemengo obra horiek utzi eta espainol eta gailego horiek guziak behar lirateke igorri Alsaziako obra horietarat, lehen lerroan ezarriak». Pierre Agerrek, hitzetik hortzerat: «Batailoi ederra behar zuketen osatu, mutur hits horiekin, beldurtuko zituzketen alemanak oro». Mari Jeanne Errekaltek finitu du eleketa: «Ez dituzte horiek gerlarat igorriko; guk beharko dugu hil, urde horiek segi dezaten gurutzeen uzkailtzen eta etxeen ebasten».

 

 

Amatxi Katerina eta Aitatxi Tomas sardeekin, ilobasoak arrasteluekin, belarrak harrotzen ari dira Ziburuko pentze batean, hobeki lehor daitezen. Azkainerat heldu den buhame komediante arrotz aldra horri buruz solasean ari helduak, sugandila bat atzeman nahian lotu dira ilobasoak. Azkaineko pilota plazan zuloak egin, txapitula ezarri eta herri guzia inarrosi zuten buhame horiek, beren zinbal, atabal, tronboi eta turuteriekin; herriko haurrak arranguraz, ezin jokatuz pilotan. «Nahi duten guzia eginez hor dabiltza», aitatxi Tomasen epaia. «Horiek bezala ibili behar bagenu guk, fite genituzke hedexuriak gibeletik». Lotu dira aitatxi eta amatxi buhameen ohituren kritikatzera: eskean edo lapurretan ibiltzen direla, haurrak beren gisara bataiatuz erreketan, abere gazteak zahar balira bezala saltzen eta klase guzietako jukutriak antolatzen lanik egin gabe bizitzeko. «Orai sortu duten gerla hau ere, haiengatik beharko dugu egin»; segur izanen dela jukutriaren bat asmatzea, soldadu joan ez daitezen. «Zer dira ba? Beltzak! Petril horretako beleak baino beltzagoak!». Arte horretan itzuli zaie Joanes semea, Herriko Etxerat joana baitzen mobilizazioari buruzko argibide eske. Entseatu da jaun merarekin hautsi-mautsi baten egiten, etxean gordea duten urre gorri poxi hori baliatuz. Debaldetan. Altxatuen artean eman dute Joanesen izena. Jaun meraren kontra sakreka lotu da aitatxi Tomas, sardea inarrosiz.

 

 

Eugen Mendiri Atharratzeko Herriko Etxeko idazkaria zainak airean dabil. Kusi baten sortze datak aldatzea galdegin dio izebak. Janpierrak lau seme-alaba ditu, eta 44 urte. Territorialetan eramanen dute mobilizaturik, baldin eta kusi idazkariak ez badu asmatzen zer edo zer. Egin dezakeen bakarra, otu zaion bakarra, Janpierra Mendiriren izena sortze agiritegitik ezabatu, eta bizpalau urte lehenagoko liburuan ezartzea. Baina nehoiz ez du tintarik ezabatu behar izan agiritegian... Nola eginen du halako jukutriarik, ez ikusteko maneran? «Karatxo! Kusi madarikatu hori... Sor zitekeen hamar urte lehenago!».

 

 

Bi kontrabandista atzemanak izan direla bart gauean. Goizetik dabil zurrumurrua, eta Ainhoako emazteak hasiak dira arrosarioak higatzen sukaldeetan. Gizonek berriak galdatzen dituzte karriketan. Nehork ez du segurantzarik ainhoarrak diren. Gazteak direla, hogeita hamabortz pintako ontzi bat zeramala batek bizkarrean. Horretan kito. «Baliteke kontrabandoan ari diren guziak ez diren aberasten, baina ez da nehor izanen kontrabandoan ohorea galdu duenik». «Ez, ez, kontrabandista ez da ohoina, klarki erranen dizut». «Guk hazten ditugu eta guarda horiek! Zer uste dute bada?». «Gure beharra badute horiek». «Eta gero, herri honetan ez zen lehenago kontrabandorik, zeren ez zen mugarririk». «Arrazoi handia». «Zertako eman dituzte muga horiek Dantxarian?». «Kontrabandoa ez da bekatu, jaun omonierrak eni errana». «Nihaur ere entzuna naiz, gizonen legeen kontrako egintza bat izanik ere, kontrabandoa ez dela Jainkoaren legeen kontrako». «Auzapezak ere badira eta kontrabandoan arizanak». «Laborari gaizoak bere familia haztekotan zer du bertzerik, bere burua kontrabandoko arriskuetan sartzera bortxatzea baino?». «Gurean betidanik izan gara guziak kontrabandistak, ez plazerez, baizik eta beharrez». «Guhaur ere bai. Espainiatik ekartzekoak ziren kabala batzuen begiratzera joana zen gure aita eztei bezperan, horra egia». «Guarda horiek senideak dituzte ere kontrabandoan ari direnak!». «Elkarren beharra ez dute bada guardek eta kontrabandistek!». Emazteak, Ainhoako etxeetako sukaldeetan, arrosarioen higatzen, guardek arrastatu gazteak ez daitezen etxekoak izan. Gizonak, Ainhoako ostatu-karriketan, ahapeka mintzo, berrien galdatzen. «Eta zer izan zen hogeita hamabortz pintako ontziaz?». «Konfiskatu izanen dute». «Bai naski, sotoaren gizentzeko!». «Bo! Zer den ere, fite izanen dira libro». Mariano Bethek azken hitza: «Libro, bai: gerlarat igortzeko!».

