Feminismoa eta politikaren eraldaketak
Feminismoa eta politikaren eraldaketak
2017, saiakera
120 orrialde
978-84-92468-98-0
editorea: Jule Goikoetxea
Mari Luz Esteban
1959, Pedrosa de Valdeporres (Burgos)
 
 

 

Zaintza edo feminismoa
sentimentalizatzeko arriskua

 

      Zaintzaren gaia feminismo garaikidearen zutabe nagusietako bat da, izargunea.

      Feminista guztiok, edozein dela gure eremua edo ideologia, bat gatoz emakumeoi esleitu ohi zaizkigun zaintza-lanen garrantzi sozialarekin. Baina, gogoetak, diskurtsoak eta jarraibideak askotarikoak dira, elkarren artean kontraesankorrak izateraino.

      Ikuspegi guztiak continuum batean jarriko bagenitu, alde batean, Carol Gilligan (1982) edo Sara Ruddick (1989) bezalako autoreak egongo lirateke, emakumeek ohi luketen zaintzaren etikaren unibertsalizazioa edo ama-pentsamenduaren onurak defendatuz[68].

      Beste aldean, berriz, lan-banaketa sexualak berarekin dakarren emakumeen bereizkeria sozial eta ekonomikoaren ideia oinarri hartzen duen ikuspegi materialista eta ez-diferentzialista defendatzen dutenak egongo lirateke[69]. Alde honetatik gertu lerratuko litzateke, Bizkaian, 2005-2008 urte bitartean aktibo egon zen Zaintza Plataforma[70], non hainbat talde feminista eta sindikatutako partaideak bildu ginen.

      Bigarren posizio horren oinarrian ez legoke emakumeek egiten dutenaren balizko balioa, emakumeak musu-truk zaintzera bultzatzen dituen ekoizpen-eredua eta lanaren antolaketa bera baizik. Egiten ari garen lana (zer, zenbat, nola...) egitura sozialak erabat baldintzatua baitago. Horren aurrean, Zaintza Plataformaren ustez, emakumeen eta gizonen (eta belaunaldien) arteko egitekoen banaketa eta zerbitzu publikoen sorrera, biak ala biak, ezinbestekoak lirateke[71].

      Baina, posizio horien artean konbinazio mota guztiak aurki daitezke. Estatu espainiarrean, gai honetan aitzindariak izan direnen artean, bi izen propio aipatu beharko genituzke: 80etan etxeko lanen balio ekonomikoa ikertzen hasi ziren Cristina Carrasco ekonomialaria[72], eta María Angeles Durán soziologoa, 1999an argitaratu zen Los costes invisibles de la enfermedad liburuaren egilea.

      Egunotan ekonomia feministak dauka honetan protagonismo eta oihartzun osoa. Lan teoriko eta enpiriko eskerga egiten ari dira ekonomialariak, emakumeek gizarteari eta ekonomiari egiten dioten ekarpena azalarazteko, eta ekonomiatzat hartzen denaren edukiak eta mugak zabaltzeko.

      Amaia Pérez Orozco (2013), Estatu espainiarrean dagoen autorerik ospetsuen eta oparoenetakoak[73] idatzi du ekonomia feministan kontsentsu zabala dagoela bizitzaren jasangarritasunak azterketaren erdian egon behar duela, merkatuak lekualdatuz. Eta galdetzen dio bere buruari: “Ez al gara bizitza ulertzen ari egitura sozio-ekonomikoen artikulaziotik aparteko zerbait bailitzan?” (2013:6)[74].

      Euskal Herrian izan diren jarduera feminista kolektiboei begiratuta, Bizkaiko Emakumeen Asanbladarenak dira, nik dakidala, zaintzaren unibertsalizazioaren eta ugalketa lanen banaketaren inguruko lehen ekintzak, 1991n.

      Ordudanik anitz izan dira aktibitateak eta ekitaldiak 2005ean Zaintza Plataforma sortu arte[75]. Bi ekimen hautatze aldera, 1993an, Euskadiko Emakumeen Asanbladen Martxoaren 8ko kanpaina azpimarratuko nuke, “Etxeko derrigorrezko zerbitzuari ez! Intsumisioa” lelo nagusiarekin. Azpimarragarria ere, 2003an, Eusko Legebiltzarrak 2005eko otsailean onartzera zihoan Gizon eta Emakumeen Berdintasun Legearen karietara sortu zen plataforma, non Araba, Bizkaia eta Ermuko Emakumeen Asanbladak, Plazandreok, Zero Taller Soziologikoa, eta STEE-EILAS, ESK eta CCOO sindikatuetako partaide eta emakume independenteak bildu ziren.

