Manifestu atzeratua
Panfleto bat idatzi nizun
kondenatu nahi banauzu
injustiziarik kometa ez dezazun.
1
Gure herriak ez dauka kondairarik.
Pobrea da. Ez dauka
pirata koxkor pare bat
langile sofritu batzuk,
muga zentzugabe asko,
mila zorigaizto
besterik. Ez da gutxi.
Euri gortina batek ixten du
gure kalendarioa.
Ez, ba, bilatu kondaira unibertsalen
liburu handietan gure inperiorik.
Aginako zero bat zen
gure inperio guztia.
Ta euskalduna konforme zegoen.
Ta libre izan nahi zuen.
Baina libre izatea
gauza ikaragarri zaila da
Marx bat
edo 1789 bat izan ez duen
herri zorigaiztokoarentzat.
Zerekin pagatu behar du?
Ikaragarri zaila da.
Ze guk ez daukagu
pirata pare bat, langile on batzuk,
muga txar gehiago eta holako zerbait
besterik. Kalderilla hutsa.
Baina libre izan nahi dugu,
zer kulpa daukat nik.
Eta txeke zuri faltsu baten antzean
Gernikako arbola bat asmatu diguten arren
libre nahia bekatu balitz bezala,
aitzakiaren bat beharko bagenu bezala,
guk, guztiz xinple, libre izan nahi dugu.
Nahi dugu, besterik ez.
Hauxe baita gure engainu azkenekoa:
libre izan nahia justifikatu behar dugula
pentsarazi digute
lehen kanpotik eta barrutik orain.
Eta San Inazioren, Xabierren, Txurrukaren
eta Elkanoren eta Habeas Corpusen
eta nik dakit noren
gomendio guztiak biltzen
eta banatzen
saiatu zaizkigu gure kausaren
abokatuok. Libre izateko
inoren baimenik beharko balitz bezala.
Herri izateko inoren gomendiorik
beharko bagenu bezala.
Horiek libertaterik
ekarriko baligute bezala.
Ta ez horiengatik, ezpada
guzti horien kontra
nahi dugu libre izan
kondaira guztiaren kontra.
Oi, libre izatea eta handi izatea
nahasi diguten gureak!
Libertatea handitasunarekin
edo kondairarekin
edo ta agian norbaitek (oi, bi aldiz gaixo!)
moralarekin
defendatzen digutenak!
Poema txar batean
deklaratu behar diot
gure gauari ezetz.
Goizaren kontra,
Gernikako arbolaren kontra
eta herriaren alde.
Deklaratu behar diot kaleari
gure jauntxoak ez direla
sekula gure herria izan ta izango.
Gure jendea pobrea da, trixtea da.
Gure jendea ez da poesia batean kabitzen.
Gure jendea ona da. Kulpa gabe
hiltzen da, handitasunik gabe
bizi da, sekretuan maite du
(tabuak errespetatzen ditu),
errezatzen du (tradizionalista da)
engainatu egin dute,
ez da asko fiatzen. Gure jendea
bulgaritate hutsa da.
Inpresionistek bakarrik pintatu dute.
Edozein etnologoren armario batean
dago, eskuliburu batean
deskribatzen da.
Hau zen nire Gernikako arbola guztia.
2
Nik ez dut bakerik nahi
ze bakea ez da libertatea
(kasi ahantzia neukan
zaharraren zaharrez).
Baina prosaiko aurkitzen dut
hiltzea.
Ez nuke hil nahi
Termopilako heroi bat bezala.
Ezta korda eman gabeko
erloju zahar bat bezala ere,
zer esanik ez.
Prosaiko aurkitzen dut nola edo hala.
Baina nire herriari
indarra egiten zaio. Niri ez.
Ni apaiz pribilejiatu bat naiz,
aitortu behar diot hauxe irakurleari,
ze ni ez naiz gizon korriente bat,
esan ohi den bezala, inola ere.
Ni sakratua naiz
ta ez nago seguru baina
zerbait zoragarria
izan behar du horrek.
Politikatan eta ez zikintzeko
ikasi nuen. Estudio luze bat.
Eta nire herriari indar egiten zaio.