 

 

Arnegiko basoetan, haritz eta pago arteetan aitzurrekin eginiko zabaldietan, txondorrak ketan. Filipe Lurok artatzen dituenak izanen dira oparoenetakoak. Elektrika hori agertu denetik eskasten hasiak dira ikazkinak, baina bere langintza atxikitzen du Lurok, eta arteka tabakoa landatzen. Kusi batek mugaz bertze aldetik ekartzen dizkion tabako haziak aldatzen baititu txondorrek beroturiko lurretan. Guardek atzeman dituzte tabako landare horietarik zenbait, eta sasi artean itxaron diote Lurori. Arrastaturik eraman dute, etxea miatu diote, tabako landareak oro konfiskatu. Amanda ordaindurik, libro heldu da Luro Donibane Garazitik Arnegirateko bidean, beleak harrika uxatuz arteka. Zubi erdian muga, han karabineroak, errezibidorea nagusi dutela. Zubiaz bertze alderat, Espainian, 30 sosetan merke emanen liokete apairua. «Espainian bazkaldu eta Frantzian kafea hartu, aberatsek bezala», Luroren gogoetak. Horixe eginen du Arnegirat heldu orduko, libro dela ospatzeko. Txokolategirat joanen da bertzela. Frantziako partean, zubia iragan eta, herriaren gainean eliza. Eliz-dorrearen goiko puntan, Marlo ezkila deika ari. Ambroise Goitino erretorea dandaka ari zaio ezkilari. Frantziako azken erreka zolako azken herrixkako eliza ttipiaren tontorretik datorren dei hori zeri zor zaion asmatu ezinik heldu da Luro, etxeko tabako hondarrak pipatuz. Ezagun egiten zaizkio zeinuak, baina igarri ezinik doa, harik eta herriaren sarreran Piarres Hasketekin topo egin duen arte. «Ez zara oroitzen orai bortz urte egin genuen martxa?». Baiki, herriko 37 gaztek martxa egin zuten eguneko zeinu berak dira Marlo ezkilak gaur ere ematen dituen horiek. Oro soldaduz bezti, Xarlex Mokozainek gidaturik egin zuten martxa, ofizioen ondotik, erretorearen etxerat. Arno gozoa eman baitzieten ezpainen bustitzeko. «Zer duzu, beraz? Soldadu giristinoen martxa izanen dugu aurten berriz?». «Ez duzu jakin berria?».

 

 