      Beste aldetik, Emakundek “Zaintzeak kostua du. Zaintzearen kostuak eta onurak” izenburuko Kongresua antolatu zuen, 2003ko urrian, Donostiako Kursaalen. Biltzar horretako ponentzia batzuen haritik, 2004ko maiatzean, “Zaintzen gaineko gogoetarako mintegi” bat eratu genuen Ermuan. Hortik jaio zen Zaintza Plataforma sortzearen ideia, hain zuzen ere.

      Bukatzeko esan behar dut atal honen helburua ez dela gai honek duen muntan gehiago sakontzea, horretarako soberako bibliografia dago-eta; baizik eta, zaintzaren inguruan feminismoan dagoen “hipertrofia”ri buruz hausnartzea, horren ekarritik abiatuta baina arrisku eta ahulguneetan arreta guztia jarriz.

      Hipertrofia horren arriskua feminismoaren sentimentalizazioa litzateke, erromantizismoak jota dagoen gizarte/kultura baten gaitza. Zaintza ulertzeko ohikoa bihurtu den gain-dimentsionatze emozionalak ere sentimentalizazio horren alde egingo luke.

 

 

ZAINTZAREN MUGAKETA KULTURALAK
ETA KONTZEPTUALAK

 

      Zaintza kontzeptuaren demaseko erabilera feministari dagokionez aipatu nahi dudan lehen aspektua mugaketa historiko eta kultural eza da[76].

      Feminismoan ohikoa da pentsatzea edozein testuingurutan hauteman daitezkeela zaintza-lantzat hartzen ditugun zereginak, gure gizartean duten tankera eta antolaketa-modu berarekin. Ez gara ohartzen lan horiek zentzu osoa hartzen dutela antolaketa sozial eta ekonomiko zehatz batean, non ekoizpen eta gizarteratze bide konkretuak bultzatzen diren, non gizonezkoak merkaturako ondasunen ekoizpenera eta emakumezkoak zaintzara orientatzen dituen lan-banaketa sexuala ardatz nagusietako bat den.

      Izan ere, zaintza kontzeptuaren balioan edo erabilgarritasunean sakontzeak, domestiko/publiko eta ekoizpen/ugaltze eta antzerako binomioen inguruan eginikoaren tamaina bereko berrikuspena eskatzen du. Eta kritika horretan guztiz lagungarria (izan) da bai kulturarteko erkaketan oinarritzen den lan antropologikoa bai ikerketa historikoa.

      Mendebaldeko une historiko batean sortzen diren binomioen analisi feministek kontzeptu horien potentzialtasuna utzi dute agerian baina baita haien mugak ere, batez ere, emakume izatea edo gizon izatea edonon gauza bera dela uste den tradizioan erroturiko nozioak direlako. Tradizio etnozentriko horretatik bultzatu ohi den ideietako bat da emakume izatea, amatasuna, zaintza-lanak edo etxeen antolaketa berdinak direla munduartean, eta edonon dagoela, eremu politiko-juridikoari kontrajar dakiokeen eremu pribatu bat. Baina antropologiak argi utzi du kategoria horiek, edo ezin direla edozein gizartetan erabili, edo adiera ezberdinak hartzen dituztela.

      Ekinbide kritiko bera jarraitu beharko genuke zaintza-lanei dagokienez.

      Zaintza terminoak genero-marka du bere baitan. Hausnar dezagun une batez zaindu eta artatu terminoen arteko aldeaz. Zaintzea emakumeek egiten dutena izan ohi da (baita eremu profesionalean ere) eta, aldiz, artatzea lanbide zehatzekin dago lotua (medikuntza, esate baterako), gizonezkoetatik hurbilago.

      Beste era batera esanda, bikoizketa hori ez da lehenago aipaturiko binomio horien bertsio modernoa baino, ondorio ezkor antzekoekin, zeren emakumeen kontra joango bailirateke, emakumeen eta gizonen eskema bereiztaileen indartzea ahalbidetuz.