Ogia behar duenari seigarren manamendua
predikatzen ikasi nuen.
Zanpatua dagoenari justizia,
zanpatzen dagoenari esperantza,
aingeruei gizona eta gizonei infernua.
Estudio luze bat.
Ta nire herriari indar egiten zaio.
Getsemaniko aingeru kontsolatzailea
izaten ikasi nuen.
Baina Getsemanin ez dut inor kausitu,
denak kalbarioan.
Indar egiten zaio.
Bakea predikatzen ikasi nuen,
denak kalbarioan,
indar egiten zaio,
hau zen Gernikako arbola.
Ta nork askatuko digu herria?
Zaharrak zahar dira
gazteak gazteegi.
Libertatea baino nahiago dute
ezkerra intelektualek.
Langileak eskolara ez baino
klasera hots egiten dituzte.
Artistak ederra sortzeko daude.
Baina libertatea ez da eder,
ez dago sindikatzerik,
ez dago ezkerrean.
Etorkizunean dago.
Gure partiketan ez da inor gelditu
libertatearendako.
Handik Aitor, Amaia, Lelo
eta Lirelo
eta Gernikako arbola
eta mito guztien alienazioak.
Baina nork askatu behar digu herria
herriak berak ez bada! Eta denok
gara herria.
Denok gara herria.
Mito guztiak narruturik,
ez zaigu gelditzen
Magdalena Larralde
(bertso bat eta gure kondaira guztia)
besterik.
Indar egiten zaio,
zeinek egin behar dio libertatea?
Bitartean, nik egin ez nuena
egin gabe gelditzen zaio
herriari. Azkenean neuri
(eta zeuri, maitea).
Inork erein ez duen eguzkia,
inork altxatu gabeko horizontea,
inork kontsolatu nahi ez zuen arratsaldea
gabe gelditzen da.
Itsaso gabeko plaia guztiekin,
zerurik gabeko izarrekin,
azkenik ez duen
esperantza nekatu ahul abaildu batekin.
Libre ezinda
ta etsitzeko adore falta itsu
denegatu ximel agortu batekin.
Horrekintxe bakarrik
inork sinistu ezin dituen
ipuin hamaika gorabehera.
3
Libre izan nahi dugu.
Guk, haragi honek, esperantza honek
nahi du libre.
Alferrik pasiatzen dira gure filosofoak
xinpletasun xinple hau sublimatu nahirik
abrakadabra baten bila,
misteriotsu asko, ideologien jardinetan.
Haragi honek nahi du libre,
ez filosofia batek, ez klasetasunak
ez teologiak. Pinua pinudiak
definituko balu bezala,
goardasolak euria,
morena batek eguzkia.
Edo gurutzean ebanjelioa
hil balitz bezala.
«Ni naiz esperantza» bat
hil zen gurutzean.
Gizona ez da ideia bat.
Gizonak ez dira eskubide sorta bat.
Eskubideak ez dira
argumentu bat edo deklarazio bi.
Gizonak dira.
Zergatik ez aitortu:
mixerable banaturik gabiltza
mendian otsoak bezala.
Gu, txindurriok zeruaren azpian
argonauta ustean.
Konstelazio bat delakoan bakoitza,
zigarroa bezala mixto batekin
pizten delakoan libertatea.
Hola dio Jerusalemgo Talmudean
Rajanam rabinoak:
ez zen Israel desterrura joan
hogeita lau sektatan ezpaldu zen arte.
Merezi ditugu desterru bi ta hiru.
Ez ote zuen ba Prometeok
harrapatu egin behar izan sua?
Ez merezi. Ez filosofiekin,
kondairarekin, erregerekin merezi.
Noren zeren aurrean gero?
Erotuko ditugu guk Chailloteko eroak.
Haragi hau ez da kondaira.
Gizon hau ez da Txurruka,
aspertu egingo litzake
Londoneko plaza batean
Espainiaren ohorea lekukotzen.
Libre nahi luke,
ez monumenturik.
Ez da Elkano: nahiko mundu
zaio gure mendiartea.
Zumalakarregi? Tonto baten moduan
hil zitzaigun azkenean hura ere.
