Poesia kaiera
Anne Sexton
itzulpena: Harkaitz Cano
Poesia kaiera
Anne Sexton
itzulpena: Harkaitz Cano
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-66-9
Anne Sexton
1928-1974
 
 
Hitzaurrea
Beņat Sarasola

 

      Ez da bidaia samurra Anne Sextonen poemetan barna egiten dena. Lerro gutxi batzuk irakurrita aski izango du irakurleak bere egiteko letra artean topatzen den oinazea. Sextonen poemek borroka egiten baitute etengabe bizitzaren mindurarekin, eta maite jolasean ari heriotzarekin. “Eta ikasi behar izan nuen / zergatik nuen nahiago / hil, maitatu baino” idatzi zuen argitasun eta gordintasun harrigarriz bere poema laudatuenetako batean, Irudi bikoiztuan. Izan ere, ia ekidinezina suertatzen da Sextonen poesiaz jardun eta haren bizitzako makur eta okerbideak ez aipatzea. Bere buruaz beste egin zuten emakumezko poeten taldekoa dugu, 1974ko urriaren 4an, odola vodkaz blai, garajean zuen Cougar gorrian sartu eta motorra martxan ipini zuenetik. Berrogeita sei urte betetzear zen.

      Ordura arte, depresio aldi eta bulkada maniakoen artean egin zuen nola edo hala bizitzan aurrera. 1955etik aitzinera, tratamendu psikiatrikoa jasotzen hasi zen, sekula etengo ez zuena. Haren mediku Marin Orne-k bultzatu zuen poesia idaztera —eta, azkenez, poesia gai bihurtuko zituen halaber bizitzan zehar topatutako sendagileak—. John Holmes-en poesia tailerrera joaten hasi eta denbora gutxian erakutsi zuen dohain berezia zuela poesiagintzarako. Aurrerago Robert Lowell-ekin ere ikasiko zuen —Silvia Plath ikaskide zuela— Bostongo Unibertsitatean, AEBetako poesia konfesionalaren aita ponteetako bat, eta gerora Sextonen poesiagintza ere konfesionaltzat jo izan da.

      1960an plazaratu zuen lehen poema liburua, To Bedlam and Part Way Back (Zoroetxera eta buelta (ia osorik)), eta 1966an,  Live or Die-rekin (Bizi ala hil), Pullitzer saria erdietsi zuen. Hortik aurrera poeta entzutetsu eta estimatua izango da AEBetan zein kanpoan. 1967an ezagutuko ditu, adibidez, Londresko poesia jaialdian beste bi poeta erraldoi: W.H. Auden eta Pablo Neruda.

      Sextonen poesia konfesionaltzat jo izan dela esan dugu, eta egiazki, bere lengoaia eta idazkera aski gertukoa egiten da, harekin dialogoan dagoela sentituko du maiz irakurleak. Gisa horretako poesian bezalaxe, eta dagoeneko aski argi geratuko zen bezala, ni indartsu batek gobernatzen ditu ahapaldiak. Aitzitik, horrek ez du esan nahi, batetik, poemok berehalakoan, aise, idatzi zituenik. Ez alferrik, isiltasunaren (heriotzaren) amenazuarekin gudan, idaztea abortuarekin konparatzen du Isiltasuna poeman. Bestetik, zoritxarrez, Sextonen poesiaren izaera konfesionalak haren biografian sobera lardaskatzera eraman ditu zenbait ikertzaile eta biografo, Sextonen medikua eta alaba zaharrena Linda Gray Sexton —idazlea ere badena— tartean katramilatuz.

      Linda ume zelarik idatzi zuen hain justu, Transformations (Eraldaketak), hari irakurtzen zizkion haurrentzako ipuinetan oinarrituta. Sorta horretakoa da Errauskine, zeinak Sextonen poesia moldearen beste bi ildoren arrastoa ematen digun. Alde batetik, umore printzak, sarri askotan garratz puntua dutenak, eta bestetik, inguruarekiko begirada kritikoa, Seigarren salmoa-n ere, esaterako, presente dena.

      Ez da beharrezko idazlearen biografia labainean murgiltzea Sextonek zenbat sufritu zuen jabetzeko. Roland Barthes-ek, Jacques Lacan-en terminologiari jarraiki, atsegina (plaisir) eta gozamena (jouissance) bereizten zituen irakurketari zegokionean. Haren arabera, literatura gorenak gozamena ematen dio irakurleari, plazera bainoago. Goi mailako literaturak irakurlearen ziurtasunak eta identitate zurruna jartzen ditu kolokan eta hala, oinazetik du plazeretik bezain. Sextonen poemez mintzatzen garelarik, egokiago da hitz egitea, segurki, gozamenaz atseginaz baino. Hobe guardia altua prest edukitzea zer gerta ere.