      Osasungintzari dagokionez, zaintza-lanen inguruko teorizazioa oso presente dago erizain askok beren lanbidea medikuntzaren maila berean aintzatetsia izateko erabili ohi duten estrategian (caring teoria, ingelesez), argudio-ildo nagusi batekin: jarduera horren balizko dimentsio humanista, erlazionala, emozionala eta afektiboa. Baina, kasu honetan, ez al dira planteamendua aldrebes egiten ari? Behin eta berriro errepikatzen den emakumeen ekarpenaren berariazkotasun hori, une historiko batean genero ezberdintasunak sustatzeko asmoz bultzatu zen medikuntza eta erizaintzaren arteko banaketa artifizialaren, eta emakumezkoei zegozkien lanbideen hierarkizazioaren ondorioa baino ez litzateke. Ez alderantziz.

      Alternatiba hobeak ez edukitzeak ez du berarekin ekartzen ez garenik jabetu behar erabiltzen ditugun kategorien mugez. Gisa honetan, Zaintza Plataformatik zaintza terminoaren erabilera ahalik eta zehatzenaren aldekoak izan ginen, adina edo gaixotasunagatik mendekotasunen bat duten pertsonekiko egiten diren jarduerekin lotuz.

 

 

ZAINTZAREN GAIN-DIMENTSIO
EMOZIONALA ETA AFEKTIBOA

 

      Zaintza-lanen dimentsio emozional eta afektiboa hipertrofiatzeko dugun ohitura zailtasun beraren ifrentzua izango litzateke. Hizkuntza afektiboaren bidez, lan horren ezaugarri nagusia emozioak direla ideia eraikitzen da, emakumezkoen eginbeharrekin lotuz.

      Ez naiz ni izango besteen arretan emozioek duten garrantzia ukatzen duena. Baina lotura hori eta emakumeak izaki emozionaltzat (eta ondorioz, zaintzeko egokienak) hartuak izatearen egitatea gizarte-eraikuntza bat da, emakumeen eta gizonen ekarriak eta eremuak bereiziz. Gainera, planteamendu horrek edozein lanek duen konnotazio emozionala ezkutatzen du eta zainketarik onena sentimenduak presente dituena dela pentsatzera eramaten gaitu, zerbitzu publiko nahikoen eta kalitatezkoen defentsarekin kontrajarriz.

      Emozioak eta sentimenduak ulertzeko eta bizitzeko erak ez daude kulturetatik eta botere harremanetatik at. Emozioak ez dira fakto bat, mundua eta harreman sozialak baloratzeko moduak baizik. Koordenatu sozial, politiko eta ekonomiko zehatzetan sentitzen dugu, eta emozioak testuinguru horietan dauden dilema, tentsio eta gatazkak bideratzeko tresnak dira. Hortaz, testuinguru moral eta politiko batek bultzatzen ditu emakumeak zainketa bizitzeko eta praktikatzeko modu batera.

      Emozioen garrantzia birdimentsionatu eta afektuen, emozioen eta zainketen artean bereizi beharko genuke. Zer da zaintzea, azken batean? Pertsonen elikadura, garbitasuna, mugikortasuna eta intimitatea bermatzea; enpatia, eta egoera eta beharrizan ezberdinak diagnostikatzeko ahalmena/praktika; segurtasun fisiko eta psikologikoa eta errespetua eskaintzea; pertsona zainduen autonomia eta askatasuna bultzatzea...

      Horrekin batera, zaintzen duten pertsonen lan-baldintza bidezkoak (lana/atsedena, ordainsariak...) ziurtatu behar dira, eta laguntza eta formazioa eskaini (edukiak, gaitasun instrumentalak eta emozionalak...)[77].

      Laburbilduz, emakumeen balioak eta gaitasunak aitortu edo orokortu behar dira betiere ikuspegi kritiko eta autokritikotik.

 

 

ELKAR BABESTEKO SAREEK
IRAKASTEN DIGUTENA:
KONTZEPTU BERRIEN BILA

 

      Crítica del pensamiento amoroso liburuan (2011) murgildurik nengoela behin eta berriro azaleratzen zitzaidan gai batean sakontzeko irrikaz gelditu nintzen.

      Elkarrizketaturiko emakume feminista guztiek, batek izan ezik, edozein zela haien egoera afektiboa, adiskidetasuna zeukaten bizitzaren sostengu eta babes nagusi. Binakakoak edo taldekoak izan zitezkeen harreman horiek baina beraiekin izandako solasaldietan marrazten zen atzealde bat non adiskideak haien bizitzetako zutabe irmoa ziren, gehienbat emakume horiek gizartearen kontrako erabakiak aurrera eraman nahi zituztenean.

      Hortik sortu zitzaidan “elkar babesteko sare edo komunitate” deitu dudan fenomenoa astiroago aztertzeko gogoa[78].

