Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
1989, saiakera
184 orrialde
84-86766-21-4
azala: Garbińe Ubeda
Joxe Azurmendi
1941, Zegama
 
2000, poesia
Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
1989, saiakera
184 orrialde
84-86766-21-4
aurkibidea
 

IV.- Miranderen borroka: politika

Beraz, bere arrazoia du Mirandek «Judu-Kristauen birtuteak» esaten badu, eta «Semiten Jainko bakarra», etab., ez kristau birtuteak soil edo kristauen Jainkoa. Jesus Nazaretekoari «Josu bar-Joseph» esango zaio eta «Judu-seme» halaber. Mirandek ez du baztertu nahi judutasunarekiko erreferentzia.

      Bi moraltasun mota bezala, bi moraltasun printzipio dago: ahulezia eta oldarra (indarra). Bi printzipio hauek elkar ukatzen dute. Eta hauek bezala, elkar ukatzen dute bion azken izenek: Jahve eta Ortzi. Jahve da, ordea, egungo Europan nagusi: hor ageri da Europaren dekadentzia. Borroka bat egin beharra dago kupida gabea Ortzi berbizteko.

      G. Pennaod haren adiskide bretoinak Mirande Parisen nola ezagutu zuen kontatzen digu eta beren arteko gogaidetasuna hitz hauetan biltzen du: «Frantziari, errabiatuki, sekulako gorrotoa genion; kristautasuna eta beste judukeriak erautziak izan behar zirela, ohorea eta guda bertute bezala landuak izan, neskak izorratuak, gaiztaginak deseginak eta azkenean 'indarra garaituko da!'». Geroxeago: «Jurdaneko profeta eta haren paulotar ikasleak antzara ferratzera bidaliak genituen aspaldian».

      Azkenik D. Peillenek honela azaltzen digu Mirande baitako judutasun edo antijudutasun delakoaren arazoa: «Frantses aberatsak juduzale baldin badira, pobreak, esteiariak antisemita dira (...) Gorroto gehiago zuen Europaren deskulturatzale diren jende horietaz, nagusi aberatsek sarrerazten baitituzte beltzak eta esplotatzeko. Gorroto zituenak, ideologia ahulgarriak dira; hain zuzen, juduek besteentzat munduan sakabanatuak eta Israelen debekatuak direnak: bakezaletasuna, hain kristau den marxismu jatorra eta hain judu den kristautasuna».

      Aski bonekin. Hori zela eta Mirandek izan zituen eztabaida batzuk ez zaizkigu hemen axola. Axola zitzaigun, ordea, moralaren kontzeptu batetik ideia politikoetara zubi egiten duen neurrian, D. Peillenek dion «ideologia ahulgarri» bezala.