«Muturra xehatuko diot». «Erran berriz», Santosek. «Muturra xehatuko diot urdekume horri!». «Sinesten duzu erran duzuna?», Santosek. «Sudurra birrinduko diot!». «Erran berriz, egiaz sinetsi arte!», Santosek. «Behin suntsitu eta aski izanen da bada?». Santosek irri egin dio Etien Bonnaten arrapostuari. Muntra sakelatik ateratzeko, harea zakua askatu du Santosek, eta Etien hatz odolduak idortzen hasi da galtzetan, gerla handia hasi aitzineko istant honetan. «Kosta behar zaizu nehoren sudurra birrintzen gurinezko eri horiekin», kitzikatu du Santosek: «Joateko tenorea». Hatzak estutu ditu Etienek, eskuak ukabildu, zainak tenkatu, eta lepoa askatu ezker-eskuin. «Jaso punching-ball hori. Ikuzteko baduzu ura bazter horretan»: Santosen hatz luzea gimnasioko bazterrerat luzatua, non baita errobineta bat, pegarra eta palankanarekin. «Hetsi borta ateratzean. Ez dut maite gauez katuak sartzea. Itzali argiak jalgi aitzin, eta ireki leihoak». «Zinemarat eramanen nauzu gaur beraz?». «Zortzietan, Arma plazan». Sarreraren ondoan dilindan utziak dituen jaka-kapeluak harturik badoa Helio Santos karrikari buruz. Borta ondorat heldu delarik, dei egin dio Etienek: «Santos!». Gibelerat behatu du entrenatzaileak. «Suntsitu eginen dut!». Irriz hetsi du borta Santosek. Etien Bonnaten eta Lasarteren arteko boxeo matxa 1914ko buruilaren 13an izanen da, igandearekin. Jokatuko da Baionako Moderne trinketean, goizeko hamaiketan. Ezarri du mahai gainean 15.000 franko boxeolari bederak. Helio Santosek hetsi zuen tratua Lasarteren managerrarekin. Baionan boxeo matx bat antolatua den lehen aldia baita, suprefetak sinarazi dio paper bat Santosi, neholako kasailarik suertatzen bada okupatuko dela Santos bera gastuez. Bertzalde, Avironekoek izena dute jokoan, matxari sostengua emanik eta boxeolari hasberriari entrenatzeko lekua utzirik. Gainera, berria hedatu delarik, sortu dira aldeko eta kontrako bazterretan: La Semaine-k igorria die mezua irakurle sinestunei, ez daitezen joan matxaren ikusterat; «deabruzko ikuskizun» izendatua du. Axola handirik ez Santosi, publizitate ona irizten baitio: alde eta kontra, mintzatuko dira guziak matx horri buruz. Eta Lasarte zanpatuz gero, udaberrian Bordelerat joateko gisan izanen dira, matx bortitzago baten entseatzeko, arerio azkarrago baten kontra probatzeko eta, ontsa eginez gero, maila bat goiti igateko. Etien Bonnaten izena barreiatuko da Atlantiko ertzean, eginen du bide boxeoak lur hauetan ere, eta anitz diru irabazteko xantza izanen du Santosek. Irabazi beharra dute buruilaren 13ko matxa beraz. Irabaztea, ez da bertze aukerarik. Boxeo ingelesa ez da ezaguna Baiona inguruetan. Badira, aldiz, savate praktikatzen dutenak. Boxeo frantsesa. 1900eko Pariseko joko olinpikoetan gimnasia ariketa gisa onartua zuten savatea, baina arriskutsuegi jo eta baztertu dute gerora. Kolpeak, eskuekin ez ezik, zangoekin ere tiratzen ahal dituzte savatelariek, eta bastoiarekin ere jokatzen ahal dute. Santosek Bilbon izan zuen savatearen berri lehen aldiz. Auskalo zer zorretarik ihesi Bilbotik Miarritzerat heldu aitzin, Donostian egin zituen egunetan ezagutu zuen savatea, Club Deportivo Esperanzan. Baina Santos boxeo ingelesean trebatua zen, Gimnástica Zamacoisen, han Bilbon, Aranarekin eta Amilibiarekin. Londreseko joko olinpikoez geroztik bide egiten hasi zen boxeo ingelesa, borroka frantsesa baztertuz. Eta, bertzalde, Santosek ez zituen maite ostikadak. «Mandoek tiratzen dituzte ostikoak. Gizonak behar du eskuekin borrokatu, gizonen arteko borroka izanen bada». Jab-ak, cross-ak, hook-ak, uppercut-ak, crochet-ak... Horiek bai kolpeak. Miarritzerat heldu eta, Etien Bonnat ezagutu zuelarik, fite antzeman zion ez zuela fitsik ere balio boxeo frantsesarentzat; besoetan zuen indarra, ez zangoetan. Konbentzitu zuen, eta orai saltsa ederrean sartuak dira biak: matxa jokatu behar buruilaren 13an, eta gogor entrenatu behar bi hilabete eskas hauetan. Horregatik, Santosek zinemarat eraman nahi du Etien, lehenago nehoiz holako aretorik zanpatu gabea baita. Oren eta erdiko film bat emanen dute. Jack Johnsonen eta Jim Jeffriesen arteko matx bat, 1910ekoa. Renon, hamabortz roundetan, Johnsonek knock out utzi zuen Jeffries. Urteak geroago, azkenean, Europarat heldu da filma, Amerikan debekatua izan ondotik. Pisu astunen munduko txapeldun izan zen artean, Johnson beltzarekin borrokatzeari uko egin zion Jeffries zuriak. Beltza munduko txapeldun egina zen zuriak erretreta hartu eta segidan. Gizon zuriek boxeolari zuriak igorri zituzten Johnson beltzari buru egitera: beltza beti garaile. Erretreta hartu eta sei urtera, Jeffries zuriari gogoa eta moltsa berotu zizkioten gizon zuriek, Johnson beltzari munduko titulua ken ziezaion. Baina Johnson beltzak knock out utzi Jeffries zuria, hamabortz roundetan, Renon. Beltzak karriketarat jalgi ziren, poza ospatuz, eta poliziek hogei bat lagun hil zituzten, beltzak guziak. Erbesterat ihes egin zuen Galvestongo erraldoiak; Espainian ibilia zela entzuna zuen Santosek, baina esperantzarik ez baitzuen Johnson berriz borrokatzen ikusteko, filma ikustearekin akort egin behar. Bertzalde, Etienek norekin ikasiko du Galvestongo erraldoiarekin baino hobeki? Jab-ak, cross-ak, zango-gerrien mugimenduak... Poliki moldatzen da Etien, baina bi hilabete eskas dituzte matxaren prestatzeko. Ikasiko du zerbait film horrekin. Santosek uste du Georges Carpentier adina izatera hel litekeela baiones gaztea. Etienen gorpuzkerak eta higitzeko manerek badute zer bat Carpentier oroitarazten dutenak izan ere, nahiz eta gogor beharko duen entrenatu haren mailarat heltzeko. Hori, naski, ez dio nehoiz erranen Etien berari. Errazago erranen dio «Zer eginen diok hik mando horri, gurinezko eri horiekin?». Halakoa du estiloa Santosek. Amorraraziz berotzen ditu apopiloak. Egiaz matx handia izanen zen buruilaren 13ko hura, nehoiz jokatu izan balitz.