      Izaera egonkorra duten pertsona-elkartze iraunkor hauek, nire ikerketaren kasuan, ideologia feminista eta elkarbizitza- eta maitasun-egoera askotarikoa duten emakumeez[79] osatuta daude, partaideen kopurua ezberdina izanik (banakako batzuk izatetik dozenaka lagun izateraino). Horrela definitu ditut:

      Talde horien ezaugarri nagusia elkarrekin ekitea eta elementu oso ezberdinak partekatzea litzateke: elkarren babesa, babes ekonomiko, material, psikologiko eta morala, egunerokotasuna sustatzeko jarduerak, osasunari eta hazkuntzari dagozkien zaintza-lanak, edo aisialdirako jarduerak eta jarduera sozialak eta politikoak... Hau da, modu iraunkor batean funtzionatzen duten elkarren zaintzan eta elkartasunean oinarrituriko pertsonen elkartzeak lirateke. Dena den, talde horiek beraien arteko loturak areagotuko lituzkete une zehatzetan (gaixotasuna, lanaren egoera, ume baten jaiotza...) [...]

      Beraz, era askotariko jardueren bidez (aisialdia, kultura, politika...) sendotuz doazen lotura material, politiko eta sinbolikoez ari gara; baina baita ospatzen edo erritualizatzen diren gertakari ezberdinen harira, hala nola, urtebetetze jaiak (hamarkadaren aldaketakoak, batez ere: berrogeiak, berrogeita hamarrak, hirurogeiak...), lan arrakastaren edo arrakasta pertsonalen aitzakian. Emakume bat talde batean baino gehiagotan egon daiteke, sare horietatik kanpoko harremanak edukitzeaz aparte (senideak, bikotea, adiskideak...). Hau da, taldeen arteko gurutzaketak gerta daitezke eta gertatzen dira. (Esteban, 2016:269).

      Nire asmoa ez da talde hauek bestelako adiskide-taldeetatik erabat bereiztea, baizik eta dituzten berezitasunak nabarmentzea.

      Vincenzo Padiglione-k (1978) ondorengo ezaugarriak zehaztu ditu adiskidetasunaz hitz egiteko:

      Borondatezkotasuna, afektibotasuna, berdinak baina diferenteak izatearen ustea, komunikazioa, konfiantza, emozioak eta pentsamenduak trukatzea, elkarrekiko konpromiso-maila bera. (in Esteban, 2016: 269-270).

      Nik azterturiko taldeek, aldiz, badituzte edozein adiski­de-harremanetan derrigorrez agertzen ez diren hiru ezaugarri:

      (1) Emakume horien artean dagoen konpromisoa besteen behar emozional eta materialekiko; (2) bai teorian baita praktikan ere, familiaren (modu estu eta mugatzailean ulertuta) alternatiba diren harreman-estrategia osagarriak garatzen ari direla jabetzea; (3), eta aurreko biekin loturik, gehituko nuke elkar babeste sinboliko eta praktiko mota hori harago doala, zeren elkarbizitzari, sexualitateari, politikari... dagozkion eredu sozial hegemonikoetatik at, banakako proiektuak eta bizimoduak garatzeko beharrezkoa den babesa eta sostengua bermatzen baititu. Proiektu horiek gizartearen gaitzespena eragin dezakete eta babes hori funtsezkoa da. Hau da, defentsiboak baina, aldi berean, apurtzaileak diren estrategia emozional eta materialez ari gara. (Esteban, 2016:270)[80].

      Zergatik ekartzen dut gai hau zaintzari buruzko atal batera? Arrazoi bat baino gehiagogatik.

      Lehena, zaintzaren gaiari ordezko begiratua emateko parada ematen digulako. Aurretik idatzi bezala, emakume hauek partekatzen eta elkarrekin egiten dutenari erreparatuz gero (elkarren babesa, babes ekonomiko, material, psikologiko eta morala, egunerokotasuna sustatzeko jarduerak, osasunari eta hazkuntzari dagozkien zaintza-lanak, edo aisialdirako jarduerak eta jarduera sozialak eta politikoak), zaintzaren inguruko gogoetak beste norabide bat hartzen du, zaintzeaz gainera, babes mota asko eta aisialdirako eta politika arloko jarduerak ere aintzakotzat hartuz.

      Bigarrena, kontzeptuala. “Elkar babeste” kontzeptua nahita ari naiz erabiltzen, zaintzaren terminoarekin bateratzeko edota horrez gain kontzeptu egokiagoren bat bilatzearen eta erabiltzearen alde egin nahi baitut.