Preso daukagu orain Zegamako elizan
berpizt ez dakigun,
esan ez dakigun bala batek
asasinatu zuela libertatea.
Gizon honek ez du hil nahi.
Haragi hau ez da Gernikako arbola.
Ez da arraza bat, ez da sozialista,
ez da sakratu, ez da ezer,
hiltzen den haragi da
eta ez du hil nahi.
Eta ez du hilda bizi nahi ere.
Libre nahi du.
Bai, behinola batek denetik sinistu zuen:
Gernikako arbola
(eta santutzat ere bazeukan eduki
nahiz ez den fedea sekula izan
baten espezialitatea)
Irainetako nagusia, Abandoko
txapela, Campionen romantizismoa,
langileri klasea ta humanismoa
eta unamunismoa
(eta haren euskaldunondako
parajodak)
(baina honezkero ez digu Iparragirrek
arparik gehiago joko)
eta filosofia guztietako lezioak
eta etika lorero guztiak
eta Europa etabar.
Abar ere sinistu zuen
zerbait sinisteagatik,
baina gizona diferentea zen beti.
Sinestu, mutilak,
umeak zekarzkien zikoina
eta hiru Erregeak ta Estellakoa ere,
Foruak afaldu zizkigun hura,
ta edozer gauza sinistu du
esperantza mugagabe batekin
herri honek
eta gizona zerbait diferente
gelditzen zen.
Bat plaian etzaten zen
tripaz gora
eta begiak ixten zituen
zerua bajatzeko.
Baina bere erriberan
ez zeukan herri pobre bat besterik,
herri triste bat,
umeekin beti ona izan den
animali handi maltso bat gaixo bezain trixte.
Xentimoka pentsatzen duen herria
ta libre-nahi ilunabar bat bihotzean
dakar nekez ekartzen.
Baina libertatea ez merezi,
irabazi egin behar da,
ez kondairaren, ezpada
gizonaren eta
etorkizunaren aurrean.
Eta gure herriak ezin du irabazi.
Ta ezin irabaziko du ere, baldin eta
gure filosofoek ikasten ez badute
ez duela eguna erlojuak egiten.
Baldin eta teologoek gizona ez dela
elizako alkia edo serafin bat
edo parabola bateko ardia ez badute ikasten.
Edo zeruko bidea gotikoa dela pentsatzen badute,
ebanjelioak aldapatsu dena diolako.
Baldin gure radikalak radikalinski badira.
(Lainoa da euriaren radikaltasun guztia,
ez trumoia).
Edo ta gure ibarrak Arkadia dirala uste badugu
ta gure errealistek garaiz aurkitzen ez badute
errealistago zela Printzea Machiaveli baino
eta Jesukristo bainoago Judas,
ta errealitatea Marx dela eta ez haren liburuak
eta Iparragirre ta ez kitarra.
Baldin gure herriak ikasten ez badu
Gernikako arbola haritz normal bat zela
(haritzak ote dira ba behar ditugunak!)
eta euskal herria edozein herri bat.
Ta gure langileek ikasten ez badute
gizon direla eta ez kasta sakraturik
ezta madarikaturik ere,
ta euskal nekazariak enteratzen ez badira
aspaldian hil zela Virgilio
(edo nekazarien ardura dutenak,
zeren eta zer kulpa dute beste horiek
jaio zenik ere ez badakite)
ta gure poetek ta idazleek ikasten ez badute
hizkuntza ez dela Orfeoren flauta.
Ta nafarrak enteratzen ez badira
bi Nafarroa daudela,
honezkero hiru eta lau ez badaude
eta eta eta
(etcetera esan nahi dut noski)
zahar eta berri ta denok bat
Erromako zubi koloretsu batean.
Orduan bai, eguzki zaharrak
argi berria emanen du.
Astronomoak ez dira enteratuko,
ezta eguzkia bera ere,
baina gu bai.
Eta nahikoa dugu hori.
Hau guztia esan ta gero
ez da faltako oraindik
ez dugula maite aberria
botako digunik. Aberriaren maitasuna
(goizeko ordu bietan ari natzaizu idazten)
poltsikoan eramango balitz bezala.
w1968
Musika: Imanol Urbieta (1970)
Alex Zabala (1979)