 

 

Luzien Lavielle botikaria eta haren hiru adiskide Baionatik Miarritzerat joanak dira oinez, eta bidean goseturik erabaki dute bazkaltzea han bereko ostatu batean, terrazan jarririk. Lau adiskideak baitira etxe hoberenetarik, harramantza handirik gabe mintzo dira bihartik aitzina hastekoa den gerla horri buruz. Guzien etxeetan solas ezaguna da azken egunetan. Heldu behar ez zuen eguna bazen ororentzat, heldu delarik ez du nehor ezustean atzeman, eta ez du nehor ttipituko mobilizatzeko deiak. Lavielle, zinez harremanetan baita politikari baiones bizkorrenetarik zenbaitekin, kadiratik jalgi da, gizon pulo bat, oro jauntzi zuriz, karrikan goiti igaten ikustearekin bat, sehia terrazan zerbitzatzen ari zaien kafeaz ahantzirik. «Ez duzue ezagutu?», galdegin die adiskideei. Ez, nehork ez du ezagutzen jauntzi zuritan karrikan goiti oinez doan gizon pulo hori, kohorte bat gaitza duela gibeletik. «Porfirio Diaz!». «Mexikoko presidente ohia dugu beraz?». Emazteño pinpirin eta gizontto galai zenbaitez inguratua doa Herriko Etxearen alderat, Mazagran karrikari buruz, urrezko ukabila eta burdinazko kirtena dituen makila airoski higituz. Martin Etxegaraik, zirtoentzat prest beti, garrasi batean, eskua aho ondoan ezarririk oihartzun egiteko: «Alfonso XIII.arekin izanen du hitzordu, billar partidarentzat». Eskerrak gorreriak joa den Mexikoko presidente ohia. «Gure aitak errana, Alemaniako Gillen kaiserraren adiskide dela gizon hori», Luzienek eman datua. «Tekila eta koñak gau batez Napoleoni bibaka entzuna dute», Jean Salaberrik, kafeari hurrupaka. «Magazin handietako merkealdietarat eramanen ditu ilobasoak; hamasei ba omen ditu», Silvain Tucouletek, lepoa Porfirio Diazenganat bihurturik. «Hori dugu beraz gizona». «Kafeak hoztuko zaizkigu». Kafeak ez, baina solasa berotu da handik aitzinerat. «Gerlarekin fite alde eginen du». «Mexikorat ez dela itzuliko errana du bada». «Bistan dena, errebelde horiek ez dute atsedenik izanen Mexikoko Gobernamendua eskuratu arte». «Gerlak bazter guzietan, adiskideak; gerlak, odolaren berritzeko». «Bulta batez gerlak utzi, eta eginen dugu mus partida bat, adiskideok?», epeldu du solasa Martin Etxegaraik.