      Elkar babeste kontzeptu hau Piotr Kropotkin-ek erabili zuen lehenengoz, 1902an argitaratu zuen Elkar-babestea: eboluzioaren faktorea liburuan, Ingalaterran erbesteratua zegoela. Hainbat testuingurutan eta gizaki eta animaliekin eginiko behaketetan oinarriturik, darwinismo sozialari erantzun nahi izan zion, eboluzio-prozesuan lankidetzak eta elkar-babesteak zuten papera argudiatuta, eta lehia eta elkarren arteko borrokaren garrantzia baztertuz. Orduz geroztik, oro har, ingurune anarkistetan izan da erabilia kontzeptu hau[81].

      Bada, kontzeptu hau adiskidetasunaren ikerketa osatzeaz gainera, zaintza terminoa baino zabalagoa eta egokiagoa da, nire ustez, gizakien artean gerta daitezkeen elkar-egite eta partekatze ekintza guztiak sartzeko (babes morala, ekonomikoa eta politiko-ideologikoa, aisialdia eta jarduera politikoak partekatzea, egunerokotasuneko osasun edo bestelako zaintza-lanak...).

      Elkar babeste termino honek baditu zenbait bertute,

      zaintza-lanetatik harago baitoa, komunean egiten diren bestelako jarduerei (sozialak, politikoak, aisialdikoak...) ere berebiziko garrantzia emanez. Hitz batez, familia-, ahaidetasun- eta adiskidetasun-loturen analisi integral, horizontal, erlazional eta ez-erromantikoaren alde egiten ari naiz. Eredu honek gutxieneko iraunkortasuna duen eta bizitzaren sostengurako oinarrizkoa den edozein harreman —odolkidea, afektibo-sexuala zein laguntasunezkoa— maila berean jartzen du. (Esteban, 2016:271).

      Eta horretarako, Marshall Sahlins antropologoak (2010) proposaturiko ahaidetasunaren definizioa nabil aintzat hartzen: “Munduan elkarren solidario pentsatzen diren pertsona eta pertsona-taldeen arteko harreman sareak” (in Porqueres, 2012: 11).

      Dena den, kontzeptualizazioari dagokionez, eta betiere ere termino bat baino gehiago erabiltzearen komenigarritasuna azpimarratuz, aukera gehiago egongo lirateke. Horien artean “elkarrekikotasuna” lehenetsiko nuke.

      Antropologiak erakutsi du gizaki guztiak, ezein kultura edo testuinguru historikotan, eman/hartu/itzuli harremanetan murgildurik daudela, maila sinbolikoan zein materialean[82].

      Hala, elkarrekikotasun kontzeptuak zaintzarenak baino balio handiagoa izan dezake kultura artean aplikatua izateko, haren balio unibertsalagatik. Halaber, alderdi sinbolikoa eta materiala batera aintzat hartzen dituela.

      Mendebaldean, alabaina, badugu berariazko arazo bat elkarrekikotasunarekiko, merkatuan oinarrituriko sistema ekonomiko batean bizi garenez, eremu “pribatuetara” (familia edo adiskide harremanak...) edo elkartruke txikietara bakarrik mugaturik gelditzen baitzaigu.

      Elkarrekikotasunaren erabilpen “perbertsoaren” beste maila bat, emakumeekin gertatzen dena litzateke: besteentzat egiten dutenagatik (besteez arduratzea) ez baitute ezer jasotzen, edo ez ematen duten neurri berean. Emakumeek, beraz, beren burua dohaintzan eskaintzen dute, alienazio prozesu batean sartuz.

      Emakumeen alienazioa berarekin ez dakarren giza elkarrekikotasunaren edo elkar babestearen teoria baten alde egingo nuke nik, beraz, esentzialismoak eta naturalizazioak ekidinez, eta gaur egungo familia harremanen eta ideologien mugak gaindituz. Ondorioz, zaintzaren arloko eztabaidak familia, ahaidetasuna, gurasotasuna eta bizitzaren sostenguaz hitz egitera behartzen gaitu, orain arteko kritikan sakonduz.

 

 

[68] Ikuspegi horren kritika egin dutenen artean, Nancy Scheper-Hughes antropologoak La muerte sin llanto (1997) liburuan egin duena nabarmenduko nuke. Autore honek, besteak beste, amaren eta haurren arteko balizko lotura emozionalak aztertu dituen mendebaldeko teoria hegemonikoari kritika zorrotza egin dio.

