Raymond Carver XX. mendeko ipuingile handienetakoa izateagatik da batez ere ezaguna. Beste idazle batzuen kasuan ez bezala, Carverrenean ipuingintza eta poesiagintza elkarloturik agertzen zaizkigu, halako moldez non poesiarekiko uzkur diren narrazio zaleentzat sarbide bikaina izan daitekeen. Carverrek bere (balizko) ni errealetik hur idazten zituen poemak, eta erdiko klaseko mundu estatubatuarraren testigantza ematen digute. Egunerokotasunean iltzatutako poemak dira, non objektu (telefonoak, eskutitzak, eta beste) eta auzi etxetiarrak agertzen zaizkigun lehen planoan. Poemotan nagusi dira alferkeria, noraeza, gogogabetasuna, baina era berean, maiz azaltzen zaigu lipar iheskor baten zorion-garra: leihotik ikusten den txori bat, itsasertz bat, adiskideen konpainia amultsua. Poema narratiboak dira Carverren gehienak; istoriotxo laburrak kontatzen dizkigute eta inoiz alegia kutsua ere hartzen.