 

 

Itsasuko eliza XVII. mendean jaso zuten, Pedro Arostegi indianoaren diruarekin. Urrez eta harribitxiz egin kaliza bat omen da eliza barnean gordea nonbait. Urte anitzez hedatu hitza da. Pettan sartu delarik bazkalostean ezkilak jotzera, han atzeman du gizonezko bat xokoen miatzen, kaliza horren xerka hain segur. «E!» garrasi egin diolarik, aztoratu da gizona, ihesbide bat probatzen ahalegindu da, hain zorte txarreko, ezen egin baitu laprast, eta hartu baitu kokoteko handi bat aulki baten kontra. Joatera utzi du Pettanek, aski zigor izan duelakoan hondar kokoteko hori. Usatua da Pettan; zenbat jende ez ote den entseatu kaliza horren aurkitzera. Gerla hasiko delarik hedatuko dira beharrak, eta izanen dira oraino ebasle gehiago. Bo. Ezkilen jotzeko tenorea du, berantetsi gabe.

 

 

«Goazen etxerat, goazen etxerat, erretira ordu da! Botoila ere hutsa da eta zato etxekanderia. Ez dakizia kantaria maiz dela egarria? Zoazte etxerat, zoazte etxerat, erretira ordu da! Botoilak oro husturik eta hustu behar da lekia. Ez dakizia edalia maiz dela mozkortia?». «Puta! Koño!». «Manex, ontsa haiz?». «Koño! Mierda!». «Zer duk, Manex, ontsa haiz bertzenaz?». «Ostia!». Goiza argitzen hasi gabea oraino Irisarrin, hontzak uluka. Bi adiskide, Manex Donetx eta Gaston Delvalle diren bezalakoak, etxerat sartu nahian, kantuz heldu dira ostatutik. «Deabruaren putza!», sasiei ostikoa tiratzen ahalegindu, oreka galdu, eta txiza egin berri duen lekurat jausi da berriz Manex. Hortzen artetik erran du azkenekoz «Mierda!». Besotik heldu eta zutitzen lagundu dio Gastonek. «Zer habil ordea?». Txiza egiten hasita espartinak busti ditu Manexek. Karta jokoa luzatu, eta orai etxerateko bidea atzeman ezinik doaz bi adiskideak, sorbaldetarik heldurik elkarri. Andarka. Eta kantuan, bele batzuena baino boz latzagoz: «Goazen etxerat, goazen etxerat, erretira ordu da! Orai iluna bildurik eta nekeago da bidia. Ez dakizia ilargia maiz dela gordetia? Goazen etxerat, goazen etxerat, erretira ordu da! Mendian dira laminak eta sorginen akelarria. Ez dakizia gauerdia maiz dela galgarria?».

 

 