[69] Izquierdok, 2007ko ekainean, EHUko Udako Ikastaroetan, “El cuidado, una necesidad social, ¿reconocida?” hitzaldian esan bezala, jendea ez dago ondo zainduta emakumeek ahalegin handia eginda ere; ez delako borondate kontua, egiturazko arazoa baizik.

[70] Plataforma honen izen “ofiziala” Mendekotasuna dutenak Laguntzeko Euskal Sistema Publiko baten aldeko Plataforma izan zen baina feminismo barruan Zaintza Plataformaren izena erabili izan da.

[71] Ikus Plataformako hainbat kidek 2008an antolatu ziren Euskal Herriko IV. Jardunaldi Feministetarako prestatu genuen ponentzia (Castro et al., 2008). Gaztelerazko bertsioa helbide elektroniko honetan aurki daiteke: http://www.fuhem.es/media/ecosocial/file/Boletin%20ECOS/Boletin%2010/PONENCIA-CUIDADOS.pdf

[72] Ikus, e.b., Carrasco (1988).

[73] Pérez Orozcoren lehen lanak okupazioaren mugimenduko Madrilgo kolektibo feministatik, Precarias a la Deriva izenekotik, argitaratu ziren. Ikus, e.b., Precarias a la Deriva (2004).

[74] Dena den, komenigarria litzateke, nire ustez, behin eta berriro erabiltzen dugun “zaintza erdigunean” esamoldea berrikustea ahalik eta esanahi zehatzena emanez, adiera ezberdinegiak onartu eta babesten dituelako.

[75] Ikus Zaintza Plataformako ponentziaren bigarren atala (“Lan Feminista: kronologia”).

[76] Azpiatal honetan, FUHEM-CIP Ecosocial fundazioko Olga Abásolok, 2010ean, Isabel Otxoari eta niri egin zigun elkarrizketaren hainbat pasarte itzuli ditut. Ikus: “Diálogo: Mari Luz Esteban e Isabel Otxoa. El debate feminista en torno al concepto de cuidados”.

      http://www.fuhem.es/media/ecosocial/file/Boletin%20ECOS/Boletin%2010/DIALOGO%20Esteban-Otxoa.pdf

[77] Honetan funtsezkoa da, e.b., 1986an sortu zen ATH/ELE-Etxeko Langileen Elkarteak egin duen lana. Elkarte horrek etxeko langileen egoera legala aldatu nahi du, lan baldintza duinak aitortu diezazkiguten eta etxeko lana beste edozein lanen moduan har dezaten. Ikus: http://ath-ele.com/eu/nortzuk-gara/

      Bestela, zaintza arloko langileen artean ohikoak dira grebak. Iaz zahar egoitzetako langileek greba luzea egin zuten. Etxez etxeko laguntzaileek ere behin baino gehiagotan egin dituzte protestak eta lanuzteak.

[78] Gai honi buruz idatzi nuen lehen testua, 2014an, Tarragonan burutu zen XIII Congreso de Antropología de la Federación de Asociaciones del Estado español delakoan aurkeztu nuen. Ikus: Esteban (2014). Artikulu horren euskarazko bertsiorako, ikus Esteban (2016).

      Edukiak Euskal Herriko zenbait lekutan (Basauri, Ondarroa, Tolosa) antolaturiko tailer/mintegietan eztabaidatu ahal izan ditut emakume feministekin. Eskerrak partaide guztiei.

[79] Zenbait gizonezkok ere parte har dezakete sare horietan baina, normalean, modu periferikoagoan agertzen dira, emakume baten bikotekidea edo laguna izan ohi direla.

[80] Estrategia emozionalen inguruan, ikus: Modelos emergentes en los sistemas y relaciones de género liburuko “Representaciones de género, relaciones afectivas y estrategias” kapitulua (Del Valle et al., 2002).

[81] Ekonomia sozial eta solidarioaren arloan ere erabiltzen ari da kontzeptu hau, nekazarien eta kontsumitzaileen arteko elkartasunaz hitz egiteko. Ikus, adibidez, Bilbon, 2016ko azaroan, antolatu zen Ekonomia Sozial eta Solidarioaren II Kongresua. http://esskongresua.net/eu/ekonomia-soziala-eta-solidarioaren-kongresua/

[82] Honetaz idatzi zuen lehen antropologoa Marcel Mauss izan zen. Ikus: Mauss (1991).