Erretoreak behar du meza eman, kofesioak hartu hamaika orenak arte, gelariak prestatu txokolate beroarekin egin hamaiketakoa, katixima irakatsi haurrei, ofizioak erran lauretan, ofizioak erran berriz gauean, herritarrei entzun eta kontseilu eman, eta bertze lan anitz. Erretoreak errespetua irakatsi behar du, ezin du balizarik erabili karrikan, katiximako haurra igorriko du dilijentzian leku har diezaion, ez die emazteei musurik emanen, ez eskurik hunkiko ere eskularrurik ez badute. Jendeek erranen diote «Zerbitzari, jaun apeza» karrikan ikusiz gero, eta eskuan muin emanen diote. Heletan, ordea, jaun merak bide egitera deitu du Leon Etxeberri erretorea. Sakreka heldu da erretorea, lepo aitzinekoa altxaturik eta sotana laburra jauntzirik. Jaun merak malobran nahi du jarri Leon Etxeberri jaun apeza, pala bat emanik. Atzoko predikuan erretoreak manatu zien eliztarrei gaurko egunez ez zitezen ezkondu, ez eritu, ez haurrez erditu, ez hil ere, jaun merak nahi duelako erretorea eguneroko lanetarik jalgi. «Bihar ez da emazterik erdituko, ez da nehor ezkonduko, eta hobe du nehork ez eritu eta ez hil! Hautatu duzuen jaun merak nahi gaitu elizgizonak peoi ezarri, zeren ez baitu Eliza amak egun oroz egiten dituen obra handiez ohartu nahi». Gaur goizean, bide egitera joan da Leon Etxeberri, errana lege, zer gerta ere, lepo aitzinekoa altxaturik eta sotana laburra jauntzirik. Baina, nehork ez dakiena malobra egin behar den lekurat heldu arteraino, Gazteria Katolikoko hamar mutil mobilizatuak ditu erretoreak. Arraberritze lanak egin beharrak diren biderat heldu direlarik, palak, aitzurrak eta pikatxoiak besagainetan, Gazteria Katolikoko hamar gazteak han ari dira bide bazterren garbitzen. «Hau bai armada ederra, jaunaren armada» erran, pala jaun merari itzuli, eta herrirat itzultzeko bidea hartu du Leon Etxeberrik, hortzak lurreraino luzatuak dituztela utzirik jaun mera eta gainerateko herriko gizonak.

 

 

Goizean ematen ohi dira argi ezkilak. Eguerdian, eguerdi ezkilak. Eta iluntzean, ilun ezkilak, ilun zeinu ere erraten zaienak zenbait tokitan. Horietan guzietan behar da otoiztu; gizonek, boneta edo txapela erantzirik. Elizetan eta etxe ofizialetako dorre edo buruetan ezarriak dira ezkilak komunzki. Elizkizunetako deiak egiten dituzte ezkilek, orenak ere ematen dituzte artetan, eta meza edo bezpera deiak ere egiten dituzte. Su ezkilak ere izaten dira, laguntza eske jotzen direnak, auzoak ur baldez hornituak jin daitezen. Oraino badira dei bereziak, errepikak eta ezkil-inguratzeak, bataioentzat, ezteientzat, agonian direnentzat, festa hasteentzat eta prozesioentzat. Eta badira, finitzeko, hil-zeinuak. Bat eta bedera beren errepika bereziekin, lengoaia bat balira bezala antolatuak. Usu, herriko gizon bat izaten ohi da ezkilak jotzeaz arduratua. Etxe bakoitzak ematen dio zeregin horrengatik gaitzeru bat ogitan truk. Hala da, bada, Bidaxunen ere. Battitta Etxepare elizarat abiatu da, gerlarat deitzeko ezkila zeinuen emateko. Baina zein da gerlako ezkila zeinua? Bidaxuneko ezkilez arduratu den hamabi urteetan ez du nehoiz gerla ezkilarik jo behar izan. Elizari buruz, trublaturik doa Battitta Etxepare, galderari arrapostu eman ezinik. Zer zeinu behar ditu jo beraz? Suarenak menturaz, laguntza eske? Bataioarenak, sortu berri den gerlarengatik? Bestentzakoak? Hil-zeinuak? Ez dira, bada, aieru txarrekoak izanen Heriori dei eginen dioten ezkila zeinuak? Baina su zeinuek larritu eginen dute jendea, eta aztoratu... Hil-zeinuak jotzea izanen du egokiena, larritasunaren adierazteko. Bertzelako zeinuren bat behar ote luke asmatu? Bo! Ez luke nehork jakinen zer liratekeen zeinu berri horiek, eta pentsatuko lukete Battitta tronpatua dela, edo zoratua. Elizako borta iragatearekin erabaki du ez dela orenik pentsamenduetan agortzeko: hil-zeinuak emanen ditu beraz. «Azken buruan, zer da bada gerla, etsaiak hiltzeaz bertze?». Iluntzean, itzalak hedatzearekin, su gorri batek hartuko du zerua, «Arrats gorri, goiz argi» pentsatuko du Battittak etxe atarian pipari su emanez, bele batek, hesola baten gainetik jautsirik, hildako sagu bat irentsiko du.